Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/10/27 08:51
Ibilikoak 5 - Belar-pila meta bilakatu zenekoa

Belar-pila meta bilakatu zenekoa

 

 

“Bizitza da muin-muinean zigilu ezabazaezina ezartzen duen sakramentu bakarra”. Ehun bigunez bildu edo txarrantxa mingarriz banandu ohi dituzte bidaia-kideak txangoko laztasun zein goxotasun elkar harilkatuek. Bazkari baten mahai inguruak zein ospakizun edo ekimenen batek elkartu ohi gaitu tarteka-marteka 1983 urtean uda batez Bulgariara bidaiak lagun egin gintuen seikotea. “Edozein belar-pila ez da meta” zioten zaharrek, ezta edozein gizaki-bilkura lagunartea ere, uztartu geniezaioke. Meta gara jadanik  belar-pila ginenok lehenengoz elkartzean, lagun  gara lehen hurbiltzean ezezagun ginenok. Udazkeneko hego-haize epelak emeki higitzen dituen lez uso-pasako ehiztariaren babes-pagoaren orriak, tximeletaren hegal bigunek ferekatzen dizkidate metamorfosiako oroitzapenak bazkalondoko lagunartean.

 

 

 

Ez naiz beranduegi iritzi, azkena izan banaiz ere. Elkartu gara seikotea: Josu eta Josune,  Itziar eta Joseina, pasaporte arazoengatik bidaiatu ezin den M. Luisaren tokia bete duen Alfontso eta ni. Josu eta Josunek erein zuten bidaiaren hazia, han-hemenka zabaldutako iragarki batetan non Bulgaria eta Errumaniarako bidaia baten aukera aitatzen zen nahiko bidaia lagun bilduko bagina.  Lagun mina dut Josu, zazpi urte egin ditugu elkarrekin esperientzia latz batetan, eta elkarbizitza horrek sakon errotu du bion arteko kidetasuna; ezaguna zait Josune ere, Josuren bikotea izaki; Joseina eta Itziar aurpegi ezagunak zaizkit aurreko bilera batetik; gaur ezagutu dut Alfontso: “Ia lagun ona zaizun, berarekin osatu beharko duzu bikotea eta, ia nola konpontzen zareten, bakar batetan haserretu ere egingo zarete nahiz ondo konpondu.”, esan dit abiatzean M. Luisak;  hilabeterako laguna zait Alfotso: laurentzako denda bat ekarri dute bi bikoteek, bertan konponduko dira; nirean moldatuko gara Alfontso eta biok.

 

Elkarbizitzak erakutsiko zidan zein jatorrak izanen zitzaizkidan bidaia kideok, ikasiko nuen ere bizia dela lagunartea. taldeak eta taldexkak sortzen direla, laukoteka, hirukoteka, bikoteka bizi ohi dela tarteka taldea, unearen arabera,  bakoitza bere kasa bakarka dabilen unerik ere badela. Ez ginen behin ere haserretu. Hilabete elkarrekin, nahiko egoera berezietan, esperientzi aberasgarria izan zen, taldearentzat arragoa, galdategia eta ingudea.  Geografikoki sakabanatuta, baina taldeak nolabait dirau, lokarri ikusezinek lotzen gaituzte, ez zen altzairu hauskorra gorpuztu genuena.

 

Anaitasunaren hasera, agian ezinikusiarena, edo laster batean oroitzapenean arrastoak besterik geratuko ez zaizkion ezagutzarena izan zitekeen. Ez dago arazo edo egoera berezi bat bizitzea bezalako eskolarik. Lotura kontrajarriak sor ditzake horrelako ikasketak; gu, bidaiaren erakarpen eta ikuskizun, lagun bihurtuko gintuen gizataldeko esperientziak.

 

 

 

Dagoenean eta dagoenetik ez dagoenerako egitea izan da betiko pobrearen jitea.  Gosaria nolakoa, hori da mantenu erdiko hotela hartu duenaren lehen burutazioa. Dagoenean bonbon, ez dagoenean dagoena jagon.

