Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Yahoogroups-en hatzaparretatik eduki eta software burujabera

Yahoogroups-en hatzaparretatik eduki eta software burujabera

Luistxo Fernandez 2004/07/20 11:29

Euskarazko hiru posta-zerrenda beteranok Yahoo Groups atzean utzi dute azken hilabete hauetan. Software libre eta euskaldunera igaro dira. Eta lehen Yahoon pilatutako milaka mezutako, sei urtetako eta dozenaka Megabytetako ondarea berreskuratu dute gainera.

Lehen hiru zerrenda hauek Yahoo Groups-en zeuden. Orain Postaria.com zerbitzuan oinarritzen dira, eta Mailman software euskaratua erabiltzen dute.

  • Eibartarrak zerrenda, Eibar.org elkartearena. Makelist izeneko zerbitzu batean sortu zen, gero eGroups bihurtu zen, eta hura Yahook erosi zuen.
  • Dantzan zerrenda, Dantzan.com gune eta elkarteari lotua. Hau ere eGroups - YahooGroups ibilbidea egindakoa.
  • ItzuL. Euskarazko zerrenda arrakastatsuena seguru aski, EIZIE elkarteak itzultzaileentzat zerbitzu profesional gisa antolatua. Onelist izeneko zerbitzu batean sortu zen 1998an, hura eGroups-ekin batu zen ondoren, eta gero YahooGroups-en egon da urteetan. Trantsizioa egitea erraza zen. Hartu harpidedunak, gehitu zerrenda berri batera, itxi zaharra, martxan jarri berria, eta kitto. Baina YahooGroups-en pilatutako artxiboak ziren koxka. Mila mezu Dantzan-en kasua, 8.000 Eibartarrak zerrendan, eta 20.000 ItzuL-en. Zer gertatu behar zuen horrekin? Akaso interes gabeko berriketa mordo bat besterik ez da. ItzuL-en baliteke intereseko gauza gehiago egotea, zalantza zaharberriei aspaldi emandako erantzun eta konponbideak, baina 20.000 mezutan bilaketak egiteko aukera handirik ere ez zegoen Yahoo-n...

Interesa eta erabilgarritasuna zein direla ere, gauza bat argi zegoen: mezu horiek talde bakoitzaren ondarea dira. Eta gaur zukurik ateratzeko aukera handirik ez balego ere, 10 urte barru, auskalo zein tresna edo interes izango ditugun. Adibidez, 1999-2000 tartekoan ItzuL zerrendan pilatutako mezu eta edukiek balio berritua izan dezakete. Etorkizunerako gordetzeko besterik ez bada, nork bere ondarea eskuetan edukitzea inportantea da.

Eta horixe egin dugu. 30.000 bat mila mezu berreskuratu Yahoo-ren artxibo erdi ezkutuetatik, eta 60 Mb-tako mezu mordo bat antolatu. Mezu mordo hori, talde bakoitzaren eskuetan dago orain, .mbox formatu estandarrean. Morokil bat, oraingoz: beharbada ez dago mezu/testu kantitate hori tratatzeko tresnarik esku eskura... baina egongo da, etorkizunean egongo da.

Zerrenda bakoitzaren artxibo berreskuratuari erabilgarritasun gehiago emateko, bakoitzak orain duen artxibo paralelo batean gehitu dugu, Gmane zerbitzu doako eta harrigarrian.

Orain, zerrenda bakoitzaren korpus osoa dago hor:

Bilaketak egin daitezke korpus oso horretan, eta ez dirudi oso santu dabilenik bilatzeko metodoa, baina, tira, bada zerbait.

Etorkizunean, kontrola norberaren eskuetan

Era berean, Postariak gordetzen du zerrenda bakoitzaren artxiboa, bakoitza Mailman-ekin hasi zen unetik: Itzul - Eibartarrak - Dantzan. Eta are garrantzitsuagoa, aurrerantzean zein delarik ere zerrenda bakoitzaren ibilbidea, dela Postariarekin edo beste baliabide batzuekin, Postariaren fasean pilatutako mezu-sorta osoa talde bakoitzaren esku dago uneoro (Mailman zerrenda-kudeatzaile guztietan dago aukera hau, ez bakarrik Postarian, artxiboak .mbox formatuan eskuratzeko). Beste trantsizio bat iristen bada, ez da egin beharko alkimiarik Yahootik eduki erdi-giltzapetuak berreskuratzeko. Nork bere edukia kontrolpean, bere jardunean burujabe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004