Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / LIBURUAK 4

LIBURUAK 4

Jon Etxabe 2020/04/10 10:55
Iraumen. Alexander Martinez Iturria / Ispiluak eta itsasoa. Joxean Agirre / Kabitu ezina. Aintzane Usandizaga / Kezko bola batek itoak birikak. Miel A. Elustondo / Laranja mekanikoa. Anthony Burgess / Larrutik ordaindua. Joseba Lozano / Moio, gordetzea ezinezkoa zen. Kattalin Miner / Munduko tokirik ederrena. Iñigo Aranbarri / Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua. Edorta Jimenez Sasieskola. Garbiñe Ubeda / Sekula konta behar ez nizkizun gauzak. Iban Zaldua / Sofia Petrovna. Lidia Txukovskaia / Tximeleten eternitatea.Sandra Labastie / Udaberri kantoi-hautsia. Mario Benedetti / Ur biren erdian. Patxi Iturregi

Iraumen. Alexander Martinez Iturria

19 ipuin

Edozein hiri izan daiteke Iraumen, bertan bizi diren pertsona molde ezberdinez ari da.

Irakurleak asmatu behar du ia ipuin gehienetan nor non zer, baina kontakizunak ez zaitu horretara bultzatzen, zirikatzen, ez du interesgunerik sortarazten.

Gai ezberdinak ukituz doa, burutapen labur batzuk eginaz: pertsona ezberdinen balizko zertzelada ezberdinak, maitasuna, lagunartea, idaztea, bizitzako bidegurutzeak, ametsak, ispilua, autostop, denbora, errealitatea - ametsa, amets-kidea bizikide…

Pertsonak hor daude, beraien bizipenak ere bai, baina bizitza falta zaio, hotza da, literatura soilaren sentipena sortarazten du

Sarri aipatzen ditu idaztearen eta idazlearen hainbat zertzelada, nahiko luze eta sakon ipuin batean, ez  dakit autoestimuak eraginda, ala beraren zalantza, kezka, edo eraspenenek.

Pertsona ezberdinen ahotik egiten du gai askoren hausnarketa.

Zaila eta nekosoa da sarri ipuinon  barne loturako haria, esanahia bera, idazkerara mugatu behar zara sarri, beste interesguneriz sortarazten ez dizulako.

Oso idazkera landua, asko landutako ipuinak dira, idazkera eta egitura aldetik.

Egitura ezberdina darabil ipuin bakoitzean, hitzekin ez ezik egiturarekin ere jolasean dabil.

Dantzaren tangoaren erritmora idatziko du ipuin batean,

Paragrafo luzeak ere egiten ditu zenbait ipuinetan.

Erritmo bizia dute paragrafo luze askok.

Gustukoa zaizkio pertsonen deskribapenak, esanen nuke bere plazera bilatuz, literatura eginaz.

Irudi asko darabil, poesia kutsua emanen bailio.

Fantasia mundura eramaten zaitu, idazkerak lagunduta edo akuilatuta.

Pintatutako mural bat dirudi, koloretsua, irudi askokoa, baina inertea da, hila, ez du nolabait arimarik, ez dut aurkitzen tximeletarik hegan.

Ez dit ezer esan, ez dio nire buruari eragin ezta sentipenik harrotu,  bere idazkera landuaz harago, kontraesana dirudi, baina hala gertatu zait.

Nolanahi, nahiz ezkor nintzen hasieran, gustura samar bukatu dut, idazkeragatik eta eragin dizkidan burutapenengatik, burutapen pertsonaletarako hari muturrak eskaini baidizkit.

Aurreko ipuinen epilogoa bezala da azkena, irakurlea egiten du liburuko partaide, bere iritzia eta barkamena eskatzen dizkio.

Originala da, baina zalantza bezala jartzea da bere lana, dudakor, bere ahalegina gutxietsiko balu bezala. Nolanahi nire barkamena du, baita onespena ere.

 

Ispiluak eta itsasoa. Joxean Agirre

Baserriko neska baten eta Parisko dandy baten arteko gorabeherak, harremanen bilakaera…

Gogoeta ezberdinak han-hemenka.

Burgesia ezberdinen kritika eta deskribapena, Zestoa-Biarritz-Paris, baserria, ispiluak, maitasuna, emakumea, gizonezkoak, moda, keinuen balioa…  mila zertzelada eta aipamen iheskorretan emanak sarri.

Umore ukitua, ironia, kritika…

Erromanikoa dela esango nuke idazkerari buruz: dotorea baina aldi berean austeroa, mila osagai edergarrirekin.

