Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/11/28 08:58
Poeten uharan: argibide gisa

Poeten uharan

 

Poema ez diren poemak, Poema antzekoak,  Sasi-poemak, Kopia ez diren kopiak, Burutapen mozorrotuak, Ifrentzuak, … sail honi ze izenburu jarriko egon naiz; azkenik “Poeten uharan” jarri diet poema-liburuak irakurriz idatzitakoak baitira.

Ez naiz poeta, ez dut gogoko irudi eta goitikako begirada zabalegi, edo lausoegiaz, nire inguruari begiratzea. Gehienetan zuzen, edo zuzenegi, idazten dut. Agian ez.

Baina oso gogoko dut poesia edo poema-liburuak irakurtzea, bizitzari begirada ezberdin batez begiratzea alegia

 

Idatzita ez dauden poemak irakurtzen ditudala uste dut poemak irakurtzean, neuk asmatzen dietela balizko esanahiak, neure poema-itxurako berriak sortuz.

Bizkarroia naizen sentipena ere badut, baina, aldi berean, irakurlea pentsaraztea da edozein izkribu motaren helburuetako bat, eta poetek eragin didaten gogoetak dira poema edo delakook.

Irakurri ahala, poema-liburuek iradoki didaten sentimenduen inguruan idatzitako lerroak dira hauek, besterik ez.

Beraz, aurreko Burutapenen jarraipena besterik ez dira, forma ezberdinez gauzatuak.

Ez dira remakeak,  ez ideietan ez formetan, noizbait ideiaren bat, hitzen bat, forma bera ere jaso dudan arren. Poemen ifrentzu bat gehiago direla esango nuke.

Horregatik, lehenik pentsatu nuen ze poema-liburu irakurriz idatzitakoak diren ez jartzea, ez dutelako antzik haiekin, baina uste izan dut ere norbaitek izan dezakeela datu horren jakin-mina, beraz sarrerako zerrenda orokorrean jarri dut datu hori, ze poema-liburuk iradoki dizkidan gogoetok.

Susmoa dut ere zenbait testu “Burutapenak” sailera pasa nituela bere garaian: bere horretan utzi ditut, errepikapena ez du zertan izan beti aspergarria edo kaltegarria.

 

Bidaietan soilik irakurtzen nituen poemak hasieran, gero egunero; orain, tarteka.

Berandura arte ez nintzen hasi oharrak hartzen edo iruzkinak jartzen; ohitura bihurtu zen, harrapatu egin ninduen zeregin horrek, baina denbora eta arreta larregi eskatzen zidan, ondorioz murrizten joan naiz irakurketok; geldialdia ematen diot poesia irakurtzeari, jolasa zena eta behar zuena lana edo lotura gertatzen hasten zaidanean..

Azpimarratzen hasi nintzen, gero oharrak hartzen,  azkenez nire sentipenok liburuan bertan idazten.

Nolabaiteko poema jitea eman nahi izan diet, batez ere gogoeton esanahia azpimarratu edo indartzeko.

Nahiz dakidan formak ez duela poema egiten.

 

Lotsa ere ematen didate, hain ikusten ditut kaskarrak, ez dira ez poema ez ezer, nire sentimendu batzuk forma ezberdin batetan bilduak soilik.

Besteengan kritikatu ditudan akats berberak eta handiagoak dituzte, biderkatuta.

Baina, denbora-pasa bat izan direnez,  dibertimendu soila, bere horretan uztea erabaki dut.

 

Berrirakurtzean, zenbait irakurritako poemen estrukturaren nondik norakoa edo zertarakoa ez dut ulertu ere egiten, baina jolas bezala hartu izan dut eta batzuetan irakurritako jite eta egitura berean idazten entretenitu naiz, nahiz orain ulerzailak iruditu.

Uste dut gainera irakurleak osatu behar dituela poemak, nolabait bere poema pertsonala gauzatu, ezin zaiola dena mamurtuta eman irakurleari, poemak iradoki egin behar du.

 

Agian nitaz ari naiz gehiegi sasi-poemotan, ez dut uste egozentrismoa, are gutxiago nartzisismoa denik, zahartzaroak inarrosita bizi naizela baizik. Zahartzaro eta herio gaiaz zipriztinduta daude sasi-poemok, gure adinean hur sentitzen baita Estigia ibaia, eta bertan bestaldera eramango nauen Karonte txaluparia.

Agian ere, gaur egun ez nituzke hainbat iritzi horrela emango, baina uneari zor, idatzi nituen bere horretan utzi ditut. 

 

Poesia  irakurtzen lagundu dit sasi-poemok idazteak. Nahiko. Norbaiti interesatzen bazaizkio, nahikoago.

 

 

Izenburuak eta iturri izan zaizkidan poema-liburuak

01.- Aseezin. Edan ase arte. Mikel Perurena Ansa.

02.- Barne-solasa. Eguraldiaz hizketan. Mikel Perurena Ansa.

03.- Berdinak. Azalaren kodea . Miren Agur Meaberen

04.- Bide-zedarri. Mugaldekoak. Edu Zelaieta.

05.- Bihiak. Alea. Beñat Sarasolaren  

06.- Bizi. Puskak biziz. Juanjo Olasagarre.

07.- Bizimin. Eroriaren logika  Juan Ramon Madariaga

08.- Bizitzaren mekanika. Erlojuen mekanika. Jose Luis Otamendi

09.- Diraut. Adio, Bitoriano Gandiaga

10.- Egunsentiko izarra. Teilatuko lizarra. Koldo Izagirre.

11.- Erraiak koska. Satorrak. Andoni Tolosa.

12.- Erraietatik. Infernuko hesteetan. Cahrles Bukowski.

13.- Esna amets. Zazpi orduak. Miren Agur Meabe

14.- Ezereza. Hutsik.  Peru Magdalena.

15.- Festa airean. Urtebetetze festa. Castillo Suarez

16.- Gorrimin. Rimel. Koldo Izagirre.

17.- Gu gara txoria. Zu zara orain txoria. Mikel Etxaburu.

18.- Haiku zazpikiak. Hamazazpikotan. Karlos Linazasoro.

19.- Hemen bizi gara. Parisen bizi naiz. Koldo Izagirreren

20.- Jitoan. Aingurak erreketan.  Jon Benito

21.- Kateez harago. Katamalo. Gotzon Barandiaran.

22.- Kaxa hutsetan bila. Kaxa huts bat. Beñat Sarasola.

23.- Kopia ez diren kopiak. Babeserako kopiak. Goizalde Landarbaso

24.- Krabelinak. Larrosak noizean behin. Jon Iriberri.

25.- Lauhazka. Zaldi hustuak. Aritz Gorrotxategi.

26.- Lubakitik. Bala hutsak. Castillo Suarez

27.- Lumak. Ezkatak. Leire Bilbao

28.- Mundu nano hau. Soneto hautatuak.  Willian Shakespeare – J.Garzia

29.- Pleguetan gatibu. Katiluaren ipurdia. Martin Etxeberria.

30.- Sourrire. Souvenir. Catillo Suarez.

31.- Troiako zaldia. Souvenir. Catillo Suarez.

32.- Umotuz. Huntza hezur berritan. Juan Ramon Makuso

33.- Uneak. Unearen aldarteak.  Luis Mari Mujika.

34.- Zauriak. Spam poemak. Castillo Suarez.

35.- Zurrunbiloan. Labirintuaren orduak. Amaia Iturbide.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.