Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/03/13 08:54
Umotuz

 

UMOTUZ

 

 

 I

 

1

Heldutasuna da heriotza,

malkoz edo irriz

berak hartzen gaitu beti,

aurrera edo atzera

begira gaudela,

bere altzora garamatza,  

nahikoa izan garela

uste duenean.

 

 

2

Agurra damaien txoriak,

euria dagion zauria.

 

Bizitza dario urari.

 

Irautearen gatibu,

minari lotuta.

 

Urari bizitza dario.

 

Egunsentitik pauso idorrez

izena duen helmugara.

 

Bizitza ura.

 

Izatearen jarioari eusten

idortea dela ere. 

 

Ura bizitza.

 

 

3

Lorratz ibiltarien sarean

euri-tanten sinfonia zait aterpe,

pintzelada koloretsuak dira

lonazko irla kurbatuak

urezko basamortuan.

Ur errezelak ez du bizipoza ito,

biziraupen eztenak zirikatzen du

belaunaldien  erromes sena.

Atabala zait karabana sabaia

tapiz bustia aurreko horma.

 

 

4

Hil beharrak ez du lilurarik,

idazmenak bai.

Zahar darrait oraina ezin irauliz

pentsamendua goldatuz

udazkenaren oroimenean,

ez baitut ahaztu nahi

gaurkoaren gomuta.

Hitzak geratzen zaizkit

oroitzapenak ez dakit non

eskegita geratu zaizkidanean

huntza horman bezala.

 

 

5

Bilakaera, edozein bilakaera,

kosmosaren abentura.

Gizakiaren barnea,

bilakaeren labirintua,

begirada infinitua behar duen

misterioan barneratzea.

 

 

6

Oraina biziz

geroa bizi nahi dut,

horma bat jaso,

huntzak izan dezan zeri heldu,

odol gorriz  idatzitako

poema mindua da gaua,

irrien egunsentian

arima astunak hegan egin dezan.

 

 

7

Bikez erretzen dugu emakumea

Erdi Aroan baikinen,

uhinei ordez hondeamakinei

egin behar die aurre harkaitzak.

Lantu izoztua da gizartearen deiadarra

gizarte aldrebes honetan

hormarik gabeko huntza baikinen.

 

 

8

Bizitza heriotzaz txertatua dator,

heriotzak bizi izana du gozamen.

Huntza

ez da eternoa.

 

 

9

Huntzik loratzen ez den ilargian

giza arimaren lorratzak

bakardadean kiribildurik diraute

galdutako egia nork erdituko zain.

 

 

10

Esnako ametsak dira

egunerokotasunari talaia,

aurrekoari begiz begi so,

bizialdi bakoitzari

zentzua damaiotenak.

Itxaropena zor diot egunari

ametsek argitu dezaten begirada itsua,

huntzak izan dezan horma.

 

 

11

Azken geltoki jakinik ez duen

bi infinituren tartea da bizitza.

Erantzun baino galdera gehiago,

garunak herdoilduak, giharrak nagi,

arnasa beteago,  bizipoza kamuts,

hilik bizitzen hasten zarenean,

etsia zaizu jada bizitza

huntzak ez du jada zeri heldu.

 

 

12

Landare inbaditzailea da huntza,

urteek gaindituta, hutsa naiz

 

 

13

Zain luzeetan zabaltzen ditu hostoak huntzak,

hari luzeetan  saretzen errokak,

nahikoa du eskukada lur eta edozein horma

luzatu eta mardultzeko.

Ai bazinateke huntza

zure lur eta horma bihurtzeko

 

 

14

Hitza nahi nuke izan,

edo hitzaren oihartzuna,

leihoa besterik ez den etxea,

ametsean kimatutako huntza,

nire gorputzaren itzalak

arima askatu dezan,

kokatu nadin puzzlean.

 

 

15

Bestaldean zer dagoen

nahi nuke jakin,

infinituraino luzatu

ispiluan hitza,

huntzak bere garroetan

preso baitauka egia.