Ez da galtzen edo luzatzen deskribapenetan, ez dabil hitz dotore borobilen bila… baina zehatza da esaldiak osatzerakoan, dotorezia du.

Estilo erakargarria du guzti horregatik, ez du aspertzen.

Istorio umoretsu atsegina.

Plazer bat da irakurketa.

 

Kabitu ezina. Aintzane Usandizaga

Gai bat hartzen du erdigune bezala eta horren inguruan dabil kontakizuna, hitz-jario etengabean, xehetasunez, zurrunbilo batean bezala, gogoeta tantak utziz, ideia izpi batzuk txertatuz,

Egunerokoaren eta orokorrean gizakiaren zenbait bizipen, gogoeta askotan isilak, mota ezberdineko zertzelada eta  hainbat gorabehera ukitzen ditu narrazio barnean, labur, izpi bat bezala.

Azken ukitu berezi batekin bukatzen ditu narraziook, eta hasieratik pizten du nola bukatuko  den jakin-mina.

Eskuetako izerdia nahiko sarri aipatzeak deitu dit atentzioa.

Oso txukun idazten du, ikusten zaio esaldiak borobiltzeko ahalegina… baina epel geratzen zaio, ez du freskotasun, naturaltasun edo bizitasunik.

Ezustea dute bukaerek, umore puntua dute… sortzen dute jakin-min ikutua nola bukatuko ote… baina ez dute bukaerok  narrazioa erabat borobiltzen

Arraroak egin zaizkit zenbait esaldi, laburrak gehienak, zer esan nahi ote, ondo ote daude, akatsa ote.…

Ez dit ia ezer eskaini, ez literatura aldetik ez hausnarketarako ezten bezala.

Gai aldetik eta idazkera aldetik egunero zerbait ezberdina irakurtzeko aukera eskaini dit, ariketa literario saio bat egitekoa.

 

Kezko bola batek itoak birikak. Miel A. Elustondo

Nafarroako jauntxo batzuk, norbait hil nahi dute, eta Ameriketatik ekarriko dute hiltzaile bat, sikarioa, baina bukaeran gauzak erabat aldrebestu eta aldatuko dira.

Salaketa kontakizun bat da.

Jauzika dabil batetik bestera, tokiz eta gaiz, gai ezberdinetara eginez  jauzi bakoitzean,

Guatemala-Mexiko: gaizkile giroa, lesbianak, Willian Douglas, Baztan, Nafarroako Aurrezki Kutxa, Nafarroako jaunxkila eta nagusikeriak: esku-beltza politikan, ekonomiaren azpi-jarduera,  kazetaritza, gaztetxoentzako egoitza, politikoen jarrera, alardea, Nevadako artzainak, Arantxa Urretabizkaia eta beste zenbait idazle, gurutzegrama, gizonezkoaren harkeria, mugalariak, Tupac Amaru, Aroztegia: urbanizazio katramilatsua…   

Bukaera korapilatsua, ezustea eman nahiz bezala, zenbait filmetan antzo, baina pertsonaia nagusiak airean bezala geratzen dira, ahaztuta bezala, iradokita bezala, azken zatiko pertsonei indarra emanez edo; nire irudikoz hankamotz geratu zaio amaiera. 

Baztan aldeko euskara darabil nagusiki.

Hitz gutxirekin esanahia agertuz, esaldiak laburtuz, hitz-elkarketak eginez.

Idazkera trinkoa du.

Esamolde erakargarri eta deigarri asko.

Behartuta bezala, egitura planifikatuegia bezala, jauzi bakoitzean gai bati buruz paragrafo luzez luzatuz… artifizial kutsua du.

Ulerzailak egin zaizkit zenbait esaldi,  ez dakit egilearenak diren ala Baztaneko moldeak.

Hiztegi oso zabala, ez dakit Baztaneko bereziak ala hiztegitik beste gabe hartuak.

Kontakizun sendo eta garratza arren, pisu gutxiko kontakizun gorpuz  arinekoa  geratzen zaio osotasunean.

 

Laranja mekanikoa. Anthony Burgess

Protagonista da kontakizunaren narratzailea: lehen pertsonan kontatzen ditu bere gorabehera eta bilakaera.

Hiru zatitan dago banatua, eta zati bakoitza  zazpi ataletan.

Lehenengo zatian taldeko ekintza bortitz ezberdinak kontatzen ditu poliziak harrapatzen duen arte, hamabost urteko gaztea, taldetxo baten buru, bortitza da baina bere burua ontzat du, “plazer hutsez egiten du gaizkia”.

