Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/03/24 08:50
Zurrunbiloan - Oraingoz azkena

ZURRUNBILOAN

 

I

ZARRASTADA PINTATUAK

 

  

EGUNEZ EGUN

 

Lo-txatalak

1

Gabezien gaindi,

goiza irribarre oparoz,

eguerdia amets argiz,

arratsa xuxurla ameslariz,

jantziko duen 

atseden ordua da gaua.

 

2

Adinez aurrera noan heinean

ilunak biltzen ditu oroitzapenak,

aurrerago adinean,

kamutsago dut bizipoza.

 

3

Ortzadarraren koloreetan

bermatu nuen bizipoza,

zaldiko-maldikora igo nintzen

ingurua neure egin asmoz.

Eskaneatuta ditut  bizipenok,

hareazko orduak aurrera,

ikusmena lakratzen zaidanerako.

 

4

Goiz irribarretsua damaizu

lo goxoaren egunsentiak;

begitarte goibelez esnatzea dakar

begiak josi gabeko gauak.

 

5

Atalez atal kraskatu zait

biziaren ontzi hauskorra,

zauriak egonean milikatuz

banjoaren hariak puntuatzea da

azken-lo aurreko denbora-pasa.

 

6

Bizitza:

jaiotza, ezkontza, duelua,

heriotzaren

misterioa.

 

7

Gauaren erritoa:

egunsentiarekin topa egiteko

arkanoa.

 

 

Asepsia

Taberna litzake

gizartearen erakusleihoa,

herritarren parlamentua,

politikaren galbahea,

ilargi gau sorgindu batetan

kasta politikoak

asepsiatu  ez balu.

 

 

Fardeleria

Garenon hasiera, amaiera,

osagaien konbinaketa berri bat

besterik ez da den oro.

Bi aldaketen tartea,

besterik ez garela onartuz,

ez ginateke hain

fardeleria arduratsua.

 

 

Argitarte

Eguzkiak ausentziaz

damaizu existentzia,

gau.

 

Bi argialdiren arteko

ilunaldi emankorra zara,

gau.

 

 

Alkimia

Potosiren irrika,

El Dorarodora ahalegina,

agian iraultza amestua,

besterik ez zen alkimia.

 

 

Amandre

Komuna, bideta, lababoa, bainera, dutxa,

berogailua, harraska, hozkailua,

garbitzeko berotzeko, edangarri edo izotz,

ura,

forma eta izaera ezberdinetan,

etxeko amandre ilargia.

 

 

Kidetza

Bestearengana urratsa:

bizikidetzaren arima,

harremanen lotailu.

 

Norberaren sorbalda:

hurkoaren sostengu,

kidetzaren itzala.

 

 

Izara

Izara,

malkoen aterpea.

Izara garbia,

plazeraren gailurra.

 

 

Airezko estatua

Urezkoa nahiz urrezkoa,

beti dago bakarrik eta urrun

estatua,

bakartiago eta urrunago,

irudikatu gizaki edo gertakizuna.

Iragana lausotzen omen harago,

irudimen kamutsak,

kontzientzia txarrak,

ordura arteko utzikeriak,

interesak, gehienetan politikoak,

jasotzen ditu estatuak,

gutxitan oroimen desinteresatuak,

edo maitasun zintzoak.

 

 

Hargina I

Tximistargiak zeharkatu zuen

egoera momifikatua,

esperantza hitza zizelkatuz

mesfidantzaren mahaian.

 

 

Hargina II

Errauts artean darraigu,

jainkoen erantzun bila,

jakinik geu soilik garela

esperantzaren etorkizuna.

 

Ezerezaren eremuan,

utzi gaituzte gaueko itzalek,

herria izanen da

bakea eginen duen hargina

 

 

Hiru kliskada

Ostiral gaupasa:

asteko hondarrean

lilia landatzeko ametsa.

 

Itsasargiaren kliskada:

urrun datorrenari

besarkada zifratua .

 

Gaubeila:

hitz iraungiari

agur mutua   

 

 

Ispilu bikoitz

Ikus zure gaua

bestearen eguerdian,

zu zeu bestearen ispiluan,

zure egia bestearen gezurrean.

 

 

Herena

Gaua,

egunaren herena

besterik ez da.

 

 

 

IBILTARIXA

 

Ibiltari beti

Ibiltariak gara

ibiltariz trabatutako bidean,

adar eroriak bizitzaren joanean,

ezpal zauritu zein ezpatatxo dirdaitsu,

ibiltari beti, egunen dantzan, bizitza abian.

