MIRACLE
M I R A C L E
ARGIBIDE GISA
EGUNKARIA
Urte emankorra izan zen monasterioko kartzelaldia. Nire bizitzan erabakigarria, Zamorako urteekin batera.
Egunkari bat idatzi nuen non eskematikoki jasotzen nuen eguneko zenbait zertzelada eta bizipen, oso nekatua bukatzen nuen arren eguna, idazteko denborarik ere gabe, edo, izan arren, egunerokoari idatziz sakonago ekiteko burutazioetan luzatzeko, nire sentipen, harreman eta gainerako xehetasunetan murgiltzeko indarrik, patxadarik, girorik edo baldintzarik gabe. Nolanahi gauerdian edo biharamunean lehen orduan, ez nion hutsik egin jarritako diziplinari, lerro bakar batzuk besterik ez bazen ere.
OROITZAPENAK
Hor zegoen egunkaria eskuz idatzita blok batean. Koadernotik ordenagailura pasa nuen Etxarrin, nire garunei eragiteko ariketa bat bezala.
Nire sentipen eta emozioen hutsunea aurkitu nuen egunkari hura berrirakurtzean. Nola bizi izan nituen barrutik hainbat une hunkigarri: egun haietako egoera eta bizipen bitxiak, kontraesanak, nire bilakaera pertsonala arlo ezberdinetan, bizi izan nituen kontrasteak, sentipen goxoak eta larriak, monasterioko giroa, harremanak, monjeekiko kidetasuna... egoera politikoa… Kanpotik kontatzen ditut, azaletik, ez da ageri orduko barne bor-bor hura. Zurrunbilo hartan ez nuen izan idazteko patxadarik, tarte lasai askorik ere.
Kondena betezko azken urte hura errealitate edo esperientzia egunkarian niona baino asko zabalagoa ez ezik sakonagoa ere izan zela jabetu nintzen egunkaria irakurtzean. Hutsune hori nolabait bete asmoz oroitzapen, zehaztasun edo argipen batzuk gehitu nizkion egunkariari. Letra etzanetan utzi nuen Egunkaria, lerro mota ohikoetan gehigarriak.
SAILKAPENA
Hor nituen, alde batetik Miraclen idatzitako egunkari edo egunerokoa, eta bestetik gero Etxarrin gehitu nizkion nire oroitzapenak. Jada berriro Eibarren bota nien begirada bat lerrooi. Errepikakorra, aspergarria ere, egin zitzaizkidan.
Uste izan nuen guzti horrek eman ahal zidala aukera nolabait sailkatu eta idazkioi gorputz bat emateko. Agian egunen batean sasoiko eta umoreko banengo narrazio edo kontakizun harilkatuagoak egiteko materiala izanen zitzaidala. Horrela ba, sailkatze lan bati ekin nion. Eskema baten inguruan joan nintzen biltzen egunkarian sakabanatuta dauden nolabait parekotasuna duten pasarteak.
LABURPENA
Pandemiako itxialdian bota nien beste begirada bat egunkaria eta gehigarrioi: astuna, ia aspergarria ere, egin zitzaidan oraingoan ere. Laburtzea erabaki nuen, nire Miracleko urte haren begirada trinkoagoa bat egitea, bakandu, jorratuz, arinduz, egoera errepikagarriak baztertuz, aspergarriegia izanen ez zen zerbait laburragoan utziz, beti ere funtsezkoenak gordez.
Letra etzanean utzi nuen orain ere egunkarian datorrena, beste dena nire ondorengo oroitzapen eta azken iruzkinak dira.
BLOGEAN
Jabetzen naiz dena dela oso pertsonalegia, inor gutxiri interesatu ahal dakiokeela nire esperientzia hori. Interesgarria izan ahal den kontakizun edo istorio landu edo borobilduei ekiteko sormen gaitasunik ez dut. Kontakizuna nahi duenaren eskura uztea erabaki dut, azkenik, zalantza askoren ondoren. Ager dadila blogean. Agian norbaiten interesgunea sortaraziko du.
ZERTAZ
1.- Joanekoa: Atarikoa – Caravanchelera - Miraclera bidean - Iristea.
2.- Monasterioa. Atarikoa - Osagaiak - Monjeak eta zerbitzariak - Giroa - Festa-egunak – Granja.
3.- Askatasun egarri. Askatasunera ohitzen - Ihes aukera.
4.- Bizi nahian. Jende-min - Bizi-min - Ibilaldiak.
5.- Harremanak. Bertakoekin - Masiakoekin - Han-hemengoekin - Prentsarekin – Gutunak – Deiak.
6.- Bisitak. Orokorra - Familia - M. Luisa - Apaizak - Laikoak.
7.- Giro soziopolitikoa.
9.- Azken egunak
10.- Drak.
