Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/03/17 09:01
Uneak

 

UNEAK

 

 

UNE MINAK

 

Legea zertarako

Erantzun bakoitzak galdera berri bat dakar,

 lorpen bakoitzak helburu berri bat eskatzen.

 

“Arriba parias de la tierra”

“Zutik emakumea…”

 

Legea,

herria kateatzeko botereak darabilen arma bortitzena.

 

Legea-askatasuna,

beti kontraesanean,

biak, baina, elkarlotuak.

 

1968-2007:

Legeak aldatu dira,

baina berdinean darraigu,

demokrazia tirania da,

batena ordez  gutxi batzuen diktadura,

hauteskundez mozorrotuta.

 

 

Objektuen herstura

Mugatua izatea da muga nagusia,

muga guztien artean

gizakia bera da muga zitalena,

muga zitalen artean

politikoak dira mugarik ankerrena.

 

Gizakia dago muga guztien segidan.

 

 

1967-2007:

Paretari ate bat atera geniola uste genuenean,

beste pareta bat jaso digute irekiduraren aurrean.

Madarikatuak politikoak,

edozein dela bere izena.

 

 

Orain eta beti

Bideginean saiatzen ari gara,

zakur amorratuen erasopean,

gorbata daramate batzuk,

peloteroa besteek eskuan,

politikoa-polizia biak zakurrak,

elkar osatzen duten binomioa.

 

Geuk egiten dugu destinoa,

hori da egia borobila.

 

1968 eta 2007, dena da berdin,

gaur egun ere badira erreboltak,

baina 68an ikasi zuen botereak

lehen arnasatik ito behar direla.

 

 

Ene pentsamendua

Gaztetako baikortasunak dira poeta gaztearenak,

etsipenaren estalgarriak zahartzaroan

baikortasun iritzi eta ahaleginok.

 

Ezin herdoilduok  naturaltasunez onartzea da

ilunabarreko argi izpien ederra.

 

Sortu den dena da zigarrokin izana hauts bihurtzean;

ezpain eder edo atseginetan erre bagara,

lurrin gozoa atera badugu,

gozamen eta patxada apur bat eragin badugu, …

ez gara erabateko zigarrokin etsigarria izanen.

 

 

La cimitiére

Zaharrok,

itxurosoenak ere,

kanposantuko itzala gara.

 

Ez gara kolore urdinen

krudeltasunaren

pintzel plastada.

 

Bizitzak duen  erritmoaren

margo iheskor bat besterik ez,

argiaren istant berezi hori.

 

Izan ginen,

izan ginelako dira,

izan ginelako direlako

izanen dira.

 

“La Cimitiere” ez ote

zaharron isla ispiluan!

 

 

Barnean dut otsoa

Gizartearekiko konpromisoak

damaio zentzua bakardadeari

 

 

Barne zauriak

Partekatuak direnean

norberarenak eta besteenak

orduan dute bidea eta segida

bizipenek

 

“Gerora zer dago?”

galdera antzua

besteei begira

egiten ez denean

 

 

Herioaren egia

Nire errautsak

nire gorpuzkinak

zerbaiten ongarri

izanen dira.

 

Baina,

batez ere,

taldeko ahalegina

izanen da

etorkizunean

iraunkor

nahiz

ahaztua

galdua

ikusezina.

 

 

ORDUEN MAILUA

1

Saminak dira

bakardade pertsonalak,

jasan zailagoak

taldearenak, ekarpenenak,

ideienak, asmoenak, …

 

2

Kanpai hotsak,

kanpai-jolea bizi da behintzat.

 

3

Ura badoa errekan,

erreka ez da lehortu,

ura joatea ez da arazoa,

erreka lehortzea baizik.

Kea desegin da

baina su-hautsa

ongarri da.

 

Hori da bizitza

 

 

Izanatik harantz

Heriotza ondoren zer?.

Oraina segurtatuta 

daukanaren galdera.

Ez naiz ogiaz soilik ari,

herri eta gizarte baten

oinarrizko eskubideez baizik.

Ogia misterio zaionak

gau neketsuko egunak ditu

 

 

Zuhaitz urratuak

Herri bezala zer garen,

euskaldunaren galdera.

