MIRACLE
Atarikoa
Miracle, non urte betez nire bizitza gauzatuko zen esparrua. Oroitzapen, sentipen eta esperientziaz oratuta dago nire barnean monasterioko osagai bakoitza. Nire bizitzan biziki mamitsu eta eragile izan zen bidegurutzea dira harreman oro, eraikin hartako zoko bakoitza, paraje haiek guztiak. Bakoitzak du bere xarma eta tokia, egunkarian ez ezik urte hartako bizipenetan.
Katalunia lurraldean, Lleida probintzian, Riner udalerrian eta Solsona elizbarrutian dago kokatua monasterioa. 1498tik omen dago dokumentatua santutegia. Amabirjina agertu zitzaien Cirosa masiako 10 urteko mutikoari eta bere arrebari
Mendi-magalean kokatua, Solsonaraino heltzen den beherazko lautada luze zabala du aurrean, Monjeen bizitokia eta santutegiaz harago, beste bost eraikuntza, masia bat eta lurralde oso hedatu baten jabe da Monasterioa. Horrez gain baziren, nire urte hartan behintzat, Monasterioko maizter ziren masia edo landetxeak bere soro eta lurrekin. Eliza gaineko komentu zaharrak eta jada erabiltzen ez zen La Casa Gran eta bertako ur-biltegi erraldoiak, erakusten zuten zenbaterainoko ahala izana zuen Monasterioak garai batean, nolako monje kopurua bizi izan zen bertan.
Monje beneditarrek dute, beti izan dute, bertako jabegoa eta ardura. Nahiko lur-jabego zabala arren, inondik ere ez da aberatsa gaur egun. Ekonomikoki nahiko juxtu bizi zirela iritzia jaso nuen nik.
Ondorengo kontakizunetan agertuko dira, nire urte hartako biziguneak baitira, hemen jarraian deskribatuko ditudan monasterioko pertsonaia, bazter eta osagaik.
Eraikinak
Plaza
Plaza zabal batekin eginen du topo monasteriora doanak. Plaza honek damaio Monasterioari arnasa ez ezik nolabaiteko batasun arkitektonikoa eta nortasun propioa, bizitasun eta dotoretasun ukitua. Bakea eta patxada eskaintzen du, besarkatuz bere baitan hartu nahiko balu bezala datorkion bisitaria edo erromesa.
Eliza-komentu zaharraren egitura eta fatxadak eskaintzen diote toki santuaren taxu eta traza kitzikagarria; monasterioaren fatxada eta sarrerak, aldiz, dotoretasun austeroaren ukitua; halako seriotasun baina aldi berean grazia arin batez biltzen du ingurua plazak; Casa Gran eraikuntza tzarrak, arkitektura zibil errenazentista eta barrokoa, nortasun sendo baten sentipena sortarazten du.
Monjeen bizitokia
Laukia da monasterioaren egitura. Eraikin karratu sendoa, harrizko marroi horixkara, irmotasun itxura dario, aldi berean dotoretasun kutsua damaie bere leiho kurbo eta balkonadek. Erdi erdian, monasterioaren arnas eta argia, klaustroa, karratua, bere ohiko arkupe, erdiguneko gurutze, berdegune eta paseatzeko bidexkekin, oso xumea, inolako dotoretasun edo apaindurarik gabe. Arkupeko korridoreetan, gelak.
Lehen solairuan dago monjeen bizitokia, karratua, klaustroa inguratuz. Klaustrora jotzen duen pasillo karratu zabal bat erdian, argia, klaustrokoen jite edo egitura bereko arku zabal kristalez estaliek babestua. Pasillo bueltan, kanpora dutela leihoa, monjeen gelak, egontokia, monjeen kapera, jantokia eta bestelako zerbitzuguneren bat: bertan zegoen telefonoa, nire gela ere. Behe solairuan dago sukaldea eta emakume zerbitzarien bizitokia.
Eliza-santutegia
Egitura bakarra osatzen dute santutegiak eta monasterio zaharrak. Eraikin erraldoi sendo bat. Plazaren iparraldeko alde osoa hatzen du bien fatxadak. Monasterioari itsatsita daude bai santutegia bai monasterio zaharra, pasabide batez igaro ahal da batetik bestera.
Santutegia: Abuztuko Andre Mariri eskainia. Handia, zabala, luzea eta garaia da barrutik eliza. Ederra, XVII. gizaldian eraikia, errenazimendu estilokoa, itxura dotorea du. Erretaula, koloretsua, Solsonar Barrokoa omen.