 

 

Ibaia

Ibaia,

lehen paisaia,

nire bigarren sabela,

non bota nuen esparbela,

nondik zeharkatu lehen muga.

 

Ibaia,

naraman altzoa,

ibai egin nauena.

 

Ibaia,

bizitzaren lehen erdia,

beste erdiaren ametsa.

 

 

Goitikan

Hegazkina talai:

ederrago dager ibilbideak,

ezereztxo dakuskit ibiltariak.

 

 

Itsasoa sigilu

Labarrak joz

Kantauria,

hondartzak laztanduz

Mediterraneoa,

bi itsaso, bi herri,

bi itsasoak

zigilu bereizgarri.

 

 

Errekasto

Errekasto naiz

bizitzaren ibaian,

korronte nagusiak narama

bilgune orotan, 

nire baitan ainguratuz

besterik nahiko banuke ere.

 

 

Aire baltsamatua

Haizea, ura, lurra, sua

izan nahi nuke;

txirularen soinu,

aire baltsamatu,

atzenduen bilgune,

erein ildo-bizkar,

babil dardarati,

bihur nadin.

 

 

Poema liburua

Talaia batetara jasotzen nau,

ikuspegia aldatzen dit,

bizipoz geruzaz biltzen ingurua,

ukitu bereziz janzten,

hausnartzera narama;

gizakiagandik hurbilago,

izadiagandik barnerago.

 

Mundu berri bat da poesia.

 

 

Dakidana

Ez dakit

zer den zer,

zer eder bat non den,

ezer ederrik ote,

lorategia dela bizitza,

arantzadi ere,

hori badakit.

 

 

Flumina Babiloniae

Jaiotzatik heriotzara

doan tarte hori,

altzairuzkoa,

harrizkoa,

zurezkoa,

urezkoa,

bizitza,

zubia.

 

 

Bateltxoa kulunkaz

Batel kulunkaria zen justizia,

batelariari benda kendu zioten arte,

geroztik haitzetan lehertu zen batela.

 

 

Bide ertzatk

Meandroak:

zutargi baten  distirak liluratuta

patxadan geratzera tentatzen gaituzten

bizitzako bihurguneak.

 

Helbidea:

heldu ez zen gutunari

falta zitzaiona.

 

Bide ertzak:

bizitzako zedarriak.

 

 

Sarean

Internet:

noranahiko bidea,

mundura lotzen gaituen,

mundua atrapatzen dugun,

sarea.

 

 

 

GRAFOA

 

Konbinaketa infinitoa

A-tik – Z-ra:

idazlearen jolas maindirea.

 

 

Haize gorria

Norabidea erakusten du

haize gorriak,

baina ezinen du aldatu

pausoen norakoa.

Dotorea da izenez,

mugatua ahalbidez,

haize gorria.

 

 

Arnas taupada

Kritikoa,

baina ez kriptikoa

behar luke izan

bizitzako liburuak,

ulergarri egiteko

arnas taupada.

 

 

 

HEGOAK BUSTITA

 

Branka

Ez galdu itxaropenik,

marraztu ur arrastoa ortzadarrean.

 

 

Zentzua

Diru-zoroen esku dago gidaritza,

horregatik dugu gizarte eroa,

utopiaz erotuek ez bestek  

bideratuko gaituzte zentzura.

 

 

Aztia

Aztia izan nahi nuke

zenbait poema ulertzeko.

Nor litzaken, berriz, magoa

amestu poemak idazteko

 

 

Antzezleak

Poliglota:

gizartean murgildu zenean,

gizakia ulertu ezinik,

mutu geratu zen.

 

Aktoresa:

Andre hark,

oihala jaistea erabaki zuen

drama latzak antzeztu ondoren.

.

 

Filosofoa:

bizitza eta heriotzari

hesirik jarri ezinik,

isiltasunean gorde zen.

 

Agurea:

txotxongiloak garela jabetu zen ezkero,

parkeko jarlekuan eserita dago

haritik nork tiratuko zain.

 

 

Piktogramazko poema

Bizitzari buruzko

12 piktograma

jarri nahi nituzke

poema berri batetan.

 

 

Gailuak

Eskuak,

“homo habilis”aren lehen gailua,

arrazoira jauziaren lehen isla,

nork zerk bihurtu ditu hiltzeko arma?.

 

 

 

BIZITZAKO BI GURPIL


Torturarena

Tortura,

deskripzio ororen irudiez haraindi,

gizarte ustelduaren kiratsa darion

errealitate gordina.

