Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/03/02 11:10
Auzoa 9.- Ibon eta Roman

IBON ETA ROMAN

 

 

Astero ikusi ziren bost urtez: elkarrekin konfesatu, pelotalditxo bat egin, tarteka elkarrekin bazkaldu ere bai, … gero, baina, herri ezberdinetara bidali zituzten eta izanen ziren 30 urtetik gora elkar ikusten ez zutela. Bizitzako bidezidorrek elkartu ditu berriro. Biak daude jada zahartuak. Bata ezkondu egin zen, besteak apaiz dirau. Bata mendian isolatutako auzo baten egona zen, beste herri koskortuagoan baina nahiko isolatuta ere, probintziako ertzean, probintzien arteko mugan biak.

Kontu-kontari biak berriro oroitzapenen zurrunbiloan.

 

- Aspaldiko

- Benetan aspaldiko

- Garai hartan ez genian ez telefonorik, ez autorik, … baina astero ikusten gintuan elkar

- Bakardadeak eraginda.

- Gogorra duk bakardadea baina ohitu ere egiten haiz.

- Baina uzten dizkik bere ondorioak, zizelatu egiten hau.

 

Gogoan du Ibonek  nola auzoan kontatu ohi zioten izan zela apaiz bat beso bakoitzetik ahuntz bana uhalez lotuta, brebiarioa deitutako errezoetako liburua eskuetan, harat honako joan-etorrian errezatzen ibitzen omen zena elizpean eta eliza bueltan; ahuntzak ziren nonbait bere konpainia. Delako apaizak sermoiari ekiten zionean elizpean ahuntzak beeka hasten omen ziren eta apaizak pulpitutik “hor daude  nire ahuntzak, ahotzetik ezagutzen naute”.

 

- Apaiz asko gintuan, gaur egun sinetsi ere ezinezko apaiz pila; auzo bakoitzean bat; egin hitzak kontuak: hiru herri handi samarrak dizkik bailarak, eta bakoitzean gutxien dauzkanak  dozena erdi bat auzo badizkik; bakoitzean apaiz bat.

- Eta herri koskortuotan hiruzpalau apaiz gutxienez.

- Gure sotana beltzekin, hilean behin biltzen ginenean “erretiroa” deitzen zitzaion bilkurarako, benetan ematen genian bele banda bat.

- Bakardadea hausteko asmatutako trikimailua uste diat zirela erretirook.

- Hitzaldiak baino elkar ikustea huen garrantzitsuena egun  horretan.

- Hala uste diat, ekar ikusteko, hileko gorabeherez hitz egiteko, …

- Hain sakabanatuta, beste mediorik ez, hori huen elkar komunikatzeko modu ia bakarra.

- Batzuk konfesatzeko ere baliatzen ziaten egun hori, hilean behingo konfesioa.

- Hi oinez etortzen hintzen niregana.

- Bai, asteko konfesio eguna izanen huen, baina bakardadea hausteko aukera ere: hura sasoia; ordubete luze mendiz oinez, paletaz ekinaldi sekulakoa frontoian, trago bat tabernan eta beste ordubete oinez auzora, bazkaldu eta dotrina ematera, …; nolanahi garai polita izan huen hura.

- Hire tragoa ez huen edonolakoa, gogoan duk?, baso erdi bermut eta beste erdia ginebra, eta ez huen txikia basoa.

- Mendiko pauso bizkorrarekin ez diat uste alkohol arrastorik geratzen zenik etxeratzean.

- Hiletak ere izaten hituen elkartzeko bide bat: auzoren batetan hileta zegoenean koadrilatxoa biltzen gintuan: “a tiempo” meza emateko, meza nagusian laguntzaile, koruan abesteko, … eta bazkaria, bere bazkariondo luzearekin, apaizetxean.

- Hildakoaren familiaren kontura.

- Kostua bakarrik, gehigarririk gabe, kobratzen genian, nik behintzat.  

-Tira!.

 

Bakardadea nola gainditu solasean aritu dira: bakoitzak asmatu behar zuen bere trikimailu edo baliabidea. Irakurtzea zela moduetariko bat: ordu batzuk eman eta burua taxutzeko baliagarria; brebiarioaren errezoak ordu betetik gora eramaten zuen, bazen idazten zuenik, iganderako sermoia ere gertatu behar zen, ibilalditxo bat, …

-  Bakardadeak bere arrastoa uzten zuelakoan nagok.

- Baina ez auzo eta herri txikietako apaizengan soilik, nik uste herri handietako apaizak ere bakardade latza bizi dutela, askorekin izan arren harremana; gizaki bakartia duk apaiza.

- Nik uste gizaki gehienak direla bakartiak.

- Agian bai.

- Otso bakarti bihurtzea duk arriskua.

- Apaizok bagintuan berezi samarrak behintzat.

 

Gogoratzen du nola bere  aurreko batek berarekin bizi zen arrebarekin arratsalde beranduan baserri batera ia egunero joateko ohitura hartu zuen: gazte jende asko zegoen baserrian, jatorrak ziren, gustura eginen zituen pare bat ordu, kontu-kontari. Maltzurren batek esanen zuen baserriko alabengatik joanen zela, baina berak ez zuen berarengatik zentzu horretako inolako hitzerdirik ere entzun, baina bai auzoan oraindik bizi zen bi taldeen arteko leizea kontuan hartuta, bando baten aldeko jarrera zirudielako kritikak. Nolanahi bakoitzak bere irtenbideak bilatzen dizkio bakardadeari eta hark arratseko bisita hori zuen arnasbide esparru txiki hartan ez itotzeko arnasbidea.

Ibonek  gogoratzen du gustuko zuela baserrietara jiratxo bat egitea, bertako nagusiekin hitz egin, kontu zaharrak entzun, … bakardadea hausteko bide bat zitzaion eta aldi berean harreman ezberdinok oxigenatu egiten zuen burua; aitortzen du nekagarria ere bazela.  

 

- Beti nian zeregin bat, sekula ez ninduan aspertu zereginik ez nuelako.

- Hik behintzat trena heukan nahi huenean ateratzeko.

- Eta hik errepidea.

- Bai, baina ia 10 kilometrora lehen herria, bizikletaz egin beharrekoa.

- Egia duk trena zitzaidala arnasbide nagusietako bat: hirira joanen ninduan edozein aitzakiaz, pelikula bat ikusiko nian; noizbehinka igande arratsaldez umeekin irtetea utzi eta pelikula bat ikustera jaitsiko ninduan alboko herrira; udaberritik aurrera inguruko igerilekura joaten ninduan ere, txistua jotzen ikasi nian, nire kasa, tokatzen zenean, igande arratsaldez eta horrelakoetan  gazteek dantzan egin zezaten, eta horrek ere denbora eskatzen zidaan, entretenitzen ere, ikasteaz gain pieza berriak menperatzen.