- 1. JOANEKOA
Atarian
Julen eta biok geratzen ginen soilik Zamoran. Delitu politikoz eta epaitegi militarrak kondena luzez zigortutakoak biok. Kanporatuak ziren beste denak. Irtenbide ezberdin bat aurkitu behar zitzaigun gu bioi. 53 apaiz pasatu ginen Zamorako Konkordatu kartzelatik, tokatu izan zen batera hogeitik gorako taldea. Azken aldian, aldiz, 5 soilik geratu ginen luzaro. Jasanezina bilakatu zitzaien bai Elizari bai Gobernuari apaizentzako kartzela hura: apaiz presoon jarrera tinko salatzaileak, hainbat gose-grebak, kartzela deuseztatu zuen mutinak, kanporaino heldu zen 17 metroko tunelak, zigorra zigorraren ondoren jarri beharra zekarren barnekoon jarrera irmoak… eta kanpoan, Euskal Herrian, Espainian zein internazional mailan, gero eta hedatuago zegoen presioak, behartu egin zuen Estatu espainiarra apaiz zigortu gehiago Zamorara ez bidaltzera. Bost soilik geratzen ginen, beraz, azkenik. Ez Elizarentzat ezta Estatuarentzat ere, ez zen jada errentagarria, kaltegarria baizik, kartzela hura. Kontraesan sakonean sartuak genituen bi botereak. Franco hilda, aldaketa politikoa ere lagungarria zen apaizen kartzelari amaiera emateko.
Gerra eta Diktadura garaiko gehiegikeria eta delituak zigorgabetzeko bidea besterik izan ez zen amnistia deitutako hark ere ahalbideratu zuen Konkordatu kartzela bertan behera eta lehenbailehen amaitutzat ematea. Etxeratu zituzten beste hirurak. Bi soilik geratu ginen bada. Julen eta biok. Gure kondena eta balizko delituekin, deserosoa zitzaien bi botereei gu biok libre uztea.
Bagenekien denbora gutxirako ginela han. Bagenekien ere biok komentura eramateko asmoetan zebiltzala. Komentua: kartzela harekin bukatzeko trikimailua. Ez genion guk uko eginen komentuari. Kartzela arrunta exijitzea izan zen apaiz kartzelaratuon helburu nagusietariko bat, exijentzia aldarrikatuena. Ez ziguten inolako kasurik egin, Konkordatu Kartzela erabili zuten apaizok beste preso politikoengandik banatzeko. Konkordatu horretaz baliatuko ginen, beraz, kartzela uzteko. Konkordatu kartzela itxi behar zutenez, komentua zen orain guretzat kartzelatik ateratzeko aukera nagusia, iheserako aukera ere agian. Eta horretaz baliatu nintzen. Jada ez nuen mezarik ematen, ez nintzen apaiz sentitzen, baina ez nion ofizialki apaizgintzari uko egin, izaera horretaz baliatu baziren nire militantzia lagunengatik aldentzeko, izaera horretaz baliatuko nintzen kartzela uzteko. Aurpegiratu izan didate ez nuela zintzo jokatu. Nire kontra erabili zuten trikimailu bera erabili nuen beraien aurka neuk ere. Besterik ez.
Bazen hirugarren apaiz preso bat ere. Fraidea. Zein zen jakin ez genuen delitu arrunt batengatik kartzelaldi oso luzerako zigortua. Kartzela berean arren bere gisako bizimodua zeraman. Jantokia eta eguneko gela partekatzen genuen soilik berarekin. Lo ere gaixotegia deitutako gela batean egiten zuen, bakarrik. Gu politikoak ginen, bizi-baldintza justu batzuengatik borrokatzen genuen, baina berak, nahiz guri hitzez kartzelarekiko eta kartzelarientzako sekulako ezadostasuna, gorrotoa ere, erakusten zigun arren, gure bizimoldeetatik urrun nahi zuen gorde. Egiari zor, azpilan eta isilpekoko sareak beti baitaude hedatuak kartzelan, bere ohiko jarrera ikusiz, geu ere ezin ginen beraz fida. Izan ziren beste zenbait apaiz delitu arruntengatik kondenatuak, nortzuekin beste era batera konpondu ginen.
Ez genion gure komentura irteeraren berehalakotasunaren berri eman, bide ez ofizialetik, ia klandestinotik, etorri baitzitzaigun notizia.
Ez zitzaizkigun luzeegiak egin azken egun bakarti haiek, inola ere jasangaitza suertatu bakardadea, are gutxiago aspergarria. Amets eta zeregin berriak genituen ohiko jarduerez gain. Abokatu eta familiaren bidez jakin genuen bakoitza ze komentura garamatzaten. Liburutegian genituen mapa eta atlasetan kokatu genituen bakoitzaren komentuok. Ez zen lan erraza izan, herri txiki galduetan, hiri eta herri handietatik urrun edo at baitzeuden. Azken egunetako batean komentua aldatu egin zigutela abisua pasatu ziguten. Ni nindoanera joango zen Julen, ni, aldiz, Katalunian, Lleidako goialdean, Solsona lurraldean, Frantziatik nahiko gertu zegoen Miracle monasteriora ninderamaten. Komentuak ez ziren harberak: ETAko kidea, kondena handikoa, Burgosen epaitua… ez ninduten hartu nahi, beraientzat arazo bat bilakatu nintzatekeen eta. Lazkaoko beneditarren komentuko abata zen Aita Maurok, izen eta eragin handikoa bera, honek ahalbideratu zuen Miraclek ni onartzea. Montserrat monasterioaren menpeko zen Miracle, beneditarrak ziren bertako monjeak. Kosta zitzaigun delako Miracle aurkitzea mapan, letra oso txikietan idatzita zetorren izena, Solsonatik hur, agian inguruan santutegi nahiko ezaguna zuelako zetorren etorri ere mapan. Argi zegoen paraje galdu bat zela.
