OAI: Estandar ireki bat, Interneteko liburutegi nazional baterako abiapuntua
Izenburu hau duen demostrazio eta aurkezpen-hitzaldia emango dut CodeSyntax-en izenean, lagun batzuekin batera, Durangoko Azokan, datorren asteartean, hilak 7, arratsaldeko 18.30etan.
Deustuko Unibertsitateko DELI taldearekin batera egindako ikerketa proiektu baten emaitza da. Emaitza erreala, demo funtzional bat, kasu honetan. Kasu honetan, Ikerketa + garapena proiektu bat da hau, Unibertsitate eta enpresaren arteko elkarlanean. Izenburu hau eman genion: OAC, Open Archive Catalog proiektua, katalogo irekiak sarean nola elkartrukatu. Interneten datu bibliografikoak gurutzatzeko sistema baten inguruko ikerketa. Saiotek (Eusko Jaurlaritzaren Industria Saila) ekimenak lagunduta egin dugu.
OAC proiektuaren emaitza etorri da, beraz:
- ikerketa: OAI estandarra da jarraitu beharreko bidea, horixe ondorioztatu du lanak (nagusiki Deli-ko Garikoitz Etxeberriari eskertu behar zaio hau).
- garapena: demostrazio tekniko bat, benetako datuekin, guztiz funtzionala, sarean laster eta Durangoko ekitaldi honetan hilaren 7an aurkeztuko duguna.
Zer da OAI?
OAI da ingelesez Open Archive Initiative, Artxibo Irekietarako Ekimena. Jakintza akademikoaren argitalpena, hedapena eta katalogazioa, Internet bidez nola egin; horren inguruan lan asko egin da, eta hauxe da emaitza. Erregistro bibliografikoen hedapen eta katalogaziorako tresna bat da, beraz, OAI. Baina liburuetako datuen trukerako baino askoz gehiagorako balio du honek: inplementazio desberdinek balio dezakete liburuak saltzeko, faksimil digitalak sarean jartzeko, artikulu akademikoen argitalpena, liburutegiko katalogo kontsulta...
OAI zer den azaltzen duen esteka mordoa hemen.
Teknikoki, oso azaletik esateko XML modu bat da. XML da lengoaia bat, informazio kodetzeko sareko estandarra bilakatu dena, eta OAI, datu bibliografikoak kodetzen dituen dialektoa. Oso da moldagarria: katalogo jakin batean, itzulpenari dagozkion N alor jarri behar badira, ba jartzen dira: ez dira OAI guztiak berdinak, bakoitzak bere gisakoa molda dezake.
Funtsean, Interneteko albiste eta informazio freskoaren zabalkundean RSS Feed-ak direna, OAI da liburu eta artikulugintzan.
Hemen irudi bat erakusten duen OAI artxibo baten kodeketa... Kasu honetan Armiarma proiektuko erregistro jakin batena da irudia.
OAI prozesua
Zera da koxka, OAI kontu honetan. Bi aktore mota daude. Batzuek eman, beste batzuk hartu. Beste modu batean, hauek dira zereginak:
- Erein: argitaratzaile, katalogatzaile edo datuak dituen bakoitzak, datuak argitaratzen ahal ditu OAI estandarrean
- Uzta bildu: beste aktore batzuek, iturri desberdinek ereindakotik, errejistroak bildu.
Datu-emaileak libre dira nork bere datuak nahi bezala katalogatzeko eta OAI formatuan argitaratzako. Jasotzaileek, bakoitzak bere helburuen arabera, iturri batzuetakoak hautatzen dituzte. Tartean, uzta-biltzaile batzuek, halaber, datutegi eraldatuak atera ditzakete OAI formatuan.