Izaten utziko diguten

galdetzen dugu,

baina basoa matarras moztuz

erantzuten digute,

gorputzak kolpez more utziz.

 

 

Gauzen erantzuna

Geroaren zantzuetan

sineste zoroak

egungo existentzia

hutsune, zuri, ezerez, 

gezur eta laino

bihurtu dezake.

 

 

Gauza beraren galde

Euskaldunen orainak,

Euskal Herriaren geroak,

nau ni kezkatzen,

nor eta zer

izanen garen lehian,

nor-izatea, zer-izatea galdera

filosofiko existentzialistez harago.

 

 

Hegaka doa

Une bakoitza

baliatu behar dugu

euskaldunok,

helburua

zail eta urruti

dugula jakinez,

eskubideen lehian,

beti joanean,

helmugarik ez duen

maratoian.

 

 

Garenez harro

Herri bat gara,

aske nahi duen

herri kateatua.

 

Galdetzeak

jartzen gaitu bidean,

erantzunak damaigu

ibilirako indarra,

garena garela,

garenez harro.

 

 

Ilgora

Errepresiopean

odola bero,

errepresiopean

burua hotz.

 

Hiltzailea

bestea den bitartean

beti izanen da herioa

eta madarikazioa.

 

Norberaren ukazioez

jabetuz

emanen dugu

lehen pausoa

konponbidera.

 

 

Uste eta promesak

Esperantza nagiko

gau larria

bizi du euskaldunon

existentziak,

etorkizun fidantzako

uste eta promesak

amildegian behera

etorri zaizkigun honetan.

 

 

Gauzen mindura

1

Ura igelaren presondegi?,

ura baita bere habitat naturala.

Uraren mugak dira presondegi.

 

Barnera begiratzeko ahala

pribilegiatuen ahalmena da,

samingarria ordez, pizgarria

 

Hemengoa naiz,

hemen geratuko ere,

kosmosaren zati,

fede pizgarria da hori,

eternitatearen hazia,

ioi dardaratia,

izateaz harro,

ilundi distiratsuaren barnean.

 

2

Loa,

bizitzeko indarberritzea,

gozamenaren hazia.

 

Esposatua naiz

gizartearekin,

horrek egiten du urrezko

nire bizitza,

besteentzako

ikatz berogarri izateak.

 

Behe honen bestaldean

goiko goidura bera

aurkitzen da,

borobila baita ama lurra,

eta antipodetakoa gure anaia.

 

Existentzia,

unean uneko

karanbola zoragarria,

nahiz nire esku ez dagoen

bidea gauzatzea.

 

 

Fedea enbortzat

Ez kanpora ez gora,

barnera behar du begiradak,

behean behar du oina gizakiak.

 

Enborra,

zer da gizakiaren enborra,

non da sustraitzen?.

hor datza esperantzaren gakoa.

 

Gizakiaren bekatua,

mugaz haragoko ametsa,

garenaren ezinaz izutzea,

garenaren gutxia ez onartzea,

ahal dugunaren guztiaz ez jabetzea

 

Kosmosa da jainkoa,

biziberritzen gaituen altzoa,

betirakoak egiten gaituena,

ez gara bukatzen,

itxuraldatzen baizik.

 

 

Askatasunaren dolorea

Besteengana naramana da

nire  bakardadea,

bestea etsai zaidanean ere.

 

Aukeratu beharrak damaio

gizakiari beldurra,

erabakitzea  nola saihestu da

izuaren iturria, 

ahaltsuen inposaketa da

bizi-egarriaren aizkora zorrotza,

jainko errealen labana hiltzailea da

odolusten gaituena.

 

Bizitza,

erabakien kate etenik gabea,

harro naiz gaitasun honetaz,

gaitasun erabat baldintzatua arren,

ametsa besterik ez bada ere.

 

Askatasuna,

erabakitzeko ahalmena,

ametsa hutsa,

jainko aitorturik ez dugunon

jainkoa,

sasi-jainkoa berau ere. 

 

 

 

UNE MINBERATUAK

 

Ordurik ez denean

Ez da arazo edo kezkarik gabeko

egunaren hondarrik.

 

Une isil bat aurkitzean

hor datza xedea,

hor dago koska.

