Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / MIRACLE

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/08/23 09:25
MONASTERIOA. Giroa, Festa egunak, Urtebetetzeak, Granja

Monasterioko giroa

Jantokia

Bi jantoki zituen monasterioak: egunero erabiltzen genuen mahai luze zabaleko handia zen bata. Baina bazen beste bat, benetan handia, seguruenik monje asko zeudenekoa, birritan bakarrik erabili genuelakoan nago, nire familiarekin egin genuen bazkarian, eta kanpoko agintari eta halakoekin festa egun handi batean egon ginenekoa.

Baskari alaia, kontu-kontari. Berriz ere nire torturak konta behar izan dizkiet.

Emakume bat egon da monjeen jantokian beste denokin, oso jatorra. Monjeen laguna da. Ardoa ekarri du,  oso ardo gozoa. Egongelan hartu dugu kafea, jantokian ordez.

Emakumeak bere herriko ardoaz hitz egin zigula gogoratzen dut, munduko ardorik onena, ohi denez.

Errenteriako familiak ekarritako gazta eta ardoa jan-edan ditugu bazkaritan. Idiazabalgo gazta da. Gustatu zaie bai!.

M. Luisak bidalitako txuletak jan ditugu Rioxako ardoz bustita.

M. Luisak eskertu nahi izan zien apopilajea monjeei, baina hauek ez ziren haragizaleak.

Monasterioan egin dut afaria, sukaldeko neska biak ere han ziren.

Ospakizun berezia zen,  santu-egun propioren bat, bisitarekin hotelean ordez monasterioan afaldu nuen.

Bitxia nolanahi klausura zuen monaserioan, hau da emakumeek sartzerik ez zuten komentu batean, emakumeak monjeekin egotea monasterioko jantokian.

Barraskilo jana!!!. Bi moja ere gurekin ziren.

Neuk jasotako barraskiloak. 

Amak eta Felixek gurekin bazkaldu dute monjeen jantokian.

Lehenengo egunetan izan zen. Ama geratu zen egun batzuetan, ni ez nintzen oraindik monasteriotik ateratzen, eta bazkariaren bidez amarekin harremana egokitu nahi zuten monjeek.

Monasterioan egin dugu afaria. Mahaia oso prepezioz jarria zegoen, Benetek lorez dotoretuta. Giro ona, jan, edan, umorea, solasa, argazkiak Justik aterata. Xabierrekin jolastu dira batez ere txiki biak. Sekula ez dut nire urtebetetzea gaur bezala ospatu.

Nire urtebetetze egunaren inguruko etxekoen bisita zen.

Monasterioan bazkaldu dugu denok.

Monjeekin batera familia osoa Monasterioko jantoki berezian. Urteberri Eguna zen. Izugarri atsegina izan zen. Giroa, bikaina. Bazkaria, aparta.

Eztabaidatxoa mahaian Pirenaika Irratiari buruz: aurka daude denak, nik ostera diot dagoenik onena dela. Bitxiena da  eurek ez dutela entzuten.

Giro atsegina egon ohi zen bazkalorduetan, batez ere egun handietan. Bestelakoetan bazkaldu eta bakoitza bere zereginetara joaten ginen bazkalosterik gabe.

Hitz-aspertu luzea izan da gaurko bazkalondokoa, gerrari buruz aritu gara. Marxismoari buruzko kezkak ditu Eulogik.

Monasterioan afaldu dugu denok, Kontxi ere tartean zelarik. Giro apartean afaldu ere. Egongelara afal ondoren. Olga, Isa, M.Luisa…

Maria Luisaren bi lagun ziren Olga eta Isa, Maria Luisarekin etorri ziren, hotelean zuten ostatua baina egun batean monasterioan afaldu zuten. Oraindik hotelera joaten ez nintzen egunak ziren.

Justi, tomate?.

Basko Eguneko bazkarian prioreari  adarjotzeren bat egin genion. Giro berezia sortu zen eta barre ugari egin genuen.

 

Egongela

“Diez melodías Vascas” telebistan.

