Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Euskarazko informazio jarioa Interneten

Euskarazko informazio jarioa Interneten

Luistxo Fernandez 2004/04/06 08:52

Euskarazko informazioa eta edukiak Interneten hedatzeko zereginean aukera berriak ari zaizkigu irekitzen. Robotek irakurtzen dituzten informazio jarioak, XML lengoaian kodetuak, izango dira aukera horietako giltzarrietako batzuk. Artikulu hau, ordea, ez bakarrik robotentzat, pertsonak ulertzeko moduan idazten saiatuko naiz. Hau Erabili.com-erako idatzia da, eta hango kontestuan ulertzen da, hango URL eta adibideak aipatzen baitira. Euskarazko informazio jarioa Interneten

Euskarazko informazioa eta edukiak Interneten hedatzeko zereginean aukera berriak ari zaizkigu irekitzen. Robotek irakurtzen dituzten informazio jarioak, XML lengoaian kodetuak, izango dira aukera horietako giltzarrietako batzuk. Artikulu hau, ordea, ez bakarrik robotentzat, pertsonak ulertzeko moduan idazten saiatuko naiz.

Zu zeu, Erabili.com guneko Berri-Berriak atalean ari zara hau irakurtzen. Zure nabigatzaileko helbide jakin batean ikusten duzu orri hau. http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1080053124 orrian zaude, ezta? Ba, begira, euskaldun arruntek irakur dezakegun orri honetaz gain, badaude Erabili.com-en beste irakurle mota batentzako orriak ere: robot-entzako orriak dira.

Horra bat, http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/rdf . Segun eta zein nabigatzaile darabilzun, orri hori irekiko zaizu edo ez, baina egoki irekitzen bazaizu, honako testu pusketak irakurri ahal izango duzu:

<item>
<title>Mintzalaguna ekimenak hamar urte</title>
<link>http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1076331912</link>
<description>Hamar urte dira BAGERA Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak Mintzalaguna ekimena abian jarri zuela. Garai hartan hainbat bagerakide kezkatuta zegoen. Euskara ikasleek euskalduntze prozesu osoa bukatu edo urte asko euskaltegian igaro ondoren, ikasitakoa kalean praktikan jartzen ez zutela ikusita. Batzuek inguruan euskaldunik ez zutelako, beste batzuek, aldiz, lotsa edo konfiantza falta zutelako. Hortaz, 1993ko abenduan bagerakide talde bat euskara ikasleekin elkartzen hasi zen. Hala, ikasleei euskaraz mintzatzeko aukera eskaini nahi zitzaien.
</description>
</item>

Kortxete arteko informazio hori, robot batek irakurtzeko moduan dago idatzia. Albistearen informazioaren hiru alor daude kodetuta adibide honetan, izenburua, lotura eta deskribapena. RDF deritzon XML lengoaiaren dialekto batean dago. Orri horretan dagoenari, feed esaten zaio. Euskaraz, elikatzearekin itzuliko genuke, baina uste dut jario terminoa hobeto dagokiola. Erabili.com-etik, albisteak jariatu egiten dira RDF formatuan...

Nora jariatu? Roboten atzaparretara. Eta zein robot dira jario horiekin elikatzen direnak? Horra bat: Bloglines.

Euskarazko 67 albistegi

Bloglines deritzon tresna horren aukeren erakusgarri, RDF eta XML estandarrak erabiltzen dituzten 67 euskarazko albistegi lotu ditugu web helbide bakar batean. Horrekin zer lortzen den? Interneten Euskaraz sortzen den informazioaren zati handi bat begiratu bakarrean eskuratzea. Hementxe duzu: http://www.bloglines.com/public/euskaraz

Bai, Erabili.com gustatzen zaizu, eta Sustatu eta Berria ere bai, eta Sarean. Eta beste ez dakit zenbat ere bai. Baina ezin denak egunero bisitatzen ibili, luzeegi emango luke eta...

Hori aspaldiko arazoa da Interneten, baina konponbidea ere aspaldi iritsi zen, eta hemen ere hitzegin dugu horren inguruan Sustatu.com-en lehenago ere: RDF formatua eta Agenditisaren inguruan.

Kontua da, nabigatzaileaz ikusteko egokia den HTML formatuaz gain, RDF estandar horretan ere emititzen duten webguneen bilketa egin dugula, eta Bloglines-en bidez jarri ditugula denon eskura.

Bloglines doako zerbitzuari esker, norberak bere selekzioa egin dezake, bere albiste iturriak aukeratuz, eta lantzean behin Bloglines-ek webgune horiek bisitatu egiten ditu nobedade bila. Nahikoa da han bakarrik begiratzea beraz.

