Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/03/06 08:58
Irribarrea

IRRIBARREA

 

 

“Desorduetan eta deslekuetan,

 halaxe ibiltzen dira maitaleak”

ondasun pribatu bihurtu baitugu

maitasuna.

 

 

1

Etzan gaitezen nagi belatza gerizatsuan,

beratu ditzagun maskurrak olatuen azken lasterrean,

anaiki murgildu giza bagetan,

ordulariaren tirania hautsi neurtu gabeko joanean,

hitzekin jolastu hizkien lorategian,

arteaz bazkatu sortzaileen erakusleihoetan. 

 

Tartekako ezteiak,  urtaro  agorretan,

adinaren distantzian urrun.

 

Gazteek esaten digute, presentzia hutsez,

izan zela garai bat,

ileak zuzen-zuzen mozten genuena,

bizitzaren luzapena zaigun oroipena.

 

 

2

Baso-ertz batetan ezagutu zintudan,

kate hautsezin ziren atzamar kiribilduak,

zuhaitz zoztuen neguan  han izanen ginela esperantzaz.

 

Amorez amore, amore emanez,

mila koloreetan lehertzen da oraindik musu hura.

 

Utopien labirintuan bidaiatzea baita bizitza,

arropa barnean biluzik,

egunerokoaren monotonia hautsiz,

auzokoaren begiradapean beti.

 

 

3

Aingira likits labainak besterik ez dira gelditzen gure ibaietan,

aspaldi akabatu genituen ortzadarreko arrain koloretsuak,

demokraziaren izenean emaniko eraso bortitzen bidez.

 

Maiteminduek elkarri ematen dioten musua da egia bakarra herri honetan.

 

 

4

Agintari ustelak daude hirietan,

agintari ustelduak, urtaro orotan,

muskerrek jan diete bihotza,

tximeletarik ez da beraien begietan,

pipien hautsa besterik ez tiraderetan,

ukazioarenak dira paperetan ezarri zigiluak.

 

Barnera irekitzen ditugun leihoak dira oraingoz

ferekatzen gaituzten begirada bakarrak.

 

 

5

Larru hutsik  gelditzen dira politikoak,

zirrikitu ezkutuena ere hustasuna,

toles gordeena ere usteldua, 

demokrazia zikoitzaren zor ordaindu gabeak agerian.

 

Robot herdoildu bat bezala,

txatar piloa bihurtzen zaigu

demokraziaz uniformatu oro

eskua ematera hurreratzen gatzaionean.

 

 

6

Herdoilduak ditut sarreretako kontzak,

kolorgetuak tximeleta hegalariak,

astuna eztarriko txilina.

 

Agurren bila nabil helduleku orotan,

baina inork ez du aldabarik  jotzen nire atean;

badut oraindik istoriorik kontatzeko,

baina jada ez dut eztarririk horretarako.

 

Arabiera dut ikasgai helburu,

Aladinoren lanpara amets.

 

 

7

Beltz jaio zaigu goiza,

halaz ere, zabalduko dugu ikastola,

irakurtzen ikasi nahi dugulako,

tematiak izatea iraintzat

aurpegiratzen badigute ere.

 

 

8

Bakardadea hausteko

bere poemak idaztera behartuta dauden

biktimak ere badira herri honetan,

arriskutsua baita zenbait biktimen poeta izatea.

 

Zurtz bizi behar duen biktima asko du herri honek,

biktimen laguna izateak biktima bihurtzen zaituelako,

telebistarik gabeko biktima anonimoak.

 

Isileko bisitak soilik

edo bahitzaileak  baimendutako bisitak

jaso ditzaketenak.

 

Saguzar gosetiak inguratzen gaituzte

ormatzarra gainditu ahaleginean,

baina ez digute ahoa lokartuko,

tximeletak bezala paretan iltzatzen bagaituzte ere.

 

Bizitzaro oro lurperatu digute,

badakigu nork eta non.

 

 

9

Ez  gara jada geu,

besteek nahi dutena gara,

egiten gaituztena.

 

Ahalegintzen gara barnera murgiltzen,

goreneko ikuspegia hartzen,

jantzi koloretsuez mozorrotzen,

baina  inork jantzitako txotxongiloak gara,

inoren esku dagoen hariaren muturrean dantzan.

 

 

10

Bizitzako udazkenean

inora iritsiko ez naizen sentipena dut,

gozoki pozoitu asko jan dut,

zirimiri geldoak sarri blaitu nau.

