Asiako hego-ekialdea (sic)
Harritzen nau medio euskaldunen (Eitb, Berria) geografia eskasa tsunamiaren kontu honetan. Bi aste dira gertatutakoa, behin eta berriro, "Asiako hegoekialdean" kokatzen dutela. Kazetari horiek ez dute sekula mapa bat arreta apur batekin begiratu, esango nuke. Bengalako Golkoa, zer esanik ez Maldiva uharteak, ez dago Asiako hegoekialdean...
Despiste geografikoak jatorri argia dauka: espainolak gara, eta prentsa espainoleko topikoak errepikatzen dituzte kazetari euskaldunek, baita abertzaleenek ere. Espainolak dira, hain zuzen ere, munduan tsunami hau "sudeste asiático" inposible baten kokatu dutenak. Google News arakatuta ere konprobatu dut, nola ingelesez South Asia, frantsesez Asie du Sud eta espainolez, Ameriketan behintzat, Sur de Asia erabiltzen duten; espainolak dira, "sudeste asiático" horrekin enpeinatuta daudenak. Baina tsunamia beste nonbait gertatu da: Asia hegoaldean. Indonesia akaso hegoaekialdean kokatu daiteke, baina uharte horietan ere, Sumatrako Aceh dago, prezisamente, Indonesiaren iparmendebaldean.
Klixe hutsa da sudeste asiático espainola. Ez dago beste eskualderik Asian, nonbait: suroeste edo nordesterik ez dago. Oriente Próximo luze bat, Pakistaneraino, eta haruntzago, sudeste asiático.
Eta euskaldunok, klixeak errrepikatu, eta punto.