Gure betiko erritmoari jarraitzen genion, nolanahi. Ordu asko eskaintzen genion irakurtzeari. Patioan ariketa fisikoa egiteari ere ez genion utzi. Baina hara non zeregin berri bat ezarri ziguten kartzela-buruek: geneuzkan liburu, karpeta eta paper multzo guztien zerrenda egin behar genuen. Bagenekien prozedura antzu bat besterik ez zela, burokrazia hutsa: ez maisuak, ez inork, ez zuen zerrenda hori zazpi urtetan banaka edo oso gutxika sartutako liburuekin erkatuko. Hainbat liburu eta idazki zeuden klandestinoki sartuak edo geuk idatziak. Libururik ez zela kartzelatik aterako suposatzen zuen agindu horri ezetzak, guk, aldiz, kanpoan nahi genituen liburu guzti horiek, kartzelako apaizon liburutegia zen, nahiko lan eta zailtasunez osatua. Zerrenda eginen genuen beraz. Batek izenburuak ahoskatu eta besteak idatzi, luze joan zen zeregin berria, baina bukatu genuen. Kopia bat ere egin genuen. Lan horri esker daukagu gaur egun Konkordatu Kartzelan irakurri genituen liburuen katalogoa, liburutegi mardula, kartzelako zertzeladak dakartzan “Intxorta 1937 Elkartea”k argitaratutako “Zamorako Landan” liburuan datorrena. Kaxak eskatu eta kaxotan enbalatu genituen liburuok, maisuak zerrendari onespena eman ondoren.
“Beltzak esan zidan behingo-behingoan garamatzatela, gaur gauean ez bada bihar goizean.”
Kartzela urteetan jator portatu zitzaigun presozaina zen Beltza deitzen geniona. Presozain soila, galoirik gabekoa. Azalagatik deitzen genion gure artean Beltza, gaztelar azal ilunekoa baitzen. Zintzoa, aldi berean zuhurra. Mesede egiteko prest beti. Hainbat azpi mezu ekarri zigun, hainbat azpi jokabideri ezikusi egin ere bai. Baina inork baino hobeto zaintzen gintuen berak. Beti zegoen, gure inguruan. Guk geuk ere berari kalterik ekartzerik nahi ez geniolako hainbat ekintza ez genuen bere guardia egunetan egin, Baina ekintza garrantzitsurik ezin izan genuen bere zaintza egunetan egin, esate baterako, ezin izan ginen behin ere tunel zulogintzan aritu bere guardia egunetan. Berak bazekien zertan itsuarena egin, guk ere bagenekien zertan ez zuen itsuarena eginen. Beste hainbat azpilan, aldiz, bere zaintza egunetan egiten genituen bera jakitun jarrita.
Irten ginen azken ibilaldira patiora. Beti da sentipen-koktela despedida bat. Aurpegi bikoitza du agurrak: bizitakoaren oroitzapenak eta zer izango zalantza. Joana eta datorrena, izana eta geroa. Alde biko moneta. Edozein aldetara begiratzen dugula ere, beti du bere ifrentzua agurrak. Irrikan eta pozez gainezka geunden behingoz kartzela uzteko, pozez gainezka bihar horma haien bestaldean egonen ginelako, bor-bor genituen barne zirrikitu denak irteteko ametsa gauzatu ametsez. Etorri beharrekoa etorriko zen, gertatu beharrekoa gertatuko, baina zaila zen zetorrena kartzela hura baino okerragoa izatea. Nolabaiteko nostalgiaz ere begiratzen genien patioko hesi gotorrei, kartzelako hormei, ageriko pasillo luze hari, jada hilotza zirudien eraikuntza tzar hari. Patioko biok ezik, ez zebilen inor munstro hartan. Auskalo non gordeta zegoen Jose. Baina zurrunbiloan zetozkigun bioi bizipenak: zenbat lagun berri, zenbat harreman estu, zenbat arrisku, zenbat poz, zenbat ordu txar, zenbat xera, zenbat barre, zenbat barne-negar, zenbat… zenbat…
Koipe etorri zitzaigun patiora. Ofizialki berak esanda jakin genuen jada bagindoazela, hurrengo goizean garamatzatela.
Koipe ere presozaina zen, galoiduna, Zerbitzu Buru izateko bidean. Oso leuna. Kristaua. Legera lotzen zena. Huskerietan ezikusiarena egiten bazekiena. Huskerietan soilik, baina. Ezer arriskatuko ez zuena. Utziko zigun telebistan Frantziako Tourra ikusten baimen-orduz beranduago bukatzen bazen; berak, baina, alde egingo zuen gutun bila edo beste aitzakiaren batekin, noizbait goiko inork galdetzen bazion zerbait, berak ezer ez zuela “ikusi” esan ahal izateko, nahiz jakin telebista ikusi genuela orduz kanpo: ez da susmoa, luzatzeko baimena eskatu nion batean berak esanda dakit.
