Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Gizarte-softwarearen garaia

Gizarte-softwarearen garaia

Luistxo Fernandez 2004/06/15 09:14

Alde guztietan ikusten dudan terminoa: software soziala. Edo gizarte-softwarea esan beharko nuke, agian. Nik uste dut hau dela duela urte batzuk modan jarritako "knowledge management" delakoari (ezagutzaren kudeaketa) deitzeko modu berria. Hemendik atera dut ideia-asoziazioa: Ingalaterrako Knowledge Management Clusterrak (EAEn ere badako antzeko beste kluster bat) biltzarra antolatu du aurten izenburu honekin: London Symposium on Social Tools for the Enterprise

Izenburu interesgarria. Eta azken aldi honetan behin eta berriro ikusten ari naizen kontzeptu baten ingurukoa: enpresan ere tresna elektroniko sozialak erabil daitezkeela, erabili behar direla, erabiltzen hasi direla... Blog-ak, wikiak eta txat-gelak enpresako jardunean? Bai! Horretara dedikatzen diren enpresak ere badaude, hala nola SocialText.

Interneteko geek edo pseudo-geek tankerakook erabiltzen ditugun gauzak, enpresa produktibitaterako tresnak ere izan daitezkeela. Wikiak edo XML feed-ak aipatzen ditudan bakoitzean, txoropitotzat hartzen naute, baina, akaso, egunen batean, bulegoko lan arruntean ikusiko ditugu XML feed-ak, wiki-ak eta enparauak, gaur bulegoko langile gehienak Excelekin eta inprimagailuko ataskoekin ohituta gauden bezala. Eta ez naiz ari etorkizun urrunaz: gaur izan zitekeen egun hori. Teknologia, tresnak, eskura baitaude prest.

Eta zertarako dira tresna sozial hauek? Ezagutzaren Kudeaketarako. Horretarako apropos-aproposak dira. Benetako ezagutzaren kudeaketaren giltza dira (edo izan daitezke), ezagutzaren kudeaketaren printzipio nagusietako bati erantzuten diotelako: trukerarekin, ezagutzaren balioa biderkatu egiten da.

  • Definizio bat: Ezagutzaren kudeaketa Interneteko tresnen gainean: horixe da software soziala izendatzeko beste modu bat.
  • Beste definizio bat: software sozialeko tresnak, internauta askoren eskuetan dabiltzanak (wikiak, blogak, xml feed-ak), dira giltzarri inportante bat ezagutzaren kudeaketa benetakoa egiteko.

Ezagutzaren kudeaketarako aplikazio bat sarekoa izan behar da, benetakoa izan behar bada (sare lokalekoa ere izan daiteke, noski, talde jakin batean erabiltzekoa). Eta, praktikan, tresnarik sinpleena ere, sarekoa bihurtzen bada, biderkatu egiten da ezagutzarako hark eskaintzen duen potentziala.

Adibide tonto bat:

  1. Nork bere nabigatzailean baditu bere gogokoak, bere faboritoak. Ezagutza modu partikularrean, pribatuan, kudeatzeko tresna bat dira. Nik Interneten ditudan pista nagusiak hor gordetzen ditut, eta oso ondo datozkit.
  2. Baina norbaiti okurritu zaio gogokoak sare batean konpartitu daitezkeela, eta del.icio.us sortu du. Eta hor pilatzen dena, ezagutza partikular eta estatikoa baino gehiago da: ezagutza konpartitzeko eta biderkatzeko tresna sozial bat bilakatu da. Gainera, puff, XML feed-ekin! Inork ez dit ulertuko, baina hori... hori bada zeozer!, hori ezagutzaren kudeaketa da...

Baina, tira, beste egun baterako utziko dugu del.icio.us...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004