Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / MIRACLE

MIRACLE

Jon Etxabe 2021/08/16 09:35
Monjeak, Zerbitzariak

Monjeak

Bost monje ziren ni heldu nintzanean: Justi, Mateu, Eulogi apezak, eta Jordi, Benet legoak.  Gero gehitu zitzaien Xabier eta Tomas. Priorea zen Justi, etxeaz arduratzen zen Mateu, Eulogi granjaz. Legoetatik, atezaintza, garbitasuna eta jantokia ziren Jordiren ardura, hirurogei urte inguru izanen zituen. Benetek, laurogeita hamar urteren bueltan zebilen,  monasterioko sukaldaria izana, jada ez zuen ardura zehatzik, sortzen ziren bestelako lantxoetan ematen zuen eguna. 

Oso goiz jaikitzen ziren, goizeko errezo ordurako; korridorean zuten kapera; meza eta abar izaten zituzten, maitinak errezatzen zituztela uste dut, errezitatu soilik, abestu gabe. Biltzen ziren afaldu aurretik ere, seguruenik bezperak errezatzeko. Kapera beste ertz batean zegoenez ez nintzen jabetu ere egiten beraien elizkizunekin.

Oso irekiak ziren monjeak: makinatxo bat lagun egon zen bazkaltzen bertan, nire familiakoak, nire oso lagun ziren apaizak, zein kanpotik zetozen zenbait.

Sarri agertuko dira monjeak eta monasterioa bai egunkarian bai nire oroitzapenotan. Oso adeitsu eta tratu naturalez hartu ninduten denek lehen unetik. Jakin-mina zuten nolakoa ote preso zegoen ETAko apaiza.

Zamorako kontuak kontatzen dizkiet, hango bizimodua. Ezin dute sinetsi horrela geundenik, kartzelako bizitza halakoa denik. Torturak ere kontatu dizkiet.

Izugarrizko jakin-min ziren ere gaiotaz. Lehen aldian batez ere. Txundituta zeuden nire kontakizunekin. Bere normaltasunera etorri zen gaia denboraren joanean.

 

Justi,  Priorea

Berandura arte egon gara Monasterioko Nagusiaren zain, kanpotik baita.

Irakaslea zen Barcelonako ez dakit zein ikastetxetan, katalana irakasten zuen. Oso ikasia omen arlo horretan. Ikerlan asko zuen egina, argitaratzen zituen bere lanak aldizkari batean. Barcelonan eman ohi zuen astea, irakaslea zen ikastetxe batean, asteburuan agertzen zen Monasteriora. Igande gauera arte ez zen etorri ni heldu nintzen astean.

Etorri da azkenez Monasterioko Nagusia. Luze hitz egin dugu. Jatorra. Nahiko kezkatuta dagoela dirudi txapelokerrek bai monasteriokoei bai bisitei enbarazu besterik egiten ez dietelako, nortasun agiria eskatuz, arakatuz eta antzerako jarrerekin.

Oso iritzi zabalekoa agertu zait: etxetik irten ahal dut, baina hasieran tentuz ibiltzea aholkatu dit txapeloker eta gainerakoak artega jarri ez daitezen. Solsonara ateratzeko askatasun osoa dut zerbait erosi edo egin behar izanez gero, baina hobe monasterioko batekin banoa. Legezkoa ikusten du Espainiako politika arazoa okertu edo gogortu ezkero nik ihes egitea: nire kontu eta erantzukizun osoz izan beharko litzake, berak ez du ezer jakin nahi horretaz. Lan egin nahi badut, denbora-pasa edo, Aita Eulogiri lagun egin diezaioket granjan; inguruetara joan naiteke, inguruan paseatu ere bai. Kanpoko bisitariei buruz, askotzak ez badatoz hobe, alferrikako susmorik ez harrotzeko.

Festa egun, bisita, ospakizun eta ataka estu samarretan erakusten zuen bere irispen irekia eta erabakiak hartzeko gaitasuna.

Jantokian, monjeak bakarrik zeudenean, mahai buruan eseriko zen, baina ez zuen inolako nagusitasunik erakutsizko. Berbatsua zen, etorri handikoa, argia. Jai egun berezietan, batez ere monasterioko zerbitzari-neskak zeudenen, edo kanpoko norbait tokatzen zenean, zela monjeak edo nire bisitaren bat, nire familia batez ere, bera izaten zen giroari bizitasuna ematen ziona.

Justi etorri da Andorratik.

Bazekien noizbehinka ikastaroren bat ematera-edo joatea Andorrara.

Sekulartu eta ezkondu egin zen gerora: agian bazuen ezagutzen ez genuen ligetxoren bat.

Urte luzez izan nuen gerora ere harremana berarekin. Nire gutunei erantzuteari utzi zion arte.

