Kontakizunak
S C O T L AN D
Gona motzez gizonak, gaita, wiskya, … eta ezer gutxi gehiago zen guretzat Eskozia. Baina misterio kutsu batek, xarma geruza kilikagarri batek bildu izan du beti Macbethten lurraldea. Beraz, zirimirian zer aurkituko, etxatoia bizitoki, kanpalekua herri, Ipar Itsaso ingurua helburu, goialde haietako behe-lainoan murgildu ginen.
“En fin, ez legokeela gaizki / beste alde hau / atzean utzitakoengatik ez balitz”. Atzean utziko dugu etorkizun duguna. Beraz, duguna bizi!.
Adrianoren harresia deitzen diote. Menderaezinak nonbait eskoziarrok, hormatzar bat jaso behar izan zuen enperadore erromatarrak Eskoziatik zetorkion eraso eta arriskutik babesteko. Ipar Itsasotik Atlantikora, gune estuenean, alderik alde zabalera osoan zeharkatuz irla. Hor dago oraindik murru erraldoia, berak erakusten du, nolabait, eskoziarren jitea, fiertasuna eta lurraldearekiko atxikimendua.
“Hona dantza astun eta dorpe bezala ohitura” Arindu eta eten egiten du bidaiak egunerokoaren ohitura. Bidaiatzea bera ohitura bihurtzen ez zaigun heinean. Dantza ditzagun pauso arinez lur eskoziarron doinuak.
Aldatz piko baten hegian dago gaur egungo muga ofiziala. Eskoziar jantzitako gaita-jole batek eman digu ongietorria soinu zorrotz malenkoniatsuarekin: sos apurren premian, bidaiariak girotzen eskale musikaria. Ikuspegi paregabea eskaini digu Eskoziak: lurralde menditsua, berde-berdea, berde joria, udaberriko berde gaztea, baso ugariz edertua, mendizerra garaiaren aho zorrotzek mozten diotela urrunean alderik alde zeru-marra. Mendi pendizak, haitz mutur labarrak, ibaiak, errekatxoak, zubiak, zuhaitz artean horma eta teilatu beltzeko jauretxeak, herritxoen orban ilunak ... xarma dario lurraldeari, misterio kutsua, … bizipoza damaigu.
“Ahanztura ilunaren uhinak bailiren / datoz bizitzak, / ahanztura ilunaren uhinak bailiren / badoaz”. Errealitate bihurtutako ametsak bailira datoz parajeok, oroimen bihurtuta doaz, ahanztura gozo irauteko.
Edinburgo. Iragan loriatuko hiria, turismo-gune ospetsua, herrialdeko buruzagi eragilea. Antzinako eta gaurko eraikin apartez zipriztindutako egitura bitxiko hiri zabala. Halako antzinakotasun xarma damaio kutsadurak bildu duen mintz beltzak. Jendetsua, turistaz lepo, kalera eta belartzetara bultzatu du herritarra ere eguzki epelak. Eliza-dorre pila nabarmentzen zaio; St. Gilesena nabarmentze da erabat bitxia. Gaita-jole gaztea ari da gaitari puzka sakoneko belartzan, taxuz eskoziar jantzita, berak dirudi hiriko ikurra, argazki guztien osagaia.
“Ez nazatela egin berriz euskaldun”. Ez diet ba nik inbidiarik eskoziarroi. Ilargian bizi nahi ez dudanez, nadin euskaldun, harro gainera, euskaldunon poetaren poemako euskaldunon ziztrinkeria guziekin ere.
Edinburgoko gaztelua, hiri guztitik ikuskizun, hiri guztiko behatoki, harkaitz gainean. Harrizko kabi sendoa, naturak ezin gotorkiago babestua, labarren erpinean. Eskoziako gazteluetan gazteluena. Herri bat, militarren herria, izugarri handia, gazteluen ohizko osagaiez osatua. Leku lainotsua eta ospela, erregeek eurek ez zuten maite, arrisku garaietan soilik gordetzen ziren bertan. Egiturak soilik gorde du bere antzinakotasuna. Lehengoa itxuraldatuta, beteta arren hutsik, altxorrez gainezka baina biluzik. Bizia kendu diote propagandarako tresna bihurtuz, gerra propagandarako tresna, gerra-museoa besterik ez baita barrutik.
