Poeten uharan
Barne solasa - Bidezedarriak - Berdinak
BARNE SOLASA
Sukarra
Sukar egunotan botikek
ezer gutxi indartzen dute
gorputz zahar-zaharkitu hau.
Hemen nago, gaude biok,
nire sukarraren morroi
Maroko urrunean.
Odola
Odola nonahi,
zeinen odola baina
nork isurarazia.
Egungo poeta eta ondo-bizi idazleek
alde bateko minez egiten dute gogoeta,
ia gehienetan, orokor-orokorrean,
etika interesatu baten eraginez.
Gerra nork, zergatik eta noiz hasi zen ahaztuta.
Busti gabe.
Bidaiak
Irudi kolorgetu asko, sentipen lausotu ugari
geratzen zaigu 10 urteko bidaien ondoren.
Geratzen zaizkigu ere ahanzturaren labarrek
irentsi ez duten oroitzapen maitagarriak,
denboraren osinean erori ez diren sentipen biziak.
Lasaitasun eta patxada orokor batetan bildurik daude.
Ahanzturak eurak ere
bizitzaren liburuan gorderik dagoen
atal gogoangarri bat dira,
jadanik irakurzaila bilakatu bazaigu ere.
Ataka
Une historikoak historiko,
sasi itxaropenak itxaropen,
inork ez daki, ez,
irtenbidearen ataka noiz irekiko den.
Idaztea
Misterio bat da
idaztearen zertarako eta zergatia
mila azalpen ematen badugu ere
idazten dugun bakoitzak.
Bakea
Bakea pairatzen
jarraitzen dugu
euskaldunok.
Mutu
Irratia,
kanpora begirako leihoa
atzerrian.
Herriaz isiltasuna berririk onena
hitzak ausiki amorratuak direnean,
itxaropenerako haizerik gabe
utzi nahi gaituztenean.
BIDEZEDARRIAK
Libre
“Libre jaio naiz, baina
gatibu sentitzen".
Gatibu jaiotzen da gizakia,
gatibu da beti herria.
Zer askoren gatibu.
Kateak haustea ametsa da,
hausteko lehia da askatasuna.
Besterik ez.
Askatasuna entelekia bat da,
esperantza bat,
loturen aurkako sentipen bat.
Berenez da gatibu gizakia,
edozein izaki bezala.
Ez-perfektua delako.
Ez da izaki librerik.
Jainkoa litzake libre bakarra,
baina jainkorik ba al da.
Haizea
Haizea,
uraren anaia bikia,
mundua bizitzaz betetzen duena.
BERDINAK
Zerk ezberdintzen
Herrien politikak dira ezberdinak,
herri guztietako herritarrak, aldiz,
oso antzerako,
berdinak sakonean.