Goiko adibide grafiko hori ekar dezagun euskal kasu hipotetiko batera:
Goian, Elkar, Susa, Inguma eta beste batzuek, bakoitzak bere kasa, bere liburuen edo artikuluen datuak argitaratzen ditu OAI formatuan. Behean, berriz, uzta biltzaileak daude. Kasu honetan, soilikliteratura.com izeneko zerbitzuak euskal literaturako bilduma bat eskain dezake, bilaketekin-eta, eta letrakbila.com-ek aldiz, errejistro gehiago, era askotako jakintzarekin dagoelako lotura bere edukia. Batean edo bestean, bilatuz gero Xabier Mendiguren Elizegiren, emaitzetan jatorri bakoitzeko loturak azalduko dira, Inguman hainbat artikulu, Susako liburuen artean ez dakit ze kritika, Elkarren bidez Megadenda.com-en erosteko aukera... Era berean, iturri batzuek, datu akademikoak ematen dituztenak, nazioarteko OAIster zerbitzura ere badoaz, eta nazioarteko emaitza horietan ere azalduko dira, beste hainbat baliabiderekin batera, Deustuko Unibertsitateko eta Ingumako emaitzak.
Beste eskema bat:
OAIk ez du esan nahi dena libre. Argitaldari batek jartzen ditu datuak, liburuak denda baten bidez saltzeko... ez bere eduki osoa digitalki jartzeko. Baina, era berean, azpiegitura berak balio du erein-jaso eskema pribatuak ezartzeko. Irudian, lerro finak adierazten du OAI errejistro publikoen argitalpena, eta lerro lodi intermitenteak, berriz, lotura pribatu berezi bat.
Demagun Jaurlaritzak lege-gordailu digitala ezartzen duela: ba hura elikatzeko, argitaldari bakoitzak OAI eskema batean argitaratzen ditu, ez bakarrik erreferentziak, baizik eta lan originalen kopia digital osoak (PDF.ak adibidez). Kasu honetan, sare pribatua izan daieteke, X baimen eta Y protokolo sinatu eta onartutakoa, eta bakarrik lege-gordailu hori alimentatzeko.
Pentsa, orain, lege-gordailuak egin egiten direla... Baina paperezkoak! Papera da entregatzen da administrazio eta liburutegietan, non eta sortu, liburu guztiak digitalki sortzen direnean.
Nik uste dut EAEko administrazioak baduela zer hausnartu honen inguruan. Eta, gainera, une egokia dela, baliabide berri eta interesgarriak garatzen ari direlako, hala nola Bilgunea edo Katalogo Bateratua
Irudi honetan adierazi nahi izan dut, Katalogo Bateratua primeran integratu daitekeela OAI eskeman. Batetik, bere berezko liburutegi sarearen gainean eraikia dago, teknologia jakin batekin. Ondo. Baina, era berean, elikatu daiteke OAI eran datuak argitaratzen dituzten beste argitaratzaileen datuekin, ez derrigor liburutegietakoekin.
Gainera, Katalogo Bateratuak, ez bakarrik uzta bildu, emaitzak erein ere egin ditzake. Bere errejistroak, 30 liburutegi horietakoak, OAI formatuan argitaratu, beste batzuek ere ikus ditzaten. Era horretan, "Xabier Mendiguren Elizegi" bilatzen duenak soilikliteratura.com horretan jasoko ditu Megadendako datuak, Susakoak, eta, gainera, Katalogo Bateratuko emaitzetatik zein liburu zein liburutegitan dauden mailegagarri. Dena batera.
Prozesu hau ez da utopia
Ez. Albiste banaketan funtzionatzen du, 110 bat web iturri euskaldunek ematen dute informazio eguneratua RSS formatuan. Eta hainbat uzta-biltzailek jasotzen dute ereindako informazio freskoa.
Bilatu, hainbat gunetan aurkituko dituzu XML laranja kolorezko horiek. Blog honen aldameneko zutabean, CodeSyntax-en albisteetan, Badihardugu elkartearen webgunean... Liburuen datuak OAI eran kodetuta barik, albisteen datuak RSS eran kodetuta erakusten dituzte toki horietan. Eta uzta-biltzaileak daude. Nik erabiltzen dut bat oso praktikoa, Bloglines, eta besteek ereindakoa nik honela jasotzen dut horri esker.
