Pagatu, baina ez erretratatu
Datu interesgarria Jabi Zabalak gaur bere blogean. Bilboko Metroa diru publikoak eta erabiltzaileek ordaindua, baina debekatuta dugu bertan argazkiak ateratzea. (Nik gehituko dut: ezetz Julio Ibarrak debeku hori altxatu!)
Guggenheimi argazkiak ateratzea debakatuko baliote bezala, dio Jabik. Ba, Jabi, begira: Guggenheim Bilbao Museoan, sarrera bidez eta aurrekontu publikoekin ordaintzen duguna, ez dizute argazkirik ateratzen uzten.
Eta kasu honetan, bestalde, diru publikoarekin gauzak zenbat kostatu zaizkigun ere ez digute esan nahi. Richard Serraren altzairuzko mamotretoak, adibidez. Guk ordainduak, hark kobratuak. Berak badaki zenbatean, eta guk ez.
Bueno, New York Times-ek 16 milioi euro izan zirela esan zuen, baina zifra "ez da ofiziala", diosku Jaurlaritzak. Eta erretratuak ateratzea, debekatuta.
Eskerrak jendeak kamera digitalarekin ez duen kasurik egiten, ez Bilboko Metroan, ez Guggenheimen. Goiko hori, aupa Zaloa! lagun batek egina da. Aupa Zaloa, biba zu!
Bestalde, Guggenheimeko itsuskeriekin jarraituz, edozein erakusketaren web orrian klikatzen baduzue, ikusiko duzue Guggenheimeko euskarazko web orriak eskuz aldatutako HTML estatikoa besterik ez direla (orriaren HTML titulua, aurreko erakusketa batena du, gaztelaniaz).
Ez, ez da gauza bera guggenheim-i argazkia ateratzea (nik jarritako adibidea) eta guggenheim barruan argazkiak ateratzea. Ez lukete barruan ere debekatu behar, dena dela, nire aburuz. Baina hor argudia dezaketena da sormen lan batzuen gaineko eskubideak tartean daudela. Metroan, berriz, ez.