Trakata, trakata, trakata, … errail hotsa muineraino sartu arte luze egin zaigu bidaia. Taldea osatuz doala pentsatzen dut, harreman ehun saretuagoak txirikordatzen doazela. Erabat  taldeko sentitzen naiz. Talde orotan badira berenez eragileak, sortzaileak diren kideak, beste zenbaitzuk ekintzaileagoak, pentsalariak, ... Jite ezberdineko jendea elkartzea da bidea aberasgarria bilakatzeko osagaietako bat, ezberdinak arren uztarriari lotuta joango diren kideek dira legamia, gurdi gainean joan ohi direnak aldiz zama eta bizikidetzaren pipi. Ezberdinak gara taldean baina gure ahalmen ezberdinak uztarriari lotuta doaz, bidaia gauzatzeko ahaleginean. Beharrezkoa du gizakiak iritzi ezberdinetako taldea gauzatzea, erabaki uneko eztabaidetarako iturriko kanila ezberdinak eskutik gertu izateko, burua gutxienez minimoki aske gordetzeko. Bidaia eta lagunarte hau aberasgarria izanen zaidalako sentipena dut trenaren joan monotono honetan. Kontu-kontari aspertuan eman ditugu tarte asko, paisaiaren ikusminaz, ametsa edo gai ikusezina den aspertuzko solasaldian.

 

Diktadura garaiko “escepto Rusia y paises satélites” debeku famatua desagertu berria da pasaporteetatik Espainian, aldi berean Ekialdeak aurpegi berri bat erakutsi nahi dio Mendebalari Europan. Gizakia bada George Sanden esanetan bidaia batetako ikuskizun nagusia, lagunarte berria zait giza esparru kilikagarria, misteriozko ganduak bildutako “altzairuzko oihal” osteko gizartea, ikusmineko paisaia, han-hemenka zabaldutako iragarki batetan erein hazia umotu den bidaian. Josu eta Josune, Itziar eta Joseina, Alfontso eta ni, sei pertsona ia ezezagun treneko konpartimenduan Bulgariako ametsak kilikatuta.

Madrilen ez zaigu hitzordura agertu bere etxean fardelak utzi ahal izango genituen Josunen laguna, ez dugu etxean aurkitu informatu behar gaituen Sofian egondako neska, ez dugu bulgariera hiztegirik aurkitu. Alfontso larritu egin zaigu, larritu egin gaitu Alfontsok, aireportuan:  “motxila barruan utzi dut pasaportea”; galdetu hemen, bestera joan, eraman dute barruko norabait, eta laster zetorkigun pasaportea eskuan zekarrela, elkartua zitzaigun laguna. Lehen legamia bilakatu zaigu taldearentzat  kera txarreko hasera, kidego-zeramika hauskaitzago    bihurtu da ezbeharraren laban sarri hauskor den harreman-buztina.

 

Trumoi antza hartu du inguruak. Erraldoi ikaratua dirudi hegazkinak berak, halako astinduz dardaratzen zaigu!. Burumakur edo Joseinarengana estutzen ikusten dut Itziar, Alfontso ume batekin jolasean, Josune alboko emakumearekin solasean, Josu  mapan babestua, ni neu ere harremanetan hasi naiz aldameneko emakumeekin. Apokalipsiko zaldizkoetako bat dabilkigu zamalka inguruan, zaldiaren apo-hotsak gero eta hurrago, kirten gorriko sega beltza metalezko zomorro hegalariari kaskaka. Sofiatik ordu batetara dagoen Plovdin hiriko aireportura behartu gaitu ekaitzak. Larritasunaren eraginez, harreman berriak sortzen eta egindakoak estutzen doaz: Bulgarian egondako neska-mutil bikoteari badu zer galdetu gure jakin-minak, Kubatik datozen bulgariarrek ere ez diote aterkirik zabaldu galdera zaparradari. Josuk nahikoa lan du, mapa eskuan, gure ibilbidea gorpuztu eta zuzentzen. Une urdurietako ezjakintasunari erantzun bila edo babesgabetasunaren ondorenez, hegazkin-kide denok atera gara aireportuko egontokitik kanpora une batez; lasterrera  baina, barrura egin dugu: artalde baten gisa goaz bere atzetik ipurterre egonezin batek zirkin bat egin orduko, ahula baita kohesionatuta ez dagoen multzoa.

