Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / LIBURUAK

LIBURUAK

Jon Etxabe 2021/03/05 10:30
Pentaedroa: Txema Garcia-Viana / Susmaezinak/: Itxaro Borda / Txipiroiak bere saltsan: Rafa Egiguren / VHS: Oier Guillan / Zer luze negu hau: Josu Goikoetxea: Poema-liburua / Zorioneko familia: Iñaki Irasizabal

Pentaedroa. Txema Garcia-Viana

Antzerki talde baten izena da Pentaedroa: gerra zibilak harrapatuta, taldekide ezberdinen gorabeherak kontatzen ditu.

Pertsonaion istorio paraleloak dira.

Espainiako Gerra Zibilean girotutako kontakizuna.

Bi bandoak, atxiloketak, gerraren bilakaera, epaiketak, fronteak: Intxorta, ihesa, eliza, ezkutatzea, urrearen afera, anarkistak, gudariak, atzerriko brigadak…

Burutapen eta hausnarketa asko egiten du, baina ez dute akuilatzen.

Politiko eta politikarien kritika gordina.

Ez zaio tarterik falta sexuari ere.

Zer da egia, zer asmatua: urrearena, Udalaitz erortzea...

Txukun eta duin idazten du.

Egoera ezberdin bitxiak asmatzen ditu.

Teknika ezberdinak darabiltza kontakizunerako: narratzailea, elkarrizketan pertsonaia baten errelatoa…

Elkarrizketa asko: baina ez dute indarrik, inozo kutsua, jota-pasa irakurtzekoak gehienak.

Asko luzatzen da deskribapenetan, baina ez dute indarrik, ez dute tentsiorik sortarazten, betegarri edo luzagarri kutsua dute.

Tarteka sortarazten du jakin mina, nola bukatuko ote afera… baina gandu batean galtzen da.

Noka asko darabil.

Lagungarria izanen da gazte eta gaztetxoentzako, garai hartako giroa ezagutarazteko.

Niri ez dit ia ezer eskaini, ez eduki aldetik, ez literatura edo euskara ikuspegitik.

 

Susmaezinak. Itxaro Borda

ETAren aldi gogorretan kokatutako kontakizuna, IK ere azaltzen da, GAL ere,

Nobela baten bidez kontatu nahi ditu ETAren nondik norakoak, fikzioaren bidez errealitatea.

Gutxi aipatzen diren errealitateko gaiak mahai gainean jarri nahi ditu: isil, gordeta, dauden gertakizun eta jarrerei buruzko gogoeta eta hausnarketa da.

Frantzian jaiotako pertsonek osatutako komando ibiltari bat irudikatu du eta honen inguruan harilkatzen kontakizuna: erakundearen eraketa, partaideak, organigrama, jokamoldea, armaz hornitzea, atentatuak, biktimak, erorketa eta ondorengoak, infiltratuak…

ETA-kideen sentipen eta burutapenak, fedeak, ahalak eta ezinak, miseriak, militantearen sorrera eta bilakaera.

Agian hurretik ezagutu ditu.

Mota ezberdineko atentatuen zerrenda luzea.

Biktimen sentipen eta gogoetak.

Alde eta aurkako giroaren bilakaera.

Jarrera ezberdinak aurrez aurre, zuzenean emanak edo elkarrizketen bidez.

Gai berririk ez dago arazoaz kezka puzka bat izan duenarentzat, eztabaidan egon diren gai eta ikuspuntu ezberdin publikoak daude kontakizunean.

Askorentzat izanen da ETAri buruzko ikuspegi eta errealitate gordin eta ezezagunagoa bat.

Kontakizun eta hausnarketa partziala da, idazlearen bahetik iragazitakoak, normala denez.

