Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Liburuak

Liburuak

Jon Etxabe 2016/11/25 09:35
LiburuakVI. Zenbaoit libururi iruzkinak. Oraingoz azkenak

Liburuak 3 – VI

Satorrak. Andoni Tolosa. Poema-liburua

Satorrak baino lurperago. Pedro Alberdi

Sei arrasto Eskandinavian. Ramon Olasagasti

Septentrio. Aurelia Arkotxa

Soinujolearen semea. Bernardo Atxaga

Soneto hautatuak – Willian Shakespeare. Itz. Juan Garzia. Poema-liburua

Spam poemak. Castillo Suarez. Poema-liburua

SPrako tranbia. Unai Elorriaga

110. street-eko geltokia. Iñaki Zabaleta

Sua nahi, Mr Churchil?. Koldo Izagirre

Tulipa gorria. Gari Berasaluze

Tundra. Igor Estankona. Poema-liburua

Unearen aldarteak. Luis Maria Mujika Urdangarin. Poema-liburua

Van‘t Hoffen ilea. Unai Elorriaga

Venezuela, iraultza isilaren hitzak. Aristi Pako.

Vol de nuit. Antoine Sait-Exupery

“Vredeman”. Unai Elorriaga

Xake mate. Alberto Ladron Arana

Xake nobela. Zweig Stefan

Xveik soldadu onaren menturak.  Jaroslav Hasek

Zaldi hustuak. Aritz Gorrotxategi. Poema-liburua

Zekale artean harrapaka. J.D.Salinger

Zeruko belardiak. Jhon Steinbeck

Zeta. Alessandro Baricco

 

Satorrak. Andoni Tolosa. Poema-liburua

Bizitzari goitik begiratzen daki, ikuspegi orokorra ematen.

Poema hotzegiak, pentsatuegiak.

Freskura falta zaie, ukitu fina, xarma.

Ez dute bizipozik, gehiago dute etsipenetik.

Irudi bila dabil, irudiz hitz egin beharra, printzipioz.

Zerbait esan nahi du, esan nahi duena irudiz biltzen du, baina esanahia azpimarratu  ordez estali egiten du.

Ez da zuzena.

Ez da erraza zertaz ari den igartzea.

Hain goitik begiratzen du, ze difuminatuegi erakusten ditu ikusi beharrekoak.

Irakurleak jarri behar dio gaia, asmatu.

Poesia idazle heldu gabearen itxura ematen du.

Ariketa literario bat osatzen ari dela dirudi, ez barneak eskatuta.

Gazte ausart bat, poesia egin nahi duena,poeta berria.

Irudietan galtzen zaio, aurkiezin, esanahia.

Poeta izan nahi hori da azpimarratzekoa, goratzeko, bere ausardia hori.

ISA: ezin dut irudikatu inolako Isarik, poema irakurri ondoren.

ATERPEAK atala: puzzle bat bezala dira poemok, norberak bilatu behar die lerroei lotura gorpuzteko.

NESTOR BURMA:  kadentzia du, gustura jarraitzen dut irakurtzen, hitz-joko polita zait, baina zertaz ari da?.

Hainbat poemarekin gertatu zait hori bera.

Erritmoa du, hitzen kadentzia, baina ez dakit beste ezer duen.

LARUARENAK dira ulerterrazenak.

Azkena poema ulerterraza eta itxaropentsua da, sikiera.

 

Satorrak baino lurperago.  Pedro Alberdi

Gure gazte garaiko hainbat kontu eta maiseaketa.

Garai hartako zenbait gorabehera ezagutu eta gogoratzeko.

Gaurko hainbat politikoren nondik norako eta itxurakeriak parada eskaintzen du.

Gustura irakurtzen da.

 

Sei arrasto Eskandinavian. Ramon Olasagasti

Bidaia kontakizuna haina da pertsonaien barne azalpena.

Sarri ez du ezer esaten baina liluratu egiten zaitu, gehiago kontaketagatik kontakizunagatik baino.

Pertsonaien barnean sartzen da tarteka.

Bidaiarien zenbait zertzelada psikologikoak dakartza.

Badira bidaiako hainbat datu interesgarri.

Konparaketak, irudiak, azalpenerako maila ezberdinak, ...

Irudimen bizia du morroskoak.

Esaldi dotoreak, abila da idazten.

Idazkera dotorea xume itxurapean.

Idazkera argia.

Zeharkako esaldiez kontatzen du sakoneko gaia tarteka.

Giro poetikoa du.

Goi maila batetara jasotzen du kontakizuna kontaketaren bidez.

 

Septentrio. Aurelia Arkotxa

Oriens

Marco Poloren istorioa oso bitxia da egituraz, originala graduazioz, pausoka eta pixkanaka aurreratuz doa kontakizuna.

Gauza bitxiak kontatzen ditu.

Kontakizuna bera izanik,  zati bakoitza bera da, baina aurrekoari lotua.

Sortaldeko giroa, amets giroa, lortzen du.

Poesia giroa ematen dio, maitagarria egiten du istorio bakoitza.

Atsegina da.

Bitxikeriarik gabe, euskara erakargarria darabil, kontakizunari erabat hertsia.

Ipar Euskadiko euskara ezagutzeko aproposa.

Sine nomine

Historio politak.

Peregrinatio

Hausnarketa interesgarriak, aproposak.

Interesgunea sortzen dute.                                                                                                                    

Mila esaldi ezberdin, beste era batetara, ezberdinki, esaten ditu gauza.

Giro ezberdin bat sortzen du.

Niaut izan dut gogokoen, beste kontakizunek didate egileari sortutako sendimenturik harrotu.

Conchek interesatu nau.

Poesia kutsua dute.