 

Ez dakit inon bukatuko dudan,

orban asko dut bihotzean,

gizarteak eragindako plagio ahaztu bat izanen naiz,

baina geurean bukatzea nahi nuke.

 

 

11

Begiratzen diet gazteei,

eta halako konplikaziorik gabe

elkar maite dutela deritzot.

 

Hizkuntza langa gainditu ahaleginean,

ezkutalekutik atera nahian,

geroagoko malkoak gerorako utziz,

bizitzari entzungor egin gabe,

kaleetan igerian bizipozez,

ikusten ditut gazteak.

 

 

12

Ez da koba zulokoaren aldean bestelakoa gaurko gizakia.

Zer gertatzen edo gertatuko dar-dar,

babes bila bidaiatzen du beso epel bila,

ehizakiak haitzetan marraztu ordez,

panpina mutuak asmatzen ditu,

hitza berak jarri beharko dien panpinak.

 

 

13

 Ortzadar bati lotutako soka muturreko begiztan

dantzari zintzilikatu dardartia

besterik ez da gizakia,

poetek eta filosofoek asmatutako istorio koloretsuak

politikoen ahotan  entzuten dituen bitartean.

 

 

14

Larre-lorea da maitasuna,

lilura erakargarria. 

 

Unean unerako jaiotzean da,

ebakiaz bat zimeltzen.

 

Halaz ere, jaso egiten dugu,

lorontzi ederrena eskaintzen,

eskuetan bertan maskalduko zaigula jakitun arren.

 

 

15

Iparra, hegoa edo mendebala,

oldarrean zein emeki,

haizerik den arteño,

beti izanen du kometak nork eutsi,

uneko eusleari

nylon hariz besoak mozten badiote ere, 

edo soka muturretik zintzilikatuz urkatzen.

 

 

16

Nostalgiaren habiak, ez besterik,

dira Euskal  Etxeak.

 

Gure minari burla egiten dietenen

proklama eta prentsaurrekoak saihestuz

eraiki beharko dugu nazio amestua

 

 

17

Denboraren kontzeptua bera,

neurria batez ere,

birmoldatu beharko dugu,

poemak bukatu, ekaitzak baretu,

armairuak berrantolatu:

igande goiz amestuak gauzatu

eta atarian ongietorriak nahi baditugu.

 

 

18

Ez dakit zer naizen, ez dakit zer garen,

hotzak direla besarkadak dakit,

erosiak daudela lekukoak,

antzuak garrasiak dakit.

 

Egunen batetan epaileak epaituko ditugula,

hori ere badakit

 

 

19

Besarkatu asmoz  urreratu

eta labankada jaso genuen;

bakearen bila tiradera zabaltzean

gorrotoz beteta aurkitu genuen;

lagunartea eskaini genien

eta desertura bidali gintuzten.

 

Infernua dira,

Infernua

besterik ez dakarte.

 

Baina zirrara sentitzeko gai garelako,

erreko ez dituzten postalak bidaliko dizkiegu.

 

 

20

Amets gaiztoen aro honetan

itxaropen bat ez dut galdu,

mahai-gainekoak dantzatuko ditugula

askok uste baino lehen.

 

Poesia da, behar du izan,

ez mailua edo (h)iltzea soilik

baita mailukarien (b)ilgunea

 

 

21

Lepoalde desitxuratua dut,

bisigu begiak aurkitzen ditut  ispiluan,

lo txarrekoa naiz,

kamioi kabinetan ibilia,

kondenatu pila dut inguruan,

hegazkinen leihoa dut gustuko,

goizero jaten ditut intxaurrak gosaritan,

ihes egiten diet merkatu txikiei.

 

Nomada izan naiz urtero aldi batez,

bele-kumeen kabi nahi nuke bihotza,

belarria zornatzen zait igerilekuan.

 

Horrela iraun nahi dut,

inoren, ezeren, zain egon gabe.

 

 

22

Bakardadea da egoera erosoena,

zer axola nitaz ari ez badira,

bakarrik egoten ez dakiena

bakarrik egonen da lagunartean ere,

bakardadea maite duenak du

lagunartea maiteen.

 

 

23

Edertasunak ez du arazorik konpontzen,

maitasunaz hitz egiteak ere ez,

are gutxiago opariek.

 

Larru-jotze  eder bat,

lasaigarri aparta da gutxienez.