 

Tren geltokia auzotarren bilgunea ere bazen. Han eginen zuen topo auzoko hainbatekin, lanera- lanetik zebiltzanak, erosketaren bat egitera herri handiago batetara zihoazenak, … tren-ordu guztiak ziren harremanetarako aukera, etxerako bidean ere beti zen bidelagun ugari: tren-gizon denak ziren azkenerako oso ezagun eta ia lagun ere, merkantzia trenekoak eurak ere, tarteka merkantzia-trena ere erabili izan baitzuen alboko herrirako, baita bidean abiadura mantsotu ere nasa antzerako bat zegoen tokian salto egin zezan. Behin loak hartuta heldu zen auzora eta  txartel-zulatzailea etorri zitzaion esnatu eta heldu zela esatera. Ze barreak bai bidaiariak bai geltokian zeuden auzotarrek. Heldu izan zen beranduxe ere geltokira eta zain egoten zitzaion trena, urrutitik ikusten baitzuten bazetorrela. Harreman bereziak ziren haiek. Garaiak ere ezberdinak.

 

- Disko-jogailua ere erosi huen.

- Alboko herrietan eta jaietan “agarrauan”, dantza heldua, egiten bazuten zergatik ez auzoan ere.

- Nik ere jarri nian antzerako zerbait.

- Gogoko zutenean, jartzen zitean diskoak eta kitto; ez huen eskandalurik egon guraso eta nagusien artean.  

- Apaizena zelako dantza helduaren arazoa, ez herritarrena.

 

Gogoratzen dute egin zuten urte erdiko ikastaro luze bat; txandaka, batak egin zuenean bestea zegoen guardian zerbait gertatuta ere auzoan edo herrian, gaixoren bat, … Astea egiten zuten hiriburuan, apaizentzako egoitza batetan lo, eta seminarioan egun osoa gai ezberdinak aztertzen;  astebururako itzultzen ziren parrokiara. Urte erdi bateko ikastaroa. Seminarioko teologia gaiak berriztatuz. Berarekin bizi zen arreba jaiotetxera joaten zen. Arrebak berak ere behar zuen atsedenaldi bat. Ez zen gozoa auzok bakardadea berarentzat ere, laguna eginak zituen arren.  Ez zuten apaizok  teologia asko berritu, baina aste sabatikoak izan ziren, atseden eta giro aldaketa egunak.

 

- Bahituan apaizon artean “obreroak” deitzen genienak, ez lantegi batetan lan egiten zutelako, baizik auzoan hainbat obra egiten zituztelako.

- Abilak hituen erakundeetatik dirua ateratzen, bazekitean aldaba non jo nonbait.

- Gogoratzen Anasena?: ehun mila pezeta eskatu omen zitioan Gobernadoreari herriko ez zekiat zein hobekuntzarako, honek ezin ziola hogei mila besterik eman; galdetu omen zioan sekretarioari gobernadoreak “haserre joan al da apaiz hori?”, “Bai zera!, eskuak igurtziz esan du: ez nuen hainbeste espero”. 

- Krux ere abila huen: diru eske zihoanean, inguruko barazki denda batetan barazki sorta bat erosi eta esaten omen zioan gobernadoreari: “opari hau nire auzoko baserritarren partez, euren baratzekoak dira”.

- Kontratistak hituen, baina inolako irabazi pertsonalik gabe.

- Nik alde egin da gero Anasek egin zian auzorako errepidea.

- Horretarako ere balio egin behar dik.

- Anasek bazizkian hainbat pasadizo xelebreak ere.

 

Barre egiten dute: apaizen apaiztu ondorengo lehen urteetan azterketa batzuk jasan behar izaten zituzten. Aipatzen dute moral arauen inguruan izaten zela gehien bat azterketa, morala zen ardura nagusia gotzain eta enparauentzat teologia eta beste hainbat eguneroko gai interesgarriren gainetik. Behin adin batera ezkero ez zen azterketarik. Gure Anasek gainditu zuen azken azterketa: erosi zuen txanpan botila bat lagun batekin ospatzeko, eskua poltsikoan sartuta muturretik eutsiz sotana azpian zeraman delako botila; herri erdiko zubia igarotzean pretila jo eta hautsi egin zitzaion botila, “zer egin huen?, “geratu zitzaidan botila muturra jaregin eta aurrera segi, ezer gertatu ez balitz bezala,  ez atzeko ez aurrekoei begiratu ere egin gabe”.

 

- Egon hituen fusilatuak hire auzoan.

- Apaiza, emakume bat eta hiru artzain.

 

Ez zen fusilatuez hitz askorik egiten auzoan. Galdetu izan zien herritarrei gai honetaz, gogoan du hainbat zertzelada zegoela, badaki gai hau argitu eta kontakizunari gorputz bat emateko pertsona ezin aproposagoa zela bera, baina ez zuen egin. Eta orain ahaztuak ditu zertzelada gehienak. Bazuen nolabaiteko jakin-mina, baina, historiarekiko behar adinako erantzukizun eta sentiberatasunik ez.  Tartean zegoen senideei gaia ukitzeko beldurra, minduko ote zituen, ahaztu nahi zituzten gaiak harrotzea ote zen.

Frankismoari buruzko Memorian hutsune bat geldituko da, testigantza zuzenen hutsunea; ez hainbeste bere sentsibilitate ezagatik, bazuela uste dut,  ikuspegi zabal bat ez zuelako, datuok jasotzeak zuen garrantziaz jabetzen ez zelako. Hezkuntzaren hutsunea, esanen luke; Seminarioan latina, zientziak, teologia, erakutsi zieten, baina bakoitzak deskubritu eta erabaki behar izan zuen eliztarren arazoetatik hurbil noraino egon. Ez da izan apaizon arazoa soilik. Egiari zor, urteak behar izan dira gizarteak Memoriarako datuak jasotzearen garrantziaz jabetzeko; oraintsu arte ez da horrelakorik egin, eta historiako zati pila galdu dira eta puzzlea ezinen da sekula osatu.

Herri batekoa du gogoan Paulok:  Udaletxeko ziegan zuten atxilotuta herritar bat gerra hasi berritan. Aita ikustera joan zen semea, oraindik txikia.  “Ikus zak bai, gehiago ez duk ikusiko eta” esan zion zaintzaileak. Ez zuen aita gehiago ikusi ahal izan. Urbasako amildegitik bota zuten. Umeak, ziega-zaintzailearen esaldia gorde zuen betirako buruan.

 

- Bagenian apaizok, formazioz eta aukerez herriko hainbat gorabeheren memoria jasotzeko aukera, baina ez genian egin.

- Teologia eta filosofia asko baina ez gintiztean bizitzarekin zuzenean lotutako horrelako gaitasunetan hesi.

- Badiat horrelako hainbat auzoko gertakizun eta gertakizun jaso ez izanaren pena.