Giro bereziz biltzen ditu euskaldun Ternuako arrantzaleen ibilbide eta itsasertzak.

Mare Magnum fine

Euskal Marinel-arrantzaleen giro magikoa dabil hegan lerrootan.

Magia du, giro bereziak biltzen du.

Ikus arazten dizu une eta leku haien une magikoa.

 

Soinujolearen semea. Bernardo Atxaga

Kezkaz hasi dut irakurketa, Bernardoren Obabakoak eta beste liburuak berrirakurri behar ote ditudan aurrez, gaiak eta pertsonaiak gogoratu,  eta liburu honetaz gozatzeko. Ez dut gogoko konparaketak egiten hastea, nik liburuaz beraz gozatu nahi dut, hor konpon erreferentziak eta idazlearen aurreko teknikak eta idatzmoldeak. Beste liburuak gozamenerako gehigarri badira, bejondeiela, baina nik liburu bat bere baitako ederrean nahi dut, ez erreferentzien eraginez baldintzatuta. Ikusiko.

Deskribapenak dira nagusi, pertsonen eta inguruaren deskribapenak, deskribapen zehatzak.

Ez du ia ezer esaten, deskribatu soilik, hori da lehen sentipena.

Tarteka jartzen ditu hausnarketarako hari muturrak: euskara, heriotza, euskararen galera, eta mila gai gehiago, kontakizuna zipriztinduz, bizituz, borobilduz eta edukiz oratuz.

Josebaren aipamena, Sarrio delakoan nago, oroimen oso polita, irakurleak ere estimatzen duena.

Espainiako gerra zibila, frankismoa, … Sarriok gai bera darabil, eta hainbatek. Nondik edo zergatik dator gai hori berriro. Niri ez dit ezer berririk esaten, agian belaunaldi gazteentzat ari da idazten, memoria galdu ez dadin.

Atxaga ikusi dugu politikoekin agerpen publikoetan, eta espero nuen bezala bere ikuspegia ematen du, beste gai batzuei ez bezala, indarkeriari buruz, militantziari buruz, partzialtasunez, nire ustez, baina berea da liburua. Baina egia da nahiko zintzo gordetzen duela oreka.

Ez dago gai berririk, tartekako hausnarketak dira niretzat gai interesgarrienak.

Ukitu erlijiosoak sarriak dira, “Agnus Dei, Jesus Getsemanin, arkume odola, mana,  eta hainbat, ezustean harrapatu nau.

Ez die gai zitalei heltzen, ekintza armatuak, … ukitzen ditu, hor uzten du gaia eta kitto: ondo deritzot.

Klandestinitatea, biolentzia, … ataka irekitzen die gai horiei.

Giro poetikoa sortarazten du.

Hunkitu egiten du tarteka zenbait pasartek irakurlea.

Ukitu zehatzak ematen dizkio deskribapenari.

Xumea dirudi estiloak, baina erakargarria da.

Gustura irakurtzen da, baina istorioak ez nau harrapatu, ez du niretzat tentsiorik edo interesgune nagusirik.

Irudi zoragarriak darabiltza, irudi pila.

Gure garaiko irudiak dira, antzinako girokoak: erretzeko paperaren ahultasuna, …

Lehen eta bigarren begi, ezpain, … izugarri abilki darabilen baliabide literarioa.

Nekazari aroko giroa eta lengoaia, irudiak, hiztegia, konparaketak, … darabiltza.

Lasai sartzen ditu erdal hitzak, euskara bihurritzen ibili gabe, biribilketarik gabe

Konparaketa darabil kontakizuna edo deskribapena argitzeko.

Intsinuatu egiten ditu gaiak, zirriborratu, frankismo garaiko gaiak.

Arraroak egiten zaizkit hainbat esamolde: “jiratu egiten ziren trenaren gurpilak”, “izua zen nirekin”, … eta hainbat: hala izanen dira, baina ezohikoak egiten zaizkit.

Naturaltasuna falta zaie hainbat esaldiri, artifizialak dira, bortxatuegiak, akademizistak, hotzean asmatuak bezala, paper aurrean, laborategian, freskotasuna falta zaiela, …

Baina ia beti sekulako jatortasuna du bere idazkerak.

Zenbait esaldi oker daudela iruditzen zait, badakit lelokeria bat dela, atrebentzia handia nire partetik, badakit arauak eta idazkera aldatzen joan direla ni geldi nengoen bitartean, baina nire begi zaharroi hala iruditu zaie.

Obabako zenbait pertsonaiak definitu gabekoak iruditzen zaizkit, denbora pasako ez balitzaie bezala, beti berdinak edo antzerakoak diraute, Sebastian, bikiak, Adrian bera,  diseinatu ditu hasieran eta hor diraute ia berdin azkeneraino.

Zerbaiten zain zaude irakurketa osoan, baina ez da sekula ezer gertatzen.

Errepikakorra egin zait, aspergarri samarra ere, bai idazkera bai kontakizuna. Asko luzatzen ditu pasarteak.

Irakurketa bera da gozamena, idazkeragatik. Ezin uka dotorea denik, erabat aberatsa idazkeran eta hausnarketetan.

Beste aro bateko nobela da, gaiez eta konta moldez.

Erreferentzia besterik ez da Obaba, giroa sortzeko, kontakizuna osatzeko, bere baitan osotasuna du kontakizunak.

 

Soneto hautatuak. Willian Shakespeare – Juan Garzia. Poema-liburua

Poema ezberdinak dira euskaratuak, ez dute ia antzik jatorrizkoekin.

Gai berdin-berdinez eginiko poema ezberdinak, berriak.

Bi poema sail ezberdin gai berdinaz erabiliz eginak.

