Mende Baten Aldarriak, Hogeigarrenean Jarriak
Eibarko XL Euskal Jaiaren egitarauaren barnean, maiatzak 26an, osteguna, arratsaldeko 19:30etan Arrate Kultur Elkartearen lehen solairuko aretoan, Xabier Amuriza eta Jon Maia bertsolariak izango ditugu gure artean: Mende baten aldarriak, hogeigarrenean jarriak emanaldiarekin.
Sarrera doan izango da, denok gonbidatuta zaudete.
Mende Baten Aldarriak, hogeigarrenean jarriak. Xabier Amuriza eta Jon Maia.
Hogeigarren mendeak bide eta bidagurutze amaigabeak utzi ditu gure oroimenean eta Euskal Herriaren historian.
Bertsoaren esparru erlatiboki txikian ere, emaitza amaigabea utzi digu mende horrek. Inoiz oihu, sarritan auhen, hemen aldarriak bakarrik jaso ditugu, MENDE BATEN ALDARRIAK HOGEIGARRENEAN JARRIAK, hautatze nahitaez estuan bereiziak eta, hori bai, Euskal Herri osoa ordezkatzen dutenak.
Gehienak bertso jarriak izanik, batzuetan bat-batean sortuak ere sartzen dira. Nola kantatu du bertsolaritzak gure hogeigarren mendeko ibilera politikoa eta soziala?
Horixe da emanaldi honek eskaintzen duena: hogeigarren mendea, bertsolaritzatik kontatua eta kantatua. Gerrak, gerraurreak, gerrosteak, gertaera politikoak, egoera sozialak, pertsonaiak historikoak…
Horretarako, bertsolari askoren sortetatik aleak hautatu eta, denen artean argumentu bat eginez, historia bat garatzen da.
Hemen agertuko dira Elizanburu, Kepa Enbeita, Etxahun Iruriko, Otxalde, Otaño, Txirrita, Markano eibartarra, Zabaleta, Alkain, Basarri, Uztapide, Lazkao Txiki, Iantzi, Xalbador, Arrese-Beitia, Etxeita, Iturzaeta, Joxe Agirre, Lopategi, Azpillaga... Baita zenbait bertso anonimo ere. Bertsoak, historia aldetik esanguratsuak eta kalitatez ere ahalik onenak hautatu izan dira, historia argia ez ezik, historia ederra ere gerta zedin.
Eguna: Maiatzak 26a, osteguna
Tokia: Arrate Kultur Elkartea
Ordua: Arratsaldeko 19.30etan
Sarrera doan.
Eibarko XL Euskal Jaiaren egitarau osoa.