 

- Harreman handia  nian auzotarrekin, dio Ibonek, bakardadea hausteko bide bat zela baserrietara bisita egitea. Baina denak dik bere ertza. “Jauna, berori hemendik?” irribarretsu hartuko nindukean denean, baina ez ninduan sarriegi joaten baserrietara batez ere enbarazurik ez egiteko, batzuk etxeko lanetan eta besteak baserriko mila zeregin ezberdinetan, denbora lapurtuko nien beldur, dena utzi eta apaizari zerbait eskaini behar zitzaioan; gogoan dizkiat hainbat zaharrekin beheko suaren ondoan egiten nituen solasaldi luzeak; une horietan jasotako hainbat eta hainbat zertzelada jaso ezaren pena duk lehen aipatzen niana; asko zaindu behar nian nora nioan, ze gaiez hitz egin, egon zen zatiketa haren ostean alde bietakoetara bisiten oreka gorde behar nian.

- Nik bizpahiru egun pasa nizkian baserri batetan.

- Nolatan?.

-Amona hilzorian zegoela-eta deitu zidatean; badakik, elizakoak eman eta apaiza bertan zela behar huen ahal zela behintzat heriotza. Baserria urruti zegoan, eta bertan geratu behar izan ninduan ia noiz hilko: bizpahiru egun egin zizkian agonian.

- Nik ostera badiak geroztikako arantzatxoa bisiten inguruan: bahuen asko estimatzen nuen emakume bat, nik alde egin eta gero herri nagusira jaitsi zena alabaren etxera: honek esan zitean amak asko estimatuko lukeela bisita, baina bata dela eta bestea dela, nagikeriaz, zereginetatik eta lotsati samarra naizelako ere agian, ez ninduan joan, bisita egin gabe hil huen. Kosk egiten zidak joan ezak hor barrenean auzoko gomutaren bat datorkidanean. Askotan eta pertsona askorekin gertatu zaidak hori bera, lotsakorra naizelako-edo, ez dirudien arren.

 

Ume bat urreratu zaie, seguruenik bere aitona gogarazi diote, hitz jostagarri batzuk trukatu dituzte, gurasoek deituta alde egin duen arte.

- Zenbat ordu eman genien umeei, dotrinan, elizkizunetan eta hortik kanpo ere.

- Errespetu izugarria zor izan zieat beti nik  umeei. Geroaren misterioak eraginda agian. Geroa ezagutarazten denean, gerotasuna galtzen duk. Misterioa, hori duk geroaren erakargarritasuna. Horregatik zaizkidak kilikagarriak umeak, geroa direlako, eta geroak misterioa bilakatzen dituk.  Beraien geroan izan dezakedan eraginagatik zieat errespetua umeei. Hain duk moldaerraza ume bat. Zailena edo bihurrienena ere. Guretzat huskeria den zerbaitek, betirako eragina izan dezakek beraiengan. Zirrara eragin zidaan iloba batek: patinen ilusioa zian, garestiak hituen baina, eta amak ez zizkioan erosten; hain zuzen patin batzuk tokatu zitzaizkidaan zozketa batetan; harro eta pozik eraman nizkion; bere ametsa, baina, lau gurpilak ilara bakarrean dituztenak zitian gogoko, nireak, aldiz, betiko lau gurpilak binaka paraleloan zituenak hituen; ez zitzaizkioan, beraz gogoko; “ba horiekin konformatu beharko zara” edo zerbait antzerako esan omen nioan; oraindik gogoratzen dik gorroto, ezinikusi  edo antzerako niganako sentimendua sortarazi omen ziola nire erantzunak, eta luzaroan iraun ere.

- Ilobatxo bati buruzko bizipenak dizkiat nik gogoan, 15 hilabete besterik ez zituenekoa: denak zitzaizkioan lagun, denentzat zian irribarrea, ez zian mesfidantzarik inorentzat. Pentsatzen nian “ Orain arte denek hartu dute ongi, gizakiarengatik ez du ezer txarrik jaso, ez du zitalkeriarik ezagutu, giro maitekorrean hazi da, animalia maitekorra da beretzat gizakia, oraindik ez du gaitza ezagutu, horregatik maite ditu berak ere beste denak, mesfidantzak ez du beregan hazirik erein oraindik”.

- Buztina bezalakoak dituk nagusion eskuetan eta ez gaituk jabetzen gure jokabide xumeenak ere eragina duela bere etorkizunean.  

- Izugarrizko errespetua zieat umeei.

- Orduan ume ziren haietako batekin egin diat topo berriki. Jardunean atera hituen nire garai haietako umeekiko jokabide anker zamarrak, zigortu nituenekoa.

- Neskatila mantelina bila urritiko baserrira bidali nianekoa gogarazi zidaan.

- Jauntxokeriak ala arauen hizki idatziak gailendu duen sasi buruzagi, edo aginpideak menderatutako satrapa bat bezala portatzen gintuana tarteka, gaur egun emakumeei buruko zapia ezarrarazten dien musulmanen antzera. Ulertezina zaigu arabiar emakumeei buruko zapia debekatu nahi izatea garai honetan, edo/eta kritikatzen dugunean emakumeoi buruko zapia inposatzen zaiela, baina horretaraino heltzen huen apaizon jauntxokeria, aginpidearen gehiegikeria, edo arau batzuen inposaketa. 

- Ez zian gogorkeria gehiago aipatu baina, biziki eskertu nioan pasadizo gogaraztea. Nire kontzientzia kamustuegi zegoan nonbait eta ahaztuak nitian nire jokabide okerrok.  Kontakizunok oreka bat jartzen ziek nire oroitzapenei. Jada ez ditek  balio ez damuek ez antzerako ezerk, ez dik merezi kontzientzia txarrak ere, baina umiltasunez bizitzeko balio dik.

- Jauntxoak gintuan apaizok auzoetan, jauntxokeria askorik egiten ez bagenian ere.

 

Jasan beharreko errealitate inposatu bat garela gu bakoitza pentsatzen du Ibonek. Errealitate ia erabat ezezaguna gainera. Sekretu apur batzuk salbu, besteek badakitela  gutaz guk geuk baino gehiago, gure miseria bakoitzak ezkutatzen saiatuek oihartzun eta isla dutelako gure azaleratzean. Ez dakigula sekula besteek nolakoak ikusten gaituzten. Eskerrak!. Jasanezina litzaiguke bestela bizitza, are gehiago harremana. Uste du apaizen heziketa eta geroko apaizgintza eta bizimoldea abstrakzioan bizitzea edo egotea bezalakoa dela, kanpoko errealitateari ihesean. Beharrezkoa deritzo norbaitek egiak aipatuz errealitatera ekartzea.  Zimiko mingarria eragiten dio oroitzapenean, baina bere miseriak gogarazten dizkio, egun haietako bere jarrerak hausnartzera eramaten du,  gizakiagoa izaten laguntzen.

