Poeten uharan
LUBAKITIK
Memoria
Oso gogorra zait memoria galtzearen eguneroko errealitatea.
Pausoka galtzen ari naizen ahalmena.
Edozer galduta ere kanpoak bere horretan dirau,
nire barnean baina hondamendia gertatzen da.
Ni neu galtzen ari naizen bizipenak eragiten dit leherra.
Mozorroa
Bizitza osoa asmatu dugu geure neurrira,
egiatik auskalo non den errealitate birtuala.
Egunerokoa jartzen zaio ordea aurrez-aurre,
eta hortik datoz gure ezinak.
Kanpolarrosa
Testuen bazterretan babesten naiz,
beti itxurakeriak egiten.
Neronekin ados, baina.
Nire itsaso hondoa, berriz,
itsaso barea bihurtzea nahi nuke.
Zinez
Ezagutu berri dut poeta.
Mutil gazteak ditu aipu.
Eskerrak.
Bestela pentsatuko nuke
bere proposamenak baztertzen dituzten
horietakoen artean sartzen nauela.
Eta nik presoen sakabanaketaren aurkako
bere ekarpena adeitasun zintzoz hartu eta eskertu nion.
Zinez.
Baitan
Egoten naiz bakarrik tarteka.
Maite dut bakarrik egotea.
Ezer oroitarazteko besteen arnasa premiarik gabe.
Denbora tarte aparta da isiltasuna.
Norbere arnasa sentitzea barne bakardadea.
Robotak
Izaki estandar bilakatzen ari gara,
norbera izate abenturaren xarma eta gozamena galtzen.
Ontzi erraldoi bat gara flota bat ordez,
engranaje bakarreko erlojua besteei loturiko gurpiltxoa ordez,
zuhaitz bakarra baso bat ordez,
animalia bakarra fauna bat ordez, …
Disziplina
Galerak aurreikusteko joera dutenen familiakoa naizela aitortu beharra dut,
bizitzaren hainbat goxotasun barreiatzen zaizkidala nigandik at.
Baina ez ditut itxarobideak kontainerrean pilatzen,
tematia naiz, sistematikoki diziplinatua, aurrera egiten duenetarikoa.
Haurtzaro
Haurtzaro dena dut gordeta armairuan,
noizean behin ateratzen ditut, ateratzen zaizkit,
txikitako oroitzapenak.
Pozez.
Tristurarik gabeko aldia agertzen zait haurtzaroa.
Banu
Tarteka bakardadea.
Ezberdina.
Lasaigarria.
Bizipoza dakarrena.
Azoka
Zain jarraitzen dut ia norbaitek irakurri ere egin ote duen
nik astekari eta antzerakoetan idatzitakorik.
Lehiaketetan irakurri, irakurriko dutela uste dut epaimahaikoek,
baina horien deirik ez dut inondik ere espero,
ez bainaiz irabazteko aurkezten, akuilu bat eduki beharrez baizik.
Hainbat idazleri aipatuko nizkieke beraien idatziei buruzko nire iritziak,
baina lotsatu egiten naiz.
Kritikak kritikari ofizialen esku geratzen direlakoan nago,
baina horiek ez dira herri irakurlearen iritziak.
Salmenta litzake agian liburu bat onartua izan denaren seinale
baina ez beti:
propagandaren eraginez, kalitateagatik baino, erosten baita liburua,
Durangoko Azokan esaterako.
Zorion
Kanpinean naiz zoriontsu, edo bidaian,
presiorik gabeko egunak direlako.
Egun lasaiak.
Lasaitasuna da zoriontasunaren osagaia,
agian iturria.
Perfekzioa
Denok garela inperfektuak,
egia absolutua da hori, denontzat balio duena alegia.
Hori onartuz soilik dator elkarbizitza erosoago eta errazagoa,
lotsaz inor biluzik utzi gabe, eguneko ordu guztietan.
Arrastoa
Beti uzten dugu arrastoa,
nolabaiteko arrastoa.
Arrastorik ez dela geratu hori,
arrasto ikusezin baten arrastoa da.
Txerpolari
Trapezista izatera behartuta gaude,
hari gainean oreka gorde ezinik,
edo geroaren haritik zintzilikatuta,
zanbuluka prozesuaren hari mehean,
gu geu garela sare babesle bakarrak.
Nora
Irri urdurien garaiak hauek,
beldurgarriak,
bizipozean pilatuta,
erantzunik ez diegun mila helikopterotan zatituta.
Hiru zirkuluak
Bizitza hirukoitza dugu denok,
azalekoa: bizitza sozialekoa, …
zirkulu estuenekoa: familia, bikotea, lagun minak, …
bakoitzaren baitakoa: sentimenduak, pentsamenduak, irudimenekoa, …
Bizitza bakarra eta agerikoa soilik bagenu
uso mezulari gehiago legoke,
bakardadea laztan gehiagoz inguratuko genuke,
elkarbizitza sakonago eta abegikorragoa eginen genuke,
lotsarik gabe elkarri gerritik helduko genioke,
maitagarriak izaten ahaleginduko ginateke,
nahiz beti egonen litzaken aireportuan abandonaturikoren bat, iheslariren bat.
