Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2017/10/06 10:17
Ibilikoak. 2.- Palmadia

PALMADIAN BARRENA

 

 

 "Bai badakit, baina ez dakit zergatik, urrutira lekutzekotan zaudela iruditzen zait". (Joseph Royh, "Hiltzaile baten aitormena"). Bidaiariak beti du lekutze itxura, bidaiaria beti dago joaten, desagertzen, baina beti dago nonbaiten presente.

 

Atlas Garaietako goilautada idor zabaletatik gatoz. Behe lautada mortua zeharkatu, eta bihurgune batetik ateratzean hara hor palmadiaren ikuskizuna. Haran sakoneko urrutian galtzen den berdegune zabala; alboetan, labar garaiak, amildegi sekulakoak, aurrean puntu bakarrean elkartzen diren bi lerro paralelotan; labarren orpotik palmadira arteko malda, harritza pikoa. Ibaia doa haranetik, apal, estututa, umil, palmadi erditik zehar, hareazko itsasoan galtzera, basamortuak, hareak zurrut eginda, xurgatuko duen arte. Mendiarte osoa betez, amaigabeko luzeran zabal, magiak eraginda bezala, palmadi joria, gizaki berbereak uraren erabilera abilaz sortutako mirari berdea.

 

"Zertan pentsatzen duzu / leihotik begiratzen duzunean" ( Castillo Suarez, "Spam poemak"). Ikusikoez pentsatzen du goizean, ikusitakoez arratsean bidaiariak; giza paisaia eta natur paisaia du beti begietan, edozein ordutan irekitzen duela oroitzapenen leihoa.

 

Palmadiaren aurrez aurre, hara non giza zilueta bakartia, labar gainean zut. Kanpalekua non geratu gatzaio. “Jendetsuegia duzue Mezki, hemen bertan duzue, oso hur, kanpaleku lasai bat”. Nanoa da kanpalekua, atsegina, palmadiak babestuta; zabalgunea du erdian eta biltzen duen pezozko hormaren kontra daude kokatuak etxatoi eta etxautoak. Hogei etxauto frantsesek, ia toles-toles, jite bitxia ematen diote kanpalekuari, oesteko pelikuletako gurdien kanpatzearen bertsio modernoa irudi. Lekurik ez omen, baina zuzendariak aurkitu digu tartetxoa, gau batez etxatoian argindarrik gabe behar badugu ere.

"nafarrak?, euskaraz badakizue?", gizaki gazte bat hurreratu zaigu; fosilak aurkitu landu findu egokitu egiten ditu, Euskalerrian saldu asmoz. Gaur gauean doa Euskal Herrira. Urarekin  kontuz ibiltzea aholkatu digu, eta bihar goizean palmadia ikusteko Mustafa gaztearekin ordua hitzartu. 

 

"Ilunabar ditu goizak, eta gauak egunsenti" (CS-"Sp”).  Egunsentiarekin jaiki, ilunabarrean oheratu, bidaiariaren arauetako bat. Baina badira gauak ezagutzeko bidaiatzen dutenak: bidean jartzeko amets ezberdin bat, beste edozein gogokizun bezain interesgarria.

 

Lasaitasuna dario kanpalekuari, palmondopeak ematen duen baretasuna. Koadrilan dabiltza txuarrak, zozo bikotea ere hor da gure aurreko belartzan gosaltzen. Txori zurrumurru goxoa bagenuen atzo arratsean, sekulakoa da palmadiko sinfonia goizeko bostetan; oilarra ere kukurrukuka esnatu da, behiak marruka egiten du eta ia etenik gabeko arrantza astoak. Txori kantuz inguratuta, palmondopean, ubide oparoa xuxurlari oinetan ... egin dut harrikoa;  palmondo harro garaiak dituk lagun dutxan, leiho irekitik bestaldean. Atsegin zait palmadia.

 

"Bizitzak ez du ezer arrarorik. Abentura arruntak besterik ez du ematen" (JR-“Hba”). Bizitzak bidaiatzeko aukera ematen du, eta bidaiatzea, inoiz ere, inola ere, ez da zerbait arrunta. Inoiz gutxitako aukera da gaur goizeko sinfonia zoragarria entzuteko aukera hau.

 

Mustafak lagundu digu palmadira; nerabea, gaztetxoa, oraindik bizitzak gogorki kolpatu gabea, begirada argi, garbi eta bizikoa, irria darie begioi. Berbera dela errepikatu digu, harro, begiek dir-dir. Eskolan dabil, berberez eta arabieraz egiten ditu ikasketak, baina frantsesa eta ingelesa ere ikasten ditu. Frantsesez izan da gure arteko harremana, zailtasunez, baldar samar; ingelesari heltzen dio ezinean aurkitzen denean.