 

 

Natura

Noria,

biraka eternalean,

bizia damaigun

harri-uraren armonia.

 

 

 

ELKARTASUN PUSKAK

 

S.A.

Bi hondeamakinek muinoa lautu dute,

hamar gizonek zementu-tantaiak birlandatu dituzte,

herri berri bat jaio da:

anonimoak anonimoaren zerbitzura.

 

 

Moduluetan

Zementuz burdinez alanbrez,

mendeku humanoz batez ere,

modulutan isolatu dituzte

nodulu bihurtu nahian,

presoak,

baina birus eta bakteriek jai dute

herriak ditu immunizatu eta.

 

 

Mezugrafo

Norberak behar du izan

itxaropenaren babes bakarra,

mezugrafo guztien gaindi.

 

 

Osagaiak

Putzu karela, eraztuna,

luneta, fruta ontzia,

errota tobera, bizkar teilak,

osagarriak dira noski,

baina batez ere,

hurkoak behar du izan

ilunean argi,

bakardadean lagun,

orduen pozgarri,

malkoen zapi,

bizitzako osagai nagusi.

 

 

Eztena v eztia

Ziztadez mindua ordez,

eztiz gozatua behar luke izan

gizakion basamortua.

 

 

 

BEGIETSIZ

 

Soen sona

Barne musikak soilik

interpretatu dezake

begiek dakusaten partitura.

 

 

Agurreko soa

Agurraren nostalgia dario

zaharron begitarte azkenduari.

 

 

Erromesaren soa

Arrasto bat jarraiki ernai,

geometria marra baten diziplinan,

irribarrez abaildua arren,

malkoak gordez,

galburuak eskainiz,

sufrikarioak leunduz,

sugarra lez gorantz,

beti zut nahiz urratua,

zursarean eta beiratean

ostendu gabe,

erantzun bila,

atalasean edo lemazain,

hurkoaren sinonimo anonimoa,

trapezioan kulunkari,

armiarma sarea eskalatuz,

bizitzari buruz galdezka:

erromesaren begitarte bera opa diot

gizaki orori bizitzaren joanean.

 

 

Ispiluaren soa

Argazkikoarena ez zen

bizarra egiten zuenekoaren

begitarte bera.

 

 

Kontrasoa

Dena eta dirudiena,

erreala eta isla,

beharra eta ilusioa,

bizitakoa eta oroitzapenak,

mezua eta keinua,

irudiaren soslaia,

bizi diren hildakoak,

hilik dauden biziak:

zer datza begitarte ostean?.

 

 

Meninaren soa

Meninak bezalatsu naiz,

nire garaian gatibu,

ahapaldi bat nahi nuke idatzi

nire aurpegi islatuan,

baina ez dut ispilurik

ez ezpain pinturarik.

 

 

Erruletako soak

Eskale  soa gizakiarena,

bizitzako erruletan,

baina beti gara galtzaile

krupierra bera ere.

 

 

Zaharron soak

Zaharron

begitarte

lausoak!..

 

 

Matearen soa

Maite ditut maite

irribarreak

ezpainetan marraztean.

Maite ditut maite

zure begiak

irri dagidatenean.

 

 

Soa soilik

Kutuna alboan eserita,

hori da zoriona.

 

 

Maitasun soa

“Begiak farrez farrez,

bihotza negarrez”,

bihotz pozez kantariak,

begietan ere irri.

 

 

 

LIPARRAK

 

Arratsa lausotuak

Jubilatu aldrak

bide-sareetan ibiltari,

bizi-minaren bizi-minez,

adin pitzaduretatik datorkien

arrats izpiak jarraiki.

 

 

Albumak

Bizipen minberatuak

oroitzapenetan biltzen ditugu,

edertuko zaizkigun itxaropenez.

 

 

Bizipoz

Eta mantxuak ere,

halabeharrez,

bizi izaten ikasi zuen.

 

 

Hizki artean

Hitzak beti labirinto,

nahiz esanahia jakin.

 

 

Autografoa

Salgai dagoenaren

ikurra

 

 

Diptikoa

Zabaltzean

eder usaina darion

ate pintatu bikia.

 

 

 

BIIZI PUSKAK

 

Puskak biziz

Iltzatuak adinean,

nor bere bakardadean,

nor bere ezinean,

nor bere agurrean.

 

 

Agurra

Laguntza eskatzen zuen,

agian agurra zen,

itsaso ilunean hondoratu zen

zaharraren eskuak.

