SpyMac, GMail eta norberaren edukietan bilatzeko aukera
Dick Turpinek abisatzen digu Sustatun (http://www.sustatu.com/1081889635) SpyMac zerbitzuak eskaintzen duela jada GMail-en gauza bera, Giga 1eko e-posta kontu bat. Dick-ek dioenez: > ... Gainera, SpyMac-ek bilaketa sistema bat du, mezuak aztertzeko. Hor dago koxka, nire ustez. Bilaketa sistema bat, gauza bat da, eta beste bat Googleren bilaketa sistema, eta azken hori da, nire ustez, GMail-en balio posible handiena erabiltzailearentzat. Yahoo bilatzaileen gerran buru-belarri sartu da, eta laster dator gudu honetara Microsoft ere (MSN), baina aldi berean, Googlek atzean utzi ditu, bilatzaileekin promesak egin bai, baina bilaketa ganorazkorik ez dietelako eskaintzen beren erabiltzaileei: Yahoo Mail edo Hotmailek ez dute bilaketarik, eta Yahoo Groups-ekoa negargarria da. Erabiltzaileari material propioan bilaketak eskaintzea, hor dago bataila honetako koxketako bat. Ni oraindik nire Google-lokalaren zain nago. Nire PC-ko edukietan bilaketak azkar egingo dizkidan zerbaiten zain. Posta zaharrarentzako (eta berriarentzako), esperantza dut GMail-ek balioko didala. Ikusiko dugu.