 

- Ez duk hainbesteraino, motel.

- Ez gintuan, ez, beti jauntxo.

- Elizkizunetan bai. Nire umeekiko zigorrak elizako portaeretatik zetozela uste diat.

Ez zitzaidan batere gustatzen umeak elizan barrezkoa edo jolasean ikustea; agian, elizaren eta elizkizunarekiko baino apaiza berarentzat errespetu faltatzat hartzen nuela uste diat. Barreka, txutxu-mutxuka eta zalapartatsu samar ibiltzen zirela: nola ez hituen ba aspertuko nire sermoi denboran, batez ere sermoiok nagusiei  zuzenduak izanik. Umea berenez sugandilen parekoa, berenez duk geldik egonezina, bizia.  Seguruenik aspertuta egonen hituen eta ez ziaten askorik behar barrerako, elizkizunean partaidetza handirik ez zuten seinale, nire akatsa beraz; elizkizun-partehartzaile ororen partaidetza osoa ez duen elizkizuna herren edo hankamotz zebilek. Abestiez, sermoi-gai interesgarriez, aldare eta  banku, bi plano horien arteko elkarrizketa edo erantzun zantzuko liturgiaz, ahalegintzen dituk apaizak, baina gehienetan, liturgia masiboak direnean ere, eliztarrak pasiboak dituk, ikuskizun bateko ikusle edo entzuleak,  parte-hartze  ahulekoak, meza entzutera joaten dituk ez Eukaristia bizitzera. Bizipen hori nian apaiz lanetan, erabat adoregabetzen ninduena; bizipen bera diat hiletaren batengatik familiako konpromisoz elizaratzen naizenean, nahiz orain ez naizen nahigabetzen, baina parafernaliaz gain ezer gutxi aldatu dela pentsarazten zidak. Aitortu behar diat elizaratu naizen horretan kontzientzia txarrez egoten naizela: ez nikek han egon behar elizkizunok fededunentzat behar diate izan. Apaizek bidali egin beharko gintuzkek fededun ez garenok, edo irteteko eskatu edo aholkua eman behintzat. Elizkizunok ekintza sozial bat direla pentsatuz zuritzen diat nire jarrera.

 

Eta ikasleak zireneko garaietan murgiltzen dira. Irakasle gehienek, ia orok, ikasleen memoria lantzen dute batez ere, memoriaz baliatzeko trebezia. Memoria bada izan, nolabaiteko jakituria. Baina ez dute lantzen sentimendurik, fintasunik, barne dotoreziarik, barne ahalbiderik.  Ez helburu nagusietariko edo nagusien bezala behintzat. Agian tarteka, fortunatzen denean soilik. Irakasleak ez ditu umearen barne aukerak  lantzen. Harri blokeak ebakitzen ditu soilik ikasgelako harrobian. Umea edo gaztea bakardade latzean uzten dute  bere barne aukerak tailatzeko lan eskerga zailean. Astuna, askotan garratza, da gazte eta umearen bakardadea: abentura bakartia gehienetan, zer lortukoaren zalantza. Irakasle, gurasoek zein orokorki nagusiok bakardadean utzi ohi ditugu gazte-umeok: lagunarte zaratatsuan murgildu behar dute askotan bere barne bakardade eta erantzukizunaren kezkari ihes egiteko.

 

- Ez huen erraza dotrina ematea;  Eskola Unitarioa edo Herri Eskola hituen auzo eta herri txikietako eskola haiek. Gela bakarra, adin guztietako neska eta mutil batera.

- Auzoan izan nian umeekin lehen ardura ofiziala: dotrina irakatsi behar niean. Zer eta nola irakatsi. Beti izan zitzaidaan buruhaustea, gerora ere. Garai hartan dotrinako liburuxka besterik ez zegoan, material bakarra, buruz ikasi behar zena, guk umetan egin genuen bezala. Euskaraz irakasten nien dena, zerbait huen hori maistra erdaldun bateko eskolan.

- Ez nian gogoko ezer buruz ikasaraztea, erabat azalean geratzen duk buruz ikasitakoa, ez duk mamitzen bizitzan. Ez dik indarrik edo eraginik heziketan,  bizitzan esan nahi diat. Irakaskuntza ez zagok bizitzan txertatuta, bizitzarako zerbait kanpoko baliagarri bat, itsatsia, hobekiago bizitzen lagunduko dion zerbait, baina ez bere bizitzako haragi izanen dena. Baina nik ez nekian nola gauzatu kezka hori. Nire sermoitxoa botatzen nien, ahalik eta modu asimilagarrienean. Baina hori seminarioko klase bat bezala huen.

- Ni abestien bidez ahalegintzen ninduan dotrina ordu hori eramangarriagoa egiten.

- Seminarioko esperientzia bat nian nik. ez zekiat zein gaiko klaseak ematen ziguan irakasle batek liburu bateko zati bat irakurtzen zigutean klase bukaeran, beti huen gai tentagarria, gainera irakurle profesional baten jitez irakurrita. Donostiako urteetan huen, mutil eginak ginen, baina irakurketa horren irrikaz egoten gintuan umeak bezala.

Zerbait antzerako egin nian dotrinarekin, baina ipuin bat irakurri ordez, abestiak irakasten nizkien. Uste diat dotrina orduaren zain egoten zirela, abestiak akuilu.

 

Ezagutu zituen bi maistrak datozkio gogora, euskalduna bata,  nagusia, ez zuen euskara menderatzen eta gazteleraz hitz egiten zien umeei; zamorarra bestea, gaztea.  Euskaldunak bazekien euskaraz, etxean ikasitakoa zuen, nolabait moldatzen zen, baina ez zuen hitz egiten,  abertzalea eta antifrankista porrokatua zen, hala agertzen zen bere aurrean, baina erdal herri girotik zetorren, ez zien umeei turik ere egiten euskaraz, gaztelera zein beharrezkoa zitzaien azpimarratzen zuen.  Egia da diktadura garaiko urte latzak zirela haiek eta kontuz ibili beharra zegoela; inoiz pentsa izan zuen bere edo familiaren ideiengatik zigortuta ote zegoen emakume hura auzo galdu hartan. Zamorarrak gaztelerazko abestiak irakasten zizkien. Ez daki politikoki zen pentsamolde zuen, ez zuten sekula gai politikorik aipatu. Baina euskarazko abestiak antidoto bat zirela uste du.

Gaur egun gehiago jabetzen da orduan baino, emakume haien merituaz. Gorenengo baserrian egon ziren biak apopilo, baserriko giro petoan, herri handi edo koskortuetatik urruti, sorterri eta ikasturteetako baliabide eta erraztasunetik zurtz. Auzo bakarti mendi zokoan kokatuan. Ordu erditik gorako bidea, aldatzean,  gurdibidez baserritik eskolara. Behiek lokaztutako bidea euria zenean. Ez dakit bokazioa, halabeharra edo nonbaitetik hasi beharra, eskalafoiko lehen pausoak,  baina gogora behar zuen beraientzat baldintza haietan eskola ematea.