Ez nituen jaso egongelako gure arteko komentario eta zertzeladak, nortzuk gelditzen ziren ze programarako telebistan, ze programa genituen gustuko... Eguneroko gai arruntak izan ohi ziren, telebistako berrien emanaldietatik eta/edo programetatik eratorriak. Egunez oso gutxi jotzen ginen egongelara, bakoitza bere zereginetan baikeunden. Afalondoren biltzen ginen bertan, telebista ikusten egiten genuen egonaldia. Bakoitzak zeritzonean alde egiten zuen, Eulogi, granjako lanetan nekatua, izaten zen lehena gehienetan.

Maria Luisa ere egon ohi zen telebista ikusten  monjeekin batera.

Egongelan egoten ziren egunkariak:. AVUI egunkari katalana irakurtzen nuen, baina beste zenbait ere hartzen zen monasterioan. La Vanguardia zelakoan nago.

Monjeak telebistako “Un dos tres” programarekin zeuden liluratuta amnistiaren gaiarekin joan natzaienean.

Hori zen galtzen ez zuten programetariko bat, ahalegintzen ziren galderak asmatzen. Egun horretan amnistiari buruzko zerbaitekin joana nintzen, baina ez zidaten ia jaramonik egin.

 

Txutxu-mutxuak

Jordi eta Eulogi marmarrean  La Cirosakoak sukaldean daudelako.

Goizean joan dira Montserrateko hiru monjeak. Kotxea ezin diete konpondu garaiz eta bertan utzi dute. Jordik eta Eulogik diote Montserrati  pasako diotela faktura. Leku itxietako txikikeriak.

Mateuren aurkako ahopekoak Jordik eta Eulogik mahaian: monasterioko barne ika-mikak.

Jordik ez du batere begi onez ikusten gaztea, hau ez da jaitsi afaltzera.

Egun batzuk egitera etorritako gazte bat zen hau.

Sukaldera egin dut sartu-irten bat; emakume berri bat zegoen bertan, oso gaztea; monasterioko lurretako ertz bateko etxe batean bizi da bikotearekin, bizi diren  etxea bera ere monasteriokoa da; atzoko ibilaldian  pasa nintzen bertatik. Monasteriokoek ez dituzte begi onez ikusten. Lanik ez omen dute egiten.

Baziren halako korapilotxoak Monasterioan: elkarbizitzako huskeriatxoak gehienetan.

Juan Mariri esan diote hemengo monjeek eskatu dutela guardia zibilen presentzia.

Izan zen horrelako zurrumurrua, auskalo nork eta zergatik zabaldua. Monjeak biziki haserretu ziren, beraiek egin baitzuten gogor txapelokerrak joan zitezen.

 

Irteerak

Txangoa izan dugu, kotxez atera gara denok. Eulogi geratu da etxezain.

Pena dut ezer gehiago idatzi eza. Noizbehinka egiten zuten horrelako irteera bat. Beraiekin joan ohi nintzen. Egun ederra pasa ohi genuen. Bazkaria eramaten zen eta leku atseginen batean bazkaltzen zen, kanpoan. Ez zen egun pasa luzea izaten. Bazkaldu, solasaldia egin eta monasteriora bueltatzen ginen.

Arratsaldez Port del Compte-tik hasi eta Pier del Forque-tik zehar Bergaraino ibili gara mendi-bideetatik zehar. Cardonan bazkaldu dugu bokadiloekin. Arratsalde polita izan da.

Xabier eta Eulogi ezik, arratsalde pasa joan dira beste denak kotxez. Joaten ikusi arte ez dut ezer jakin, ez didate ezer esan, zoazenik ere. Amorratuta eta minduta ikusi ditut joaten. Berehala neureganatu naiz, baina azpikeria zitala izan da.

Urtarrilaren bukaeran izan zen. Ia bertako nintzen jada. Arraroa ez zen izan beraiekin ez eramatea, ezer ez aipatzea baizik. Ezer ez aipatu izanak eman zidan min, jakingo bainuen atera zirela. Seguruenik esplikazio logiko bat zuen ni ez joateak, isilpekoa izan zitzaidan mingarria.