Erabat aldatzera behartu du neurriak itzultzailea.

Neurria gordez euskaraz ere egin baitu itzulpena.

Gustukoagoa dut itzulpen zuzena, nahiz neurriak gorde gabe izan behar.

Gustukoagoak ditut Sarrioren itzulpenak.

Neurriaren ordez giroa eta erritmoa gordez eginiko itzulpenak nahiago ditut.

Ez dut gozatzen euskaratutako hauekin.

Ingelesekoak ulertzen laguntzen dit batez ere itzulpenak.

Trinkoegiak dira, astunak, zurrunak.

Euskarazkoak antz ematen zailak dira, ilunak, pentsatu egin behar duzu.

Igarkizuna asmatzea bihurtzen da euskarazkoa.

Itzulpenak intsinuatu egiten du esanahia, estalia bezala geratzen baita.

Jatorrizko testuak berriz zuzen eta argi esaten ditu gauzak.

Itzulpena irakurriz ez dago antz ematerik zer dioen jatorrizkoak.

Ulertu beharrak ez du barne zirrararako lekurik edo tarterik uzten.

Freskotasuna falta zaie, ez dute xarmarik euskarazkoak.

Ziurrenik itzultzailearentzat bai izan da lan atsegina.

Euskaraz soilik irakurri banitu agian ederrak irudituko zitzaizkidan.

Biak alderatuz eta batera irakurtzean astunak, zailak egin zaizkit, gatza galtzen dute.

Freskotasuna kentzen dio biak elkarrekin egoteak edo batera, norberak ere itzulpen lana eginaz, irakurtzeak.

Itzulpenari buruz gogoeta egitera bultzatzen du.

Literaturgintzan seguru aski ekarpen interesgarria eta aberatsa da, positiboa.

Ziur nago lan aberatsa dela.

Ez dut bat egin ez Shakespearekin ez Garziarekin.

 

Spam poemak. Castillo Suarez. Poema-liburua

Hausnarketarako mila hari-mutur ematen dizkizu.

Pertsonarengan eta gizartean barneratzen da, arimaren barnean.

Bizitza dago poemotan, bizitzako arazo errealak.

Bizitza puskak jalgiarazten ditu paperera.

"Min berri bat egunero", gordina baina erreala.

Ikuspuntu berri batetik begiratzen du bizitza, ikusitakoaz haratago begiratzen du.

Poema inkomodoak dira, ezerosoak.

Zauriei tiritak jarri ordez, jarritakoak kentzen dizkie.

Errutinari astindu bat dira poemok.

Maitasuna du gai nagusi, edo maitasun gaiaz kiribiltzen ditu beste gaiak.

Maitasun eta gizarte gaiak korapilatzen ditu, irudi edo etsenplu bezala erabiliz maitasuna.

Giza, bikote, harremanen inguruan, giza-harremanen labirintoan barna

Sentimendu gorde eta mundu korapilatsuan murgiltzen zaitu, galduta bezala utziz

Sinbologia hutsa dira, deserosoak.

Poema irakur eta ulerzailak egiten zaizkit.

Zaila egin zait irakurketa, ez idazkeragatik.

Oso anbiguo geratzen zaizkit poemok, irakurle soil uzten naute, nahiz kilikatu.

Oso anbiguo da, baina aldi berean oso konkretu, gai konkretuen hausnarketarako hari-puntak direlako.

Ez didate emoziorik sortarazten.

Idazkera sinplea du, era berean konplexua.

Dioena ulertzen duzu, esan nahi duena ez.

Esaldien haratagoko esanahiaz dabil idazteko.

Ez dio zein hari den berea, baina hari asko jartzen ditu.

Ez du hitzekin jolasten, ez dabil hitzak zizelatze lanean.

Prosa tankeran idazten du, prosa erritmo batez ebakita.

 

SPrako tranbia. Unai Elorriaga

Kontakizun, istorio, maitagarria da.

Ez da kontakizun lineala, jarraikia, ez dago ia historiarik, hiru pertsonaien bizitza da, beraien pasarte ezberdinak.

Ez du ezer berezirik kontatzen, kontaera da berezia, giroa, pertsonaiak.

Pertsona bitxiak dira denak.

Istorio eta pertsonaia xumeak dira, baina maitagarriak bere xumean.

Ukitu humano pila.

Mila gai ezberdin ukitzen du, pasadan bezala, bizitzaren ukituak.

Pintzeladaz jositako kontakizuna.

Bereziak dira hiru pertsonaien arteko elkarrizketak.

Harreman maitagarriak dira hiru pertsonaion artekoak.

Zoragarriak dira hiru-lau pertsonaion harremanak, euren arteko giroa.

Ez du pertsonaietan esaldi zuzenez sakontzen.

Ez du ideia teorikoen aberastasunik, hausnarketa filosofikorik.

Nik faltan botatzen dut hausnarketa hori, iritzien errota hori.

Iritzi xumeak konta eta botatzen ditu, baina interesatu egiten zaitu, agian bere ukitu umoretsuagatik.

Hunkigarriak dira hainbat pasarte, esaldi eta portaera, sarri bi hitzetan edo lerro motz batetan azalduta.

Sarria da kritika puntua, fina, zorrotza, ia ohartu ere gabe pasako zaiona zenbait irakurleri.

Oso azalekoa kontakizunaren itxura hartzen du, baina eragingarria da, era berean atsegina.

Argi izpi kolore antzerakoak, baina lilura argitsua bilakatzen direnak.

Egoerek harrapatu egiten zaituzte, idazkerak eta kontakizunak baino gehiago.

Irudimenez asmatu arazi egiten du kontakizuna.

Ezustean harrapatzen zaitu eten gabe, espero ez duzuna aurkituko duzu uneoro.

