Eusko Legebiltzarraren erabaki solemneak eta software librea
Eusko Legebiltzarrean boto baten gorabeherak markatzen du urte osoko aurrekontua, edo autodeterminaziorako bidea hartzen dugun ala ez (Ibarretxe plana). Eta boto hori gora edo behera doan ez du erabakitzen akordio politikoak, baizik eta bataren errore tontoak, edo besteen sorpresa taktikoak. Boto baten kapritxoak, gure destinoa erabakitzen du, eta aldiz, Legebiltzarraren unanimitateak ez du pitorik balio: software librearen alde bere garaian aho batez hartu zen erabakiaz dihardut. Parlamentu horrek aho batez onartu zuen, bere garaian, software librearen aldeko ekimena, horretan sendo egiteko eskaera zuzendu zion proposamen horrek Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Gaur da eguna non Eusko Jaurlaritzaren zerbitzarietatik, webguneak kudeatzen dituzten programetatik, software librea EGOZTEKO arriskua dagoen.
Zergatik? Aholkulari edo teknikari batzuen gomendioz Jaurlaritzak "estandarrak" izendatu dituelako ofizialki, eta "estandarrak", webguneetarako, izen bat omen du: Interwoven.
Euskadi.net osoa eta harekin erlazionatutako web aplikazio guztiak, etxe horren software eta lizentziekin egin behar da. Hori da erabaki dena dekretuz.
Pozik egongo dira Interwoven Spain-en: lizentzia salmenta segurtatuta auskalo noiz arte... Vaya Semanitako notarioak baino lan errazago eta produktiboagoa. Hemen ere, tira, Interwoven Spain-en rebendedoreak pozik egongo dira: badago makina bat konsultorerentzako lana. Hautua, beti segurua: Interwoven. Lizentziak, Madril eta Interwoven Zentralera; jakintza eta berrikuntzak, baita: ikusiko dugu datak euskaraz zuzen emateko noiz den gai horrelako aplikazio bat, eta hori, "kode informatiko" bihurtzen badute, noren jabetzakoa izango ote den trukoa...
Onartu den eredua:
- royaltyak Madril eta Kaliforniara
- jakintzaren jabetza Kaliforniara
- etxean, KOMISIOAK, hori bai.
Beste eredua guztiz baztertua. Software librearena: - Royaltyrik ez dago: lizentziak eta kopiak libreak dira,
- jakintza etxean geratzen da, eta esportatzen da halaber, Kaliforniara, Parisera, Japoniara...
- atzerriarekin, KOLABORATU egiten da: tresnak eta ideiak elkarlanean
Kasu honetan, ez bakarrik software librearen konpetentzia geratzen da baztertua, beste edozein softwarerekin planteatu daitekeena: hemen ez dago konkurrentziarik. Interwoven lizentziak saltzea, hori da amama, eta besterik ez dago.
Eta orain arte, zerbitzari publiko horietan zirrikituetatik sartu diren konkurrentzia libreko ereduak, software libreko web aplikazio apurrak: kalera! Hori ei da tokatzen dena. Dekretuak betez, "estandarrak" (sic) betez.
- Estandarra zer den definitzen duen Jaurlaritzaren dekretua
- Software librearen aldeko Legebiltzarraren ebazpena, (erderaz topatu dut) Jaurlaritzak oraingoz beteko ez duena, talde parlamentario guztien indiferentziaren aurrean.
Kexu honen muina Eibartarrak zerrendara bidali nuen duela aste batzuk, ikusita argitalpen elektronikorako trakeskeria gainditzeko urteak beharko direla zioen zerrendakide batek. Urteak beharko dira, bai, aurrera barik, atzera goazelako. Gainera, gezur publikoak zabaltzen dira, Barrapunto-n irakurritako titular positibo hau bezala ( El Gobierno Vasco exige Linux para euskadi.net ). Bai titular engainatzailea; egia erdizkakoa, makillajea. Aste honetako txiripazko bozketa erabakigarriek berriro gogoratu didate kasu triste hau: aho bateko deklarazio batek ez du ezer balio; kapritxoak, berriz, dena erabakitzen du.