Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/02/23 09:05
Auzoa. 8. Baserrira bidean

Baserrira bidean

 

 

Gaua luzeena eta eguna motzena duen garaira heldua da jada urtea, Albertok gogokoago du erdi horren beste ertza, gaua berandu hasten den hura, udaberria bukatu eta uda hasten dena, egun-argiz egiten baitu orduan gaurko bide hau bera,  tailerretik baserrira datorrenean, lasaiagoa da izan orduan etxerakoa, ez gaur bezala; ikusi ahal du orduan non jarri oinak, auzoan ez dutenez errepiderik, gurdibidea delako etxera daraman bidea, “errepide estuena ere autopista bide honen ondoan, edukiko al diagu egun batez asfaltozko zorua”, baina oraingoz betiko gurdibidearekin konformatu  besterik ez du; hori da auzora bide nagusia, harri-lauzaz egonkortutako zoruduna, lokatuak asko gurdi-gurpilen pisuaz, zeri gaur ez dion garrantzirik ematen, ateri egiten duelako, egun eguzkitsua egin du gainera, egun bustietan, aldiz, gutxiegi ditu bi begiak, zoruan inkatuak biak, putzu argitsuak harri zapal itxurako jitea hartzen baitute lauzok,  zeinak oina jartzeko tentagarriak diren, zapal argi itxurazko engainagarriak,  beraietan oina jarriaz bat, beranduegi, jabetzen zara putzu bat dela ilargipean dir-dir harri  leun mozorrotuta, bideko harri bakoitza banan-banan ezagutzen duzula uste duzun arren beti dago bat egun horretan iruzurtuko zaituena; halako egunetan bota handiak daramazkizunez ez zaizkizu oinak bustiko baina bai praka-barrenak erabat ur lokaztuez zipriztinduko, garbitzeko zailak ez ezik ia orban kenezinez desitxuratuak geratuko zaizkizula; lasaiago doa, beraz, gaur Alberto, lehorra dago bidea, oinetakoak blai jartzeko beldurrik gabe, ez da bustiko, baina kontuz ibili beharko du txorkatilarik ez bihurritzeko, horregatik darama pauso geldoa, uneoro lurrera begira ez joateko, zerura begiratu nahi baitu, “ia gaur sputnik deritzoten ipurtargi ibiltari horietako bat aurkitu ahal dudan”, orduro, eguzkia goizean bezain orduko edo puntual agertzen baizen ez aspaldiko garai batez, ezin igarri izartxo bat ala zer zen, zertarako zen ez zekiten deabrukeria zirudien asmakizun hura, dir-dir zerua alderik alde zeharkatuz, hain goian eze eguzkiak argitzen omen zuen ilargia bezala ispilua bailitz; berak ez zuen sinetsi horrelakorik izan zitekeenik ere Aitorrek,  eskola-mutila bera, eskolatua ere, saloian behin aipatu zuenean delako zeruko ipurtargi ibiltaria, eskolan eman zietela horren berri zioen eta ikusi ere ikusten zuela berak baserriko ataritik; “nolako ziriak sartzen dizkizuten” barre egin ziotela du gogoan, eta “-zuek, inozoak, sinetsi- irri egin genioan denok”, baina  garagardo bat trabes jarrita, atera ziren kanpora, gaua zen, Aitorrek bazekien ze ordutan pasa ohi zen, eta, “han, begiratu ondo nola mugitzen den”, “auskalo zer den”, “edozer izan daitekek”, eta antzerakoak zioten besteek, “ordubete barru hor agertuko duk berriro”, “bai zera”, eta garagardoak jokoan, atera ziren ordubetera eta “zintzo demonio, ez zian hutsik egin izartxoak”; eztabaidak, zalantzak eta sinesgogortasunak luzatu zuten saloialdia eta hirugarrenez ziurtatu zuten, ebidentzia, ez zuela hutsik egiten errusiar tramankuluak, sputnik izenekoak, ez zaio ahaztu harrezkero izena; oraindik, gaur egun ere, izartegira begiratzea du gogoko, beste antzerakoren bat aurkitzen ote duen, irakurri baitu itzali zela delako sputnik hura baina hainbat direla hor goietan biraka, “eta gu hemen artoa noiz erneko esperoan”; non eta noiz erori ote zen sputnik hura bururatzen zaio, eta burutapenak elizako ganga gainetik ia erori zenekoa dakarkio gomutara, korupeko eta aldarakoez gain kupula erditik zintzilik bonbilla ziztrin bakarra zegoela elizan-eta “argi-armiarma jartzea ez zian ba erabaki herriko apaizak, argi egiteko baino eliza dotoretzeko, lustre puska bat emateko izango huen” dio berekiko, eliza txukunagotu nahian alegia, nahiz auzoan egon bai baitzegoen