Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/11/03 09:18
Ibilikoak - 6. Itsas beltza

ITSASO BELTSA

 

 

1983

 

 

Sei lagun ginen, iragarki batek elkartuta. Bi neska-mutil bikote eta bi mutil. Asmo zehatzik gabe gindoazen, Bulgariara gindoazela, hori zen lehen pauso finkatu bakarra. Geroak erakutsiko zigun aurrerakoa.  Kontraesana badirudi ere, gozoa da bidaia hasierak ohi duen urduritasuna. Hurrengo egunek zer ekarriko, planifikatu gabeko egunak nola beteko, hori zen kezka bakarra. Ereindako ametsak uzta oparo bihurtzea, bidaia ororen erronka eta aldi berean dema. Taldean izanik, partaidetzaren, komuntasunaren, esperientzia berri bat, aldi berean bakoitzaren erantzukizuna. Eskola eta ingude da bidaia oro.

 

 

Bidaia

Atsegina zait, entretenigarria ere, aireportuetako giroa, jendearen joan-etorria, bidai ezberdinen ordu eta nondik norakoaren pantailak, bozgorailuen oharrak, ia jostailu zaizun ekipajearen gurditxoa, ... Lasai eman ditugu itxaron orduak aireportuan, Alfontso larritu zaigun arte, motxila barruan utzi baitut pasaportea, baina konpondu da arazoa.

 

Ze goxoa den aspertuz norbere burutazioetan entretenitzea, nahiz hegazkineko eserleku estuetan, bidaia-kidez inguratuta, bakardadeko gogoetan kiribiltzea norbere baitan bilduz. Ze txikia mundua han behe hartan. Txikiak garelako itotzen gara sarri ur basoan, ezer gutxi garelako asetzen gara, baita  titara gozagaitz bat garelako zitaltzen ere. Ezer gutxi garelakoaz baliatzen da herriaz une eta gune bakoitzeko jauntxoa ere.

 

Lurrartzera behartu du hegazkina ekaitz batek Sofia aurretxoan. Ekaitza noiz baretuko zain, izan da une xelebrerik: bidaiari pila geunden hegazkinaren zain, eserita, mokadu bat hartuz, lo kuluxkan, ... seiok mugitu gara une batez hegazkineratzeko aterantz, eta hara non bidaiari oro mugitu zaigun atzetik, ate aurrean pilatuz denok: urduri egon ohi da hegazkin bidaiaria, errespetua dio airean tramankulu hegodunean zintzilikatzeari. Bata bestearen premia gehiago sentitzen dugu arriskua usaintzean; beldurrak badaki gizartea sakabanatzen, baina baita babesik ezak elkartzen ere.

 

 

Sofia

Heldu gara Sofiara. Gau beranduan. Odisea bat izan da ostatua aurkitzea eta lehen urratsak bideratzea. Baina goxo hartu gaitu Sofiak biharamunean.

Ez zegoen txakurrik kaleetan, ia ez da txakurrik ikusten Sofian, ez solte ez uhaletik lotuta oinezkoaren lagun. Bakardadearen pipiak ez du oraindik zulatu nonbait Sofiako hiritarra, nahiko barne-har zaie eguneroko bizi-ardura.

 

Inguruabarrak Kuban egoniko gazteleraren jabe den familia batekin egin gaitu adiskide. Beraien etxean egin dugu bigarren gaua. Herri xumearen hitz aspertuan joan dira ehuntzen berandura arte orduak, hain egoskorrak ohi diren lapikoko babarrunez kalakan. Konpontzeko agintarien koplarik beharko ez luketen arazoez herri xehearen erretolika apala izan da gurea, teoriko, agintari, politiko eta ospetsuen bakoitza bere zilborrari begira, bere belarriei hizketan hitz eder handiko erretolikatik urrun.  

Ahalegin bizia egin zuen Mendebalak Ekialdea menperatzen, zilegi ziren eta ez ziren bitartekariz; tentagarria zen Mendebalarentzat merkatu berria, arriskugarria bertako politikagintza errotik ezberdina. Irakurri berri dut gailenkeria dela boterearen indarrez besteari bizimaila ezartzea; gailenkeriaz ezarri nahi zaie Mendebaleko bizimaila ez ezik bizimoldea ere Ekialdeari, Europa Batuaren amua erakutsiz. Jakingo al dute herriok aurrerapausoak ematen mendebaleko sareetan erori gabe, anarteko esperientziaren alde onak gordez.

 

 

Kostalderantz

Itsaso Beltzera goaz. Hainbat aldiz berregokitu behar izan ditugu bidaiako nondik norakoak, hala egin beharko dugu hurrengo egunetan ere. Hori da norbere kontu bidaiatzearen xarma, ezarritako errailik utzi ezinik gabe, zailtasunak gaindituz eta asmoak norbere gaitasunez gauzatuz. Bizipoza esan nahi du bidaia prestaketak, barne ahala erakusten asmoak gauzatzeak. Nahitaezkoa du asmoak aldatu eta egokitzeko gaitasuna bidaiariak.

