Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / LIBURUAK

LIBURUAK

Jon Etxabe 2021/03/01 09:45
Isiltasun urte luzeak: Francisco Castro. Isiltasunaren itsasargia: Ibon Martin. Itsu kolpeka: Alfontso Gartziandia. Iturria: Unai Elorriaga. Kabitu ezina: Aitzane Usandizaga. Lardaska: Patricia Higsmith. Neskamearen ipuina: Margaret Atwood. Nobela errealista bat: Joxean Agirre. Odol mamituak: Alain Agirre.

Isiltasun  urte luzeak. Francisco Castro

Galizian, Vigon, frankistek gerra hasieran egindako basakerien kontaketa.

Eraildako gorpuak ateratzen dituzte jauregi baten lorategian dagoen hilobi komun batetik: bertako ugazaba eta familiaren inguruan dabil kontakizuna, atzera jauzika.

Ezer berririk ez, beste lurraldeetan ere frankistek nola jokatu zuten ziurtapena.

Hausnarketa asko kontaketaren zehar: indarkeria matxista, beldurra, indusketak gorpu bila, kultura aldaketen ardatza, denbora, isiltasuna, bakardadea, borreroa eta biktima, maitasuna, Errepublika garaiko giroa Galizian, Elizaren jarrera...…

Jauntxotasunaren  seinale omen zen usategia jauregi batean, kapera debozioarena bezalaxe.

Halako puntu erakargarri bat dute pertsonek, hauen jarrerak eta egoerak deskribatzean, poesia puntu bat bezala.

Pertsonen barnean dabil, garunetako kiribiletan.

Ezustean harrapatzen du irakurlea amaierak.

Zailtasunik gabeko euskara, bai egituretan, bai hiztegian.

Bati dago zerbait deigarria, arreta  pizten dizuna.

 

Isiltasunaren itsasargia. Ibon Martin

Thrillerra, azken muturrean elkartzen diren bi istorio paralelo: hilketei buruzkoa bata, eta drogaren ingurukoa bestea, mila gorabehera eta zertzelada tartean.

Pasaiako deskribapen humano eta fisikoa

Pasaiako gertakizun garrantzitsuak: drogaren negozioa eta jonkiak, kanpoko portua, baleontzia, pertsona ezberdinak,  arrauna, gurutzontziak sartu behar izan zuenekoa …

Beste gai batzuk: Bilbo, Arabako Sakamantekas,  Bartzelonako hiltzailea, Ertzantza, alkoholaren menpekotasuna, nobela baten idazte prozesua…

Ez dakit zer den fikzioa eta zer Pasaiaren argazki bat.

Ez du gogoetarik sortarazten, ezagunak direlako drogarena eta beste asko gai.

Txukun eta duintasunez kontatua.

Atal laburretan sailkatua, erritmo bizia du.

Ez da dotoretasunetan sartzen, ukitu politak dituen arren.

Osagarri eta betegarri asko du, agian, beharrezkoak giroa, tentsioa eta suspensea sortarazteko.

Gehigarriotan literatura ekarpenik ez duenez, gogoetarik ez duenez eta literatura gozamen gutxi eskaintzen duenez,  jakin-minak eraginda jota-pasa egiten dira pasarte asko.

Badira berriak egin zaizkidan hitzak.

Bukaerak ez zuen behar horrelako argipenik, ez horrela behintzat.

Literatura mota hau gustuko duenak, thriller eta suspensea, gogoko izanen du, pasaiatarrek ere, neuk ere gustura irakurri dut, suspensea sortarazi dit.

 

Itsu kolpeka. Alfontso Gartziandia

Iruñean kokatzen den suspense  puntua duen istorioa, batez ere azkeneko atalean.

Azkenean lotzen diren bi istorio paralelo, bata oso labur kontatuta dago, letra etzanez emana, bestea ohizko letra moldean.

Prostituzioa eta bortxaketa dira istorio laburreko ardatza: garratza.

Oso  sinplea dira bi kontakizunak, inolako katramilarik gabe, ia hari bakarrekoak.