 

"Denbora asmatzen dut bukatzen zaidanean". (CS-“Sp”). Denbora da bidaiariak administratu beharreko ondasun preziatuenetariko bat. Mamira bidaiatu pausoa motelduz, edo, pausoa bizituz, oskolean geratu, hori da bidaiariak egin behar duen  aukeraketa garrantzitsua  denbora administratzerakoan.

 

Pare bat orduko ibilaldia egin dugu palmadian. Mundu bat da. Mundu ezberdin bat.  Sail txikietan banatutako eremua da palmondo azpiko zorua, ureztatzeko erreten eta bidezidor zapalduez banatutako sailtxoen sarea. Garia eta alpapa, -gizakien ogia eta astoarentzat jana-, da ekoizpen nagusia. Oso zaindua dago, jori-joria. Urez oparo dator zementuzko ubide bizia, erreten bidez zabalduz sailtxoetan bere altxor bizigarria.  Han-hemenka langileak ari dira, bakarka, bakoitza bere sailean, palmondo inausketan batez ere. Erabateko etekina ateratzen diote palmondoari: zutabe bezala erabiltzen dituzte eraikuntzan  enborrak pezoz estaliz, edo sabaiaren eusgarri erdibitu ondoren, palmondo abarrez egiten dute solairu-zorua, eta palmondoen orriak dira tajine, jaki berbera, prestatzeko sugaia; udazkenean datilak izanen dira uzta oparoa, -hari mehe pinportatsu horiak besterik ez dira oraindik korda gozagarri mardul gozoak izanen direnak- negu guztirako kaloria iturria. Zuhaitzetan errege da palmondoa berberentzat.

 

"Mundua gero eta handiagoa da / denon historia kontatu ahal izateko", (CS-“Sp”). Mundua gero eta txikiagoa bilakatu da, denoi herrien ezagutza ahalbideratuz.

 

Herritik gertu, ubide estuan, lixibatzen ari dira emakumeak. Irribarretsu agurtzen gaituzte. Ertz batetik zeharkatzen du palmadia Ziz ibaiak; ez da ibai zabala, bai sakona, palmadiak berdozki tindatua. Umeek igeri egiten duten zulogunera eraman gaitu Mustafak, pozarren eraman gaitu eraman ere, nabaria da bera ere bertan ibilitakoa dela, edo oraindik ibiltzen dela; murgilean ari da dozenerdi ume, jauziak eginez ezpondatik, zaratatsu, irritsu eta harroxko, inola ere ez lotsati ikusleok agertzean.

Barkutxoak egin dizkigu Mustafak zuhaizka baten orriekin, aitaren batean; aitaren batean ere egin du hatz mugimendu bizkorrez gamelu bat palmondo orriekin. Seguruenik ibilia da errepide eta bide bazterretan turistei sos batzuk atera ahaleginean iruditxook salduz, beste hainbat dabiltzan eran.

 

"Gure bihotzean negua gorria da; / ur hotzezko begiak ditugu, horma begiradan” (CS-“Sp”). Bizipoza darie palmadiko inaustarien, erreteneko lixibagileen, herritar xumeen, ibaiko ume jostalarien, kasbako nesken, kaleotan agurtu dugun ororen begiei, bizi-baldintzak izugarri gogorrak iruditzen zaizkigun arren. 

 

Palmadi alboko herritxora eraman gaitu Mustafak ibiliaren hondarrean, bere herrira. Zirrara eragin digu herritxoak: pezozko etxetxoak, kale estuak, harri eta lur zorua. Meskita bera ere izugarri xumea da, herri alboan, kasbara sarreran. Tailertxoak behe solairuetan: aroztegia, garajetxoa,  errementeria, ortuarien denda, ... dena da txikia eta xumea. Gaztea da mekanikoa, errementeria, aldiz, zaharra; bi aro, bi lanbide. Herriko ertzean, eguzkitan lehortzen, lurrean zabalduta, etxegintzarako pezozko blokeak. Mendi magaleko eguzkitan garia eta alpapa lehortzeko laugunetxoak  Astoan datoz eguerdian etxerantz palmaditik gazteak, kalean zehar,  belarrez zamatutako astotxoen gainetik agurtzen gaituzte adeitsu.  

 

"Bakarrik bizi da" (CS-"Sp". Jendarteko bakardadean bizi izaten ikasi behar du bidaiariak.