zionik, transformadorerik ez zegoenez, elizkizunetan argiteria hura pizten zenean, auzo guztiko bonbillak bihurtuko zirela ipurtargi,  bonbilleria hark xurgatuko zuelako zentraletik zetorren argindar gehiena; nolanahi ez zuen eragin handirik izan kezka horrek, gauez ez baitzen elizkizunik eta apaiza ez zen ordu ilunetan elizan berandutuko; argi-armiarma jarri zuen argindar gaietan trebea zen auzotarrak eskatu baitzion lagunduko ote instalazio lanetan, “baietz esan nioan, nola ukatu”; bobeda gainera igo, bertan zegoen kable-zuloa handitu, soka bota, argi-armiarma zintzilikatu eta finkatu ondoren argindar-kable  hariak indar-hari nagusiari lotzea zen bere eginbeharra; abentura bat ere bazen beretzat; igo zen, beraz, bobedara korutik dorrerako eskaileran gora eginez: ataka batetik agertu zitzaion ganga gaina eta teilatupea, non gurutzatzen zen ganga eta teilatua eutsizko zureria,  haga eta habe sendoak, hormetan eta beraien artean, bata besteengan, bermatuta, kupularen gurutzeria eusgarria osatuz; “habe gainean egin behar nian bidea oreka gordez ganga-gain erdiraino”, non ganga gainean heldu ahalko zion teilatuko haga eusten zuen habe bertikalari segurtasuna  ziurtatuz, hamar bat metroko ibilbidea berrogei zentimetroko zurezko pasillo meharrean; laprast baten ondorioz ganga zulatuz  elizako zoruan bukatuko zuen bere gorputzak, seguruenik biziak “adio” esanen zion mundu honi edo “kaixo” ospitaleari, zeren barrutik sendo itxuraz ikusten zen sabai kurboa, zenbait elizatan ikusi ohi zen harrizko ganga sendoaren alderantziz, kareoreari eusteko lain soilik zen oholtxo fin sarea besterik ez baitzen, beraz funanbulu dohainak erakutsi behar zituen ikuslegorik gabeko zirku emanaldi hartan; “gaztea hintzen, ausarta, buru-loka samarra ere”, nolanahi, tentuz, oinak non jarri arduraz, soa habe gainean soilik,  ekin zion alanbre fina zeritzon han goietako eusgarririk gabeko zurezko korridore ezin estuagoari; bazihoan, pauso laburrez, oinak ia tarrasean, gero eta segurago, lasaiago ere, haga bertikalari heltzeko esperantzan, bihotz taupadak gero eta nahikoa lasaiago; buruan kilima antzerako zera sentitu zuen arte; orduan soilik otu zitzaion gorantz, teilatu azpira, begiratzea, “izutu ere egin hintzen lehen unean ikuskizunarekin”, maindirea zirudien geruza  beltz bat besterik ez baitzen burugaina, teilatu azpia; harridura eta izua; ozta eutsi ahal izan zion orekari, laprast eginen ote ere, buruak esan zion arte, eta begiak ziurtatu, saguzarrak zirela, ilunabarrean eliza-bueltan zurrunbiloan, ateratzen ziren ehunka edo milaka saguzar kontaezin guzti haiek teila-azpiko latetan buruz bera hanketako erpetatik zintzilik, egunezko lozorroan, loaldian agian, gaueko ehizaldiaren esperoan; “aurre egin behar zioat” zioen berekiko, pauso urduri batek labainkada baitzekarkion, ondoren han behean aurkituko zen, sekulako zirrara eragin zion arriskuaz jabetzeak, ez baitzen izan ere nolanahikoa; urduritasunari saihets egin eta aurrera egin izanaz pozten da, beldurrak aienatu zitzaizkion, pausoak arindu zituen eta heldu zen erdiko haga bertikal hartara, non arnasa hartu, saguzar aldrari begiratzeko ikusminari jarraiki, izua ikuskizun bilakatu zitzaion; egin beharrekoak eginda, lana beteta, burua makurtuta  egin zuen itzulia, kito; hasitakoa bukatzea legea denez, lana bukatu behar zen, beraz hara gora itzuli behar izan zuen zenbait zertzeladari bukaera emateko; “ohitu ere egin hintzen saguzarren konpainiara”, itxura lasaian edo lo jarraitzen baitzuten saguzarrok, zalapartarik gabe hurrengo bobedara  sarraldiotan; lagun lasaiak ere bihurtu zitzaizkion, merezi izan zuen gainera ganga gainetiko abenturak  herri jaietako izar bihurtu baizen lanpara,  “egun ederra izaten huen  herriko zaindariaren jaieguna”, meza garaian behintzat; pobreak ezer gutxi behar baitu aberats edo ez-pobreago sentitzeko, zintzilikatutako bonbilla zurtzaren ordezko