Tarteka gogoeta labur batzuk kontakizunaren harira.

Film baten narrazio itxura du.

Kontaera ere xumea da, baina duina: ez esaldien egituretan, ez aditzean ez hiztegian ez da borobilkerietan sartzen.

Inolako zailtasunik gabe erraz irakurtzen dena.

 

Iturria. Unai Elorriaga.

Narratzailea eta bere lagun Iturria Eki Europa guztian ibiliko dira lagun baten atzetik bere ipuinen bilduma egin eta egilea ezagutu asmoz.

Hamar ipuin, ipuinon paraleloan, kontakizun bat.

Ipuin bakoitzaren azterketa egiten du ipuinon ondoren, deigarria da idazleak berak zenbat zirrikitu eta argibide aurkitzen dizkion ipuin bakoitzari, zalantzak, ideia oinarrikoa zein ote…

Noizbehinka dejada interesagarria txokoan edo zabalean.

Metafora eta sinbolo izan nahi dute ipuinok.

Ipuin bereziak dira, banan banakoak, ezberdinak edukian eta kontaeran.

Ipuinak idazteari buruzko gogoetak, idazlearen burutapenak, zalantzak, aukeratu beharra…

Azalekoak dira ipuinok, ?, “kontrakoa ere bai”.

Irakurlearen parte hartzea eskatzen du, berak ere hausnarketa bat egin beharko du gogoetak eskaintzen dionaren arabera.

Tentsio puntua dute, eta bukaera asmaezina, ezuste bat da ere liburuaren amaiera.

Estilo oso landua du, aldi berean xumea, ez du esaldi berezi edo ezohikorik egiten, hiztegira jo beharreko hitzik ere ez darabil, baina dotorea da.

Herri-herriko esaerak tartekatzen ditu

Bizkaierako letren ekonomia eginezko herri esamoldeak.

Moldeak apurtzen dituen liburua

 

Kabitu ezina. Aitzane Usandizaga

Zortzi ipuin labur.

Egunerokotasunaren izpiak.

Ipuin denek dute bere xarma puntua.

Denek dute orijinaltasun ukitua.

Tartetxo batzuk arin pasatzeko baliagarria.   

 

Lardaska. Patricia Higsmith

Nobela beltza

Senar batek bere emaztea hilko du, beste emakume bat zirkunstantzi berdintsuetan hilda agertuko da,  senarra susmagarri eginen dute

Trapezista alanbre gainean bezala dabil kontakizuna bukaera ze aldetara eroriko ote.

Susmagarri posibleekin zirikatzen du irakurlea.

Pertsonaien barnean ere sartzen da, sentipenak, dudak, harremanak…

Gai ezberdinak ageri dira kontakizunean: bikote harremanak, New Yorkeko ondo-bizien bizimoldea, poliziaren jokamoldea, tortura, maitasuna, elkarbizitza…

Thriller filmetako tankera du, hiltzailea nor susmoa sortaraziz azkenera arte: agian horrek baldintzatzen du irakurketa.

Ezohizkoak diruditen adjektibo nahiko sarriak.. 

Esaldi zurrun samar ugari ditu, esaldia berrirakurraraziz, irakurketa leun eta segidakoa zailduz.

 

Neskamearen ipuina. Margaret Atwood

Gerren eta planifikazioaren ondorioz ia umerik ez dago, emakumeak ernari jartzea da helburu nagusienetariko bat, erabat modu planifikatu batean. Emakumea umeak egiteko tresna bat besterik ez da.

Geroko gizarte berri ezberdin batez ari da, munduko nonbaiteko lurralde batean gizartean izan den giza eta politika aldaketa eta garatzea.

Ez du inolako atakarik zabaltzen, nahiz argi puntu bat uzten duen.

Egoera gordin bortitza: erabat mailakatuta dago gizartea, batez ere emakumearen eta beraien rolen kontrol izugarria dago, indarkeria sekulakoa da lege hausleen aurka, beldurra, komunikaziorik eza edo ezindua, gutxi anonimo batzuen esku eta menpe dago gizartea.