 

Mateu

Mateu, monje fina. Anaia bat bezala izan zitzaidan egon nintzen urtean. Lagun mina. Isila, lotsatia. Beldurti xamarra: ez zen behin ere Euskal Herrira etorri hemengo giroaren beldur, uste baitzuen etenik gabekoak zirela kale ekintzak eta polizien errepresioa. Bera zen monasterioko bigarren burua, mandataria ere. Justiren hizkuntzalari lanetan partaide edo laguntzailea,  garbian jartzen zizkion makinaz eskuzko fitxak eta oharrak, testuak ere.

Bihotzekoak emanda hil zen bat batean, oraindik gazte, nik alde egin eta gero. Garajean, mandatuetatik etxeratzen ez eta autoan bilatu zuten hilda, garajean.

 

Eulogi

Katalanez egiten dit Eulogik: astiro egiten didanez ulerterraza zait.

Katalunia-min eta katalan-zale bizia zen Eulogi, erabakiz eta ohituraz egiten zidan katalanez baina baita gaztelera askoz zailagoa zitzaiolako ere. Lleidako herritxo bateko semea, masia batean jaioa eta nekazari giroan hazia, granjako arduraduna zen eta granjarako bizi zen. Jatorduetan ez bazen ez zen ia ikusi ere egiten monasterioan. Berezia zen.

Beti mantentzen zuen nirekiko ez ezik besteekiko ere horrelako distantzia bat. Bere mundu propioa zuen, ia inorekin konpartitzen ez zuena. Berezi samartzat zeukaten denek. Berekoi edo ertz bizikoa. Nirekin zuela uste dut harreman gehien, egin ere ordu asko egin genuen elkarrekin. Nitaz ez zela gehiegi fidatzen irudipena nuen nik, ez zela gehiegi fidatzen, oso hurretik zaintzen ninduela nire granjako lanetan. Batez ere hasieran. Agian beldur zen zerbait gertatuko ote zitzaidan, neu ere bizi samarra nintzen, lanei gogoz ekiten niena. Seguru aski borondate onenarekin egiten zuen nolabaiteko laguntasuna eskaintzearren.

Azken egunean jakin nuen estimu handian nindukala, behin ere ez zuela izan ni bezalako laguntzailerik esan zion Justiri, eta ordaindu egin behar zitzaidala nire lana. Sarri agertuko da kontakizunean: bizpahiru aipamen soilik orain.

Kontxik opari bat ekarri dio Komunitateari. Eskertu ordez Eulogik dio inoren diruarekin, fraideenekin alegia, erraz egiten direla opariak. Fraidearen pentsaera!. Dirua ez al da Kontxi berarena, bere lanaz irabazia. Usteko du sukaldariak bere lanarekin irabazitako dirua ere monasteriokoa dela, edo musu-truk egin behar duela lana, moja bailitz.

Eulogik bazituen horrelako tolesdura atzerakoiak.

Arraroa dabil gaur Eulogi. Kanpoan egin du egun guztia, zerbaitekin arduratuta eta kezkaz dabil.

Kanpotik izan da Eulogi bazkaltzen. Dulakoekin.

Harritzekoa zen eguna kanpoan ematea. Dulakook granjarekin zerikusia zuten norbaitzuk izanen ziren. Tratanteak edo, auskalo.

Vilaseca eta Sura joan naiz Eulogirekin ilunabarrean.

Eulogik harremanak gordetzen zituen inguruko paiesekin bisita hauen bidez. Eraman izan ohi ninduen berarekin.

Botoa despistatu nahian bezala: Eulogi ba omen doa boza ematera.

Eulogi joan da boza ematera.

Hauteskundeak egon ziren nire urte hartan, baina ez dut ezer gogoan, eta ez diot ezer horretaz egunkarian. Ez dakit ze giro zegoen bozketari buruz, ez genuen hitz askorik egin horri buruz, are gutxiago beraien botoaren nondik norakoaz.

Euria da, handia:  Eulogik dio oso gustura egiten duela lo euri-hotsarekin.

Nekazariaren bizipenak, lurrak asetzen zeudeneko lasaitasuna. 

 

Xabier

Maiatzaren 16a. Monje berri bat, etorri da. Xabier deitzen da. Buztina eta esmaltea lantzen ditu. Bizikletan ere ibiltzen da, bizikleta ona omen du.

Nortasun handia zuen. Independentea zen. Iritzi propioak zituen, eta garbi azaltzen zituen. Jainkoa, otoitza eta espiritu giroa bizitzen ahalegintzen zela esanen nuke, aldi berean lanari buruzko zenbait iritzik talka egiten zuen espiritualtasun horrekin. 