“Zeren harri erabili gabeak ez baitu goroldioa baizik biltzen” Geruza beltza bildu dute Edingurgoko harriek, beltzagoak euriaren eta umeltasunaren arrasto zuriez.
Mapagileak berak ahaztu dituen herriak, sarriak. Herri gris, triste, ilunak; itsasotik gertu egonik, lur barrura begiratzen dutela dirudi. Etxe bakanak, zainduak, txukunak, ataria lorategi, halaz ere tristura sentipenaz uzten gaituzte. Nekea eta kezka ustiatzen duten nekazal herriak, erabat austero eta serioak.
Fort Bridge. Itsasadar zabala zeharkatzen duten bi zubi: burdinazko hiru korkoxa erraldoi den trenbidearena bata, errepideko 2.500 metroko luzea bestea, garaia, tantai luzeetatik zintzilikatua. Zirraragarria da bertatikako ikuspegia.
“Egunerokotasunak ere bere usainak baititu”. Ez da bi egun berdinik bidaiariontzat.
Gurekin daramagu itsasoa, urdin, eder, badia erdiko irlatxoek eteten dute urgain zapala. Herritxo lasaiak, txukunak, zainduak, atseginak, giro alaia darie harrizko ilunak arren, itsas giroa dute, herri ondo-biziak, igandezalea edo igande-pasakoa dator hona lasaitasun bila.
“Zeren biderik gabe ez baitago ibiltzerik”. Ibiliaz bidea egiteko, non ibilia behar da. Eskoziak badu non hori.
St. Andrews, bizipoza darion herriak katedrala du erromes igandezale kontaezinen bisita-lekua. Esparru zabala hilerri bihurtuta. Monasterioaren hondakinak hilerriaren erdian. Dotoreak, lerdenak, liluragarriak, bitxietan bitxiak. Zu zeu bilakatzen zara inguruaren atal, monasterioaren osagai zara zu zeu, hondakinen zati bizia baitzina, zokorik zoko, bazterrik bazter, hilobiz hilobi, ikuspegi berri bila dabilkizuz begiak, hondakinon dotoreziak erakarrita, bitxikeriak liluratuta. Ikuskizunaz ahozabal, aspertzeko betarik gabe, edozein bazterretik begiratzen diezula, lehengo bera baina aldi berean ezberdinak aurkituko dituzu harrizko hezur biluziok. Abian jartzen dizute irudimena, halako giro sorgindua sortzen baitute.
“... eta abenturaren magia erakusten”. Bidaia orok erakusten du abenturaren magia. “legeak agindutako betebeharrak eskatzen” duen hori hautsi eta “ohiturak eman eskubideak bere egiten ditu”enaren arteko mugarrietan “mendebaleko gizakiok / bitartekaritzan gabiltza beti”.
Motozale taldea dator, oinez, kalean behera, larruzko mono koloretsuz jantzita, kaskoa eskuan: herriaren jabe eginez datozen cowboy modernoak dirudite.
Gatzaga bat itsasertzean kanpaleku azpian. Arratsean, une batez, itsu bihurtu gaituen ispilu erraldoi distiratsuagoa ezin bihurtu da eguzkitan gatz geruza.
Egun orok du bere istant berezia: cowboy modernoak, ispilu bihurtutako gatzaga, St.Andrewko katedrala, … argazkiak baino harago dirauten oroipenak.
“Batetik bestera / bidean beti bidean”. Ibiltariaren funtsa eta patua. Hala ez izatera ez litzateke ez ibiltari ez bidaiari. Ez ginateke gu ere Eskozian.
Dunbareko “portu zaharra”, begietan lilura, barnean kilika, sortarazten duen tximeleta; sarrera estu bihurriko arrantzale portua, harri gorriko murruz bildua, azpi dena lokatza beltz maria beheran, ontzi nanoen ohe eta altzo. Bere aspaldikoan darrai, xume, ahaztuta bailego, xarmant, galdutako harribitxia bailitz.