Bigarren zatian kartzelako gorabeherak kontatzen ditu, politikoen baliabide bortitzak gaztearen ahalmenak eta jarrerak kontrolatu eta ezerezteko, erabat desagertuko da mutilaren erabakikortasuna, ez diote pentsaera aldatzen, nahi duena egin ezina ezartzen baizik.

Hirugarrenean: aske utziko dute, gizartearen jarrera baztertzaile bortitza azalduko du: bizkar emango diote; berriro beste politika mota batek bere senera, lehengotasunera, ekarriko du: adinak apalduko du bere sen bortitza.

Zehatz narratzen du bilakaera osoa, pauso denak banan-banan.

Bortitza da protagonista-narratzailea, baina aldi berean musika klasiko zale amorratua.

Oso bortitza da kontakizuna, ez hitzetan jokabide eta gertaeretan baizik.

Gai asko ukitzen ditu, kritika asko egiten eta etengabe hausnarketarako galderak mahairatzen.

Gaion artean: gazteek bizi duten gizartearen aurkako jarrera, polizia, presozain, osagile eta pentsaera ezberdineko politikoen jokabide ankerra, kartzela, eliza, naziak, gizartea bera ere bortitza da, makina bihurtzen gaituzte, denek erabiltzen dute gizakia beren intereserako...

Galdera asko uzten ditu: berezkoa du gizakiak gaiztakeria?, badakigu zer edo zein den fidagarria?, zer da gazte izatea?, eta hainbat...

Hitz edo esaldi zuzenez baino jokabide ezberdinak aurkeztuz egiten du salaketa.

Zein da idazlearen pentsaera, eta zein da hausnarketarako probokazioa.

Bere liburuari buruzko aipamenak egiten ditu eta iritziak ematen.

Nadsat hizkuntzan kiribilduta doa kontakizuna, hizkera eslaviar bat da nonbait: horrek egiten du batez ere berezia, bitxia, liburua.

Sarri dudan jartzen da zein den nadsat hitza zein euskarazkoa, jolasa bihurtzen da jolasa.

“Masokismo linguistikoa” deitzen dio Harkaitz Canok.

Hiztegi bat dakar bukaeran hitzon esanahia ulertzeko.

Berezia da esamoldeetan ere, irudiz agertzen du esanahia, hitzen joskera ere berezia da sarri.

Ohar pila dakar azkenean, itzultzaileak jarriak: nabari da nola jokatu eta jolasten duen idazleak hitzekin, esanahi ezberdinak nahastuz, korapilatuz eta esanahi ezberdinekin lotuz.

Forma eta hitzak era berezi-berezian darabiltza: “goi-goi-goia” gorena, nagusia esateko, “tik-tak” da bularra, “minbizia” zigarroa, “ez dakit zer-ez dakitzer” da gogoratzen duen zer bait…

Hitzak errepikatzen ditu indartzeko: “barka-barka-barka”, “maite-maite-maitea”…

Onomatopeiak  darabiltza oso sarri.

Itzultzailearen meritua da ere hitz askoren moldaketa, seguru aski jatorrizkoa ahalik zehatzen agertzeko.

Liburu zaila da  idazkeragatik, aldi berean gordina eta bortitza kontakizunagatik.

Irakurle bakoitzak ikusiko du nola irakurri: ia ezinezkoa da hitz ezezagun bakoitzean hiztegira jotzea, azkenerako zenbait hitz ikasi dituzu, memoria pribilegiatua duenak gogoratuko ditu hitzok, besteok irudikatu dugu testuinguruagatik zer esanahi duen, eta tarteka jakin-min ezberdinegatik joko du hiztegira.

Aberatsa da iritzietan eta idazkeran Harkaitz Canoren Epilogoa. 

 

Larrutik ordaindua. Joseba Lozano

Paris 1871. Apirilaren 3tik maiatzaren 28ra arteko Parisko Komunaren azken egunak.

Prusiarrek inguratuta dute Paris, beraiekin batera ari da burgesiaren ejertzitoa, Parisen komuna iraultzailea dago.

Askatasunaren aldeko borroka, herriak larrutik ordaintzen duena.

Parisko Komunako giroa, filosofia eta politika, garai hartako pertsonaia askoren aipamena.

Gerrako eszenak errepikatzen dira, borroka etengabeak, gerra zibil bateko izugarrikeriak..

