Fernando Muniozguren hil da
Fernando Muniozguren Urkiola filosofian lizentziatua (Vincenneseko Unibertsitatea) zen. Irakaskuntzan hasi zen eta lan horretan amaitu du bere ibilbidea. Tartean, hogei urtez Eibarko Udaleko euskara arduraduna izan da. Euskeraren alde egindako lan mardulak bere lanbidearen arlorik nagusiena bete du.
Arrate Kultur Elkartearen aro berrian zerikusi handia izan zuen Fernandok. Elkartea desagertzear zegoenean bultzakada handia eman zion Arrate Elkarteari eta bertatik ekimen berriak bultzatu zituen. Euskalgintza eta kultur arloan makina bat proposamen eta bide berri jorratutakoa dugu. Badihardugu, eta kitto eta Txaparro euskara elkarteen sortzaile eta bultzatzaile izan genuen eta hainbat hedabidetan laguntzaile.
Bere lanorduez aparte, euskara eta euskal kulturaren alde hamaika lan egindakoa dugu Fernando. Bere artikuluak irakurrita, berehala konturatzen ginen zein pentsaera aberats eta sakonekoa genuen Fernando Muniozguren.
Arrate Kultur Elkarteak Fernandori zapatuan arratsaldeko 19.00etan Txantxazelaixan egingo zaion omenaldi ekitaldiarekin bat egiten dugu eta bertan parte hartzera animatzen dugu.
ESKERRIK ASKO FERNANDO
KULTURA ZENDUN ZEURE
ASMO NAGUSIA
BERORRI EUTSI ZENTZAN
ESKAINIZ BIZIA
ARLO ASKOTAN DUZU
EREIN TA HAZIA
ETA KITTO, ARRATE….
ZERRENDA LUZIA
ESKERTZEKUA DA BAI
ZUK ERAKUTSIA
Arrate Kultur Elkartia