argipean brist egin zuenean kristal txataltxoko multzo hegalariak herriko jaietako ospakizunean, meza nagusian alegia, egun hartan, elizkizuneko parafernaliaz gaindi, argi-armiarma izan baitzen eguneko interesgunea, denbora gutxirako, baina, meza ondoren aizkora norgehiagokak lausotu baitzuen argiteriak eragindako lilura, eta piztu auzotarren interesgunea; “kitzikagarria izan huen auzoko bi gazteen arteko dema”, lerden segailak biak, zein baino zen basolanetan zaildutako bikotea, nola ez zuten ba auzokideen  ikusmina sortaraziko, baita inguruko lagunartearena ere; jende andana bildu zen meza ondoren eliza ostean, auzo pendiztsu eta aldapatsu hartako esparru lau hedatuena bera, baserri aurretako atari eta larrainak kenduta; “nahiz dirurik ez trabesean, jolas edo entretenimendu soil behar zuena dema joko ere bihurtu zuan”: nork saloiko basoerdia edo garagardoa ordainduko, batzuk baten alde  besteak bestearen, neutralik ez, gizarte hain murriztuan, denak ezagun, sentimenduak beti makurtzen baitira bataren edo bestearen alde, lekurik utzi gabe neutraltasunari; horrela, beraz, joko ere bihurtu zen jolasa  eguerdiko, bazkariko, bazkalondoko eta ondorengo auzoko solasgai; aldi batez, baina, hau ere, ze “apaizaren aizkora dema etorri huen ondoren”, apaizak hitza hartu zion Antoniori baietz bestea esku batez zela berak enbor bat lehenago ebaki, meza-ondoko tragoxkaren orduan gertatu zen, mus-aldiak mus-aldi, saloiko solas eta adarjotze eta ziri-sartze nahasian, enbido jaso bai eta ordagoen artean apaizak  txikitan eta apaiztegiko oporretako gaztetan ibilia zela baso-lanetan aipatu zuen, egina zela aizkoran etxerako egurgintzan, baita Antoniok erronka bota ere, basomutila  bera, aizkoran zaildua, sasoikoa,  baietz berak esku batez irabazi nahi zuen egur tamainan; apaizak ez zuen atzera egin, trabes jarri zuten xanpain botila;  “ikusmina handia eragin zian apustuak, jende askok utzi zuen goizeko meza nagusira etortzeko”, eliza ostean eta meza ondoren izan baitzen zen norgehiagoka; auzotarrentzat jolasa zena jokoa zitzaien bi apustulariei, zeinean erraz irabazi zion Fidelek apaizari; sotanari bazerion, baina, nolabaiteko errespetua edo eragin atabiko bat, zeren Fidelek ez zion kobratu nahi xanpaina botila, apaizak, ordea, galdua ordaintzea sakratua zela arrazoiz saloiko bilkura batean zabaldu zuen botila hitzartu bezala lagunartean edateko; horrelako gertakizunek hausten zuten auzoko erritmoa, horiek ziren auzoko bizitzako piperra eta gatza, bizipoza ere, eguneroko esamesen haria eteten zutenak pentsatzen du Albertok; “hala izan huen Joxerena ere”, aipamen oldea eragin baitzuen Joseren istripuak; Gasteizen egiten zuen lan Joxek, ikasketak bukatu ondoren bertan aurkitu zuen zegokion lan mota, ondorioz larunbateko azken trena goizegi beretzat-eta igandeko lehenengoan etorri ohi zen etxera asteburu-pasa; berenez  patxadatsua arren, kontatu beharraren beharrez aztoratuta heldu zen igandeko meza nagusira; erdi lo omen zetorren trenean, zioen, oraindik eguna argitzeke, auzora aurretiko geltokira heltzear, dunbots gorgarri batek esnatu zuen, egoeraz jabetu zenerako pendizean behera zihoan tren barruan, astindu bizian, danba aurreko eserlekuari, kaska beste ertz bati gero, irabiaka bezala, danbateko izugarriak bata bestearen ostean, saihetsak ertz bat joz, buruarekin auskalo zer, zeri heldurik ez, ez luze ez motz egin zitzaion aldi batean, denboraren neurria erabat galduta, garrasiak,  oihuak, uluak ere, malda beherako herresta bortitza bukatu zen arte,  noiz aienak besterik ez ziren jada entzuten;  erabat atrapatuta bidaiariak burdin eta egur artean, mugiezin, tira burdina bati eta bultza beste ohol bati, minez aieneka bera ere, puzka eta larri, atzaparka sarri, anabasa hartako nonbaiten oinak jarriz heldu zen gainean zeukan kristalak hautsita zituen leihora, nondik lortu zuen nolabait bagoi gainera irtetea; bertatik