Gai ezberdinak ukitzen ditu tarteka: hiltzaile sena, ospitaleko zaintza eta gaitz ezberdinen tratamendu ezberdinak: histeria eta gaitz psikiko ezberdinak, gorpuekin esperimentuak, kokaina, masoiak, Elisa Katolikoa,  elizako sinboloak, bekatu eta bertuteen alegoriak, giza azalez eginiko liburuak, Parisko estolderia, erromatarren hezurtegia…  

Egunkariaren forma eman dio, egunez egunez doa paristarren defentsa kontatuz.

Suspenseko istorio bat hartu du ardatz bezala, baina graziarik gabe bukatzen du, ezerezean bezala.

Trakets tankera hartu diot hasieran idazkerari, zerbait ezberdina, zakarra, lakarra.

Argi dago iritzi ezberdinez aukeratzen dituela hitzak, adjektiboak ezartzen, hitz eratorriak asmatzen, hitzak aditz bihurtzen, hitzak eraldatzen edo asmatzen…

Zerbait arraroa, gutxienez ezberdina antzematen duzu, ez dakizun arren zer.

Esaldiak ezberdinki egin nahi dituela dirudi.

Agian idazlearen izaera edo jitea erakusten du idazkerak.

Badirudi ahal duen neurrian erdal hitzak erabiltzea ekiditen duela, hitz eratorriak osatzen ditu atzizki edo marratxoarekin, hitzak adjektibo bihurtu, gutxi erabilitako hiztegiko hitzak hartzen agian esaldiak laburtzeko edo hitz ahaztuak gogora ekartzeko, baliteke hiztegiko hainbat izeni hautsak kendu nahi izatea…

Esanahi orokorreko hitz asko darabil, testuingurutik igartzen duzu zertaz ari den, baina erdarak badu hitz zehatzagorik.

Irudi asko darabil, baina grazia edo distira gutxikoak.

Hika asko darabil, oso aberatsa da horretan.

Esaldi bitxi eta ezberdin asko, oso aberatsa da horretan ere.

Errepikagarria egin zaizkit hainbat deskribapen eta kontaketa.

Inozoa gertatzen da kontakizuna tarteka, luzea eta errepikakorra ezer berririk eskaini gabe.

Duda asko utzi dizkidate hainbat hitz, esaldi eta egiturek.

Herri kutsuko esaldietan egin zait erakargarri eta baliagarria.

Gertakizun historikoez ari denez, zer da asmatua zer erreala: horregatik ez ditut gogoko tankera honetako liburuak.

 

Moio, gordetzea ezinezkoa zen. Kattalin Miner

Moio, neska jaio eta mutil sentitzen zen transexual baten gaitzizena zen: Amaia zuen izena, Aimar izenez deitua izatea nahi zuen.

Hernanin gertatu zen.

Arazoa gainditu ezinik bere buruaz beste egin zuen gutun bat utziz.

Idazle-lagunak, hogei urte geroago, heriotzaren zergatiaz hausnartu nahi du, gertaera latzaren zama arindu, oroitzapena berreskuratu, gaiari buruzko eztabaida mahairatu.

Moio beraren azken gutuna, bere eskuz idatzia, zirraragarria da, barnea astintzen du.

Gaiaren inguruko zertzelada asko: herriaren agurra eta geroko ondorena, bi tabu: suizidioa eta transexualitatea, gizartean eragindako astindua, nola gainditu lagun eta ezagunen trauma, bertsolari baten rola, feminismoa, lesbiana izatea, maskulinitatea, transfobia, gaur egungo egoera, feminismoaren alde eta inguruko Hernaniko hainbat ekintza, euskararen erabilpena, jende ezberdinen erreakzioak, testuinguru politikoa, arazoaren eta errealitatearen ezagutza, aldaketa ebakuntza, izen aldaketa, sexu-aldaketa prozesua, herriaren harrera eta jarrera, irakaskuntza, psikiatrizazioa, administrazioa…

Liburu sakona da, saiakera bat, teorizazio mardul baten itxura eman ez arren.

Transexualitatea normaltasunez hartzeko hurbilago uzten zaitu, ulertzeko eta gaia argitzeko hainbat ideia argigarri, gaia planteatzeko, normaltasunez gaia hartzeko, zeure barnean normaltzeko…

Elkarrizketa darabil tresna gisa, herriko transexual, feminista, lagun eta herritarren erreakzio eta testigantzak.

Estilo lau, xumea darabil, elkarrizketen transkripzioak.

Erraz irakurtzen da.

Agian zertzelada eta gai asko ukitzen dituela, arin edo azaletik doala itxura eman dezake,  baina arrasto sakona uzten du.

