Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / poeten uharan

poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/02 10:20
ASEEZIN

 ASEEZIN

 

 

AGIAN

Herdoil usaina,

neuk ere ez dakit zerena,

hartzen diet nire hitz idatzioi.

Zertarako idazten dudan

galdetzen diot nire buruari

ordenagailuan jartzean.

Zergatik ez dakidan arren,

idazten hasten naiz,

denbora-pasa zaidalako.

Agian

 

 

JOLASA

Poesia

kearekin jolastea ote,

ikuspuntu ezberdin batetik

bizitzari buruz aritzea da

poesia,

orainari eta geroari begiratzea,

joana den kea, haizeak daramana.

 

 

PARALELOAN

Idazlea eta mundua, bi trenbide paralelo,

bada geltokiren batean errailaz aldatzen denik

hurrengo geltokian lehengo bidera itzultzeko.

Idazle konprometituen idazkiak

paralelo doan treneko bidaiariei eginiko

keinu eta diosalak besterik ez dira.

 

 

POESIA I

Lotsa ematen dit poemak idaztea,

“berunezkoak bailiran  astun” dira,

astunegiak zutik jartzeko.

Txori nahi nituzke nire hitzak,

zeru urdinean zein trumoitsu beltzean,

antzarek bezala beti aitzina 

biziaren lerroak marraztuz.

Erasoa ere izan behar du poesiak

baina batez ere bizitzaren hazia

bizitza berriaren atarian 

oskola puskatu edo mintza urratzeko

eraso emankorra.

 

 

AMIÑI BAT

Patxada puska bat da

behar dudan guztia.

 

 

ILUNABARRA

Eguzkia itzaltzen hasten den adinean ez da ia egunsentira  biderik,

izartxo batzuk besterik ez dira gelditzen zintzilik zeruan,

garrik gabeko txingar bihurtzen doaz maindireak,

eta azkena izanen ote pizten duzu azken aurreko zigarroa.

 

 

MAITASUNA

Definizio anitz du maitasunak,

zer asko da maitasuna,

baina misterio atxiki ezina

jarraitzen du izaten,

bizipen zehatza arren.

 

 

MAITASUNA?

Maitasuna deitzen diote larrutan egiteari.

Jo aurretik kentzen du loa larrua jotzeak,

berehalako logalea dakar ondoren.

 

 

BAKARDADEA

Bakoitzaren barnean dago

bakardadea hausteko giltza,

lagungarria besterik ez da beste dena.

 

 

KANPINEAN

Ttakun, ttakun, ttakun…

tan, tan, tan…,

urezko makila da euri tanta bakoitza

etxatoia  txalaparta edo atabal bihurtuz,

naturaren kadentziak blai uzten gaituela

danbor txalapartaren altzoan.

Badaki euriak oporrak edo asteburuak  zapuzten,

asteburu eta opor ametsak

kafetegira zokoratuz edo guardasolpera mugatuz.

tan, tan,tan tan, tan,tan

ttakun, ttakun, ttakun, …

 

 

KONPAINIA

Konpainia denean,

kide maitagarria da

isiltasuna.

 

 

GAUA

Gaua:

zain duzun amesgaiztoa

lo txarrekoa zarenean.

Gaua: etsipenen errota

goizegi esnatzean.

Gaua: 

kemen hazia

lanen baratzean

Gaua:

egunaren ataria.

 

 

KUKUA

Aspaldian patrikan xemaikorik gabe

harrapatu gaitu euskaldunok kukuak.

Abenduan bizi izan gara beti adineko denok,

bufanda lepoan eta berogailua piztuta,

badaezpada ere.

Baina beti atera dugu patrika barrenetik

hurrengo kuku kantuak

sos batzuekin aurkituko gaituen

itxaropen hondarren bat.

 

 

TENTEKA

Halabeharrez tenteka erori den pospolo-kaxa da Euskal Herria,

halabeharrez erorita tenteka geratu garen pospoloak Euskaldunak,

gora begira jarriak zerua askatasunez argitu ahaleginean.

 

 

IGAROLE

Ez da igarotzeko modu bakarrik:

edo

haizeak bultzatzen duen lainoa zara,

haizearen isurian igarotzen den txoria,

haizearen kontra igarotzen den hegazkina,

edo

sarri, halabeharrez, erorian

 

 

POESIA II

Bidaiatzea bezala da poesia

misterioan barrentzea.

 

 

BIZITZA

Eguneroko zeratxo umil eta ezdeusez osatzen da bizitza,

horregatik dirudite hutsalak lagunarteko solasak,

baina bizitza oso bat gorde eta adierazten dute.

 

 

KALEETAN

Herri xumeetako kaleetan barneratzea

poesia liburu bat  zabaltzea bezala da,

begirada aldatzen dizu, sentipenak edertzen.

