Marisol Esteban, EHUko errektore hautagaia, spammerra da
EHUko errektore hautagaiek, Iñaki Goirizelaia jaunak eta Marisol Esteban andereak, spama erabiltzen dute ikasleak persuaditzeko tresna gisa. Iñaki Goirizelaiaren kasuan, zuzenagoa iruditu zait, momentuz. Lehenik eta behin, gonbidapen bat bidali zidan gaur egingo zuen hautagaitzaren aurkezpenerako. Ekitaldi baterako gonbidapena. Klase bateko ordezkari naizen aldetik, onargarria iruditzen zait. Badago klausula bat zeinen bidez ordezkariok horrelako mezu batzuk jasan behar ditugun. Bale.
Marisol Estebanena lotsagabeagoa iruditu zitzaidan. Bere kartela bidali zidan. Aitzakia ez zitzaion falta: unibertsitatean jartzen dituzten kartelak apurtu, kendu edo gainetik marrazten dituzte betiko radikalek. Radikalei esker, Estebanek spam egiteko zilegitasuna aurkitu du. Atsekabetuta, ez nion ezer esan. Baina beste mezu bat jaso nuen.
"La Universidad necesita tu voto. Unibertsitateak zure botoa behar du. Marisol Esteban". Eta pdf bat atxikituta. Estebanen eta Goirizelaiaren programak nik hartu ditut internetetik, ez dut nahi eurek nire postontzian sartzerik. Erantzun egin nion. "Ez dut propaganda elektoral gehiago jaso nahi nire postontzian. Mesedez, errespetatu nire eskaria. Eskerrik asko. Josu Mendicute."
Ba Estebanek ez du errespetatu nahi nire eskaria, eta gaur beste mezu bat bidali dit. "La Universidad necesita tu voto. Unibertsitateak zure botoa behar du. Marisol Esteban". Erantzun egin diot. "Unibertsitateak ez du spammerrik behar. Josu Mendicute".
Unibertsitate berritzaile bat aldarrikatzen duenak ezin du spama erabili ikasleak bereganatzeko. Are gutxiago ikasle batek horrelakorik ez egiteko eskatu eta gero.