Zigorra eta mehatxua dira bizimoldearen ardatza.

Baina beti dago azpibide bat, gizakiak aurkitzen du komunikatzeko zirrikituren bat.

Emakumeen gizonarekiko menpekotasun ezin gordinagoa da kontakizun guztiko azpi-jarduna.

Maitasuna litzake gaietako bat, maitasun harremanak debekatuta dauden gizarte batean.

Gerra bat ere presente dago.

Joaneko garai bateko giroa ere deskribatzen du, kontraste bezala, baina baita aldi berean garai hartako kritika zorrotz bezala ere, agirian daude garai hartako, gure garaiko, gizartearen akatsak. .

Albo-esanahi asko du, bigarren esanahi bat dago dionaren saihetsean, azpian edo alboan.

Harrigarria da nolako bidezidorrak aurkitzen dituen idazlearen gogoetak, zenbat zirrikitu irekitzen dituen hausnarketa eta kontakizunak.

Bihotza kizkurtzen zaizu horrelako balizko gizarte baten aurrean aurkitzean, aldagaiak aldagai, etorri daiteke.

Aldi eta egoera eta gertakizun ezberdinak txirikordatuz doa narrazioa.

Oso esaldi ilunak ditu, bai egituragatik, bai edukiagatik, ez dakizu jatorrizko testuagatik, ala itzulpenagatik: testu biak alderatzeko irrika sortzen zaizu.

Irakurzaila da, idazkera edo euskaragatik, baina azkenerako pizten du jakin mina.

Euskara aldetik ez du ekarpen handirik, agian bai itzultzaileenzat.

 

Nobela errealista bat. Joxean Agirre

Taxilari bat narratzaile, intriga istorio bat harilkatzen du, tarteka pasadizo eta istorio bitxi eta dibertigarriak sartuz.

Gizartea, gizakia, ezagutzeko bidea eskaintzen dizu, zuzeneko diskurtsoz baino kontakizunen azpian dagoenez.

Historiaren inguruan, gertakizun eta pasadizo errealez ari da, poliziako satorra omen Mikel Lejarzaz. Umore puntua beti.

Zailtasunik gabeko irakurketa jostagarria.

Joxeanek ohikoa duenez, txukun eta dotore idatzita.

Atseden labur baten bila zabiltzanean, lasaitzeko aukera eskaintzen dizu.

 

Odol mamituak. Alain Agirre

Psikotiko baten gorabeherak: etxeko sentipen eta bizipenak, psikiatrikoko giroa eta egoera, psikiatrikotik ateratakoan bizi nahia, geroa iluna.

Protagonista da narratzailea, bere barnean kiribilduta dabil, etenik gabeko gogoeta luzeetan.

Labur eta motel doa denbora, elkarrizketak, aldiz, luze.

Mailukadak bezala datoz sentipenak, gogoetak, zirrarak. 

Hari motza du luzeran istorioak, baina korapiloz beteta dator, soka gogor eta trinkoa bilakatuz hari mehe hori.

Gordina, tristea, hitsa.

Terapiari buruzko kritika ironikoa, sexuak ere badu toki berezia.

Atal oso laburretan banatuta dago ia kontakizun guztia, zenbakiz banatuta, irakurketa erraztuz.

Flash bat bezala da atal bakoitza

Esaldi laburrez agertzen ditu barne taupadok.

Baina bada bi orrialdeko paragrafo luzea ere, non komak diren zeinu bakarrak, tarteka bada paragrafo luzerik ere.

Gai garratza eta dramatikoa arren, poesia giroa hartzen du giro berezi bat sortzen du irudien erabilera ugariagatik.

Sinbolismoz, alegoriaz kontatzen ditu egoerak, jarrerak eta gertaerak

Literatura egiten du, esaldiak zizelatuz bezala, baina hitz, esaldi eta egitura bitxi edo ezohikorik ibili gabe. 

etiketak: Liburuak2-I
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.