Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / LIBURUAK 4

LIBURUAK 4

Jon Etxabe 2020/04/03 10:45
Amek ez dute. Katixa Agirre / Azken patriarka. Najat El Hachimi / Bihotza nora, zu hara. / Susana Tamaro / Egunaren hondarrak. Kazuo Ishiguro / Epailea eta haren borreroa. Friedrich Dürrenmatt / Erran gabe doa. Maddi Zubeldia / Esnearen kolorea. Nell Leyshon / Etxeak eta hilobiak. Bernardo Atxaga / Fakirraren ahotsa. Harkaitz Cano / Gaizki ulertua. Iréne Nèmirovsky / Gauez harrizko zubipearen azpian. Leo Perutz / Hariak. Yoseba Peña / Hezurren erretura. Miren Agur Meabe

Amek ez dute. Katixa Agirre

Bi seme-alaba txiki hil dituen ama eta ama izan berri den idazle baten inguruan dabil kontakizuna:. hiltzailea epaitu eginen dute eta idazleak liburu bat idatziko du gaiaz.

Hiltzaile bilakatzearen nondik norakoak, infantizidioa: iritziak eta historia.

Emakumearen haurdunaldiari buruzko gogoeta kilikagarriak, amatasuna, haurdunaldia, erditze inguru fisiko eta psikologikoak, zailtasunak, zesarea,  intseminazioa, une horietako emakumearen bizipen eta burutapenak, umea haztearen zailtasun, poz, asperdura,nekadura eta beldurrak, ezkor eta pozkor, kastitatea: ama-birjinak, fideltasuna,

Idazteari buruzko gogoetak

Bestelako eta mota askotako gogoeta laburrak egiten ditu, ihesean bezala edo sakonago: ospitaleak, epaiketa, epaileak…

Esaldi eta paragrafo laburrez idazten du, lerro eta tarte ezberdinetan banatuz sarri.

Literatura ukitu finak ditu.

Irudi asko darabil.

Suspense puntua ere badu.

Gogoko ditu zita eta izen ingelesak, kultura kutsuagatik edo gogoko dituelako.

Ez nau ase baina gustura irakurri dut.

Lortzen du “irakurlea lokaztea”.

 

Azken patriarka. Najat El Hachimi

Bi zatitan idatzita.

Marokon gauzatzen da lehen zatiaren kontaketa, Riff lurraldean; Bartzelona inguruan bigarrena

Familia baten leinuko azken patriarkaren bizitzaren inguruan dabil batez ere lehen zatian, umaroa, gaztaroa, emigrazioa, ezkontza,familia…: pertsona ezohiko bat da, aldarte aldaketa bortitzak ditu, jauzika dabil bere baitan zein besteekiko harremanetan, bai bere herrian bai etorkin bezala atzerrian; emakumeekiko ia obsesioa du eta horrek markatzen du bere jarrera eta bere jarduera.

Bigarren zatian patriarkaren alabak hartzen du protagonismoa: neskatoa nerabe, neska eta emakume bihurtzen joango da atzerrian, bere zailtasun guztiekin.

Patriarkaren alaba da narratzailea: oparitu zioten koaderno batean idazten dituela dirudi bere oroimen eta burutapenak.

Bi mundu eta kultura kontrajarriak, arabiarra eta europarra, daude aurrez aurre jarrita, elkarrekin baina nahastu gabe.

Pertsona askoren galeria: pertsona xumeak dira, ia marjinalak batzuk, pobreak.

Emakumeei eta beraiekiko harremanei buruzko hausnarketak hartzen du kontakizunaren leku nagusi bat, horrekin batera Marokoko herritxo bateko bizimoldea, ohiturak, esaerak… mila zertzelada: hango gizartean txertatzen zaitu.

Gai asko hausnarketarako, mila zertzelada kontakizunaren zehar: herri bateko bizitza, ohiturak: ezkontza, etxeko bizimoldea, erditzea, orgasmoa,  Espainiara emigrazioa lan bila. maitasuna eta maitemintzea, sexua, emakumea arabiarren kulturan, Europarekin kontrastea, amaren rola, familiaren nolakotasuna…

Emakumearen menpekotasuna, gizonaren gailentasuna, eta arraren sexu-menpetasuna dira nabarmenak.