Ezkerreko horman mesedeen txokoa zegoen, bertan horman josiak, mesede-oroigarriak, zurezko koadroak, harra bete luzera-zabaleko koadro karratu nano tailatu-pintatu naifak, bere ezereztxoan ikusgarriak
Monasterio Zaharra
Monasterio zaharra deitzen zioten. Santutegiaren gainean kokatua, arku garai eta zabaleko balkonada du, garai bateko monjeen egon eta pasealeku zen seguruenik. Ekialdeko fatxadaren erdian balkoi landua duen terraza zabal bat, eta teilatuan bertan, harrizko eskailera kiribil estu batez igotzen den zabaltza, egon lekua edo agian inguruko lurra ikuskatzeko talaia.
Terraza
Terraza izan zen bakardade zoragarria eskaintzen zidan txoko isolatua. Munduan ez zen besterik zeru urdin pean, errege sentitzen nintzen hara gora igotakoan, han goian bakarrik, begirada guztietatik salbu, denaren gainean, talaian, munduari so. Egonaldia egin dut terrazan.Eguraldiak, lanak eta bisitek uzten zidatenean, han bakartuko nintzen, biluzik eguzkia hartuz edo inguruari so besterik gabe.
Casa Gran
La Casa Gran deitzen zioten. plazaren mendebaldeko alde osoa hartuz harrizko bi solairuko eraikin tzar bat, puska handia. Erromesak hartzeko jasoa. Mila eta bostehun urtekoa omen. Asko famatzen dute arkitektura gotiko zibil bezala.
Ur biltegia
Casa Gran azpian. 20 merotik gora izango ditu luzeran, 10 bat zabaleran, altueran bosten bat inguru. Harri landuz egina, berdin-berdinak ditu ormak, kurboa da sabaia luzera osoan eliza bateko ganga bailitz. Sabai horretan duen irekidura batetik sar ahal daiteke bertara, esku-eskailera batez. Halako zirrara eragin zidan hustu ondoren bertara sartu nintzenean. Monasterio eta bueltako hotel, taberna, etxebizitza eta gela-etxeko ur-beharrei erantzuten die.
Ur-biltegia garbitzen egin dut eguna.
Ia hustu egin zenean garbitzen lagunduko nion eskatu zidan Eulogik. Egunetako lana, astuna eta nekagarria, izan zen. Urteetako likina zegoen itsatsita, kirten luzeko erratzar latz-latz batez karraskatu behar ziren bai horma denak bai zorua, ur parrastadez garbitu azkenik.
Ura
Aita Eulogirekin joan naiz traktorean ur-ponpa martxan jartzera.
Inguru dena da lehorra, ez dago errekatxorik ere. Monasterioko lurren ertzean dago ur-bonba, beheko sakon batean, bi pinudi aldapatsuen barrenean, traktorez joan ohi ginen.
Ur-ponpa martxan jartzen, eta martxan nola jarri ikasten.
Aspaldiko moto-ponpa zahar batez ateratzen zen ura, aje asko zituen. Eulogiri begiratuz hartu nizkion trikimailuen nondik norakoak. Jarri izan zuen nuen neuk ere ur-biltegiak behera egiten zuenean.
Eskola
Casa Granen zegoen auzoko eskola. Inguruko masietako umeek eskolatzen ziren bertan. Maistra batek ematen zuen eskola. Mateu monjea arduratzen zen kudeaketaz. Berak ematen zien umeei dotrina.
Alboko etxea
Adinean aurrera zihoan matrimonio bat bizi zen behe solairuan. Lehen solairua hutsik zegoen eta Mateu monjearen anaiak alokatzen zuen uda guztirako.
Denda.
Dendatxo bat zegoen errepide ia alboan. Monasterioarena. Ba zen gauza politik bertan, batez ere zeramika lanetan. Asteburuetan eta udan zabaltzen zen, erromes talde bat zetrorenean ere.
Taberna-Telefono-zentrala
Errepide alboan, taberna, telefonoa eta biez arduratzen zen matrimonioaren etxebizitza, hirurak eraikin berean. Paiesak, erromesak eta hoteleko bezeroak ziren tabernara jotzen zutenak.
Ziri eta kablez osatutako tablero horietako zen telefonoa.
Hotela
Behe solairu eta bi estaikoa. Monasterioak zuen jabetza, alokatua zegoen. Bezero franko izan zuten ni egon nintzen urtean, nigana etorritako bisitak zirela eta.
Zeldak
Bi solairuko bi eraikin ziren monasterioko terminologian “zeldak” deituak, gelak alegia: alokairuko apartamenduak ziren izan. Udan eta Aste Santuan irekitzen zituzten.
La Cirosa
Masia izandako etxebizitza bat zen. Etxea hutsik zegoela eta, bikote gazte bati emana zuten. Monasterio, taberna, hotel eta zeldetako zaborra jasotzeko betebeharra jarri zieten, baina ia ez zuten hitzarturik betetzen.
