Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Liburuak 3-III

Liburuak 3-III

Jon Etxabe 2016/11/14 09:15
Liburuak 3-III. Zenbait libururi buruz iruzkinak

Liburuak 3 – III.

Gainbehera dator dena. Chinua Achebe

Gainontzekoa, Kontuak dira. Karmelo C. Iribarren. Poema-liburua

Galera errepikatuak. Juan Ramon Madariaga. Poema-liburua

Galtzontziloak autobusean zintzilik. Aritz Gorrotxategi

Gauzen presentzia. Pablo Sastre

Gure ametsen gerizan.  Luigi Anselmi. Poema-liburua

H. dossierrak. Ismail Kadare

Hamabost zauri. Karmele Jaio

Harri hautsiak. Gabriel Korta. Poema-liburua

Harry Potter eta sorgin-harria. J.K. Rowling

Hartzak Pirinioetan XXI. Mendean. Migel Mari Elosegi

Henriren irudia. Pablo Sastre

Hezur gabeko hilak. Xabier Montoia

Hiltzaile baten aitormena. Joseph Roth

Hiru arkuko zubia. Ismail Kadare

Hitzezko Zubia. Euskal Poesia 1990 –2000. 20 poeta. Poema-liburua

Hoteleko kontuak.  Asier Serrano

Hyperion. Friedrich Hölderlin

Idi orgaren karranka. Victor Hugo

Iñigo Aranbarri. XX. Mendeko Poesia Kaierak. Poema-liburua

Ipuin batean bezala. Joan Mari Irigoien.

Iraultzen maratoia. Joxe Iriarte “Bikila”

Itxoidazu Cafè de Passy-n. Xabier eta Martin Etxeberria.

 

Gainbehera dator dena. Chinua Achebe

Gizon zuria herri beltzera joan eta bere kultura inposatzen dueneko istorioa.

Zapalkuntza baten narrazioa, herri baten bortxaketa, zibilizazioaren izenean herri batek bestea menderatzen duenekoa.

Erlijio ezarriak talka egiten duenean herri bateko aurrekoen erlijioarekin.

Nigeria herrixkako iboen gizarte egitura, ohiturak, legeak, bizimodua, … alez ale pasarte bakoitzean.

Zuzenean kontatu gabe, lerroz lerro, kontakizunean bertan agertzen da  naturaltasunez  istorioarekin batera, ,kontakizunak eskatuta.

Aldaketa garaietako giro nahasia.

Giro berezia, bizimodu maitagarria bihurtzen du gizarte hura, bere arau gogorrekin ere.

Sakonean, mendebaleko gaurko gizarte aurreratuan eta Afrikako aspaldiko auzo batean, funtsean jokamolde berdinak daude,.egitura berak, formak aldatzen dira: indarkeria, aberatsak, boterea bakar batzuen eskuan, erlijioaren eragina, emakumearen zapalkuntza.                    

Emakumearen menekotasuna, behin eta berriz, baita bere zeregin eta eragin soziala ere.

Herri asanbladaren garrantzia, indarraren garrantzia, naturarekin lotura, …

Kontakizun xumea dirudi, baina indarra du.

Oso erraz irakurtzen da.

Kultura hartako hitzak, … sartzen ditu: hiztegi bat ere badakar.

Itzulpena: naturaltasuna du, -ez dakit nola den jatorrizkoa-,  hitz ezohiko asko baina jatorrak, hitz konposatu eta asmatuak itzulpenak eskatuta, …

 

Gainontzekoa, kontuak dira. Karmelo C. Iribarne.  Poema-liburua

Bizitzako taupadak, eguneroko arnasa, eguneroko bizitzaren pusketak.

Egun eguneko gaiak, bizitza-bizitzakoak.

Zuk zeuk bizitako gertaerak dirudite.

Zeuk bizi izandako sentipenak.

Sintesia.

Jaso dezakeenak  har dezala.

Lasai irakurtzekoak, azpitik doanaz ezin baita bestela jabetu.

Diona baina ez diona da garrantzitsuagoa.

Mezua ez dago zuzenean, hitzetan, isilunetan baizik.

Bizitzarekin hertsiki eta biziki lotuta dago poematxo bakoitza.

Laurrak dira luzeran, sakonak sustraietan.

Ezkor eta etsi samarra.

Erraz irakurtzekoa bai gaiez bai kadentziaz.

Ez darabil irudirik.

Zuzen idazten du, hitzetan oinarrituta soilik.

Forma eta erritmo ezberdinak darabiltza.

Azalekoak dira gaiez, egituraz eta irudiz.

 

Galera errepikatuak. Juan Ramon Madariaga. Poema-liburua

Oso poema etsiak, etsipenez beteak.

Poema tristeak, desesperatuarenak, poemotan ez da bizipozik.

Heriok biltzen du bere poema oro.

Erraz irakurtzen dira poemok.

Gogoko ditut, hiztegia dela-eta erdiak ulertzen ez baditut ere.

Atzera begira, iraganari begira, idatzita dago poema oro.

Bizitza gordina du gai.

Morboa du.

Bizitza ez da goibeltasuna bakarrik, irria ere bizitzaren osagaia da.

Berak zuzenean dioena baino bitartekoez harago hausnartzera bultzatzen du, hitzen, hitzen esanahiez,  nondik norakoa aztertzera.