Amets edo misterio giroa darie pasarte askori.

Pertzonen barnean dabil, mila galderetan kiribilduta.

Tragikoa sarri, gizakiaren miserien bilduma dirudi.

Istorio latza eta gordina, trukulentoa ere sarri.

Arabiarren emakumeekiko jarrera aske eta aldi berean gailena izugarri latza da: ez dakit hala den, baina hala bada… Oso argazki beltza marrazten du.

Suspense puntua ere sortarazten du eta ezusteko amaiera bitxiarekin bukatzen da.

Garunetan dabilzkion berekiko hizketaldiak dira, ez inorentzako esanak, barne-hizketak.

Umore puntua du.

Kapitulu oso motzez osatua dago liburua, pasarte ezberdin bat da kapitulu bakoitza.

Estilo berezia du, irudiengatik, esaldiengatik, gordintasunagatik,  pertsonen baitan dabilelako,… 

Bigarren zatian joko eta jolas kilikagarria, esanguratsua eta orijinala egiten du hiztegiko hizkiekin, kapituluen amaieran hizkiei sinbolismoa ematen die eta zeharkako errealitate bat erakusten dute.

Kronologikoki artez doaz kapituluetako kontakizunak, baina ez daude zuzenean bata bestearekin lotuta, aurrera jauzika bezala doa, tarteka atzerakoa egiten badu ere.

Irudiak darabiltza usu pertsonak et egoerak deskribatzeko.

Erraz irakurtzen da, estiloagatik ez ezik, kontakizunagatik ere.

Hitz ezohikoak moldatzen ditu itzultzaileak: husgune,…

Aberatsa da esaldi eta esamoldeetan.

Errepikakor samarra ere bihurtzen da azkenerako, kontakizuneko zenbait edukietan eta kontakizun moldean ere.

Beste giza mundu bat biziarazten dizu, bertan murgiltzen, nolabait ezaguna zitzaizuna baina hemen gordin, askoz gordinago, agertzen zaizuna.

 

Bihotza nora, zu hara. Susana Tamaro

Drama bat den istorioa, oso gogorra da, harreman eta pertsonen baitan bisturi batekin bezala dabil.

Amona batek bere kanpoan den ilobari idazten dizkion gutunak.

Amona, alaba eta iloba dira protagonistak, edo kontakizunaren gaia.

Adin ezberdinei buruzko hausnarketa aparta.

Amatasuna, bizitzako kontraesan sakoneko zirimolan dabil.

Etenik gabeko gogoetak, zurrunbilo batean bezala, luzatu gabe baina aldi berean sakon.

Etsigarria da, hitsa, mingotsa, agian errealista delako, eta bakoitzak geure barnean amildegi bat daramagulako.

Pizgarria eta aldi berean goibela.

Gai zenbait: ametsak, adin ezberdinak, bizitzaren zikloak, umaroa, gaztaroa, munduaren zergatia, elkarbizitzako harremanen langak, pertsonen barne zirrikituak, bakardadea, gorrota, patua, aurreko bizitza, emakumea, feminismoa, eboluzioa, zuhaitzak, psikoanalisia, bihotza-arrazoia, hitza-gogamena, emakumea-gizonezkoa, gorrotoa-mina-ezereza, erlijioa-jainkoa, begitartea-identitatea, aita ezagunik gabeko alabak, genetika-hezkuntza, gizartearen historiari begirada orokor bat, etorkizuna, 2000. urtea. 

Hobekien ezagutzen duen munduan omen du inspirazioa idazleak: norbere kanpo gai bila ibiltzea dela uste dut idazle askoren akatsa, bizi ez dituen gaiak, arrotz zaion estiloan idaztea, horregatik landuegia, hotza eta artifizial kutsukoa ateratzen zaio egina.

Irudi eta alderatzen kitzikagarriak dakartza.

Paragrafo luze  asko egiten ditu.

Idazkera xumea du, zuzena, irakurterraza.

Itzultzailea ez da korapilatzen hitz hautatu eta esaldi korapilatsuetan.