Esku onekoa zen, buztina lantzen zuen, baita esmaltea ere; berak egin zuen zerabilen laba ere. Klaustroko gela batean zuen bere tailertxoan ematen zuen eguna. Beretzat egiten zuen lan, bazuen kontzerturen bat bere nagusiekin, zeren honenbesteko bat ordaintzen zion monasterioari, bera gelditzen zen gainerakoarekin. Monserrateko Amabirjinaren irudiarekin ateratzen zuen diru gehien: moldea atera zuen eta ondoren sailean egiten zituen irudiak, txurroak bezala, laban egosi eta ondoren pintatu. Montserraten saltzen zituzten batez ere irudiok. Denbora irabazi alde, bazuen emakume talde bat Solsonan beretzat lan egiten zuena, ez dakit zein ukitu ematen irudioi, ez dakit ze soldataren truke, baina ez gizarte-seguru eta ez demontre egiten zuten lana. Ez dut uste gehiegi ordainduko zienik, beste inolako lanik ez zuten emakumeak zirelakoan nago. Eskulan merkea. Lan-postuak  sortzen zituela zioen berak. Ez zen diruzalea eta ez zuen dirurik, bere tailerrerako dirua behar zuela zioen eta horregatik gordetzen zuela honenbesteko bat. Baina bere diru propioa zuen, besteek ez bezala.

Auto propioa zuen, bere lanaren aitzakiaz edo premiaz, nolanahi autonomia handia ematen zion, bera zen auto propioa zuen monje bakarra. Berak bakarrik erabiltzen zuen.

Xabierrek kontatu dit zenbat irabazten duen  eta abar. Beste batzuk ditu beretzako lanean: lasai egiten du gainera, ez da jabetzen zapalketa dela eta beste horien kontura jasotzen duela irabazia. Beti ditu  “ikasi” eta “pastorala” hitzak ezpainetan, baina ezkontzen dituen gehienak edo harremanetako jendea aberatsak edo goi mailako jendea da behintzat: Jaunartzeak, parrokiatik kanpo... oso tradiziozkoa ikusten dut.

Nik alde egin ondoren barne gorabehera asko egon zen monasterioan. Giroa petraldu zen eta alde egin zuen Justik. Betiko bertakoek Xabierri eta Tomasi leporatzen zieten errua, beraiek astindu zutela sua ez dakit ze espiritualitate grinak bultzatuta. Hotela desagertu zen, gogo-jardun etxe eta elkargune bilakatu zen, mojak etorri ziren... baina monasterioak okerrera egin zuen, edo hobera ez behintzat. Sukaldariak ere alde egin zuen haserre...

Xabierrengana itzuliz, misioetara joan zen askenez, nik uste nagusi berriarekin konpondu ezinaren arazoak eraginda eta Montserratera lotu nahi ezta. Tomasek ere alde egin zuen. Ikusi izan gara ezkero, Miraclen, baita ere Afrikara bueltatu nahian Iruñera Medicus Mundira egin zuen bisita batean.

Torá-ra  joan naiz Xabirekin. Ekaitza izan dugu etxerakoan.

“Rampla” daukala esan dit Xabierrek. Nik “aldatsa”, rampa, aipatzen zidala uste izan dut, atseden hartzen zegoela, eta aurrera egin dut. “Rampa”  katalanez arranpa, kalanbrea,  izan ordea. Hostal Noura heldu naizenean, aldats gainean, luzaroan itxoin diot eta ageri ez zenez buelta egin dut aldats behera luze. Kotxez zetorren, arranpaz ibili ezin eta. Hostal Noun utzi ditugu bizikletak eta kotxez joan gara etxera.

Buztinarekin medailoiak egiten hasi naiz: buztinaren teknika ikasi nahi dut.

Oso guti ikasi dut medailoiekin.

Bukatu dut medailoiekin oraingoz.

Ez ninduten askorik bete buztin lanok. Hor izan ditut nonbait egin nituen medailoiok. Kaskarrak dira: denbora eta ahalegin gehiagorik gabe ezin ba aurreratu, eta ni ez nengoen eskulan horietarako. Gainera Xabier berak nahiko zuen bere lanarekin niri irakasten ibili gabe.

Medailoiak bukatzen ibili naiz, gauean egosi ditugu.

Laba Xabik soilik erabiltzen zuen eta bere amabirjinekin hartua zuen beti: seguru asko nik eginiko medailoiok alde egin aurretik erretzeko mesedea eskatu nion, bere eguneko kupoa bukatu ondoren egin genuen.

Medailoiak pintatzen egin dut arratsaldea.

Xabier zabaltzan dago, honek badaki bizitzen nahiz ikasle eta pastoral zaletuaren itxurak egin.

Panfletoetako eskema zurrunekin nenbilen neu ere. Uste dut bizitza oso isolatua zeramala, beharrezkoa zuela arnasa hartzea, eta zabaltza ba zen barnea lasaitzeko egonleku aproposa. Lagunetara ere alde egiten zuen tarteka. Baita Montserratera ere bere irudiak eramatera.