 

Bestelakoak

Mateu eta Benet Manresara joan dira dentistarengana. Ia neu bakarrik nago monasterioan.

Tarteka geratu izan zen neu bakarrik geratzea monasterioan, edo besteak bere zereginetan murgilduta, neu izatea atea irekitzen zuena, atetik gertuen neu nengoen egon ere.

Moja batzuk etorri dira, Cisterrekoak. Neu izan naiz atezaina beraiekin eta ate-joka etorri den ororekin.

M. Luisa eta biok geratu gara, biok soilik, monasterioan.

Ofizialki kondena betetzen zegoen apaiza eta bere neskalaguna bihurtzen ari zena, monasterioko arduradun. Bada egoera xelebrea. Nolanahi, erakusten du konfiantza zutela niregan.

Benet, Eulogi eta hirurok soilik gaude gaur Monasterioan.

Pattarra ekarri dute Mateu eta Benetek Montserratezko fabrikatik: kobratu egin die.

Negozioa negozio da edonon eta beti.

Beherakoarekin eta botaka dabiltza denak Monasterioan, zerbaitek kalte egin die. Niri ez, suertez.

 

 

Festa egunak

Festa erlijiosoak

S. Benito eguna, Beneditarren sortzailearena. Ez naiz joan mezatara, baina bai lunchera. Txanpan da guztikoa izan da gaur bazkaria;  egun handietan ohi denez, sukaldeko neskak ere bertan ziren.

Apaiz egin zeneko edo botoez Elizari lotu zitzaioneko 25. urtemuga ospatu dugu. Xanpainarekin.

Ez dakit noren 25. urtea zen. Xanpaina zen ospakizun ikurra monasterioan ere.

Asentsio. Jaiegun handia Monasterioan, Eliza osoan ere. Xanpaina izan dugu bazkaritan,  monjeekin bazkaldu dute Kontxik eta Lourdesek ere.

Maiatza 6. Basko eguna. Aperitiboa hartu dugu egongelan. Kontxi, Lourdes eta Nuria egon dira bazkaltzen beste denokin.

Egun izendatua zen Basko Eguna monasterioan.

Monjeekin bazkaldu dute sukaldariak eta laguntzaileak: neska bien erdian jarri naute. Salan egin dugu kafe eta puruaren erritoa: bi neskek ere erre dute. “La pradera” telesaila ikusi dugu.

Kontxi sukaldaria gogoratzen dut batez ere purua errez.

Gabon Gaua: apartekorik gabeko afari betikoa. Telebistara erregea entzutera!!!. Abesti entsegua. Opariak: xaboia, agenda eta trikornioa oparitu didate. Maitinak kaperan: joan egin naiz kaperara. Meza. Siona zegoen mezatan, baita jauna hartzen ere. Meza ondoren luncha. Telebistan egon naiz, ondoren. Lo.

Gabon Gau tristeegia, alaitasunik gabekoa, giro apalekoa.

Ni beste gabon batzuetara ohituta nengoen. Kartzelakoak ere gabon-afari ezberdinak ziren, kuttun kuttunak, batzuk oso bereziak. Etxekoak, beti izan ziren bereziak. Eta dira.

Afariak harritu ninduen lehenik: eguneroko afari arrunta Gabon Gauean!. Badu bere zergatia: monjeentzat Maitinekin hasten da hurrengo eguna: gauerdiko edo goizaldeko errezoak dira Maitinak. Beraz Gabon Eguna ez zen maitinak bukatu arte hasten beraientzat.

Egoera politikoa oso berezia zen, bazen amnistia edo indultu baten itxaropenik ere. Horregatik joan ginen Gabon Eguneko erregearen diskurtsoa entzutera, ia erregeak zer esango horretaz. Zurrumurruak besterik ez ziren indultuarenak, ez genuen ere ezer espero. Han ziren monje gehienak. Eta ni, nola ez. Denok adi. Ezer berezirik ez ziola ziurtatu besterik ez genuen egin.