Intrigadun eleberri bat baino gogotsuago eta irrikatuago hartzen dut liburua gogoetotan murgiltzeko,

 

Egunaren hondarrak.  Kazuo Ishiguro

Ingalaterrako maiordomo baten oroitzapen eta gogoetak: bat egiten du eta bidaia gogoetarako aitzakia bat besterik ez da bidaia.

Pertsonaiaren pentsamenduen munduan edo labirintuan dabil.

Ingalaterrako handikien bizimoldea, jauregietako bizimoldea: maiordomo eta gainerako zerbitzarien bizimoldea…, horren inguruan mundu gerra ondorengo politika giroa eta politikagintza, Ingalaterran egin zen nazioarteko konferentzia bat ere zehatz aipatzen du, herriaren rola politikan, demokrazia, duintasuna…

Handikien garaiko morroi eta etxeko zerbitzarien mundu berezian sartzen zaitu.

Pertsonak zehatz deskribatzen ditu, ukitu zehatzak emanez.

Ingalaterrako zenbait lurraldeko deskribapena ere bada hein batean: Somerset konderrikoak, Hego Ingalaterran.

Dibertigarria ere badira, bitxiak behintzat,  maiordomoei buruzko buruiritziak, morrontasuna.

Usu darabiltza diminutiboak.

Estilo berezia du, irakurleari hizketan bezala ari da.

Egitura ezberdin asko du, ez dakit itzultzailearen meritua den eta jatorriko testuak behartutakoa.

Oso aberatsa egin zait literatura aldetik.

Izenak aditz bihurtu, izenei emaniko ukitu ezberdin bat, esanahia zehazteko asmatu edo moldatutako hitzak diruditenak, aldi berean esaldia laburtuz.

Hiztegi aberatsa du, baina izen ulerterrazak dira, gutxi erabiliak.

 

Epailea eta haren borreroa. Friedrich Dürrenmatt

Bernan eta inguruan kokatzen du kontakizuna eta tokiz-toki eta kakez-kale dabil ibilbideak zehaztuz, zenbat zehaztasun emanez: mahastiak, eguraldia…

Gaizkia erakargarria egiten da: enigma bat da.

Ezinbestekoak dira krimenak, zoriak ere ezinbestean zigortuak?, ala gizakiaren arazo korapilatsuak eraginak dira, eta horregatik geratzen dira zigorrik gabe gehienak: hori litzake liburuaren ardatza: hiltzailea eta poliziaren arteko dema, ongia eta gaizkia: liburuaren ardatza

Ironia darabil usu, zeharka azalduz kritika, ezkor: egunkariak, ejertzitoa, idazleak, filosofoak, politikoak, negoziaketak, polizia, industria eta industrialariak eta beraien eragina politikan, Berna...

Itzultzaileak asko azpimarratzen ditu edukiok sarreran, baina liburuan bertan oso azalekoak dira adierazpenok, zeharka bezala pertsonaien ahotan, lausotuta bezala geratzen dira, indarge, egon hor dauden arren.

Tarteka pertsonaia eta egoeran sakontzen du, ukitu bizia emanez, tarteka hitz edo esaldi batez soilik.

Badira hitz etzan batzuk, zentzuei nik ez dieten arrazoirik ikusten horrela azpimarratzeko.

Esaldi laburrez idatzia, elkarrizketa askorekin, eta atal laburretan banatua, oso erraz irakurtzen da.

Nire buruari galdetzen diot zergatik ote den Suitzako idazlerik famatuena.

Ez dit ezer eskaini denbora-pasarako tartetxo arin batzuk baizik.

Dibertimendu bat da irakurketa, besterik ez.

 

Erran gabe doa. Maddi Zubeldia

Familia bateko 5 pertsonaia eta hobiratuaren amoranteak bisita egiten dute sarri hilobira eta han bere barnea husten.

Pertsonaia bakoitzaren bakar-solasaldiak dira et beraiei buruzko gogoetak

Bada gogoeta franko kontakizunean, baina norberaren egunerokoak dira, eta ez dizu ez gogoan ez barnean ezer harrotzen.

Familia bateko harremanen ateko zurrunbiloan dabil.

Hainbat gai ezberdin, genero indarkeria tartean.

Idazlea pertsonaien barnea sartu nahi du, tolesduretan dabil, baina azalean geratzen da irakurlea, kontakizunean, hunkitu gabe.

