Poeten uharan
MINTZAK
A
Mundua korapilatsua da
gizartea zailagoa
gizakia erabat ulertezina
labirinto batetan bizi gara
agian kaos sailkatuan
B
1
Aguretxo bat ikusi ei zuten
gizarte-zidorretan galdu itxuran
ez zen gutxienez bizirik usteldu
2
Argia egin zen
baina gizakiak
leihoa itxi zuen
3
Gizakiak
zerrautsa asmatu zuen
zerion odola xurgatzeko
4
Garantiarik gabeko objektua da gizakia
horregatik asmatzen dituzte gerrak politikoek
5
Errazagoa da tximino batekin
zerbeza pitxarra konpartitzea
zenbait poemen labirintoan
nondik norakoa asmatzea baino
6
Dibertitu egin naiz poema
irakurtzen aurkezlearen titi handiak
ikusi ditut fikzioa baita
errealitatea argia nintzen txapak
txanpon erredukzionista izan gabe txikitan
kaniketan dibertitzen nintzen
7
Ur tanta itsasoan lez
poemotan bildu nahi nuke
baina olio tanta bainintzen
azalean geratzen naiz
8
Hor daude koloretsu
ertz kiribileko txatalak
puzzlea baina ezin dut osatu
9
Zaila dugu pelikanook
poemon zoologikoan
bizirauteko sena gordetzea
10
Joanak joan
Juana eta Juan
11
Eguzkia esnatu zen
odon agureekin pilotan
jolasteko plazan txarangek
adostutako errehabilitazio irrealaz
12
Medusek igeri egin zuten
bi milako hamarkadan
sorosle insolidarioak
heldu ziren arte
13
Bidelapurrak notaritzan
valeriana premiarik gabe
errimak ostu zituzten
laboa hil zen egunean
14
Eta metastasia
poeman hedatu zen
15
Zein da bertsoon
eskaintzan eskaintzen
zaigun errealitatea
errealitaterik balego
16
Limoia lapurtu
zure zera kolorgetu
konfiantza galarazi
urak morokildu
tom eta jerry akabatu
nahi dizuten honetan
oh euskal herria
ez utzi justiziari zure
lorontzian sartzen
ez baita kabitzen
zorionarekin batera
17
Mediterraneoa lasaitasun
urdina pilatutako
liburuak lagun hitza
dute burutapenek ezezagunak
ezagutuz atzerritarrez
herriago hezurrak ere
malgu erantzuna ote
galderek urre koloreko
arratsean plazerez blai
18
Inork ez du ezagutu
egia ispilu ostean dago
ostendua errealitatea biolentzia
botere etsipendutuaren merkatuan
betidanik kotizatua legezko
trafikanteen erreflexua besterik
ez den galdetzea terrorismoa ote
19
Gaur egungo peter pan-ek
bideo digitalean beharko
lituzkete aurkitu poemak
galimatias hauek baino
ulergarriagoak
20
Aizkoraz intsektizidaz amodioa
zapuztuz sinboloak tiobiboan
irabiatu dituzte ezer gutxi
garela dakigu trakeskeriaz justiziak
prestigioa papurtu nahi digu moralak
esklabo egiten du etsipenak
menpeko atzerritarrek bizipozez
iraun nahi dute euskarak
oraindik dirau egunsentian
nazio izanen gara ze demontre
21
Karabana denak aldatu dira
lekuz belar trinko berdea
mardul dator hego haizeak
lehortu du lurra txakurra
ez da agertzen nor
izanen ote bihar auzo ez plagio
ez poesia txantxa da et ita porro
22
Egun batez potak gogoeta
ereiteko ulergarri bide
berri bat aurkituz barre
eginen dio alea esperimentuari
23
Hara non poeman Zamoran
Julian Murtziakoak irribarrez
aholkatu hitza aurkitu
dudan ataraxia
24
Oparitu zidaten
amets belarra
oparituko diet
poesia uneak
biziko dituzte
25
Zatika-zatika
lerroz lerro
bere kosmosa
marraztu du poetak
antiejuarena baina
norbere esku utzi du
26
Koadro ederrenak pintzelada
ukituz eginak dira kolore
zoragarriak pigmentuz argazki
liluragarriak pitzelak sen
berezia behar da poetaren
kromatismoa osoki jasotzeko
27
Poemon azokan arimarik
gabeko rodolfo alfredo
merkatari teologoek baietz
hermeneutika guztien gaindi
hitz debekaturen bat aurkitu
28
Irribarre maitagarriz
begiak kizkurtuta
urrutira begiratzen du
azal-hegaletik poetak
baina nire begirada
lerrootan galdu da
hegan egin ordez
D
Geroaren itzalean
Oraindik balore batzuetan sinesten dudalako
Irakurtzeko apustua egiten dut. Baina
Zertarako?. Garunak herdoildu ez zaizkidan.