Beraz, ofizialki genekien jada biharamunean uzten genuela kartzela. Eta ekin genion ageriko azken prestaketei, eman genien azken ukitua irten aurrerako utzitako zertzeladei, geurekin eraman nahi genuen jantzi, liburu eta gainerako beharrezko trepeta pertsonalei. Ez genekienez hurrengo egunaz ezer, bokadiloak ere prestatu genituen. Joseri ere esan genion biharamunean gindoazela. Ziur geunden bera ere laster aterako zutela, kartzela hura bukatutzat emateko.
Maisua ere etorri zitzaigun. Despeditzera. Pertsonaia alua, urteen buruan ere bere irudia ezabatu ez zaidana. Agian bere heziketagatik, karguagatik eta zereginagatik beste zerbait eskatu behar zitzaion, baina presozain zikin hutsa izan zitzaigun zazpi urte luzeetan. Erraza zuen hitza, baina kartzelari petoaren jokabidea zuritzea zen bere ahalegin bakarra. Beraren bidez jakin ahal izan genuen egun horretan Jose bertan gelditzen zela oraingoz, bihar gu biok, biok batera, Madrilera garamatzatela lehenengo, etzi eramango gintuztela Madriletik bakoitza bere egontoki berrira. Horrela ibili behar izaten ginen kartzelan zerbait jakiteko, hari-mutur bati tiraka kartzelariengandik zerbait argitzeko. Ez dago giza-lege ohizkorik kartzelan. Ez dizute zuzenean egiarik esanen. Zigorra edo berri mingarriren bat ohi da presozainek presoa jakinaz gain uzten duten egia bakarra.
Bagenekienez bagindoazela komentu batera, baita zein komentura ere, ez gintuen, beraz, berebiziko poztasunak astindu hurrengo egunean gindoazela notizia ofizialak. Zamorarekin bukatu genuela zen sentimendu pozgarri nagusia. Nolakoa ote gindoazen komentua eta nolakoa hango egoera, hori zen une hartan zetorkigun galdera, jakin-mina eta kezka. Bagindoazen 7 urtez eduki gintuzten zulotik, komentua ez zen okerragoa izango, eta okerrenean ere handiagoa izanen zen ihes egiteko aukera.
Lo txarrekoa izan naiz. Harritzekoa bazen ere, oso ondo egin nuen lo Zamorako azken gau hartan. Gaina hartu zion agurreko gau hartan Konkordatu-kartzelaz bukatu izanaren patxadak bizitza aldaketak zekarkigun urduritasunari.
Caravanchelera
1976. Martxoaren 26a. Ostirala
Labirinto bat da kartzela: irtenbide bakarra duen eraikuntza da izan ere. Mila zirrikitu, gela, txoko, ate, burdinsare, korridore, pasabide ditu… baina beti kartzelaren baitan kiribiltzen dira horiek denak, kartzela barnean bukatzen dute. Irteerako atea soilik duen eraikuntza da kartzela presoarentzat. Ate bakar horrez harago, airetik edo lur azpitik, ez du beste aterabiderik. Goitik edo azpitik. Amets eginak ginen nola gainditu gainetik hormak, baina sator lanetan saiatuak ginen batez ere gu, zeharkatuak genituen lurpetik bi hormak, kartzelako eraikinenenarenak eta kanpokoarenak, zeharkatuta karrajoa 17 metroko tunel batez, ikusia genuen zulotxo batetik kanpoko argia. Irten bezperan harrapatu gintuzten.
Eta hara non ate handitik aterako ginen oraingoan. Preso oraindik, baina hormatzar haietatik kanpo. Esperantza ikuspegian.
Zortziak laurden gutxiagotan atera gara, edo atera gaituzte. Ez genekien nora garamatzaten.
Zortziak laurden gutxiagotan atera gintuzten. Kartzelako trasladoetako betiko protokolo edo zertzeladak: hatz markak… eta bagoaz. Bagaramatzate. Eramanak!: gauza bat besterik ez baita presoa presozainarentzat, gizakia dirudien gauza. Paperean eta diskurtsoetan besterik badiote ere. Tentuz tratatzen dituzte agentziek paketeak, lehenbailehen entregatuko dute bere destinoan, bezerorik ez galtzeko. Presoen trasladoa, ohikoan, pakete baten entrega baino askoz luzeagoa da, okerragoa; tentu gutxiagoz tratua da presoa agentziek pakete bat baino. Egunak behar dira preso bat kartzelaz aldatzeko, kartzelatik kartzelara eramango dute, furgoian, bat han utzi eta hemen beste bat hartu. Jaso eta entregatu. Tokatzen zaion kartzelara heldutakoan utziko dute han. Izugarri latzak ohi dira furgoiko baldintzak ere, pilatuta, eskuak lotuta... Errealitate gordin hori zuritzen ahalegintzen dira kartzela arduradun eta erantzuleek, baina erabat gordina da presoekiko tratua. Trasladoetan ere. Merkantziek ez bezala, zigorra merezi duen zerbait da kartzelazainentzat presoa. Latza da diodana. Baina hor dago errealitate ankerra. Familiartekoek ere egunak pasako dituzte urduri, trasladoetan, senidea ez non ez nola dagoen jakin gabe.