 

- Jauntxoak ginela aipatu duk, baina nolako gabeziak gureak ere. Gogoan diat apaizetxeko alboko baserria nola erre zen. Suertez ez huen erre apaizetxea ere, auzotarrak teilatura igo eta teilategalera baldekada ur boteaz, lortu ziaten apaizetxeak surik ez hartzea. Baina noan harira. Familia osoa geratu huen soinean zeukanarekin bakarrik, hutsik zegoen baserri baten sartu hituen: hura huen nire ezintasuna!, benetan mingarria huen; Caritasetik lortu nizkien arropa batzuk, gestio batzuk egiten ere lagundu nien, baina egoera gorrienean geratu eta ezer ezin egin, neuk ere ez nuelako ezer eskaintzeko.

- Niri aldiz eliza erre zitzaidaan, gabon jai batzuetan, jaiotzako zirkuitulabur batek eraginda. Urte batzuen boladan berritu genian eliza. Eta jauntxokeriaz ari garenez kontatuko diat eliza berreraiki ondorengo alkatearena.

 

Frankismo garaia zen, alkatea, beraz, gobernadoreak jarritakoa.  Eliza eraikin publikoa zela eta argi-kontagailua udaletxean jarri zuen, argi gastua eta argindarra bertatik kontrolatzeko. Hala izatera, argi-gastua elizak ez zuela ordainduko tematu zen apaiza, ordaindu zezala udalak. Argindarra moztea izan zen erantzuna. Beraz ilundu ondorengo elizkizunak kandela argitan egiten ziren, hiletak barne.  Hara non hiltzen den alkatearen ama. Argia eman zuen hileta elizkizunerako, baina bukatu bezain laster berriro kendu.

 

- Alkatea, hura bai huen jauntxoa.

- Jauntxoak izango gintuan, baina konfiantza ere sortzen genian herritarrengan.

- Bai, etortzen hituen aholku eske, batez ere testamentua zela eta, nola egin banaketak.

Edo bestelako paper ofizialak ulertezinean laguntza eske, zerbait ulertzen ez zutenean; orduan ez zegoan gaur egungo kontsultategi eta aholkularitzarik. Bestelako kontsulta teknikoagoak: herentziak, norbaitek eginiko kalteren bat, dokumenturen baten esanahia edo zergatia, auzi edo liskarren baterako iritzia, … gure jakituriak, ahalmenak edo zentzuak agintzen ziguan erantzuna edo iritzia emango genioan.

- Konfiantza ziaten apaizarengan.

- Konfiantza edo auskalo zer. Kontatuko diat gertatu zitzaidan gertakizun bat.

 

Ikusi zuen medikua zetorrela goialdeko baserriren batetik. Zain egon zitzaion apaizetxe aurrean, nor ote zegoen gaixo. Halako delako baserrian. Gizon adinekoa. Agertu zen gero apaiza baserrian. Alaba aurkitu zuen sukaldean. Aita ohean zegoela eta igotzeko, sabelaldeko min batez kexatzen zela, botika bat agindu ziola osagileak, anaia joatekoa zela botika bila basotik heltzean. Elkarrizketa hasi bezain laster hara non agertzen dion gaixoak gezurra esan diola medikuari, lotsatu egin zela zeukan gaitza agertzen: barrabilak zituen handituta. Sukaldera jaitsi, eta alabari esan zion deitu ziezaiola berehala anaiari, medikoarengana joan eta egia esateko. Berriro ere atera zitzaion ataurrera osagileari. Lehenengo etorraldian aitortutako sintomen arabera agindu zizkion botikak, hain zuzen behar zituenaz kontrakoak omen ziren. Bost bat kilometro motorrean, ordubete luzeko oinezkoa gurdibidez egin zituen bi aldiz. Etsipenez  baino, pazientziaz hartua zuen bisita bikoitza. Ez omen zen lehen aldia horrelako zerbait gertatzen zitzaiola baserrietan. Kontatzeko daude ere mendi-auzoetako medikoen historiak.

 

- Zenbat horrelako edo antzerako

- Kontatuko diat beste bat.

 

Berarekin ondo konpontzen zen gazte batekin hizketan, neska bat zuen oso gogoko aipatu zion, enamoratua zegoela esango zukeen beste batek. Baina  ez zen ausartzen  neskari bere sentipena agertzen. Apaizak berak mutilaren sentipena neskari agertzea eskatzen zion. Ez zuen lortu berak esan behar ziola konbentzitzea. Esango ziola ba, apaizak. Hitz egin zion neskari. Neska, baina,  beste mutil bati berriki hitz emana zen.  Zirraragarria izan zitzaion mutilaren geroagoko aitormena: min fisikoa sentitzen zuela paparrean ezezkoaren ondoren, sosegatu ezineko urduria, mina, ezinegona, amorrua ere, sentipen kontrajarri sakonak… Neskak utzi egin zuen mutila. Apaiza joan zen mutilarengana: “neska libre zagok, ezin duk aukera hau galdu, baina oraingoan bai, heuk esan behar diok, nik ez diat errekadurik egingo”. Hitz egin zion mutilak neskari, eta bere bidetik joan ziren gauzak.

 

- Psikologo lana ere egin behar izaten genian bai.

- Konfesategian ez ezik hortik kanpo ere, baina batez ere konfesategian.

- Hasi berri utopikoak gu. Aitortza sakramentu bat zela, Kristorekin elkartzeko une berezi bat eta antzerakoak esplikatzen ahalegintzen gintuan, baina hau ez zian inortxok  ulertzen, teoria orokor bat huen, zertara zetorren ulertzen ez zutena, eta egunerokotasun arduretatik urruti gelditzen zena. Bekatuak uste ziren haiek barkatzea huen helburu nagusia, Jainkoaren zigorrik ez jasotzeko. Etsigarria  huen, apaizon ahalegin errepikagarri eta aspergarria.

 - Bekatuen aitortza huen gutxienekoa. Zer hituen ba bekatu denak edo gehienak. Huskeriak . Benetako bekatuak, oker potoloak alegia, ez hituen herriko apaiz ezagunari kofesatzen, kanpoko bati edo santutegiren batera joaten hituenean  baizik.

- Zenbait pertsonekin psikologo  benetako lana egin behar genian, baina zeharka-edo:  batez ere entzun, eta kontseilu lasaigarriak eman. Bahituen pertsonak, emakumeak batez ere, barrena hustu behar zutenak eta konfesategia baliatzen ziaten horretarako. Agian ez zuzenean baizik bigarren esanahi bat zuten egoerak kontatuz: arazo pertsonalak, familiakoak, senarrarekikoak, ausokoarekikoak. Sarri eskrupuloak, auskalo ze apaizek, bekatua gora eta infernua behera,  desorekatuta utzitako pertsonak. Pazientziaz entzun, esan nahi zuena kanporatu zezala, ahal bazen eta egoki bazetorren aholku bat eman, … eta lasaiago bazihoan, hobe.

