Googlek ez ditu Egoibarraren erabilera baldintzak betetzen
Gipuzkoa2.0, Eusko Jaurlaritza Irekia edo Obamaren Open Government bezalako ekimenen garaietan, Eibarko Udalak ezin zituen erabilera baldintza itxiagoak jarri Egoibarraren webgunean?
"Webgune honetan dagoen informazioa ezin da inon erregistratu eta bertan agertzen diren argazkiak zein idatziak ezin dira informazioa batzeko sistema batean jaso; inongo modutan eta inongo formatan."
Eibarko Udala, edo Egoibarra, edo erabilera baldintza horiek idatzi dituena ez da enteratu Interneten hori inposiblea dela. Ezinezkoa da. Debekatzen dit Bloglinesen harpidetzea, debekatzen dio Googleri webgunea indexatzea, debekatzen dio aurki.com-i Egoibarraren zabalkundea egitea. Nora goaz honekin? Ezin dira Interneten muga horiek jarri, baina inposiblea izateaz gain, filosofia guztiz desegokia da, are gehiago difusio kulturala helburutzat duen entitate publiko batentzat.
"Webgune honetako informazioa eta argazkiak ere ezin dira inon berragertu, ez zatika ez osorik."
Ba oso gaizki. Nik uste askoz interesgarriagoa dela alderantziz egitea.
- Oier Araolazak nahi baldin badu auskalo zein urteko dantzari batzuen argazkiak erabili artikulu bat osatzeko, egin dezala.
- Tagzaniak egin nahi baldin badu Ibilbideen informazioa berrerabili mapa batzuentzat, egin dezala.
- Josu Mendikutek nahi baldin badu jai bat antolatu Eibarko industria giroan eta kontestualizatzeko erabili Egoibarran datorren X informazio, erabili dezala.
- Asier Sarasuak nahi badio auskalo zein difusio eman Eibarko Ahozko Ondareari, egin dezala.
- Sustatuk nahi baldin badio albiste bati erreferentzia bat egin, egin dezala.
Egin dezatela Egoibarrari erreferentzia eginda, bale, baina egin dezatela baimena eskatzen ibili barik ere, demontre! Badakit egongo direla kasu batzuk zeintzuetan informazioa ezin den ireki: agian argazkilari batek Copyright baimenarekin eman diolako Egoibarrari... ba jarri Copyright lan zehatz horri. Baina ez jarri horrelako hesiak Egoibarraren webguneari, arren.
Eta orain eraman nazala Udalak auzitegira, Egoibarra.com-etik bi paragrafo kopiatu ditut-eta.
Oh: :-) artikulu honen url motza: http://tinyurl.com/egoibarra
Amatiño, biziki pozten nau zuk, daukazun kurrikulumarekin, iruzkin hori uzteak. Guztiz ados. Sustatu.com-en lizentzia politikak, bestalde, hau dio:
"Dokumentazio publikoa egile-eskubide eta lizentzia desberdinen menpean egon daiteke. Hala ere, uste dugu zilegia dela eta ez dela legerik hausten horrelako lanak argitaratzen, eta sinesten dugu gainera zerbitzu publikoa eskaintzen dela hori egitean."