 

Trena hartu dugu. Luze doa joana. Aspergarria ere tarteka, errepikakorra baita paisaia. Paisaia fisikoa zein dakusagun humanoa. Nire garunetan kiribiltzen naiz: iruzurrera ohituta gaude kapitalismoan, goi mailetan daude agintariak, iruzurtzen gaituen sentipen bizia dugu behe mailakook, ez dakigu zer egiten duten gure zerga diruarekin. Herri xehea bera ere Estatua iruzurtzen ahalegintzen da; baina ez da zekenkeria, ezta iruzurkeria ere:  hitzen kontraesanean dagoen jokabidez, ezabatuz joan da gizarte eta politikoek gizarte bera osatzen dugula sentipena eta pentsaera, eta herriak ahal duen neurrian ziria sartu nahi dio politikoari. Ideologia arrakalatuaren mendeku tristea. Mendebaldarrok esan ohi dugu Europa Erdialdeko eta Ekialdeko hiritarrek beldurraren eraginez ordaintzen dituztela zerbitzu publikoak. Zenbaitzuk agian bai, baina uste dut  kolektibitatearen, erantzukizunaren filosofian hezita, bestelaz  jantzita daudela nazioari buruz.

 

 

 

Bourgas

Guraso pila dago Bourgasko geltokian udalekuren batetik datozen seme-alaben zain. Oporrak eta txangoak. Etxeek, kaleek, jendearen jiteak erakusten du nabarmen udalekua dela hiria. Josunek jaso du argibidea gazte batengandik:  ez dago autobusik guk nahi dugun kanpinera, beste herri batetan hartu beharko genuke, beraz informazio-bulegora jo dugu, bai prezioz bai zerbitzuz egokia zaigun hotel batetara handik. Jantoki batetan afaldu dugu: ez zaigu izan erraza tokia hartzea, are gutxiago zer afaldu erabakitzea,  ez baikenuen kartarik ulertzen ezta zerbitzariaren erretolika ere. Goxoa izan da afal ondorengo kale-arteko ibilia, epel egiten du, ia gauerdia da eta oraindik dena dago zabalik, jende pila dabil, ... Folklore puntua ere izan dugu. Bi emakumek kriston zalaparta sortu dute gizonezko batekin kalean. Kosta zaigu kale-giroa uztea, baina ohera egin dugu.

 

Kosta zaie gosaria ateratzea: gurina, York-eko urdaiazpikoa eta gazta gazia. Kale-artean egin dugu ibilaldia, liburu-dendak bisitatuz batez ere. Espainiako edozein kosta-herri dirudi honek. Sofiarako tren-txartela atera dugu, baita Sasopolerako txartela ere itzulera segurtatuz; hondartzara egin dugu ondoren, Joseina eta Itziar gelditu dira motxila zaintzaile. Itsaso Beltza da. Jendez gainezka dago hondartza, ordaindu egin behar da hondartzara sartzea; beraz,  ez sartzea erabaki dugu, ez baitugu uretarako asmorik, ezta hondartzan hazala erretzeko astirik ere, jendetza horretan sartzea bera ez zaigu inola ere tentagarria. Bada jantoki bihurtutako itsasontzia hondartzan, zerbait dirudi postaletan baina bertatik ezer gutxi da; garagardo bana edan dugu hondartza gainean, itsaso eta jendeari so, turistek ohi dutenez, patxadan. Harrotuta dago itsasoa, olatuak atsedenik gabe datoz hondartzara, harro, garai eta oldarkor, indartsu dabil haizea ere. Beltza da hemen gureetako bandera gorria, arrisku-ikurra. Han aurrean petroliontzi asko, trenetik ikusi dugun birfindegian zama hustu zain nonbait.

 

Jendez gainezka dago geltokia ere, denak Sasopolera joan asmoz, inork ez daki gu baino gehiago autobusei buruz, kanpotarrak dira denak gu bezala, herri kosmopolita da Bourgas. Etorri da azkenik autobusa: “asalto a motxila cargada” esaten dugu esaldi ezagunaren kutsura. Eta gezurra bazirudien ere, sartu egin gara gure motxila eta guzti, gu eta zain geunden denok. Ordubete egin dugu autobusean: itsasertza, hondartzak, kanpinak, petroliontziak, ...

 

Sasopol

Ameskeria baino abentura  izan da Sasopolen Kavaziterako txartela hartzea: jendeak ez du txandarik gordetzen, batak besteari aurrea hartzen dio, autobuseko eserleku haina txartel saltzen dutenean ez dute txartelik gehiago ematen; autobus bat herri batetara doa, bestea bestera, badator autobus bat, badoa bestea,  ezin diogu igarri ze autobus norakoa den, ez dago taxirik edo daudenak bezeroekin datoz edo doaz, .... Azkenik jakin ahal izan dugu lauretan dela gure autobusa; ordu-biak dira oraindik, luze eta aspergarri doa autobus-arazoa, bero egiten du, tarteka haize hotzak jotzen badu ere. Ez dugu zer janik, dendak itxita daude edo janaririk gabe gelditu dira, ... azkenik arraina dirudien jaki bat lortu dut pasta edo antzerako zerbait saltzen duten txosna batetan, Itziarrek gazta urtua duen ogia ekarri digu, ...

