Aita Santua hil zeneko asteburua
Familian pasatu dut Aita Santua hil den asteburua.
Larunbatean, Gotzon Egiak gomendatutako erakusketa bat ikustera joan ginen. Photoshop gabeko argazkilaritza fantastikoa gustatzen bazaizue, ikusi Donostiako KMK-ko sotoetako erakusketa, benetan merezi du. Magia egiten dakiten bi argazkilari, Philippe Ramette eta Oliver Boberg. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren orrian esposizio horrek web propioa dutela dio, baina ez du lotura zuzenik ematen. Web eskasa dauka Kultura departamentu horrek.
Erakusketa horretara sartzera gindoazela, 12.10ak ziren, ez orduak puntuan, jo-ta-jo Artzain Oneko kanpaiak. Pentsatu genuen, hil da Aita Santua, baina ez. Gero jakin genuen, ezetz. Norbaiti prisa sartuko ote zitzaion.
Arratsaldez, DVD bat alokatu genuen, Mar Adentro. Bukatu zenean, Aita Santuaren matraka telebistan, baina oraingoan bai, oraingoan hila zela. Gu ikusten ari ginen bitartean. Mar Adentro 13 urtetik gorakoentzako pelikula omen, baina Peru 6 urteko semearekin ikusi genuen. Ez dakit zer zuen debekatzeko modukoa pelikulak. Gizon bat hiltzen? ez dago halakorik: espero nuen extren artean Sampedroren benetako bideoren bat egongo zela, baina hori ere ez, Javier Bardem ikusi genuen, zurrutadaz hartzen ura, zianuroa edukiko balu bezala. Hori da nagusientzako edukia? Edozein telefilmetan, hildako gehiago ikusten dituzte umeek. Ez bakarrik garai moderno hauetan: Julio Verneren liburuetan ere bai. Edo aspaldiko ipuinetan. Edo albistegi guztietan, Aita Santuaren agoniaren irudiekin lehen, eta bere gorpu hila orain, taula baten gainean...
Igandean emaztearen aitonaren ahizpa bisitatzera joan ginen, Inozentzi Iribar, 103 urteko andrea. Pozik jarri zen gure umeak ikusita, eta notiziak eroan genizkion irakurtzeko, ikusi eskuetan nola duen Aita Santuaren heriotzarena.
Inozentzik hiru semealaba izan zituen, eta hirurak hil dira, ilobarik ekarri gabe, bere aurretik. Urtero esaten du, bere urtebetetzean, Jainkoak eramango ote nau... Berak dimititu nahi duela ematen du, baina ez diote onartzen. Wojtylak ez zuen dimisiorik eman nahi, eta zese fulminantea erabaki zuren bere nagusiak.
Ni konturatu nintzen helbide edo URL horrekin, baina FERRER izena ikusita, despistatu nintzen, eta ez nuen klikatu. Izan ere, KMK-n beste erakusketa bat badago, ganbaran, Esther Ferrer artista donostiarrarena (Mariano Ferrerren arreba), eta helbide horretan egongo zela pentsatu nuen...
Hortaz, non ote dago Ferrerren erakusketaren web orria? /kmk/erakus/boberg helbidean?
Edozein modutan, erraz okertzen da bat URL-ekin. Jabi Zabalak neure errore bat detektatu zuen berehala...