Pertsonaia bakoitzaren hilobira bisita kapitulu ezberdin bat da.

Pertsonaiak ondo marraztuta daude.

Egitura aldetik berezia eta erakargarria da.

Irudi asko darabil eta honek ematen dio kutsu ezberdin bat.

Suspense eta intriga puntua du, baina bukaeran indarra galtzen du, irakurlearen jakin-mina lausotu egiten da, bukaera logikoa du, baina ez du indarrik.

Tarte erotikoak ere sartzen ditu.

Maila ohikotik gorakoa da, ukitu eta giro ezberdin bat ezartzen dio kontakizunari.

Giro arretatsu batean sarrarazten zitu, erakarri.

Ez du zer handirik eskaintzen.

 

Esnearen kolorea. Nell Leyshon

XVIII. gizaldian kokatua.

Baserri bateko lau alabetako bat da protagonista, esne kolorekoa du ilea.

Bere azken urteko historia kontatzen du, tolesdura gabe, pentsatzen eta sentitzen duena azalduz.

Protagonista pertsonaia primitiboa da, bere-berenez hitz egiten duena, ikasi gabea, logika soilik darabilena, instintuz.

Baserriko eta baserriko bizitza eta giro latz bortitza, hasierako apez-etxeko giro findua, irakurtzen eta idazten ikasi zuenekoa, ondorengo bortxakeriak eta bukaera.

Sexua, lizunkeria eta bortxaketa dira azken interesgunea, irrika sartzen duena.

Kilikagarriak badira lehen hiru laurdenak, latza du bukaera.

Berezko sena eta molde itxuraldatua aurrez aurre.

Bizitzako mila zertzelada, xamurrak batzuk, gordinak besteak, han hemen barreiatuta.

Bizitzari buruzko filosofia ezberdinak, egunerokoak oratuak.

Lau zati ditu kontakizunak, lau urtaroak: urtaro bakoitza bizitzako zati ezberdin bat da..

Maiuskularik gabe idatzita dago, puntua da darabilen zeinu ortografiko bakarra.

Esaldi labur laburrak darabiltza, lerro ezberdinetan banatuak, elkarrizketak-eta inolako berezitasunik gabe datoz.

Arraroa egiten da irakurketa hasieran, hain itxura nahasiagatik, baina azkenez erraz eta naturaltasun osoz irakurtzen da.

Kontakizuna berezia da, azken zati ezustekoarekin, baina batez ere idazkera da deigarria, pertsonaiari eta istorioari berari datxekiona.

Ia bere kabuz ikasten du idazten, gutxieneko baliabidez, eta horren ondorioa da liburuak darabilen estiloa.

Herri-herriko elkarrizketa xumeak, inolako filtrorik gabekoak.

Idazkera leun batez, bihotza kizkurtuta uzten duen liburua.

 

Etxeak eta hilobiak.  Bernardo Atxaga

Sei ataletan banatuta dago liburua.

Istorio ezberdinak, bizitzako zati edo taupadak da atal bakoitza.

Atal bakoitzean pertsona, herri eta toki izenak errepikatuz doa kontakizuna, nolabaiteko batasuna ematen dio liburuari, baina atal bakoitzak bere nortasun edo izaera propioa du, izenek eta idazkerak nolabaiteko lotura eta osotasuna ematen badio ere kontakizunari: ez nioke nobela deituko.

Pertsonaien gogoeta sentipenetan katramilatzen da.

Eguneko bizitzatik hurbil dabil beti, egunerokoan murgilduta.

Nahiko aspaldiko giro eta garai batean murgiltzen zaitu.

Halako ukitu kritiko kutsuko gogoetak egiten ditu kontakizun eta deskribapenetan, sozial eta politika munduari buruzko gogoeta laburrak ere asko dira.

Kirol gaiak, errime darabiltza.

Mahoistak aipagarri ditu, agian ezker muturreko sinbolo gisa.

Ukitutako zenbat gai: eliza, artzainak, soldaduska, El Pardo, atezainak, txoriak, tortura, polizia galdeketak, politikoak, indarkeria, erailtzea, talde iraultzaileak, telebista programa, ospitaleak, zahar-etxeak…    

Deskribapen eta kontaketa oso zehatzak deskribapenetan.