 

Gainezka dago Sasopolen ere hondartza, bandera beltza eta gorria jarri dituzte. Portu handia du, gerraontziak nabarmentzen dira beste aldean, handiak dira arrantza-ontziak, baina bada belaontzi eta aisia-ontzirik ere. Parkera ere joan gara: Maya erlearen adar edo antena malguak daramatzate hemen ere umeek gureetan bezala.

 

Ateak itxi dizkigu autobuseko txoferrak hurreratu garenean, hori bera egin digu goizekoak ere. Ernegatuta gaude. Gizon bat hurreratu zait espainolak garen galdetuz, “no hay derecho” entzun dio nonbait guretako norbaiti; bulgariarra da baina, gaztelaniaz daki. Espainian autobusak nola dabiltzan galdetu digu; gero berak lagundu digu, bere autobusean sartu gaitu, eman dizkio azalpenak gidariari eta Kavazitera heldu gara azkenik gidariaren oker batek ia eraman gaituen arren aurrera. Delako gizonarekin hitz egin dut autobusean: argitu diot nongoan garen; bera Bartzelonan egona da, ezagutzen du Euskadiko arazoa; ba omen dute dirua Bulgarian, baina zer erosi gutxi; sobra dituzte lanpostuak, batez ere nekazaritza eta etxegintzan.

 

 

Kavazite

Hiruzpalau kanpaleku daude Kavaziten, baina hartuta daude bungalow denak, beraz dendak jaso behar izan ditugu. Leku atsegina da, izugarri luzea hondartza. Milaka gara bertan turistak.

Bainua hartu dugu itsasoan. Sorosleak bidali egin gaitu geunden tokitik, bere zaintza orduak bukatuak ditu eta ez du nahi inor inguru hartan, aurrerago joan gara eta kitto.

Itsasora begira  afaldu dugu toki bitxi batetan kokatutako jantokian, arratseko giro apartan. Ohiko afaria: entsalada eta “txuska” edo zerbait antzerako zeritzan jakia. Zerbitzari abegikorra izan dugu, maiz ikusiko dugu ondorengo egunetan; ze nolako alproja argia, diru aldaketarako ahalegin bizian dabil, jantokiko ugazabarentzat, ez beretzat.

Gazte asko dago jantokian, baina ez datoz denak afaltzera, zerbait edanez dantzan egitera baizik. Lorcaren “me la llevé al rio” ezaguna, dendara eramatea da hemen. Orkestrak “Pajaritoz” jo duenean, jantokiko mahaikide oro atera da dantzara, bai alaitasun biziz dantzatu ere.

 

Alboko kanpinen ingurutik egin dugu ibilaldia, jendez lepo daude denak, poloniarrak dira bezero gehienak. Bada hegoamerikarren bat ere tarteka. Ze nolako algara eta dantzak “poronponpero”rekin!. Abestuz eman dugu tarte luze bat hondartzan, txalupa batetan eserita, trago batzuk eginez. Lotara ordez, hondartzatik egin dut nik ibilalditxoa, giro zoragarriak bildurik. Gauerditik aurrera egin dut dendara; han aurkitu dut oraindik “palomita” edo arto-ale erretzaile-saltzailea, “Hemen ere pobreak pobre” pentsatu dut, baina hurrengo egunean kotxez ikusiko nuen, ez da beraz hain pobrea, ez baitu edozeinek autoa Bulgarian. Nahiko algara dago dendetan, jendeak ez du logurarik, alai sentitzen da oporretan.

Eskasak dira komunak, garbitu, egunero garbitzen dituzte, baina jende asko gabiltza eta hemen ere bada txukuntasun gutikorik, ondorioz gainezka egiten dute, gune osoa kakakeria bihurtuz.

 

 

Istripua

Olatu handiak daude, garaiak eta sendoak. Beti izan ditut gogoko olatuak.  Gozamena zait uhinaren gandorrean etzan gorputzaren aurreko erdia airean dudala, eta zangoei azkar eraginez, ia hondartza bertaraino irristatzea. Eta hala nenbilen gaur ere gozamenean urtuz. Baina zurrunbiloan harrapatu nau olatu batek, azpian hartu, txilipurdika eraman  eta hondartzaren kontra kolpatu. Zutituaz bat jabetu naiz okerren bat egin dudala eskuineko besoan. Olatu batek bota nau berriro oraindik lurrera besoari eusten ahalegintzen nintzela. Bazterreratu naiz, Alfontsori egin diot keinu bat, soroslearengana hurbildu naiz, adierazi diot okerren bat egin dudala, txabola batetara eraman nau eta han gelditu naiz. Lasterrera etorri dira besteak. Lokatu egin dut nonbait besoa, sorburutik. Gizon  eta emakumeak daude osagile edo erizain, bihotz-larrialdietarako eta itoaldietarako daude prestatuta nonbait baina ez nire gaitzerako, ahalegindu dira hezurra bere lekura eramaten baina ezin izan dute. Minik ez dut izan hasieran, baina mina gehituz doa denborak aurrera heinean, eman didate mina arintzeko zerbait, deitu dute anbulantzia,  arropak ekarri dizkidate eta jantzi naiz. Ordubetera agertu da anbulantzia, Bourgaseko ospitalera eraman behar naute, Josu etorri da nirekin. Ez da gozoa izan bidaia, erabat minduta dut sorbalda eta ezin dut egoki kokatu nire beso lokatua.