 

Kontzientzia kamutsa

behar baita

horretarako gehienetan.

 

 

Ariman kantak

Uneoro behar genuke

Agata Santaren bat

barne pleguren batetan

kantu isil baterako.

 

 

Promesezko zelai

Ikastolak Erriberan,

Erribera euskaradun

izanen den

itxaropena

 

 

Kantauri itsasoa

Kantauri itsasoa

hainbat familien

sorbalda urdina.

 

Kantauri,

itsaso oro da misterio.

 

Kantauri,

bazter honetan

inguratu gaituzte,

katez lotu

gogoen barne eremuetan,

baina ez dugu

itsasoz alde eginen.

 

Kantauri,

estropada egun ederrean,

ontziak oraindik uhinen aparrean,

egurtu gintuzten zipaioek,

askatasunera boga

egin nahi genuelako,

itsu dabila Ibarretxe.

 

 

Aleluia

Gabon,

sentimenduen

festa-egun.

 

Gabonak

Merkatarien

festa-giro

 

 

Naturaren sakona

Loa,

gauaren oparia.

 

Lorik eza,

biharamun mikatzen iturria.

 

Lo hartze goiztiarra,

esnatze berantiarra,

gauaren ertz desiratua biak.

 

Lo sakona,

egun kontzientea luzatzeko

kontzientziaren ausentzia

 

 

Dakit

Nire barrena hizkiz, ezta hitzez ere,

husten ez dakit,

horretarako gai ez naizela dakit.

 

Agian horregatik

niregan biltzen naiz,

inongo edo inoren arrosa

ez izanez neureegi nahi dut bizi.

 

Nahiago dut nire baitan galdu,

kanpoan alderrai izan ordez.

 

 

Ur gazte

Izan nintzen,

orain naiz.

 

Penak eta alegriak,

hori da bizitza.

 

Nintzen, naiz,

nadin beraz.

 

Ni neu

eta kito.

 

 

Agorreko arratsean

Oparo eman dit

bizitzako urtaro orok,

nik neuk urri emanaz

naiz zahar kezkati.

 

Gozatu dut uneoro,

baldintzapeko gozamenez.

 

Bizitzako arratsean

ez naiz biziaz damu,

ordu mozkor gutxi,

atsegin asko,

plazer nahiko.

Esker ona diot bizitzari.

 

 

Ez naiz poeta

Poeta izan behar da

poesia idazteko.

 

Bada poeta ez denaren

poesia itxurakorik.

 

Ikuspegia eta sentiberatasuna,

hor datza poesiaren funtsa,

ez hitzak dottoretto

edo irudiz lotzean.

 

Poesia ez da hitzekin jolaste soila.

 

 

Enarak zeruan

Hondartza ederrenetara joan,

kopla beltz guztiak utzi,

txirla politenak jaso,

barnea kantari, airea koplaz bete, …

 

Maiteak ez daki

hondartzara joan zarenik,

esaten ez badiozu.

 

Komunikatzea,

maitasunaren funtsa.

 

 

Lararin-larara

Nigana,

zugana,

lararin-larara,

ezkutukoak ohi dira,

lararin-larara,

zirri gozoenak,

lararin larara.

 

 

Hibaiak.

Italian barna heldu ziren

sortaldetik basoak Euskal Herrira,

milaka urteko etorri geldian.

 

Bizi ahula ibaiak?,

oparotasun berdearen hazia da

bere joan geldoa.

 

Ez behera, ez gora,

ni ere etorri banoa,

kosmosaren altzoan

karanbola berri batera.

 

Ez dut stop egin nahi,

ametsek, asmoek, esperantzek,

arrastoren bat utziko zuten

ziurtasunez.

 

 

Materiaren handia

Bizi naiz,

hala fortunatu zen.

Ni neu naiz kantu,

olatu eta poema.

Laster batean

beste zerbaitekin

beste zerbait

sortuko naiz.

Kosmosaren

bihotz harrigarriaren

eraginez.

 

 

Ezinaren ezina

Ezinaren galga, porrotaren hazia,

ezinaren eta itxaropenaren lehia

hori da bizitza.

 

Pesimismoa erein,

etsaiaren arma nagusia.

