Poeten uharan
TROIAKO ZALDIA
ULISES ITZULI ZENEKEOA
Herri tatuatua
Aspaldi nago itzuleran,
bukaera da nire itzulera,
azkena baita nire bidaia hau,
bidaia laburrez
osaturiko bidaia nagusia.
Saminik gabe
ametsik gabe,
ez dut iraganik urkatu nahi,
hauts izanen naiz
lorratzen hautsetan.
ADIO USAINAK
Noan
bizipenen orean,
bidaietan nabil,
lehiatzen naiz,
herriaz borrokatzen,
hori baitut,
itzuleraren
legamia.
TRAIDORE DEITU NINDUTEN
Itzuleran ustez,
-agian nahia besterik ez zen-
bidegurutzean elkartu ginen,
deselkartze borobilean.
Joanean gara berriro,
bakoitza bere bidetik,
beste bidegurutze batetara
etorrera den itxaropenean,
-agian nahia besterik ez da-.
ASKATASUNA OPARI
Komedia omen bizitza,
drama baina gehienetan,
politikoen jarduna aldiz,
ulertzen ez dugun fartsa.
Troia adina kiribildua dugu
herri honen egoera nahasia.
ESNA NADIN
Esna bizi izan naiz,
besteak izan zaizkit akuilu,
bizipoza eragile.
Gorputza ahultzen,
garunak dorpetzen,
esna nola iraun da arazoa
hilotz baino lehen.
EZ DIOT ERLOJUARI ORDURIK ZOR
Askoren gaitza da
herriaren Gaitza,
horregatik ezin dute
poema kiribilez ere
herria makurrarazi.
IRRIÑO BAT ZIRIMIRIARI
Gorroto otoitza egin du
gure balizko hilerrietan
jite guztietako agintari orok.
Ez dugu bake garairik ezagutu,
baina beti da lore bat gure hilobian,
gure garaipenaren ukapenak
beraien garaipenik ez dakarrelako.
GAURKO ABERRIA
Aldrebesa eta ulerzaila da
gure herriaren egoera nahasia.
Gerra omen bakerako tresna,
bakea botererako baliabidea,
Troiako zaldia beti
erraietan lehertzear.
GATZA ODOLEAN
Halaz ere,
maitatzeko
kondenatuak
jaio ginen.
ITXAROPENA NONBAIT
Alda dezagun paisaia,
ikusi ahal dezagun
lauhazka jostagarrian
euskaldun zaldia.
HARRESIEN GERIZA
KATU BELTZAK
Politikoei egin diegu autopsia,
katuen erpeak
besterik ez diegu aurkitu.
AZAL UBELDUAK
Letradun eta zientzialari orain,
kalekume zireneko adore beraz,
oldartzen jarraitzen dute
kalea utzi ez zutenen aurka.
HALABEHARRAZ
Adinaren ajeak
ditugu orain ezaugarri,
bizkarrean dirau, aldiz,
amnistiaren aurreko zamak,
manifestaldietan sinestea,
bekatua ez ezik,
hori dugu itxaropen.
INOZENTZIA
Inozentzia zenbaitzuk
hankarteetan galdu zutelako,
harria bota eta eskua ez ezkutatzean
galdu behar dute berea
hainbatek oraindik gaur egun.
ARIMA SALDUAK
Sugeak bezain liztor hilkorra du
demokraziak,
aizkora zorrotzenez mozten du lepoa
konstituzioak,
zaldia ustez izutu zuen sugearen
testigantzarekin.
BIHARAMUNAK LAUSO
Igande arratsaldeko batzarkide haiek
konpondu zuten beraien astelehena.
Baina irauli nahi zuten gizarte hark
astelehen berri baten ametsean dirau.
BIHARKO BART
“Ez da bigarren zati onik”
“Iragana beti hobea”
hala diote errefrauek, baina
hobe antzinakoari begira ordez,
oraina biziz,
geroa amestu.
BOGAN
Badu ura zaldiak;
egarri bada
edan dezala,
eta kito.
ZALDIA TROSTAN
Beti dago
bizkarrean eramango zaituen
zaldiren bat.
Beraz, lasai.
ZUREZKO ZALDIA
ERIA ETA KRUDELA
Errepresioaren estatistikan
Madrilen aldartea da
euskaldunon zoria.
ZALDIAREN IRRINTZIA
Konstituzioa gurtzen dute,
euskal tribua
desagerraraziko dutelakoan
TXORIMALO INOZO
Indarraren lubakietako
desertzioa
sistemaren aurkako
disidentzia
bihurtzen ez den bitartean,
arrazoiak zurikeri,
gudari nekatuak izanen dira
desertoreak.
LAMBRO ITSUA
Desertorearen lagun zirenak dira
desertorearen beldur direnak
KIPULA ZURITZEN
Desertoreak ba ote zuen zalantzarik
su-etena eskatzen zutenak
ez zirela gizakiagoak.
PARADISUA SINESGAI
Zoritxarrez,
gauero gaude koadrotik at.
Zorionez,
egunsenti bakoitzak dakar
argazki berri baten itxaropena.
SAMINAREN TRAFIKARI
Denek uste dute
bestea dela
saminaren trafikantea.
Horregatik dute beti gertu
zaldi ernaldua
musuak galaraziz.
ITSASO GORRIA
Kolore berdineko kristalak
jartzen ez ditugun bitartean,
batzuk zein besteek
gorria ikusiko dute
murgiltzen gaituen itsasoa.
Optikoa da behar duguna,
ez adarbakar hegalduna,
urdina eta barea
dakigun itsasoa.
ITAKA
HAURDUN
Azken hatsa?.
Norena!.
Iraungo dugu
AITORTZEN DUT
Aitortzen dut
une erabakigarria dela,
mesfidantzak hor daudela,
Aitortzen dut,
baina, nire baitan diot
poemaren aitorpena
drama poetikoa dela.
KEINU ORDIGARRIAK
Zenbait erretolika ez ote
ipuinak besterik ez diren
asmakizunetarako plaza
BELAUNALDI BEREKOAK
Harresi banatzaileak
gure garunetan daude
BAREALDIRIK GABEKO GUDA
Errealak dira ejertzito anonimoak,
eta porrot amestuen gaindi
egunerokoa iraultzen dute.
ERRUDUN SENTIPENA
Zeru urdineko marra zurietan
ezabatu ziren,
bakearen izenean,
demokraziaren gezurrez,
zinatutako mezu ustelak.
Sekula sinetsi gabeko hitzekin,
piztu nahi ziguten esperantza.
Bitartean gure odola isuri zuten,
bere zauriak ixteko aitzakiaz.
Besteari dena ukatzen dionak,
ez du zer eskaini.
GALDETU NIZUN
Galdezka ari gara,
garrasi ezberdinez galdezka,
erantzun baten egarri,
konponketarik ba ote.
Baina ez da erantzunik,
konponezinarena ezik.
MAIUSKULAZ ZEIN MINUSKULAZ
Traidorea da desertore oro,
darabilen hiztegiaz haraindi,
edozein dela lubakia.
BEHAR DA BIZI NAHI IZATEA
Fenix hegaztia
bere errautsetatik
berpizten zen.
MALKO IZOZTUAK
Bihotza izozten duen
sentiberatasunik eza
nabari zaio
begirada irritsuen ostean
botere gose diren horiei.
ORTZEMUGA NOIZ IREKIKO
Erretolika landuoz harago,
eguzkiarekin altxatuko gara
poemon biharamunean.