“Dies irae, quantus tremor, ...”  hiletetarako poemak dira izan ere.

Erritmoa du.

Sendotasuna dute poemok.

Hiztegi aberatsa, ulertezina sarri, hiztegia behar da ulertzeko, edo hitzon sustrai bila hasi.

Hitz ezberdin pila.

Badirudi sinonimoen hiztegiarekin, euskalkiren bateko gramatikarekin, eta aspaldiko autoreen  irakurketatik ateratako hiztegia eta idazkeraz egiten dituela poemok.

Hitz asko asmatuak direlakoan nago, eratorriak asko: irudimena eta ausardia erakusten ditu.

Euskaldun berria izateko, edo euskara berrikasitakoa izateko, euskaldun sen sakona erakusten du.

 

Galtzontziloak  autobusean zintzilik. Aritz Gorrotxategi

Ez dakar ezer berririk..

Agian hiru gazteren mundua, adinekoontzat nahiko ezezaguna: bada zerbait.

Gazteen mundua, edo mundu horren zati bat.

Oso azaletik doa kontakizuna.

Ikusitakoak, parajeak, monumentuak, paisaiak, arin eta azaletik pasatzen ditu.

Arrunkeria piloa esaten ditu.

Ez dira tipo definituak, landuak, hiru bidaiariok.

Irakurketa aurre atala gustukoagoa egin zait, taldearen barnean dabil kontakizuna, ez da galtzen kanpoko turismo iruzkinetan, gazteon barnean murgiltzen da.

Taldearen barnera bidaia bat da, ez turista baten azaleko bidaia.

Gazteok bizi dituzten bizipenak eta gorabeherak kontatzen ditu batez ere.

Inkomunikazioa, gazteen komunikatzeko zailtasunak, ...

Baditu pasarte onak, diskotekakoa, kontaketa, edukia, bere hausnarketak, ..

Hausnarketak zentzudun interesgarriak egiten ditu kontakizuna aurrera doan heinean.

Oso kexatia da janariaz gure morroskoa.

Oso ideia europarrekin, mendebalekoekin, idazten du, beti aurrez dituen ideiekin alderatuz idazten du.

Euskal ume petral ondo-bizia dirudi, dena da kexa.

Kontakizun xumea da, aspergarria eta monotonoa ere.

Elkarrizketak oso behartuak dira, ez dira naturalak, jatorrak, ideia bat botatzeko asmatuak direla igartzen zaie.

Sentipen kontrajarriak sortarazi dizkit liburuxkak, aldiz ona iruditzen zait, aldiz arrunta.

Zuzenbide ikasketak bukatutako hiru gazte horrelakoak izatea oso gogorra egin zait, inolako heziketarik gabeko hiru gazteen portaera iruditzen zait. Garagardoa edan beste helbururik ez dute, beste zereginik ere ez, orduak eman gelan, edaten dantzalekuan, hondartzan. Ez da ia beste inolako kezkarik, ez daude herriko jendeaz, kulturaz, arteaz, ohiturez, ...

 

Gauzen presentzia. Pablo Sastre

Eguneroko xehetasunez ari da, esku artean darabilzkigun trastu eta gauzei buruz informazioa eta hausnarketa eskainiz.

Gizartearen aurrerapenak, kulturak, …

Gerra, merkatua, irabazi-bidea, etekina, ejertzitoa, monopolioa, moneta, …

Gizartearen mendekotasunak, funtzionamenduen ardatzak, …

Progresoa, aurrerapenak, aurrerabideak, gizarte barneko klaseak, pobreak, …

Niretzat aurkikuntza diren bitxikeria asko kontatzen ditu.

Egi borobil asko botatzen ditu.

Baina baita eztabaidagarriak diren iritziak ere, matizatu, zehaztu, beharrekoak.

Idealizatuegiak dira hainbat ikuspuntu eta iritzi.

Erdi Aroko nekazari idiliko horrek zenbat zerga ordaindu behar zien jauntxoari, elizari,… bizitza zakurra zen hura ere.

Oso konplexua nahasia dirudi Pabloren burua.

Kezkatua edo nahastua bere izaera edo pentsaera.

Estilo, idazkera bere-berea du, propioa, kolpeka bezala idazten du, esaldiak ebakiz, irakurleari osatzeko zeregina utziz, horretarako parentesiak erabiliz edo komatxoez laburbilduz.

“Txokatzen gaituzte”, eta antzerako mila esaldi eta idazkera: ausarta da idazkeran-

Idazkera funtzionala darabil, erdarari kasu eginez sarri, arau ofizialak gaindituz, herri hizkerara joz-

Esamolde berri asko du, ezberdinak

Ausarta da hitzak asmatzen, funtzionalki, ez asmatu-asmatzearen-

Ezustekoz beteta dago liburua: espero ez dituzun ideia, hausnarketa eta datuak eskaintzen dizkizu, ustekabeko ezusteak, …

Nahastua uzten du irakurlea: mugan dabil, hegian, aiztoaren ahoan, alde bietara so, Pablo bera ere aske izan nahian eta “zibilizazio” honek harrapatuta-

Urduritasuna sortzen du, egonezina ere, dionaz ez ezik idazkeraz ere: non dago egia, zein da bide zuzena, bada araurik?, egon behar du?, …

 

Gure ametsen gerizan.  Luigi Anselmi.  Poema-liburua

Bizitzako puskak urrutiagotik begiratuta.