Xabierren lantokian sarraila bat jartzen eman dut goiza.

Sarri jaisten nintzen Xabierren lantokira, bere lanaren ikusminez, lagundu ere egiten nion zerbait behar zuenean. Asko hitz egiten genuen, lagun ere baginen, baina ez ginen behin ere min izan. Beti egon zen bion arteko geruza mehe bat. Uste dut bera gehiago ahalegintzen zela niregana hurbiltzen ni berarengana baino.

Mikrobusa deskargatzen Xabi eta Tomasekin.

Xabierren materialak.

 

Tomas

Xabierren  ondoren etorri zen. Udaran. Oso lagun minak ziren Xabier eta biak. Patxada itxura ematen zuen, gizena, beti irribarrea ezpainetan, bere hizketa-molde geldia, arrazoitsua… baina oso urduria eta  ezinegona zen. Berezia. Adeitsua. Montserraten bisitatu nuen urte askotara, hanka bat moztuta zuen, bigarrena galtzeko arriskuan Xabierrek zioenez, halaz ere umoretsu. Bigarren hanka ere moztu zioten. Hil zela jakin nuen.

Tomas beti zebilen zerbait asmatzen. Zerbait berria asmatzen. Beti  lurrei etekina nola aterako. Barraskilo  haztegia erabili zuen luzaro buruan, eta saiakuntza bat ere egin omen zuen. Baratza bat jarri asmoz ibili zen. Beretzat propio lanerako gela bat prestatu nahi izan zuen. Logela ez zen txokotxo bat nahi zuela uste dut, non irakurri,  idatzi… lan-gela bat. Baina lasai egin ohi zituen gauzak, eta ez dakit ganorazko leku eta eginkizunik taxutu zuen. Bere erritmoa eta nirea erabat ezberdinak ziren. Ez zuen jarraipenik bere lanokin. Hain hartzen zituen patxadaz.

Tomasentzako lan-gela harraskatzen eman dut egun osoa.

Bere gela atontzen lagunduko nion eskatu zidan. Hor nabari zen batez ere bion erritmoaren ezberdintasuna. Zeritzonean ekinen zion berak, zeritzonean utzi, lana bera ere patxadaz… beti izanen zuen beste zerbait lana eteteko… 

Gogoa zuen, borondatea ere, baina diziplina eta jarraipena falta zitzaizkion. Ni, aldiz, diziplinatua nintzen bai orduetan, bai jarraipenean, bai erremintari eragiteko bizitasunean. 

Tomasen gelako lan hura, aspergarria, zikina eta gogorra zen, Tomasek hormak oso leun nahi zituen, ondo findu behar zen horma.

Tomasekin pintatu dut bere lan-gela.

Eulogiri ez zitzaion gehiegi gustatzen ni granjara gabe gelditzea beste lanok egiteko. Niri ere ez. Nahiago nuen granjako lana, askeago sentitzen nintzen lanotan. Uste dut Eulogik baziola halako sentipen ezkorra Tomasi.

Soroan harri jasotzen egin dut Tomasekin.

Harri asko zegoen soroan, mendiko sailetan ohi denez. Batu eta pilatu egiten genituen, ondoren Eulogik traktorearekin jasotzeko. Lan aspergarria eta astuna zen, uneoro makurtuta… Tomasek ez zuen beste egunik egin granjako lanean, erritmo biziagoa eta gaitasun gehiago behar zen lan horretarako.

Txapelokerraren  miniatura bat oparitu didate monasterioan daramadan urte erdiaren oroigarri: polita da. Tomasen ideia.

Guardia zibilekin kezkatuta ikusten ninduten, horregatik iruditxoaren broma.

Tomasekin egin dut ilargipean pasealdia.

Sura jo dugu bizikletaz Tomas, Xabier eta hirurok.

Tomas bere pontxoarekin.

Egun honetan hasi zen nonbait pontxoa erabiltzen, sarri ibiliko zuen ondoren. Ez zen ohizkoa monje bat pontxoarekin, deigarria zen.

Robeloi edo esnegorri bila Tomasekin lauretan: guti jaso ditugu.

Tomasen santu-eguna, bazkal aurrekoa, xanpaina...

Oso bereak zituen Tomasek horrelako besteontzako jarrerak, abegikorra zen.

Sei gazta klase ekarri dizkit Tomasek.

Bazituen horrelako akorduak. Nire berarentzako lana eskertzeko ere izanen zen.

Tinbre hotsa goizaldera: autoa irauli zaio Tomasi.

Ahaztuak ditut gorabeherok. Tomasek ez zuenez kotxerik ibiltzen, auskalo norekin zetorren eta zer gertatu zitzaien.