Ahalegintzen da, ahal den neurrian neutrala izaten edo neutral itxura ematen, baina nahiko argi geratzen da idazlearen jarrera, dionaz harago, ikuspuntuan, tonuan…

Hainbat gairi buruzko gogoeta laburrak: emakumearen borroka, ikastola, Euskara, errefuxiatuak, tortura, Burgosko epaiketa…

Bibliako zitak, ekintzen eta fedearen kontraste edo kontraesanak azalduz…

Hainbat galdera uzten ditu airean: zein da jokabidearen oinarria, euskara ez dakiten abertzaleak…

Hasieran jakin-mina sortarazten du, gogoeta eta burutapen kilikagarriekin, baina gero kontakizun lau batean geratzen da.

Literatura egin nahi du, euskara jantzia darabil, esaldiak zizelatuko balitu bezala: indarra kentzen dio horrek kontakizunari, lausotuta bezala gelditzen da istorioa, agian irakurlea Iparraldeko euskarara ohitua ez egoteak, esaldi eta egitura ezberdinek areagotzen dute sentipen hori.

Planoegia geratzen da istorioa, hotzegia, pentsatuegia, nobela batek behar duen bizitasun hori falta zaio. 

Iparraldeko euskarara ohitzeko aukera eskaintzen du.

Jauzika osatzen du istorioa, atzera-aurrera dabil, abilki, irakurlea  ez da nahasten.

Hegoaldeko irakurleak ez daki sarri zenbait esaldi eta hitz Iparraldekoak ala euskara jantziago bat egin asmoz moldatutako esaldiak  eta aukeratutako hitzak diren.

Errepikagarria egiten da estiloa eta kontakizuna.

 

Txipiroiak bere saltsan. Rafa Egiguren

13 ipuin edo narrazio, ipuinak ez diren ipuinak, kontakizun bereziak.

Iritzi interesgarri asko ematen ditu, gogoeta erakargarriak egiten.

Hainbat kontu eta zertzelada bitxi dago kontakizunotan.

Usu darabiltza bikoteen arteko zertzeladak.

Txinan eta Japonian kokatzen dira ipuin asko.

1.- Maisu txinatar bat eta jesuita euskaldun bat bazkaltzen Japonian pilota partidu bat jokatzen ari den bitartean.

Bitxikeri asko txinerari buruz, pilota Japonian, Xabierreko Frantzisko…

2.- Gazte katalan bat Donostiako taberna batean kalean istiluak gertatzen diren bitartean.

3.- Euskal Herriko zenbait zertzelada. Feriak, bildots-hiltzea, Santoña, gerra osteko giroa…

4.- Jubilatu gor baten bizipenak.

Liburuak, liburutegiak, irakurketa…

5.- Klandestinitateko azpilanak…

6.- Txinako pertsonaia mitologiko batek Uliako Jesusen Bihotzaren estatua desagerrarazten du. Donostiako deskribapena…

Irudimena darabil hegan narrazio honetan, ukitu berezia du.

7.- Egunkari bat da, 6 eguneko kontakizuna, bere buruari ari zaio idazlea.

Komunikazioa: bidezidor asko du komunikazioak, keinuak, gorpuzkerak, ahots tonua…

Hausnarketarako hari-mutur asko, barne zirrikituetan dabil.

Liburu osoa balio du ipuin honek.

Tximeleta dabil narrazio honetan, irudiek eta eguneroko zertzeladek ukitu berezia damaiote kontakizunari. 

8.- Liburuak lapurtzen zituen itzultzailea.

 Gaixotasunak, itzulpena…

9.- Xurgatzailearen gogoetak: etxeari buruzko hausnarketa.

Oso interesgarria, berezia, umoretsua…

10.- Sasiko garaietan dabil kontakizuna, orduko giroa…

11.- Elebitasunari buruz.

12.- Antzerkiaren inguruko gogoetak.

13. Heriotzaz ari da.

Ez du hitzekin jolasean egiten, filigranazko esaldirik harilkatzen, euskara sendoa darabil, segurtasuna ematen dio irakurleari, esaldiak egiterakoan zein hiztegiaren erabilpenean.