Garaipen sentipena genuen guk Konkordatu Kartzelako ate handia atzean utzi genuenean: lortua genuen Konkordatu Kartzelarekin bukatzea.
Txapelokerrek gordeta. 3 jeep, Julen eta ni erdikoan, lotuta.
Eskuak aurrealdetik, ez atzean, lotuta, zorionez. Apaizenganako begirunea nonbait, pribilegioa.
Hamabiak aldera ginen Caravanchelen. Txiletarra, kaboak ... itxaronaldi luzea.
Luzaro itxaronarazi gintuzten: agian ohizkoak dira itxaronaldi luzeok trasladoetan, ze axola presozainari bidaia luze baten ondoren presoa erabat nekatuta, gorputza minduta, badator.
Araketa: prakak kendu dizkigute: ordu onean ez genuen hartu osaba.
Ohituta ez geunden araketa egin ziguten: prakak jaitsi behar izan genituen. Eskerrak osaba ez dudala hartu pentsatu nuela dut oraindik gogoan. Zamoran izan genuen walki talkiari lehenengo eta hura erori ondorengo irrati nanoari deitzen genion “osaba” kartzela barruko eta kanpokoekiko argotean. Galtzontziloetan eramaten genuen. Gurekin eraman edo ez ezbaian egon ginen Julen eta biok, azkenik patioko zoruan lurperatuta utzi genuen
Erizaindegian, banaka, bakartuta.
Erizaindegiari buruzko lehen iritzia: ez da uste nuen eta entzutez irudikatu nuena bezain ona.
Erizaindegian jarri gintuzten, banaka, bakartuta, isolatuta.
Ezagutzen genuen nolabait erizaindegia. Zamoran egin genuen gose-greba aurrera zihoala eraman gintuzten bertara, jada Zamorarekin bukatu eta kartzela ezberdinetara sakabanatzeko erabakiaren ondoren. Zamorara itzuli gintuzten: gaur dakigu militarrak jarri zitzaizkiela aurrez- aurre Elizari eta Gobernuari, ezin omen zen-eta gose-greba batengatik amore eman.
Pacoren kontakizunei zor, Zamorako kide bat zen Pako Caravanchelen sarri egona multa ordain ordez, nahiko idealizatuta genuen ospitale hura. Aurreko hartan denok areto bakarrean egon ginen, denok elkarrekin. Bizipen kaskarra eragin zidan oraingoan delako ospitaleak, kartzela peto bat besterik ez zen. Gaixoen egonlekua izatea zen ezberdintasun ia bakarra.
Araketarengatik sutan pasa dut arratsalde gehiena, patiora begira.
Zamoran ez ziguten behin ere horrelako araketarik egin, onartu ere ez genuen onartuko, erabat behartu beharko gintuzten, eta seguruenik zigor gogorrak jasoko. Araketetan ez genien presozainei atzamarrak tripa barrenera hurreratzen ere uzten: une zitalak pasatuak ginen hori dela eta. Amore eman genuelako nengoen haserre. Errazegi utzi genielako prakak jaisten. Bizitza berri bat hastera gindoazen egoera bereziak bustiko zidan bolbora.
Patioa: janzkera berdinak denek, joko ezberdinetan presoak, tipo bitxiak... bizitza pil-pilean, bor-bor.
Ez liburu, ez arkatz, ez paper, ez ezer, orduak eman nituen leihotik patiora begira. Ez dakit zein modulutako patioa izanen zen. Guk bizitu beste kartzela mota bat zen hura. Ezberdina eta bitxia gertatu zitzaidan patioa erizaindegiko leihotik ikusita. Noizbehinka aurreko pabiloiko leihoetan soilik ikusi izan genituen, tarteka eta banaka, preso sozialak Zamoran. Ezberdina egin zitzaidan patioa, ezberdinak patioko biztanleok. Denek janzkera berdinez, oso tipo bitxiak ikus zitezkeen, jolas eta joko ezberdinetan zebiltzan… Bizitza pil-pilean, bor-bor, batez ere gutxi geratu ginen Zamorako azken urteetako baretasunarekin alderatuz. Labirinto bat bada kartzela, labirinto bat gara pertsona bakoitza ere. Labirinto barnean bizi ginen labirintoak ginen presook. Han nekusan preso bakoitza ere. Irteerako ate bakarra zuen labirinto hartan bakoitza bizitzari bere aterabidea aurkitu ahaleginean bizi zen gizataldea ginen, nahiz bizitzak bere bidetik eramango gintuen. Misterio bat zitzaidan haietako bakoitza.
Ez dugu politikorik ikusi, ez baikaituzte zazpigarrenera eraman.
Kartzelako nonbaiten, moduluren batean, egonen ziren preso politikoak, ez genuen inolako aukerarik izan beraiekin elkartzeko, baina gogoan nituen, eta beraiekin egoteko irrikaz nengoen.