Eguneroko gertakizun txikiak.

Gertakizunon atzean dauden sentipen, jokabide eta antzerakoak.

Egunero kezkatzen gaituzten pentsamendu politak.

Gizakion sentimenduekin lotzen du.

Poema bakoitza da norbere barneari ukitu bat.

Nire arima biltzeko gaitasuna dute.

Oso erraz lotzen dut poemon muinarekin.

Bizitzarekin baketzen nau irakurtzen ari naizen goizero.

Pentsarazi egiten du.

Irudi atseginak, egokiak, esanguratsuak egoera agertzeko.

Halako giro ezberdin bat dute poemok.

Oniriko geruza batek biltzen ditu.

Tarteka pesimista da: “Urzoak.”

“Nola ez dira, bada / ilun izanen olerkiok”.

Ilunak badira bai, etsipendunak ere, garratzak tarteka.

Latzak ere badira zenbait poema.

Egilea erreta dirudi tarteka.

Gustura irakurtzen dira poemok.

 

H. dossierra.  Ismail  Kadare

Homeroren Iliadaren inguruan dabil, kontakizunaren aitzakia bezala: zer den, nolakoa izan zen garai hura, orduko kontalari edo rapsoden  giroa.

Ahozko transmisioaz ari da batez ere.

Iliada nola sortu zen, nola transmititu zen.

Homero rapsoda ala erredaktorea  soila izan zen.

Poema epikoa nola sortzen den.

Albaniako giro politiko nahasia.

Herri giroa

Politika, politikari,  eta estatuari buruz eten gabeko ziztada, iritzi, eta hausnarketa iheskor laburrak, esan gabeak bezala.

Pertsonaien barne pentsamenduetan eta sentipenetan korapilatzen da.

Albania deskribatzen doa, poliki poliki, lerro artean, kontakizunaren harira.

Espioitza, salakuntza giroa, zelatariak, …

Agintekeria.

Zurrumurruak.

Irakurzaila hasieran, nahasia, korapilatsua, agian itzulpen zailtasunagatik.

Umore ukitua du, sarkasmoa ere tarteka.

Sakonean irri egiten dio Albaniako politikari.

 

Hamabost zauri. Karmele Jaio

Egoera arruntak nola eragiten diguten bizitzan irudimenaren erruz.

Egoera bitxiak dira denak, baina egunerokoak, gizartearen ispilu, bizi-puska sorta.

Ezuste bat da kontakizun bakoitza.

Bizi-puska bat da narraio bakoitza.

Istorio garratzak dira, ezerosoak.

Kartzelakoa, polizia-etxekoa,… zauri hunkigarria da.

Zauri biziak, irekiak, …

Puzzle bat bezala, norberak osatu behar du bizitzaren koadroa.

Bikoteen istorioak dira denak.

Ispilu baten aurrean jartzen zaitu kontakizun bakoitzak.

Giza sentimenduak, portaera ezberdinak, kontraesanak, jarrera kontrajarriak, gizakion jarrera konplikatuak, sentimenduen arteko borroka, bizibeharra, …

Ez da hausnarketetan nahasten edo kiribiltzen, ez da esaldi sakonak botatzen arduratzen, baina istorioak berak, osotasunean biluzik uzten zaitu, zeure aurrean.

Kontakizun oso motzak dira, erraz bukatzen dituzu eta hurrengoaren irrikaz uzten zaitu bakoitzak.

Hasieran ez zidaten ezer aipagarririk eragiten kontakizunok, hutsalak iruditu zaizkidan  linealegiak bezala, azalekoak, kontakizunean soilik geratuko balira bezala, hausnarketarako esaldi eta gogoetak  tartekatzen dituztenak gustatzen zaizkidalako agian, betegarriz luzatuko balitu bezala kontakizunok, ezer ganorazkorik esan gabe istorioaren zehar.

Aurreratu ahala erabat aldatuz joan zait iritzia:

Ezin ukatu narratzeko duen trebetasuna .

Bizitzako xehetasun ezberdinen erreferentziak ia etengabeak dira.

Aberatsa da esaldietan, abila kontakizuna luzatzen, osatzen eta borobiltzen.

Primeran deskribatzen du gertakizuneko inguru fisikoa zein pertsonaien barne egoera, zertzelada  motzekin, tantoka utziz datu ezberdinak.

Hainbat zertzeladaz -hitz bakarra sarri- borobiltzen du kontakizuna .

Antzematen diozu aurrez amaiera ezustekoa izanen duela eta jakin-min horrekin mantentzen zaitu azkeneraino, azken lerroraino sarri. 

Irudi asko darabil kontakizuna indartzeko, ia esaldioro: hitzak txintxetaz idatzi, …

Iluntasuna ikusi, … esaldi aukeratu landu asko.

Aberatsa da kontakizuneko zehaztasunetan, mila zertzeladaz aberasten du kontakizuna.

Ez du idazkera konplikatzen, ez da hizkuntza-bihurrikerietan sartzen, ez da alferrikako dotoretasun eta esaldi handikietan korapilatzen.

Hotz samarra iruditzen zait, akademikoegia, oso landua, freskotasuna edo irakurlearentzako gertutasuna, herri kutsua, falta zaio idazkerari.

Aldi berean erraz irakurtzen da, errazegi agian, kontakizunak harrapatzen zaitu, ez dizu hausnarketarako, patxadaz gogoeta bat egiteko lasaigunerik eskaintzen. 