Umore puntua darie kontakizunoi.

Hotzegia, zurrunegia, tximeleta falta zaio sarri.

Ukitu eta irudi kilikagarriak ditu uneoro.

Moda, erudizioa erakutsiz edo,  egile eta titulu asko sartzen ditu.

Tarte zuriak utziz sailkatzen du kontakizuna, irakurketa arinduz.

Baditu niretzat ezberdinak diren hainbat egitura.

Bukaera pizgarria ematen die kontakizunoi.

“txaplata”  aspaldi entzun gabeko hitza: hiztegiko bi esanahietan erabiltzen genuen txikitan.

 

VHS. Oier Guillan

Antzerkigile bat hiltzen da, bere lagun batek heriotza ikertzea eskatzen dio detektibe bati.

Kontakizunaren bilbea xumea eta motza da, baina horren inguruan biltzen duen mataza erabat trinkoa.

Detektibe emozionala da narratzailea, beraz edozein zoko eta zirrikituetan sar daiteke, egoerak, jarrerak eta pentsakizunak asmatuz, denbora  nahieran erabiliz.

Besteen zoko ezkutuen jakin-mina, esan eta agertzen ez diren bizipen, sentipen, pentsamendu…

Trumilka datoz gogoeta eta proposamenak, korapilatzen da kiribil mentaletan, zeu ere nahastuz.

Bizitzako zertzelada ezberdinez filosofatzen du, bere galderek zure galderak sortarazik.

Bakoitzak barnean darabilzkigun bizipen, gogoeta eta ideiak azpimarratu bezala egiten du, edo zeuk azpimarratzera bultzatu.

Gogoeten, hausnarketen, bizipenen uholdeak harrapatzen zaitu, gogoko baduzu utzi korronteak eraman zaitzan… mila aukera duzu.

Era guztietako gogoeten zurrunbiloan sarrarazten zaitu, barne zurrunbilo bat sortaraziz.

Bi aro ezberdinen alderaketa eta kontrastea.

Kontaezin gai ukitzen ditu, agian nabarmentzeko: pertsonen arteko harremanak, antzerkia, artea, poesia, literatura, umorea, ironia, itxaropena, alaitasuna, denbora…

Bartzelona bisitatuko du, hiri bati begiratzeko ikuspuntu erabat ezberdina eskaintzen.

Ideia et gogoeta asegarriak, baina makina batek botata bezalakoak, fabrikatuak, ukituko zaituen freskotasuna falta zaie.

Poesia ukitua du, errealitateaz ari da baina errealitatez harago, barnerago, errealitatetik at balego bezala, esanahiaren mamia irakurleari bilarazi nahian bezala, irudiak erabiliz.

Zizelatuta bezalako esaldiak, bizitzaz ari da baina izotz blokean tailatu dituela dirudi.

Katedra bateko irakaslea klasea ematen dirudi.

Komunikatze, idazte,  forma eta baliabide ezberdinak darabiltza.

Ez da paisaia eta tokien deskribapenean pausatzen edo luzatzen, hausnarketen itsaso zabalean murgiltzen baizik

Tarteka badirudi liburuaren formatua, dioena bera, logikaz kanpoko zertzelada horiek… justifikatu nahian bezala dabilela, balizko kritikei erantzun nahian bezala.

Kontzeptuala da, teorizatzen ari dela dirudi

VHS: grabazioa bat bezalakoa da kontakizun osoa, muntaia bat, patxadan eta digerituz irakurtzekoa, generoa eta estiloa gustuko duenari gustatuko zaiona.

 

Ze luzea negu hau. Josu Goikoetxea. Poema-liburua

Erraz eta gustura irakurtzen da.

Ez da galtzen irudi, konparaketa, paraboletan.

Irudietan oinarritzen da poesiak ohi duen bezala, baina garbi iradokitzen ditu gizakiaren kezka eta bizipenak.

Estilo zuzena du irudien zurrunbilo nahasian galdu gabe.