 

 

 

Gu bezala lo non bila dabiltzan bi gazte hurreratu zaizkigu Sofiako aireportuan: bulgariera ikastera datorren gailegoa da bata, Egiptora doan portugaldarra bestea. Zortzikoteak osatzen dugu beraz ohe bilako espedizioa Sofiako lehen gau honetan. Ez dakigu nora jo, ezta nola joan ere. Bidaiari asko gara, taxiak, aldiz, gutxi, ez da nonbait garraio publikoaren ordua. Azkenik turista talde bateko gidak eraman gaitu bere autobusean hotel batetara, hotelak baina ez digu lo-tokirik eskaini. Inguruko hotel baten izena eman digute. J&B botilari tapoia urratu dio indarberritu beharrak, goxo eta erraz sartzen da isuri suspergarria, gure gailego eta portugaldarra ere ez dira lotsati atzean gelditzekoak.  Atzeko hotzik ez, hotela bertan omen, oinez abiatu gara. Ia nondik galdetu diegun mutilek beraiek ere bertatik pasa behar dutela eta jarraitzeko: bizkorregi doaz mutilok, taldea luzatzen doa motxilen zamapean, “esan polikiago joateko”, baina mutikook bere pausoan diraute. Heldu gareneko Josunek ezarria zion bizkar-zakua mutiletako bati, honek pentsatu du gutxienez ligatu duela neskarekin, kosta behintzat kosta zaigu mutila gainetik kentzea. Hotel dotorea, garestiegia gure sosentzat, “hau aterrizajea” zioen Joseinak. Gailegoak dio nekatuegi dagoela eta ez doala beste inora, seikoteak ere ostatua bertan hartzea erabaki dugu gaueko ordu-bata ez dela-eta inon logela bila hasteko ordua, amore eman beste aukerarik ez du izan portugaldarrak.

 

Mintxorekin lotu dugu Sofiako lehen goizean, bera dugu Josuneren lagun baten bidez Sofiako kontaktua: berehala datorrela, luze joan zaigu itxaronaldia. “Nolakoa ote delako Mintxo”, izan da denbora galduko jolasa. Kubatar kutsua du Mintxoren gaztelerak. Etengabeko galderez josi dugu mutila, Alderdiko kidea dirudi, Bulgariako sistema politikoa eta Alderdia goratuz erantzuten die galderei. Ostatuetan ez da lekurik, hirira etorri ohi dira herrietakoak asteburuetan. Mintxok motxilak bere etxera eramateko erabakia hartzen du, aitari deitu dio, honek etxera eramanen ditu autoan motxilok gure bizkarrak arinduz. Hiri erdira egin dugu honenbestez Mintxo gida dugula.

 

Ttipi-ttapa egun osoz hiritik barrena, ostatu bila. Nekea izan da oraingoan oreari gorputza eman dion legamia, ostaturik eza bilakatu zaigu norabidean elkartu gaituen bidegurutzea: freskagarrien inguruan kalakari hartu dugu atseden eta Sofia uztea erabaki. Mintxoren etxea izan dugu azkenik lo-toki aukera bakarra. Kuban egondakoak, gaztelaniak erraztu digu harremana. Alaia eta irekia, jende zoragarria. Bertako edari eta janariak dastatu behar ditugu nahitaez. Gure jakin-mina beraien berri eman nahiarekin lotu da. Egongelan egin dugu lo, batzuk lurrean besteek besaulkietan: leihoa ireki dugu, laster genuen kamikaze burrunbatsu ziztatzailez beterik gela; moskito ehiza bizia egin dugu, umezaroan antzo, zapi, oinetako eta burukiak airean ibili dira, bakoitzak bere ehizakiak algaraz zenbatzen zituelarik. Taldeak funtzionatzen du.