Bihar hurrengo eskaintza irakurriko dut zer
Pentsatu emango didan esperantzan
Altxor umilak
Kaleko ibiliari dimentsio berri bat ematen
Dio poemak. Betirako galtzen diren
Pentsamenduei iraunkortasun bizia nola
Eman ikasi beharko genuke ukitu apalez
Osatzen baita bizitza
Ilinti
60 bidaiari autobusean, zaharrak denak,
Zaharkituak asko. Kantari, bozgorailuaren
Oihartzun, aiton- amonon zurrumurru apal
Kantaria hedatzen da airean. Egun lasaien
Egunsentiak irekitzen die bizipoza euripeko
Egunetik hondartza gorietako urdinera.
Bizipozaren hegalak zabaltzen ditu gaztetako
Oroitzapenak. Abestiok oin dantzarien txingar
Zirenekoak. Ilinti dirauten ametsak.
Adinaren mugan
Arrakalak azalean, artrosia junturetan, gizaldi
Bateko joan zabalaren lekuko, bakoitza da
Historiaren zatitxoa, bakoitzak ditu kontaezin
Istorio. Inork kontatuko ez dituen historiako
Istorioak. Hiztegietako pertsonaien ospea
Ahalbideratu zuten pertsona anonimoak.
Mediterraneoko INSERSOko adinekoak.
Joanak joan
Ez dugu galdera ikurrik zaharrok,
Buruarengandik banatutakoak dirudigu,
Unekoak soilik loratzen zaizkigu. Eguzkia
Atera da baina haize hotz finak eserleku bigun
Sakonez hornitutako aretoan baztertu gaitu
Hildako orbelak zirimolan bezala Ekaitz
Gotorrei aurre egindako haiei ekaitz zaie
Eguzki epeleko kirria bera.
Izan zirenak
Andre Platonoven , “Lubakia”n murgilduta,
Jada jaio izanari esker soilik bizi garelako edo,
Aspertutako zakur zaunkaria bezalakoak ote
Garen pentsatu dut. Horrela bizi izan dena,
Azkeneraino jarraitzen du berdin bizitzen.
Geure bizitzak ez ote gaituen izutzen, barne-
Barneko esanahirik ez dutenak topatzeko.
Pentsatzen ez dugulako zentzurik gabe
Jokatzen ote dugun, egiaren jabe ez den
Gorputzaren ahulezia ez ote dugun.
Koloreen anabasa
Korapilatuegia bihurtu dute poetek berez
Ulerterraza behar zuen hitzen jolasa. Zama
Handiegia ezarri diete hitzei. Hainbeste
Kiribildu behar ote hitza bizipen zuzen eta
Argiak azaltzeko. Ez ditut eskatzen
Ortzadarraren kolore zehatz lerroak, baina ezta
Ezer agitzen ez didan kolore nahasketa ere.