Oso bakarrik sentitu nintzen afari ondoren. Egongelara joan nintzen. Ez zegoen inor. Oso giro tristea zen niretzat. Bakardade izugarria sentitu nuen. Jasan ezinik, atera egin nintzen gelatik, baina ez zegoen inor, ez bere gelan ez beste inon. Monasterio barruko kaperan aurkitu nituen monjeak. Nahiago izan nuen Maitinetan beraiekin egon, Gabon Gaua beraiekin egin kaperan, elkartasunean, elkarrekin egoteko gaua zen, eta da, beraz beraiek zeuden tokian egotea erabaki nuen.

Gauerdiko Mezarako izan zen abestien entsegua. Beneditarrek badute gregorianoa ondo abesten duten ospea, egun horretan gertatu egin ziren.

Meza ondoren izan zen opariena. Meza eta luntxaren ondoren. Polita izan zen. Egon gelan. Nik neuk ez nien ezer oparitu, ez bainekien oparirik egonen zenik ere. Nolanahi opariak Monasterioak berak eginikoak ziren, dirurik ez dutelako monjeek. Nagusiak eta beste fraide batek aukeratu zituzten besteontzakoak. Gogoan dut trikornioarena: Tomasen oparia izan zen, izugarrizko ikusmira zegoen ia ze aurpegi jartzen nuen. Tomasek Montserraten zuen trikornioa, kontzentrazioren batean, Montserraten bertan, egon zen iskanbila bizi batean txapelokerren bati erori eta norbaitek lurretik jasotakoa. Nahiko barre egin genuen: jantzi nuen trikornioa, atera genituen argazkiak… Edan genuen, gozokiak jan... giro polita dut gogoan.

Neronekin eraman nuen trikornioa lehenengo Eibarrera gero Etxarrira: “ inutilen eguna” ospatzen da jaietan Etxarrin, soldaduskarako “inutil” bezala hatutakoen eguna. Militar eta guardia zibil mozorrotuta ibili ohi dira gazteak, desfilea ere egiten dute. Gazte bati eman nion nire trikornioa. Seguru urtero  darabilela oraindik gazteren batek.

Ohera joan ziren ondoren monjeak, nik ez nuen oherako gogorik. Gabon Gauak gaupasak izan ohi dira, goizalderainokoak behinik behin. Ni telebistan gelditu nintzen. Bakarrik, etxe-minez.

Gauerdiko Mezak izan zuen egun horretan esangurarik nagusiena monjeentzat ez ezik herritarrentzat ere: herritarren bilgunea zen gau horretan gauerdiko meza. Eliztar pila etorri zen mezatara.

Siona Jaunartzera joateak harritu ninduen, oso liberala eta nahiko sinesgabea agertzen baitzitzaidan beti.

Sakristian izan zen meza osteko luntxa: han ziren inguruko paies gehienak. Oso giro polita. Gogoan dut paies talde zabal batek nirekin egon nahi zuela, galdera pila zutela, nire gorabeherak konta behar izan nizkien. Euskal Herriko egoeraz ere hitz egin genuen. Asko luzatu zen paiesekin solasaldia, luzaro egon nintzen taldetxo batekin. Egina nuen jada harreman estua hainbatekin.

Bakardadea.

Oso bakarrik sentitu nintzen nonbait bakardadea hitza horrela, bera soilik,  idazteko.

Natibitate. Janaurreko mokadu eta zurruta. Bazkaria.

Bazkari oparoa izan zen. Eguerdian egin ohi dute guk gauez egin ohi dugun jatordu oparoa.

Maiatzaren 8a. Cardonako erromeria  izan da gaur: jende asko, kandela asko, diru asko.

Ez dut gogoan: ez dakit zergatik jarriko nuen erromeria hitza, seguruenik erromesaldia izanen zen, Amabirjinari urteroko herriaren bisita, erromeria deitzen ziotena. Jendartean nahastuta ibili nintzen, elizan ere, kartzelatik irten berri, jendartean egoteko egarria nuen. 