Tarteka hitz  berri bat, ahanzturatik ateratakoa bezala, txalkor  izan da umetatik soilik ezagutzen nuena.

“sierra”, “majada”, gaztelerazko hitzak darabiltza itzultzen ibili gabe, uneko girora hurbilduz.

Jolas egiten du frantses abestien letrekin, sarriak dira frantseseko hitzak ere.

Farfail lana da liburu osoa, baina batez ere 4. atala, egoerak, pertsonak, iragana, oraina, eta iruditakoak gakorratzez bezala kiribilduak.

Ez puntu eta ez komaz egindako paragrafoen antza du 4. atalak, egoerak, pertsonaiak, gogoetak eta gertaerak jarraian jarri eta nahastuz.

Ukitu erakargarriak ditu esamoldeetan, irudietan, adjetiboeta…

Paragrafo laburrak eta esaldi motzak: irakurketa erraza egiten da.

Arraroak egiten dira zenbait esaldi: “eliza herriko teilatuen gainean”, gailentzen dela esateko.

Irakurketa lasai batera bultzatzen zaitu, lasaigarria baita.

Gozamena da irakurketa, baina aldi berean ideia, egoera, gertakizunen eta kontaera berdintsuaren eraginez mantso doa kontakizuna, sarri motel, astun samarra bilakatzen da, kolorgetu bezala egiten da irakurketa.

Ez nau bete.

 

Fakirraren ahotsa. Harkaitz Cano

Imanol kantariaren biografia eleberri itxuran: ume, gazte, Parisen, Euskal Herrian, Madril, Torrevieja, heriotza.

Imanol da fakirra, eta bere ahotsaren inguruan doa kontakizuna.

Kantari bezala hasiera, gorakoa, gailurra, oienekoa, gainbehera eta bukaera.

Aldi berean aldi horretako ETAren inguruko eta barneko gorabeherak eta kantariaren bilakaera politikoa, borrokari eta hilketei buruzko iritzi ezberdinak, 68ko maiatza.  

Egoera politikoaren bilakaera aldi luze horretan, Euskal Herriko azken urte luzeetako giro politikoaren isla.

Musika eta musikarien mundua luze, zabal eta sakon jorratua.

Diktaduratik  hasi eta Franko hil ondoren bilakaera politikari buruzko burutapenak etenik gabe, gogoetarako mila hari mutur eskainiz

Pertsonaien, baina batez ere Imanolen barne labirintuan dabil sigi-saga, biluztu egiten du kantaria.

Mota guztietako iritziak, batzuk ertz-ertzekoak, baina duda ikurra uzten dizuenak.

Gogoeta uholdea, horregatik zatika eta mantso irakurri beharrezko kontakizuna, bakoitzaren vademekun bezala erabili daitekeena.

Irabiagailu batean sartzen zaitu, gogoeta kontaezina sartzen dizu kaskezurrean, iritziok ia eho eta mamurtu ezinik uzten zaitu.

Zuzen esan baino iradoki egiten du, esaldi labur maisuki borobildutakoz.

Narratzaile bat da, alanbre baten gainean bezala dabil ez alde batera ez bestera eroriz, alde bietara kinoak eginez…

Norberaren ahalaren norakoa eta iraupena hartu dezake kontakizunak.

Pertsonaia ezberdin askoren aipamenak, batez ere musikarienak: Paco Ibañez,…

Gai kontaezin pila: batzuk etorri ahala bezala gaiari lotuta, labur, beste batzuk kontakizunen bati lotuta, sarrera edo girotuz bezala.

Zenbait gai: San Sebastian, artea, ispilua, abeslari baten bilakaera, ahotsa fintzea, kantaera lantzea, iheslarien bizimoldea Parisen, biolentzia, militanteen harrera aldaketak, kontraesanak, barne mundua, libertarioa, abestiak-entzuleak, kantak, Donostia, ahotsa,  musikarien arteko giroa, ETAren ekintzak, iraultza, kemena, erantzukizuna…

Literatura fina eta literaturarako ekarpen bat egin nahi duela dirudi, bigarren helburu nagusi bezala, irabazi duen fama ondoren hori egitera behartuta bezala, famak behartuta lez; agian hori da bere idazkera jada bere hezur-mami dena. 