Estrukturaketa berezia du, berezia,  kapitulu bakoitzaren ostean  gehigarriak ezarriz.

Egitura osoan da ezberdina, berezia behinik behin.

Kapitulu osteko eranskinok ezusteak eta ezohizkoak dira.

Deskribapen zehatzak egiten ditu, ukitu oso konkretuak ditu, koadroa osatuz.

Ukitu fin eta zorrotz ugari, horiek zipriztintzen dute erakargarritasunez kontakizuna.

Zehaztasun handiak ematen ditu deskribapenetan.

Egoera berezia maitagarriz osatua dago.

Umore ukitu fina erakusten du liburu osoan zehar, etengabekoa da umore punttua.

Izugarri erakargarria da umore punttu hori, erabat orekatzen dit faltan botatzen dudan ideia eta gogoeta zuzen falta hori.

Ez du irribarrea uzten, bigun ukitzen du uneoro bihotza irakurketak.

Irudi, konparaketa eta analogia pila ditu, azkarrak, biziak, irritsuak.

Idazkera argia da, zuzena.

Erritmoa du, poesia ukitua.

Errealitatetik haratagoko giroa sortzen du.

Kontaketa xumea dirudi, baina zaila behar du xume itxura hori lortzea.

Ukitu zoragarriz zipriztinduta dago liburu osoa.

Giro bereziak biltzen du kontakizun osoa.

Ez du ezer zehatz harrigarririk, bitxikeriarik, osotasunean da bitxia.

Ez du konplikaziorik bilatzen, ez da esaldi zailetan kiribiltzen, ez da handi-mandia.

Ez esaldien egituran ez hiztegian.

Idazkera ez da galtzen bitxikeriatan, esaldi labur eta zuzenez idazten du.

Erdal esaldiak lasai asko botatzen ditu, euskarazko esaldi bortxaturik egin gabe: niri gustukoagoa zait esaldiok euskal senez  botatzen edo itzultzen ahalegintzea.

Irudimen handiko konparaketak, irudiz eta alegiz eritziak esateko modua erakusten du.

Bada errepikamenen bat, ez dakit zein helbururekin.

Esamolde eta esaldi bereziak daude tarteka.

Ukitu propioa duen liburua.

 

110. street-eko geltokia. Iñaki Zabaleta

Eleberrietatik eta pelikuletatik ezagunak zaizkigun giro eta kontuak.

Istorioa nahiko arrunta da.

Istoriotik at ezer guti esaten du.

Interesgunea sortzen du kontakizunak, irrikan jartzen zitu.

Euskara aldetik esaldi bikain ugari ditu.

Baina irtenbide errazak ere ugari aukeratu ditu.

Baina hainbat esaldik ez naute betetzen, beste hainbat arraro zaizkit eta hainbatekin ez nago ados.

Arraroa eta ezegokia iruditzen zait hainbat hitzen erabilpena.

Ez naute asetzen ez idazkerak ez pertsonaiek.

Txukuna da darabilen euskara, baina ez batere landua.

Nahiko sinplea iruditzen zait egituraz, pertsonaiez eta idazkeraz.

Ez da borobila, ezta landuegia ere.

Baina harrapatu egiten zaitu, istorioan sartzen zaitu.

Badu zerbait berezia, zer den ez dakidana.

Agian horregatik  ditu 21 edizio

 

Sua nahi, Mr. Churchil?. Koldo Izagirre

Gerra zibilaren inguruko gaiak.

Gerra eta gerra ondorengo atal eta osagai ezberdinak azaltzen dira, pertsonai zenbait ere: langile batailoia,  Olaso, Serafin, …

Pertsonaia eta egoera bitxiak

Gerra eta gerra ondorengo historia ezagutzen dutenentzat da, adinekoentzat, irudimena eta oroitzapen propioak behar dira zenbait pasarte eta kontakizun ulertzeko.

Gazteek gutxiago ulertuko dutelakoan nago.

Itsas giroan dabil  uneoro, eta iritzi interesgarriak arrantzale eta itsas gizonei buruz.

“Martiria”, Aitzoli buruzkoa, bikaina.

Ingalaterra, errefuxiatuak itsasgizon bihurtuta.

Ikuspegi ezberdin batetatik begiratuta.

Gaiak eurak ere bereziak, ezohikoak dira.

Zenbat burutapen eta hausnarketa interesgarri eta ezberdin.

Oreka erakusten du iritzietan.

Garratza ere bada zenbait juzkutan.

Kritika zorrotzak, ezkerreko ikuspegitik, pasadan bezala, dejadak txokora eta zabalera.

Ezustez ezuste datoz esaldi finak, esanahi zehatzekoak, bitxiak, jatorrak, …

Poesia giro aparta ematen dio 1. ipuinari, agian gerokoei ere.

Estilo bitxia, labanaz kontakizuna ebakiz bezala.

Zizelatu bezala egiten ditu esaldiak, baina naturaltasunez.

Landua da bere idazkera, baina inola ere ez da estilo behartua.

Esperimentu literarioak egiten ditu: hitzak, esaldiak, egiturak, …

Adjektiboen erabilpen zehatza, osagarri aparta dira.

Ausarta eta berritzailea da hiztegiaz eta orokorki.

Esaldi izugarri biziak.

Erabat ezberdina, beste idazkera ezberdina da berea.

Zoragarria da.

Txatalez jositako ipuina dirudi.

Irudiak darabiltza erruz.

Esaldi ezberdinak egiten ditu, ezberdinki idazten du.

Erabat berritzailea da, hiztegia berritzen eta perpausak osatzen.

Ekarpen aberatsak egiten ditu, zerbait berria dakar.

