Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/02/24 08:48
Lumak

L U M AK

 

 

Alferrikako gauzek egiten dute bizitza eramangarria.

 

Ez balira bezala dira, zenbait gauza.

Zenbaitzuk bagara, baina ez bagina bezala

 

Bihar izan nahi dudana irudikatuz

horrela “ezagutu naiteke gaur

atzo ezezagun nintzena”

 

 

Badira

Badira

itsas taupada duten

idazleak,

badira

poetak

 

 

 

I

 

Puskak batuz

Beira hauskorra naiz,

bakoitza gara beira hauskorra,

bizitzako zartadek mila zatitan

hausten duten beira,

geureak inorenak,

beira puskak jasoz bizi gara.

 

Bestearenganako begiruneak 

egingo gintuzke iraunkor.

 

 

Tok-tok

Tok-tok ni neu nintzen,

nigan sartu,

eta ezezagun bat aurkitu nuen.

 

 

Iraunarria

Ez naiz ispiluaz fida,

ez baita errealitatearen isla leiala.

Nahiago dut sugandila izan,

egonarriko arrakalak gordeleku,

aitaren etxea gordetzeko.

Sugelorea ere izan nahi nuke,

arrakaletako hezetasuna pizgarri,

denon minak batzeko,

arnasa dugun bitartean.

 

Gauden lekuan irauten ikasi dugu. 

 

 

Zure begiak

Itsasargi dirdaitsuak dira

zure bi begi apartsuak

itsaslabarraren erpinean

itsas zabalari keinuka

 

 

Oinazeen osinetik

Behazunak  garraztu zidan eztarria,

gatzez tirokatu zidaten haragia,

“azukre ttanta bat mingainean”

eskatu nizun alarauz oinazeen osinetik.

 

Badut jada zertaz goza,

bizitza zait orain gozo.

 

 

Talka

Moldean egin bagintuzte lez

errepika egiten dira nortasunak,  

elkar ulertzera baino

oldartzera garamatza horrek,

argindarreko polo berdinak antzo.

 

 

Petalo

Mundua aldatu nahi nuke

herentzia naizen ezertxo honekin,

nire oinak besteen ibilira batuz,

nire eskuak guztien ahalari lotuz.

 

Petalo batek ez du lorea egiten

baina ez da lorerik petalorik gabe.

 

 

Aingirak

Ibai artez eta ur gabikoa da berenez egia,

non denok garen arrain, denok peskari,

batzuetan harrapari, bestetan amuari ihesi.

 

Mesfidantzaz pozoitu genuen ura,

inor ez da jada egiaz fida,

zirkulu bihurtu zaigu meandroa,

itsasorik zain ez duen aingira gara.

 

 

Egia bizi-min

Hitz-joko gozagarriz iluntzen dugu

argia behar lukeen egia,

minbizi iluna bihurtuz

eguzki dirdaitsua zen bizi-mina.

 

 

Nahi dut

Ez badaukat ezer, ez banaukat,

ez badaukazu ezer, ez bazauzkazu

hartu ahal banauzu, hartu bazaitzaket.

 

Ez dut nahi ezer barik jarraitu.

 

 

Euliak

Errudun sentipenik ez den adina dut,

are gutxiago irrits edo debekatutako laztanik.

Putz batek astintzen dituen eltxoak

nahikoa dira bizirik sentitu nadin,

inolako ziztada lizunen premiarik gabe.

Ez dugu jada damurik kanporatzeko,

agerian dugu haragia inolako samarik gabe,

ezer eskatzeko ere arduratik harago.

 

Emana dugu eman beharreko dena

 

 

Iturriko ura

Alde batera zein bestera

iturriko urak herrestatzen gaitu

ontziak garbitzeko ere astirik gabe,

elkarri  ura eskaintzeko ezinean,

lagunari hitz egiteko ezgai,

ezin baitugu iturria itxi.

 

 

Urteen aihena

Azken loaren erresumina dut aihen

lurrera isuriko nauen hego haize epelean,

udare heldua bezala noiz eroriko

itxarotea besterik ez baitzait gelditzen.

Baina erresuminaren aihenean

ez didate urteek alferrik gainez egingo,

usteei euskarriak bilatu dizkiot,

balio dudan apurra

izter arteko putz ustel bihur ez dadin.