Pintura bezala, poesia ere letren
Aristokraziarentzako produktua da. Hitzen
Jolasa besterik ez, ez herriarena ez
Herriarentzat. Gaurkoa ez da biziraupen
Lubakian irakurriko den poema, gerra garaian
Bataila ondorengo bizinahian irakurritakoen
Bikia. Poetarentzat estetika arazoa besterik ez
Da poema, agian, Edo bakoitzaren barnea da
Ulertzaila, formez harago, agian.
Jerolifikoan
Irudi iritzi hitzen nahasturaren geruzaz biltzen
Du poetak egia. Poesiaren pasioan jarraituko
Dugu zenbaitzuk Mariek alferrikakoa dela
Usten badute ere. Agian aurreikusitako ezer
Eskaintzen ez duen arkanoarengatik. Ez dakit
Hitzak ulertzeko direnik, nik neuk ez ditut
Geografia poemakook ulertzen, ez baitiet zedarririk
Aurkitzen, baina poemon bidegurutzetan
Jarraitzen dut jakin-min eta bizi-minez.
Pag. Maritim
Cambrilsetik harago genuen zita. Pag.
Maritim. Eta ibilira atera gara. Gaur egun ez
Dakigu bakarrik ibiltzen, eta txakurrarekin
Ateratzen gara, edo ez dakigu oinez ibiltzen,
Eta bizikleta daramagu lagun, azkar ibili
Beharrez agian patinak jartzen ditugu oinen
Luzagarri. Bide-gorrira mugatu ditugu
Bizikletak eta patinak, txakurrak ez,
Kaka jasotzeko plastikozko poltsa badaramagu
Eskuan. Gutxi batzuk gurutzatu gara, ez diogu
Elkarri begiratu ere egiten. Dibortziatuen
Gizartea gara. Txakurtxoa emea da, lazo arroza
Da bere matrikula. Iazko ibilbide berean
Gaude, pasealekua hobetu dela baina gizakia
Eta herriaren elkarbizitza lehengo okerrean
Dirauela sentimenez. Eguzki egunean ibili hau
Aukeratzea ez da inola ere tragikoa erantzun
Ezazu Cambrilsez galdetzen badizute.
Talaiatik soa
Goregitik nonbait begiratzen diet poemoi,
Behatoki batetik bezala. Lausoegi dakust
Lurraldea, bristadak, zuhaitz, lorategiak,
Belartzak, soro udaberritu eta abar. Hurreratuz
Zehaztasun bila, gozatzen dut lore, orri, garau,
Belar eta abar bakoitzarekin baina
Osotasunaren edertasuna ez dut eskuratzen.
Ahateak zeruan
Mila dira ditugun galderak, beharrezkoa eta
Garestia bakoitza. Hurbilekoen arteko arazoak
Konpondu ezin baditugu, nola Euskal
Herrikoak. Burukomin gehiegi erregalatu da
Harategietan herri hau pozoituko zelakoan,
Behatz txikia jarri digute nini aurrean eguzkia
Itzaliko zigutelakoan. Txingorra ari du eta ez
Digu balio aterkiak, aitaren etxea eraikitzea
Zaigu aterpe bakar. Haserretuko zaizkigu
Jainkoak, baina ez dugu ihes egingo ez
Heriotza duinik onartuko. Hegalak petrolioz
Zikinak arren, ahatek zeharkatuko dute zerua.
Pausoka
Bere orbitan dirau munduak, Gladys garbitu
Zuten manifa, bortxaz sakabanatuta, ez da
Oraindik bukatu. Gladysek badu parkea
Donostian, baino ez gaude iraganari begira,
Alizia ez da inongo lurraldera joango.
Erasotasuna
Esperantza predikatu digute baina inoraezaren
Norabidean. Aireportu bihurtu dute herri hau,
Iritzien Babela, bidaia eroso merkeak debalde
Salduz. Baina heltzear dira senide berriak eta
Amestu hegalaldia ez da jada geraraziko.
Geu jaungoiko
Ez betiko estaltzen du lurzorua elurrak,
Temati azalduko dira urtzean eragindako
Zauriak, fosilduak ere. Gurea dugu guk
Lurralde gurea delako harrotasunez ederrena.