Ekinaldi baten irakurtzen duzu istorio bakoitza, ia liburu osoa.

 

Harri hautsiak. Gabriel Korta. Poema-liburua

“Udazkenean abestu behar genuena / udaberria abestuz, …”, lekuz kanpo bezala dabil poeta, horregatik du artifizialtasuna, hori da poesiaren arerioa, akats nagusia sarri.

Bere baitan idatziak, tristeak.

Gogokoa dut, egunerokoarekin lotzen dut, sentipenak sortarazten dizkit.

Poema maitagarriak dira, atseginak.

Bizitzaren izpiak.

Maitasun bizipenak.

Neuri ezagunak, zaizkidan egoera, gertakizun eta bizipenei buruz ari da, horregatik ezer gutxi esaten dit zenbait poemak.

Pertsonalegiak iruditzen zaizkit, ikuspegi zabalago batetik, behatoki garaiago batetik aritu behar du poetak, errealitatetik maila bat gorantz beti.

“Poemario laburra”, ze ezkorra.

“Gatazkaren fruituak” atala: hitzen estetika, jolas polita, baina asmatu egin behar zaio zer esan nahi duen, agian anbiguotasun horrek berak pentsarazten du.

“Kale biluzian”, deskribapen dotorea

“Negua eta poesia” eguneroko gauzen begirada xumea.

Borobildu gabekoak iruditzen zaizkit hainbat poema, erritmorik gabekoak, inspiraziorik

Gabekoak.

Tarteka, saltoka, eginak dirudite zenbait poemak, bukatu gabeko esaldiz eginak, asmatu egin behar duzu, eta gutxienez intsinuatu egin behar luke behintzat zer esan nahi digun.

Gustura irakurri ditut,erritmoa dute, musika jartzeko gogoa ematen dute, abestekoa.

 

Harry Potter eta sorgi-harria.  Rowling J.K.

Xumea dirudi idazkeraz eta kontakizunez.

Umeek erraz eta gustura irakurtzeko pentsatua.

Irudimenez idatzia.

Suspense punttua du

Agian ondo saltzeko asmatua.

Hari-punta asko uzten ditu segida izateko.

Gustura irakurtzen da.

 

Hartzak Pirinioetan XXI. Mendean. Migel Mari Elosegi

Hartzei buruz, izen buruak dioenez.

Ez du ezer berririk.

Komunikabideetako eztabaidetan hainbat aldiz agertutako gaiak sailkatuta.

Bada non aurkitu datuak gaiaz interesatzen denarentzat.

Gerorako proposamenak lirateke ekarpena.

Erdian geratzen da, zentzuz arrazoia emanez alde bietakoei, dutenean.

Ez diote kasurik eginen baina hor gelditzen da  iritzia.

 

Henriren Irudia. Pablo Sastre.

Garratza historia!.

Historiatxo arina, arin idatzia, hizkuntza lantzen zaildu gabe.

Demontre ze bukaera!. Ez diot zentzu handirik aurkitzen baina tira!.

Ez diot logika handirik hartzen.

Agian ez du logikarik behar ere.

Ez dut gehiegirik ulertu zertara datorren istorioa.

Pabloren egonezin eta bizitasunaren ondorioz, bizia eta bihurria behar du izan berez ere.

Ausarta ere bada iistorio honetan

Pertsonaia errealak deskribatzen ditu, denok ezagutu dugu Lazaro zein tabernako koadrilako edonor.

Egoeraz ere ezagunak dira: gaupasa horiek, ...

Kontakizunetik at ez dago ez burutapenik ez iritzirik.

Kontakizun edo istorio biluzia.

Ez du filosofia txikirik botatzen, ez bere iritzirik ez pentsamendurik.

Pertsonaietan eta egoeretan daude  filosofia, pentsamoldeak, jokabide eta bizierak.

Idazkera bizia.

Elkarrizketa bat narrazio itxuran emana: interesgarria.

Olgetan bezala idatzitakoa dirudi, denbora pasa, gozatuz.

Badu irudipena egoerak asmatzeko.

Bide zail eta ahalegin neketsuetan sartu gabe.

Ez da gehiegi ahalegintzen esaldi dottoreak moldatzen.

Gaztelera kutsua du, nahiz esamolde zuzenak izan.

Ez da ahalegindu ere egiten Euskara jitea ematen esaldiei, borobiltzen.

Ez da ahalegintzen euskaraz ematen gaztelerazko esaldien pentsamoldea.

Erdal kutsuko hainbat esamolde hala jarri nahi dituelako daude horrela, ala horrela ateratzen zaizkiolako?. Eztabaida baten ondorioa ala halabeharrezkoa.

Ez nago batere ziur zuzenak ote diren gramatika aldetik hainbat esaldi.

Guk herri Euskaran inola ere egingo ez genituzkeen esaldiak botatzen ditu.

Esaldi asko okerrak iruditzen zaizkit: “errebeska begiratu”, ...

Aldrebeskeria deritzot hainbat esaldiri: euskaldun gaiztoek esaten dituztenak edo gaztelaniak erabat kutsatuta daudenek..

Hainbat zalantza uzten dit esamoldeei buruz: erdal esamoldeak dira euskaratuak, edo erdal eragin bortitza dute, Euskaraz itzulpen eta esamolde zuzen eta jatorra den arren, esan nahi den hori bera azaltzeko. Zergatik kopiatu gaztelania, eta zergatik erabili ez Euskara?.