 

 

Ohitu ezin

Kitatuak ditut nituen zorrak,

ez dut jada inolako esku luzaturik behar,

ze axola galderei erantzunak. 

Ez dut aulkirik berotzeko,

berba mendreenik ere ez oparitzeko,

gutxiago gaitasunik matazak askatzeko,

ez bainaiz oraindik nirekin ohitu.

Orratzaren begitik begiratzen dut,

baina ez dut birikarik aurkitzen josteko,

haustear baitago haria,

nitaz ohitu naizen baino lehen.

 

 

Egiak eta gezurrak

Ze zaila den begi ederrenetan ere,

zabalik zein zerratuta egon,

zer egia zer gezur 

gordetzen duten irakurtzen.

Nire sinetsi gurak eginen dute

egia gezur, gezurra egi.

 

Zure begietako egia gezurrak.

 

 

Galdetzen

Galdetu nizulako ez zintudan galdu,

ez ninduzun galdu galdetu zenidalako,

galderen galerak biok gelbera galduak

geldotzea galarazi zuen.

 

 

Autobuseko kristala

Gaueko zaparradaren ostean

lehen eguzkiak ezabatu zuen

autobuseko kristalean

utzi zenidan mezu umela.

 

 

Alfonbra azpian giltza

Begiraden jolasa bukatua,

zinena soilik betazalen kliskadentzat

nini orotan labaintzen zarenean,

alfonbra azpian uzten duzu giltza

mundua bere kasa utziz kanpoan.

 

Zailtasun gordina da bizitza.

 

 

 

II

 

Ezinen jolasa

Ezinen jolasa naiz,

lur hezearen usaina,

gorde ahaleginean

erausitako harria,

oreka bila

desorekatuaren mina.

 

 

Itzala eta isla

Jauzitako azala bezalakoa naiz,

hondartzako harea alea,

gorputz atalka eroria,

nintzenaren itzala,

aldi berean isla.

 

 

Udaberri kilikagarriak

Barne urak gazitzen ditu

farfaila pean zirika ilberri  isilak,

zainetako errekak urdintzen

bai-ez ageriko ilgora pizgarriak,

zilbor hestea zulatzen

ilbete sentsual kilikagarriak.

Ipar, Hego Eki nahiz Mendebalean,

gordeak, kukuka, nahiz agerraldi betean,

bularrak

haginkada txikiz zein ausikika,

zurgatzeko   fruitu tentagarriak.

 

 

Harlegea

Hilerokoa dugu harrok ere,

odolik ez dakarrelako

nabaritzen ez zaiguna,

baina gure aldarte aldaketan

ukaezina dena.

 

 

Bihar gu 

Hau gaur da

ni naiz hori

hura zu zara,

elkarri eskua luzatuz

bihar ikusiko dugu

gutasun berri bat gara.

 

 

Haurrak

Amatasun aitatasun misterioa,

maitasun sentipen haragizkoak,

sexu zurrunbilo idealizatuak,

gorputz atal irensleak,

betirakotasun grina malmutza, …

Mundu horren eragile ardatz eta ondorio

haurrak,

gizaki gehienok kosk egiten diogun

naturak jarritako garnata.

 

 

Zer

Ezinen ametsa,

zer beste da bizitza,

utopia baita perfekzioa,

porrota lorpena,

zitekeenaren lausoa

besterik ez delakoz

eder zaigun oro.

 

 

Itsas handi

Ur handietan beti,

ilargi beteko marea biziek

astindu gaituzte labarren kontra.

Baina, malkoak lehortuz,

erditze minetan diraugu

ur hautsietan azaleratuz

eguzkipeko lehorrera ahaleginean.

 

 

Zor zaiguna

Azala erortzen utzi ez dezagun,

irribarre antzua ontzat eman ez dezagun,

iparrorratza aburura zuzentzeko,

askatasunaren esklabo izateko,

“emantzat emandakoa desemateko”,

emankizunik ere ez demaigutenean,

beste modu bat aurkitu behar dugu

eman behar digutena

              eman diezaguten.

 

 

Ajeak

Demagun laurogeita hamar urte ditudala,

soberan dut eskudela,

urteek irentsi dute desioa,

jairik ez da egutegian,

euria zein eguzkia,

asperdura dakar une orok,

bost axola kaleko inurritegiak.