 

 

Zaborra ez

Tristura-poltsak,

zabor-kamioek jasotzen ez dituztenak,

geure baitan gorde edo erre behar ditugunak.

 

 

 

II

 

BIHOTZ  TAUPADEN ORDUAK

 

 

SARRERA GISA

 

Kosmosaren zurrunbiloan

orduak

joanaren pausoak.

 

 

 

AZTARNAK AZTERTUZ

 

Txupa

Larruzkoa,

sekula izan ez dudan

jaka.

 

 

Hareazko erlojua

Hareazko erlojua da zaharrona,

hondar multzo osoa darakus,

goian jada txikia,

kopuru ia osoa behean.

Erloju digital batek esanen du

azken alea noiz mehargunetik.

 

 

Katua

Katua,

zenbait poema bezain

animalia konplikatua.

 

 

Arribada

Adina umotuz heinean,

urte luzez arraunean,

besondoka nekatuta,

berenean uzten da batela

moilara den arte.

 

 

Sutauts

Sua zeridan gaztetan,

sanjuansua suargia txondorra nintzen,

berotu argitu biziberritu nahi nuen dena.

 

Sutautsa besterik ez naiz orain,

berotuko nauten txingar bila

supazterraren karelean.

 

 

Labirintua

Barre eta malkoz,

urtaroz urtaro,

ateak itxi eta zabaltzea,

hori da bizitza

 

 

Labarra

Labarrak eskalatu,

ikuspegiaz une batez gozatu,

eta rappel arinean jaitsi,

hori da bizitza.

 

 

Kiribila

Orduak larrutzerakoan,

zeure barnean bilduko zara,

kanpoko  zirimolak

eraman ez zaitzan.

 

 

Ortopedia

Lokarriztatze guztiez harago,

zu zeu ez den oro

ortopedia bilakatuko da.

 

 

Ni neu

Ez dut inor ezagutzen,

ni neu ere

anonimo natzait eta.

 

 

Ezkilak

Izan zaitez zu zeu

eta ezkilak entzungo dituzu

zure barneenean.

 

 

Ilargiaren orduak

Ilargi berrian,

ilgora da esperantza.

 

 

 

TALAIATIK

 

Talo-pala

Gorantz edo beherantz,

betea edo ilunean,

puntu bat baino gehiago

bilakatzen zaigu ilargia

aldarte aldaketetan.

 

 

Gaueko hotsak

Begiak itxita

hotsak bereiztea,

jolas erakargarria:

egin ezazu  froga.

 

 

Zurubia

Labainak izan daitezke mailadiak

barandarik ez denean.

 

 

Bidaia

Gizakitik,

bidelaguna.

 

 

Euskarri bat

Irudimena:

zurruna malgutzeko,

malgua zurruntzeko,

mirari bizigarria;

utopia gauzatzeko,

eskuartekoa edertzeko,

alkimia mirarigarria.  

 

 

Arrats apal

Hegietan zein itsaso lautada ertzean,

naturaren apaindura zirraragarria da

egunsenti arratsetako friso gorria.

 

 

Atzerritar

Atzerritarrak gara bidaiariak erbestean,

atzerritarrak etorkinak ere gure herrietan,

lekuz aldatu garen eraikin biziak denok,

bizibeharrez batzuk, gozanahiz besteak.

 

 

Barraskiloa

Barraskiloa,

eraikuntza ez den

bizitoki mugikorra.

 

 

Ortzadar

Nor izanen da

bufoiaren bufoi,

barreak utzitako zuloa

bizipozez koloreztatzeko?.

 

 

Eskerrak

Zer da hoteleko gela

kartzelako ziega apainagoa baino?,

zuk duzu giltza,

eskerrak!.

 

 

 

EGUNAK MARRAZTUZ

 

Kaka burutik

Usoa eta estatua

elkartu egin dira:

tanta zuria buruan.

 

 

Preso

Hoteleko gela:

etxekoa bezain

presondegi

 

 

Biharamun

Gaua:

egunerako

atsedena.

 

 

Inventarium

Inbentarioa,

luzea zein motza,

erraza, korapilatsua,

porrotean edo ametsean,

bizipenen-gauzen zerrenda,

beti urduritasun eta kezkaz bildua.

 

 

Makulu

Taupagailua,

bihotzaren bihotza.

 

 

Zigilatuak

Zigilua:

gizartea mailakatzen duen

jabegoaren ikurra.

 

 

Bizi

Zutabea baino

lur-zorua nahiago.

 

 

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.