ikuskizun danteskoa agertu zitzaiola zioen, tren osoa, makina eta bi bagoiak maldan behera barreiatuta, maspildu, hautsi, zartatuak,  gurpilak gorantz edo alboetara, bidean hartu zituen zuhaitzak gerri erditik kraskatuta; kolpatu eta mailatuta, baina osorik, sentitzen zuen,  bere gorputza, “bizi nauk”; ezgai besterik egiteko, gorputz zartatuak uzten zion abiadura bizienean inguruko herrira jo eta ezbeharraren berri eman zuen, sendatu eta etxera eraman zuten bera, baina kolpatua arren, urduritasunaren eraginez, ezin izan zion eutsi elizpean agertzeari goiz hartako abentura kontatzeko; “gogoan diat igande eguerdi hura”, Joxeren kontakizuna nahikoa ez eta hildakoak ere egon baitziren istripu hartan; oroitzapenotan murgilduta, eliza-dorreko ordulariaren kanpai-hotsek biltzen dute ingurua, eta kontrastez bezala, “gotzaina etorri zeneko kanpai-hots jai girokoak  gogorarazten zizkidatek”, jai handietako kanpai-hotsak, dorreko bi kanpaiak dilindan,  gotzaina Sendotza edo Konfirmazioa ematera etorri zenekoak, gotzainak soilik eman zezakeen nonbait sakramentu hura, berari soilik  omen zegokiolako ahalmen hori, “gure auzora gotzaina bera etorri huen, behin bakarrean, baina hemen egon huen gotzaina”, bor-bor jarri zuen auzoa gertakizunak, zaharrek ez zuten gogoan lehenago inoiz gotzainik etorri zenik ere,  agian ez zen behin ere etorri, Sendotze Sakramentua hartzera bailarako herri eta parrokia nagusira eramango zituzten nonbait umeak, nola makurtu gotzain bat gurdibide haietan barna sotana gorri ponpoxoaren barrenak lokaztera, eta belarri urre-koloreko oinetako dotore beltzak hautsez desitxuratzera,  noizbehinka soilik etorri ohi zen parrokietara eta adin ezberdinetako ume-talde zabala konfirmatzen zuen, ekonomiak agintzen zuelako, zioten, denboraren ekonomiak gutxienez, ezingo baizen gotzaina urtero parroki guztietara heldu, ez ote zen, baina, nagusikeria, agian, apaizen esku ahalmen hori utzi nahi eza, nork daki tradizio, ohitura, auskalo ze teologiako zehaztasun aitzakiaz;  baina oraingoan bai, oraingoan etorriko zen ume koadrila  eta hogeitaka askotako mutil konfirmatzera, “Joxe Mari ere egun horretan konfirmatu huen”, delako mutila soldaduskan fortunatu zen hain zuzen  aurrekoan, bera ez zen ez lotsa ez damu oraingoan, alderantziz, ia harro, koskorreria guzti haren erdian gotzainarengana hurreratu zenean, artaldearen artzaina bezala, nahiz gotzainak usteko zuen bera zela elizan bildu zen auzoteria osoaren artzain nagusia, jainkoak berak jarria gainera, jainkoaren ordezkari izateak edo edozein hierarkiak ezartzen duen errespetuagatik; egokitasuna oinarri, “gotzaina ze bidetik eramango trenetik elizaraino izan huen auzoko kezka nagusia”,  arazo hori zebilen ibili auzoko autuetan, ia eztabaida ere bihurtu zen, ze bide zen motzago eta erosoagoa, ze bidetik joanen zen tren-geltokitik elizara, bide bata gurdibide nagusia baitzen, eta bestea auzotarrek erabiltzen zuten trenbide ertzeko eta soro-arteko bidezidorra,  biak ere inola ere ez erosoak sotana, kapa, kapelu eta oinetako dotorez jantzita zetorrenarentzat;  “errepiderik ez zegoenez, trenez etorri huen, ez huen ba ni bezala gurdi bide honetatik oinez etorriko”, auzoan ez dute gogoratzen eguneroko trenean etorri zen, non bagoi berezia jarriko zioten, ala berarentzat tren berezia jarri zuten, inola ere ez litzatekeen harritzekoa izango garai hartan, elizaren eragina kontutan; nolanahi gurdibidetik, bide ofizialetik, andabidea ere bera, heriotza elizkizunetara katabuta eroateko bidea alegia, edo bidezidorretik,  hor zegoen koska; bigarren honetatik joango zela,  andabidetik, erabaki zen auzoan, gurdibidetik alegia, “ez zian behintzat eurik egin egun horretan”; lizar adar hostotsuz osatutako ongietorri-arku bat paratu zutela gogoratzen du Albertok, eliza aurrez-aurre  begiztatzen zen bidegurutzean, non auzotarrak zeuden bere zain arkuaren inguruan,  egun horretako