 

 

Barnera so

Ez dakit noiz,

lausotuak nituen

aurpegiko begiak,

barnera begira jarri nintzen.

 

 

Oskarbi

Ederrak ziren egunsentiko koloreak,

ederrak dira arratsekoak,

haizeak eramanen ditu

hauts arreak

koloreek uzten nautenean.

 

 

 

III

 

Oharkabean ohartuta

“Ez daitekeenetik” hasten gara

“ahal balitz litzakeenetik” ordez.

“Ez ezinaren ederragatik”

edo “ederraren ezinagatik”,

teilape bakoitzean,

muda berri bat topatzeko ilusiorik gabe,

oharkabean zein ohartuta,

muda bustitzen jarraitzen dugu,

mailatutako madariak bezala amaitzeko.

 

 

Ardura non

Egunerokoaz arduratu behar ez denak

egiten du hitz  bizitzaz

gertatua balitz bezala.

Egunerokoa zail duenak, aldiz,

gaurkoan du ardura nagusia.

 

 

Bihar itxaropen

Maiatzak ertza jo du,

gereziondoa ez da loratu,

hurrengo maiatzaren zain

itxaropenez diraugu.

 

 

Arma-harriak

Hitzarriak antzuak direnez,

galtzadarriak erauziko ditugu

kaleak barrikada bihurtzeko.

 

 

Bilusik

Gizaldiz gizaldi larrutu gaituzte,

azal-berritzeko astirik ere eman gabe.

Ez gara herri biluzi bat,

haragi bizian arren,

azal geruza bat dugulako babesle.

 

 

Oinutsik

Zapatak lapurtu, eta

ez amesteko agintzen diguten honetan,

oinutsik eginen dugu bidea

kale nekatuetan zehar

amesten genuen geroraino.

 

 

Ibilera

Oinatz sakon irmoa

erakusten du

herri honen ibilerak.

 

 

Hegan

Erpeak zorroztu

eta hegada ahalik goren jaso

hori  da gaur egin behar duguna,

berez eta doan  ez baitzaigu ezer etorriko.

 

 

Iruten

Nahi dut eta ez dut nahi,

arima bahitu digute,

egia ukatu, errudun bihurtu.

 

Nahi dut eta ez dut nahi,

ez da itsasargirik keinuka

estrapozuka goaz, nekatuta.

 

Nahi dut eta ez dut nahi,

urrutitik gatoz, urruti dugu geroa,

utopia bihurtu nahi digute esperantza.

 

Nahi dut eta ez dut nahi,

nahi ez duguna ere nahi dugulako,

amarru gabeko amarauna irungo dugu,

 

 

Semaforora arte

Hurrengo semaforora arte

auto-stop egin dizun neskatoak bezala,

iraun ohi dute fantasia sexualak.

 

 

Bidegurutzean

Zebrabidea bezalakoa da

INSERSOko txangoa,

tupust egiten dugu,

gurutzatzen gara,

eta bagoaz.

 

 

Zatika

Adin batera ezkero,

bizitza osoa zoaz galtzen,

oroimenarekin batera, zatika,

inor begira duzula

jabetu ere egin gabe.

 

 

Hutsik

Norbera esertzen den aulkia

hutsik dagoenean

bizitza da betetzen ez dena.

 

 

“Bazen ordua”

Badira egoerak

heriotzari

“bazen ordua”

esaten zaiona.

 

 

Oraindik

Arraunean

diraut

oraindik.

 

 

 

IV

 

Zer nahi

Ez dut

utzi beharreko ezer

nahi

 

 

Lama umil

Pospolo xume bat naiz,

itzaliko den pospoloa,

su argi bero apur bat

eman nahi izan dut,

norbaiti atzamar punta bat

erre behar izan badiot ere.

 

 

Fedea

Ez da

federen bat

ez duen

gizakirik.

 

 

Aberri

Aberri askean

ez da atzerritarrik

 

 

Gezurrak

Gizakiaren gezurra

gizakiarekin bukatzen da,

gizartearen gezurrak

egituretan irauten du.

 

 

Aurrera

Besterik ezean,

dugunarekin,

aurrera.

 

 

Dirudi

Irudipenak irudipen,

hemen bukatzen da

poema-liburua,

hala dirudi.

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.