Tronpatu egiten dira hildako baten kontra
Borrokatzen ari direla uste dutenak. Gu geu
Gara geure jaungoiko, lore-haziak ereiten
Ditugu aitaren etxea jasoko den orubean. Heroi
Izateko borondatea dugulak., Zorionez,
Kuraia baitugu elurra ur bihurtzean orbanetan
Erneko diren loreen esperantzaz. Saiatzeak
Merezi duela jakinean. Bitartean, farolak,
Jendea, katuak, malkoak, gauak, whiskya,
Zinea, … maluta dantzariak besterik ez dira.
Noiztik da gezurra ametsa, ametsa gauzatzea?.
Zapata lokaztuak
Zapata lokaztu gehiegi darabilgu gizarte
Honetan. Asia: Urruna Erdikoa Hurbila,
Europa: Ekia nahiz Mendebala, Ipar Erdi
Hego Afrika, hiru Amerikak, … bota
Lokaztuek lorratzen dute bizipen oro. Baina,
Batez ere, politikari, banku, multinazional,
Komunikabide, … bulegoetako hautsez
Lokaztutako Armani zapatek. Hor konpon
Lokatzok estaltzen duten odolagatik ez balitz,
Irudi ederrenez ere poetek garbitu ezingo
Luketen herri xaloaren odol merkea.
Bizitza jolas
Galerak kontrolatu heinean, bingoa bezalakoa
Da bizitza, jolas bihurtzean datza plazera,
Eskuarteko diru apur sobera bat akuilu dela
Bakea erosgai
Politikaren merkatuan sinonimoak dira bakea
Eta biolentzia, magnitude berean neurtzen
Diren produktuak, saldu eta erosi egiten dira
Eskaintza-eskaera araberako kantitate eta
Prezioan, teoriaz bederen, artifizialki
Egokitzen baitituzte aldagaiak uneko irabazi
Tasaren ezinbesteko aginduetara
Lehendakaria
Hitzak azken lerrora heldu direnean, poemari
Buruz galdetu diot Lehendakariari, baina ez dit
Ezer zentzuzkorik erantzun
Dream it
“Dream it”. Poema ulertu dudala egin dut
Amets, baina debaldekoak ohi dira ametsak
Ebakin
Gorpuzkin da atal ederrena odolak blaitzen ez
Badu, lore hila da arrosa lorontzi ederrenean
Ere ebakin bihurtuz gero. Poemok antzo.
Arratsa
Hondartza gaineko pasealekura atera gara.
Itsasoa bare dago, zerua erabat urdin, eguzkia
Urrutiko marra ilunean gorde da nagi, ez zuen
Hodeirik arratsa gorri bihurtzeko. Eguna
Bezain zaharrak gara ibiltariak, burua lauso,
Pausoa zurrun. Afalordua da. Egunak eman du
Berea. Eta nik ez dut poemari buruzko esaldi
Finetan kiribiltzeko abileziarik.
Jili ginen
Jili samarrak izan ginen iraultzan sinetsi
Genuenak. Hitzen oldean murgildu ginen,
Bitartean, poemakoen antzerako mezu
Sublimalez automata, herriak bainuetarako
Bidea hartu zuen.
E
Bizipoz
Aste Santu batez etorri ginen lehenengoz. Udan jende larregi egonen zela aipatu genuen. Bueltatu ginen. Beste Aste Santu batez edo. Karabanaz ere izan ginen. INSERSOrekin gatoz orain, jada oporrik ez dugu, bizipoza oraindik bai.
Makulu
Mila aldiz egingo zuten xextran. Ozta-ozta elkarrekin iraun soilik egin zuten aldiak ere egongo ziren. Banatuko ote ere … Gaur egun elkarri lagunduz eusten diete hezur zurrunduei. Pozik oraindik elkarrekin dirautelako, elkarren bastoi.