 

Kasban barrena egin dugu, ez ginen ausartuko sartzen Mustafak eraman ez bagintu, hain zirudien esparru beraiena. Lapurren erasoengandik gorde eta etsaiei aurre egiteko hirigune gotortua da kasba. Leku sakratu batetan sartzen garen sentipenak biltzen gaitu, herriko santa santorumean, piramide baten bihotzean. Kale estu eta iluneko labirinto bat dirudi, horma arteko desertua; pezozko horma garai biluzien artean luzatzen da kale-sarea gorantz argi bila, edo solairu peko tunelen iluntasunean barneratzen segurtasun nahiz freskura nahian; zorua, lur zapaldua; baogune estu batzuk besterik ez hormetan. Inolako apaindurarik gabea, austeritatearen paradigma. Kitzikagarria. Zurezko maratila handia dute ateek, baina kanpotik soilik ixten dira, barrutik ezin dira ateok itxi, berbereek ez dutelako barruan daudenean aterik ixten, beti omen atea zabalik edonorentzat berbereek. Ume pila ari da jolasean kalezkotan, eta neska gazte koadrila datza kontu-kontari kale kantoi batetan. Oso iluna da neskon azala, beltzen jitekoa aurpegikera: hori omen berbereen ezaugarri fisikoetako bat. Diosal pozkorra da neskona. Harrigarria neska baten buruaren irudia, justu kabitzen zaion baogunetik kanpora aterata, guri begira, horma garaiaren erdian.  Kaleartea filmatzeko baimena eman dit Mustafak; neska denak desagertu dira, kamara ateratzearekin bat, barnera sartuz; baina kalean ziren berriro kamara gorde dudan unean, irribarretsu denak, guri ikusmin isilean so parean, kalaka bizian pauso batzuk aurrera egin ditugunerako. Errementaria aurkeztu digu Mustafak kasbako kaleetan, harro eman digu eskua burua zapi zuri kiribilduz eta soina tunika panpox zuriagoz estaliak dituen agure ihar luzeak. Bihotza kizkur-kizkur atera gara kasbatik.

 

“Bakardadea bilatua denean, ez bortxatua, aberasgarria da beti" (Filipe Bidart, "Bakartasunaz bi hitz").  Bakardade hori du beharrezko bidaiariak "hegalak lasai zabal ahal izateko", "begiak errazago zorrozteko".

 

Gau zoragarria dago. Joan dira frantsesak.  Geu besterik ez gaude kanpalekuan, ez da beste inor. Izarren eta ilargiaren argia besterik ez da gau honetan. Esparru erdian nago zerura begira zut, gozamenez zoriontsu. Ilargia goranzko laurdenean, zerua erabat izartua. Ortziaren kontra, aho zorrotzeko zerra baten itxura du palmondoen geriza ertzak; hegal biziko  arrama-hostoek inguratzen dute esparrua, txoko babestu bat palmadian, kasba bat bailitzan. Distiratsu daude izarrok, urrezko orratz-buruz apaindutako sabai arabiarra da izartegia;  gain-gainean izan dut Hartz Nagusia, ipar-izarra aurkitzen laguntzen didana. Tarteka kamioi baten argien bristada eta motor marrua dator mendi magaleko errepidetik, mundua hor dela gogoraziz. Goizean jaiki beharrak eraman nau ohatzera.

 

"Beraz, ez diat argia itzaltzen ahal, ez leihorik zabaltzen ahal..." (FB-"Bbh”). Izarrek argitzen dute palmadia, izartegiak  irekitzen mundura irudimenaren leihoa.

 

Autoz egin dugu palmadi ertzetik urrutian begiek hartzen ez dutenerainoko haraneko palmadiko ibilbidea.  Erdi-erditik doakion ibaiak ez du urketarik, baina ur apur hori burutsu eta abilki erabiliz sortarazi eta gorde dute palmadia berbereek, gizaldiz gizaldiko ekinean.  Alboko mendiak gorri, erdiko palmadia berde, palmadiko etxadiak arre, bortitza da 40 graduko bero sapan koloreen kontrastea.  Emakumeek ematen diote berbere jitea inguruari: zapi beltzez estaliak goitik behera, sudurreraino misterio ikusezin aurpegia, zapi ertza eskuan hartuz estaltzen dute ahoa bera ere gehienek. Astoak, -triki-triki ibili arinean edonongo irudia-, belar zamapean ikusezin, lirateke lurraldeko ezaugarri. Palmondo adarrez estaliak, gurpilak soilik ikusten zaizkien gurditxoak dira errepideko bigarren garraio nagusia. Zirraragarria, kasban baino saminago kiribildu zaigu harridura ikuskizunarekin: dozenerdi emakume errepide ertzean, txikiak, oinez, gorputzarena baino hiruzpalau bider tamaina handiagoko belar kargaz zamatuta, karga eramatearen eramatez gorputz forma bera aldatuta, okertuta, zamari egokitua; aurpegia ere indarra egitearen eraginez-edo itxuraldatuta. Emakumea arduratzen da etxeaz eta abereez, beraiek eramaten dute behia larrera, belarra etxera;  gizona aldiz baratzaz arduratzen omen, hirira lanera joana ez bada. Hori da berbere bizi-legea, hala esan digute.