 

Betidanik

 

 

24

Isil eta ezezagun,

besteen oihartzun,

besteentzako argi izpi,

hori dut gustukoen.

 

Inor ez doan tokira joanen nintzake,

neure neurrian beti,

neure baitan egoteko,

amaraunean ez galtzeko.

 

Ni ere desagertuko naiz,

baina ez naiz desagertuko,

aparkalekurik ez duen gizartea

hori baita nire gizartea.

 

 

25

Neure bila jo nuen barnera,

eta besteen antzerakoa aurkitu nintzen,

malko kolorgetutako pailazoa.

 

Pailazo-kideen bila atera nintzen,

baina pintura-kaxa besterik ez nuen aurkitu.

 

 

26

Oroitzapen txikiak dira haurtzarokoak,

ia aipatu ere egiten ez ditugunak,

lotsati bezala gordeak,

oroitzapen goxoak arren gehienak.

 

Arnas lasaia emango liguke

haurtzaroa sarriago gogoratzeak, 

arrain koloretsuek argituko lukete

eguneroko  igeri neketsua.

 

 

27

Bakean bizi naiz tristeziazko garatxoekin,

zer axola koadernoetako hutsuneak,

tarteka lehorrekoa, baga kulunkarian hurrengo,

ez naiz arduratzen galdutako puzzle  piezez.

 

Behar zen tokian egon naiz beti,

duintasunez, uste dut.

 

 

28

Larru-jotze klandestinoak,

tranpolin-jauzi malguak,

horiek dira, asmatzen ez ditugulako,

aitortzen ez ditugun gezurrak.

 

 

29

Min deragit inoren zapatak janzteak,

min zapatok nora eramango nauten ez jakiteak,

mingarria zait inoren zoriona babestu beharra,

mingarria musika bortxatuez dantzatzea.

 

Erauzitako hegalez hegan,

min asko ditut ezagutuak.

 

 

30

Maite dut bizitza,

bizitzako zertzelada xumeak,

bizi naizela ez ohartzeari diot beldurra,

automataren sentiberatasun-ezari.

 

 

31

Nork ez du noizbait,

bere ahizpa txikia igogailuko zulotik behera bota,

zapatei begira geratzen zaion arduratu gabe,

nork ez du norbait lurperatu eta ondoren gorrotatu,

poliglotak gara elkarrizketa mutuetan,

gogortu zaigu bihotza era guztietako txangoetan.

 

Baina, batez ere,

gure etxeko belardiaren jagole bihurtu gara,

inork lapurtu ez diezagun

bilatutako bonboi belgikarrak.

 

 

32

Eroso bizi naiz naizenez,

izugarri ernegatzen badut ere

nire negar eta ezinekin.

 

Ez dut  inoren pianorik behar,

ez  sona berririk.

 

Ezta beste zapatarik ere,

nahiz tarteka pedikuroari zor diodan bisita.

 

 

33

Negar erraza dut,

lasaitu egiten nau negar egiteak,

hobe hori,

psikiatrari bisita edo pilulak baino.

 

Gizakide egiten nau negarrak,

hurkoarengana hurbiltzen,

sentimendua da negarra,

komunikazio modu bat,

maitasunaren aurpegi ezberdina.

 

Gizakiago naiz negar egiten dudanean.

 

 

34

Hipotesia soilik,

utopia gehienez,

besterik ez da,

balizko egoera bat.

Beraz, dudan jantziari egokitzea,

              urratu ugari dituen arren,

              hori da bizitzea.

 

 

35

Maite dut jendea,

irri egiten didana ere,

ez dut inor gorroto,

beti nago barkatzeko prest,

pistola eskuan begira dudana ere.

Baina ahal badut,

neuk eginen diot lehenago tiro.

 

 

36

Bizigai ezberdin askoz osatuta dago bizitza,

bakardadea da horietako bat:

tximinietan kateatutako kometa,

bete gabeko monobolumena

besterik ez da izango,

hori onartzen ez duena,

destainez besarkatuko da

inorekin noraezeko denbora mutuan.

 

 

37

Handi izatea zen haurtzaroko egi txiki nagusia.

Kristal hautsien ertz zorrotzek erakutsi digute

zergatik zartatzen zaigun azala,

zerk gorritzen dizkigun ukabilak,

zergatik garen lagunik gabeko etxekalte.

 

 

38

Minaren irakasle asko dugu aspaldian,

ugariagoak min eragileak ugariak.

