Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/10/20 08:50
Ibilikoak 4. H I G H L A N D , URAREN SINFONIA

H I G H L A N D ,       URAREN    SINFONIA

 

 

Obertura

 

“Duela 85 urte hil zuten / bi hamarreko besterik ez zituela / urruna desiatzearren”.

 

Jakin-minaren bizipozak, ikusmina asetzeko irrikak, ekarri gaitu iparrenean lurrak itsasoari branka jartzen dion urrun hauetako labar eta fiordoetara. Atzerriko bizimodu erosoago bat amestuz ihes egin zuten, aldiz, Highland lurrotatik eskoziarrak atzerrira, lur mortuok mortuago utziz.  “Edozein jenerok eman dezakeen durduzatze ahalmena duelako”  poesiaren lilura hori bera eragin du gugan Eskoziak, urruna desiratuz eta ezezaguna irrikatuz biziberritzen baita bidaria txango atarian. Ospel, bakarti eta bustia omen Highland, lurralde entzutetsua, ospetsua, misterio geruza umel batez bildua. Bretainia Handiko lurralde iparrena, Erresuma Batuko maparen gailurra. Arkano zantzu horren ziztadak bultza gaitu mapa eta lurra bukatzen zaizkigun ertz honetara. Gure Everest hau ez da mendi tontor bat, mapako erpina baizik.  Pentsatu izan dut maparen aurkako lehian ari ote garen ere, mendizalea tontorrera bezala, ibilbide-lerro gorriz marratze-nahi batez gauzatzen mapa, hain gora, lurralde laiotz honetara etortzeko. Nolanahi, hemen gaude, itsasoz inguraturiko eta lakuz zipriztindutako Eskoziako goialdeotan. Lurraldeko xarmak barne-soka sentiberenak kilikaraziko dizkigun itxaropenez, laku mortuotan barne musikaz gozatuko ote,  fiordoen sona isilaz durduzatu  liluraz.

 

 

Lehen mugimendua

 

Largo

 

“Zisne lotien begietan”.

 

 Ipar Itsasoan, uhinek zartada urdinez ziri zorrotz erraldoi batekin kostaldea zartarazi balute lez, ebakidura sakon bat dirudien Moray Firth itsasadarretik goaz, tolesdura luze, itsasadar sakon, badia bildu, eta lurmutur luze estuetan kiribiltzen den itsasertzetik, zeinetan maitekiro baretzen duen magalean ama lurrak bere haserrea babestu nahian datorkion itsas bortitza, halako misterio kutsu bat darien irtenen eta sartuneen albotik, kilometro luzez, mendiartez mendiarte, urez estalitako mendi- barrenetatik, sigi-saga, itsasertz-itsasertz, itsasadarraren bihurgunetan kiribilduz doan errepidetik, genekusan kostaldetik gindoazen beste aldea dakusagula, talaia zena ikuspegi bihurtzen zaigula aldioro, gogoaren baretasun  eta begien poz den inguru paregabean, zisnearen patxadaz, burua zut eta begiak ikusmin,  …  zisne lotien lurraldea baino, uroilo eta zertzeten inguru laiotza den  Highland  busti,  heze   eta  ilun  honetan.

 

Staccato

A ter tu ba ko    za pa rra da,      zi ri - zi ri     go zo a,      lan gar   as per ga rri a,     eu ri ja sa     as tu n a,   e raun tsi   bel tza,      e kai tz   bor ti tza,     hai ze    ho tza,    hai ze   ta ka rra,    eu ri - lai no a,   be he - lai no a,    tru moi - lai no a,    lai no - i tsu a, ……    os pel ak   Hihg land - e ko    e gun ak.

 

 

Largo  assai

 

“Lizar bat itsasoaren erdian ernetzen da / ... /. Ez naiz argi mintzatzen, eta badakit / Itsaso bat lizarraren erdian ernetzen da”.

 