 

Jordi

Jordi eta biok bakarrik ginen afaritan, telebistan ere ondoren

Jordi, legoa edo anaia. Berarekin nuen harreman gehien, bera baizen beti etxean zegoena. Apala zen, irribarrez hartzen ninduen beti. Ez buruz jantziegia, beraz egunerokotasunez ziren bion arteko harremanak.

Berari lagun egiteagatik gelditu naiz egongelan.

Kontatzen zizkidan bere zenbait kezka, iritzi eta burutapen. Kontserbadorea zen pentsaeraz, bestalde katalan nazionalista fidela.

Hiru egunerako joan dira Justi eta Jordi.

Ateratzen zen norabait. Noizbehinka. Justik eramaten zuen. Ez dut gogoratzen zertara, agian osagilearengana. Herrena zen, herrenaz harago nahiko gaitz zuen bestela ere. Agian Montserratera ere joaten zen, nire ustez bere konfiantzako edo betiko monjeren batekin barnea hustu eta konfesatzera. 

Jordiren santueguna: puruak eta kolonia oparitu dizkiot.

Fraile fina, baina, agian horregatik, ondo-biziaren ukitua zuen.

Gustukoa zuen kopatxoa bazkalondoan, eta bilatzen zuen nire konplizitatea zerbait ospatzeko aitzakia bilatzen. 

Eguzkira distira egiten dute nonbait leihoko kristalek eta berak nolabaiteko kontrazeinuren susmoa du.

Nori baina?, han ez baitzegoen inor inguruan. Monasteriotik irten ere egin gabe, bazituen konplexu,  iritzi inkatu edo nahastuak.

Jordik begirada  arraroz begiratu dit  egun hauetan, hurrengo berriz beti bezala.

Nire begitantzeak, agian bera zebilen arduratuta, garunei eraginez.

 

Benet

Monasterioko sukaldaria izana, edadez ajeatu zenean utzi zion ardura horri, nire garaian oraindik bera arduratzen zen sukaldeaz sukaldaria kanpoan zegoenean. Laurogeitaka urte zituen, gorra zegoen baina oraindik osasuntsu. Urte asko zaramatzan Miraclen, bertakoa egina zegoen,  erabat. Oso lagun egin ginen. Alaia, beti laguntzeko prest.

Benetek eginiko edaria edan dugu, ratafia.

Urtero egiten zuen Benetek  ratafia. Anis eta intxaur berdeekin eginiko likorea da. Likore gozoa. Tarteka edaten zen bazkalondoren ospakizunen batean. Oraindik hor dut Miracleko paper artean Benetek nik eskatuta eskuz idatzi zidan formula. Urteetan egin izan dut neuk gero, baita lagunek gustura edan ere.

 

 

Montserrateko monjeak

Tarteka tarteka, Montserrateko monje zenbait etorri ohi ziren, Justirekin gehienetan, irakasle lanak bukatuta Justi etxeratzean. Hauek ziren ohikoenak.

 

Joan

Joan itzuli da Montserratera.

Karisma zuen monjeen artean Joanek. Agian Monserraten bertan edo Barcelonako etxeren batean, harremanen bat izan zuen  ETAko mutilekin. Polizia jakitun zela jakinez garaiz alde egin zuen. Atzerriko beneditarren monasterio batean gorde ordez mundua korritzeari eman zion. Sortalde lurraldetan batik bat. Marrazkilari eta pintore ona, dirurik ez zuenean zegoen tokiko gaiez pintatzen zituen koadroak eta kalean saldu. Luze ibili zen horrela. Egoera baretu zenean itzuli zen Montserratera.

Agian istorio honetako monjea zen Joan: poliziak jakin zuen monje bat nahasturik zegoela ETArekin.  Martin Villa zen Kataluniako Gobernadore Zibila. Gauean Monasterioko abatari deitu zion polizia joango zela hurrengo egunean monjearen bila aditzera emanez. Goraipatu egiten zuten monjeek Gobernadorearen jatortasuna deitzeagatik: nik esan ohi nien ez zuela egin Monasterioagatik, Gobernadorea bera eta Gobernua ataka larrian jarriko zuen arazoa ekiditeagatik baizik, Montserrateko monje batek ETArekin loturagatik atxiloketak herrian izan zezakeen eraginagatik alegia. Baina ez zuten ulertzen, Martin Villaren zintzotasuna zuten ahotan, ez hainbeste bere zuhurtasuna.

 

Lorenzo eta Picas

Picas eta Lorenzo etorri dira gurekin Miraclera.

Krisologo zuen izena, baina Picas, deitzen zioten, erosoagoa zelako agian, grekoz Krisologo kristau-izen ederra bada ere. Bi honek ziren sarrien etortzen zirenak Miraclera. Biek zuten gustuko Miracle, nik uste Monasterioko diziplina egun batzuez uztea zutela gogoko.  Arkitekto lanak egiten zituen Picasek Montserrateko berrikuntzetan, aholkulari ere bazen Miracleko lanen bat zegoenean. Gustu handiko pertsona zen.