Goxo darrai bidaiak lur-barruan galdutako eremuetan, mapan arraia zuririk ere merezi ez duten errepide estuetatik. Paisaia aparta, berdin-berdin inausitako zuhaixka-hesiz sailkaturiko berdegune paregabea, ibaiak, errekatxoak, zubiak, nekazal etxe austeroak ez balkoi ez behe-leiho.
Azkonarrak zeharkatu du errepidea, azpialde iletsuaz galipot zorua garbitzen bezala, arin eta luze, presaz, kotxe inbaditzaileoi iheska.
“Utopia, hitzak dioen bezala, nehon ez dagoen lurraldea duk ...”. Ameslariekin topo egiten duk bidaiotan, ameslaria duk bidaiaria, baina egia duk ez dela utopia-lurralderik, gizakiak eta ekonomiak kolpatu edo menderatutako gizartea eta natura aurkitzen dizkiagu bazterrotan.
Eskoziako gazteluak, begien jostailu lakuko ur barean bikoiztua, silueta arrea baso berdean, harkaitz gotortua kaledien erpinean. Garai zaharreko jauntxoen bizileku irrikatuak, gaztelua da herri ororen osagaia. Basoan sai arrapalari, laku ertzean kabi gotor, herrian oilar gandor, indarraren ikur, jauntxokeriaren ezaugarri, iraganeko aro baten lekuko. Balizko bisitariarentzako amua gaur egun, hondakina besterik ez badira ere. Eskoziako altxorra, irudimenaren akuilua, begien atsegina.
“Apeza harro baino harroago agertu zitzaigun, gizon zuria izatea gauza ohoragarriena balitz bezala”. Nor ez da harro bere herriaz?. Harro dira eskoziarrak, harro gara euskaldunok. Denok dugu munduko ohoragarrienak izateko arrazoi sakonik. Baita umilenak izateko ere.
Ote-hesiz inguratuta dago kanpalekua, belar-gune joria da, zaindua, txukuna, atsegina. Untxiak ditugu auzo eta ikuskizun, belartzan dabiltza, etxatoien inguruan, otadi trinkoa dute gordeleku aproposa. Izurritea bezala ugaldu da untxia inguru osoan, ehunka dabiltza esparru guztietan, zelaietan, basoan, denean. Hainbat eta hainbat dira errepideetan zapaldutakoak ere. Taldeka antolatuta, bere esparrua propioa du talde bakoitzak, eta borrokak daude esparruon mugetan, esparruagatik edo arren arteko nor kaporal lehiagatik. Gauean, nire presentziak izututa, ikuskizun bitxia ziren distira zuriak berdegunean jauzika norabide orotan. Une batez katu beltz handi batek ihes egin du gure etxatoi azpitik, basakatua agian, zelatan untxikumeren bat afaldu asmoz. Intziri lantuak ozendu dira gau beranduko isiltasunean: basakatuak arrakasta izan du bere ehizan, tragedia izan da gure etxatoi alboko untxi koadrilan, naturaren gurpilak ez du errukirik. Gizartearenak ere.
“Eternitateak tentatu egiten gaitu / ... / Nola tematzen garen nahiz eta jakin / behin-behineko gaudela hemen, / nola tematzen garen behin betiko”. Plazetako estatuei eta elizetako jauntxoen irudi tailatuei, edo hilerriko hilobiei, edo S. Andrew-ko harginen firma zizelatuei, edo bikoteen umeei, ... begiratu besterik ez dago tematze hortaz jabetzeko. Kosmosean, naturan, behin-betiko iraungo dudala segurtasunean dut jarrita nire gaurko behin-behinekoa. Izarren hauts. Ez da ameskeria, errealitatea baizik. Auskalo zer eginen duen naturak nire atomoekin milioika urtetara, baina eternitatearen zati bat naiz, eternitatetik nator, eternitatean nago, Eskoziako lur mugatuotan.