Liken eta goroldio mintz horixka berdez jantzita eliza-dorre zorrotzak  hezetasunaren hezetasunez berdegunearen bizigune-harri bihurtuak, goi-bailaraz goi-bailara gorantz doazen mendion magaletan, mailaz maila gorago bailarok, ordeka zabalak elkarri gorantz jarraiki, harriduraz ezin zabalago inguruari so begiak, egin dugu ibilbidea,  mugarritxo apal batek esaten digun arte, bi isurialdeen erpinera heldu garela, -ur korronteen sorburua, ibaien jaiotza, jaiotza oro bezain erakargarri eta kilikagarria!-, non erreten zenbatezin ugari sortzen den belar garai eta txilar  artean, zeinei begira  jolas egin dugun bi isurialdeen muga bereizten, ez baita sarri erraza, errekatxo auzoek lur zokor edo belar-torto baten arabera eta eraginez soilik banatzen baitira norabide ezberdinera, lakuak sortzeko, bailara bakoitzak baitu bere lakua, zabala luzea estua motza ordeka-azaleraren arabera,  nondik errekak jaiotzen ikusi ahal izan ditugun mendi goiotako bailara eta ordeketan, hots, erretenak errekatxo errekatxoak erreka  bilakatzen, ibilbidea lakuan bukatuko duen ibai zabal azala osatzen, errekak urmaeletan hiltzen, bertatik ibai berpizten, ondoren lakuz laku bidea eginez, mardulduz, ordekan zehar, azal eta bizkor edo lasai eta bare, ibilia bere baitan bilduz eta kiribilduz sarri, bihurgune ia paraleloetan, itsasoan hiltzeko azkenik.

 

Pizzicato

J a k i n   d a k i t   o r a i n    l a k u   b a t   e r n e t z e n   d e l a    b a s a m o r t u a r e n   e r d i a n.

 

 

Largo maestoso

 

“Eten gabeko lanbroa bezain mendekaria”.

 

Mendiak txilardi eta  lautadak istinga, tontortxo baten gainean lakuaren alboan uretik ihesi lez, harri ilunekoak, txikiak, harlauza ilunez, lur arrez edo lasto belztuz teilatuak, ia leiho ere ez diren  baoak hormetan batzuk,   harrizko   etxeen   ukitu  berezirik gabe zuri,    kolorgetuak besteak, txabolak irudi, argitasunaren  nortasuna  dariela, bizi-ardura nekazariaren   iraupen-lehia  latza   dela esaten digute goilautadotako etxeok, etxearen   apainduraz   harago biziraupena dela  Eskozia heze  honetako nekazarien  borroka.

Orkadak:  giza presentziarik erakusten ez duen irla luze berdea itsasartearen bestaldean, Durnes: lau etxetxo lurmuturraren muturrenean,  Tongue: herritxo zuri-grisa itsaso aurre malda berdean,  Laid: hondartza ederreko bizkaitarraren ia homonimoa, Reay: itsas gaintxoan luze sakabanatutako grazia handirik gabeko dozena bat etxe, Thurso: ibaiak bitan banatutako etxe multzo itxurosoa,  Dunet:  herri-izenaren nondik norako asma erraza,  Mey: herria bera ere motza, Gills: itsas kirrian zanbuluka ferrya datorkiona,  Laxford Bridge:  zubia eta bidegurutzea besterik ez,  John O´Groats: iparrena,  ferryen atrakalekua.

 

Tremolo

Heerriiootaatiik   aateeraa   ziireen   aabeerriiaa   deefeendaatuu   zuuteen   boorrookarii    fiieerraak.

 

 

Intermezzo

 

Sugegorria bailitzan,  koloretsu  dir-dir, lautada  mortuko  laku  artean,  sortu  zaigu, agerpen  harrigarri, sigi-saga mantso,   bakardade   geldian, …, triki-traka  ozen,  isiltasun sakonean, hurreratu zaigu, goialde bakartian, …, auskalo norantz, berriro galtzeko, urrundu da, ezerez ilunak, isiltasun gorgarriak irentsita, …, dar-dar sentiberaz,  astindu gaituen goialdeko trena.

 

 

Bigarren mugimendua

 

Adagio

 

“Memoria urdinxka bat zor dizuet, iragangaitza”. 

 

Noranahi ibilbidea, zain beti bat, hainbatgarrena bakoitza, paregabeak denak, mortuan soilak edo urkidiz apainduak, antzerakoak arren asperrezina bihurtuz ibilbidea, … kanal batez elkar lotutako laku estu luzeen ilara da Invernessetik Fort Willianera Ipar Itsasoa eta Atlantikoa bi itsasoen arteko zilborrestea. Loch Ness, Loch Lochy, Loch Oich, Loch Eil, Loch Linne, Loch… izeidi ilunek eta belardi argiek inguratutako laku luzeak bailara sakonean, zeinetan belauntziak kaioak bailira kulunkatzen diren edo joan lasaiko zisne harroak antzo kanalez kanal itsasotik itsasora migratzen duten.