  

Munduko tokirik ederrena. Iñigo Aranbarri

10 ipuin, istorio bitxiak dira denak

Herri bateko gorabeherak, herriko istorioak, esamesak, giroa, 

Beti du sakoneko eduki sakonen bat istoriotan, ukitu kritiko bat.

Bi umeren bilakaera bizitzan zehar, itxurakeria, azpi-portaerak, polizia, gazteak, taberna giroa, pertsona-molde ezberdinak, herri baten gainbehera, giza-klimaren aldaketa, lehengo herriaren nolakoa, ametsak, droga… 

Pintzeladaz bezala doa herria marrazten: herria, herritarrak… zertzelada kontaezin pila ereiten du letren soroa goldatu heinean.

Zer pentsatu asko ematen du, baina idazkerak harrapatuta irakurri dut, sakoneko gaietan hausnartu gabe.

Logikarik gabe bezala bukatzen dira zenbait istorio, irakurlearen irudimena zirikatuz.

Ezustean harrapatzen zaituzten esaldiak, bata bestearen atzetik, ezusteak, korapilatsu handitsuak izan gabe, ezberdinak.

Idazkera berritu edo aberastu nahian bezala dabil, ekarpena bat egin asmoz: egituretan, esamoldeetan, izenordeetan baina naturaltasunez, ñoñokerietan sartu gabe, literaturakeriarik gabe.

Irudiak etenik gabe darabiltza, baina ez poesiaren tximeleta sortu nahian, idaz-molde baten egarriz baizik.

Literatura aparta egiten du, hori dela egilearen helburu nagusia dirudi.

Ez dakit, herritik jasotakoak diren esamolde asko -hala iruditzen zait sarri-, ala bere idazle senar eragindakoak, edo berak ukitu ezberdin batez aldatuak.

Tenpus eta kontatzaile ezberdinak atzera aurrera dabiltza sarri, kiribilduz, irakurleak egin behar die lotura.

Tarteka hitz niretzat berriak, une zehatzetarako egokituak, agian idazteko ekonomiak eraginda.

Orkestra sinfoniko bat entzuten den plazerarekin irakurtzen da, eustez ezuste idazmoldeari dagokionez.

Egunean ipuin bat, 10 egunez egun bakoitzari egin diodan oparia.

 

Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua. Edorta Jimenez

Txakur asko desagertzen dira: horren zergatiaren bila dabil pertsonaia nagusia den narratzailea.

Ostadarraren bila dabil kontakizunaren bigarren pertsonaia nagusia, sinbolo bat da, bere tokiaren bila dabilen herri baten sinboloa.

Ertzain ohia da narratzailea, Euskal Herriko istorio ezberdinez ariko da, nolabait herriaren erradiografia antzerako bat egiten du, bere kokalekuaren bila dabilen herria. 

Leku eta gertakizun asko aurrez ezagutzen ez dituena ez da jabetuko sakoneko esanahiarekin.

Gai ezberdin asko ukitzen ditu, batzuk luzeago, beste batzuk ukitu batez, pilotan txost eginaz bezala, ziria sartuz doa.

Kontakizunaren muina ganduan  edo lanbroan galtzen da, irakurlea joango da lotzen, sarri ez erraz nahiz badiren errepikatzen diren elementuak, txakurrak, izenak… narrazioaren hari bila ibili gabe kontakizun moldeez gozatzea litzake  bide zuzena liburua irakurtzeko.

Istorioa baino azpian doan mezua da garrantzitsua.

Mila keinu, ohar, burutapen, zeharkako eta zuzeneko kritikak, ikuspegi ezberdinak, ironia…

Itsas giroa, arrantza hiztegia, txakurrak, politikoak, Ertzaintza eta ertzainak, komunikabideak, giza harremanak, zaharren egoitzak, euskara, tortura, epaileak, hilketak, indarkeria, polizia-etxeak, Euskal Herriko gertakizunak edo beraiei erreferentziak, egoera politiko ezberdinak…

Musika, artea, ingelesaren erabilera sarria, zitak, abestiak, liburuak, egileak… ez dakit ironiaz dabilen hori dena, sinboloa den… ala erudizio irrika den.

Badira asko errepikatzen dituen gaiak: plataforma, aingeruak...

Oso ikuspuntu kritikoz ukitzen ditu gaiok.

Literatura egiten du: esamolde arruntetatik harago doa, esaldiak landuz, modu edo esamolde ezberdinak asmatuz, idazlearen jolas bat dirudi.