 

"Toki jendetsuak bilatzen ditugu / bakarzaleak garela esanagatik" (CS-Sp"). Inkomunikazioa da bidaiariaren etsai nagusia. Toki jendetsuetan izanik ere.

 

Pezozko herritxo arreak bata bestearen jarraian palmadi zabalaren alboan. Kanpalekuan ikusi genuen herritxoaren antzerakoak. Denek dute bere kasba, hondakin besterik ez badira ere gehienak. Errespetuz, ez gara ausartzen labirintu estuotan sartzen.

Palmadiaren bukaeran, palmondoz inguratuta, Rissani, hiri koskortua. Sekulako arku arabiar landu koloretsuarekin eman digu ongietorria. Arkupe dira kale nagusietako atariak, dena denda eta taberna jendetsu. Inurritegia dirudi zokoak, jantzi koloretsu eta erosle patxadatsuz lepo. Tunika eta buruzapi kiribildu urdineko gizaki lerdenak zaizkigu deigarri, tuareg leinuko desertuko ibiltariak, gida lanetara egokituak. 4x4 autoak nonahi, deserturako gamelu modernoak. Turismoa eta desertura bidaiak dira hiriko ekonomiaren ardatza. “Merzougara?” galdetzen digu kalean hainbatek, desertura edo hirian diren hainbat kasba erakusteko gida izateko ere prest. Medinan barrena sartu gara, alde zaharrera, baina honek ez du orain arte ikusitako medinen antzik, erabat utzia eta hitsa baitago.

 

"Ez elkarrizketa luzerik, baina usaiako bonjour! bonsoir idor horietatik haratago, comment ca va? eta holakoak, mundu hetsi eta hotz horretan, epeltasun pittat ekartzen dutenak" (FB-“Bbh”). Izan ohi dira une oso laburrak baina bereziak bidaiariaren ibilian, ikuskizun bat, gertakizun bat, sentipen bat, … egun osoa, bidaia osoa ere, justifikatzen  dutenak.

 

Rissanitik Merzougara egin dugu, palmadiko Ziz ibaia irensten duen hareazko itsasora. 40 kilometrotako errepidea hareatza erdian. Desertuko ate eta behatoki da Merzouga. Eremu harrigarria da desertua, ortzi-mugarainoko hondarrezko gune zabala, begien hareago ezinak mugatzen duen eremu idorra, begien perspektibak ematen dion muga besterik ez duen hareazko itsasoa. Lur laua, planoa, hartxintxar barreiatuz estalia. Urrutian, zeru-marra zuzena kurbatuz, dunen tontorreria horia. Zirrara sortarazten du. Monotonoa, berdina, pixka bat aspergarria litzake eskaintzen duen kontraste harrigarriagatik ez balitz. Sekulako indarra du paisaia honek, erakarri egiten zaitu, harrapatu egin nau ni.

 

"Munduko mapa hutsik aurkitzearen beldur / idazten dugula uste dut" (CS-”Sp”). Herrialdetako mapa urratzez marrazten duen heinean idazten du bidaiariak, pausoek ametsa gauzatzen duten erritmora, ahazerrazak diren sentipen eta irudiak hitz idatzietan iraunkor egin ahaleginean. 

 

Kasba, miniaturako hiribildua, berotik babesteko asmakizun eraginkorra da, bizi-baldintzei egokitutako arkitektura, herriaren kultura, herriaren jakinduria. Kontsumitzaileoi zaila zaiguna ulertzen. Maila berdinean alderatzen ditugu duguna eta dutena; areago, gure mailatik, gure ikuspuntutik eta gure bizipenen arabera begiratzen diegu ustez herri txirooi, beraien bizi-baldintzen, bizi-filosofiaren eta bizipozaren abstrakzioa eginez. Eta horrek ondorio intelektual eta portaera okerretara garamatza.