Kaleko gazteen gaueko Euskara egin nahi du agian, herri arruntaren Eus.kara, Euskaraz eskolatu gabeen zenbaiten kale euskara. Oker dabilela deritzot, Euskara bide jatorrera eraman nahi badugu. Berez etorriko da koine-euskara, guk bultzatu gabe

Euskara ikasia duenaren jitea hartzen diot, umetan eta etxean eta lagunartean euskaraz egin ez duenaren itxura.

Txikigarria darabil oso maiz, kontakizuna eta pertsonaiak erakargarriagoa egiteko edo.

Hainbat esaldi berri dakartza, herrikoak: aberatsa da horretan.

 

Hezur gabeko hilak. Xabier Montoia

Garratza, marrazten duen egoeragatik zein bi lagunek diotenagatik.

Garratza, gordina, baina egiazko erreala.

Bakoitzak bere hitz-jario teorikoa botatzen du.

Iritzi-molde politiko ezberdinak, elkarrizketetan sailkatuak.

Hainbat iritzi, gaur egunerako zertaz  pentsatu ematen dutenak.

Oso iritzi interesgarriak dakartza.

Egia borobilak.

Oso zehatza.

Hitz gutxitan iritzia azaltzeko abilezia du.

Hotzegia da, bere berotasunean ere.

Ipar Euskadiko euskalkian daude protagonisten elkarrizketak: aberasgarria.

Herriko esaldi jator pila.

Pertsonaiek eurek ez dute hitz egiten.

Antzerki batean bezala, tokatzen zaion zeregina betetzen du, bere esaldiak botatzen.

Pertsonaiak ez dira bete-beteak, borobilak, nortasun handikoak.

Irudimena du, zenbait gauza gogarazteko.

 

Hiltzaile baten aitormena. Joseph Roth

Istorio latza, gogorra, pasadizo gordinekin.

Giro garratza marrazten duena.

Gizarte eta bizimolde guretzat ezberdin batetan doa kontakizuna.

Hausnarketa asko dago kontakizunaren harira.

Hainbat hausnarketa hainbat gauzari buruz: amodioa, tzarra, polizia, emakumea, ...

Eztabaida sor dezaken irizpide asko dago.

Iradoki gehiago egiten dute, zuzenean esan baino.

Poliziaren kritika zorrotza.

Errusiako politikaren kritika.

Errusiarren ohitura eta jokamolde guretzat bereziak.

Pertsonaiaren barne tolesduretan sartzen da, errukirik gabe.

Biluztu egiten da pertsonaia.

Esan ohi ez ditugun sentipen eta bizipenak agerira ateratzen ditu.

Errukirik gabe aztertzen du pertsonaia.

Deseroso uzten nau istorioak.

Bere suspensea du.

Hitz niretzat ezezagun berri asko ditu, arrastorik ere ateratzen ez dietenak.

Esaldi mordoxkak harritzen nau, ezohikoak dira niretzat, zuzenak diren duda egiten dietenak.

Itzulpen arraroa du tarteka, jatorriko testuak behartzen du, gehienetan bezala

 

Hiru arkuko zubia. Ismail Kadare

Istorio bitxi bat kontatzen du, xehetasunengatik batez ere.

Garai bateko Albaniako bizimoldearen berri ematen du.

Historiako aldaketen bidegurutzeko une bat, otomanoen hedatzea, ...

Beste aro bateko gizarte bat, ohitura eta bitxikeria asko ematen ditu azaltzera.

Garai hartako gizartea eta historia.

Elizaren eragina, elizaren erabilpena, rapsodak, jauntxoak, hormaratzearena, komunikabideak, ...

Magia ere badu, aldi hark.

Aparta eta zehatz  deskribatzen ditu leku konkretuak.

Zehaztasunez eskaintzen dizkizu kontagai denak.

Ez dute berenez garrantzirik zehaztasunok, baina erakargarritasuna damaiote kontakizunari.

Umore punttua du beti.

Bi pintzelada ematen dizkizu, jabetzen zara.

Oso esaldi eta hitz zehatz ederra darabiltza, agian itzultzailearen meritua da.

Gauzak esateko era bitxia erakusten du, ezohiko esaldiak darabiltza.

Hiztegi aberatsa, erabilpen arruntetik haratagoko hitz asko, ez dakit jatorrezko bertsioarena ala itzultzailearen meritua den.

Oso itzulpen zehatz eta aberatsa deritzot jatorrizko bertsioa ezagutzen ez badut ere.

 

Hitzezko zubia. Euskal poesia 1990 – 2000.  20 poeta.  Poema-liburua

Bitxia da portugesera itzulpenari begiratzea.

Edo hiztegia ordez portuges itzulpena erabiltzea zenbait esanahi zehazteko.

Poesia orok beti dakarren emozioa.

Bestalde, poeta eta poesia ezagunak ditut

 

Hoteleko kontuak.  Asier Serrano

Hasieratik du poesia giroa, egunerokotasunetik at kokatzen da.

Istorio xumeak, itxuraz xume kontatuak.

Istorio motz-motzak, baina ez hain motzak edukian.

Gelen asmakizuna du nolabaiteko lotura emateko istorioei.

Denek dute ukitu fina

Badira poemak ere tartean.

