Laboari omenaldia Victoria Eugenian, ni fu ni fa
Izan dira joandako urtebete honetan omenaldi gehiago, batzuk auzolanean antolatutako kontzertuak, besteak kantu-afari soilak, eta lepoa jokatuko nuke berotasun gehiago izan dela guztietan, atzo, ekitaldi ofizialenean, sentitutako hoztasun deserosoarekin alderatuta.
Parte hartu duten artistei errespetu osoz, iruditu zait ekitaldiak hunkigarriagoa behar zuela izan. Laboa entzutean izugarrizko adrenalina deskargak izaten ditut, izugarrizko barne-dardarak sortzen dizkit Laboak, eta gaurkoan... ez dut ikusi ETB3n emandako dokumentala, baina apustu egingo nuke zirraragarriagoa izan dela.
Dezepzionatuta irten naiz, bi zentzutan:
Batetik, antolakuntza. Eszenatokiaren antolakuntzan akats dexente: Odon Elorza irten da Marisol Bastida alargunari domina jartzera, eta ez du lortu dominaren soka soltatzea (neska batek irten behar izan du laguntzera). Lotzeko ere, kostatu zaio. Gero, bere mikrofonoa ez zebilen. Euskarazko diskurtsoa irakurria, entsaiatua eta naturaltasunik gabekoa. Gazteleraz odonago aritu da.
Kantu bat eta bestearen artean denbora dexente. Egon da momentu bat zeinetan Victoria Eugenia oilotegi bilakatu den, jende guztia hasi baita berriketan, ikuskizunak une horretan izan duen etenaldian aspertuta.
DJak ari ziren bitartean, tekniko bat kableak ondo ote zeuden... Eta abar.
Bestetik, maila artistikoa. Beste zerbait espero nuen, zerbait hunkigarriagoa. Taldez talde:
- Iñaki Salvador eta bere taldea: bueno, fliskorno batekin aritu dira, eta azaldu du zein berezia zen fliskornoa Laboarentzat, bere aitak jotzen zuelako Bandan... tira, bale, justifikatuta. Baina bukatu duenean, nire lagunari belarrira esan diodana: Laboaren ahotsa entzutea bezalakorik ez.
- DJ Makala. Iruditu zait egin duen adaptazioak balio dezakeela bideoartea egiteko horrekin, edo La pelota vasca filmaren ildoko zerbait artistikoa egiteko. Baina dj-ak hor ikusten... Laboaren musika apurtzea baino ez zirudien horrek.
- Lain. Ondo ibili dira, uste dut baduela etorkizunik talde honek, baina antzematen zitzaien amateurrak direla. Edo hori iruditu zait. Talde hori entzuna neukan noizbait, baina ez ditut larregi ezagutzen.
- Xabi San Sebastian. Ederto, baina ez dakit, falta zitzaion zerbait. Laboa bakarra zen eta bere kantuak ez dira gauza bera beste ahots batean. Laboak zuen ahots umilak hustu egiten zidan barrutik. Esango nuke ez zuela bere indar guztia adierazten (nire paranoia bat eta musikaz gutxi jakinda diot) eta horrek hustu egiten ninduen. Ez dakit lortzen dudan espresatzea sentimendu hori.
- Ken Zazpi. Izugarri. Ahotsa eta kitarra bakarrik. Gure alboan zegoen neska, negarrez. Lehenengo euren kantu bat bota dute, Zapalduen olerkia. Ez nekien kantu hau Laboaren obran inspiratuta egin zutenik. Eta gero Izarren hautsa. Kantu honen bertsio bat du Ken Zazpik, baina Laboaren estiloa errespetatuz kantatu dute, eta izugarria izan da: hemen bai, dardarak, emozioak, malko batzuk zenbaitzuek. Txalo gehien hauek jaso dute.
- Gose. Besterik gabe... DJekin esandakoa errepikatuko nuke: lan ausarta egin
dute, baina Baga Bigari bere indar guztia kendu diote adaptazio
horrekin.
Laboaren alargun Marisol Bastidaren diskurtsotik, bi gauza aipatuko nituzke:
- Mikel bera zubi bat zen. Eta nahi luke hala izaten jarraitzea, bere obraren bidez. Izatez, zubi bati artistaren izena eman dio Donostiako Udalak, Loiolako erriberako auzo berria eta Cristina Enea parkea batzen duena.
- Bere obrak, eta Mikelek, bizitza defendatzen zuen. "Libertate indibidualak" defendatzen zituen, baina baita "libertate kolektiboak" (libertate hitza erabili du, testualki, ez askatasun).
Nire uste apalean, gehiago merezi zuen Laboak. Nirekin joan den lagunak ere esan dit, ez zidala iritzia eman nahi, klasikoegia dela pentsatuko nuelakoan. Enfin, ez nuke esango maila eman duenik ikuskizunak... Baina tira, Laboak maila altua jarri zuen, eta exikentzia maila parekoaz joan naiz agian...
Ez dakit zer irudituko zaizuen nire iritzia. Apuro apur bat ematen dit, egia esan, ekitaldia kritikatzeak. Nahiago nuke Laboaren handitasuna goraipatzean xahutzea nire indarrak, baina ez da hori benetan sentitzen dudana.
Laboaren omenezko kontzertuko hoztasun deserosoa. Sustatun argitaratua. 2009/XII/02
Post scriptum (Lertxundiren estilora)
Ez dut esaten artista hauen lana txarra denik, baizik eta ezin izan diotela Laboaren zirraragarritasunari eutsi. Donostian afaldu eta etxera iritsi nintzenean idatzi nuen, goizeko 3retan. Horrela irten zitzaidan.
Tira mutil, argi dago Laboak zure baitan sentimendu nabarmena loratzen duela baina ez dakit zure ikuspuntua erabat ulertzen dudan. Nire ustez ezin daiteke omenaldi ekitaldi batean "artisten aitaren" kantuak berrinterpretatu berak unkituko gintuen moduan. Argi dago zuk esaten duzun bezala Mikelen ahotsa entzutea modokorik ez dagola baina tira, zertarako bere kopiara gerturatu? gora bakoitzaren hausnarketa pertsonalak eta bertsio polemikoak. Bestela zertarako maite originala?