 

"Krisiak badaude, egia, goruneak, eta bai gorabeherak ere ..." (JR-“Hba”). Gora-behera ibili ohi da bidaiariaren barnea; sentipenak, erabakitasuna, ilusioa, gogoa, eramankortasuna, ahalmen fisikoa bera ere, gora-behera dabiltza itsas marea bezala. Hor datza bidaiaren zigilua, kinka horiek gainditzeko ahalmenean. Bestela, bidaria baino narrastia izanen litzake ibiltaria.

 

Desertuko lur zapal mortu horretan, hareazko tontor horiotan, bizitza konplexu bat dago. Gizakion bizilege-sare korapilotsu eta zail berdintsuan bildua. Naturaren mirari harrigarria. Animaliak, landaretza,  zomorroak, ... bizi-baldintza gogor hauetara egokituak, non giro goxoenetakoak bezain eroso bizi diren. Gure begirada motelari ihes egiten dion mundu kitzikagarria.

 

"Zuk uste baino gehiago dakit zutaz, jauna" (JR-“Hba”). Ze azaletik ezagutzen ditugun bidaietako herriak, herritarrak batez ere.

 

Presatiegi gabiltzan bizipena dut. Kanpaleku honetan ez dut jakin Mustafa eta bere anaiarekin harremana girotu eta sakontzen. Eseri lasaian luzatuz, solasean azaltzen den edozein haritik tiratuz, edo besterik gabeko konpainian, arratseko ordu bareetan. Azken batean horiek baitira bidaiari ukitu gozagarrienak ematen dizkioten uneak. Egina du bide erdia komunikazioa sortzen dakien bidaiariak, norberaren barnera bidearen zati bat behintzat.

 

 "Ez digute igande arratsaldeetan aspertzen uzten / bikote egonkor bat  bagina bezala" (CS-“Sp”). Bidaia, patxada eta asperdura bera ere, kontsumorako erosgai eskaintzen digute. Ondamua diet, arbola azpi batetan  edo horma osteko gerizan, lurrean eserita edo kokoriko, egon eta eleketa lasaian, hitz-aspertuan,  ikusten dituan marokoarrei.

 

Palmadian, uretara hurreratzean plasta-plasta jauzika sumatu genituen igelen sekulako  kro-kroa erlatsa datorkigu txori-kantuen kontrapuntu bezala. Palmondo adar puntako zozoak tenore, abar arteko txori txikiak ahots zuri, hezeguneko igelak baxu, sekulako korua dugu  palmadian, emanaldi zoragarria eskainiz.

 

"Batzuek idazleak garela diote; / besteek, berriz, kazetari frustratuak, / edo bakardadearen berriemaileak" (CS-"Sp”). Irudiak erretinatik eta bizipenak bihotzetik ez galtzeko idazten du bidaiariak. Ez da idazlea. Gehienez bakardadeko eta bakardaderako berri emailea. Norberarentzako kazetaria.

 

Berandu, ia gauerdian, despeditu naiz palmaditik. Ez da piztutako argi bakar bat ere . Kanpaleku erdian eserita, palmadiko zurrumurru sarkor xuxurlari goxo lasaigarriaz bildurik, palmondoek zeru-marraren kontra egiten duten zilueta zorrotzaren babesean. Ilargiaren argiak luzatzen du, ilun, nire gorputzaren geriza. Isilik daude igelak ordu honetan, amodio edo lehia ordua pasea zaie nonbait. Izartegia ikusgarri dirdiratsua dakusat zerua, nire erretinak ez baitu beraiena baino beste argirik. Zodiakoko irudiak osatzen egin dut jolas. Gozamenean luzatuz, gau berandura arte.

 

"Hau ez da poema desesperatu bat, / gutun luzeago baten / agurra baizik" (“CS-Sp”). Bizipen mugatuen kateatze desesperatu bat besterik ez dira bidaiariaren idatziak, egunkari isila, bizitakoaren akta pertsonala, “gero arte”  bat, bidaiako sentipenen luzapena.

 

Astoak ere ongietorriko arrantza luze berarekin eman nahi izan digu despedida. Bidaia bukatzean, faltan botako ditugu astotxoak, asto-gainekoak, berbereen adeitasuna, txilabak, emakume zamariak, emakumeen aurpegi estaliak, pezozko etxeak, kasbak, ahuntzainak, desertua.… baina batez ere mendiarte eta lurralde ezin mortuagoko palmadi amaigabeak eta berbere adeitsuek iraungo dute barreneko toles-gunetan freskotasuna eta bizipoza eskainiz.

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.