Lexiko aberatsa du, naturaltasunez ateratzen ditu hitzok, ilustratuaren itxurakeriarik gabe.

Irakurlearen irudimenak egin behar du lan ipuina osatzeko.

Mila ezuste gozo irudi, konparaketa, eta esamoldeetan.

Sarri intsinuatu soilik egiten ditu esanahiak, irakurleak asmatu jaso dezan ezkutuko mamia.

Irudiak, iritziak, .. borobilduz eta osatuz doa.

Esaldi tartekatu batekin, sentimenduen mundu oso bat erakusten du.

Esaldi labur apartak: “bidez eskuinera”.

Hitzei ukitu ezberdina ematen die.

Sintetizatzeko joera du, esaldia laburtuz, trinkotuz.

Kontakizun trinkoak, ezer ez dago soberan, hitz bat bera ere.

Zenbait ideia eta pentsamolde esaldi laburrez azaltzen du.

Irudiz eta bueltadun esaldiz mintzo da, azpiko esanahia igarri behar zaio.

Tarteka konplikatua, eta zaila da bere idazkera.

Jantzientzat idatziak, ez irakurle arruntentzat, zenbait pasarte eta orrialde.

 

Tolerantziaren  gaineko disertazioa

Gai eta tratamendu filosofikoa, erabat teorikoa, abstraktua.

Egunekoari erreferentziarik gabe, gaia egunerokoa bada ere.

Mahai baten aurrean egina, egunerokotik at.

Hainbat autore eta ideiari buruzko erreferentzia. 

Mundu hori gogarazteko egokia.

 

Tulipa gorria. Gari Berasaluze

Umeentzako ipuina.

Ez da nagusientzat liburua, ez kontaeraz, ez estiloz, ez mezua emateko eraz.

Dituen gaiak edonorentzat dira, baina hori edozein gai interesgarrirekin gertatzen da.

Askatasunari buruzko hausnarketa, hausnarketa fina

Demokrazia, politikagintzarako agitazioa, eskubideak, ...

Irudimenez kiribildutako istorioa.

Oso istorio sinplea, sinpleki kontatua.

Istorio barruan baditu beste pare bat ipuin.

Zuzenegia da mezua, ez da subliminala, ezta kontaeran gordea edo ezkutatua.

Zuzenean ematen du ikasgaia, ez poliki, berenez sartuko zaizun eran.

Moralkeria gehiegi du, bistakoegia.

Esaldi literarioak egiten ditu sarri, baina esaldiak konplikatu gabe.

Irudi asko darabil, zuzenean zenbait gauza konta ordez.

Beste pasarte zenbaitetan zerrendan jartzen ditu gaiak testu liburuan antzo.

Deskribapenetan ateratzen zaio irudimena batez ere.

Giza logika darabilte animaliek.

Logikatik at dago kontaketa, behar ere ez da logikarik.

Esplikatu egiten ditu hainbat esaldi, tulipa-musu marka, ez du nonbait umeen irudimenean konfiantzarik.

Liburuxka bat.

Irakurterraza.

 

Tundra. Igor Estankona. Poema-liburua

Gizakion eguneroko arazo pertsonalak, barnekoak, txikiak itxuraz, handiak bakoitzarentzat.

Maitasun inguruko bizipen bitxiak.

Maitasun poemak dira gehienak edo asko, maitasunaren inguruan dabiltzanak.

Egunerokoaren ispilu, bestela esaten ez diren bizipenak, barneko xehetasun isil horiek.

Egilearen bizipenak dirudite askok, bizipen konkretuegiak adierazten ditu.

Ez du sarri sentipen edo iritzi unibertsalik edo orokorrik sortarazten, horregatik ez ditu transmititzen, konkretuegiak direlako, egilearenak, ez gizakiarenak. Beretzat balio dute, irakurlearentzat ez, urrunegi geratzen zaiolako, konkretuegia delako.

Beretzat eta bere munduarentzat eginak dirudite zenbait poemek, ez irakurleari ezer transmititzeko asmoz.

Zenbait poema polita dira, esaldiz, irudiz.

Tarteka indarra duten poema borobilak daude, harrapatzen, bereganatzen zaituztena, konektatzen zaituenak, mailaz eta zentzuz jasotzen, biltzen dutenak irakurlearen begirada.

Mila interpretazio dira posible hainbat poemetan:nire ustez poemak ez du izan behar anbiguoegia.

Zenbait poemak ez dakit zer esan nahi duen ere.

Asko pentsatutako poemak, bilatuegiak, hotzegiak, bortxatuegiak.

Freskotasuna falta zaio.

Erritmoa eteten zaio hainbat poema edo poema zatiri.

Irakurtzen ari zara gustura, eta erritmoaren etena dator, neurrietan, kandentzian, baita esanahian ere.

Irudiek eten egiten dute zenbait poemetan edukiaren joana, zer esan nahi ote irudiok, zertara datozen pentsatzen jartzen zaituzte, edukitik aldenduz.

Irudiek berez jarraitu behar dute ideiaren narrazioaren etorria, korrontea.

Irudi bilatuegiak, edukiaren joanari presa jartzen diote.

Kili-kolo ikusten dut hainbat poema, borobildu gabe, lotu gabe, herren.

Irudi bortitzak dira hainbat, ertz zorrotzekoak, bereganatu baino aldendu egiten dute irakurlea.

 

Unearen aldarteak. Luis Maria Mujita Urdangarin. Poema-liburua

UNE EBAKIAK.

Francoren garaikoak arren, abiapuntu egokiak gertatzen dira gaur egungo egoerari buruzko hausnarketarako.

Existentzialismoaren galderak, nahiko betikoak.