Baliabide eta  estilo literario ezberdinak darabiltza; atal askotan banatua irakurketa erraztuz, puzle bat bezala muntatuz istorioa, elkarrizketak eta tamaina ezberdineko paragrafoak tartekatuz…; bada paragrafo luzerik, baita orrialde osoko esaldirik ere, baita komak soilik  jarrizkorik, beste inolako ortografia zeinurik gabe: jolasa,  edo bera ere badela erakutsi nahia.

Betegarriak dira deskribapen asko istorioan, agian literatura egiteko bidea da, bere hitz-jolas eremua bat.

Badu intriga puntua, baina indarge bezala geratzen da, istorioa ez da helburua, esan nahi duena agertzeko aitzakia bat baizik.

Zehatz  marrazten ditu egoerak, giroa, ingurua, gertakizunak… idazkera dotorearen ahalegina jarriz.

Luzatu egiten da egoera eta ekintzen deskribapenetan, maila goragoko batean jarri ahaleginean, dotoretasun baten bila.

Gustagarria eta gozagarria egiten da luzaroan irakurketa, idazkeragatik batez ere;  azkenera, baina, errepikagarria ere bihurtzen da.

“zera” hitza darabil asko, baita “lotu” hitza ere esanahi ezberdinekin biak, intentzioz herriak hala erabili ohi dituelako.

Hautsak kentzen dizkio hiztegiari, batez ere arrantzale mundukoari, baina naturaltasunez egite du, ez da inola ere artifiziala.

Badirudi hainbat hitz eta esamolde berreskuratu nahi dituela.

Esaldi niretzat arraroak ere egiten ditu, niretzat berriak.

Zenbait esaldi bakan batzuk ez ditut ulertzen.

Hitanoa, hiketa zein noketa, usu darabil elkarrizketetan, bizkaieraz dira elkarrizketok.

Hitz-joko kilikagarriak egiten ditu, abila da.

Aberatsa de herri esaldietan.

Mezuaren laburpena, izenburuari eta liburuari berari zergatia ematen dienak dira azken esaldiak, baina azken atalak;  amaierak, baina, ez du indarrik, climax edo azken erpina falta zaio.

 

Sasieskola. Garbiñe Ubeda

Etxean erabat deseroso  bizi den neska gazte baten istorioa: etxeko gorabeherak, maitemintzea, guardia zibilak egindako hilketa baten testigu izatea, maitasunaren porrota, bakardadea, irtenbidea …

Kontakizuna xumea da, laburra gertakizunari dagokionez, baina sakon eta dotore luzatzen da bizipen eta hausnarketan berauek ardatz bihurtuz, luzea da barne-bidea.

Ikastetxeei kritika, nerabeen gurasoekiko harreman gaiztotuak, nerabeen bilakaeraren zailtasuna, poliziaren hilketa, maitasuna…

Bestelako hainbat gai zeharka: patua, halabeharra, kasualitatea, herri mugidak, boroka armatuko giroa…

Esaldi erakargarri eta irudimentsuak egiten ditu. Ez du ezer berririk eskaintzenez gaiari ez idazkerari buruz, baina erakargarria eta gozagarria egiten da idazkera, ondorioz irakurketa.

Ez da esaldi ezohikoetan kiribiltzen, ez eta hitz gutxi erabilitakoez baliatzen, baina landutako idazkera bikaina du.

 

Sekula konta behar ez nizkizun gauzak.  Iban Zaldua

32 narrazio oso laburrak ezberdinak gaiari dagokionez.

Bizitzako eta gizarteko zertzelada ezberdin asko aipatzen ditu.

Barne tolesetara egiten du, barne zirrikituetan dabil.

ETA da gai errepikatuena, oso kritiko nahiz zeharka, badirudi gai hori dela helburu nagusia, ez da nonbait beste indarkeriarik egon Euskal Herrian.

Deigarria egin zait Begoña Uroz umearen hilketa ere ETAri eragozten diola, baina irakurri berri dut ez zela ETA izan:  hala bada, akats larria deritzot, politikarien arintasun edo partzialkeria.  

Iradoki egiten ditu gaiak eta ideia nagusiak, kontakizunaren bidez,

Ez dit uneko gogoeta bizi baterako aukerarik eman, orokorrak dira bere mezuak.

Modernitate  puntua erakutsi nahi du, kantari, musikari, idazle, liburu… nahiko ohiko bihurtu da joera hori, nor jantziago… 

Estilo ezberdinak lantzen ditu, paragrafo laburrak dira, paragrafo luzeak egiten ditu tarteka, bada narrazio bat elkarrizketa besterik ez dena.