 

Amonatxoarena kontatzen dio: baserri urrutikoa zen, tarteka soilik etortzen zen, meza aurrean. Beldurra zion amonari, ilara egon ohi baizen konfesatzeko, meza-ordua ere gainean, eta luzatu egiten zen gure amona. Bere barnea hustu beharra ekartzen zuen: etxeko gorabeherak, erreinarekikoak, … psikologo gela bat bihurtzen zen konfesategia; entzun soilik egiten zion, eta nahiko denbora joan zela uste zuenean hiru agur maria errezatzeko esan eta bidaltzen zuen. Hurrengora arte lasaiago joaten zelakoan dago. 

 

- Bazagok kontu bat gure arteko solasaldietan ere ia aipatu ere egiten ez geniana, ezta izaten genituen bilera eta elkartzeetan ere. Hileroko bilkuretan bertan ere aipamen teoriko orokorren bat, eta kito. Serioski ukitzen ez geniana, ez behintzat betiko txiste,  ipuin, erraizun  edo gertakizunen batez harago.  Sexu kontua. Nola moldatzen ginen  bakoitza bai sexu arazoez, bai maitasun edo emakumeekiko sentipenei buruz.

- Hala duk: eta arazoak bagenizkian, sexuak bere legeak dituelako, baita emakumeekiko grinak edo berezkotasunak ere.

- Bakoitzak nire ustez konfesatzen zen lagunarekin konponduko zizkian arazoak.

 

Luzatu egin dira sexu kontu horrekin. Orain askeago sentitzen dira hitz egiteko, gaia tabu izateari utzi ez badio ere naturaltasun handiagoz aipatu daiteke:

Ez du inork apaizen kastitateaz sinesten, sekulakoak eta bi ere asmatu izan dira, inork frogatu ezin dituenak, eta  gezurtatzea alferrikakoa dena: halako apaizek bi seme zituela eta halako baserritan bertako seme bezala daudela kontatu izan zioten biotako bati berak jakin arren esamesa besterik ez zela, ... Inork ez du apaizen kastitateaz sinesten baina apaizen baten gona kontu benetakoak suertatzen direnean sekulako eskandalua pizten zen, eta oraindik pizten da.

Apaiz asko sekulartu da. Ikergai interesgarria litzake zein izan da apaizgoa uztearen zio nagusia: maitemintzea, sexua, bakardadea ala fedearen porrota. Lehen hiru eragingileok, sarri laugarrena ere, daude seguruenik elkarlotuta. Egia da gaur egun erraza dela sekulartzea;  lehentxeago prozesu zaila eta luzea zen; antzinago legenardun bat bezala markatuta uzten zuen pausoa zen. Izugarrizko drama pertsonalak egon behar ziren kleroan, arrazoi bata edo bestea dela, sotana utzi nahi eta ezinaren inguruan. 

Ez zen beti erraza emakumeekiko tira hori gainditzea; gainera emakume eta neskekin tratu sarria eta intimoa ere, intimoa ez sexu kutsuko harremanengatik, baizik  beraien era guztietako arazo askoren gordailu zirelako. Pentsa nahi dute gaur egungo apaizak gaindituta izanen dutela beraientzat tabua zen emakumeekiko sexu harremana; baina isilgordean ibili beharko dira gaur egun ere, oraindik ez delako onartua; gutxienez ez dute eramango behintzat bekatuaren zama; masturbatzearena irtenbide logikoa eta morala izanen al zaie. Beste gauza bat da zelibatoa, apaiz izan eta aldi berean ezkondua, ezinezkoa da gaur egun, baina luzeago baino orainago espero dute posible izanen dela, elizarentzat ongarria, eta askori lasaitasuna eta bizipoza ekarriko diola, lanerako kemena ere handituko.

Beraien garaian sekulartzea ia ezinezkoa zenean, elizak ia inoiz onartzen ez zuelako, edo herriak begi txarren ikusten zuelako, zein zen apaizgoa utzi nahiko zutenen jarrera eta jokabidea?. Ez dakite. Ez dute ezagutu kinka horretan zegoenik, baina ziur daude egon zeudela, seguruenik inguruko lagunen artean ere. Agerikoa egiten bazen arauz aurkako  sexuzko jokabideren bat  Gotzaindegiak herriz aldatuko zuen apaiza, herriak isilduko zuen, ... agian horrelako gertakizunetatik dator apaizek zelibatoa gordetzen ez dutela eta emakumeekin dabiltzanen fama. Edo agian gizon ezkondu edo ezkongabeen maitasun eta sexu arazo propioengatik, ezinezkoa iruditzen zaielako gorde daiteken zerbait dela kastitatea, ezin dutelako onartu mental eta fisikoki hezi daitekeela  gizakia sexurik eta emakume gabeko bizitzara. Ezkondu zein ezkongabe beraien esperientzia etsigarria egon daiteke apaizenganako sexuari buruzko jarrera ezkor horretan.

Elizak jarritako zigorrek adierazten dute hor zegoela arriskua. Bekatu mortalean ezin zen mezarik eman, masturbatzea bera bekatu astuna zen; bestalde herritxo batean ezin zenuen meza ematea utzi, igandean batez ere,  beraz masturbatzen bazina apaiz bila joan behar zinen, aitortzera, eta ezin bazen, damua erakutsi behar zitzaion jainkoari  meza aurretik, meza bekatu astunean zeuden kontzientzia txar jasanezinarekin eman, eta ondoren lehenbailehen apaiz bat aurkitu. Egoera pertsonal larria zen. Kriston dramak.  Gauez hazia berenez isurtzen zenean, baina esnatu eta azken uneko plazera sentitu, askori geratzen zitzaien duda plazer hura onartu zuten ala ez. Kafkianoa dirudi guzti honek, askok barre ere eginen dute, baina egoera erreala zen, arazo izugarri latza askorentzat.

Oraindik latzagoa zen emakumeekin eginiko hutsegiteak: zuk ezin zenuen emakume hori konfesatu bion arteko harremanik izan bazen: eta musu emate soila bekatu mortala zen!. Emakume edo neska hori ezin zen beraz zurekin konfesatu, auzo sakabanatuetan ez zen erraza herritik irten eta apaiz bat aurkitzea, jaunartze maizkoa bazen eta igandean jaunartzen ez bazuen erraza zen besteengan galderak piztea, are gehiago apaizarekin tratu hurrekoa ohi zuen emakume bat bazen… Emakume hori konfesatzeak zigor izugarri gogorrak zituen: automatikoki meza emateko eta inor aitortzeko lizentziarik gabe geratzen zinen, ezin zenuen mezarik eman ez konfesatu. Automatikoki, inongo epai edo zigorrik gabe. Gainera bekatu hori Gotzainak soilik barka zezakeen, eta Erromako baimenarekin soilik. Drama izugarriak bizi izan ziren.

