Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Antola ditzagun gure leukozitoak

Antola ditzagun gure leukozitoak

Luistxo Fernandez 2005/02/16 08:03

Hau da Joxe Aranzabalek datorren astean kaleratuko duen libururako idatzi dudan Hitzatzea. Medikuak esan dit minbizia dudala datorren astean aurkeztuko da. Ohorea izan da niretzat neure berbak liburua ixteko aukeratu izana. Bide, batez, ze azal ona duen liburu honek.


Espero zitekeen bezala, liburuaren samurtasun gizatiarretik urrun, nire estilo zakarreko harrikadak botatzeko aprobetxatu dut aukera. Hau bezalakoak esateko:

  • Euskalgintzak ez du asmatu Internetekin; euskaldun batzuk asmatzen hasi dira.
  • Ez dut gogoratzen ezta adibide bakar bat ere non kategoria horretako *[euskalgintzako]* kazetari edo komunikatzaile batek interes apur bat duen ezer kargatu duenik Sustatun

Argitaldariari eskatu nion, neure testua sartzekotan, ez zedila egon ohiko copyright murrizketen mendean, eta halaxe onartu zidaten: copyleft ohar txikitxo batekin doa paperean neure hitzatzea. Copyleft, Luis Fernandez, http://www.eibar.org/blogak/luistxo/cc.html

Hain zuzen ere, blog honetarako egin nuen Creative Commons-en lizentzia laburpen baten itzulpenera doa lotura hori. Alegia, nire hitzatzea liburu horretatik fotokopiatzea ez da delitua. Ezta testu horren gainean berregitekak egitea. Hona ekarri dudan testua, hain zuzen, esaldiren batean-edo ikututa dago.... Antola ditzagun gure leukozitoak

Sustatu weblog kolektibo bat da. Hedabide berri samar bat. Interneteko formatu berezkoa. Ezagutzen ez duenari azal-azaletik esplikatzeko, Markos Zapiain filosofoak botatakoa gogoratuko nioke. Honela definitu zuen Zapiainek, oso ondo definitu ere, Sustatuko eztabaida tipikoak zein diren. Honako hauek:

  • Txintxuak dira ETAkuak, ala piztia kabroi hutsak?
  • Euskal Txip labeldunari buruzko jardunaldiak. Txostenak, gaztelaniaz. Ez dago eskubiderik!

Nik gehituko nuke, beste gai hau ere arketipikoa bihurtu dela:

  • Gizon batek bere minbiziari buruzko detaile kliniko guztiak ematen dizkigu.

Ez dira, inondik inora, euskalgintzari buruzko informazio-iturri sakon, fidagarri eta probetxuzko bat definitzeko giltzak... baina, hala ere, misterioren bat dela medio, Sustatu interesgarria gertatzen da, eta adiktiboa ere bai askorentzat.

Bere polemika antzu samarren azpian, salaketa eta kontra-salaketen atzean, mezu zentzugabeen ondoan, minbiziari buruzko kronika ikaragarri onak irakurtzen ditugularik, zentzu kolektiboa sortzen da, pizten da. Ez da informazio purua, ezta, demagun, informazio kalitatezkoa, baina bada zerbait: bitartekaritzarik gabeko kazetaritza da, bai. Ia-ia kazetaririk gabe egina...

Batek baino gehiago esan du, han hemenka, eta Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan ere entzun nuen nik, mugarri bat ezarri zela, ez dakit euskarazko kazetaritzan edo euskarazko komunikazioan, Joxe Aranzabalek liburu honen izenburura etorri den mezua kargatu zuenean Sustatun. Egia da, egia biribila.

Beste zerbait ere entzun nuen Kongresu horretan. Josu Landak esan zuen: Interneteko teknologiak zekarren promesa, edizio elektronikoan merke eta erraz sartzeko euskaldunoi irekitzen zitzaigun aukera, ez dela egia bihurtu. Analogiaz egin zuen predikzio hori bere garaian Landak: testu-editoreek eta maketazio programa batzuk (Quark, Aldus, Word) PC eta Mac sinpleekin lotuta, auto-edizioaren iraultza ekarri zuten geurera. Teknologia aukera bati esker piztu zen herri-aldizkarien garra, edo diseinu eta agerkari-produkzio demokratizatuaren garaia (autoedizioak herrietako euskalgintzatik haratago izan baititu eragin iraultzaileak). Neuk ere Josuk bezala pentsatu nuen, duela 6 bat urte edo, auto-edizioarekin bezalaxe, Interneten ere gertatu behar zuela horrelako zerbaitek.

Baina okertu ginen. Esklerosi larri samar bat ageri da Interneteko euskal panoraman. Ez da nabari proiektu berritzailerik apenas, ez ekimen instituzional (administraziokorik edo euskalgintzakorik) benetan nabarmenik.

Zer gertatu da? Josu Landak bere diagnosi propioa egin zuen Kongresurako, eta hura irakurtzeko gomendatuko nioke interesa duenari. Landaren iritziekin bat etorrita, neuk beste kontu bat nabarmenduko nuke: auto-edizio digitalaren iraultza akaso gertatzen hasi da, baina euskalgintzaren gainetik salto egin du. Erakundeen gainetik igaro da, eta pertsonengana iritsi da. Euskalgintzak ez du asmatu Internetekin; euskaldun batzuk asmatzen hasi dira.