 

 

 

Sapa, ura edatera jaisten gara geltokietan, misterio kutsua du guretzat nasako jendartean galtzeak. Humoretsu goaz, hitz aspertuan, abestuz, txiste batzuk kontatuz, jakiren bat ahoratu eta J&B-ri musutxo bat emanez, lo-kuluxkan kulunkatuz, ... Alfontsok baleta dantzatu digu hiltzear zisnea bailitzan, lo seko geratu den arte denon irribarrea tapaki. Harreman sarea irazkitzen doa, erabat  taldeko sentitzen naiz. Eta talde estuki engranatua bezala aritu behar izan dugu trenbide gurutzeko trantzea heldu zaigunean. Ez dakigu zein dugun tren aldaketarako geltokia, beraien eta gure ahaleginak ahalegin, ezinezkoa zaigu argibiderik jorratzea bidaia-kideekin, geltoki txiki batetan jaitsi gara, korrika egin dugu geltokiko arduradunarengana ia aldaketa non, “hori da gure trena”, jaso ditugu gure bizkar-zakuak, igo dugu tren berrira, galdetu dugu, “hau ez da gure trena”, jaitsi gara berriro, galdezka non zein noiz nora, ezin gara ulertu inorekin, gazte batekin egon gara, adineko batekin gero, geltokiko langile bati galdetu diogu, ... lehengo trenean gara azken batetan, beti bizkar-zakuak bizkar-konkor. “Lasai, nik esango dizuet”, neska zirudien emakume baten hitzek lasaitasuna ekarri digute, “ oraindik ez “ diosku geroago keinuka bagoiaren beste ertzetik, “hemen” adierazi digu azkenez gure gida xaloak, eta han utzi dugu behingoz trena.

Delico Ternovo, hala dio jaitsi garen geltokiko herri-izenak. Balkanak Mendien bihotzean gaude nora eta gutxiago nola joan ez dakigula. Hirirako autobusa hartu dugu, gainezka, lepo, mukuru, dator, baina hor gara gu ere barruan gure motxilatzarrekin, ez dakigun arren nola sartu garen. Oinezkoa omen kanpinera garraio aukera bakarra; bidean, aldats goran, gero eta urrunago ikusten dugu Sofian zamaren beldur zen Josuneren bizkar-zakua, mendiko etapa bukaeran txirrindulari indargabeari aurrera egiten dion dortsala bezala.

 

Monasterio ortodoxoa dugu kanpin albotxoan, Santutegi txikitxo, bitxi eta poxpolina, deigarri xarmanta; naturaz gaindi giroko errito sorgindua bailitzan, atzean duen leihotik bete-betean jotzen duten eguzki berriaren argi printzek iragazitako bizar eta ileez zetazko argi-koroa bailu, halako beste munduko irudi magiko irreala sortarazten du pope meza-emaileak.  Norbere baitan gertatu ohi da perfekzioa, baina inguruak laguntzen du barne oreka eta dotorezia ederragotzen.

 

Delicok badu berezko dotorezia, agian horregatik da turisterri; kaleak dotoretzen dituzten mertxikondoek eztitu gaituzte, eta etxeko atean ura eskaintzen digun herritarren abegikortasunak gozotasunez blaitu du talde osoa. Mendateko naturgunean iragartzen duten kanpinera egitea erabaki dugu. Autobus geltokira, “autogara”ra, egin dugu, ia non eta nola “aterrizatzen” dugun jakin gabe. Gure artean horrelako hiztegi berezi bat eratzen joan gara, “gara”, “aterrizatu”, “Sebastopol”, ... gehienetan bertako hizkuntza gure ahoskatze moldakaitzaz eraldatuta, ...  umore punttua jartzen du geure artean, egoera zailak leundu,  egoera estu samarretan batez ere.

Ezinezkoa dirudien arren, sartu gara gaur ere bidaiariz gainezka datorren autobusean. Txoferra eta bidaiari bat eztabaidan aritu dira ia non geratu beharko genukeen, azkenik kanpinaren alboan utzi gaituzte: gidariaren abegikortasun fina kanpinean bertan uztea!,  gero ikasiko baitugu geltokitik urruntxo zegoela kanpina.

 

Lurralde honetan aurre egin eta geldiarazi zituzten errusiarrek turkoak, horregatik, bukaerarik ikusten ez zaion mendikate eta behin betirako garaipenaren pare, sekulako ugari eta erraldoiak dira oroitarri eta monumentuak ere, pagadi berdeok gorritu zituen odolaren omen eta oroimenez. Bungalow, oholezko etxolak alokatu ditugu. Urrutietarainoko tontorreria berdeari so, lasaitasunak bildu gaitu inguru barean, arratseko patxadan, lasaitasunean goxoro.