Zirrikituak zabaltzen ditu bizitzaren beste aldearen bila, baina hemen dugu dagoena, hau da duguna.

Legea eta askatasuna, kontraesanean, baina biak elkarlotuak.

Hitz-jokoak gustatzen zaizkio, Gandiren antza du horretan.

Irudi ugari, bide emanez gisa, irudimenaren ziri.

BIDEKO HONDARRAK

Bide erdian geratzen direnen poesia deritzot.

Heldu gabe batena.

Ez dit bizitzari heltzen laguntzen.

Parisen arren, oraindik komentuan dabil poeta.

Gandiagaren poemagintzaren antza hartzen diot honetan ere.

Parisko kaleetan ala Mon Parnasen  bizi zen Luis Mari.

Arkadiako poemak dirudite, ez atzerrikoak, etorkinen artean eginak.

Ez didate ezar esaten poemok, iruzkinek ez dute inolako sentimendurik, azaletik doaz poemok.

Euskaldunok garai hartan bizi genuen errealitatetik oso urrun bizi da poeta,  ez da inolako oihartzunik poemotan.

ORRI BERRIAK

Atal honetan heltzen die Euskal Herriko gaiei.

Nabarmena da erlijioaren eragina poemotan: gorrotoa, jainkoa, …

Fraide baten kezkak dirudite, non eta Paris bizian.

Gustukoa dut forma: irudiak, erritmoa, egitura, …

Baina oskola deritzot poemoi, ez dakit zertaz ari den, apaiz moral zale baten poemak iruditzen zaizkit.

Komentuko begiradaz ikusitako gizartea.

HITZEN ERTZAK

Natura, kosmosa, poesia, Euskara, …

Machado baino Agirre Ondarrutarra dela esango nuke, berak besterik dion arren.

Ez dute indarrik.

Ez dira burdinazko poemak, berak besterik esan arren.

Agian ez dut jakin poemok irakurtzen, aurreiritziz beteta nagoelako edo.

 

Van´t Hoffen ilea. Unai Elorriaga

Irakurtzean hitzekin jolasteko liburua.

Ironiarekin, umore puntuarekin, ateraldiekin tarte atsegin  bat ondo pasatzeko liburua.

Ez da dionarekin gozatzeko liburua, darabilen erretolika gozoarekin gozatzekoa baizik.

Dibertimendu goxo bat, irribarrean edukiko zaituena.

Umorea , irria, ukitu pikantea.

Egoera xumeenari ere sekulako etekina ateratzen dio.

Asmatzeko eta asmatutakoa borobiltzeko sekulako irudimena du.

Barrokoa da, ez idazkeran, kontakizunari asmatzen dizkion mila ateraldi eta eztenkadagatik baizik.

Ze abilidade duen gauza zailak hain itxura errazean azaltzeko.

Matias da tarteka kontalari, idazlea hurrengo, bikoiztasunaren aringarritasuna.

Erlearenarekin luzatzen da, zehatz ukitzen duen gai bakarra, baina ez dakizu zer den sinestekoa.

 

Venezuela, iraultza isilaren hitzak. Pako Aristi

Venezuelari buruz ari da.

Egin duen bidaian ikusi eta entzundakoak.

Chavez-i ematen dio leku asko.

Mugatuegia deritzot gaietan.

Venezuelan Chavez eta auzoez ari da batez ere.

Harritu nau euskal apaiz misiolariez hitzik ez egitea.

Kontakizunetik at ez du iritzi, gogoeta eta hausnarketa askorik botatzen.

Beste lan batzuetan esan ohi dituen filosofiatxorik ez dago.

Nobela bat bezala irakurtzen da.

Interesa du, jakin-mina sortzen du.

Bizia.

Euskara ona, aberasgarria Pakok ohi duenez.

Baina ez du ene ustez beste lanetan haina landu euskara.

Bakunagoa da lan honetako euskara.

Bidaia ondoren berehala eta presaka idatzia bezala..

 

Vol de nuit. Antoine Sain-Exupery

Garai bateko hegazkinen historia, hegazkinen hastapenak.

Pilotuen bizimodua, sentsazioak, bizipenak.

Poesia kutsua du kontaerak, ikuspegi erromantikoa ematen dio, goxotasunez bere laztasuna bilduz

Horren kariaz, hausnarketa pila baterako  hari muturra jartzen du : aberatsa.

Pertsonaia zehatzak marrazten ditu.

Filosofia interesgarriak gizakien jokabideari buruz.

Hainbat eta hainbat burutapen arrazoitsu.

Buruzagi eta menpekoen arteko harremanak.

Bi mailotako gizakien arteko betebeharrak, ekintzak, giza sentipen kontrajarriak.

Arduraduna izatearen gorabeherak.

Liburu goxoa da, gizakiarengana hurbiltzen du.

Kontakizuna baino askoz gehiago da.

 

“Vredeman”. Unai Elorriaga

Kontakizun arin bat, xumea baina aldi berean xarmanta.

Kontakizun xelebrea da.

Ez da hausnarketa filosofikorik, baina iritzi pila botatzen ditu eta filosofia txikiz beteta dago.

Umorea dario denari.

Ipuin giroa, benetan gertatzen ez diren gauzak, baina aldi berean gertatzen direnak.

Egoera eta portaera ezberdinak, berriak, ezohizkoak.

Egunerokotasunetik harago.

Poesia punttua ere badu.

Hainbat kontagai sartzen ditu, osagai berriak, ezustean bezala, xume, isil, apal, disimuluan lez.

Itxuraz huskeriak diren gorabeheretan korapilatzeko ahalmena du.

Huskeriak dirudite kontakizunok baina pertsonen barrenean sartzen dira.