Erabat argi utzi nuen eguna ilunsentian, gaueko 10ak eta erdietan, erabat argi aurkitu dut gaur egunsentian goizeko 4retan. Elkar besarkatu behar dute, goialde hauetan, sanjuan aurrean, solstizioan, eguneko azken eta lehen argi izpiek.
Gure txikitako belar-metak hainbat belartzetan: ziloek lehenengo, plastikozko fardelek gero, desagerrarazi duten belardien irudiaren nostalgia darie.
Zura lantzea edo zura egokitzea laket zaion artegileren baten etxaurre bitxia: beraien zuhaitz jitea galdu gabe, zuhaitz tantai biluzi bernizatuz eginiko forma edo multzo bitxiak ditu atari zabalean, Doako museoa bidaiako joanean.
“Behin sinetsi nuen, itsu, ezen Paradisua lurrean egon zitekeela”. Ez dugu paradisurik aurkitu bidaian, baina bai ordu baketsurik eta lur ederrik, balizko paradisuaren zatitxo edo atal.
Wiskyaren ibilbidea deitzen diote. Metalezko tximinia luzeek erakusten digute han hemenka non dauden wisky distilategiok. Pabiloi luze zabalak. Hainbat eta hainbat. Hiru destilategi ditu Rothes herriak. Herri dotoreak: diruaren indarra, ondo-bizien nortasuna erakusten dute. Wisky fabrika oro dago bisitagai, denek deitzen diote ibiltariari errepideko iragarkietatik. Joan gatzaio bati. Delako edaria egiteko tresneriaz gain ezer gutxi ikusi ahal izan dugu: biltegiak, ur-putzua, lehen orea edo nahastura dagoen biltegia, hartzidura ontzi erraldoia, bere gaineko patsa, distila-pipak, eta wiskya ez dakigu nora daraman tutueria. Bertan eman diguten orritxoa irakurriz eta dozena erdi bat argazki begiratu soilez, egina zegoen bisita, besterik gabe. Aseptikoa eta hila izan da bisita, langile bat bera ere ez dugu ikusi, wisky bukoi edo biltegirik ere ez.
Harro kontatu digute Kanadako firma batek erosi dituela fabrika hori eta beste zenbait. Kanadako bandera dago mastan Bretainia Handikoa eta Eskoziakoarekin batera. Diruaren lehia, morrontza, eta herritarren bizibeharra.
“... eta horrek erakusten digu ezen hitzak eta ideiak baino eraginkorragoak direla, ondikotz, armak, zeren arma-bidez gerla irabazten duenak erabakitzen baitu hitzaren norabidea, erabakitzen du nor den traidore eta nor ez”. Galdetu bestela eskoziarrei, galdetu euskaldunoi. Gerra dago wiskyaren eremuan ere, irabazleak erabakitzen du hitzen norabidea, norena distilategia, nori oroitarria.
Kinar edo txilarrek estalitako tontor nabarrak, mendi-lepo luzeak kinarrez arre, txilardi ilunak maldan behera errepideraino, itsas berdean ontzi beltzezkak, … sekulakoa.
Mendi ostean sartu zaigu eguzkia, bizi eta distiratsu. Txinatarren antzerki bateko dekorazioa dirudi zuhaitzen silueta beltzak. Oso luze joan da eguzkiaren gordetzea, dotorea gelditu zaigu arratsa, kilikagarria ilunabarra. Une luze batez sute erraldoi bat dela dirudi mendi osteak, ilargia zintzilikatzen da zeru urdinaren erdi-erdian, bakarti oraindik, bere laurdena bete berri. Dena dago txori-kantaz bilduta, untxi familia oso bat dugu lagun belarjale etxatoi aurreko belarrean. Loak eta nekeak menderatu nahi gaituzte, baina hor diraugu ataurrean, ez dugu nahi une goxoa galdu.
“”Eta bete zitzaion patua”. Patua bezala dakusat bidaia, nola doan mapa osatu eta betez, ibilitakoaren marra gorriz gauzatuz, oroitzapenetan kiribilduz, mapako bide-sarean bilduz, herri izenen amaraunean gatibuago.