 

Etara deitzen den bailaratxo osoa bihurtu dute aire libreko museo, bertan jaio zen Gabrovoko industriaren memoria gorde nahi dute. Ikuskizun ikusgarri, bitxi eta harrigarria: zurezkoa da osagai oro, eta urak ematen dio  bizitza eta eraginkortasuna tresneriari, baita irundegiko hari-txirrika pilari ere. Sinfonia darion errekatxo ozenaren ur kantariak kiribildu zaizkigu guri ere bihotzean: neskameak entzule adeitsu genituela, eurizirinaren umeltasunak melankoliaz blaitutako euskal abestiz girotu dugu hoteleko aterpea.

 

Ezkontza ospatzen ari dira taberna batetan. Jakin eta ikusmin, tabernara sartu gara gu geu ere: ezkontza giro alai eta dantzaria, herri-herriko jendea, gosegarri bezala hartzen ari diren edaria eskaini digute, edari erabat gogorra, vodka edo uxualaren antzerakoa, barra-barra edaten dute eurek, eztarri lakar eta eztulka jarri gaitu gu. Taberna berean bazkaldu dugu; ezkontza-kide zen tabernariari, manera zainduko gizon prestua bera, farias bat eskaini dio Joseinak, gustukoa izan du, ordainetan edalontziak bete dizkigu. Bat batean erabat hil da giroa, aitaren batean alde eginak ziren denak. Agur ordua jarri diote herritartasunak gozatu digun bizipenari.

 

Gazteleraz egiten duen emakume batek bere penak konta dizkio Josuneri, drama latz bat. Emakumearen sufrimenduak  erabat busti gaitu basoak bere altzoan hartu behar gaituen goiz honetan. Gero, pagadi arteko mendi-bide bakartiak diosaletik solasaldira luzatu ohi duen zubia zeharkatu ahal izan dugu hainbat aldiz errumaniar mendizaleekin, adineko baten “republika baski” oihuak eta gazte koadrila baten bizitasunak arindu ditu  gure zangoak 24 kilometroko ibilian. Bulgariako Alderdi Komunista sortu zen isileko arbolarte gordean plater hegalaria dirudien zementuzko perretxiko neurrigabe erraldoia erne da, mendion nagusitasun eta sendotasunez herria suspertu nahiz bezala, iraultzaren mezulari eta gizartearen aterpe, gizakion arnas eta itxaropen izan nahi duen sozialismo amestuaren sinbolo eta ezten, elkartasunaren indarra eta batasunaren argia zabalduz. Bera da natur guneko bihotza, tontor eta mendi oro gailenduz, inguru guztietatik ikusgai. Inurriak dirudigu irudiaren besoak eskalatuz mendi magaleko eskultura erraldoiaren ahurretan gorde garenean, ipotx ezereztxoak tontorreko txapel digantearen hegalpean babestean, baina talde jori eta sendoa ginen kanpineko etxolak nekeari atsedenaren pizgarri biguna eskaini dionean.

 

 

 

Arrosa-lurrina da Kazanli ospetsu egin duen ekoizpena. Inguruko arrosadien lurrin sarkorra darie herritar eta kaleei, ez daramagu soilik tututxoetan gordetako arrosa-esentzia, elkartasunaren gozotasunaz eta dotoretasunaren ukituaz lurrinduta atera gara hurrengo pausalekura turisterri kosmopolita gauzatzen ari den hiri pospolinetik. Txori hegalaria baita bidaiaria, menditik itsasertzera eraman gaitu hegadak, hostaila klorofilatik hondartzako urrera, gerizpe hezetik  eguzki kiskalgarrira, Balkanak Mendi berdetik Itsaso Beltz urdinera. Epopeia izan da Bourgasetik Sasopolera egitea lehenengo, Kavazitera gero, turistaz lepo baitago kostalde osoa. Bere autobusean sartu gaitu azkenik gizon batek, eman dizkio azalpenak gidariari eta heldu gara Kavazitera. Leku atseginean dago kanpalekua, hondartza gainean. Josunen urtebetetzea da bihar, oparia erosi dugu gurekin ez zegoen une batez.