Lorenzo Montserrateko diruzaina zen, nik uste berak eramaten zituela Miracleko diru gorabeherak ere, horregatik etortzen zela hain sarri. 

Nortasun handikoak biak. Munduan asko ibiliak, Erroma aldetik eta abar, beneditarren  komentuetan turista.

Pikas, Tomas eta hirurok egin dugu ibilaldia arratsaldez, La Carralera oraingoan ere. Bi robiloi edo esnegorri aurkitu ditugu.

Beti izan ginen elkarrekiko abegikor.

Luzaro egon gara kontu-kontari.

Luze iraungo zuen adiskidantzak.

Grapagailua konpontzen lagundu diot Picasi.

Ez zuen ezer berezirik izanen konponketa horrek. Eguna osatzen duen zertzelada arina. Arkitekto abila zen bera, baina nik konpondu behar izan nion grapagailua.

 

Luis

Teologian oso jantzia omen. Gazte itxura zuen. Irakaslea, Montserrateko monjegaiei teologiako klaseak ematen zizkielakoan nago. Irribarretsua eta oso atsegina. Hitz asko egin genuen.

 

Evangelista.

Gauean Basko Elizkizunera nindoala jakintsu den monjearekin egin dut topo. Luzaroan egin dugu hitz: efikazia edo eraginkortasuna, estrukturak edo egiturak, giza aldaketa... oso interesgarria izan da. Elizkizunaren bukaerarako heldu gara ozta-ozta.

Eskritura Sainduetan jantzia. Sortaldeko kulturetan ere. Ospe handia zuen. Adeitsua eta jatorra, gustukoa zuen Miracleko monasterioa.

 

Kanpoko bisitak

Sarriak ziren monje, ezagun eta lagun laikoen bisitak ere. Monasterioan bertan bazkaltzen zuten lagun eta ezagun hurbilenok.

Kartzelako kontuak konta behar izan dizkiet berriz ere.

Kokoteraino hasia nintzen kartzelako kontakizunekin, baina fraideek beraiek zuten konta nitzan interesa. Ezagutzen ez zuten egoera bitxia zen beraientzat, sinestezina, halakorik gerta zitekeenik amestu ere egiten ez zutena. Inplikaziorik gabeko anekdota  soilak ziren beraientzat kontakizunok, norbaiten pasarteak besterik ez

 

Kanpoko zerbitzariak

Konxita

Hamabiak eta erdietan bueltatu naiz etxera, inguruetan ostera luze bat egin ondoren. Atea itxita zegoenez sukaldariari deitu diot. Kontxi du izena. Gaztea da, Barcelonakoa. Neska gazte bat du laguntzaile. Egonalditxoa egin dut beraiekin. Monjeen eta monasterioko arropa garbitzen ari dira, izena jarriko omen diete nireei.

Konxita deitzen zioten. Kontxi deitzen nion nik, baita beste batzuk ere. Sukaldaria zen. Gaztea. Izaera konplikatukoa. Gaur aurkituko zenuen irribarretsu, bihar, berriz, betilun, gorabehera handiak izaten zituen.  Berezia. Berezia behar zuen izan neska batek monasterioko bakardade hartan egoteko monjeen sukaldari. Justi asko arduratzen zen beraz, ez baizen erraza sukaldari bat bilatzea, noizbehinka eramaten zuen autoz bere etxera edo herrira edo lagunartera, kanpoan pasatzen zuen eguna.

Osteko atetik sartzen nintzen Monasteriora granjatik bueltan, sukaldetik zehar, bestelako hainbatetan ere.

Negarrez aurkitu dut goizean Kontxi meza ondoren. Norbaitek zerbait esan diola...  Nik ordea ezin nuen kontsolatu. Entretenitu egin dut, egoera mingarria arindu, konpainia egin, besterik ezin.

Justik egonaldi luzea egin du Kontxirekin gauean: negarrez jarraitzen du nonbait neskak.

Sentibera zen izan Kontxi.

Kontxirekin egin dut goiza sukaldean.

Gaixo dago Kontxi, ohean: egin diot bisitaldi bat.

Ilargipeko ibilira atera naiz afalondoren. Kontxi eta Nuriarekin egin dut topo,  hirurok egin dugu aurrera, S. Gabriel eta trikuharri ingura.

Afal ondoren Nuria, Kontxi, M. Luisa eta ni atera gara Cardonara asmoan, baina gaur ere ez gaitu inork hartzen. Gau polita izan da.

Kontxik eta Lurdesek ere oparia egin didate, opari xumeak baina oso politak. Argazkia egin dut biekin eta bizkaitar neskekin.

Nire urtebetetzea zen.