Miraclera bidean
27a. Larunbata.
Presaka altxarazi gaituzte ohetik.
Ezustean harrapatu nindutela dut gogoan. Goiz. Ahalik bizkorren prestatu eta berehala ginen presozainari jarraituz irteerako atean.
Gurrutxaga eta beste bi preso politiko ikusi ditugu: goiz hartan bertan Burgosera eraman zain zeuden. Hitzalditxoa bat egin dugu.
Lauso dut Gurrutxaga eta beste biekin bat egin genuenekoa.
Julen eta biok agurtu gara azkenengoz. Oraingoz.
Han banatu ginen Julen eta biok elkarrekin Zamoran egindako zazpi urteen ondoren. Bakoitza bere komentura. Auskalo noiz arte, baina berriz elkartzea laster izanen zen itxaropenez. Mila sentimendu bor-bor: kontrajarriak ohi dira agur oroko sentipenak gehienetan, bidegurutzea baita agurra, iraganaren eta datorrenaren muga. Joanari bizkarra, datorrenari branka, izanaren-eginaren zein ametsen-itxaropenen motxila bizkarrean. Gazi-gozoa da agur oro, poza nahiz samindura gailentzen zaio.
Bidaia: 3 jeep eta autobusa, 12 txapeloker, gehi bidekoak.
2 jeep eta autobus batek osatzen zuten naraman segizioa: jeep bat aurrean, beste bat atzean, ninderaman autobusa erdian. Jeep bat edo bi motorista izaten genituen zain probintzia bakoitzeko mugan, haiek hartzen zioten txanda aurreko probintziakoei, aurrean jartzen ziren bidea zabaltzen probintzia bukatu arte. Beraz hiru jeep, eta 8 guardia zibiletik gora neramatzan ni zaintzen.
Autobus osoa nuen niretzat bakarrik!!!. Ez zen autobus handia. Burdina-sarea zuen aurrean gidariaren eta laguntzailearen eserlekuetatik banatzeko, metrailetaz armaturiko txapelokerra zen txoferraren albo-kidea, tenientea zen, “mi teniente” deitzen zion behintzat gidariak. Bera zen konboiaren arduraduna. Bigarren sare batek isolatzen ninduen zaintzaile batentzat atzealdean zegoen kaiolatik, baina ez dut gogoan han atzean guardia zibil armaturik eraman nuenik
Lotuta.
Eskuburdinez lotuta neuzkan eskumutur biak, bata besteari, baina aurretik, nahiko nasai. Banuen autobusean batetik bestera, atzetik aurrera egitea, ezkerreko jarlekuetatik eskuinekoetara aldatzea, edo aurrekoetatik atzekoetara. Asko mugitu nintzen, luzea izan baitzen bidaia, eta nire dena ikusi irrika ere ez zen nolanahikoa. Bazterrak ikusi…
Oso goian zituen leihoak autobusak, hainbat, arra bete luzera gorantz eta metro erdi alboetara: hanka puntetan jarrita ere ezin nuen kanpoa ikusi, jarleku gainera igo behar nuen horretarako. Ikusi ahal nuen ere aurreko jarlekutik kanpo ingurua, busaren haizetakotik, sareak, ez baitzen oso trinkoa, ez zidan ikuspegia lausotzen, are gutxiago ezindu edo eragozten.
Tarte asko egin nituen aurreko eserlekuan eserita kanpora begira. Dena nintzen begi eta ikusmin. Nola ez zazpi urtez hormaz inguratuta bizi ondoren, zeruranzkoa ezik, beste distantzia luzeena gehienez 20 metrokoa izan ondoren, horrez gain zazpi urtetik bat zigor-gela zuloan egin eta gero. Jarleku gainean zut alboetara begira, baina batez ere lehen ilarako jarleku batean eserita, haizetakotik zitzaidan ikuspegi zabalen eta erosoenari so, horrela egin nuen ia bidaia osoa, han kanpoan nekusan dena irentsi irrikaz.
jan...
Biderako jana eman ziguten kartzelan, picnik horietakoa, nonbaiten jan nuen bidean, guardia zibilok ere bidean jan zutela-eta nago, gidariak ere jan beharko baitzuen, baina ez dut gogoan ez non ez noiz ez nola, ez dut gogoan inon geratu ginenik gero kontatuko dudan Lleidako geraldia ezik.
Irratiaren falloa.
Bertatik bertara ikusi eta sentitzen nituen nik gidaria eta laguntzailea. Beraien elkarrizketak jarraitu ahal nituen, baina ziotenak ez zuen inolako interesgunerik niretzat, arrunkeriez aritu ziren. Paisaia zen nire ikusmina.
Hara non ez dieten funtzionatzen irratiak: nahi zuten konboiko beste autokoekin hitz egin, beste nonbaitera dei egin ere, baina ezin zuten!. Halako parafernalia eta segurtasun neurriak arren, autobusetik kanpoko guztiengandik isolatuta egin genuen bidaia osoa. Uste baino gutxiago dira urrutiko intxaurrak askotan. Itxurakeria dira sarri itxurak, miseriak beti.