Beraz, neurriok darakuste  arazoa egon bazegoela,  eta noizbait arazo maiztua eta hedatua egon zela.

 

- Eta heu, zerk eraman hinduen apaizgoa uztera?.

- Ez naik hasiko aitortza publikoa egiten, baina bai, arazoak izan nizkian apaiz jarraitzeko.  Ministerioaren antzutasunak arrakalatu zian lehenengo nire apaiz lanerako grina, nire sermoiek, nire aholkuek, nire era guztietako lan eta ahaleginek ez zitean eraginik nire eliztarrengan, bere bizitzak berdi-berdin jarraitzen ziaten, ez nian eraginik gizartean; bestalde eliza oztopo huen beste jarrera erradikalagoak hartzeko; aldaketa ideologikoa ere etorri huen gero, aurrekoaren eraginez ziur aski, jendearen alde, herriaren onerako beste bide batzuk eraginkorragoak zirela, alegia; horrek bai seminarioko eta bai ondorengo dogma guztiekiko krisia ekarri ziaten, fedea ahuldu lehenengo, galtzea gero; eta guzti horrekin batera maitasun, sexu eta sentimenduen krisia mamitzen joan huen, ideologiak porrot egitean kastitatea eta zelibatoari eusteko bizipozaren porrota etorri huen. Maitasun eta sexutik baino, edo haina, edo batera, funtzionatu ziaten zergatiok. Nolanahi hiru planoak biltzen dituk  azkenean, edo batera biltzen zoazak.

 

Aipatzen dute apaiz asko aitortu izan zirela beraiekin, eta emakumeak eta sexua ez zirela apaizon arazo nagusia. Agintekeria, gailenkeria, nagikeria, zekenkeria, norberekoikeria, … eta horrelako bekatuak ziren okerrenak, sekula edo gehienetan aitortzen ez zirenak, errutzat hartzen ez zirelako, baina kleroaren bekatu nagusiak zirenak.  Ez dute ukatzen tarteka norbaitek laprast egingo ez zuenik emakume gaietan, ukitu edo laztanen bat, zirriren bat, kanpai-jotzeren bat, desioa, ... baina ez zela objetiboki hori apaizen arazo nagusia, nahiz subjektiboki izan.

Ez dute gogoratzen emeekiko bortxakeria edo gehiegikeriez buruz ageriko ezer egon zenik.

 

- Hik nolabait konpromisoa aipatu duk, nolabait herrian eragitea. Gure garaian batez ere, bizimodua norberak lantegian  irabaztea huen konpromiso horren adierazpen handiena. Baina oso gutxi izan hituen bide hori hartu zutenak. Etsenplua huen jendearentzat, baina dudan jartzen diat eragin handirik zuen, ez eliztarrengan ez gizartean; liderra izan behar duk eraginkorra izateko, eta hori ez dik ematen apaizgoak, berezkoa izan behar dik, nahiz landu daiteken.

- Ez diat uste gaur egun ere egoera aldatu denik, apaizak apaiz lanetik soilik bizi zarete gure garaian bezala.  

- Hala duk bai.

- Herriak ordainduta, nahiz altxor publikotik.

- Lan publikoa egiten diagu.

- Baita beste erlijioetako buruzagiek ere, baina ez diate laguntasunik jasotzen.

- Eztabaida luzea zagok gai honetaz.

- Nolanahi, eragin gehiago izan genian egoera soziopolitikoan. Jendeak ere horretan elizako gauzetan baino kasu gehiago egiten zigutelakoan nagok.

- Gogoan duk 332 apaizen dokumentu hura?.

- 334 izan gintuan, zeren hik eta Josek ere izenpetu zenuten, baina berandu heldu hituen zuen firmak. Neurea ere ozta-ozta heldu huen, zerrendako azkena izan ninduan.

- Probintzia bazter batetan bizitzearen ondorioak, urruti eta harreman gutxirekin gainera, ez ginelako ibiltari edo ipurtarinak agian, geureari lotuegiak seguruenik.

 

Gogoratzen du  auzoko semea eta inguruko auzo bateko apaiza zena azaldu zitzaiola behin jaiotetxera etorri zen batean. Uste du kezkaz etorri zitzaiola nola erreakzionatuko ote zuen, ez baitzuten sekula elkarrekin politikaz hitz egin. Apaiz talde batek frankismo edo diktadura salatuz  atera nahi zuten dokumentu bat erakutsi zion, izenpetuko zuen galdetu, jaiotetxetik bueltan etorriko zela erantzun bila. Gogoan du sekulako arnasa eta poza hartu zuela, egoera politiko zapaltzaile haren aurka zerbait egiteko aukera zuelako.  Gehiago luzatu gabe, kanpoko atean bertan izenpetu zion.

Hurrengo egunean bertan alboko bi parrokietako apaizengana joan zen firmatuko ote beraiek ere: ez zekien zein erantzun izango zuten, baina beraiekin zintzo jokatu behar zuela uste izan nuen, lagunak zirelako, ezin zien ezkutatu zer zerabilen tartean. Biek izenpetu zuten ezbairik gabe. Ahalegindu zen lehenbailehen firmok bidaltzen baina berandu heldu ziren.

Izugarrizko ekaitza sortu zen: egunkarietako lehen orrialdea eta barneko hainbat orri bete ziren aferarekin, Gotzainak, frankozale amorratua, meza eman eta aitortzak egiteko baimena kentzearekin mehatxatu zituzten, batzuei zigorren bat eman ere bai.  Ekaitza baretuz joan zen, askenez  bertan behera geratuz.

 

- Gogoratzen nauk bailarako apaizen artean sortu zen zurrunbiloa. Jakin nahi ziaten nortzuk izenpetu zuten, dokumentuak zer zioen. Baziaten gure artean ere egonen zela sinatzaileren bat sospetxa. Dokumentua eraman genien bilera batetan, izenpetu genuela esan eta irakurri genien, gogoratzen?. “Errazoia duzue” izan huen denen erantzuna. Baina ez zekiat firmatuko zuten garaiz eskatu izan bagenie.

- Antifrankistak gintuan, nik uste, denok, ez zekiat zenbateraino abertzale, ez baikenian politikaz askorik hitz egiten.

- Dokumentuaren ondoren, publikazio bat argitaratzen huen, gogoratzen haiz, erabat klandestinoa; eskuz esku banatzen genian, batez ere izenpetzaileen artean; orri berdeak hituen, aldizkaritxoa, eta diktaduraren  gehiegikeriak eta eskubide zapalketen berri ematen zian, salatzen eta gaitzesten. Biziki irrikaz egoten gintuan orri berdeon zain.