 

 

Ospitalean

Ospitalean osagile lirain eta erizain bernapotola batek hartu naute harrera-gelan, beste erizain bernapotola baten atzetik egin duk eskaileretan gora, erradiografia egin behar zidaten gelara eraman naute. Ez nuke nahi neskoz trufatu, matxismoz salatuko naute, baina minez, okertuta, lurrera begira, ez dut aurreko berna potolook besterik ikusten, izugarri deigarriak egiten zaizkit gainera, hain dira biribil gizenak. Ez da gozoa izan erradiografiarena: postura zehatz batetan jarri nahi zidaten besoa, hala behar omen, baina ezin nuen, behartzen ninduten eta nik garrasi egiten nuen minez, erizaina ia haserretu zait, deituta edo nire garrasietara erizain berri bat agertu da, kokolo honek aurrekoaren bide berdina hartu du eta ni garrasiz defendatzen nintzen. Erizainok barre egin didate garrasiengatik eta orduan Josu izan da neskekin haserretu dena; azkenik erizainen burua, agian osagilea, agertu da, zentzu edo esperientzia gehiagokoa nonbait, besoa behartu gabe atera dit  erradiografia.

Bernon atzetik noa berriro, eskaileretan gora, igogailua ez dabil, korridoreetan jendea ageri da kontsulta zain edo, denek begiratzen didate izugarrizko ikusminez, erabat aldrebesa izan behar du nire itxurak: erabat makurtuta, minez bihurrituta, besoari eutsiz nolabait mina arindu nahian, praka motxez jantzita eta auskalo nola ileak ez baitut orrazteko aukerarik izan; gela batetara eraman naute bernok. Txabusina zuririk gabeko gizakume bat dut zain, hezurra bere tokira eraman behar didan dotorea. Kanpora bidali du Josu. Nik ulertu  dezakedan frantses xumea egiten du, lasai egoteko esaten dit, erlaxatzeko, “utzi besoa”, ... tiratu du besoa, krakadatxo bat  egin du junturak eta hezurra behingoz bere tokian zegoen. Ze nolako lasaitasuna!. Bendatu dit besoa, “Ezazu kendu 15 egunean, bestela errazago aterako zaizu berriro”. Ez dut ezer ordaindu behar izan, nahikoa izan da seguruko paperak erakustea.

Nongoa naizen galdetu didanean osagileak, Euskal Herrian ze alde zehatzekoa jakin nahi izan du: Tolosan egona da Abesbatza lehiaketa batetan osagileek osatzen duten koru baten partaide baita!.

 

 

Kanpinean berriro

Errepidera  jo eta taxia hartu dugu autobus geltokiraino. Bidaiariz gainezka dago gaur ere  geltokia, etorkizun beltza usnatzen dugu, ajeatuta dago oraindik nire gorputzaldia, beraz taxia hartu dugu kanpineraino. Ez dakit nola funtzionatzen duten taxiek: gureak alde egin digu une batez, lasterrera beste hiru bidaiarirekin agertu da, herri batetan utzi ditu beste hirurok, eta eraman gaitu gu kanpinera. Ez dakit negozioa borobildu nahi izan duen, zerbitzua merkeago egiteko bide bat izan den,  ala lagunak doan eramateko amarrua.

Hondartzan dago laukotea. Abentura bukatu da, eta onik. Arnasa hartu dute eurek ere. Izan dugu nahiko kontu eta zeresan. Gauza denek dute lehenengo bat, lehenengoa azkena balitz sarri!. Hezurrek bidea ikasiz gero, edo zainok bigundu ezkero, badakite sarri lokadurak batak besteari jarraitzen.

Patxaran iragan dugu arratsaldea eta afaritan ospatu dugu Josuneren urtebetetzea.

 

 

Sasopol

Sasopolera egin dugu gaurko txangoa, Josune eta Josu oinez, besteok txu-txu trenean. Herria bisitatu dugu: etxe bereziz osatutako alde zahar ederra du, hondartzan bainatu gara, portu aldetik paseatu, baita zenbait erosketa egin ere, tentagarria baita dendetako eskaintza. Egun sapa da gaurkoa. Une batez ahulezia hasi da erroak botatzen, baina lehenengo egunetako esperientziaren ondoren erabakia dugu beroaldietan hobe dugula ibilia eten eguerdi aldera, eta patxada hartu, gehiegi nekatuz giroa okertzen zaigulako bestela. Kaleko txosnetan bazkaldu dugu, turista eta herritar gehienek bezala: txosna bakoitzak janari edo edari bakarra du, ez besterik; arraintxo txikiak izan ditugu guk bazkari; kafea, aldiz, itsas gainean hartu dugu.