Haserrez hartu zuten bi guardiok irratia hondatzea. Ahalegintzen ziren beti ere jeepekoekin lotzen baina ezina zen. Areagotuz joan zitzaien haserrea eta ezinegona Lleidara hurreratu ahala. Gero eta nabarmenagoa zen tenientearen ernegua.
Lleida hirira nindekarrelakoan zeuden ... tenientearen haserrea...
Kartzela non ote autuan hasi ziren biak, Lleida probintziara sartzean. Areagotuz zihoan bien egonezina: aurreko motoristei galdetu beharko ziela, beraiek zuzenduko gintuela kartzelara... Barre egiten nuen nik neurekiko. Aurreko jarlekuan eserita, biziki jarraitzen nituen beraien ezjakina eta besteekin komunikatu ezina. Azkenik neu ere sartu nintzen tartean: esan nien ez naramatela hiriburura, Solsona aldera baizik, Solsona urruti zegoela Lleidatik... Ez zidaten kasurik egin, aintzat hartu ere, ez hitzik ere egin… baina ingurabidez hiria albo utziz aurrera gindoazela ikusirik, gasolindegi batean geratzea erabaki zuten. Segizioa osoa ere geratu zen.
Luze joan zen egonaldia, bakarrik nengoen autobusean, motoristekin hitz egiten ikusi nituen, telefonoz deika... nik barre egiten nuen nirekiko. Sartu ziren berriro autobusean, azkenez. Haserre bizian etorri ziren. Jada bazekiten Miraclera naramatela, urruti zegoela Miracle oraindik.
Abiatu ginen. Areagotzen joan zitzaien haserrea. Jada ez zen autobidea generamana, probintziako errepidea baizik, moteldu egin behar izan zuten abiadura, trafikoak ere mantsotu egiten zuen joana… Biziagotu egin zen txapelokerron haserrea errepideak gorantz egin zuenean, are gehiago errepidea estutzean, zitalago jarri ziren bi morroiak bidea sigi-saga hasi zenean, dena bihurgune bihurtzean: “non dago hori”, “ni ez naute berriro horrelako zerbitzu batera ekarriko”, “gaixo jarriko naiz bezperatik” eta antzerakoen marmarioz egin zuten azken orduetako bide luzea, bai gidariak bai tenienteak. Mantso joan zen bidaia, estua eta pikea baitzen errepidea autobusarentzat, sigi-saga askoko aldats piko luzea izan genuen azken aldera.
Erabat haserre heldu ziren monasteriora. Nekatuta ere. Ez zen harritzekoa, egun osoko bidaia izan baitzen, geldialdirik gabe, nire ustez jan gabe, agian gasolindegian egin zuten mokaduren bat. Egon ere urruti zegoen komentua, mendiarte eta ez ezer ez inor gabeko gune luzeak pasatu behar izan genituen. Ordu asko eta luzeak izan ziren Lleidatik Solsonara artekoak batez ere. Urduritzekoak Solsonako bidegurutzetik Miraclera artekoa tartea bera, non izango ote monasterioa.
Oso gustura nijoan ni, paisaiaz harago, autobusak ez zeraman abiaduraz ari ziren nire garunak. Askatasunera nioan, preso segituko nuen teoriaz, baina komentua izanen zen nire kartzela, erabat ezberdina, nolakoa irudikatu ezin banuen ere… ez nuen baztertzen ihesa… Horrez gain, irrigarria zitzaidan bi morroiok ernegatuta, erabat zitalduta, ikustea.
Nire jakin-mina, urduritasuna ere, areagotzen joan zen Lleidatik aurrera. Ez nekien non zegoen Solsona. Mapa da gauza bat, geografia erreala beste bat. Naramaten parajea nolakoa ote galdetzen nion nire buruari. Ikusi nuen tontortxo batean Santutegia zirudien eliza bat, bakardade osoan: adi joan nintzen hura ote zen nire kokaleku berria, baina aurrera egin genuen. Solsonako bidegurutzera heldu ginen, ikusi genuen monasterioa iragarrita, baina ez zen monasterioa agertzen…
Iristea
Miracle:
Egin genuen, azkenik, topo Santutegiarekin. Arratsaldea aurrera heldu ginen. Errepidetik ikusi genuen han beherago. Plaza zabal bat, plaza inguratuz Monasterio behar zuen eraikin multzoa: eliza, bi eraikin, harri iluneko hormazkoak denak. Guardiek ez zekiten nondik jo monasteriora. Emakume bat ibili lasaian. Esan zien hotela inguratuz han beherago zegoela plazara sarrera. Jo zuen atzera segizio osoak, inguratu genuen hotela, jaitsi ginen plaza ertzeraino. Santutegiko sarreran geunden behingoz.
sarrera estua, autobusaren pasa ezina,
Baina, hara non arkudun sarrera bat zeukan plazak eta sarrera hori ez zen autobusa sartzeko adina, ez zabaleran ez garaieran. Ez zen beste sarrerarik. Ni zain nengoen ia zer gertatuko, zer erabaki hartuko guardia zibilek.