 

Eta uste zuten, finean, ezen laku guztien hondoan suge digant bat zetzala, aldian behin lakutik ibiltzen zena, eta halaxe sortzen zirela ortzadarrak”

 

Noiz bukatuko antz eman ezineko 35 kilometrotako luzea, mamu batentzat kabi egokiagoa ezin, 250 metrotako sakona, munstroaren istorioek egiten dute misteriotsua Ness lakua. Lanbropeko mendi malkartsuen oinetan datza, bakardade erabatekoan misteriotsu, mendi-malkorrak zirimirian ia ikusezin, haitz biluziak pikoan malkar ertzean, ur azala ere ilun, ganduak ia estalia dena....; euritsua bihurtu zaigu ateri zen goiza, xarma damaio eguraldi ximelak inguruari; umel, lainotsu, ilun, sorgindua dirudi munstroa ikusteko egun ezin aukeratuagoa: beltz eta kirri dago ur azala lehen bisitan, euriaren eta haizearen eraginez harrotuta ur-gaina, ur-azpi sakoneko munstroa haserretzear bailego. Munstroak erakarrita agian, bestaldeko albotik hurreratu gatzaizkio biharamun eguzkitsuan, misteriorik gabea, baina dotorea aurkitu dugu behatoki den goialdeko errepidetik, argia, dirdiratsua, azpiko munstroak bere irudia begiratzeko miraila bailitzan.

 

Pizzikato

B e l a u n t z i    b a k a r r a ,    b a k a r t i    e t a   t x i k i:    u k i t u       z u r i a    d a m a i o     u r a r e n    u r d i n a r i,    b e r t i k a l t a s u n a     u r a z a l   z a p a l a r i,   i r r i a   m u n s t r o a r i.

 

 

Intermezzo

 

“Baso hurbilenari kantari / Barnetik atera ezin dudan aingerua …”.  

 

Norberaren    baitako    paisaia   fin   horrek   baldintzatzen    du    begien   aurreko  paisaia. Barruko   paisaia    islatzen   duzu    kanpokoan.        Nola   izan   hala   ikusi.   Ze   sentipen,   halako    ikuspen. 

 

 

 

Hirugarren mugimendua

 

Andantino

 

“Hegoaldera ihesi doazen antzarak dira / denboraren alaba zontzonak”.

 

Atlantikora goaz, gailur elurtutako mendi-zuloen oinetan behera, mendiarte estu baten gainbehera pikoan, txapel gainean ditugun mendi tontor elurtuen artean, mendiarteko ebakidura berde erraldoiak jarraiki, ikus-entzunezko sinfonia diren ur-jauzi eta ur-lasterrez bilduta. Mendian behera datoz zilarrezko arrastoak fiordoan itsaso bihurtzeko, ur-jauzien partitura bitsua gehitu zaio lakuetako uraren sinfoniari, erreten zilar marra paisaia arreari, haitzarte oro baita marra zuri, zoko oro dantza apartsu, urrutitik geldi irudi,  bertatik burbuilen jauzi bizi, dena ur zuri. Begien ikuskizuna ez ezik, entzumenaren gozamen bilakatu zaigu ura,  kontaezin erreten eta errekatxo, jauzi bizian, mendi malkarrean behera, marra zuri bizi-biziez marraztuz mendi-magal arrea, esku ikusezin batek biolin, biola, biolontxelo, kontrabaxuen hari dardaratiak bihurtu dituelako.  Ur-jauzi indartsuak, ibai handiak haitzetan behera, jauzi bertikalean, sailean, orkestrako tronpa eta tronpeta, borborka, apar zuri labainduz haitz eta harriartean, ur-hots gorgarriaz bilduz ingurua, ur-hots ozenek asetzen dute airea, ur-kanta besterik ez da erreka ingurua.  Ur-jauzi erraldoiaren burrunbak hartu gaitu une batez, orkestrako txindatak eta tinbalak nagusitzen direnean bezala. Ura  izan  dugu   ibilbideko  lagun,  jolas,  harridura  eta  misterio,  txundidura  begietan  eta  taupada  bizian pozarren  bihotza.

 

Pizzicato

H a r r i a,   m u s i k a   s o r t z e k o   u r a k   d a r a b i l e n   s o i n u – t r e s n a.

 

 

Andante

 

“Urrun itsasoaren maindirea / 203 garren gelan”.