Herriak itsasoz lotzen dituen itsasontzia da “Cometa”: itsasoz eginen dugun ibilaldia zehaztu dugu, baita ontziaren ordutegia argitu ere, antzua izan da, aldiz, Mintxorekin lotzeko ahalegina,.

 

 

Arratsaldez

Txu-txu trenean itzuli gara kanpinera seirok: gogoan izateko bidaia gerta zaigu, hiru bagoitxok osatzen du trentxoa, traktore bat da eroalea, jendez gainezka doa ohi denez, buztanikara baten gisa dabil batetik bestera jauzika errepidetik irten behar bailu, itsasertz eta itsasgainetik, bigarren mailako errepide batetatik, ikuskizun aparta eskainiz bidaiariari.

Inguruko zenbait herritxo bisitatu nahi ditugu arratsaldez, errepidera atera gara autobusa hartu asmoz, baina ezinezkoa da autobusa hartzea. Ibili badabiltza, baina bidaiariz gainezka datoz eta ez dira geratzen. Bi orduz ahalegindu gara, gu bezala beste asko; batzuk auto-stop egiten dute; asperturik, Josu eta Josune oinez joan dira ibilaldi bat egitera, hondartzara egin dugu besteok. Pedaloian ibili gara, ez naiz ausartu itsas barruan igeri egiten, pedaloira esku bakarrez igotzea ez baita erraza izanen. Medusa pila dago itsasoan, txikiak zein metro erdi diametroko txapeldunak, ikustekoa zen itsas gaina, disko zuriz beteta. Hondartzan bainatu naiz, ez dio kalterik eginen ur gaziak besoari, bestalde nahiko eroso moldatzen naiz igeritako beso batez.

Oso luzea da hondartza, erdigunean dute bere tartea nudistek. Hura dut nik nire toki aukeratua, izugarri atsegina izan zait harat honazkoa jendarteko bakardadean, olatuek oinak miazkatzen zidatela:  nire traila da hondartzako oihal zati bakarra, ze itxura ote dut, biluzik besoa trailan dudalarik.

Pedaloien arduradunak ETA aitatu digu euskaldunak garela jakitean, ia metrailetarik daramagun galdetu digu txantxetan.

 

 

Zertzeladak

Sokan zintzilikatuta zituen jantzi denak eta zapatilak lapurtu dizkiote Alfontsori bart. Badira lapurretak herri sozialistetan ere, hemen ere ezin da ezer begien bistan eta inoren eskura utzi, tentazio gaindizaila dira Mendebaleko aberatson jantziok Ekialdeko ekonomia murritzagoarentzat.

Ibilaldi goxoa egin dugu itsasgain-itsasgain Joseina eta biok arratsaldez. Behean,  kalak,  batak besteari jarraiki, eta bidezidorrak edonon kalaotara. Basaran pila dago, azken egunean mordoska bat jaso eta etxean patxarana egitea erabaki dut, Eibar aldean ez baitut aranik eskura.

Josu, Alfontso eta hirurok Suapkar edo antzerako izeneko hondartzara egin dugu bidezidorretatik arrats beranduan: kanpinak, txosnak, jendetza, ... “Bere”, garagardo bana edan eta itzuli gara. Erabat erakargarria izan da ibilaldia.

Itziarrek eta Alfontsok “Peste”, arraina, bazkaldu dute, Josuk oilasko errea, barau egin dugu Josune, Joseina eta nik.

Ilargi betea, gau gozagarria. Hondartzara jo dugu, pedaloietan eserita, atzoko Josuneren ospakizunean geratutako xanpaina edanez egon gara kalakari.

Patxadako eguna gaurkoa.

 

 

Ropotamo

Ropotamo aukeratu dugu gaur ibiliaren helburu.  Josu eta Josunek goiz atera eta oinez egin dute 20 bat kilometroko bidea, autobusez besteok. Zain egon behar izan gatzaie; oso luze egin zaigu itxarotea: izan ohi dira tentsio-uneak horrelakoetan baina gainditzen dugu haserrerik gabe. Beste zerbait izanen zela uste genuen gida-paperetan goraipatzen duten Ropotamo delakoa: ibai zabaltxo bat besterik ez da, mendiek inguratutako bailaratxo baten erdian, kanaberadi ditu ertzak non gordetzen diren dortoka txiki pila eta zenbait ahate.  Ikasi eta zaletuentzat izanen da interesgarria, guretzat ez du apartekotasunik. Ibaiko ibilaldia izan zaigu guri atseginena, dortokak begiz bilatu eta ahateri begira. Batel handi batzuk besterik ez diren ontziz egiten da hondartzara arteko tarte hori. Itzulia joaneko ibilbide bera zenez, hondartza aurrean gelditzea erabaki dugu.