Ezagutzen duzue beste RDF iturririk euskaraz? Bota hona, Erabili.com-erako erantzun batean, eta gehituko ditugu gure selekzioan!

Bloglines adibide bat baizik ez da

Bloglines dagoen bezala, beste antzeko zerbitzu batzuk ere ari dira sortzen, hala-nola Feedster edo Technorati. Hauek nola dabiltzan eta zehazki zer eskaintzen duten, ez dakit. Ikertu egin behar. Beste batzuk ere ikertzen ari dira, Yahoo eta Google bezalako Interneteko erraldoiak kasu. Google News bezalako albiste iturri anitzen biltegiak ere, neurri handi batean, era honetako sistemekin elikatuko dira etorkizunean.

Nolanahi ere, feed edo jarioak irakurri eta aztertuko dituzten robot-ak sortzea ez dago bakarrik Bloglines, Google edo horrelako proiektu hiper-teknologiko arrotzen esku. Webgune dinamiko baten jabe denak, badu aukera beste iturri batzuetatik horrela sortzen den informazio-jarioa automatikoki integratzeko. Adibidez.

Sarean.com gunean, Jabi Zabala kazetariaren weblog interesgarrian, eskumako zutabean, Sustatuko azken albisteak deritzon ataltxo bat ikusiko duzue. Jabik ez du atal hori ikutzen. Robot txiki bat du, berarentzat lanean, eta hark automatikoki hartzen ditu albisteak Sustatu.com-eko jario batetik, eta integratzen ditu Sarean.com-en.

Jabik egin duena, HTML kode nahiko sinple batzuekin egin daiteke. Baita webgune estatiko samarretan ere. Pista batzuk hemen

Eta hau guztia zertarako?

Albistegietatik eta blog-etatik jariatzen, isurtzen, diren feed edo datu estandarizatu horiek informazio truke izugarria ahalbidetzen dute:

  • nork bere informazioa bere kasa argitaratu arren, bilguneak antola daitezkeela iturri desberdinetatik automatikoki elikatzen direnak.
  • era berean, nork bere etxean argitaratu duena biderkatu egiten da, bilgune horietan eta jario hori beren tresnetan integratzen ahal duten hainbat eragiletan. Erabili.com-en argitaratzen diren euskararen inguruko informazioaren indarra, adibidez, biderkatu egiten da web-ean agertzeaz gain, harpidedunei e-postaz ere iristen zaielako, eta orain, bere RDF jarioa Bloglines-en eta beste toki batzuetan ager daitekeelako.

Bloglines da zerbitzu indartsu bat informazio-truke horren gainean eraikia. Baina ez da ikusiko dugun azkena izango. Sortuko dira berriak, eta gainera, postura egingo nuke, bilatzaileen kokapenean eta, oro har, Interneten informazioa bilatzeko eta errelebantzia lortzeko moduan. Bloglines-en bildumatxo horretan edo beste edozeinetan agertzeko kakoa denen esku dago: informazioa XML estandarrean ere eman gure guneetatik.

Gaur egunean ez dago ez Berria eta ez Sareko Argia XML formatuan. Ezin integratu oraingoz ez Bloglines-en ezta Jabi Zabalak Sarean.com-en duen albiste bilduma automatikoa bezalakoetan. Eta Bloglines edo antzeko zerbitzuen bidez informazioa bilatzen duenak ere ez ditu aurkituko Berria eta Argia. Azkenean, Google-n agertzen ez den guneak bisita gutxiago dituen bezalaxe, XML formatuan informazioa hedatzen ez duen albistegiak ere oihartzun gutxiago izango du Interneten.

Baina estandarra hedatzen bada, zenbat eta gune euskaldun gehiagok eskaini XML jarioak edo feed-ak orduan eta erabilgarriagoa izango da sarea euskaldunontzat, orduan eta hobeto hedatuko da euskaldunon hitza Interneten, orduan eta prestatuago egongo gara Interneteko hurrengo iraultzetarako.

Iraultza hori norantz joango den ez dago esaterik. Web edo amaraun semantikoa sortzen ari dela diote batzuek. Erreferentzia gurutzatuek, eta semantikoki markatutako informazio jarioek, sarea esanahiz, semantikaz, hornituko omen dute. Terminoen bilaketa itsuak eta informazio desegituratuaren pilaketa, eduki semantiko berri batek ordezkatuko omen du... Eta hori hala bada, ez gara ba euskaldunok, bakoitzak gure baitan filologo ezkutu bat dugularik, sare semantiko horretatik kanpo geratuko! Gure esku dago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004