Eta, ez, prozesu hau ez da utopia, demo bat prestatu dugulako, eta ibili badabilelako.
- Azpiegitura: Zope, ZOpenArchives produktua (pentila.com), software libre eta doakoa
- Programazioa: Deli, Codesyntax
- Non: hilaren 7an Durangoko azokan, 18.30etan, eta laster sarean halaber.
Laginak utzi dizkigute lagun askok:
- Badihardugu elkartea, Gaztelupeko Hotsak, Gerediaga elkartea, Inguma datubasea (UEU), Megadenda.com (Zabaltzen, Plazagunea eta Elkar), Armiarma proiektua (Susa), Lanbide Ekimena (hainbat erakunde), Deliren lanak... (Mezu batean propio eskertzea guztiak luzatuko ditut, utzi aurkezpena egin arte).
Lagin motak desberdinak dira:
- Erreferentziak on-line dendetan (Hotsak, Megadenda.com)
- Dokumentu original osoak sarean eskuragarri (Armiarma, Deli)
- Erreferentzia bibliografiko-akademikoak (Inguma)
- Liburuak, artikuluak, diskoak, literatura, dibulgazio teknikoa...
Interneteko liburutegi nazionala honela? Bai! Imajina dezagun uzta-biltzaile euskaldun bat, erreferentziak toki desberdinetatik hartzen dituena. Bilatu dezagun han Harrizko Herri hau. Lortuko genituzke:
- Erreferentzia bibliografikoak (liburutegi hauetan maileguan edo fondo gordeetan...), Katalogo Bateratutik.
- Denda hauetan erosgai
- Osotasun digitalean, Armiarman (agian)
- Lege gordailu digitalean (baimen bereziekin)
Eta hau ez bakarrik toki batean. Bilatzaile bat honek, blog komunitate bati lotuta; beste bat hark, egunkariko informazioarekin batera, kultura-edukien osagarri...
Epe laburrean, erraz egiteko moduko aukerak badaude:
- Pare bat igorle, eta uzta biltzaile bakar bat, nahikoa, tresna funtzional baterako
- Jaurlaritzaren
Bilgunea
etaKatalogo Bateratu
aurkeztu berrien osagarri izan daiteke, - Euskal erregistroak nazioarteko OAI sareetan (OAIster eta beste) ager daitezke.
Eredu ireki bat eta irekitasunaren aukerak ditugu aurrean:
- Bakoitzaren esku zer argitaratzea: zuk zeurean behin argitaratu, hainbat ispilutan aldi berean ageri
- Biltzaile desberdinak, bakoitzak balio erantsi propioekin
- Estandar irekia da, ez teknologia edo etxe jakin bati lotua
Kontzeptuak argitzen
Hau ez da OAI. Hau ez da eredu honetan oinarritutako Interneteko euskal liburutegi nazionala:
OAI, edo haren bidezko liburutegi nazionala, ez da Jaurlaritzak instalatu eta finantziatu behar duen konputazio-zentro erraldoi bat.
Ez da datubase zentral bat, beste guztiok, parametro zehatzekin, egunero elikatu behar duguna.
Hau bai, hau bada OAI; Interneteko euskal liburutegi nazional posibleago baterako eredua:
Gipuzkoako ur hornikuntza nola antolatuta dagoen erakusten du irudiak. Udal edo partzuergo bakoitzak, bereak sortu eta kudeatzen du, hori da koxka. Gero, sare sorta batek lotzen ditu (OAIn sare multipleak lirateke, nahi adina; batzuk globalak, besteak partikularrak; batzuk publikoak, besteak pribatuak).
Elikatzea automatikoa da: euria egin ahala toki bakoitzean, sare orokorretan ura dago.
Liburutegi nazionala argitaldari bakoitzaren eta guztien eskuetan dago, eta liburutegia, sarea bera da.