Poemok gazte baten bizi puskak dira, puzka biziak, Juanjok  lioken bezala.

Gaztetasuna eta gaurkotasuna dute poemok.

Giro bitxi bat erakusten dute, misterio kutsua dute, ezustea, bukatzean ia zer gertatuko sentipena duzu kontakizun bakoitzean, irribarretxo bat orrialde bakoitzean.

Irudimen bizia eta argia bai egoerak asmatzeko bai egoerok azaltzeko.

Kontakizunetik aparte ez du ezer esaten, ez du gogoetarik edo burutapenik azaltzen.. Ez da sartzen iritzi, digresio, hausnarketa eta pentsakizunetan.

Kontakizuna da bere esanahia eta mamia, kontakizunak azpian daramana.

Ezuste tragikoak harrapatzen zaitu: zergatik urkatu ote du 512. gelakoa?.

Zuzen eta xume idazten du, esaldi potolo handikietan sartu gabe, baina aldi berean dotore, dotoretasun faltsurik gabe. Ez da idatzi-bihurrikerietan sartzen, farfailkerietatik libratzen da, ez da itxurakerietan kateatzen.

Poesia punttua, irudien ukitua, goxotasunaren epela ematen dio tarteka.

Umore ukitua beti, tragiko - dramatikoa bada ere sarri umore hori.

Asko gozatu dut bai istorioekin bai poemekin.

 

Hyperion. Friedrich Hölderlin

Istorio bat da, eleberria izan daiteke,

Baita poesia liburua ere.

Tonu eta estilo epikoa darabil.

Aspaldiko moldea.

Dionak indarra galtzen du nire irakurketan, nire gustuaren arabera.

Aire poetikoa du.

Hainbat burutapen eta hausnarketa oinarrizko ideiei buruz, gaur gaurkoak, baliagarriak.

Estatua, maitasuna, jakinduria, artea, filosofia, poesia, askatasuna, konkistak zertarako, bortizkeria, ...

Gizakiaren betiko galdera nagusiei erantzun nahian dabil.

Grezia, Atenas,  ... i buruz miresmenez ari da, mito bilakatzen ditu.

Bukaeran gupidarik gabeko kritika alemaniarrei, ...

Eztabaidarako, oldozterako  abiapuntu izan daitezken mila hausnarketa eta esaldi, ...

Mila zehetasun eder eta argigarri eskaintzen ditu.

Ñabardura finak, eten gabe, irudietan zein ideiei dagokionez.

Irudi asko darabil, eten gabe, irudiz azpimarratzen ditu esanahiak.

Konparaketa pila mamiaren azalpen.

Oso barrokoa, loretsua, apainduraz beteegia, ... sublimazioa bat.

Zehatza deskribapenetan, natura zein gizakien gaietan.

Harritu egiten nau irudi eta hitz jarioaren erraztasunak.

Inguru berean inguruka eten gabe horrek abilezia izugarria erakusten du.

Ezin uko poesia dela, sortzen duen giroagatik, irudiez hitz egiten duelako, maila ezberdin batetan idazten duelako, ...

Ez dut izan gustuko hasieran, gero estuago atxiki natzaio.

Baina nahiko urruti uzten nau, ez nau harrapatu, bereganatu, bildu.

Irakurle baino gehiago ikusle izan naiz, urruti gelditu naiz.

Ez nau antzezle edo partaide izatera bultzatzen.

Ez dut miresten ere.

 

Idi orgaren karranka. Victor Hugo

Gai ezberdinetan, gai bakanei buruzko oroitzapenen inguruan banatzen ditu atalak, kontalaria eta bidaiako lekuak dira atalon lotura bakarra. Atal bakoitza, berez, independientea da.

Istorio edo kontakizun ezberdinak dira, ataletan banatuta.

Hausnarketarako abiapuntu dira bere iritziak, hariltzen jarraitzeko matazaren hari puntak.

Tarteka berak ere hausnarketa zorrotzak eta zirraragarriak egiten ditu.

Zirraragarria da marrazten duen Euskal Herria, atzeratua eta hitsa, laudorioak luzatzen badizkio ere.

Ze gutxi aldatu den funtsean egoera, gerrarena, Espainiarekikoa, bi bandoena, ... itxurak eta azaleko mintza,  oskola,  aldatu da soilik.

Iraultzaileak ez dira izan ez Espainia ez Frantzia,  delako atalean dion bezala behintzat

Luze deskribatzen ditu egoerak,gertaerak, zenbait pertsona ere.

Maisu da deskribapenetan.

Ez nuen espero narrazio molde hori, agian erromantikoen ezaugarria edo moda da, eta nik ez dut ezagutzen.

Hausnarketa kilikagarriak egiten ditu kontakizunaren harira

Kontatzailea da egilea, deskribatzailea, batez ere; hausnarketa gutxi ditu.

Kokalekuagatik, Iparraldetik hasten delako, edo idazlea frantziarra delako, Iparraldeko euskararen arrastoa du itzulpenak.

 

Ilunbeen bihotzean. Joseph Conrad

Europarrek Afrikan marfil bila eginiko basakerien azalpena.

Giza barrena ere sakon arakatzen du.

Egoera ezberdinak, natura, pertsonak, sentipenak, ... deskribatzen ditu, batzuetan luze eta sakon, beste zenbaitzuetan hitz gutirekin baina argi.