Bukaerak ezuste bat dakar eta horrek ezartzen die narraziooi ikusmin puntua.

Umore ukitua dute.

Irakurketa eta ariketa literario gozagarria egin zait, ez da gutxi.

 

Sofia Petrovna. Lidia Txukovskaia

Stalinen garaian kokatutako kontakizuna.

Sofiak Leningradeko argitaletxe batean lan egiten du, semea atxilotu, epaitu eta deportatuko dute, ama lehenengo semearen bila ibiliko da, sistemaren gehiegikeriak onartu ezinik, obsesionatuta,  eta azkenez amore eman beharko du, ezin etsiz bukatuko da kontakizuna.

Oso ezagunak zaizkigun garai hartako gertakizun, jokabide et zertzelada latzak azaleratzen ditu.

Stalin, atxiloketak, beldur-giroa, egoera politikoa, bibi-zailtasunak, lana eta laneko baldintzak, erakundearekiko sinesmena, salaketa, atxiloketa eta deportazio masiboak, justizia eta inguruko bulegoetako jarduna, mesfidantzak, atxilotuen familien ezina, bakardadea, segurtasunik eza eta egoera orokor izugarri lazgarria, beraien arteko nolabaiteko laguntasuna, aldi berean zenbait herritarren tirabirak eta norberekoikeriak… 

Stalinen Errusiaren salaketa gordina bilakatzen da.

Garai hartan bizi izandakoa da egilea, giroa zuzenean bizi izandakoa.

Ezer ez da behin ere objektiboa, idazlearen iragazkitik pasatakoa da dena, beti nolabait subjetiboa, eta partziala,; errealitate eta kontakizun orok du bere ifrentzua, baina hemen ez da inolako Stalin garaiko beste ikuspunturik ageri.

Ez du zuzenki kontatzen, protagonistaren gorabeherak, sentipenak eta gogoetak azaleratzen ditu, zeharka bezala doa azalduta kontakizunaren mamia.

Estilo xumea du.

Ez du erdaratik ia hitzik maileguan hartuko. Euskara “garbia”. Euskal hitzez soilik baliatuko da: ikusi bat egin: bisita esateko, badirudi euskal hiztegi propioarekin soilik idatzi daitekeela, hori dela bere ekarpen nagusia itzulpen aldetik, eta hein batean lortzen du. Kontakizuna bera ere ez da zailtasun handikoa.

Artifizial kutsua du tarteka.

Errepikagarriak dira protagonistaren hainbat sentipen, esperantza eta hausnarketa: agian protagonistaren egonezina eta egoeraren gordintasuna azpimarratzeko eratua.

Ulerterraza da, baina ez da erraz ulertzen, itzulpenagatik dela uste dut.

Ez dit ezer berrirri edo erakargarririk eskaini.

Barnea erabat goibel uzten duen kontakizuna.

 

Tximeleten eternitatea. Sandra Labastie

Sekta edo Eliza den talde erlijioso baten barrunbeak, (kanpotik begiratuta umekeriak, xinpleak dirudite) errealitate fantastiko batean bizi den talde bat.

Neska-koskor baten ikuspenetik eta bizipenetik ikusita, beraren logikaz kontatzen du historia, bere galderak eginaz bere buruari inguruaz elizaz… krisian bizi da. Agian Eliza horri umekeri kutsua eman nahi dio horrekin.

Eurak dira hautatuak, fedearen soldaduak, beste denak sinesgabeak

Fedearen esklabo dira, baina beste gizakion akats, huts eta arazo antzekoak dituzte, nahiz argibide ezberdinak emanen dizkien.

Gizaldiko azken urtea, gizartearen bukaera izango da laster, horren esperoen bizi dira, bizitzako beraien ardatza da: urtea pasako da, ametsak porrot egiten du, baina azken egun horren zain geratuko dira.

Eliza eta elizkideen bizitza, bizimoldea eta giroa.

Ez du iritzirik ematen, beraien zirrikituetan sartzen da, eta zertzeladak kontatzen ditu.

Beraien sinesmenaren eta hautatuon kontraesanak, sinesgabeekiko kontrasteak, nahasmena eta korapiloei irtenbideak.

Munduaren azkena, besteon beste “mundua”, predikatzea, sekretua, sexua… 

Aldi berean neska-koskorraren eta familiaren fede eta pentsaeraren bilakaera kontatzen du, beraien krisia, elizatik kanpo geratuko dira, eta bizimodu berri bat hasten.