 

Ze zaila norberaren ezinak onartzea!!!.

 

Ezinean zein ekinean,

asperdura da

etsipenaren sorburua,

porrotarena ere.

 

 

Izanaren gose

Ez naiz bizi izanaz damu,

zenbait jarreraz bai,

banaiz damu.

 

 

Ederraren ederrez

Gizonen begiak

emakume gorputzen

esklabo.

 

 

Bizia da udaberri

Zuhaitzek

garunik balute,

biolentoa 

terrorista

deituko lioke

basomutilari.

 

 

Urtoro

Neguan

bizipozik

ez duenak,

udaberria

motel.

 

 

Pasa ziren

Bizitzako

aukera

galduak!!!

 

 

Ziren desiraz

Zitezkeenak

balizko

geratu

zirenekoak.

 

 

Amuarrainen ametsa

1969tik 40 urte geroago, herri hau oraindik ez da tamariz ihar, harizti eta pagadi berde gazte berri izan asmoz lehian dirauen herri zahar zauritua baizik.

 

 

Nor poeta

Zer da

poeta izatea?.

Zertan datza

poesia?.

dotore eta ezberdin

hitzak txirikordatzea?,

arazoen gainetik

labaintzea?,

jolas bat?,

ihes bat?,

barne dei bat?.

 

Bizitzari

errotik helduz 

behar du poesiak,

bizitzari

ikuspegi berri

ezberdin batez

begiratu.

 

Izadiko zati da

gizakia ere.

 

 

Lizartza

Lizartza,

2007an,

etorkin politiko

eskuin muturrekoek

Espainia osoan

ezaguna egin zuten

herritxoa.

 

 

Poeta non?

Ze poema labain iheskorra,

irakur-goxoa arren,

baina zein da

poetaren esperantza?.

 

Mozoloegia naiz nonbait

jabetzeko edo igartzeko.

 

Poema hau idatzi zen egunetan

Burgosen epaitu gintuzten,

Euskal Herria kalean zegoen,

herri baten esperantza epaitzen zen.

 

Non zen poeta?.

 

 

Ze plazer

Ze plazer,

zerek eragindako plazera?.

1970.

Poeta Parisen zen,

iheslari anitz Frantzian gordeta,

ni kartzelan Zamoran,

apaiz mordo bat lagun, …

herri osoa jazarria

Poesia

mundutik ihesbidea ote?.

 

 

 

UNE MINBERAK

 

Holakoa naiz

Tipo bitxiak gara

gizakiok.

Ni

kontraesan bat

naizela onartu

eta kito!

 

 

Askatasunaren esperantza

Kendu zigutena berreskuratu,

duguna gorde,

konkistatzaile edo atezain,

bi zeregin zail,

biak zama astun.

 

 

Iñigo eta Xabier

Iñigo eta Xabier,

oraindik hautabidean diraute,

ezpatak dantzan bidegurutzean.

Euskal gogoa galdu ez delako!.

 

 

Koplak

Badira

kristal hauskaitzak

badira

burdina hauskorrak

 

Koplak bezala

 

 

Hautsiz eraiki

Hautsi dugu!

orain eraiki!

hori da bizitza,

berritzea,

izana izanez

oraina jarraitu.

Horra zoriona!

 

 

Kain eta Abel

Konfrontazioa,

herrien arteko betiko jokoa.

Jainkoa Abelekin hil zen,

irabazlea da orain jainkoa.

 

 

Kolorea ikur

Gorria horia morea zen

gurasoei paparrean ezarri

lore lerden zirudiena;

gorria horia gorria

haragitan iltzatua dugun

ezarri gezi zornatua;

zuri gorri berdea da, aldiz,

gure krabelin gorri amestua.

 

 

Egunabarrak

Behatoki zoragarria Anbotoko gailurra,

milaka euskaldunen biziraupenerako arnasa.

Anboto barreneko laugune berdea,

asteko nekeen ukendu lasaigarria.

 

Azal zakarra, aurpegi gogorra,

Euskal Herriko tragediari

irtenbidea gauzatzen ez dieten

politikoena da.

 

 

Diruaren behatzak

Hiriko bideetakoa,

auzoetakoa ere,

ez da nahasmena,

irabaziek ehundutako

diru-sarea baizik.