argazkian ikusteak irribarrea sortarazten duen arkua, hain ikusten baita sinplea,  xumea, ia ezdeusa, “egin ahal genuen ederrena huen”, baina gotzainak, oinak non jarriko, zorura begira, ikusi ere egin ote zuen arkua; egiari zor, bidea txukundu zuten aurrez, nolanahi heldu zen, auzotarrak agurtu ondoren, maistra gaztea ere, gotzainaren Gaztelako probintzia berdinekoak biak, euskaraz ez zekitenak biak euskaraz egiten zen auzoan, jada elizan, betiko bidetik joan zen elizkizuna, matraileko nolakoa  izango ohi zen zeremoniako erdi bromaz beti aipatu ohi zen zeremoniako zertzelada nagusia, apaizak sakramentuaz sermoian eta aurreko gertatze hitzaldietan umeei sakramentuaz emandako argibide guztien gainetik, matrailean ukitua baitzen zeremoniako zertzelada nagusia umeentzat, “obispo de Roma, para que te acuerdes toma” zen ahoz aho  aipatzen zen matraileko ukituaren inguruko herriko esaldia; “ze nolako apaiz koadrila etorri huen”,  apaizetxean bazkaldu zutela apaiz denek du gogoan Albertok, auzoan ez dakite nork ordaindu zuen, beraiek parrokiako diruen bidez, ala gotzaindegiak, ala, …, erretoreak kontatu ziena izan zen bazkal ondoren siesta bota zuela gotzainak, apaizaren ohean, eta zorronka gorgarriak egiten zituela, baina apaizek mahaian jarraitu zutela bazkalondo alaian berba-hotsez gotzaina esnatuko zuten kezka handirik gabe; “bazkalondoko bitxikeria madari likorea izan zela ere zabaldu huen auzoan”, batez ere gotzainaren sekretarioarentzat, ez apaizentzat berezia, ezagutzen baitzuten sekretua, likore botila bat jarri zutenean mahaian, bitxia, madari eder handi bat zetzan oso-osorik botila barnean; udare-likorearen gozoa goraipatu zuten, madari zaporeko gozoa baitzen benetan likorea, “nola demontre sartu ahal zen madari handi hura mutur estuko botilan galdetzen omen zian gotzainaren  sekretarioak, fisika lege ulertezina baitzirudien; sekretu handirik ez zuen baina, ez apaizentzat, ezta auzotarrentzat ere, ezaguna baitzen apaizetxe inguruko madariondo botilaz loratua; baratzera eramanez argitu ziotenez duda sekretarioari, non kristal zuriko bizpahiru botila adarrei egoki  lotuta zituen madariondoa erakutsi zioten, botila bakoitzak madari adartxo bana barnean: madari burua koskortzen hasiaz bat, botila lepoa zeharkatzeko bezain txiki oraindik, sartzen zen adarra botila barnean, non hasi eta helduko zen madaria; hori zen sekretua, jada madariok helduta eta alea barnean preso, txortena moztu ondoren  nahi zen likorearekin betetzea, ez zuen beste misteriorik, trikimailua burutu izana zen magia haren sekretua, besterik ez; apaizari baina, horrelako trikimailurik gabe, bestelako arazoek sortarazi ohi zioten ardura,  “ze aholku emango ote zioan gotzainak erretoreari Marianorena kontatu balio”, inor gutxik ezagutzen bazuen ere Albertoren belarria heldua baizen Marianoren afera, bide onetik gainera,  Espainia edo Italiako pelikula baterako zuzendari irudimentsu batek asmatutako istorio bat zirudiena, auzoko apaizari fortunatutako gertakizun surrealista: atea jo zuten abade-etxean ilunabar batean, Mariano bertako baserritar bat zen, jakaz, kaleko beraz, jantzita,  trenetik zetorren, apaizari kontatu zionez   abortua izan zuen emazteak etxean, odol asko galdu omen eta ospitalera eraman zuten; argipena bukatzeaz bat eskua darama jakako poltsikora, zerbait odoltsu itxurako gordetzen duen haridun tapazko kristalezko ontzi gorrixtatu bat atera eta diotso,  “zer egin behar dut honekin, jauna?”, “zer da hori?”,  “badaki ba jauna, alboko Mariak bataiatu egin du eta zer egin behar dudan, ba”; berehala jabetzen da apaiza arazoaz, azken Garizumako sermoi astean, emakumeak hartu zituen sermolariak beraientzako hitzaldi propioan, fetua gizakia zela-eta, aborturen bat balitz nola bataiatu esplikatu zien, fetuari mintza ebaki, ur epeletan sartu, ur hotzak hil ez zezan, eta bataio hitzak esan; hori zen Mariak egin zuena, beraz pote