 

Festa-egun zibilak

Maiatzaren 1a. Erromeria eguna gaur Miraclen: inguruko apaiz eta erromes asko.

Meza izan zen, ondoren plazan ibili zen jendea. Jaialdiren bat ere izan zelakoan nago, arratsaldez batez ere. Trabukaireak ere su tiro eta ke ibili ziren, Coloma buru zela, epel-epel eginda denak.

Traktoreen ikuskatzea plazan: gurea soilik ez da agertu. Hurbilenak omen dira agertzen ez direnak.

Urteroko errutina zen. Ahaztu egin zela edo ezin izan zuela... Eulogi ez zen agertu. Agian ez zuen gogoko paiesen giro hura, edo bere traktore zaharra bestekin alderatuta ikustea..

Suak gauean!!!. Bere lagun trabukaireak ekarri ditu Colomak, fraide bat lagun, oso jatorrak denak. Sua, trabuko soinua, su gaineko jauziak, dantza, xanpaina... Afal ondoren tarta jan dugu xanpainarekin egongelan. Trabukaireak joan ondoren, hoteleko denekin ordu-biak arte egon naiz kontu-kontari.

San Juan bezpera izan behar zuen. Baina ez dut ezer gogoan gau honetaz!. Gau polita izan behar izan zuen arren. Oparo ospatzen ziren San Jaun suak Kataluniako alde honetan ere.

Gosegarria hartu dugu egongelan. Bazkaldu, berriz, xanpainarekin.

Egun handia zen S. Juan eguna Katalunian ez ezik monasterioan ere.

Sardana jaialdia meza ondoren. Bazkari nagusia Monasterioan.

Kanpoko jendea ere izan zen bazkari horretan, alkateak eta enparauak edo. Jantoki handian izan zen, bigarren jantoki handian. Plazan berriz etengabekoa izan zen sardana dantzaldia egun osoan. Egun alaia.

S. Pedro bezpera, su-eguna hau ere: Coloma trabukaire, boy skout taldea, dantza eta barrea. Sardanak, La Patcun...  Nik uste Miracleclo taldeak nahiago izango genuela geu soilik egon bagina kanpotarrik gabe. “Euskadia” izena jarri dioten ardo bota bat ibili da eskurik esku, “Gora Euskadi” batzuk ere bota dituzte, eta euskaraz ere abestu dugu su bueltako biribilean.

Koadrila bildu ginen suak bukatu ondoren. Lurrean eserita. Giro paregabea sortu zen.

 

Urtebetetzeak

Monjeen urtebetetzeak ospatzen ziren bazkaritan jaki  berezi batez, edo kopatxo bat hartuz gutxienez, besterik ezean Beneten ratafia kopa bat.

Urtebetetzea baino santu-eguna ospatzen zuten monjeek.

Xelebrea izan zen bazkal osteko kopa-hartze ohituraren bilakaera. Santu-egun izendatuetan edo urtebetetzeetan soilik hartzen genuen pattar kopa bana. Hasieran. Santu arruntagoen egunetan ere hasi ginen hartzen delako bazkalondoko kopa. Aitzakia guti behar izatera heldu ginen. Azkenez egun batez Santuario ordez San Tuario helbidearekin heldu zen gutun bat.  Ordutik aurrera Tuario ospatu genuen, egunero ez bazen ere sarri, kopa bat hartzeko gogoa sortzen zitzaionean guretako bati. “Ospatsen dugu Tuario?”. Jordi Hermanoa izaten zen barretxo batekin urrezko haginak erakutsiz sarrien proposatzen zuena, gehienetan niri keinua egin edo aurrez zerbait aitatu ondoren.  Nolanahi, ez ziren edari zaleak monjeak.

Seguru nago nik alde egin ondoren betiko erritmora bueltatu zela koparen erritoa.

Jordiren urtebetetzea. Kafearekin eta xanpainarekin inbitatu gaitu Jordik.

Jordi: beti zegoen zerbait ospatzeko prest eta gaur ospakizun egun paregabea zen. Gustuko zuen kopatxoa bazkal ondoren, baita puru bat erretzea ere. Egun handietan soilik erreko zen purua. Biok bakarrik ginen puru-erretzaileak. Segituan egin ginen konplize  biok.