Barneko dena agerikoa balitz,
gure miseriak erakustean lotsa sentituko genuke.
Eskubidea
Norbere buruaz egiteko ahalmena,
gutxien aipatu eta onartzen den
norbanakoaren eskubidea.
Aipatzen den orotan
beti baldintza oso bakan eta mugatuetan.
Aitortzen dut zaila dela
banakoaren bestearekiko konpromisoak eta loturak
norbere buruarekin egitearen eskubidearekin ezkontzea,
eskubide hori erantzukizunekin harmonizatzea,
baina norbere buruaz egiteko eskubidea kenezina da, norberarena.
Isil
Gogokoa dut
jendeari begira egotea,
jendeaz gogoeta egitea,
lagunarteko koadrila.
Lotsatzen nau
ezikusiarena egiteak,
baina isilik egotea dut gogoko,
han nagoela jabetuz isil egotea.
Daude - gaude
Beti datorkigu
norbait, noiznahi eta nonahi,
isil eta gordeta gaudenean sarri,
burmuinetan ezkutatzen garenean ere.
Garrantzitsua da lehenagotik han gaudela jakitea,
baita geu ere beti norbaitengana joaten gaudela jakitea,
garrantzitsua da bestea lehenagotik hor dagoela konturatzea,
burmuinetan ezkutatuta agian bera ere.
Han gaude, baina baita han daude.
Biluzik
Gozoagoak eta errazagoak lirateke harremanak
biluzik biziko bagina,
neurtuagoak lirateke hitzak eta jokabideak.
The end
Pentsatzen hasia naiz jadanik istorio baten bukaera,
biografia baten azken orriak direla geratzen zaidan denbora.
Maitasuna
Zorionez
bi aurpegiko txanpona da
maitasuna.
Erbestea
Norbere baitan tarteka babestea
hori litzake erbestean bizitzea,
askatasunaren funtsa.
Diana
Bala hutsak antzuak dira,
gizakia errotik astintzeko bolbora
hori behar dute balek,
zaharra inarrosi,
gizaki berri baten hazia erein,
ezten zolia izan,
oinarri ustez sendoak sartatu,
nortasuna aldarazi, …
Horrelako balek jo behar dute
eguneroko egunerokotasuna,
poemak bala direnean.
Fernando
Koman dago,
ikusezina bihurtuko zaigu laster,
hastear du hegalaldia infiniturantz,
espekulaziorik gabe galduko da eternitatean,
bere izena galduko da izan garenen anonimatuan,
baina bere errautsak loratuz joanen dira,
lora izanen “eta kitto” dirauen arteraino.
Kontrajarriz
Beldurra diogu dialektikari,
bake faltsu bat etetea dela deritzogu,
tesi eta antitesia kontzienteaz
aurreratzen ikasi behar dugu,
dialektika bizitzan hezurmamitzen,
osagai kontrajarriez urratsak emanez.
Politika
Politika herriari begira eginen denean
egun oro izanen da
poema bat idazteko une gozagarria.
Ezezagun
Ezagunen artean ere ezezagun,
gizakia da misteriorik handiena,
telefono mugikorren sarean
elkarri itsatsita bizi garen honetan ere.
Udaroa
Epaileak bilera politikoak baimendu eta debekatzen,
berri-paperak epaile, legelari eta diktadore:
gizarte beltza gurea
lantoki eta ikastetxeko gulagetatik aske,
azala eguzkiaren gatibu egiten den urtaroan.
Artelan
Artelan bihurtzean datza idaztearen gozamena,
baina sormenak ahalegin zailean du funtsa,
zailtasuna beti da astun,
horregatik idazlan gutxi da artelan.
Sarean
“Hain urruti ta hain hurbil” Lourdesek,
“hurbilean urrun eta urrunean hurbil” Castillok.
Kontraste horretan mamitzen dira maitasun harremanak,
hurbiltasunean eta urruntasunean saretzen da maitasuna.
Zoriontasuna ere.
Sare bat baitira biak, maitasuna eta zoriontasuna,
bizitzako zutabe, biak,
harriak baino hutsune gehiago dute,
horregatik harrapatu egiten gaituzte.
Hilotz
Tanatorioan hilotz laguna,
urrunduz babesten gaitu heriotzak,
bizitza jasanezina bihurtzen zaigunean.
Poema 1
Poema,
mila burutapenen iturri,
mamia aurkitu asmoz
oskola urratzeko bizturi.
Idatzi
Ez dakit zergatik edo zertarako idazten dudan,
gogoko dudalako?,
agian besterik gabe.
Panfleto eta antzerako agitazio izkribuak soilik dakit
zergatik eta zertarako idazten ditudan,
eta horiek idaztea dut gutxien gogoko.
Hiltzenago
Biziago sentitzen naiz idazten dudanean,
agian hiltzenago nagoelako,
bizitzaren korrontetik at bizi naizelako.
Egunerokotasunetik erretiratzea bezala da idaztea,
egunerokoari atsedenaldia ematea,
geroaz idazten duzunean ere,
iraganaz zipriztinduta idazten baituzu,
orri hilez estalia bezala.