 

 

16

Huntz itogarria da bakardadea

halabeharrez ezartzen zaizunean,

goizalbako ihintz bizigarria

infinitura begira biltzen zarenean,

huntz edo ihintz

biluz utziko zaitu beti

 

 

17

Orainak ez du oroimenik

odola adintzean,

ezdeus kolorgetua bihurtzen da izana

ahanzturaren morrontzapean,

mihirik gabeko kanpaiak dira urteak

arima errealitatez biluztean,

ez da argirik itzalen argizaioletan,

arrea da txingarra eguna itzaltzean.

 

Udazkenean laru eroriko dira

udaberrian berde jaio ziren orriak

neguan ongarri bihurtuz

itzal bare berdetzeko udaran.

 

Huntzaren berdeak ez du urtarorik.

 

 

18

Bihar gabeko oraina,

betirako geldiunea,

ezerezari irekitako leihoa,

ez direnen bakardadea,

iruzurrik ez dioen ispilua,

zu eta ni bustiko gaituen euria,

zer besterik da herioren besarkada.

 

 

19

Amets koloretsua egunsentian,

lili usaintsua eguerdian,

oroipen gozoa arratsean,

musua, bizitzako kimu eztia.

 

 

20

Amaren musua abiatzean,

herioren besarkada amaieran,

galderetan korapilatutako

hitzen sarea da  bizitza.

Musuak eta begiradak dira

ametsei darien erantzuna.

 

Luzeak dira huntzaren garro eta zainak

 

 

 

II

 

21

Kolorez zein estiloz

aro egun une oro

erakusketa berritua

gozatu ahal du natura

begiratzen dakienak. 

 

Ireki iezaiozu leihoa

kolorea dakarren huntzari

 

 

22

Huntza hormari bezala

bizipozari itsasten dakiena soilik

ez du eramango udazkeneko hego bortitzak.

 

 

23

Luzatuz aurkitzen du

bidea huntzak,

joanaren joanean

gauzatuko du norakoa

haurrak, margolariak, poetak,

maitaleak, ibaiak, ezpainek,

lurrinak, haizeak, …

eginaren eginean.

 

 

24

Berde trinkoa da huntza

berde margula zahartzean,

poetak edertuko duen arren

bizitza lausotua da zahartzaroa.

 

 

25

Udazkeneko euriak blaitu du lurra,

udaberria da gaztearen arima

burutazioen gatibutan ere.

 

 

26

Bizipozez bustitako ariman

beti da udaberri.

Hauskor zaharraren anima

kraskara txikienak lezake hautsi.

 

 

27

Zeruan labainduz doaz

larrazkenean usoak,

hezur herdoilduak aldiz, nagi,

orri okreen zaparrada pean,

diskronia sinkronizatua

naturaren ordularian.

 

 

28

Bizidun bakoitza

edozein edozer

den ez deusa ere

hutsari bilduki bat da,

existentziaz zedarritutako hutsa,

Oteizaren eskultura bat,

ederra baina azkenean hutsa.

 

Galdera bat da.

Ez da erantzuna

 

 

29

Errailen gurpil hotsa da

joan zitzaidan maiteñoaren gomuta,

ez dut gehiago bere berririk

baina geltoki orotan dirau

memoria hilkorrean hilezkor.

 

 

30

Isiltasunaren infinituak

denboraren mugak

gainditzen dituenean

isil geratzen dira nire

irudi pauso arnasak.

Ez dira ispiluaren bestaldean ikusiko

gorde nituen lagun minen argazkiak

kontzientziaren hitz aspertuak

nire espazioaren erreinuan

denbora hiltzen denean.

 

 

31

Ametsak

okrez margotzen du

adinekoon udazkena,

margultzen oraina.

Ametsa,

adinekoon zaldiko-maldikoa,

gaurkoari ihesa,

aldi berean euskarria.

 

Zergatik izan naiz?,

ametsetako galdera.

 

 

32

Nire bizitza heriotza da jada,

bidelagun hurbil onartua zait herio,

badoa bizitza poema bat bezala

denboraren bestalde infinitura,

udazkena margotu da nire azalean,

maite dut bizitzaren hatsa  azaro okrean.

 

 

33

Inora joatea asmatzen dago beti gizakia

ibai ertzen bila korapiloa askatu nahian

baina geltokiak ateak ixten dizkio.