Zentzuzko iritzi pila botatzen ditu.

Ez ditu zuzen eta borobil botatzen, kontakizunean, zeharka lez agertzen dira eritziok.

Izugarria da deskribapenetan.

Itzulpena ez zait batere gustuko.

Zenbait esaldi ilunak gelditzen zaizkit.

Ez dakit zeinen okerra den, inprimategiko akatsak agian, huts ugari dagoelakoan nago..

Agian itzulpen akatsak dira

Erritmoa eta logika falta zaie zenbait esaldiri: itzulpenaren akatsa agian.

Itzulpen traketsa delakoan nago.

Baita ere ditu esaldi jatorrak.

Itzulpenak behartuta, edo itzultzaileak berenez, hitz asko asmatu behar ditu, sortu.

Baina ez dut uste zuzenak direnik sarri hitz asmatuok.

Adjektibo askok ez dut uste fidagarritasun handirik duenik eman nahi dion esanahian.

Atzizkia darabil ugari hitzak sortzeko, baina ez naiz fida atzizkion erabilpena zuzena edo jatorra den.

Euskara aldetik desatsegina ere bada itzulpena.

Badira ia zentzurik ere ez duten esaldiak.

Ulertzen ez dudan esaldi ugari ere.

Desatsegina egin zait euskaragatik, zaila.

 

Ipuin batean bezala. Joan Maria Irigoien

Heroinaren gaia sakon jorratzen du

Baita maitasunarena ere

Maitasun historia  da drogaren gaia azaltzeko ala drogaren historia da maitasunaren gaia tratatzeko?.

Bada jippien eta drogaren arteko lotura bat historian, arriskutsua. Argitu beharrekoa.

Esango nuke drogaren gaia hartu duela eta historia gai hori sakontzeko asmatu

Eta horregatik dela behartua nobela dena, hotzegia, fabrikatuegia

Historia behartua da haserakoa, freskotasuna falta zaio

Arrunta da kontakizuna hasieran

Ez du kontakizunetik haratagoko iruzkinik egiten, ez da kontakizunetik at bestelakoetan galtzen. Hasieran hori iruditu zait, gero hainbat egien ditu.

Frankoren garaiko kontakizunak oso arruntak dira, ezdu ezer berririk esaten, gainera modu arruntean esana, ez bere idazkera dotorean.

Ezer berririk, erakargarririk edo ganorazkorik ez dakarren orri asko ditu

Ikuspuntu eta hausnarketa politak dakartza, umorearena adibidez

Gai eztabaidagarriak ere sartzen ditu, marxismoarena, adibidez

Hainbat iritzi, hausnarketa eta kontakizun paralelo edo osagaiez aberasten du kontakizuna

Baian iritzi eta hausnarketa asko eta asko nahiko arruntak dira

Eta ez dira garai batetan haina, oraingoan irakurlearen arduran uzten du lan hori

Mila aldiz entzun eta esandako gauzak errepikatzen ditu, orijinaltasunik gabe, ohiko gaiak  eta iritziak dira, ez dute erakargarritasunik esamoldean ere, 

Tarteka baditu betiko bere distirak, dionean eta esteko eran

Txistez arintzen du historiaren laztasuna

Pantxika, Sara, Ander, pertsonaia beteak, borobilak dira, zehatz marraztutakoak

Faltsuak dira elkarrizketak, naturaltasuna falta zaie, behartuak direlako

Historiako lehenengo pasarte ezberdinak , ez dute naturaltasunik, sinesgaitzak dira errealitatean finkaturik dauden arren: 9 urterekin amaren magalean amets egiten!

Gertakizun, paraje, ... gauza ezagun asko dakartza, ezer berririk erantsi gabe: nik ez dut hori gustuko, alferrikako lerroak zaizkit literarioki erakargarriak edo bitxiak ez badira.

Moralista iruditzen zait hainbat iritzi edo aholkutan

Osagilerena polita da, goxoa, maitagarria

Alpujarretakoa gordina, baina erreala

Oso zaharra da euliaren txistea

Gustukoak ditu hitz jokoak: hats – hitz

Badarabiltza atsotitz eta errefrauak, baina ez lehengo aberastasun eta maisutasunarekin

Herri esaldiak ugariak dira, ohi duenez

Baina nobela honetan askoz idazkera apalagoa du, ez da bestetan bezain aberatsa, ez du garai bateko filigranarik, hitz-jokorik, ideia suspergarririk, ezusterik, ...

Baina dionaren izugarria, dramatikoki nabarmentzen du

Aditz sintetikoa sartzen du maiz, dotore eta egoki, dotoretasuna, neurria eta erritmoa emanez

Baina atsegina da orain ere bere idazkera

Oso egoki josten eta korapilatzen ditu puzzlearen zati ezberdinak, bai mamia eta bai kontakizunaren zatiak

Azken zatia osoa monotonoa da, aspergarria, planoegia, interesgunerik gabe

Azken zatiak, sermoia edo panfletoa dirudi

Tentsioa eta jakin-mina, azken ezustea edo ziria, aregotu ordez, galdu egiten du intentsitatea.

Ogibidez idatzitako nobela iruditzen zait, obligazioz, eginbeharrez

Aurreko liburuen xarma falta zaio

Ez du aurrerako liburuetako bizipozik, ez esaldiak borobiltzeko joerarik, ia bere esaldi, frase bakoitza errefraua bilakatzen zuen abilezia hura ez du hemen erakusten. Agian horrela nahi duelako da, bere bilakaera da, berezko eta beharrezko aldaketa, baina nik gustokoagoa nuen beste hura.