Pertsonen barne toles-gunetan sartzen da, pertsonei zenbait kontakizunek ihes egiten dieten zirrikituetan barna.

Apala izateak egiten du handi bere istorioa.

Kontaera bera ere xarmanta da.

Gutxien usten duzunean irudi, konparaketa, iritzi, ... espero ez duzuna.

Ezustez beteta dago.

Tarteka inuzenteak diruditen esaldiz erakusten du pertsonaiaren sentipena: "Aurrera begira zegoen ama, sukaldeko hormari. Eta sukaldeko horman ez dago ezer": senarra hil zaio.

Ume baten hizkera du, batzuetan gramatikaz zuzena ez bada ere; nik nahiago nuke zuzenak balira esaldiok.

Asko errepikatzen ditu zenbait ideia, esaldiak ere, umeek egiten duten antzo.

Ume baten hizkera itxuraz xumea, umearen pentsaera, erreakzioak, irudiak, konparazioak, esaerak, batetik besterako jauziak, ...

Ume baten hizkera borobildu gabea, osatu gabea.

Hizkuntza primario balitza bezala, seguruenik lan handia eman dio horrela lantzeak.

Hainbat irudi eta ukitu bitxi ditu.

Bitxia bere idazkera, eta bizia, aparta.

Idazkera ulerterraza, itxuraz xumea, baina dotorea eta eraginkorra.

Esaldi motxez idazten du.

Ez da esaldi korapilatsu eta bihurrietan nahasten.

Xehetasunek egiten dute erakargarria.

Kontakizuna bera da erakargarria, kontaera ere bai, liburua bera da osoki erakargarria.

 

Xake mate. Alberto Ladron Arana

Kontakizun zuzena.

Idazle hasiberriaren itxura du.

Naturaltasuna falta zaio, jite ezberdina eman nahi dio idazkerari eta hoztu egiten du kontaera.

Zenbait koma-arte eta argitze oraindik heldu gabeko batenak dira, sinpleegiak, irakurleak usnatu eta ikusten dituen gauzak dira; ez da umeentzako nobela.

Nolanahi koma-arte gutxi ditu, ez dago hausnarketarik.

Ezer gutxi dago kontakizunetik at.

Axala da kontakizuna, baita trinkotzen den sarea.

Xakearen aldetik eramango duela kontakizuna, hori da uste duzuna, jokoa bera izanen dela tramaren ardatza, eta hor saretuko duela istorioa.

Baina albo bidetik sartzen da.

Baditu pasarte bikainak, xake jokoaren ingurukoak, interesgarrienak, kilikagarrienak.

Ez dio, baina, xake jokoari etekinik ateratzen, asko aipatzen badu ere.

Oso zaila da, eta arriskutsua, bide hori, baina zerbait holako espero nuen.

Premiazkoak ez diren parentesi, hizki etzanak, marra artekoak, sartzen ditu.

Betegarriak iruditu zaizkit hainbat koma-arte baita zenbait pasarte eta zehaztasun ere. Alferrikako gehigarriak ezer berririk edo osagarririk eskaintzen ez dakartelako.

Konparazio eta alegia polit ugari.

Hotzegi eginiko lana iruditu zait, buruarekin landuegia, bihotzaren berotasuna falta zaio, anima edo xarma.

Agian kritika zorrotzegia egin dut, partzialegia.

Istorio polita da, kontakizunak harian sartzen zaitu, irrika sortarazten ere.

Euskara aldetik zuzena da.

Ez zara damutzen eskainitako orduez.

Baina beste zerbait espero nuen, ez dakit espero behar nuen.

 

Xake nobela. Stefan Zweig

Egoera bitxiak azaltzen ditu, eta beraietaz hausnartzen.

Xake jokoaren definizio eta azalpen zehatzak dakartza.

Zenbait pertsona eta izaera ezberdinen deskribapen psikologikoa.

Azterketa psikologiko paregabea.

Barne azterketa.

Euskal presoen egoera ulertzeko gogoeta baliotsuak ditu.

Egituraz oso sinplea da, bakuna, hiru zati nabarmen ditu:

Heren bat xake txapeldunaren kontakizunak kentzen dio; Bigarren heren bat B jaunaren istorioak betetzen du; Hirugarrena barkuko partidan datza

Heren bakoitza maisuki kontatuta.

Intriga du, jakin-mina sortzen du.

Utziezinik irakurtzen da, ia irakurraldi berean.

Itzulpen egokia.

Aberatsa bai esaldi bai hiztegian euskara aldetik.

 

Xeveik soldadu onaren menturak. Jaroslav Hasek

Pertsonen izaera, pentsaera eta jokamolde ezberdinak agertzen dira.

Gizartearen eta gizakiaren aldarte bitxiak erakusten ditu.

Gizartearen kritika.

Giza-politiko egoeraren kritika zorrotza, salaketa gordina.

Politiko, polizia eta militarren izugarrikeria guztiak agerian gelditzen dira, mutatis mutandis.

Gizartearen kontraesan eta zentzugabekerian datoz katean, etenik gabe.

Urte gutxi barru harriduraz irakurriko dira gaur egun bizi ditugun mila zapalkuntza, katramila, eta gorabehera.

Liburuak kontatzen dituenak egiak ziren, gaurko hainbat jokabide egiak dira, biak sinestezinak, baina biak errealak.

Xelebrekeriak bata bestearen ondoren.

Txantxetan kontatzen ditu kontagaiak.

Umore ukitua etengabekoa da.

Ez dut gustuko liburuko hainbat esaldi: “eguzkian zikinak”, “Ileetatik tiraka egingo nuke”,

 

Zaldi hustuak. Aritz Gorrotxategi. Poema-liburua

Odisearen inguruan.