Bihar goizean doa Kontxi eta ingurukoak agurtu nahi ditu, hotelekoak, Maria, tabernakoak...

Uda zen. Hilabete gutxi batzuk soilik suertatu ginen Kontxi eta biok Miraclen.

Afal ondoren egin diot azken agurra, sukaldera joan natzaio despeditzera.

Ez dakit zergatik joan zen Kontxi, antzerako lan batetara joan baizen, baina Barcelonara, agian hiri-min zen.

Oso ondo konpondu ginen batera tokatu zitzaigun asteetan. Jabetzen nintzen bere bakardadeaz eta ahalegintzen nintzen bakardade hori arintzen. Monjeek ez zuten premiazkoa ez zen beste harremanik berarekin. Justi zen beraz arduratzen zen bakarra. Uste dut gehienek gutxietsita zeukatela. Egia da, jaiegun handietan monjeekin sukalde berean bazkaltzen zuela, eta oso adeitsu tratatzen zutela. Agian teilatupe bereko emakumeekin tratatzeari nolabaiteko erreparoa zioten monjeek.

 

Pakita

Konchi joan da goizean. Pakita etorri da bere ordez.

Hemendik alde egiteko gogo biziz Pakita: lehen eguneko herrimina.

Leku berria eta ezezagunaz gain leku bakartia izan behar zuen beretzat Miracle. Esan ohi zidan Justirengatik etorri zela. Heldua. Nahiko berezia zen. Agertuko dira bere istorioak, elkarrizketa luzeak izan baikenituen.

Sukalde garbitzen egin dut gauean Pakitarekin: jan asko dago alferrik galduta.

Gogoratzen dut Pakita lagundu nahian ibiltzen nintzela, nahiko jota ikusten nuelako, sukaldera jaisten nintzen, egun horretan sukalde garbitzen ibiliko zen gaueko orduetan, lorik ere ez omen zuen egiten eta. Justi ere zeregin berdinean ibili ohi zen asteburuan. Nik uste ez zutela aintzakotzat ere hartzen beste denak, nahikoa zuen bakoitzak berearekin. Emakume berezia eta eramanzaila zen, asko sufritua, barnerakoia.

Barraskilo bila ibili naiz arratsaldez, jartzea zein jatea gustatzen omen zaio-eta Pakitari:  pertz edo kubo erdi jaso dut. Barraskilo batzen jarraitu dut goizean: atzokoekin 6 kilo da batutakoa

Pakitarekin egon naiz berandura arte.

Senarraren gaixotasun luzeaz, nola hil zen bere besoetan… ez zen bukatzen bere barnea hustu beharra, lasaitzen ez zen arren.

Azaroa, 9. Oporretara joan dira hotelekoak.

Pakitari utzi zioten txorien eta loren ardura.

Gauez Pakitarekin joan naiz hotelera.

Loreak ureztatu eta antzerako zereginetara joaten ginen. Paquitak ez zuen nahi bakarrik joaterik, erreparoa ematen zion etxe handi hartan bera bakarrik ibiltzea. Batez ere gauez. Bakarrik ere joan izan nintzen Pakita lanpetuta zegoenean.

Txoriak ekarri ditugu Paquitak eta biok hoteletik Monasteriora, hotz baitago.

Nik alde egin nuenean, han jarraitzen zuen Pakitak.  Justik joan zenean egin zuen berak ere alde. 

 

Lourdes

Neskatila txiki polit bat ere ezagutu dut, eskolatik etxera zihoan: goizean ezagutu dudan emakumearen alaba.

Lourdes zen, laster eta luzaro ezagutuko nuen Monasterioan,  oso lagun izanen ginen.

Gaztetxo irribarretsua eta bizia.  Guardiola masia kaskarreko maizterra zen bere familia. Anaia-arreba askoen artean nagusiena.  adimen gutxikoa zen anaietako bat. Lanean eta bizimodua ateratzen ikasia. Irribarrea galtzen ez zuen nexka goxoa. Monasterioan egin ohi zuen lo eta jan, denda irekitzen zenean.

Kontxi kanpotik da, bi neska gazteak, Lurdes eta Nuriak, ordezkatzen dute. Oso jatorrak dira biak.

Paies emakumea oinez etortzen da Monasteriora. Solsonara ere oinez joaten da, zamatuta gainera.

Katalan itxi-itxia egiten du, baina ulertzen diot, ez dakit gaztelerarik jakin dakien ere.  Izugarrizko errespetua sortarazi dit: honela ibili behar bizitza ateratzeko.

Lurdesen, ama zen, xalo-xaloa, naturaltasun osoz kontatzen zituen bere ibilerak eta lanak. Maizter nekazari oso pobreak ziren. Urruti zegoen beraien masia, bana oinez egiten zuen bidea.