 

Atlantikoan jada, lurrak eta urak, elkarri lekua eginez, edo kenduz, ehuntzen duten  fiordo eta badien sare trinkoan irristatuz goaz, ibilia kiribiltzen zaigu, itsasoak eta mendi malkarrak, elkar lotuz, elkar besarkatuz, elkar bihurrituz osatzen duten amaraunean. Oso urrun asmatu behar da itsasoa, ikusezin baita fiordo eta badien sarean,  dena ura den bailaran, lur-beso luzeak itsasora sartuz, itsaso-beso amaiezinak lur barruan barrena, bata bestearengan nahastuz,  lurra eta ura elkar besarkatuz, ez dakigula sarri noiz den laku noiz itsasadar maindire urdina.  Dena haitz, dena ur, dena lur, dena irtentxo, dena uretatik azaleratzen den harkaitz, dena golko, dena badia, dena lur-mutur, dena labar, dena itsasadar zabal, mendiarteko ur-biltegi izugarri bihurtuta dena.  Baretasun urdinean, partiturako isiluneak dira laku inguru zabalak, nota zuriak zisne lotiak eta  belauntziak ur-ertzean, noten buztan zuzenak mastak. Fiordoen xarma sorgindua, lautada berdeotako ibaien pentagrama isila, uraren sinfonia barea, gerra  garaiko urpekari eta gerra ontzien soinu misteriotsuak urratzen ditu sakonetik,  oraindik,  fiordo  eta  badiotako  ur  geldiak.

 

Stacatto

Fi or do en      sa re an    go zo ki    a tra pa tu ta,    g u.

 

 

Andante grazioso

 

“Eta edertasun hura, ezin ederrago”.

 

Duncansby Head, lurraren branka: sekulako amildegiak itsas aurrean, itsasoa oinetan apar zuritan lehertuz, bisitarien inurritegia erpinean.  Harkaitzen segida etenez, badiaren sakonean, labar artean tartekatuz, malkarrak harresi, badiaren erdiko haitzak itsasorako ate,  harea horiko hondartza luze ikusgarria, harri-bitxiko iduneko koloretsua jarri bailiote lurrari, itsasoari lotzean.  Mortu gorria da dena lur barrurantz, eremu gordina, ginarra besterik ez mazeletan, zuhaitz edo sastraka arrastorik ez,  erabat berdeak lauguneak, dena istinga, urak itotako belar-gune latzak.

 

Pizzicato

D e s e r t u   l a k a r r e a n    g e u n d e k e   i t s a s o    b i z i a   b e r t a n    e z    b a l e g o,                    i t s a s e r t z    e d e r r e n e a n     m e n d i     m o r t u a     a u z o      e z     b a l e d i.                               I k u s m e n a r e n              a s e b e t e t z e a ,       g o g o a r e n         l a m a.

 

 

Andante con moto

 

“Egun galduak gatzezkoak dira”

 

 Xarma dario kostaldeari, Suitza irudi, turista-gune bihurtu da, ondo-bizien eta asteburu-pasakoen eskualdea, askoren bigarren bizitokia, bazter atsegina, bertan gelditzera tentatzen zaituena.  Etxe zuri airoso alaiko herriak itsasadar ertzetan, etxe mordoska bat itsasadar bazterrean, kokagune dotorean. Herri zuriak, dotoreak, erakargarriak, potxoloak, uda-herri bilakatuak. Portutxo xarmanta, hondartza, golf-zelaia, kanpalekua, jatetxeak, parkeak,… itsasadarraren babesean, belaontzi eta arrantzuntzi txikiak ur geldiko moila xumeetan. Laide. Dornie. Ullapol. Gairloch. Arisaig. Mallaig. Connel. Oban.  Arduain. Kilimartin. Lochgilphead. Inveragay.

 

Tremolo

Uuraa   zaaiiee    iispiiluu    heerriiooii.

 

 

 

Intermezzo

 

Nire   ezinean   gordetako    aingerua    atera   nahi    nuke   lakuok,  errekok,  ur-jauziok,      marrazteko;       labarren,     badien,     harkaitzen,    fiordoen   poeta      izateko;        lainoari,      euriari,       lanbroari,       langarrari,        lur   mortu     biluziari,    bizia    emateko.

 

 

 

Laugarren mugimendua

 

Allegro

 

“Erregearen platerean etzan zen ilargia. / Doi-doi lokartzen zihoalarik”

 

 Gorantz borobiltzen da zubi kurbo zintzilikatu luzea. Itsasadarra zeharkatuz. Ikusgarria.  Ikuskizuna da zubi gainetik luzera amaiezineko itsasadarraren  paisaia paregabea.  Zabalera osoan dakusagu bertatik itsasartea: ordeka iluna ingurune berdean. Marea goran ur izanen den zabalgune erakargarria.  Ordeka likits marroi zabal-zabala  bihurtzen da itsas beheran.  Erreka bat doakio lokatza erditik. Mota zuritxoek zipriztintzen dute ordeka beltza:  hegazti moko lepo luzeek basatzan dute eguneroko bazka.  Bizirik dirau itsasadar lokaztuak.