 

 

34

Bakardadearen osinean bizi da gizakia,

bakardadea  bizi du desertuko oasian,

ametsen jopu, garra baino txingar,

marra gorriko labirintuan heriorekin noiz topo,

balizko geroaren itxaropena du  joanerako droga

 

 

 

III

 

35

Ihesle eta iheskor,

ezer gutxi edonon,

ez-premiazkoa inorentzat,

galtzekorik ezer,

zergatik urduritu gizontxo!.

 

 

36

Geroz eta denbora urriagoko espazioa

kolorez hornitzea da jubilatuaren

espaloi amaierako azken garrasia,

orduaz oharturik iraun ahaleginean.

 

 

37

Bizitza estropada dela esan nahi dizut,

aparrez blai, gandor edo sakonean,  arraunlari bakarreko

olatuei branka bogan doan traineruan zu,

beti duzu aurrean helburua uste duzun baliza

baina heltzean ziaboga besterik ez da.

 

 

38

Zenbat zirrikitu bizitzak,

dituenik ere jabetzen ez garenak,

edo estaltzen ditugunak.

 

 

39

Izpirituaren kolorea lausotzean

zer axola egia ala gezurra

kantatu duen txantxangorriak.  

 

 

40

Lozorroa gaztigatu dit udazken okreak,

hor egonen da arre uzkur izoztua lez bizi-mina,

aldi berean udaberriak kristalen bestaldean

larruazalak  pentsamenduak gozatuko dizkit.

 

Nahasiak ohi dira arimaren urtaroak.

 

 

41

Irribarrea dakusat  munduaren ezpainetan,

irrist egiten dut bizitzaren gaubeilan,

topa kristalezko orduetan,

berdatuz gorantz noa huntzaren bularrean,

hegaberekin zeharkatzen zeru amaigabea,

poesia xurgatuz letren mozkorraldian.

 

 

42

Izan ginen.

Hitzak ere hil egin ziren.

Pitzadurek irentsi zituzten koloreak.

Baina elur diraute nenufarek.

 

 

43

Heriotzaren uharan galtzen dira

bizitzako aparren arrastoak,

ez dut alfonbrapean ezkutatzeko

basamortuko larruazal orbelik

ez baitut sekreturik marinelarentzat.

 

 

44

Munduaren arnasa

izakion bizipoz,

bihar atzo,

beti da gaur.

 

 

45

Goiz-albarik gabe ibilbidea mugatu zaion

kristal urtuen bestaldean  bizitzarik ez duen

herri hutsa da poesiarik ez duen herria.

 

 

46

Poema

enarak

bizi-minean

zintzilikatu

udaberria

 

 

47

Biluzten ez dakien gizakiak

ez du zorionik izango

 

 

48

Arma hotzak

bihotz hutsa,

hezur hotsa.

 

 

49

Karonte dakust goizero

Edigia ibai ertzean

txikota askatzeko prest,

Parkek batelera igotzeko

noiz aginduko didaten zain.

 

 

50

Inon inoren begiek

Afrikan nahiz hemen

irakurriko ez didaten segurantzan

eguneroko elikagai zaidalako soilik

horregatik idazten dut

nire begiak itxiko diren arte.

 

 

51

Ez da egiarik ez duen gezurrik,

Ez gezurrik ez duen egiarik,

balizko egiak soilik dira hipotesiak.

 

Errealitaterik den ez dakidala baneki

dena legoke zintzilik, ez nuke biharrik

ez oroimenik, ez nori so egin

 

 

52

Gutxiesten dugun landare apala da huntza,

berak, baina, edertzen ditu horma kolorgetuak,

berak ezkutatzen begiluzeengandik bakardadeak,

lehorrean berde, hutsaren babesle umila huntza

 

 

53

Ezetz esaten ez dakienak

porrot ugari jasoko du

agur zein gorrotoen truk

 

 

54

Delfosera joan nintzen,

hondakina besterik ez zen,

neure baitara itzuli naiz

kanpoa hobeto ezagutzeko.

 

 

55

Ez ditut gogoko aireportuak,

maletei agur, maleten zain,

bakardade kosmopolita,

denbora irabazteko denbora galdu beharra. 

 

 

56

Neu naiz,  hemen nago, poesia dut sarraila,

giltzak aterik zabalduko ez badit ere,

beti dut nonbait huntza bidelagun.

luzeak dira huntzaren garro eta zainak.

 

 

Goiz-alba, gauaren irribarrea.

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.