Amateurren garaia datorrela diote batzuek. Blog-gintza pertsonala kazetaritza amateurra da, soldataren presiorik gabe idatzitako artikuluak, informazioa eta iritzia. Blogen kontuan ebidentea izan daiteke hau, baina hainbat esparrutan gertatzen ari da aldaketa hau: astronomian, izar-behatzaile olde gero eta handiago batek, nork bere aparailu propioekin, bakoitza bere zeru-zati ñimiñoarekin eta behaketa berezituarekin, aurkikuntza kopuru handiagoa ari da ekoizten unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan dauden profesionalak baino. Hori gertatu da ez bakarrik teleskopioen teknologia optikoa hobetu delako, irudi eta datu analisirako ordenagailu merkeak hedatu direlako baizik, eta, batez ere, ordenagailu horiek eta haien erabiltzaile amateurrak etengabe komunikatuta daudelako elkarrekin Internet bidez.

Joxe amateurtzat jotzea ere lartxo da, beharbada. Ez ote zen, hain zuzen, bere bultzada izan euskarazko herri-komunikabideen alorrean lehen urratsa (eta urrats sendoena) eman zuena Arrasateko parte horretan? Bai, komunikazioan maisu bat da, baina liburu honetako bere artikuluen amateur batenak dira: onkologiaz zer zekien Joxek medikuak notizia eman zionean? Orduan erabaki zuen horretaz ikastea, eta idaztea, eta eskura zeukan tresna baliatu zuen, nik euskarazko kazetaritzan gogoratzen dudan artikulu-izenburu biribilenarekin: Medikuak esan dit minbizia dudala.

Sustaturen lengoaia eta funtzioa ondo barneratua zuen Joxek egun horretarako. Pertsonalki hausnartua eta barneratua zuen, eta pertsonalki erabili zuen sarea. Subentzioen ziztadarik gabe, elkarte baten izenean aritzeke, gaixotasuna menderatzea erabaki zuen goiz hartan. Eta beste zeozer ere erabaki zuen Joxek, akaso konturatu gabe: teknologia menderatzea. Oraindik teknofilia ia gaizki ikusita dagoenean, makinekiko trebetasun falta fardatzeko motiboa den herri honetan, kontzeptu batzuk argitu beharra dago: ez da Joxe mutilmedia, pantaila aurrean hainbeste denbora pasatzen duen pertsona hori, teknologiak menderatuta daukan gizagaixoa. Alderantziz da, Joxek berak erabaki du teknologia menderatzea, bere zerbitzura jartzea.

Hala ere, kontraesana badirudi ere, azpimarratuko dut Joxeren lezio komunikatiboa ez dela horrenbesterainokoa. Beste lezioa bai, gaixotasunaren aurrean erakutsitako argitasun eta kemena: horretan cum laude. Baina Internetekoak, ondo begiratuta, ez du ezer berezirik: ezagutzak eta bizipenak, iritziak eta notiziak, elkarlotuz, modu zuzen eta pertsonalean kontatu weblog batean. Ez du beste misteriorik. Hori da blog baten koxka, eta Joxek egiten duena, milaka blogarik egiten du munduan 21. mende honetan. Euskaraz ere bai, gero eta lagun gehiagok. Joxek, hori bai, bizipen pertsonalak biluzten euskaldun blogarien artean lehena izan da, eta urrutien iritsi dena ere bai. Baina blogosferan apur bat arakatuta, aurkituko ditugu bera bezalako heroi gehiago ere bai.

Bitxikeria, beharbada, Joxek imitatzaile gutxi izatean datza. Harritzekoa ere egiten zait neuri, ikustea Sustatun idazten duten kazetari gutxien artean, ia guztiek fax-makina bat balitz bezala tratatzen dutela Sustatu: komunikatu lau-lauak bota, eta punto. Kontseiluarentzat edo euskalgintzako beste elkarteren batentzat lanean dagoen komunikazioaren profesional euskaldunek hala dihardute: ez dut gogoratzen ezta adibide bakar bat ere non kategoria horretako kazetari edo komunikatzaile batek interes apur bat duen ezer kargatu duenik Sustatun. Haientzat okerrago, eta beren erakundeentzat: auto-edizioaren Interneteko benetako iraultzak atzean utziko ditu. Txipa aldatzeko garaia ere pasatu zaielako susmoa dut. Beste batzuk ez txipa bakarrik, odolaren RH-a eta patuaren norabidea ere aldatzeko gauza izan direnean, euskarazko komunikazioaren geroa egituretan barik, geure barruan daramagu. Antola ditzagun gure leukozitoak, indartu ditzagun gure defentsak; iraultza hemen daukagu, teklatuan, gure hatzamar puntetan.

Ez dakizula nola? Konekta zaitez Joxerengana, eta minialotransplantatu zaitez haren XML feed-ekin. Ekis-eme-zer? Ez, mesedez, ezjakintasunaz ez fardatu gehiago. RH-arena ikasi bagenuen iragan mendean, 21. mendean ikasiko ditugu sigla berriak.

Luistxo
Luistxo dio:
2005/02/18 12:00

LauHaizetara.net-en artikulua idatzi du Mikel Azkaratek neure hitzatze honetako ideia batzuk komentatuz eta ditugun susmo batzuetan bat eginez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004