 

 

POESIA III

Poesia

negozio, bizibide, apaingarri,

denbora-pasa, egunerokoari ihesa.

Zer da poesia burgesa

edo burgesen poesia?. 

 

 

AURRERAKUNTZA

 “El progreso es un atraso”

 errepikatzen zuen tio Alejandrok.

 

 

POSTONTZIA

Posta gabe geratu da herria udako oporraldian.

Hari gainean balantzaka gaude,

txakurrek ere zaunka egiten digute,

eta egunari hutsunea iluntzen zaio

postontzia zabaltzerakoan.

 

 

PENTSAMENDUAK

Pentsamenduak ere gastatu egiten dira

garunak moteldu edo herdoiltzean,

loa galarazten dute ere goizaldean esnatzean.

 

 

PARTITZEAN

Partitzear, lasai begiratzen dut atzera,

erruak erru, zintzo eta leial jokatu dut,

ez diet beldurrik gepardoen begiradei.

Partitzean, lasai begiratzen dut atzera,

bidea jarraituko duen ume zelatariari

ez diot bide lotsatzekorik utziko.

 

 

AUKERAMENA

Aukera anitz, erabaki bakarra:

aukeratze etengabea da bizitza,

hautaketa besterik ez da bizitza,

uneoro hautatu beharra, 

baldintza kaskarretan gehienetan,

utopiatik urrun, bidegurutze latzetan.

 

Dohaina omen askatasuna.

 

Heltzen zaren lekura heltzen zara,  

nahi ez zenukeen helmugara,

baina zuk zeuk aukeratutakora.

 

Askatasun eskubidearen kontraesanak.

eskubidea ?, dohaina?, zama?

 

 

ASKATASUNA

Hautatzeko eskubidea da funtsean askatasuna,

hautatzea, beste aukera guztiei uko egitea.

itzulerarik ez duen hautaketa beti,

hautaketaren errua hautaketa berri batekin

konpontzen saiatzen bagara ere.

 

Hasi-bukatu, hori da bizitzaren errobera,

zuk zeuk biratzen duzun errobera

hautatze une batean geratu ez dadin,

hautatze ezintasuna da heriotza,

jarraipenik eza, errobera galgatua

 

Baina zure gainetik bada errobera nagusi bat

zure hautaketen gainetik dagoena,

nahitaez eramaten zaituena,

baina, aldi berean, eragiten diozuna.

 

Hirutasunarena baino arazo korapilatsuagoa da

hautatze ahalmen gai hau.

 

 

SOA

Aldatu egingo litzaiguke bizitza ikuspegi zabalago batekin,

zuzenagoak lirateke zenbait hautaketa, lasaiagoak ere.

Hurregi  begiratzen diogu egunerokoari,

agian ezinbestean, bizi-baldintzek hala eraginda.

 

 

ITXAROPENA

Pluraltasunak dakartza gizarteko ezberdintasunak,

ala

bestea baino gehiago izatearen nahiaren lehiak?.

 

Gizartea beti izan dela antzerakoa dio historiak.

 

Arnasa gutxi eskaintzen digu atzera begiradak.

 

 

TALKA

Kontraesanen talkatik dator

berrikuntza

 

 

HALABEHARREZ

Ez dakit zergatik dauden zuhaitzak,

zergatik eguzkia zeru urdinean,

zergatik gu …

baina hemen gaude,

beraz, bizi gaitezen.

 

Boxeo mach bat baino

errekatxo bat bezala zait

bizitza:

itsasora goaz,

berriro iturburura itzultzeko

laino elur euri bihurtuta.

 

Halabeharrez.

 

Ez dut jainkorik asmatu nahi zergatien bila,

nahikoa dut nire joanaz eta inguruaz kontziente izateaz.

 

 

BOLATXOA

Kosmosaren karanbola koloretsu bat naiz,

bolatxo bat gehiago billar mahai gainean

zulotxoan galduko naiz makilakada batez

nire albokoak jabetuko dira joan naizela.

Ez dut gehiago eskatzen, partidak darrai.

 

 

ZENBAKETA

Zerbait horrelakoa da bizitza:

froga bat eta errore bat,

urdin eta gorri nahasturen  

kolore okrea,

beroa eta hotza lehian,

zerbait epela, okre kolorekoa,

ez lo ez erne,  tesia eta antitesia, …

 

Pitzadura asko da adinaren gailurrean,

eta atzera begira zenbatzen hastea

ariketa kontzientea bihurtzen da.

 

 

ADINA

Itsas aurreko joan barean

ibaiak daraman horri ihartuak

hori gara adinekook.

 

 

BETITIK BETIRA

“In aeternum “ dirauke

nire izaki fisikoaren osagaiak,

urrunago hegan eginen dut,

eta gizarteak

bere abia betikoan jarraituko du

nire gaurko presentziarik gabe.

 

etiketak: Poeten uharan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.