hartako odol multzo hura gizaki bataiatu bat zen, eta zer egin jakin nahi zuen Marianok kristaua omen harekin;  ez dakite auzoan odol multzo hura kristaua zen ala ez sinesten zuen apaizak, agian itxura egin behar zuen soilik, nolanahi irtenbide bat eman behar zion  kinka hari, agian eskandalua izanen zen soro bazterrean botatzea, edonola, hilerriko giltza eta aitzur bat eman zizkion gure Marianori, “hoa hilerrira, albo batean zulo bat egin eta lurperatu ezak, lur bedeinkatua izan dezan”; “lur bedeinkatua izan zian  behintzat, izan ez zuena auzoko bataiarri zizelatuan bataiatua izateko ohorea huen”, ederra baitzen delako elizako bataiarria, harri landuko borobil ederra, hain ederra ezen azken apaizaren ondoren auzoko zeregin erlijioez arduratu zen beste auzo bateko apaizak, ez jakin bere auzoko hilerria berritzeko asmoz ala berarentzat hilobirako edergarri irrikaz, zenbait apaiz-lagunek zioten bezala, gauza da, auzotarrak bildu eta zera proposatu ziela, “bide-gurutzea eta bataiarriaren truke errepide asfaltatua egingo dizuet”, trebea baitzen bere auzoan antzerako lanak egiteko handik edo hemendik, trikimailu batez edo bestez, ituri ezberdinetatik, dirua ateratzen lanontzako; gauza da  errepidea egin ziela  baina aurreko apaizak biziki zuritu ondoren pinturaz eta “Hemen jaio nintzen jainkoarentzat” inskripzio pintatu dotorearekin edertutako eta orain  bataiarri arrunt batekin bataiategia ez ezik eliza bera ere triste geratzeko arriskuan egon zela, baina auzotarrek ez zioten bataiarria eramateko baimenik eman; “bataiarria soilik izan balitz!, harrizko bide-gurutze tailatu aparta eraman zian apaiz bidegile, tratante edo lapurrak”, auzotarrek, nola ez, baiezkoa eman baitzioten apaizaren eskaintzari, une hartan funtsezkoa zitzaielako errepidea gurdibidearen ordez, etxeraino autoz etorri ahal izango ziren, inguruko herriekin errazago lotu eta ia erabateko isolamendua hautsi ahal izango zuten, nahiz gerora nolabait jabetuko ziren galdutako altxorraz; ahaleginduko ziren ere bi artelanok berreskuratzen baina apaizak ondo lotuak utzi zituen trukaketaren baldintzak eta ezinezkoa izan zitzaien trukean eman zutena berreskuratzea; “tratu txarrak jasotako gurutzea” gogoratzen du Albertok, damu sentipenez,  gogoratzen baitu gurutzeari gaztetan emandako tratuaz, jiji-jaja, nahiko edanda, erromerietatik  etxera koadrilan zetorrenean neska-laguntzerako bikote emerik lortu ez zuten gazte koadrila, begiak ardoz lauso, gaua ilargi bete pean ere ilun, gurutzea,  ume gaztetuen edo gazte umetuen jostailu ageriko bihurtzen zitzaien gurutzea, “ ia nork jo gurutzea”, “jo diat”, “baina ez duk jirarazi”; gurutzearen goi zatia, besoa eta burua edo gurutzadura burdinazko ziri batez zutabeari itsatsia, laxatua jadanik, jiragarri beraz, jolaserako aproposa, ia nork harrikadaz bestaldera begira jarri, “hilerria gaur egun egitura bereziagatik ezaguna mirestera doazenak, ez zekitek ez bakarrik gurutzearen historia ezta erromeriatik etxerako gauetan harrikadaz desitxuratuta daudela burutxo tailatu zenbait”; jolasa bukatuta, berrekingo zioten etxera bideari, eta han geratuko ziren gurutzeko irudiok norabide berriari so; Albertok uste du egia dela garai hartan, bere gaztaroan, ez zela gaur egungo sentiberatasunik harrizko artelanontzako, “hainbat altxor galdu dizkiagu harri landuoz harago”, asko direla edozein auzotan galduz joan diren altxorrak, bertako ohitura, gertakizun bitxi, esamolde, bizimolde, euskararen berezitasunak, … erabat galdu direnak, eta gaur egun ere galtzen doazenak, denborak eta ahanzturak irentsiko  dituenak, “beheko-su edo sukaldeak bezala”; auzoko bi bitxikeria datozkio gogora, bi altxor apartak, garai bateko ezaugarri adierazgarriak, biak jada galduak, antzinako  bi sukalde, sukalde erdian jarritako behesua bata, karratu zabala, karel eta guztikoa, gorantz estutzen zihoan su-gaina hartzen zuen kebide zabalarekin, zein sute