Laborategiko  idazkera dirudi, pentsatuegia, idaztea artelan bihurtuta: koadro eta estatua bat begiratu, miretsi, baina ulerzaila gertatzen zaizun bezalakoa.

Baina ez du artifizialtasun kutsurik uzten.

Esaldi laburrez idatzita dago, esaldi dotore landuz, erraz eta gustura irakurtzen da, baina bere baitan gordetzen duena ulertu eta mamitzea da arazoa.

Tarteka egiten ditu perpausa luzeak, orrialde osokoak edo gehiago, batez ere gai zehatz baten inguruan ari denean.

Estrategikoki errepikatzen ditu gertakizunak, esaldiak, izenak, zitak, irudiak… lotura eta batasun bat emanez kontakizun osoari.

Flash ezberdinak lotuz bezala doa kontakizuna.

Komatxo artean sartzen ditu esaldi pila denean, pertsonaiek erabilitako gogoetak dira asko edo gehienak, beste zenbait agian beste nonbaitetik hartutakoak, edo idazleak bizitasuna emateko baliabide bat, estilo propio bat bezala.

Historiaren ardatza ez da korapilatsua, baina bide horretan sartuko da mila eta bi bidezidorretan.

Ataltxo horiek banaka hartu, aztertu, gogoetatu eta gozatu.

Lasai irakurtzeko liburua, kontakizunagatik baino gogoetengatik, aldi hartako hainbat eta hainbat era guztietako zehaztasunengatik, eta, nola ez, idazkeragatik, esaldiak, hiztegi eta aditzaren erabileran dituen ekarpenengatik.

Literatura ariketa bat nagusituko bailitz sentipena utzi dit.

 

Gaizki ulertua. Iréne Nèmirovsky

Maitasun istorio bat: gizon ezkongai aberats izandakoa eta emakume ezkondu aberatsa maitemindu eta harreman zailak biziko dituzte, gaizki ulertu batek emango dio etena harremanari.

Bukaera tristea, eta goibela ematen dio istorioari.

Maitasunari buruzko hausnarketa errealista eta ezkorra.

Maitasunaren zirrikitu eta bihurguneak, ifrentzuak, txanpon-alde kontrajarriak.

Emakumeari buruzko iritzi eta irudi ezkor etsia, menpekotasuna:  gezurtiak, ahulak, gizonaren esanera, menpekotasuna…

Biarritz, Hendaia Hondarribian lehen zatian, eta Parisen gero kokatzen da kontakizuna.

Hainbat gogoeta eta hausnarketa interesgarri kontaketaren zehar.

Nabaria da pertsonaien barne tolesgunetan sartzeko ahalegin, elkarrizketa, deskripzio eta giroaren bidez.

Nabaria da egitura literarioak borobiltzeko ahalegina, esaldiak dotoretze nahia, baina zerbait falta zaio, ukitu erakargarri hori, gozagarria egingo duen puntu berezi hori… ez dut tximeleta aurkitu.

Deskribapenak nagusitzen dira, bai pertsonei bai tokiei buruzkoak, betegarri itxura hartzen diet, edo literatura egin nahia, idazteko plazera.

Sarriak dira konparaketak, esanahia argituz, agian ariketa literario ahaleginean.

Berezia edo arraroa egiten zait zenbait adjektiboren erabilpena, zaila egiten zait hainbat adjektibo  hitz horrekin lotzea: haize baldarra… ez dakit jatorrizko testuak eraginda ala itzultzailearen zera den.

Esanahi zehatzagoa ematen die izen edo hitzei atzizkien bidez, izen-hitzaren erabilera ezberdina darabil.

Izen konposatuak egiten ditu usu.

“Azterketa psikologiko eta sozial zorrotza”,  hala dio epilogoan, eta hala da.

 

Gauez harrizko zubipearen azpian. Leo Perutz

15 istorio labur, 16. gizaldi inguruan kokatuta arren gaurkotasuna ere darie.

Garaiko enperadore eta juduez ari da, maitasun istorio bitxi bat ere argituz joango da.