 

 

Arkutino

Arkutino herriko hondartza zabal batetara egin dugu oinez eta bertan bota dugu eguerdira artekoa eguzkia hartuz. Lasaitasunean, patxadaz, ez baitzebilen jendetzarik gu geunden ertzean. Hiru hortzeko tresnatxoa aurkitu dut, urpeko arrantza-arpoia; jaso egin dut arrunta arren: halako ukitu berezia izan ohi du huskeriaren batek noizbehinka, jaso ohi ditut leku pertsona edo une berezien oroigarri gisa, hor egon ohi dira, harri, torloju, .... etxeko zoko eta kosketan barreiatuta hauts kentzen lana emanaz.

Herrian bada errepide bazterreko txosna eta jatetxerik, non bazkaldu dugun; bada ere eraikin-multzoa, turistak ekarri asmoz eraikia segur aski, baina erabat utzia, hondatua, biluzia eta hila, erabili ere egin gabe hondatua, asmo eta plangintza amestuen porrotaren adierazle.

Istinga itxurako laku batetara egin dugu arratsaldez, likin berdexka eta nenufarez estalitako urmael zabala: ez zen inola ere atsegina, orri lehor horixkek kentzen zioten lilura. Hemen egon zen norbaitek deituko zion igebelar nenufarrari, igel pila bizi baita bertan. Oholezko pasabide bat barneratzen da ur gainetik nenufar artean, igelok ikus ahal izateko: jolas erabat atsegina bihurtu zaigu igelok begiztatu, aurkitu, zein zirikatzea ere.

Belartza bateko zuhaizpean egin dugu siesta;  oinez, ondoren etxerakoa atzo ibili genituen bidezidorretatik.

Ze atseginak diren hondartzako zurrutak, ilargiaren argipean.

 

 

Egunaren joanean

Berandu batetan jaiki gara, atzoko nekeaz ajeatuak; euria, lainoa, ... hondartzan ez da giro, eguraldiak berak ere ajeatua dirudi.

Dirua aldatu dugu, jatetxean zerbitzariarekin: amarru gisa edo, ahalegintzen zaigu zerbitzaria egunero zerbait ezberdin eta berezia eskaintzen: tripakiak afaldu ditugu gaur, gozoak. Dantzan egin dugu, ez baita hemen afaltokirik musikarik gabe. Alfontso zirikatzen dugu ilehori bat dela aitzakia, baina irribarretxoarekin soilik erantzuten digu.

Sasopolera joan gara Josune, Josu eta hirurok, Sebastopolera, txantxetan esan ohi genuen bezala. Han ginen 20 minututan bidezidor batetik. Basaran asko dago soro eta belartza ertzeko hesietan. “Cometa” ontzien ordutegia begiratu dugu berriro, Mintxo aldiz ezin izan dugu aurkitu gaur ere. Jende asko dabil kaleetan, nabari da itsasertzeko ohiko uda-giroa.

Txu-txu trenean itzuli gara, ikaragarrizko motxilekin zamatutako bi neska eta mutil bat jarri zaizkigu alboan; azkeneko bagoian, aldiz, gizonezko bat dator erdi zintzilik, jolasean ala doakoaren bila?,  guk umetan aldaz gora  kamioien atzean, eskuak kartolan eta oinak matrikulan,  ohi genuen antzera.

Siesta bota dute Joseina, Itziar eta Alfontsok, Josu eta biok hondartzara egin dugu, hondartza nudistara, gerora denok elkartu gara hondartzan, gozoro bukatuz arratsaldea.

 

 

Poloniarrak

Eki Europa aldeko turistak dira askogatik gehien kanpinean ez ezik kostalde osoan. Bonoak edo puntuak irabazten dituzte lanean, oporretara joateko aukera dute kopuru ezarri bat metatutakoan. Estatuak eskaintzen die opor-leku ezberdinen aukera, puntuen arabera aukeratzen du bakoitzak nora joan, puntu gehien duenak du lehen aukera, gutxienen duenak azkena.

Poloniar familia baten denda dugu alboan, harreman estua egin dugu beraiekin.

 

 

Kometa kaput

Bidezidorretik oinez egin dugu Sasopolera “Cometa” ontzia hartzeko. Ez dago txartelik ez Varnara ez Nessebar-era, salduak daude denak. Biharkoak ezin daitezke aurrez hartu, bihar goizean baizik. Hegorantz egitea erabaki dugu beraz, Michuri-ra, Bulgariako ertzean, Turkiako mugako hirira. Txartelak hartzea ez ezik, kosta zaigu gosaltzea bera ere: goizegi zen. Portutik ibili gara, bada jatetxe bihurtutako ontzi bat; peskari ugari dago moiletan; ontzitxoek ekarri daramate jendea inguruko hondartzetara. Iskanbila zaratatsu gordina egon da gazte batzuk ontzitik jaitsi nahi ez zutela eta.

Lineako ontziak dira Cometa deitutakook, oso bizkor dabiltza ia urik ukitu gabe. Ibilaldi atsegina izan da, itsasoa eta itsasertza ikuskizun, ur gainean abiadura bizian jauzika.

Portura sartu gara Primoskon bidaiari zenbait utzi eta berriak hartzekotan. Matxuraren bat izan du nonbait ontziak, “Cometa caput”, beste argibiderik ez digute eman, jetziarazi gaituzte eta hor bukatu da bidaia. Biziki protestari jarri da talde bat, alferrik, arrazoirik eman ez ezik, txartel-ordainik ere ez digute itzuli. Kitto, eta kalera.