batek erre zuen baserriarekin batera; berandura arte iraun zuena bestea, dutxa bat jartzeko lekua behar eta sukalde zaharrarekin desagertu zena, agerian utziz politikoen arduragabekeria, uste baitu horrelako bitxikeriak, herri baten ezagugarri apartak, merezi duela gorde diren beste hainbat altxorrek izan duten laguntasuna; “suak erre zuenaren inolako arrastorik ez zaiguk geratu,  besteenaren argazkiak geratu zaizkiguk gutxienez”, suertez gainera, bisitan joandako norbaitek izan zuelako arkitektoak izan ez zuen sentsibilitatea, inguruan kultura zaharrez aztarnak jaso eta erakusgai jarri ohi zituen emakume ezagunari aditzera ematea alegia, zeinek bere kabuz eta ahaleginez sortutako museo umila zuen, inguruko aurkikuntza etnologiko eta arkeologikoekin, hari deitu baitzion gure bisitariak, eta honek, biziki interesatuta, bisita egin zuen baserrira, non harridura eta lilura eragin zion sukalde hark, ondoren erakunde ofizialetara jo zuen ere, hauen erantzun eza pairatuz argazkiak ateratzea beste biderik ez zitzaion geratu, gerorako oroitzapen bat behintzat gera zedin, pertsona horren museotxoan eta argazki albumean dirau auzoko altxor aparta hark; sukalde eta beheko-suaren argazki-memoria da soilik geratu dena, garai bateko bizimoldearen testigantza bizia, gaur egun hila, baina bizirik iraunarazi ahal zitekeena, “isilpeko talibanak gaituk, herrietako altxorrak galdu eta hondatzen uzten ditugunok”; ezinaren sentipen etsia, garratza ere, geratzen zaio, hain erraz dirua xahutzen duen herri honek nola laguntasun ezagatik galtzen doan bere izanaren, arimaren, zati handi bat; kulturaz ari garela uste du hitz arranditsuak erabiliz, baina herri kulturaren zati kuttunenak galtzen uzten ditugula;  “besterik gertatuko huen mendiko altxorra izan balitz”, oraintsu arte ibili direla daki-eta, oraindik ibiliko direla ere uste du, norbaitzuk delako altxorraren bila, gerra garaian kanpoko norbaitek bere gauza baliotsuak gorde omen zituen mendi magalean, errepublikaren aurka altxatuek egin ohi zituzten etxeetako bahiketa eta lapurreten beldur; ez nongoak ez nortzuk, baina inguruko baserrikoek ikusi ohi zuen noizbehinka jende bat, aitzur eta detektagailuekin baso maldan zehar, plano bat ere bai eskuetan, altxorraren bila;  egia ote den galdetzen dio bere buruari ala auzoko esamesa eta asmakeriak, “Goikoetxea ingeniariarena bezala”, egia edo ez, baina bada kontu bat auzoan delako traidore edo espioia auzoko mendietatik egin zuela alde Araba aldera Bilbo defendatzeko berak diseinutako Bilboko Burdina Hesiaren planoekin, eta horrek irribarrea sortarazten dio Albertori, irribarrea ere auzoan dabilen beste kontakizun batek, seguruenik asmakizun bat, zerbait orokorra norbaitek auzokoa ere bailitzan irudikatua: ba omen zen jauntxo bat gazteleraz “pernada” eskubidea, hau da “lehen gaueko eskubidea”, emakumezko ezkonberriarekin lehen gaua egiteko jauntxoaren eskubidea, alegia, erabiltzen zuena, “hemengoak ez omen zitian ohera eramaten, bere aurrean makurrarazi eta berna jartzen omen zion neskari gainean”; ez litzakeela harritzekoa deritzo, bere garaian auzoa alboko probintziara pasabide nagusietako bat izanik, auzo estrategikoa beraz, izanen zela hemen ere bere nagusigoa erakustea gustatzen zitzaion jauntxoren bat, eta jauntxoa dagoen tokian ez da jauntxokeriarik faltako; Harripe baserriko Maialenentzat ere auzoa munduko erdigunea huen bezala” eta barretxoa berriro bere ezpainetan, neskatila gogoratuz, auzoko istorioa hau ere: urteko txangora atera ziren maistrarekin eskolako umeak hiriburura, trenez; egun-pasa egina zutela, etxera aurreko kontaketan,  umetaldea zenbatu zuenean maistrak kezka biziz konturatzen da neskato bat falta zaiola, Maialen, herrizainei parte eman eta koadrilarekin auzora bueltatzea beste irtenbiderik ez zuen izan; auzora heldu zirenerako geltokian neskatoa agertu zela abisua jasota zuen telefonoz, neskatoaren