Enperadorearen izaera, jokamoldea… gorteko giroa… errukirik gabe deskribatzen ditu

Ikuspuntu ezberdinetatik begiratuz ari da juduei buruz: judu auzoa, bizi-maila, izatasuna, erlijioa…

Praga inguruan dabiltza istoriook, Bohemia lurraldean.

Gizarteari eta gizakiari buruzko gogoeta sakon asko dator kontakizunean.

Gorteetako bizimoduren eta ondo-bizien argazki gordina.

Presente dago Bohemia lurraldeko historia.

Antzerakotasun handia dute Atxagaren “Etxeak eta hilobiak” eta liburu honek, beste norbaiten nobelan ere aurkitu dut jite bera: kapitulu bakoitzean istorio independente bat kontatzen da, baina nolabaiteko osotasun bat du: gizarte mailaketak, ezberdintasunen giro antzerakoak, pertsonaiak kapitulu zein istorio ezberdinetan errepikatzeak,  xehetasunak kontatzeak, zitak, bertako leku eta bestelakoen jatorriko  izenak jartzeak, umore ukituak… lotura ematen dio  liburu osoari: guzti horretan ikusten diet nolabaiteko antzerakotasuna lan biei.

Azkenaurreko kapituluak ematen dio nolabaiteko batasuna liburuari, argitzen du ere kapitulu bakoitzeko zenbait zirrikitu.

Azkenaurreko  kapitulu horretan borobiltzen du judu-auzoko giroa, erlijioaren dotrina bera ere.

Poesia ukitua du, umore puntua ere ez zaio falta, kritika sena…

Hitanoa darabil txakurren arteko elkarrizketan: bitxia da bestela ere kapitulu osoa.

Bada ere bertso kadentzia duen kapitulu bat, erakargarria, itzulpen bikaina dirudi.

Berorika ere ari da tarteka, apaizei eta apaizoi egiten genien eta ziguten garaiak gogaraziz.

Aditz forma ezberdin aberatsa darabil elkarrizketetan.

Irudiek ematen diete indarra pertsonaiei zenbait tartetan.

Herriko esaldi pila dakartza, errefrauen tankera dutenak.

Errefrauak eurak ere ugariak dira.

Oso gutxi entzun – irakurtzen diren hitzak, hautsa kendu dio hiztegiari  itzultzaileek.

Ez dakit nolakoa den jatorrizko lana, beraren eta itzulpenaren arteko sinbiosia, ze eragin duen itzulpenean, baina itzulpen aparta iruditu zait.

“trangadera”, haurtzaro-nerabezarotik entzun-irakurtzen ez nuen hitza.

Oso gustura  irakurtzen da, jakin-mina sortarazten du azken aldera.

 

Hariak. Yoseba Peña

Hiru zatitan banatuta dago: Espainiako gerra zibilaren aurretikoa, gerra garaia, eta gerra bukatu ondorengoa.

Saga baten kontakizuna da, familia horretako pertsona ezberdinen gorabeherak.

Garai luze hartako kronika sozial eta politikoa.

Gerra aurretikoan zegoen giro politikoa erakusten du: karlistak, errepublikanoak, jeltzaleak… gerra garaiko hilketak, bakoitzaren harrerak, Euskara batua, bahiketak, hilketak, 70ko hamarkada…

Gerra ondorengo jarrera, bizipenak, gehiegikeriak, elkarbizitza zaila, pobrezia, ikastolen sorrera. 

Azken zatian Frankismoaren azken aldia eta ondorengo urteak: Txiki eta Otaegi, atxiloketak, kale-giro bortitza, Euskara, iheslariak, errefuxiatuak, eskolak, bahiketak, EE.PNV, Suarez, kartzela, miliak, polimiliak, epaiketak…   

Zati bakoitzak protagonista ezberdin bat du, hiruretan emakumea.

Fikzioa arren kontakizuna, erabat errealitatean oinarrituta dago, gertakizun zehatzak elkar lotuz bezala doa istorioko aldi bakoitzean, izen pila, ezagunak, gertakizun ezagunak emanez.

Kontakizun mingotsa da, garratza, kritikoa, ezkorra….

Kontakizun aldetik niri ez dit ezer berririk eskaini, ezagunak ez ezik bizi izandakoak ere baitira giroa eta gertakizun berdin edo antzerakoak.