 

 

Primosko

Hondartzara egin dugu, jendez lepo dago, hemen ez da nudista txokorik, baina turistentzako muntaia izugarria da, denda, museo, hotel, txu-txu trena,... baso erdian paratua.

Josu eta Josune bere kasa joan dira ibiltzera.

 

 

“Herriko errementariaren” showa

Itzulerako autobusera sartzean bidaiari gizonezko sendokote batek galdetu dit ia zergatik neraman besoa trailan; ez dugu batak bestearen hizkuntzarik ulertzen; keinuz eta hala moduz, argitu diot sorburua atera dudala. Izugarrizko erretolika bota du, niri, guri, gidariari eta autobus osoari, ez zuen inola ere onartzen traila eramaterik, besoak aske behar zuela eta ariketak egin behar nituela zioen: keinuengatik ulertzen genion guk hori dena, aberatsa baitzuen hitz jarioa ez ezik, mimika ere. Segurtasun osoz hitz egiten zuen, sasimedikuren bat bailitz. Trailarik ez eramateko zion behin eta berriro, eta nonbaitetik zintzilikatuzko ariketak egiteko. Une batetan ikusi du tutu-arku bat geltokian eta hara eraman nahi ninduen bertatik zintzilikatzera, autobusa ateratzeko ordua zen zorionez. Ez da isildu bidaia osoan, bere geltokian jaitsi denean, atetik ere traila kentzeko esaten zidan eta bere erretolika ozenaz jarraitu du kanpotik barrurantz, baita autobusa martxan jarri denean ere. Herriko errementaria zela zioen Joseinak. Nolanahi nik entzun nahi nuen aholkua eman dit,  eta betirako baztertu dut traila.

Jada herrian, traumatologoak izugarrizko errieta egingo zidan trailarik ez neramalako, ia nork esan zidan trailarik ez eramateko. Beste bost aldiz ere atera nuen besoa ondorengo urteetan egoera ezberdinetan, arrazoi ezberdinengatik, operatu egin ninduen arte; ez dut behien ere jakingo trailarik ezak erraztu zituen ondorengo luxaziook.

Arrautzak afaldu ditu Joseinak, kopa edan dut nik. Neskak ohera erretiratu dira, baina lau gizonok ardo botila baten berri eman dugu ilargi betearen argi goxora.

 

 

I la nave va

“Bartolo eguna”, Elgoibarko jaiak, eguzkitsua argitu zaigu. Josune eta Josu Nassebarera joan zaizkigu goizeko 5etan, hondartzara egin dugu besteok, nudisten txokotik pedaloian ikusten ditut Joseina eta Alfontso. Lainotu zaigu azkenez, haizea harrotu da, ospa egin dugu denok hondartzatik.

Mintxo etorri zaigu, telegrama jarri genion atzo, telefonoz  jakin ostean Bourgasen zegoela. Ez du bazkaldu nahi izan gurekin, baina  kontu pila esan digu, Sofiarako plana ere egin dugu, laburbidea nondik zen galdetuz joan zaigu azkenik. Kanpineko argazkia atera dugu mendixka baten tontorretik. Josu eta Josune itzuli dira: oso polita omen da Nassebar, eta errusiar asko omen dabil bertan. Gurekin argazkia atera nahian hurbildu zaizkigu poloniarrak. Harreman estuak ditugu, lagun egin gara, tamalez ia ezinezkoa zaigu elkar ulertzea. Gazte asko zen gaur jatetxean, mahaikada handi bat izan dugu alboan, kanpotarrak ezbairik gabe. Bakarrik egin dut dantzan jatetxean, dantza eskatzen zidan gorputzak, inori lotu gabeko dantza, gorputza aske, mugimendua biziz, musikarekin kulunkan.

 

 

Egunaren gurpilean

Kapela bat oparitu diote poloniarrek Alfontsori, tokatzen ziren argazkiak atera ditugu. “Txiki eguna” Elgoibarren: dotore ibiliko zen kapelarekin soka-muturraren aurrean Alfontso han balitz.

Hondartzan egin dugu goiz osoa, Primoskoko errementeriaren aholkuei jarraituz  igerian egiten dut etenik gabe, orain arte beso bakarrez ordez biekin nire beso  gogortu hau luzatu nahian orain.

Poloniarren ama izugarri gizena da, neurriz kanpoko horietarikoa, izugarriak dira haren zabalerak. Senarra aldiz gizon txiki argala du. Badira tankera berdineko beste emakume batzuk kanpalekuan; ez dira bere itxuraz arduratzen, hondartzara doaz, lasai janzten dute bainu-jantzia haragiak gordetzeko ahaleginik gabe, txitxia sendoak zintzilikatzen zaizkiela jantzien barruan zein kanpoan,  han daude olatuetan bustiaz zut edo hondartzan karta-jokoan aulkietan  eserita haragi tolesdurak erakutsiz, bularrak zilbor gainean, algaraz eta humoretsu. Biziki gogoangarriak ditut irudiok, emakume beldurgarri gizen zabalok gerrirainoko uretan zein hondartzako itzalkien gerizan kartetan, bost axola ziela loditasunak eta hondartzako begien harridura.