Herri-bideetatik, bailara berdez baila berde, egin dugu egunekoa; zabalagoa alditan, estuagoa bestetan, berde biziagoa hau, berde motelagoa hura, bailara berde zoragarrietan beti. Milioika urtez erreka eta ibaiek bilatu eta zulatu zuten bidea izan da gaur guk jarraitu duguna, uraren albo-albotik sarri, goranxeagotik hurrengo, beti zoragarri. Zein baino zein atseginagoak dira bailarok, bata bestearen ostean datoz, etenik gabeko jarraian. Berdetasun mozkorraldia. Jaiotzen ikusi ahal dira errekak mendi-magaletako barren heze urtsu ia istingatsuetan, hazten eta gizentzen ikusi ditugu errekok ondoren, erreka zabal izan ditugu azkenik, bidelagun. Bakartasunaren lasaitasun oparoan. Paregabea, gozagarria.
Huntly, Rhynie, Mossat, Aboyne, Banchory, Alford, … uderriak dirudite, jite propioaren xarmaz … Herri pitxiak, atseginak, zainduak, dotoreak, inola ere ez herri ilun triste haiek. Filosofia ezberdina ageri da herriotan, bizi-gogo minagoa. Patrika mardulagoan datza, agian, desberdintasunaren gakoa.
“Bizitza ezarri zidaten gero exilioa legez”. Bidaiarik badu deserriratuaren ukitua, baina borondatezkoa denean, eta epe mugatukoa, askatzailea da deserria.
Aberdeen. Eguraldi zirinez hartu gaitu herrialdeko hiriburuak, euri xehea, haizea, ... giro umel ospela. Granitozko hiri grisa, dena da granito, dena dager harri, dena gris. Tximinia eta teilatuko behaleihoen sinfonia, kanpai horma bailitz gorantz luzatzen diren fatxaden jite bitxia, unibertsitateko dorre eta horma gotiko luze estilizatuak, hiria hiri barruan gaztez bor-bor unibertsitatea, … Gotorlekua dirudi St. Machar katedralak, sendoa fatxadako ateburu eta 7 leiho gotiko estu luzeek arintzen badute ere; austeroa, ia biluzia, motza, baina atsegina, barrena. Bi ibai itsasoratzen dira hirian bertan, Don eta Dee, ikuskizun bihurtuz beraien besarkada.
“Ezen mendigaina bezain ederra izan zitekeela mendigainerako bidea”. Bideko bailarak izan zaizkigu eder Aberveeen-era joanean.
Lakuen sinfonia. Bakoitza bestearen antzerako, aldi berean bestearengandik ezberdin, laku bakoitzak du bereizgarriren bat: berdearen bizitasuna, doazkion errekatxoen bide bihurrituak, sakonerak damaion iluntasuna, sugearen luzera estua, zerua adinako zabalera urdina, basoen ispilu berdea, harribitxi erraldoia, ibaien sorburua, errekatxoen bilgunea, azienden larrea, ... banan-banan deigarri denak. Ezberdina, aparta, liluratu zaitu batek, baina hurrengoa ez zaio lotsagarri gelditzen. Ahozabal inguratzen dugu bat, ahozabalago uzten gaitu hurrengoak, asperdurarako betarik gabe. Oh, oh, oh, egiten dugu laku batetan, eh, eh, eh, ... hurrengoan, alfabeto osoa errepikatu dugu ibilian. Tristezia pizgarria dario lako orori. Etorri, ibili, eta gozatu.
“Gorputzak hirurogei urte dituenean / hiru urte bailituen darabil gogoa”. Eskoziako goiotan gure buruari begiratuz ez dakit horrelakoa edo hainbesterainokoa den sentipen hori. 3 urtekoa da 60 urtekoa 20 urterekin ere 3 urtekoa zena. Gaztetan heldua zenari heldutasunak darraio. Ez da burua arintzeko adin jakinik. Agian arrazoia du poetak, umearen gogoa behar da eduki 70 urterekin Eskoziara etxatoiz abiatzeko.