Iradoki egiten ditu, herri gehienetan gertatutako egoera eta jasandako bizipenak baitira.

Zarautzen kokatzen ditu lehen bi zatiak, bukaera ere,, toki izenak behintzat bertakoak dira.

Oso azaletik kontatzen ditu, pasadan bezala, gertakizun batetik bestera jauzika, zabalegia da ikuslea hunkitzeko.

Egoera eta gertakizun izugarri latzak kontatzen ditu, baina ez dute drama-sentipenik sortarazten, ez du ikuslea istorioan sarrarazten.

Garai eta giro hura ezagutu ez dutenentzat izan daiteke baliagarria nolabaiteko iritzi orokor bat jasotzeko, agian hori da egilearen helburua.

Iritzi asko ematen ditu, baina oreka gordeaz bezala.

Esaldiak sartzen ditu, erruz, herritik jasotakoak agian, herri kutsua dutenak behintzat: nik uste hori dela liburuaren bereena behintzat, literatura-ekarpen nagusia.

Esamolde bitxiok ematen diote berezitasun bat.

Zati batzuk salbu, kartzelako zenbait batez ere, hotzegia da, zerbait falta zaio, ukitu erakargarri edo bereizgarri bat, ez dut aurkitu tximeletarik liburuan.

Irakurterraza da, esaldi eta paragrafo laburrak egiten ditu.

Estilo bizia da, oso abila da idazten, oso landua du estiloa.

Mila eztabaida eta hausnarketarako ataka zabaltzen eta eskaintzen  du

 

Hezurren erretura. Miren Agur Meabe

Bizitzaren koadro zabal bat osatzen duten puzzle bateko atalak edo teselak, ez dituzu lotu behar nobela batean bezala, hor geratzen dira geruza batek biltzen zaituela

Ukitu erakargarriak aurkitu ahal dira zenbait hitz eta esaldietan

Gogoeta erakargarriak, asko, hausnarketarako bidea emanez; kateatuta datoz  burutapenak, segidan…

Badira errepikatzen diren gai-egoera-mamuak, agian barne bizipenen arrasto bat bezala: idaztea, liburua bera, katua, arratoiak, Miramar-a, itsasoa, Lekeitio, harremanen etetea, eskola, gaztaroa, ametsak, frantsesa, bidaiak, erresidentziak, hotelak, bakardadea, denda…

Irribarretxoa era eragiten du.

Ukitu propio bat ematen saiatzen da bai hitzetan bai esaldietan, jite propio du.

Zita asko, autoreak, tituluak, testu zatiak… ez du baina jakintsukeria kutsurik.

Sarriak dira irudiak, konparaketak, sinboloak, parabolak… esanahia zehaztu argitu eta borobilduz.

Hautsak kendu dizkio hiztegiari: agian hori da liburuaren helburuetako bat literatura aldetik

Herri-hizketako hainbat hitz eta esaldi jasotzen ditu: tautik…

Hitz asko egokitzen ditu, hitzari zehaztasun bat emanez, aditz bihurtuz,…

Bi hitzekin hitz bakarra egokitzen du sarri, ulerterrazak dira hitzok,  baina bitxia edo arraroa egiten zaizu, ezohikoa.

Gaztelerako hitzak ere sartzen ditu egoki datozkionean.

Ideia edo gauza-izen nolakoa ezberdin azaldu nahia

Ezohiko hitzak aukeratzen ditu sarri: bizitegi…

Nire haurtzaro eta gaztetako hainbat hitz gogarazi dit: erretura…

Beste garai bateko erretorika edo hitz parrasta, beste garai bateko bizimodua... dibertigarria eta oasi bat izan daitezke

Nekatuxe ere uzten zaitu irakurketak,  hainbat hitz ezohiko lotu nahi horrek

Naturaltasuna falta zaio, laborategi batera bezala zaramatza irakurketak, esparru lasaigarri batera baino.

Bizitzarekin egiten duzu topo, hausnarketarako bidean, txatalak bildu eta zuretzako jantzi bat egiten duzu, ez dut uzte erretzekoak direnik txatalok, hor daude barne geruza bat bezala.

etiketak: Liburuak 4
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.