La font del bisbe
Gotzainaren iturria, txoko bildu aparta, lautada beheranzkoari begira. erakargarri aparta behar zuen bere garaian. “Font del Bisbe” aurkitu dut. Txoko atsegina. Leku idilikoa litzakeena, tamalez erabat utzia zegoen. Joan izan nintzen bakardadean lasai egotera. Azeri gazte batekin aurkitu nintzen behin aurrez-aurrez, bertatik bertara: hondakin bila-edo beste zer janik ez-eta etorria, nonbait. Elkarri begira egon ginen tarte batez, eta joan zen, lasai.
Inguruak
S. Gabriel: ermita, monasterio gaineko maldatxo piko luze samar baten hegian, leku aparta, ibilaldi labur baterako aproposa.
Trikuharria: ermitatik gertu, ikuspegi zabala edonora begiratuz. Gozagarria, batez ere ilargi beteko gauetan, aukera paregabea eskainiz trikuharri gainean eseri edo etzan eta izarrei begira denbora egiteko.
Gurutzea: burdinazko gurutze garai loratua, ederra, monasteriotik ez oso gertu baina ez urruti ere, egontoki atsegina, agian urteko zenbait elizkizunekin lotua, bertara eginen ziren garai batean errogatiba, letania edo antzerako prozesioak..
Robillonera: errepide alboko pinupe atsegin bat, ibilaldi labur baterako egontoki apetatsua. Hoteleko gazteekin egiten nituen ilunabarreko paseoetan agertzen da.
Granja
Blokez eginiko eraikin ezin arruntagoa, zarpeatu ere gabea. Aldatzean jasoa, lastategia zen goialdeko solairua, goialdetik zuen sarrera. Estai honetan zegoen ere pentsua ehotzeko errota, baita pentsu eta antzerakoak gordetzeko biltegia zen esparrua ere. Behean zegoen hazienda: txahalak alde batean, zekorrak erdian, eta zezen gizenduak beste ertzean. Hirurogeitik gora denera. Txahal jaioberriak erosten ziren eta gizendutakoan saldu. Izugarrizko animaliak ziren bukaeran.
Dena zen hala-moduzkoa granjan. Zikin plantakoa, garbitzen saiatu arren. Aspaldiko antolakuntza eta hornidura zuen. Granja ingurua bera, zaindu gabea, tresneria zahar herdoildua bazterretan, erabiliko ziren golde, bostortz, are eta gainerakoak kanpoan nolabait utziak beharko ziren arte… Gaina hartua zion Eulogiri granjak, ezin zuen maneiatu behar bezala. Berak ez zuen sasoirik horretarako eta langileak hartzea garestia izateaz harago ardura berezia beharko zuen.
Lastategia
Iparraldeko soro sailen ertzean, behe solairu soila zuen harrizko eraikina. Jada ez zen ia erabiltzen baina lasto xeheko azpi sendoa zuen.
Baratza
Baratz txiki bat zegoen monasterioko sukaldera sarrerako ate aurrean. Benet legoa arduratzen zen. Bere jobi eta denbora-pasa bat zen. Besterik ez. Jangai dena kanpotik ekartzen baitzen. Jaten genituen, nolanahi, garaian garaiko bertako fruituak ere, patata, tomate, baina…
Masia
Monasteriokoa, alokairuan emana. Bi anaia mutil zahar bizi ziren bertan, biak nagusiak, bakardade osoan. Otsanak eta isilak. Oso katalan abertzaleak biak. Batek oso hitz guti egiten zuen. Ez dakit zenbat ordainduko zioten monasterioari. Noizbehinka Eulogik deitu ohi zien beraien makinaren batekin zeregin konkretuak egiteko, ez dakit lan ordaindua izaten zen ala maizterraren betekizun bat.
Soroak
Bazituen lurrak monasterioak: alokairuan emana zituen gehienak. Monasterioak berak ere erabiltzen zituen sail batzuk. Garia jasotzen zen. Masietako paiesak ekartzen zituen Eulogik, ordainduta, uzta lanerako.
Pinudiak.
Pinudi sailak ere bazituen monasterioak. Berenez jaiotzen ziren pinuok landatu beharrik gabe: nolako barreak Eulogik esaten nionean gureetan landatu egiten genituela pinuak, hazitakoan bota eta egurra zaldu egiten zela. Ez dakit ze probetxu ateratzen zien, ateratzen zienik ere. Horrelakoak ziren inguruko pinudi guztiak. Harritzen ninduten, asko eta asko harkaitz bizian erne eta gizendutakoak baitziren, pitzaduretan jaioak, auskalo noraino hondoratuta zuztarrak umeltasun bila.