lotuta koadrila erdian,
Film espainol edo italiarretakoa izan zen ondorengoa. Ikuskizun ez dakit folklorikoa ala esperpentokoa. Oinez zeharkatu behar zen plaza-laukia monasterioko ate nagusiraino, erdi erditik ia diagonalean. Plastikozko poltsetan sartuak nituen nire Zamorako ondasun guztiak: arropa denak, oinetakoak, garbitasunerako trepetak, idazteko arkatz boligrafo paper eta gainerakoak eta ezinbestekotzat hartu nituen zenbait liburu. Plastikozko poltsa mordoxka osatzen zuten. Autobus barruan etorriak ziren poltsok nirekin batera. Jaisteko agindu zidaten. Aurretik eskuburdinez lotuak nituenez bi eskuak, poltsatxo txikiena hartu eta jaitsi nintzen, fardeltxoa eskuetatik dilindan izterren kontra. Beste poltsak ere eraman egin behar zirela esan nien, eta nik ezin nuela inola ere. Igo ziren guardiek autobusera, jaitsi zituzten poltsok. Eta han antolatu zen oinezko segizioa. Motorrean, jeepetan eta autobusean etorritako txapeloker denek osatu genuen lerro luzea. Ilaran zeharkatu genuen plaza: guardien erreskada, bakoitzak metraileta esku batean eta nire poltsetako bat bestean. Ilararen erdian ni, eskumuturrak lotuta, fardeltxoa dilindan. Formazio militar batean gindoazela zirudien. Ikustekoa. Surrealista. Nire etorkizunez urduri samar arren, izugarri gozatu nuen. Nire zaindari armatu guzti haiek nire morroi, nire zerbitzura. Hala egin genituen 100metro inguru haiek, monasterioko ateraino. Gidoilari irudimentsuenak ere ia asmatuko ez lukeen estanpa. Pare bat emakume, beraiek kontatuko zidaten geroago ikuskizuna, begira izan genituen goiko errepide ertzetik.
atean deitzen,
Barregarria izan zen ere atekoa: ate zabal bat du monasterioak behe solairuan, kanpo-kanpoko atetik barnera, aurrez aurre, portalean, garai bateko monasteriora sarrera nagusia seguruenik, zurezko sarrera zabal ederra. Baina ez zen hori gaur egungo sarrera ofiziala.
Beheko ate horretan jo zuten tinbrea, behin eta berriz, baina alferrik. Komentua lehen solairuan zegoenez, ez zuten beheko tinbrerik entzuten. Ez zen, beraz, aterik irekitzen. Bazegoen txartel bat, zeinek gezi batez goranzko bidea erakusten zuen. Zurezko mailadi zabal bat dago norabide horretan, nahiko dotorea eta ederra. Handik izan zitekeela sarrera esaten nien guardiei. Ez zidaten kasurik egiten. Luze egon ginen. Denok han, zut, bakoitza bere metraileta eta nire poltsarekin. Aspertuta, eskaileretan gora egin nuen sarrera handik ote begiratzera: ez alde egiteko oihu egiten zidaten. Erdiko laugunean jada ni, han goian nekusan atea izanen zela sarrera esaten nien. Ezetzean tematzen ziren beraiek. Jaitsi nintzen. Ateari danbadaka egon ziren ondoren. Halakoren batean, jadanik asperturik, bonbilla piztu zitzaion norbaiti, joaten da gora, jotzen du tinbrea, irekitzen dute atea.
Jordi,
Monje herren bat agertu zen, antiojodun baxutoa, Jordi, lagun handi egingo ginen laster.
harrera-gelara, Mateu, paperak, eskuburdinak kendu, dirua.
Pasatu gintuzten harrera-gelara, etorri zen nire kide mina izanen zen Mateu monjea, Priorea ez baitzegoen monasterioan, paperak firmatu zituen, karpeta bat eman zioten, eta nire dirua entregatu. Mateuk eskuburdinak zergatik ez zizkidaten kentzen esan zien, kendu zizkidaten eskuburdinok eta azkenik Mateuk eraman ninduen niretzat gertatuta zeukaten gelara. Poliziaren eskuetatik aske nintzen jada, burdina-sarerik gabea, eta leiho handi zuen gela batean. Txapelokerrengana itzuli zen Mateu.
Niri buruzko kartzelako curriculuma eta kartzelan nuen pekulio deitutako dirua zen Mateuri eman ziena: kartzelako nire espedientearen laburpenaren kopia, ekonomatoan erosketak ordaintzeko bakoitzak familiak ekarrita eduki ohi zuen dirua. Berehala eman zidan monjeak diru hori. Lehenengoz zazpi urtetan, zazpi urtetan lehenengoz, izan nuen nire dirua nire eskuetan, askatasunaren sinboloa, lotu egiten baikaitu ere. Nirekin dut kartzelako nire espedientea, harekin zer egin behar zuen galdetu zidan azken egunean Prioreak, gustura hartuko nuela erantzun nion, eta eman egin zidan. Gordetzen dut aurrezki-kartila hura ere.
Nolabait aske nintzen, nahiz kondena betetzen.
Ongietorririk ez izatea da etorkinen patu tristea lurralde berrian, etorkin nintzen ni ere Miraclen, baina ongietorria sentitzen nintzen.