Behe-lainoa, gandua, eurizirina, ... ohikoak omen Eskozian. Itsasertz itsasertz, itsaslabarrak ikuskizun, bide txikietatik, itsasoaren urdinaren eta lurraren berdearen kontrasteak harrapatuta, kresalaz eta belar usainez bilduta, labar gainetan tarteka, %17ko gainbeheran itsasertzera hurrengo, itsas labarrak eta haitzak ikuskizun, berehala belartza joriaren erditik, … Ez da hondartzarik, labar etzanak, harkaitz lauak besterik ez da itsas-zola, maria-behera denez oraindik haitzago dager itsasbazterra. Babesik ez duen itsasertza, hemen ez da golkorik, ez itsasadarrik, ez itsasoarengandiko inolako berezko babesgunerik, lurra ez da inon bere baitan biltzen, ez du lurrak itsasoa bere altzoan batzen, ez die ontziei inolako gordegunerik eskaintzen, Atlantiko aldean omen bezala. Aurrez aurre daude itsasoa eta lurra, bekoz beko, lerro berdinean, nor gehiago, beti erasoan edo erasorako prest.
“Bizitza ametsa besterik ez baita, ... eta bidaia bat duk, beste bi ametsen artekoa” Ametsak dituk bidaiak bizitzan, amets soilak, edo bizitza bihurturiko ametsak.
Macduff, Manff, Frasenburg, Peterhead, … granitozko itsas-herri gris austeroak, biluziak, erakargarritasun punttu batez bustiak. Itsas-langile pobreen hiriak, lantegi erraldoia dirudite moila inguruek. Hauek ez dira igandezale begiluzeak edo turista ikusminak etorriko zaizkion portuak. Oldarkor eraso behar du hemen itsasoak, halaz ere edo horregatik sarrera estua dute portuek, zuzen eta aurrez aurre olatuei branka emanez dago aho estua, epopeia behar du izan itsas handiarekin bertara sartzea. Barnean, aldiz, nasa ezberdinak sigi-saga, bakoitza bere sarrera estuarekin, itsaso haserretik babestu asmoz, barnerago eta ura bareago, moilarte bakoitza portutxo bat bere sarrera propioarekin, bata besteari lotuta, batak besteari pasabidea emanez, batak bestea babestuz, labirintoa dirudite.
“ Zuek egin zenuten zakurrez ezinezko irrika. / Zuek egin zenuten mundu honetaz / zakur mundua ez, baizik eta mundu zakurra. / Horren handi, horren lurgoi, horren arrandios, / horren zakur izan ez bazinaten sikiera, .../ Beharbada ...”. Mehe edo ozen, Eskozian ere aurkitzen ditugu, han hemenka, mundu zakur honen zaunka zantzuak.
Ez dugu pintada bakar bat ikusi Eskozian: beste era batetara egiten dituzte salaketak, aldarrikapenak eta protestak, edo ez dago protestarik, edo pintadaz egindakoak ezabatu egiten dituzte. Ez dago zer salatu ez duen herririk, ezta bertan denak kontent bizi denik ere. Pintada txukun batek ez luke itsusituko lurralde eder hau.
Ez da gaelikorik ageri herrien izendegi, iragarki eta norabideetan. Ezta herritarren harremanetan ere. Hizkuntza galtzean, anima ere aldatzen da. Hori ote tristezia berde honen sorburua.
“Telebistaren hotsa lagun”. Ez dugu telebistarik etxatoian. Bakardadea ez da norbera inor gabe egotea; bakardadea etetea ere ez da hotsez edo jendez inguratzea. Bakardadea berarekin dakarrena izanen da bakarti Eskozian.
Ortzadarra; kolorez jantzi zaigu zerua arratsean. Errekara egin dut; ur-lasterra, ur-hotsa eta neu geunden soilik berdegunearen erdian. Nork lioke bakarrik nengoela herri zoragari honetan!.
“Eta uste zuten, finean, ezen laku guztien hondoan suge digant bat zetzala, aldian behin lakutik ibiltzen zena, eta halaxe sortzen zirela ortzadarrak”. Ortzadarra gaur, Ness lakuan izanen gara datorren astean. Ikusi ahal izango ote munstroa?.