 

Haserre da itsasoa, olatu handi, garai eta sendoek astintzen dute hondartza. Gozamenean beratuz nenbilen uhinen gandor aparrez zurietan ahuspez etzanda gorputzaren aurreko erdia airean nuela hondartzaraino bertaraino irristatuz. Kiribildu egin zait, baina, olatu bat,  azpian hartu eta hondartzaren kontra kolpatu nau. Alfontsori egin diot keinu, soroslearengana hurbildu naiz, lasterrera etorri dira kide denak. Lokatu egin dut besoa sorburutik, Bourgaseko ospitalera eraman behar naute, Josu etorri da nirekin. Besoa trailan dudala itzuli gara. Noiz etxeratuko kezkati dugu laukotea hondartzan, denok gaude pozik gehiagorik gabe bukatu delako nire abentura. Kontu-kontari aspertuan iragan dugu arratsaldea kanpalekuan, lagun-giro gozatsuan afaria Josune genuela erregina jatetxean, adeitasun barean gozatu dugu gau izartsua uhin oilartuen gandor zurien argira hondartzan.

 

Senar-emazte eta bere seme-alabek osatutako poloniar familia baten kanpadenda dugu alboan. Hizkuntz zailtasunak zailtasun, egunetik egunera estutuz joan dira harremanak, badirudi neskak begi onez begiratzen diola Alfontsori, kapela bat oparitu diote eta ez zaio gure adarjotzerik falta izan. Familia osoarekin afaldu dugu azken egunean beraien denda aurrean: mundiala izan da, afaria eta afalondoa, jan, edan, dantza egin, abestu, ... Opariak egin dizkigute, bakoitzari zertxobait; ezustean harrapatu gaituztenez zer oparituko bila ibili gara gure gauzetan. Zetazko haria da jada, fina baina hauskaitza, leun lotzen gaituena.

 

Izugarri gizena da poloniarren ama, neurriz kanpoko horietarikoa. Mantso-mantsoa du ibilia, pauso bakoitzean hurrengoa ziurtatu nahian bezala, oreka gordetzeko ahalegin berezia egingo bailu. Ez da bakarra, hainbat daude bere antzekoak, egunero elkartzen dira hondartzan. Heraberik gabe janzten dute  bainu-jantzia, han daude, eguzkitakoaren gerizan edo gerrirainoko uretan, kontu-kontari, algaraz eta humoretsu, ugalkortasunaren jainkosa preindoeuropearrak irudi, bularreko haragi tolesdurak zilbor gainean, sabelekoak izter gainean, gorputzaren estetikaz arduratutako so harrituei axut eginez. Segurtasun eta bizipoza gorputzena bezain zabal eta sendoa dela erakusten digute matrona poloniarrok.

 

 

 

Egun lasai, bare, lagunarteko apartak izan dira Kavatzitekoak: Sasopolera bidaia txu-txu trentxo xarmantean,  Ropotamoko naturguneko baporean kanaberadiko dortokei bisita, igel-belardiko igelekin jolasaldia, hartu ezinez autobusetako mila abentura, itsasgaineko bidezidorretako ibilaldi apartak, “cometa caput” beste azalpenik gabe eta bide-ordainik itzuli gabe bide erdiko Primosko herrian utzi gintuen itsas txangoa, Alfontsori jantzi eta zapatilak lapurtu zizkiotenekoa, autobusean besoa sendatu nahi zidan “herriko erremintari” petrikiloa, Josu eta Josune bere kasa joaten zitzaizkigunekoak, … eta hainbat zipriztin garden izan dira kidetasuna errotu digutenak. Ernegatzen genuen noizbehinka, izan dira tentsio-guneak batez ere erabakiak hartzerakoan, baina haserrerik gabe gainditu ditugu, gizalegez elkar errespetatuz. Lagunok izan ditut neuk nire beso elbarrituaren ordezko, Joseina izan dut bizargile goizetan, Josu edo Joseinak aldatzen zidaten traila, neskek garbitzen arropa, Alfontso arduratzen zen dendako gorabeheraz, etxera bidean ere Alfontsok darama nire bizkar-zaku astun handia.

