Alferreko disko gogorra
Egun hauetan albsite da kontu hau, Europan ziber-tekno-kontrol poliziala handituko dutela, gure komunikazioak bijilatuko dituztela are gehiago... Gaiaren inguruan artikulua eskatu didate Administrazioa Euskaraz aldizkaritik eta jarraian doana idatzi diet. Alferreko disko gogorra
Londresko azken atentatuen ondoren, kontrol teknologikorako neurri berriak ezarriko ote dizkiguten... Europako Batasunaren biltzar batean serioski proposatu zen honako hau: gure ahots eta testu komunikazio guztiak (sms, e-posta, deiak) sei hilabetez gorde beharko dituztela telekomunikazio konpainiek, polizien peskisetan laguntzeko. Disparate bat da. Teknikoki, konpainia bakoitzak disko-gogorrean bakarrik gastatu beharko lukeena kontuan hartuta... Eta, sei hilabeteren buruan, zer? ezabatu? Akaso atentatu bat gertatzen bada, duela 5 hilabeteko komunikazio bat froga esanguratsua izan liteke, baina duela 7 hilabetekoa ez? Sei hilabeteren buruan, kopia egin beharko da norabait, poliziaren disko gogor are potoloago batzuetara.
Eta gero, dena pilatu eta pilatu ondoren... zer? Google baino azkarragoak diren zer bilatzailerekin zer demonio pentsatzen dute aurkitzea terabite horietan? Arabieraz Europan egiten diren testu komunikazio guztiak transkribatu eta analizatu behar dituzte? Sei hilabetean Europan arabieraz hitz egin dena analisatzen bakarrik, sei hilabete ez, sei urte beharko dituzte. Eta, hori, terroristak arabieraz mintzatzen badira, ze ingelesez egiten badute, ez, sei urte, 60 beharko dira komunikazio kopurua askoz handiagoa izango delako. Gainera, ze berba klaberekin mintzaten dira telefonoz terroristak? "aizu, prest dauzkat dinamita eta torlojuak, 7an metroa lehertzeko". Ez ote dute esango, "tira, geratuko gara film hori ikusteko?".
Hiper-segurtasunak zaintza teknologikoan jartzen baditu bere esperantzak, jai dauka. Suizidak Europara ekartzeko lana arazo logistikoa besterik ez da jihadistentzat: boluntarioak dozenaka dituzte Iraken. Jende hori eta leherkari apur bat Europara ekartzea da kontua. Sei hilabeteko super-disko gogorrarekin nekez egingo dute horren kontra.
Eta herritarrok, zer? Beldurrak janda egon behar ote dugu zaintza horrek intimitatea eta askatasuna kenduko digulakoan? Nire SMS-ak disko gogor polizial batean egongo dira. Eta zer? Nire kasu pertsonalean ez dut uste. Baina herri honetan ardura politikoa dutenek, horiek bai, badute zertaz kezkatu (Eusko Jaurlaritzaz ari naiz, normalizazioa lortzea benetan lehentasun baldin badu). Espioitza gaur egunean gertatzen ari da, ez dago lege edo software bereziaren beharrik Euskal Herrian espioitza politikoa gertatzeko: adibidez, LAB sindikatuaren jarduna guztiz behatua dago, Audientzia Nazionalean daude frogak. Han dago koxka, ez teknologian.