 

Tremolo

Lookaatzaa  liikiitseekoo  aauurpeegii  deesiitxuuraatuuaarii  iiheeskaa  eetzaan zaaiiguu  iilaargii  lootsaatiiaa,  taaloo aauurpeegii laaruu briistaadaatsuuaa  oopaarootaasuun  oosooaan  maariiaa  gooraan  beegiiraatzeekoo  iitxaaroopeeneez. 

 

 

Molto Allegro

 

“Norberaren baitako paisaia fina”

 

Nevis Bailara, Ben Nevis buru leuneko mendi sendoaren oinetan. Sekulako oasi zoragarri eder aparta. Eskozia mortuan.  Zirrara deragi.  Barne saskilenari ere kili-kili. Mazela berdeek bildutako haran luzea.  Ur garbiko erreka estuak luzera osoan bitan banatutako bailara berdea. Haltz ilara iluna errekaren bidelagun, sigi-saga, maindire guri argian.  Ur-jauzi nano xarmantak, bailararen hasieran, errekaren iturburu. Behi eta ardi banakak, polito egiteko apaingarri jarrita bezala, han-hemenka. Izeidi maldak, berde mota ezberdinen koadro zoragarria. Belar berdin eta leuneko zelai piko-pikoa urki eta basotxoz zipriztinduta. Maldan kiribilduz, tontorrerako bidezidorrak, hegia hartu eta gailurrera egiteko. 1344 metroko tontorra, inguru guztitik ikusgai eta ikuskizun, inguru guztiko talaia. Kontaezinak santutegi berdeko erromesak. Bart gaueko bailarako euria ikuskizun zuri bihurtu zaigu tontorrean. Oreka dario inguruari, naturaren taupada duzu bizitzaren ahala.

 

Staccato

Na no  bai la ra ren  ber de gu ne   sa ko ne an,  a pal  ton to rre ko  be ha toki an,                                      han di    eta     ha rro  sen ti tzen   za ra,   zu   zeu   na tu ra ren   za ti  e ta   o sa gai.

 

 

Allegro vivacissimo

 

“ Zer den ur garbien azpitik hain doilor hartzen gaituena / ... / Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait, urak berarekin daramana / ... / Hala da, bada oraindik, begiek neurtzen asmatzen ez duten itzalik”. 

 

Gazteluen xarma liluragarria. Haitz erpinetako harrizko kabi ilunak, malkarretako behatoki gotortuak, malda basotsuetako gordeleku helezinak, herrien gandor harroak, herritarrak babes hartuz kale artean gordeak, jauregi diren gazteluak, gaztelu diren jauregiak, … baina batez ere laku ertzean uretan islatutako gaztelu ahaztezinak, … harro handi dotoreak, txikian ere gotor nanotxoak, hondakin ere horma harro graziosoak, ipuinetako gaztelu liluragarriak, beldurrezko pelikuletako gaztelutzar erraldoiak,… Lakuak sorginduak dirudite denek, ur azpiko altxorren bat gordetzen baileude, uretan bere itxura zaharkitua leundu nahi bailukete. Gaztelu bat, ondoren beste bat,.... kontaezin,…  muturtxo batetan jalgitzen da hau,  barnerago hura,… Iraganeko  irudi nostalgiko  zaharkituak. Aukerako zoragarria izan da bat, xarmantetan xarmantena,  uretan islatzen zaiola silueta, ispiluan lez: Eilean Donan, gidaliburu edo argazki-bilduma orotako altxorra, sekulako ikuskizuna: ingurua ere bitxia, irlatxo batetan zut, zubi bat lurrarekiko zilborreste, kokagunez zein egituraz deigarria, harri iluneko gaztelu gotor sendoa, aldi berean lerdena eta airosoa, dotoretxoa, berebiziko grazia dariola.

 

Pizzicato

U r a r e n     s i n f o n i a     m i r e s g a r r i a,      u r a r e n     s i n f o n i a     z o r a g a r r i a,                 u r a r e n    s i n f o n i a     t x u n d i g a r r i a.    H i g h l a n d    H i g h l a n d    H i g h l a n d.

 

 

 

Finale

 

 “Azkenengoz baga baten seaskan / oroitzen haut, miraila eskuetan”

 

Highland, lakuz zipriztinduriko gomuta, lur eta itsaso besarkatuen oroimena. Milioika urteko    ur-tantaka isilen misterioa da estalaktita, milaka urteko uraren arkano hondogabea Highland.

 

 

 

 

etiketak: Kontakizunak
Serafin
Serafin dio:
2017/10/20 11:17
Eskoziako kontakizunak, ederrak. Uraren sinfonia poesiaz blai
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.