Irakurtzen jarraitzeko irrika sortarazten du.

Ez da nola ere sofistikatua, ez du artifizial jiterik.

Bizitza daramate lerrook.

Ez du mahai batean, hotzean, garunei eraginez, behartuta lez  idatzita dagoela sentipena sortarazten. 

Ez zaitu urruntzen, gertarazten baizik.

Erritmoa dute hainbat poemak, musika edo melodia bat, eroan egiten zaitu.

 

Zorioneko familia. Iñaki Irasizabal

9        ipuin: familia mota ezberdinetako gorabehera ezberdinak.

1.Aita lapur baten historia semeak kontatuta.  2.Internet bidez elkartutako bikotea. 3.Saltokia atrakatu nahi duen jubilatuaren alaba bankaria. 4. Mozkorra zen semea, anaia, heroinomanoa, arreba. 5.Bikotea eta mutilaren koinata. 6.Kartzelatik atera behar zaion ahizparentzat bermea eskatzen zaion emakumea. 7.Heriotza eta heriotza ondorengo giroa. 8.Baserri batean uda-pasa dagoen emakume baten bizipenak. 9.Bi anaia aita hiltzaile posible bati buruz. 10.Ume bihurria eta auzoko giroa.

Maitasunaren labirintuan dabil.

Egoera sozio-politiko ezberdinak erakusten ditu.

Mozkorrak edo izaera berezikoak dira pertsonaia asko, ergelak, alferrak, familia desegituratutakoak.

Kontakizunen kokaguneak, giroa, etxea, taberna, kaleak… bereziak edo hala-holakoak dira.

Muturrekoak dira egoera gehienak edo denak.

Ipuin hitsak dira, ilunak, gordinak, makabroak ere tarteka.

Egoki eta zehatz marrazten ditu pertsonaiak.

Ukitu berezia du lehenengo ipuinak, giro erakargarria sortarazten du, erdizka doaz beste hainbat.

Ezin uka ipuin denek dutela halako xarma puntua, erakartze zaituena.

Jakin-min puntua sortzen du baina ez die ipuin askori espero duzun bukaera zorrotz edo ezustekoa ematen.

Mundu ezberdin berezi batean sartzen zaitu.

Zeharka, etsenpluz edo irudiz ematen ditu hainbat esanahi: aberatsa eta erakargarria dira irudimenezko esaldi horiek.

Bere horretan bezala uzten du kontakizun asko, amaiera bitxi batekin bukatzen ahalegindu gabe, bota du botatzekoa eta nahiko.

Seigarrena da agian ipuin kaskarrena, ez kontakizunak ez kontaerak ez du jakin-minik sortarazten. 

Segurtasuna ematen dizun idazkera du, fidagarritasuna esaldien taxueran.

Atal laburretan banatuta dago istorio bakoitza, jauziak eginez.

Paragrafo luzeko ipuinak, paragrafo oso motzekoak, elkarrizketa ugarikoak…

Suspense puntua dute.

Erraz irakurtzen da.

Denbora-pasa kilikagarri bat nahi duenak badu non.

Ez du agian askorik eskaintzen, denbora galdu gabe tarte bat ematea ezik: bada zerbait. 

etiketak: Liburuak
Josu
Josu dio:
2021/03/15 13:24
Kaixo, Jon. Josu Goikoetxea nauzu. Barkatuko didazu atrebentzia: beste iruzkinekin batera, nire liburuari buruzkoa irakurri dut eta gogoa alaitu didazula esan behar dizut. Benetan estimatzen dizkizut idatzi dituzunak, bereziki erritmoari buruz esandakoak. Ia obsesio bat bihurtu zitzaidan erritmoaren bilaketa, baina ez nekien azken emaitzan irakurleak nik bilatutakoa barrundatuko zuenik ere. Hemendik aurrera, kasu egingo diot zure blogari, ni irakurlea naizelako batez ere. Ondo-ondo izan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.