Tomasen santu-eguna, bazkal aurrekoa, xanpaina.

Bazkal aurrekoa ez zen ohikoa urtebetetzeetan, baina Tomasen bazituen horrelako ukitu bereziak.

Justiren urtebetetzea ospatu dugu.

Mateuren santu-eguna. Xanpainarekin izan da bazkaria. Maistra ere gurekin zen, gazte eder ezkondu bat.

Mateu arduratzen zenez eskolaz,  normala zen maistra ere konbidatu izana.

Paies jaunak 500 pezeta utzi ditu bihar xanpaina eta postrea, hartzeko: inon kontura, herriaren kontura eginiko diruez?.

Grazia egiten dit gaur egun kartzelatik atera nuen justizia sozial sentipen tinko horrek.

Txanpaina eta guztiko bazkaria Paiesaren emaztearen urtebetetzea dela eta.

Maria, Tom-en emaztearen eguna zen.

Justiren Santu-eguna. Montserrateko Abata, beste Abata erretiratu bat, Tomas eta Lorenzo etorri dira Montserratetik, Joan eta Jose Kuxátik. Pikas lehendik dago hemen. Elkarrekin eman dute meza monasterioko kaperan, ni ere bertan egon naiz.

Federik ezak, ezta beste fede mota batek ere, ezin du inor aldendu lagun eta talde naturaletik horrelako egun eta ospakizunean.

Bazkaria: luntxa, txakolina, Errioxa ardoa, xanpaina, pattarra, whiskya. Hotela ikusten egon naiz monjeekin.

Montserrateko maiordomoa etorri da beste batekin arratsaldez. Liburu bat oparitu diot Justiri.

Evangelistaren santu-eguna ospatu dugu.

 

 

Granja

Ugariak dira nire egunerokoan granjari buruzko aipamenak. Oso errepikakorrak dira. Beraz, granjako gorabeherak argitzen duten aipamenetatik batzuk soilik ekarri ditut sail onetara.

Asko lotu ninduen granjak, lagunekiko harreman asko moztu edo baldintzatu zizkidan. Ez nuen obligaziorik, baina hartua nuen Eulogiri laguntzeko ardura, ez nion huts egin nahi izan nire zereginari. Bisita nuenean ere nire eguneko zeregin minimoa beteko nuen, goizago jaiki behar banuen ere.

Oso gogorra zen granjako lana. Asto-lanak ziren granjako lan gehienak. Eguneratu gabe zegoen, bitarteko eta baliabide zaharkituz eratua, besterik uste bazuen ere Eulogik. Agian dirurik ez zen monasterioan eguneratutako aparailuak erosteko, eta barneko egitura eraldatzeko. Justik esan ohi zidan granjak ez zuela irabazirik ematen, baina Eulogiri ezin zitzaiola granjarik kendu.

40 txahal jaioberri ekarri dituzte granjara, beraiei esnea edaten irakasten eta  jaten ematen  egin dut goiza.

Polita zen jaio berri-berriei edaten irakastea, baina aspergarria ere bai tarteka. Txahal jaioberriak zirenez, esnea epeldu, gertatu eta banan-banan eman behar zitzaion askori, errapeko ohitura galdu gabe oraindik, ez zekiten-eta ontzitik edaten, behatza ahoan sartuz eta ontzira eramanez erakutsi behar zitzaien.

Lekuz aldatzen ziren hasiaz zihoazen heinean, piloan egon ohi ziren txekorrok, lotu gabe, baina beti kortan. Handi egiten zirenean, jada zezen, lotu egiten genituen, bakoitza bere lekuan presotu. 

Ehoketa eta simaurra atera, gaurko lana.

Goiz joan naiz granjara, ehotzetik hasi naiz eta hiru ordu egin ditut, neu bakarrik nintzen gaur.