Elizako pertsonaia ezberdinak marrazten ditu: predikariak, jakintsuak… eta eliztar xeheak,

Naturari, gizakiari… buruzko ikuspuntu ezberdinak dakartza.

Umetan hagin lokatuak hariarekin ateratzen genuen oroitzapena ekarri dit .

Hausnarketa motz baina kilikagarriak egiten ditu idazleak tarteka gai ezberdinei buruz.

Hareatzan trabatutako ontzi baten irudia darabil sinbolo bezala kontakizunean.

Ez dakik egilea beragatik ala itzultzaileagatik, baina hiztegi oso erraza du.

Nahiko errepikagarri kutsua du, antzerako ideia, bizipen eta gorabeherekin dabil.

Lau urtaro eta epilogoan banatuta dago kontakizuna

Istorioak ez da inola ere korapilatua, ia ez da ezer gertatzen, gertatzen diren gorabehera asko badago ere.

Lortzen du jakin-min puntua

 

Udaberri kantoi-hautsia. Mario Benedetti

Bost pertsonaia ditu: presoa, emaztea, alaba, aita eta laguna: bakoitzaren burutapen eta kontakizunekin korapilatuz doa istorioa.

Presoa, lagun mina eta tartean biekin maitemindutako emakume bat.

Hainbat gertakizun, pertsonaia eta kasu eredugarri berezi ere sartzen ditu zenbait kapitulutan, Uruguairekin eta atzerriarekin lotuak.

Pertsonaia bakoitzak bere izaera eta nortasunetik hitz egiten du, . 

Sentipen kontrajarrien deskribapena, maitasunean batez ere, harremanetan…

Hausnarketa uholdea.

Pertsonaien barnean sartzen da kontakizunaren bidez, ez kanpotikoko adierazpenez.

Egoera politika eta jarrera ezberdinak daude uneoro presente.

Maitasunaren katramilak hartzen dute muina, baina hortik gora mila gai daude:  kartzela, nostalgia, zeldakidea, barrea-negarra, kartzelako biziraupen katramilak, urtaroen deskribapen aparta,  atzerria, iheslari politikoak, etorkinen bakardadea, Kuba, Uruguaiko giro politikoa, aukera eta hautu ezberdinen arazoa, gorrotoa, heriotza, askatasuna, polizien galdeketa-tortura, adiskidetasuna, zahartzaroa… 

Zuzenean agertuta baino, zeharka kontakizunetik ezagutuko ditu irakurleak gai ezberdinak, iradoki egiten du gehiago zuzenean esan baino. 

Ukitu et zertzelada kilikagarriak ditu.

Umore ukitua.

Elkarrizketa soilak  dira zenbait kapitulu.

Noka ari dira zenbait kapitulutan: aberatsa da.

Itzak moldatzeko prestutasuna, atsegina eta aberasgarria.

Bitxiak eta bereziak dira azken bi kapituluak batez ere egituraz: presoa aske doa hegazkinean, bere burutapen eta sentipenen zurrunbiloan murgilduta,  luzea eta sakona da, gogoeten uholdea, bukaeraren irrika biziagotuz  bezala, maiuskularik gabe idatzita, marra etzanez banatuta burutapen ezberdinak zein paragrafoak.

Zain dituen laukotearekin bilduko da aireportuan: hortik aurrerakoa etorkizunean geratzen da.

Batzuen eta besteen hausnarketek egiten dute berezia liburua.

 

Ur biren erdian. Patxi Iturregi

Mundu-gerran girotutako 12 narrazio.

Egoera eta gertakizun ezberdinak.

Bilbo eta Abra inguruan kokatuta.

Garai hartako giroa eta egoera.

Gertatutakoak dira nonbait   baina disolbatuta bezala geratzen dira, galdu batean bezala, errealitatetik urrun.

Espioitza, urpekariak, garai istoriook, ontziak, ontziaren uretaratzea, itsas garraioak, ontzigintza, euskal itsasgizonak atzerrian…

Xaloak xumeak dira gaiak.

Idazkera ere xaloa da.

Hiztegi aberatsa.

Ustekabeko amaiera ematen saiatzen da ipuinoi, irakurlearen irudimena behar da,…

Ez du jakin-minik eta ezusterik sortarazten. 

Oparo darabil itsas-hiztegia, naturaltasun osoz, erudizio kutsurik gabe, gaiak eskatu eta herriak erabiltzen duen karira.

Herri esaldi asko.

Ez du ia hausnarketarik, kontakizun soil-soilak dira.

Ez dit ezer eta inolako ekarpenik eskaini, hiztegia eta esaldiak ezik.

etiketak: Liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.