 

Mina poz bihurtzeko alkimia nork asmatu,

hori da herri honek behar duena.

 

 

39

Ospea,

etekina ateratzeko asmakizuna.

 

Hobe inork nitaz galdetzen ez badu,

nire argazkia erakusten badizute,

esan ni ez naizela,

hor nonbaiten galdu nintzela.

 

 

40

Gauero jasotzen ditu

hoteleko bezero guztien fitxak

poliziak.

Ondo dago jakitea.

Badaezpada.

 

Lozorroan pasa ez dezagun bizitza,

plastiko artean noraezean,

irri baten egarriz,

mezuak desitxuratu nahian,

moketei begira,

itotzeko beldur.

 

Ondo dago jakitea.

Badaezpada.

 

 

 “Milioi bat gaixotasun diferente dira maitasuna”,

baita beste milioi bat bizipoz diferente ere.

 

 

41

Bada Apokalipsia liburu bat Biblian,

baina badira beste zenbait ere,

sinesgarritasun antzerakodunak denak.

 

 

42

Nahiago dut Txanogorritxo ipuina,

infernuari buruzko apaizen sermoiak baino.

 

 

43

Ez zaigu ezer opari emango,

izerditan dator gozamen oro.

 

 

44

Ni neu naiz neure zelatari salatzailea,

okerreko antzerkirik antzeztu ez dadin

nire barneko aretoetan.

 

 

45

Supituki hil nahi nuke,

hiltzera noala jakinez,

baina bizia kontzienteki arnastuz

bizi nahi dut, 

aske izan nahi duten askeekin,

eguneroko haizea irabaziz.

 

 

46

“ Hain urruti ta hain hurbil”,

genion kantuz gaztetan.

Kontraesanez zaurituta darrai,

etenez eta ekinez,

ezinek baldintzatutako elkarrizketak.

 

 

47

Nora eramango zaituen jakin gabe,

egunero metroa hartzea,

hori da idaztea.

 

 

48

Hondartzan nudistak bezala,

zergatik ez gizartean

barnetik biluztuen esparruak.

Psikiatren kontsultategi bihurtu kalea,

azpildurak lotsarik gabe agerian uzten ikasi,

bata bestearen  konfidente izan.

 

Ez legoke poema etsiak

idatzi beharrik egongo.

 

 

49

Ezerosoa desagerrarazi,

gustukoa gerarazi,

jarrera erlijiosoak dira,

jainkoari errezoen arrastoa.

 

Ezer desagerraraztea ez da irtenbidea,

egunerokoa aldatzea baizik,

daukagunarekin biziz.

 

Gero eta gorrotoago du isiltasuna gizakiak,

ezinezkoa egin zaio bakardadea ikastea.

 

 

50

Eskailera mekanikoari egin nion erronka,

kontrako norabidean, Municheko geltokian.

Irabazi egin nion, leherra ordain. 

 

Kontrako norabidean darrait,

beheranzko eskailerak gorantz igo ahaleginean,

gorenera helduko ez naizen sentipenez,

baina nasako metroak inora ez naraman ziurtasunez.

 

 

51

Ezagutzen ez dudan zeretxo bat naiz,

besterik ez.

Inoren insomnio izatera heltzen ez den

ezereztxoa.

 

 

52

Bizitza,

orain eta hemen,

poemok ulertu ezina da.

 

 

53

Zer da idaztea,

lubakia ala gordelekua

 

 

54

Elkarri eraso gabe, txanda emanez doazen ziklistak,

edo atzean doazenak atzerago uzteko da,

edo aurrekoen ihesa suntsitzeko.

Ez da erasorik gabeko txirrindularitzarik.

 

Izugarrizko parafernaliaz egiten dituzte aldarrikapenak,

errepideko zoruan idatzitakoak gaitzesten  dituztenek.

 

 

55

Cortazarren “Rayuela” gogoratu dit poemak,

arropak eskegitzen dituztenen pasadizo zoragarri hura.

Kronopio bitxiak gara gizakiok. 

 

 

56

Ni neu neronekin nagoen bitartean,

ez naiz bakarrik izango

 

 

57

Kometa bat nahi nuke eskuan

check point oro zeharkatzean,

nire oinei ordez

tximeleta hegalariari

errepara diezaion zelatariak

 

 

Hizkien nahas-mahasean

norbera aurkitzea da

idaztea.

Jolas bat besterik ez,

agian.