Lehengo dotorezia punttu hura falta zaio, baina oraindik baditu ikutuak, zenaren zantzuak.

 

Iraultzaren maratoia. Joxe Iriarte “Bikila”

Historian zehar izan diren borroken kontaketa

Arinak kontakeran, biziak, xumeak, goxoak

Lehen kilometroa zaila egin zait irakurtzea, bai gai aldetik bai euskara aldetik; gai aldetik ez dakit ze ikusi duen korrikarekin, forzatuegia dago korrikalariarena, euskar aldetik fortzatua eta traketza irudi tu zait.

Hurrengo kilometroetan bikain dabil, gai aldetik zein euskara aldetik

Azken zenbait kilometroetan, Euskalerriaren hainbat kilometrotan berriro astuna egiten zait, txapa sartzen duelako. Espainiako gerrakoak, Asturiaskoa bera.

Maratoiaren kilometroa dotorea da, kontakizunaren estrategiarekin zein literarioki,

Espartakoren kilometroak ederrak dira

Saharako kilometroan aldiz, denok dakiguna kontatzen digu, ez da tximeletarik lerrootan, ez da dejadarik txokoan.

Azken kilometroetan uzten du berriro txapa, eta interesgarria bihurtzen da irakurketa: datuak, pistak, ematen ditu, hariaren muturrak, hariari norberak tiratzeko, mataza norberak aska dezan

Idazle politikoaren kutsadura du, artikulu baten tankera hartzen zaie zenbait kilometrori

Artikulu historiko-teorikoak dira zenbait kilometro, hoietan freskura galtzen du eta panfleto bihurtzen

Txapa sartzen duenean okertzen zaio kontakizuna

Txapa gai gehienak iritzi jakinak dira, arrunkeriak ia, mila aldiz entzunak, errepikagarriak, historiak duen lilura galtzen du Kilometro horietan ez du ukitu poetikorik, ez bizitasunik, ez ezusterik, ez erakargarritasunik

Hori dena du, aldiz hainbat kilometrotan

Zenbait kilometrotan ez du sartzen ia txaparik, kontakizuna eskaintzen du, hortik aurrera irakurleak atera behar ditu ondorioak

Idazleak irakurlearengan sinetsi behar du, ezij dio ume bati bezala ondorioak, kode morala, ere eman.

Historia bera ezagutzeko edo ikertzeko irrika sartzen du zenbait kilometrotan jakin-mina sortzen du, txaparik gabe gertakizunaren muina soilik kontatzen duenean

Ez ditu hainbat kapituluko historia eta pertsonaiak borobiltzen, beharrik ere. Gutxieneko bat bota, besterik ez, baina jakin-mina sortaraziz.

Dejada egiten du txokoan, nahi duenak jaso dezala pilota

Mezua txaparik eman gabe erein behar da, horretan datza idazle onaren abilezia

Arrastoa eman, besterik ez, hortik aurrerako bidea irakurleak berak egin behar du; eskema eman behar zaio bakarrik irakurleari, irakurleak berak osatu dezan; irakurlea kulturadun norbait dela sinetsi behar du idazleak, gaiaz interesarazten badu, irakurleak berak hausnartu, ikertu eta osatuko du irakurritakoa. Irakurlea abian jarri, bultzatu, zirikatu, hori da idazleak egin behar duen

Horregatik ez da txaparik bota behar

Txaparik gabe dabilenean idazkera bera ere jatorragoa da, borobilagoa, errazago dabil

Euskara bizia.

Era berean dotorea, bitxikeriarik gabe arren

Ez da korapilatzen euskararekin, handimandikeriarik gabe estilo xumea darabil

Herri esaldiak sartzen ditu sarri, aberatsa da esaldiotan

Konparaketak, irudiak,

Liburuan esaten dituenak esanda ulertezinak dira Bikilaren gsur egungo artikuluak egunkarietan, Euskal Herrian indarra politikan erabiltzeari buruzko bere eritziak alegia.

Merezi du liburuak

 

Itxoidazu Cafè de Passy-n. Xabier eta Martin Etxeberria.

Bi istorio edo kontakizun elkarri lotuta eta paralelo, tartekatuz

Anai bien artekoa zait inozoena, ez dit eskaintzen ezer berririk edo erakargarririk

68ko Maiatzaz nahiko luzatzen da, borroka armatuaz, jansenismoaz,… Lehen bi gaiei buruz eztabaidarako gai eta iritzi interesgarriak ditu, abiapuntu bezala

Hainbat gai gehiago: Parisen iheslarien giroa, ikasleena, Burgosko epaiketa,  eta hainbat gai txiki.

Garai bateko giroa, 70ekoa

Hainbat hausnarketa, gai pila, … pasadan azaletik.

Kritika zorrotza du hainbat gaiez

Gaiok ukitu besterik ez ditu egiten, mintza harrotu, hari punta eskaini tiratzeko

Kontaera bizia du

Herri esaldiz aberatsa

Irudi askokoa

Zeharkako adierazpen ugari

Azken zatian suspensea lortzen du, gaia bera muturrera eramanez, kontakizuna luzatuz

etiketak: Liburuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.