 

Dendan bazkaldu dugu. Basaran bila joan naiz, poltsakada jaso dut, ikusi beharko nola heltzen diren. Lagunek adarra jotzen didate; Errumanian erosita, hemen dauzkat, osorik oraindik, Baskoa Arrautza deituriko horietako batzuk, pintatutako arrautza dotoreak.  Nerabezarotik ditut gustuko arrautza pintatuok, Bilboko austriar lagun batek oparitzen zizkidan urtero Basko jaietan. Etxerako denentzat erosi nituen. Nola helduko ote, hortik datoz txantxak. Heldu ziren. Osorik!!!. Urte luzeetan izan genituen etxean Maria Luisari eta neure buruari oparitutako arrautza marraztuok. Behin eztandatxoa entzun nuen, ez nion antzik eman zer izango zen, baina nire arrautza aurkitu nuen erabat lehertuta eta zatietan barreiatuta.

Kartetan egin dugu hondartzan poloniar seme gaztearekin, berak erakutsitako joko batetan.

Katoliko sutsuak dira poloniarrok. Familia osoarekin afaldu dugu beraien denda aurrean: mundiala izan da.

Izugarrizko eztabaida eta haserrea erabili dute bi neskak beste bi mutilekin gauean, komunetan egon dira gordeta bi neskok aurkitu ez zitzaten.

Komunak negargarri zikinak egon ohi dira gauerako, guti dira komunok eta jende pila gara, dena dago gainezka azken ordurako, komunok eta komun ingurua.

 

 

Agurrean

Iritsi zaigu alde egiteko eguna. Bagoaz. Bihar doaz poloniarrak eurak ere. Dendak tolestu ditugu, fardelak egin eta txu-txu trenez Sasopolera egin dugu autobusa hartzeko. Alfontsok hartu du orain nire motxilaren zama, nik aldiz berea, handiagoa eta astunagoa baita nirea berea baino, eta nik zailtasunak ditut nire sorbaldarekin. Bourgaserako autobusean motxilena ere kobratu nahi die Josu eta Josuneri, besteoi aldiz ez. Motxilak utzi ditugu kontsignan. Kafetegi batetan eseri gara, bertako pastelez gozatuz. Bizartegi batetara joan naiz  bizarra egin diezadaten, Sasopolen ere izan nintzen behin bizartegian, goiz atera eta Joseinak astirik izan ez zuenean: egun guztian daude zabalik bizartegiok, emakumeak dira bizarginak,  txandaka egiten dute lan, txartela hartzen duzu sarreran eta irteeran ordaintzen. Saltxitxak bazkaldu ditugu, gero parkean egon gara autobus orduaren zain. Mintxoren bila joan gara, bera bizi den ikasleentzako egoitzara, baina ez dugu aurkitu: nahiko eraikuntza berezia da, koadro edo partiduko jende aukeratua dator hona. Inguru zabala du, landatuberri zuhaitzekin, baita hotel dotorea ere non hartu dugun kafea. Hondartzara jo dugu lehenik, gero berriro belartzara ...  

 

Kale-artera egin dugu berriz, Folklore jaialdia gauzatzen ari da kaleetan, Nazioarteko jaialdia da izan, baina Europa Ekialdeko herrietakoak dira partaide gehienak. Izan dira euskal kutsua zuten taldeak, frantziar hegoaldekoak, Ipar Euskadiko muga ingurukoak nonbait. Izugarrizko giroa dago kaleetan, jendez gainezka  daude bazterrak, bata besteren ondoren desfilatzen dute talde ezberdinek. Dantzatuz eta abestuz.  Zirrara sartzen digu, guretzat erabat ezezagunak ez ezik erabat ezberdinak diren abesti eta dantzak baitira. Sartu gara zenbait talderen barruan, argazkiak atera, beraiekin hitz egin, dantzari zein kantariek ez dute ardurarik argazkiak ateratzeko ikusleekin, erabat adeitsuak dira, ... Mila urteko gibeleratzea egiten genuela iruditzen zitzaidan, jantziak, itxura, giza emakumeen jitea, aurpegiera, doinuak, dantzak, ... zirrara batek astintzen ninduen. Gure herriaz egin dut amets, herri batu bat izan behar dugu, herri zatitua ez da behin ere herri librea independentea bada ere, baina batez ere eguneroko euskararekiko militantzia pertsonala erneko duen zerbait sortu behar dugula egin dut amets, euskararekiko militantzia zabala. Erakunde eta taldeak gaindituko dituena, morrontzarik gabekoa, herriari arnasa, ilusioa eta bizia emanen diona. Nahia eta izatea baina ezberdinak dira, ametsa eta egunerokoa bezala. Ez beti.

 

 

Mintxoren hitzordura goaz, baina ez zaigu agertu. Eseri eta “bere” edan dugu. Afaldu eta geltokira bidean gara.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.