Txekor asko ziren, denbora asko behar zuen jana banatzeak soilik. Pentsua ematea zen gutxienekoa, denbora besterik ez zuen behar. Baina azpiak ateratzea lan astuna eta luzea zen, zikina, deserosoa eta nekosoa. Animalion artean ibiliz pilatu behar zen simaurra eskuare antzeko batekin, eta eskorgaz atera kanpora.

Hamahiru zezen eraman dituzte gaur gauean.

Zezen izugarri handiak ziren gizentze azken unera eltzean. 500 kilotik gorakoak. Lanak ematen zituzten batez ere lotura hautsi, lekutik irten eta handik hona hasten zirenean: izan genituen zenbait komedi xelebre eta haserregarri, arriskugarri ere, bakarren bat askatik askatzean. Zezen gizenduok eraman behar zirenean ere lanak egon ohi ziren kamioira sartzen.

Granjara joan naiz hamarretan: pentsuak gertatzen ikasi dut, granja ezagutzen hasi naiz.

Eho egin behar zen bai artoa bai garia, eskorgaz eraman behar zen errota mekanikora behar zen kopurua, eho ondoren beste zerbaitekin nahastu, bitamina edo antzerako nahasturekin. Ehotzea izan ohi zen nire eguneroko lan fijoa. “Molienda” deitzen genion. Bi orduko lana zen, luzea, astuna, zikina eta gogobetetzerik gabekoa.

Arratsaldez: irakurri, zerrautsa sartu granjan eta berriro irakurri.

Azpigarri bezala erabiltzen zen zerrautsa.

Goiz deitu dit Eulogik: ihes egin dute 10 txekorrek.

Kanpoan, granja inguruan, zeuden txekor iheslariok, gazteak ziren,. Auskalo nola lortu genuen kortara sartzea.

Bonba martxan jartzen eta abereei jana ematen egin dut aldi bat: igandea arren.

Nahitaezkoa dute lana igandetan ere nekazariek.

Belarrarekin dabil Eulogi.

Egun horietan neu bakarrik arduratu behar nintzen gortako lanez.

Belar sartzen: nekatuta.

Ez dakit nondik ekartzen zen belarra, monasterioko lurretan ez zen belarrik, garia soilik.

Ongarri kamioikada bat deskargatu dugu, lepaka.  Nekatuta nago

Seiak eta erdietan jaikiko naiz bihar Solsonara joan ahal izateko, aurretik ehotzea egin behar edo nahi dut eta.

Seiak eta erdietan jaikita egin dut molienda, goiz.

Bisitak nituen egun horretan eta ezin nuen egunez granjako lanik egin.

Lasto garraiatzen ibili  gara ilunabarrean: atoi handia erabili dugu.

Erori eta min hartu du Eulogik. Neu bakarrik nabil granjan, baina bere begiradapean.

Sesioa izan dut Eulogirekin: lan egin behar du esku mantxu eta guzti!. Haserretu egin naiz.

Zer egin behar zuen egun osoan monasterioan, bizitza osoa granjan ematen bazuen, egonean, granjarako bizi bazen!. Granjara etorri, eta behin etorrita zerbaiti heldu. Bera ere ezin geldi egon!!!. Ni, berriz, ipurterrea izan!!!. A ze parea.

Makalik dabil Eulogi. Nire gain dago granja: bai goiza bai arratsalde osoak egin ditut bertan, berandu heldu naiz afaltzera ere.

Lan asko dut granjan, gari ebakitzen  baitabil Eulogi.

Sail zabalak zituen monasterioak, han-hemenka barreiatuak, baina denak inguruan. Gogoan dut gustukoa nuela lanez aldatzea, eta gari ebakitze lanetarako irrikan nengoela, baina hori Eulogiren zeregina zen, eta izan behar zuen: Monasterioaren alokairuan emandako masia bateko anaiak etortzen ziren bere uzta-makinarekin, ez dakit doan, kontratuan zegoelako,  ala ordainduta. Auskalo!.

Lan guti dago granjan, euria egin du, beraz Eulogik ez du lanik soroan.

Lan askorekin dabil Eulogi, nahiko nekatuta  dagoelakoan nago. Hainbeste bisitarekin nik ezin diot lagundu ordea.