Sentimendu asko eta ezberdinak sortarazten ditu.

Pentsa arazten du.

Ideia asko botatzen ditu.

Itzez eta egituraz irakurterraza.

Baina ez da hain erraza iradokitzen duenaz jabetzea.

Zirrara eragiten dute, bizipoza dute opari.

Hainbat poema bortxatuegiak zaizkit: Odisea, Troia,  Ulises, … lotura handirik gabe.

Zenbait poema airean bezala geratzen dira, loka, zer esan nahiko, …

Zenbait  poema motela dira erritmoz.

Beste zenbait astunak ulertezinagatik, edo erritmo etenagatik.

ZIRRIKITU BAT IZOZGAILUAN, ze polita

DUOMO. Egunsentia fruitu dakarren poema,

 

Zekale artean harrapaka. J.D.Salinger

AEBko gizarte guretzat ezberdina azaltzen du.

Gizartearen ikuspegi ezkorra, gordina, ia tragikoa: hezkuntza, familia, gaztedia, …

Agian azken aurreko atala, hezkuntzari buruzkoa, da gai zehatz bat luzeen aztertzen duena.

Zorrotz aztertzen ditu gizartea eta zenbait portaera.

Ziztadez beteta dago kontakizuna, gogoetaz zipriztinduta.

Zenbateraino da horrelakoa gizarte hura?.

Ume handi batzuk dirudite denak, anormal samarrak ere.

Pertsonaia bereziak, ezohikoak.

Atal bakoitzean pertsonaia bitxi bat dakar.

Egoeran ere bereziak dira, atal bakoitzean bat.

Zehaztasun pila ematen doa kontakizunean zehar, burutapen eta hausnarketa etengabeak.

Gure eguneroko bizipenen akta dirudi, pertsonaiaren barneko kiribiletan sartzen da.

Gizakiaren barne zirrituetan sartzen da, buruan izan ohi diren hari muturrei heltzen die.

Gogoeta bat ekarriko dizu gutxien uste duzunean.

Filosofia zinikoa du bizitzari buruz, zuzena, gizartea biluztuz.

Norberaren burua aztertzera bultzatzen du, beti dago ukitzen zaituen gogoetaren bat.

Kontakizunak hari mehea du, ez da korapilatzen.

Hari mehe horren inguruan doaz gogoetak, jokamoldeak, pentsaerak eta kritikak.

Asko luzatzen da gertakizun edo elkarrizketa bakoitzean, giro berezia sortuz  eta pertsonaiak marraztuz.

Alderaketa, irudi, esaldi, … ugari, asko, datoz, batez ere pertsonaien ezpainetan.

Xelebreak dira elkarrizketak: hain arinak ote hango gizakiak

 

Zeruko belardiak. Jhon Steinbeck

Ezuste izan dut, istorio bakarra espero nuen, eta hamabi istorio ezberdinekin aurkitu naiz, kokagunea zaiela lotura bakarra.

Puzzle bat da, egoera eta pertsona ezberdinen, nortasun ezberdien portaera, gizarte bat marrazten duena.

Hamar istorio latz, nortasun ezberdin baina handiko pertsonaiekin.

Gizakiaren ametsak eta  frustrazioak.

Azken atalak laburbiltzen du, agian, esanahi  dena, zeenbat tragedia eta bizimolde latz hain itxura ederra darion paisaian

Istorio bakoitzak gizakiaren eta gizartearen zati gorde bat azaleratzen du

Umore ukitua ematen die egoera latzenei ere.

Ez ditu printzipio, eta esamolde landu bereziak botatzen, ez dira hausnarketa eta gogoetez betako istorioak, ez du esaldi kopiatzekorik, baina liburuko istorio eta pertsonaia bakoitza tesia sakonena eta esaldi borobilena, eta hausnarketa burutsuena baino mamitsuagoa eta esankorragoa da.

Indarra, nortasuna dute pertsonaiek.

Zehatzak eta indarra dutenak dira deskribapenak.

“garo zurtoinen kizkurtasun suabea”, “gogortasun ezti”, ...sarri horrelako esaldi adierazgarriak

Zenbat xehetasun eta esanahi irudien bidez emateko gaitasuna.

Deskribapenek eurek badute halako zehaztasun hunkigarririk ere.

Hitzak eta adjektiboak metatzeko gaitasuna esanahia zehazteko, esaldia astuna egin gabe.

Ze gaitasun egoera sinpleak, xumeak, zirraragarriak eta eraginkorrak bihurtzeko

 

Zeta. Alessandro  Baricco

Zetaren inguruko kontakizuna, baina sakonean maitasun historia bat besterik ez da.

Istorio maitagarria, historia bera, eta kontaera.

Ez da burutapen edo hausnarketarik, pertsonen jokabidea kontatzen du soilik.

Indar berezia du kontakizunak.

Egitura berezia du kontakizunak.

Baita idazkerak ere

Zenbakidun atal motzetan zatituta dago, irakurketa errazten du.

Barne egitura ere berezia da, bidaien kontaketa errepikakorra, indarra ematen dio kontakizunari.

Eskematikoa da idazkera.

Baina indarra du, bai deskripzioetan bai kontakizunean.

Biluzik bezala doa kontakizuna, edo mailukadaka, esaldi eta atal laburrez.

Tarteka baditu ukitu xarmangarriak.

Esaldi finak sarri, “ezereza baina arinagoa”.

Zehaztasunak ematen  ditu, portaera eta jokabidearen zertzelada xumeak.                                             

Abila da adjektiboak jartzen, gehiegi erabiltzen ez baditu ere, ukitu bereziak ditu.

Ez ditut atsegin nire ustez itzulpenarenak diren hainbat esaldi.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.