 

Bakoitzak bere zeregina

betetzen duen txotxongiloak

besterik ez gara

asfaltoko txerpolariok,

hariak diruaren behatzek

mugitzen dizkieten

zirko korapilatsu honetako

aktore aktoresak besterik ez.

 

Zentzu gabe xurgatzen dugu

ontzi distiratsu erakargarrian

eskaintzen diguten pozoia,

asaldatu ez gaitezen,

tantoka eskainia,

matxinoak baitira

beraien borreroak. 

 

Bekatuaren simaur hori da,

biziraupenerako droga,

Europako andetarron koka.

 

 

Zurrunbiloa

Poemak gaitzesten duen horrek

egiten du bizitza erakargarri. 

 

 

Begiradak zaunka

Eskalea,

denok dakigu

gizon hori

gure senidea dela,

baina gu

oskol gotor batean

bildu den barraskilo

bilakatu gara.

 

 

Lepoa egin

Gizarte honen erantzuleen aurka ekin beharko genuke biraoka matxino ekinean, beraiek moralik gabe jarraituz, moral estu hau ezarri digutenen aurka. Ez da egia denok garela errudun, denok erantzule. Beraiek ezarritako moral zitala pairatzen dugun gizajoak besterik ez gara. Barkatuak gaude jadanik gu denok. Moral hori ezarri diguten horiei lepoa mozten diegunean izanen dugu barkamen osoa.

 

 

Hiltzaileak.

Politikoak, poliziak,

enpresa-gizonak, etxegileak,

droga eragileak,

militarrak, irakasle salduak, …

horiek eta beste asko gehiago dira

hiltzaileak.

 

Hildakoei,

hiltzen gaituztenoi,

hilko gaituztenoi

deitzen digute

hiltzaileek  hiltzaile.

 

 

Mamuak hondartzan

Hiru ez, lau, sei hamar eta gehiago mamu azaldu dira euskal Herrietako hondartzetan. Horregatik ditugu kaleak poliziez josita, politikariak bizkartzainez hesituak, epaileak politiko bihurtuak, … kartzelak matxinoz gainezka.

 

 

Pobere

Tamalez

poetak ez dira

Euskal Herriko

pobere bakarrak

 

 

Herri hautsia

1936 - 2007.

Harriak oraindik hautsiak diraute,

harriak oraindik hausten darraie,

Espainia handiaren itzalpe berean.

 

 

 

UNEAREN ERTZAK                                                             

 

Zu, natura

Natura,

poetaren

poesia-herria,

giza harraparien

sarraski eremua,

kontsumitzaileon

zabortegia.

 

 

Hegazkinean

Zerua,

nik lurrari

goitik begiratzeko

behatokia.

 

 

Poema kosmikoa 

Ni neu naiz

poema kosmikoa,

takada miragarri baten

karanbola miragarria,

beste takada batek

karanbola berri batetara

eramango nauen

izpi kosmikoa.

 

 

Eremu desesperantea

Gaztela:

 

Aletegi oparoa

hauteskundeetan

politikoen harrapakina.

 

Bisita-leku,

pasabide

berde horia

urtaroaren arabera.

 

Eskuinaren habia

Euskaldunon etsaia.

 

 

Materiaren garrasia

Ni,

natura.

 

 

Soaz harago

Naturari so sortzailea,

bedi, hori da poeta izatea,

bego, hori da poesia.

Baina poemetan

gizakirik ez bada,

gizakia denean

absente nabarmena,

antzua izanen da poema.

 

Gizakia ardatz ez duen poesia,

ez da poesia.

 

 

Ebak Adani

Errua besteei egostea  da

gizakion errua.

 

 

Oraina eta geroa

Beharrezkoa da egoerari buruzko hausnarketa, kritika, salaketa. Baina irtenbidea aurkitzea da arazo nagusia. Herria liluratzean datza irtenbidea. Nola liluratu herria, hori da asmatu behar duguna eta asmatzen ez duguna. Gainera, arazoaren bihotzean politika dago, dena irentsi baitu politikak. Eta politikak politikoen interesa besterik ez du. Herriaren interesengandik urrun beti.

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.