Suizidioak eta Internet
Asteazkenean, orrialde interesgarria Berrian. Gaia: suizidioa eta Internet. Gero eta gehiago omen dira Interneten bidez elkarrekin hiltzeko hitzordua egiten dutenak. Kazetariak Japoniako kasua nabarmendu nahi du: «Zibersuizidioari
buruzko eztabaida piztu da, Japonian kasuak asko ugaritu baitira». Artikuluak irakurketa norabide bakarra du, taldekako suizidioez ohartarazi nahi da, eta gain pasadaz irakurriz gero, hor duzu heriotzen arduraduna ere: sarea.
Gero, albistearen barrunbeetan, datuak, datu asko Japoniaz. Hala jakin dugu 2003an «markak hautsi zirela» (zoragarria kirol kazetaritzaren ekarpena) eta 34.427 izan zirela bere buruaz beste egin zutenak. Taldean suizidatu zirenak, berriz, 3.538 izan omen ziren iaz. Elkarren ondoan hiltzeko Internet erabili zutenen kopurua ere, badakite: «Elkar ezagutu gabe, Interneten bidez ados jarrita, beren burua hil dute 35 pertsonak azken lau hilabeteotan Japonian». Urtean zenbat diren jakiteko ez dut proiekzioa egin beste erremediorik, gutxi gora beherakoa ateratzeko. 35 lau hilabetean, beraz...140 bat lagun urtean. Hahor harriduraren arrazoia. Horrela izatera, taldean hil ziren 3.538 horietatik 140 bat besterik ez ziren izan Internet erabili zutenak azken randeburako. Portzentaietan ere, txikia: ez da ehuneko laura iristen. Horrek esan nahi du gainerako guztiak telefonoz gelditu zirela, unibertsitatean ezagututa, lantokian, diskotekan... Bistan da, badago ondo ez dabilen zerbait albisteak «eraikitzeko» unean. Albistea Interneten fokalizatu da, nahita. Behin eta berriz errepikatzen zaigun konstantea da: «Zibersuizidio izurriteaz» mintzatzen hasiak dira Japoniako eta munduko komunikabideak». Hala sortzen dira «interes soziala» duten gaiak, halaxe bideratzen nahierara. Alarmismoak ez luke prentsaren lagun behar. Ehuneko lau ere asko dela, badakigu. Baina 34.427 suizidio izanda arreta 140 horietan biltzea, adierazgarria da. Eskerrak Sergio Perez adituari eginiko elkarrizketak ikuspuntu osoagoa izaten laguntzen zuen.
Adibidea, ona da, argigarria gaur egungo hainbat albisteren logika ulertzeko. Batetik, zifrak daude, ematen direnak eta nahita gordetzen direnak. Bestetik, letrak, zerbaitek eraginda, bultzatu nahi den mezua, izurria bezalaxe, atez ate doana, oso ondo ez badakigu ere zergatik.
Analogiak, hor dira. Goazen Irakera. Zenbat dira hildakoak inbasioa hasi zenetik? Nola da posible inbasio tropek erresistentziak baino askoz zibil gehiago hil izana albistegietan agertzen diren hildako guztiak hauen biktima badira? Zenbat dira bahitutako kazetariak eta zenbat langabezi egoera gorrian dirua lortzeko bahitzen dituzten irakiarrak, bereziki emakumeak? Zein ehuneko lauri eskaintzen zaio denbora, zein biktimari ematen zaio izena, zeini aurpegia?
Ez dago Irak edo Japoneraino jun beharrik, adibideak aurkitzeko. Atzo bertan, Diario Vascon, albiste benetan pozointsua zetorren: âEl 75% de los vascos está a favor del TAVâ. Nundik atera zuten datua? Telefonoz egindako inkesta bat, 2.000 laguni. Galderak kristonak dira: Ea trenak kotxeak baino gutxiago kutsatzen duen (erantzun zaila benetan), ea autobiak egitea trenak baino eragin haundiagoa duen inguruarekiko (beste galdera zail bat)... Pentsatzen det galdera zehatzagoak egongo zirela. Nik gustora jakingo nuke, 2.000 hoietatik, zenbatek ezagutzen duten proiektua. Erantzuna badaukat, Apenas inork ez. Baina ezin egotzi inkestatuei interes faltarik, izan ere... Azken erabakia politikoena bada beti, sekula ez hiritarrarena, zertarako saiatu informatzen? Informazioa boterea da. Zein dagoen informazio honen atzean, horrek bai pizten dit neri interesa.