- Hori izan huen nire diktaduraren aurkako lehen pauso ekintzailea.

- Nik altxor bat bezala gordeta izan nizkian aldizkariok. Askoz gerora, ia oraintsu, lagun  batek eskatuta apaizoi buruz lan at prestatzen ari zela-eta, utzi nizkioan. Utzi nioan nire altxor berdea. Ez zidaan sekula itzuli, eta ez nian gehiago bere berririk izan. Hola galdu huen nire altxor berdea.

- Dokumentua ekarri zidan apaiz hura gerran ibili huen, behartuta, andari edo erizain-laguntzaile lubakietan. Aipatu izan genian idatzi behar zuela esperientzia  hari buruz, egoera hura azaldu. Baina ez zekiat ezer egin zuenik. Hil huen. Oso gutxi idatzi duk, idatzi zitek protagonistek, edo argitaratu duk, frontean ibili ziren apaizgai haien bizipenez. Frontean apaiz lanetan ibili ziren apaizez ere. Historiaren zati interesgarri bat galdu duk. Nolanahi  beti gogoratu diat esker onez eskaini zidan aukera hura, nire geroko bizitzarako erabaki erabakigarrietan lehen pausoa izan zelako

 

- Garai hartan bakarrik bizi hintzen, pisu etxebizitza batetan, norekin bizi haiz orain.

- Arreba batekin, jubilatu huen eta elkarrekin bizi gaituk.

- Ni emaztearekin bizi nauk, noski, baina neu ere arrebarekin bizi izan ninduan auzoan egon nintzen bost urteetan.

- Batzuk apopilo bizi hituen baserriren batetan, beste batzuk familiako bat eramaten ziaten laguntzaile: izeba, arreba, iloba, … ba hituen ere emakume fixoa zutenak; txiste batzuk gorabehera ez huen egoten esamesa handirik emakume bat zutenei buruz. 

- Amakasa deitzen ziotean.

- Nondik eta nola sartu ote huen gaztelerazko hitz hori euskaraz egiten zen garaian.

 

Antzinako gomutan murgiltzen da berriro Ibon. Aipatzen dio bera baino lau urte nagusiagoa zela arreba, ezkongaia eta ezkongairik gabea. Bizitzan asko ikasia: hamalau urterekin joan zen baserri batera eskola urruti zegoelako inguruko baserrietako umeei eskola ematera; lau urte egin zituen, ez zen ia etxera etortzen, ez baizen erraza egun bateko irteera baserri urrun hartatik. Bainuetxe batean egin zituen urte asko harrera harremanetan: aberatsen zurikeriak, eskuzabaltasunak, zekenkeriak eta ustelkeriak ezagutu zituen.

Egin zituen lagunak auzoan, bera baino gazteagoak baziren ere. Igande eta jaiegun arratsetan lagunekin joten zen trenez inguruko herriren batera. Jostun ona zen eta josten erakusten zieten nahi zuten neskei, abade-etxean bertan, sukaldean. Doan, noski. Beretzat ere lagungarria zen auzoko nesken konpainia, bakardadeari eusten laguntzen zion, deserriratze hura eramangarriagoa egiten. Sarri samar atera behar zuenez ordu asko egin behar zituen bakarrik. Berandu etorriko zela zekienean, batez ere neguan azken trena gauez izango zen,  bakardadeko inguru ilunpe hartan geratzea gogorra egin behar zitzaion: horrelakoetan berarekin josten ikasten zebiltzan neskak geratzen ziren konpainia egitera. Bazuen lotara baserri batera joateko aukera, denak neskak, lagunak, … baina nahiago zuen etxean egin gaua. Egunetarako ateratzen zenean anaia, jaiotetxera joaten zen, ama eta familiarengana.

Baina halabeharren batengatik berandu etorri zen egunak ere asko izan ziren: ezin zitzaion abisatu ez baitzegoen telefonorik auzoan, eta bakardadean egon behar izaten zuen. Ez zion aitortzen, baina beldur asko pasa behar zuen, etxe handi hartan, beheko oiloen zaratak, kanpokoak ere bai, … gogorra izan behar zuen. Ahalegintzen zen garaiz etortzen, baina behin baino gehiagotan lagunartean berandura arte geratu zen kontzientzia txarra duela aitortzen dio lagunari.

 

 

- Urte polit bezala gogoratzen dizkiat haiek, ez diat esango zoriontsuak, lasaiak ere ez, esperientzia gutxiagatik edo, baina han heldu gintuen pertsona bezala, 12 urte apaiztegian egin ondoren,  gure burua hainbat jakingaiez hornituta, inola ere ez hainbeste bizitzarako hezita, genituen urteak baino gazteago heldutasunez, … asegarriak ez baina emankorrak izan hituen urte haiek.

- Gaurko esperientziarekin bai izanen hituen gozagarriak.

- Ez huen faltako arantzarik lorategi horretan ere.

- Orduko arantza zenbait geratu zaidak nolanahi niri, eta tarteka ziztatzen naitek.

- Esaterako?.

- Sermoiak gazteleraz egin izanaz  lotsatzen nauk; euskaraz egiten nian normalean, baina familia erdaldun bat bakarra zegoela-eta egiten nian gazteleraz ere.

- Ez huen erraza euskaraz egitea, teologia, filosofia eta giza-zientzia asko, baina euskaraz analfabeto atera gintuan herri euskaldun batean murgildu behar ginenok. Bakar batzuk bere kasa landu ziaten euskara, baina gehienok ez genian jaso ez klase ez ordu bakar bat ere euskarari buruz.

- Elizaren kontraesan esanguratsuenetariko bat.

- Eta hori  apaiz-irakasle asko abertzaleak zirela.

- Baina gotzaina eta berak jarritako buruak ez.

- Luzea huen frankismoaren besoa.

- Luzea eta sakon eragiten zuena.

 

Herriko ohiturak, gertakizunak, entzundakoak, hainbat istorio, … baldintza berezietan bizi zen gizarte berezi baten altxor bizia jaso ez izanaz luzatu dira. Apaiza ba zen izan lan hori egin zezakeen pertsona gaitu eta aproposa, baina ez zekarten kezka hori, jainkotasuna zen erein eta landu behar zen hazia; altxor horiek jasotzeko zergatia eta zertarakoa ere ez zen bizi edo ez zen ikusten, eta altxor handi bat galdu zela uste dute, beraien erruz, baina baita ere  eman zieten heziketarengatik, kamuts geratu zitzaien mota horretako sentiberatasunagatik. 

 

 

Luze jarraitu zuten oraindik tertulian. Hurrengo urterako jarri zuten hitzordua eta besarkada batez banatu ziren, oraindik oroimenen lurrinez bilduta.

 

 

 

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.