Berbaldixak
BERBALDIXAK Egitasmo berria
Duela gutxi, Arrate Kultur Elkarteak, Udako Euskal Unibertsitateak eta ...eta kitto! Euskara Elkarteak, elkarlanean, BERBALDIXAK izeneko ekimena jarri dugu abian.
Egitasmoaren asmoa foro publikoaren bitartez egunerokotasuneko gaien azterketa egitea da.
Gizarte osoari zuzendutako hitzaldi sorta antolatu nahi dugu, euskara eta aktualitatea uztarturik. Hiru taldeen arteko elkarlanari oso garrantzitsua deritzogu, indarrak batuz gure helburuei ez ezik, jarduerari berari ere etekin handiagoa atera diezaiokegula uste baitugu.
Horrez gain, herriarentzat eta herritarrentzat ekimen interesgarria izan daitekeela pentsatzen dugu, euskara eta aktualitatea bat eginik, emaitza biribila izango dugulako eskuartean.
Orain arte, Eibarren horrelako foro publiko euskaldunik ez da egin, ez behintzat guk eman nahi diogun dimentsioarekin. Aktualitatea duten edo guztion interesekoak diren gaiak ekarri nahi ditugu, alor teknifikatu bati soilik begiratu barik, alegia, gizarte osoak lekua izango lukeen hitzaldiak egin nahi ditugu.
Momentuan momentuko edo aktualitatean pil-pilean dauden gaiak eta hizlariak ekarri nahi ditugu gurera. Izen ezagunak nahi ditugu, baina gaia zainduz, beraz: erakargarritasuna + kalitatea. Bide batez, ekimen honen bitartez, herritarrak gugan hurbildu nahi ditugu eta aldi berean, gu eta gure lana herritarrengana.