 

Azken agur zirraragarria eman diogu Itsaso Beltzari Bourgasen. Nazioarteko Folklore Jaialdiaren arnas bereziak misteriotsuki biziberritzen zuen kaletartzea. Zenbait talderen barruan sartu gara geu ere, argazkiak atera, dantzari adeitsuokin hitz egin edo nolabait komunikatu. Mila urteko atzera jauzian. Jantziak, itxura, gizonera, emakumera, aurpegiera, doinuak, dantzak, ... zirrara sakon batek astindu gaitu denok.

 

 

 

Emakume bat aurkitu dugu aurrez tokia hartua genuen treneko departamenduan. Ana du izena emakumeak. Berba-lapikoa da gure Ana. Gazteleraz daki. Lotan ordez kalakan egin dugu gaua. Alderdiko emakumea behar du izan. Ziurtasun osoz hitz egiten du. Oso jantzia du burua. Bera da Bulgaria, Gobernua ere bera da. Bulgaria eta Gobernuaren apologia da beti gure galdera, jakin-min eta mahairatutako arazoei erantzuna. Goizeko laurak jota dira Sofian heldu garenean, onartua genuen kaleetan esnatuko zitzaigula eguna, Anak, baina, ez gaitu utzi nahi izan kale gorrian, bere etxera eraman gaitu.

 

Hiria ikustera atera gara goizean, Mintxo dugu berriro gida, erabat harrituta dago, agian eskandalizatuta ere, gure diru erabilpen nasaiagatik. Hiriko bazter, monumentu, denda, batez ere jendetza, … Lagunarte estuko egun kilikagarria izan da. Bidaiaren amaieraren sentipenak oraindik gehiago elkartu eta estutzen gaitu.

 

Anaren etxera jo dugu lotara, lo zegoen jadanik bera: bi aulkirekin egina zuen ohea, aukera erosoenak guri uztearren!!!!.

 

Mendian egin dugu Sofiako azken eguna, Ana gida eta lagun. Ana nekaezina, hitz eta pitz, bor-bor beti hitz-lapikoa, egun osoan. Zinbili-zanbulua, Alderdi Komunistaren mendi-aterpea, harri-uholdea, musikarien etxea, mahai kantaria, gure gosea eta Anaren bazkalordua berandutu beharra, Anaren harridurarako ardoa edatea erabaki dugunekoa,  ...  izan dira ibilia gozamenez zipriztindu dizkiguten une bitxi gogoangarriak.

Halako batean hara non miraria, barren barrenetik astintzen zaituen ikuskizun zoragarri horietakoa, agerpen ezusteko liluragarria: bide ertzean, botila lorontzi lora alboan duela, zuhaizpe batean, bakardade absolutuan, patxada bareenean, isiltasun ozenenean, gizon bat eskusoinua joz igande arratsalde-pasan. Gizon handi bat da, adinean aurrera, burusoila, etenik gabeko irribarre zabala ezpainetan. Kontzertutxoa eman digu, dantza ere egin dugu, kalaka gozoan egon gara berarekin. Anari adurra dario, halako une eztia eskaini ahal digulako, agian bere herriaren haize gozagarriak bildu gaitualako. “Pele” futbolaria miresten du gure basoko soinujoleak, brasildarraren argazkia du itsatsita soinuan, atera dugu argazki bat berarekin, harro gure gizona: “Jar ezazue argazkia aldizkari batetan eta bidali iezadazue”.

 

 

 

Kezkaren zimur bihurtu zitzaigun Barajasen  ezpainetan etxerako ilusioaren irribarrea: uholde ikaragarriak izan ziren berriki Euskal Herrian, familiak ongi ziren, nire kotxea aldiz urak  harrapatua zen. Halaz ere egun gozoa egin genuen Madrilen. Aldrebestuta zeudelako Euskal Herrirako trenbide eta errepideak, Gasteizen banatu ginen. Herrira heltzean dena zen lokatza. Baina barrenean halako oroimen goxoak leuntzen zidan uholdearen tragedia: lagunarte berri bat nuen aurrerantzean.

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.