 

Nuria

Cardonako gazteluko hotelera joan gara afaltzera, Paradore Nazional deitu horietako batera. Kontxi, Lurdes, Nuria, Jose Luis eta ni, Jose Luis txofer. Bapo afaldu dugu. Cardona herrian hartu dugu kafea.

Udaran eta erromes asko espero zen egunetarako laguntzaile etorritako Su herritxoko neska gaztetxoa zen Nuria. Barre erraza zuen.

Sukaldeko neskoi eskertu nahi nien nolabait niregatik ahalegintzen zirenagatik. Ilusio itzela egin zien afariak, ahalik dotoreen jantzi ziren, afaldu ere jantoki dotorean afaldu genuen, Fragak inauguratutako paradorean. Bizkarralde luzeko jarlekuak ditut gogoan eta nesken aurpegi zoriontsu eta artegak. Oso gau polita izan zen.

Gauean Lourdes, Nuria, M. Luisa eta laurok Su-ra, Nuriaren herrira, joan gara ibilian, igerilekuan ere egin dugu jolas. Oso ondo ibili gara. Kontxi kanpotik da.

Cardonara joan nahi izan dugu gauez auto-stop eginez hiru neskok eta nik,  baina inork ez gaitu hartu. Su-ra egin dugu joan etorria oinez.

Gogoan dut errepideko ibili hura, umoreko, inor ez zitzaigun gelditzen, baina barre behintzat egin genuen.

Cardonara jo dugu gauean gaur ere, baina itzuli egin behar izan dugu inork hartzen ez gintuelako.

Kontxi eta Nuria eraman ditugu gauean Solsonara.

Uda zen eta Jose Luisek eraman zuen autoa. Neskok ere behar zuten arnas puska bat.

 

Coloma

Abuztuaren 31a. Colomaren santu-eguna, Colomak pattarra ekarri du, bere eguna ospa dezagun.

Tipo bitxia zen Coloma. Hankazabal txiki bat. Ezkondua. Solsonan bizi zen. Etxeko eta etxe inguruko konponketa eta egoeraz arduratzen zen. Ardoa gustatzen zitzaion, eguna bukatu ordurako politto jartzen zen ia egunero gure Coloma. Trabukaire zen: antzinako taldea, bakoitzak bere trabukoa zuen etxean, jai nagusietan, prozesioetan edo pertsonaia ospetsua bat zetorrenean  ateratzen zen taldea eta, danbaka, trabukoz tiroka, ibili ohi ziren bertako  jantzi bereziak soinean. Miracleko jaietan ikusi nuen behin Coloma bere taldearekin, Solsona herriaren Miraclera erromesaldian, beraien  trabukoekin danbaka kez inguratuta. Tokatu zait harrezkero, Solsonan suertatu nintzen batean,  Pujol zetorrela-eta hiriko sarreran lerrotuta danbaka trabukaire taldea, ke artean, orduan ere.

Hilea mozteko eskatu diot Colomari. Bihar moztuko dit.

Garai batean berak mozten zien nonbait ilea hainbat monjeei, baina jadanik inork ez zuen nahi bere eskuetan jartzerik, bakarren batek ezik, Eulogi zen bakar hori. Kartzelatik irten berri, ilea nahiko luze, ilea non edo nork moztuko galdetu nuen. Oraindik ez nintzen Solsonara jaisten, Coloma zela ile-moztailea esan zidaten.

Bazkal ondoren egin dit ilea Colomak.

Nola ebaki ere!, motz-motz utzi zidan burua, mailadia zirudien. Ikustekoak ziren Colomaren ile ebaketak. Ez zidan askorik axola, berarekin jarraitu nuen ilea mozten  Miraclen egon nintzen aldi osoan. Behin Coloma bera jarri zitzaidan aurrean begira, barre-purrustaka, hain xelebre utzi ninduela eta. Gogoratzen dut nolako barreak egin zizkioten nire ile ebaki berriko piurari, lehenengo monjeek eta gero bisitek. Luzatzean taxutzen zen nire ilekera. Niri ez zidan gehiegi ardura, ilusioa egiten zion Coloma trabukaireari niri ilea moztea, eta zergatik kendu atsegin hori Solsonako ile-apaindegietara joanda. Behin joan nintzen Solsonara, ez nintzen gehiago itzuli.

Afal ondoren atera naiz kalera, berandu, iluntzen ikustera pipa errez. Zoragarria izan da. Coloma aurkitu dut gauzain.

Etxera aurretik ingurua begiratzen zuen Colomak, bere ardura zen Monasterioa, eta bere etxea bezain arduratsu zaintzen zuen.

Sarraila hondatu zaigu zeldetako etxean, Colomak ireki digu atea, nirekin hartu ditu kafea eta kopa.

Familia zeldetan egon zen egunetan izan zen.

Aberatsa izan zen harremana

etiketak: Miracle
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.