Ahoa bete hezur
Oso gutxi dakite Marxi buruz Mediterraneoko aitona-amona jubilatuek. Apollinair izan zenik ere ez. Gerra ostea ezagutu zuten eurek, trukerako ezer ez zegoen garaia, hortzak oporretan egon ziren egunak. Horregatik betetzen dituzte platerak gainezka arte mediterraneora ihesaldietan.
Gai
“Eta orain, zer egingo det, ni zu gabe ezin naiz bizi …” gaztetako abestiak gutxienez ulertu egiten zituztela aipatu dio agureak amonari poema irakurri ostean.
Arauak
Eta agureak pentsatu du poetak lurrera begira amore eman ziola editoreari liburua argitaratu ziezaion. Legea horrelakoa baita.
Erretreta
Errepublikaz entzun genien gurasoei. Euskadiko Gobernua eta 36ko gerra ere aipatzen ziguten. Diktadura guk geuk ezagutu genuen. Demokrazia izan da iraultza-ametsa irentsi digun azken esperientzia. Orain, ilobei erretirorik geratuko ote zaien da inkognita.
Beltz
Zenbaki gorriz tindatu du krisiak ekonomia, kale gorrian geratu da langileria, larru gorritan utzi dituzte bankuek aurrezle xumeak, gorriak ikusitakoak gu ere, kezkaz begiratzen dugu argi gorririk piztuko ote dion hilerokoari Segurtasun Sozialak.
Bizi haiz
Amildegian behera jauzia dela zahartzaroa esan zioten. Urte saldoaren muturrean ispilu aurrean jarri da. “Kaixo” esan dio aurrean datzanari, “oraindik bizi haiz”.
Adio
Hurbil nabari du joateko ordua. Badaki ez duela ezer eramaterik. Musika jarri eta utziko duena ordenatzeari ekin dio.
Arintasuna
Astuna omen urteak pilatzea, halaz, ezingo liguke eraikinak eutsi adinak pisurik balu, ehunka baikara hoteleko bezeroak, kontaezinak batzen ditugun urteak. Bada, baina, bizipozaz arin datorrenik, oraindik burua urdindu ez zaien jubilatu berriak dira.
Kabia
Hoteleko besaulkietan eserita, zerbaiten norbaiten zain edo egon hutsean besterik gabe, antikuario erakusleihoa dirudite. “Etzi helduko gara” dio batek mugikorretik. Denok dugu nonbait, oroitzapenean bederen, lekutxo bat gordetzen digun norbait.
Adinaren langa
90 dira bidaia-kide gehienek hartu nahi genituzkeen urteak, batzuk gainditu duten langa, helduko ez garen muga besteontzat.
Ispiluan
Adinekoak gurutzatzen gara edozein dela ibilbidea. ”Herriko zahar bat, ala jubilatu-erromesen bat ote, hoteleko bezero-kidea agian”. Hori bera pentsatuko du nitaz berak ere.
Tom badoa
Umeak jolas bihurrian, gazteak solas irribarretsuan, gurasoak txikiei maitekiro so, adinekoak berezko geldoan, … denbora galdu atseginean denak. Nire adinak ere atsedena behar luke, baina, beti etorrian, joanean darrait. Ez dakit zergatik.
Sena eta dena
Nahi zuen baina ez zen. Jantziz prestua, harroxko zut, goitikako begirada, ibili pausatua, … aristokrata genea zeramala zirudien. Jantokiak, baina, uzten dio agerian pobre sena. Genea, sena, zena, zuena, bereizten gaituzten berezkoak.
Anonimoak
L.R.C. Laura Ruiz Casado, L.C.R.ko burkidea izan zitekeen. Iraultzaile jubilatua, edo jubilatu iraultzailea. Koadrila honetako edozein. Anonimoak baikara jubilatu denok.
Izar
Izar dirdaitsuena ere itzaltzen omen. Baita berriak sortzen ere. Stella. Adina adin, beti dugu gure zerutxo mugatuan zamalkatzen dugun izartxoren bat.