Isolamendua
Zu zeure buruaren aurrean aurkitzea,
zure bizi-puskez hesitua,
hori da isolamendua.
Maitale
Hainbat pertsona maite ditut,
maite ditudala ere ez dakitenak,
maite ditudala dakiten ere arduratu gabe,
ikusi nahi ez ditudan zenbait ere maite ditut.
Erbestean
Iraganean bizi gara,
edo erbestean,
errealitatetik albo,
bete ezineko asmoez bizi garelako.
Kontrajarriz 2
Egia eta gezurra
bizitzako sarean ehun nagusiak biak,
gizartearen zutabe agerikoak,
bereiz zailak gehienetan.
Zohardia
Itxarotearen zama jadanik berunezkoa zaienei,
luze baitoa,
zera esanen nieke,
badela lainoetatik gora izartegi bat.
Helburua.
Idazteko nire helburuak?.
Auskalo!. Neuk baneki!.
Uste ziurra dut idaztiok
ordenagailuko anonimatuan
ahaztuak geratuko direla.
Mirari bat dira lehiaketetako sariak,
karanbola harrigarri bat.
Norbaitek irakurriko dituen ametsak
jotzen du tarteka nire irudimena.
Beti dago helbururen bat, isilekoa sarri,
nahiz toles-gune batetan ia aurkiezina.
Idaztea
Norbere baitan bidaiatu,
norberarekin zintzoa izan,
hori da idaztea.
Goitikakoa
Hausnarketarako hari-mutur zorrotza
behar du izan poemak.
Baina ulerterraza?. Ez du zergatik.
Ziria, abiapuntua, zorutik goitikakoa,
goitikako hegaztiaren ikuspegiaren begirada.
Poema 2
Hitz irudien jolasa,
gogoeten bidegurutzea,
ulertu gabe ulergarria,
oldozte librerako tresna,
txoriaren hegoak bezala.
Lorik eza
Gau ilunak
gardenago egiten ditu
argi berezi batek bilduak
gogoetak eta ideiak
tamala lausotu egiten direla
eguneko argian.
Zerbitzuguneak
Zerbitzugune bat ote mundua?.
Desagertu egiten dira gizakien arrastoak,
zerbitzugunean hondakinak bezala.
Baina bezeroak badirelako existitzen dira zerbitzuguneak,
bakoitza gara nahitaezkoa,
arrastorik uzten ez badugu ere.
Oporrak
“Zakur suizida bat bezala atera gara herritik ihesi”, poetak.
Opor garaian gaude.
Zoriona
Lapurretan datza zoriona batzuetan,
ohikoari kendutako une-izpi horietan.
Zahartuz
Bizitzari lapurreta bat iruditzen zait
argitzen eta iluntzen zaidan egun bakoitza.
Zirrikitutik begira
Zirrikitu bila bizi gara,
zirrikituetatik begira,
uneko edertasunari itsu,
dugunari ihesi,
beti kanpokoa amets,
urrutian hamalau intxaur.
Joanean
Zenbat aldiz joan egiten garen!.
Misterioaren erakargarritasuna,
arkanoaren tira,
abentura sena.
Desafioa, neurketa,
txerpolariaren beheko hutsunea.
Ahazmena
Ahazmenari esker
bizi gara.
Perfekzioa
Perfekzioa da sormenaren galga,
ekimen eder askoren balazta,
artelanen draga.
Perfekzioa:
artelan gutxi batzuen ukitu harrigarria.
Zabarkeria: sasiko uzta.
Mordoilokeria: arrunkeriaren hazia.
Poema 3
Tiro behar du poema bakoitzak,
bala pizgarria, mingarria ere,
goizeroko hausnarketa iturri,
seminarioko meditazioak antzo.
Sekretuak
Ai gure barneko sekretuak,
garunetan ehotzen ditugun burutazioak,
aitortu gabeko gogoetak,
bitez isilean,
bala hiltzaileak bihur ez daitezen.
Maitasuna
Kenketa edo kendutako guzti horiek dira maitasuna,
banaka zein osotasunean,
bizipen xume horiek dira maitasuna.
Banoa
Bideko zati tarte txiki asko pasa zait behar adina gozatu gabe,
bizimodu ahalik eta arruntena egiten saiatu naiz,
bizitzako korrontean ur tanta soila izatea izan da nire ahalegina,
zenbait hegitan zerbaiten ikur izatea tokatu bazait ere,
gizartea izan behar delako historiako protagonista, ez gizabanakoa,
bizipen-pusken arteko lotura galtzeko zorian ikusten dut neure burua,
galtzen hasia naiz jadanik,
agian horregatik bizi dut puskak ahalik iraunkorren lotzeko irrika,
osotasuna iraunkor bihurtzeko gosea,
iraganaren errolda osatzeko grina,
ilusioen zati guzti haiek hitz idatzien lokarriz biltzeko premia,
egoera berri bat, ilusio berritua,
lehengora ez bainaiz itzuliko,
oxigenoaren konposatu batekin bizitzen hasia bainaiz.