 

 

58

Ez dakit zer den tristeena,

albokoaz ez jabetzea,

ala ezikusiarena egitea.

 

 

59

Badator pausoz pauso

ez udaberririk ez lorerik

izanen  den aldia,

laborategiak izanen dira

natura berria;

baina ez da ezer gertatuko

gizakia bera eraldatuz doalako.

 

Ez udaberri ez lore, 

lur bakarra orubearena den

hirietan bizi da jada jendea.

 

DVD, CD eta ordenagailu fosilen indusketan

ikertuko dute laster gaurko gizartea.

 

 

60

Animalia bitxiak gara gizakiok,

kontraesanen paradigma,

ezintasunez oratuak,

aldizka koldar,

aldizka heroi.

 

 

61

Monotoniaren asperdura itogarria,

egunerokoaren sama jasangaitza.

Halaz ere ihesari muzin eginez

betikoan dirau munduak.

 

 

62

Bizitza laburtzea neritzon loari

maitalerik ez nuenean,

lotaratze grinatsuak, esnatze pizgarrienak

ekarri zizkidan maitaleak gero.

Bizibeharraren premia ahultzean,

eskua luzatu eta ohiko lekuan ohe-kidea aurkitzeak

ematen dio bizitzari loaren neurria.

 

 

63

Mundua aldatu nahi genuen,

baina munduak aldatu gaitu,

garratza izan da gure belaunaldiaren porrota.

 

Bada mundua aldatu nahi duen

belaunaldi berri bat,

gure errautsetatik ernea,

lengoaia ulergaitzez mintzatzen dena.

Kartzelara eramango dituzte batzuk,

aisia-furgonetak erosiko besteek,

baina norbaitek bestea menpe duen bitartean

izanen dira erreboltariak.

 

Kontraesanek eragindako gurpila da

aldaketarena.

 

 

64

Bestearen gatibu,

maitasunaren kartzelan:

hortaz bai ez garela ezer aldatu,

hortaz baita ere ez dugula ezer aldatu.

 

 

65

Ez dakit non hiltzen den jende gehiago,

tontorretik erorita ala mendi-horma goran.

Ez dakit egia esatea

gezurretan ibiltzea baino etikoagoa den.

Ez dakit askatasuna kateak haustean datzan

ala beste zerbaiti norbaiti kateatzean.

Ez dakit zein den bizitza eramangarriagoa,

lagunartekoa ala bakartiarena.

 

Nori musu bat eman, sofan eserita arratsaldea norekin pasa izan, …

egia, bizipoza, askatasuna, lagunartea zaizkidala dakit

egunerokoari eusteko arrazoietako nagusia

hausnarketa guztiez haratago. 

 

 

66

Ordenagailua dut nire tximeleten gordailu, 

tarteka soilik  uzten diet hega egiten,

irakurtzea ofizio duten lehiaketako inkisidoreek

bizia ala  zakarrontzia erabakiko duten arte.

 

 

67

Poemon ifrentzua izan nahi dute izan iruzkinok,

aterki zulatuan iragazitako hizkiak biltzea,

nire beldurrak, erruak, dardarak, irribarrea bera,

ezagutu nahi ez dutenei ere erakustea,

Castillori 70 eskerronez.

 

 

68

Mundua abandonatzear,

jaikiko ote oheratuz,

arnasa doitzen diot orainari,

ezinarekin egiten baitut estropezu,

zain ez dagoenaren bila. 

 

 

69

Ihesak ez du zergatirik, ez onik ez txarrik,

bidegurutzean galtzea da ihesa, besterik ez,

laburbide ordez, luzeena, luzatu nahian laburtzea.

 

Ihesa dira Castilloren poemok,

alditan zidor, hurrengo mingots, kiribilak oro.

 

 

70.

Nora ez geratzen naiz poemon labirintuan,

hega egin nahi izan dut

baina urtu egin zaizkit hitzak.

Isildu ahal nuen, iritziak armairuan gorde,

baina kafea hartu nahi izan dut aulki tapizatuotan.

Aitortu behar dut simulakroa bilakatu dela nire ahalegina.

Agian egun batez,

leihoko gandua ezabatzean

ispiluok erakutsiko didate

gaurkoz gelotan aurkitu ez dudan arkanoa.

 

 

 

 

Zer da askatasuna,

non da beste alde hori,

ez dakit,

agian horregatik,

hitzen labirintuan galduta,

oroipen bat besterik ez zait izango

Castilloren Souvenirra

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.