Marmotaren Eguna
Irakurri nion lagun euskaldunberri bati, Goenkale zera berarentzat Marmotaren Eguna. Sail horrekin hasi zen euskaltegira joaten, eta, nola edo hala, bere euskaltasunaren esperientzia telesaileko pertsonaia eta trama topiko eta errepikakorrekin lotzen du berak.
Marmotaren Eguna da Punxsutawney herrian, Pennsylvanian, ospatzen duten txorakeria handi bat. Negu amaieran, azken asteak lozorroan eman dituen marmota bat ateratzen dute bere zulotik, eta segun marmotak zer egiten duen, horrek markatzen du hurrengo hilabeteetarako eguraldi pronostikoa.
Horrez gain, Marmotaren Eguna film bat da. Bill Murray zoragarri zegoen Andie McDowellekin, gidoi soil baina bihurri batean kateatuta: eguraldi gizona zen, Punxsutawneyra bidalia telebistan marmotaren berri emateko, eta, fantasia sartzen da hemen, Bill gaixoa preso geratzen da behin eta berriro egun berbera bizitzen. Egunero esnatzen da Punxsutawney herrian, egunero da Marmotaren Egun aspergarria, ez dago biharko egunik, biharamanuna beti da gaurko errutina beraren errepikapena. Izena biribila zuen filmak, Marmotaren Eguna ingelesez, baina Hegoaldean eman zitzaion itzulpen estupidoak magia kendu zion (Atrapado en el tiempo).
Goenkale ote da euskaldunon Marmotaren Eguna? Nik, egia esan, filmean bezala, eguraldi gizona ikusten dut protagonista. Andoni Aizpuru, egun errepikakor batean kondenatuta emanaldia eskaintzera: beti da tenporak azaltzeko eguna ETB1en. Andoni beti dago Arantzazun, beti dago marmotarekin, barkatu, Pello Zabalarekin, tenporen zientifikotasuna edo balio etnografikoa edo nik zer dakit baloratzen...
Ba ote munduan, Punxsutawney, Pennsylvania, salbu, eguraldi pronostikoari hedabide publikoetan garrantzia gehiago ematen ote dien herririk? Eta ez bakarrik telebistan, orain Interneten ere, Euskalmet.net gora eta behera... Ez dago hori baino zerbitzu telematiko famatuagorik Euskal Herrian. Web horretan gastatu diren diru publikoak euskarazko Interneteko edukien hedapenarekin alderatuko bagenitu... Marmotaren Eguna baino okerragoa da hori. Lo dagoen marmota da komunikazio publikoaren politika instituzionala, orain eta hemen. Punxsutawney herrian behintzat esnatu egin dela da notizia...
Irutxuloko Hitza egunkarirako idatzi dut zutabe hau. Ez du Donostiarekin zerikusirik.