Belauna hondatuta du Eulogik, neure kontura dut granja. Kamioikada pentsu deskargatzen egin dut bazkalondoren.

Puztu egin da txekor bat, jaiki ezinik dago, granjan eman dut arratsaldea, zekorra salbatu ahaleginetan.

Zutik iraunarazi behar zitzaion. Tripa azpitik  uhal edo haga bat jarriz alde bietatik eutsiz. Azkenez zekorra hil egin zen, Eulogik lurperatu zuen nonbaiten.

Pare bat aldiz gertatu zitzaigun gauza bera.

Fardo biltzen egin dut egun guztia, Josep, Juan,  Antonio eta bi nobiziorekin.

Vilasekako paiesa zen Josep, sendoa, beti biserarekin eta irribarretsu. Fede handia zioten elkarri Eulogik eta berak. Katalunian garai batean, izan zen talde armatu batekoa zen, bakoitzak bere arma gordetzen zuen etxean, eskuindarrak zirelakoan nago, klandestinoak, inola ere ez Terra Lliurekoak, horren aurrekoak baizik, errepublika garaikoak seguruenik, izen propio zuten. Begien aurrean dut oraindik masia hau, bertako paiesa eta bere ama zaharra; honek perretxikoak batu, lehortu eta kristalezko ontzietan gordetzen zituen udaran saltzeko

Teilatua konpontzen ere egin dut granjan.

Ez dut gogoan ni horretan ibili nintzenik. Itoginen bat egonen zen, eta ni Eulogi baino gazte eta zaluagoa izanik goietan ibiltzea tokatu zitzaidan.

Lourdes etorri da telefonari lana egitera.

Lourdesi etortzeko eskatzea ni granjarako libratzeko zen.

Badiak zekorrak noiz eramango zain gaude aspaldian.

Tratantea zen Badia, berak eramaten eta saltzen zituen guk gizendutako zekorrak.

Gari ereiten dabil Eulogi.

Ez ninduen nahi izaten lan horietarako.

Traktorearekin soroko zokorrak apurtzen egin nahi dudan  galdetu dit Eulogik. Azkenik ere!!!.

Traktorea ibiltzea zen biziki desio nuena, berriz ere bolantea hartzea, gidatzea, nire granjako ametsa. Baina ez zidan uzten Eulogik: morroia izan zuen garai batean, traktorea irauli eta hil egin zitzaion, horregatik beldurra ematen omen zion traktorea niri uztea; biziegia ikusten ninduen gainera;  beldur zen, beraz harriak pilatzeaz nahiko izan nuen: traktorearen palarekin jasotzen zituen berak.

Gaur egin dut lehenengoz traktorearekin, alper-harriarekin soloan alderik-alde itzulika.

Txikitan ibiliak izandakoak nintzen idiek tiratutako alper edo are gainean Garaño, alboko baserriko soroetan, jolasa zen.

Traktorearekin soro dena erabili dut alper-harriz, gerritik gora gorri eguzkitan.

Egunak egin nituen traktorearekin.

Arazo asko izan nituen traktorearekin, ez zebilelako ondo, zaharra zen. Gelditu egiten zitzaidan eta Eulogiren bila joan behar izaten nuen. Azkenik hartu nion eskua, neuk konpontzen nuen.

Alfer lan ugari egiten dugu granjan, denbora galtze ugari.

Nahiko haserre ibili ohi nintzen granjan, ez zegoen seriotasunik, ganorarik, premiak etorri  ahala egiten ziren lanak, egin eta desegin askotan, betebeharrek gainditu egiten zuten sarri Eulogi, lanak eta premiek menperatuta ibili ohi zen, nahiko estu.

Ez nintzen egin nekazari, baina kontaezin ordu eskaini nizkion granjari, ikasi ere asko ikasi nuen, nekazaritzaz adina harremanez.

 

Urtebete monjeekin. Asko eman  zidan monasterioak, neuk ere  zerbait eskaini niolakoan nago.

etiketak: Miracle
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.