urduritasun, egonezina, agian negarra deigarria egin zitzaion norbaiti, eta “nongoa zara” galdetu omen zion, gazteleraz noski, “De Harripe” erantzun zuen, zekien gaztelera apurrean, bere baserriaren izena, Harripe baserria baitzen beretzat munduko erdigunea, nola ez zuten ba ezagutuko hiriburuan Harripe non zegoen;  auzoan oraindik kontatzen da pasadizoa herri-bazkari ondorengo solasaldietan; Jose Juanenek bazekian nongoa zen”, Jose Juan bailarako ikastetxe batetan ibilia zen ofizio bat ikasten, soldaduskara deitu zuten arte; eskolatuagatik-edo norbait zen bera Gaztelako auskalo ze herritxotatik etorritako kuartel kideen artean, bera ere mendi barrukoa arren; joana zen tarteka hondartzara, baina ez zekien igerian; Andaluziako barne probintzia batetan tokatu zitzaion soldaduska egitea, non harroxko kontatzen zien Gaztelako soldadu kide haiei, bera bezala lurralde urrutietara eramanei, -zergatik eramaten ote dituzte mutilak bere herritik urrutik soldaduska egitera herritik hurren dagoen koartelera ordez?-, gure euskaldunak  harroxko kontatzen zien lur-barruko kuartel-kideei itsasoko balentriak, baina hara non egun batez itsasertz batetara eraman zituzten maniobrak egitera, portu batetara hain zuzen, non hasi ziren gure mutilaren esturak lagunek esan ziotenean “hor daukak itsasoa, igeri egin ahal duk”; nola aitortu ez zekiela igeri; ohorea eta hitza gorde behar zituen, uniformea erantsi, galtzontzilo hutsean, moilako eskaileretara hurreratu, maila uretatik ahalik hurrenean jarri eta salto egin zuen moilatik uretatik ahalik eta gertuen, besoak astinduz eta ur trago batzuk eginez ur gainean mantendu ahal izan zuen, nola ahala eskaileretara hurreratu, bazterrari heldu eta atera zen;  harro itxuran igo omen zituen eskailerak lagunen aurrera, eskatu zioten arren, ordea, ez zuen beste jauzirik egin uretara, bere ondra salbu zegoen, gainera oraindik harroxkoago jarraitu omen zuen itsasoari buruzko kontuekin; “Agirre baserriko mutilek, aldiz, bazkalondo alai batetan ez bada ez ditek  kontatzen beraien istorioa”, inor gutxik ezagutzen du, ezagutu ere ia ez delako istorioa, baina Albertok berak bai ezagutzen du: lau anaia ziren, hiruk tailerrean egiten zuten lan bailaran, baina asteburuetan baserriko lanetan aritzen ziren maiorazkoari laguntzen, arauak baitzioen maiorazko ez zirenak eskubidea zutela baserrian lo eta jan egiteko, musu-truk noski; sabaian lastoa ateratzen zebiltzan lau anaiak larunbat hartan, eta hara non arratoi-habia bat agerian utzi zuten fardo bat altxatzerakoan, arratoia galdu-gordean iheska, norabait jo behar eta praka barrenetik gora sartu zitzaion anaietako bati izterrondoraino, kanpotik eskuarekin heldu omen zion, praka ehuna tartean, zer otuko eta hala dio anaietako batek, “eutsi, eskopeta ekarriko diat”, prakak jaitsi, arratoiari ez dakigu nola heldu eta bertan akabatu zuten, kolpeka ez tiroz, ez omen zion koskarik egin, horretarako baino larriago zegoen nonbait delako arratoia; “xelebrea izan huen Zabalakoa ere”, beste ganbarako istorio bat datorkio burura Albertori, auzoko istorioa hau ere, gau batean pausoak edo zarata arraroak nabari omen zituzten ganbaran Zabala baserrian, norbait zebilela uste izan zuten, denak aztoratuta, batak bestea esnatuz, etxeko seme zaharrena, ezkaratzetik gangarako eskaileretako mailetan gora egin, ez oso goraino bada ez bada, eta hala ari omen zitzaion eskaileratik, aupadaka balizko goiko arrotzari  “agertu hadi nor bahaiz” eta antzerako balentriakeriz, inork erantzuten ere ez, ganbarako hotsok atertzen ez, gaua aurrera, beraz, erretiratu egin ziren, adi bada ez bada; astoa aurkitu zuten ganbaran hurrengo goizean, kortatik ihes egin, eskailerak igo eta maukaz gozatuz gaupasa egin ondoren; heldu da honenbestez Alberto baserriko larrainera, laburra egin zaio gaur etxerako bidea oroitzapenokin, azken barretxoa egiten du astoak ez duela ganbarara igoko eta ez zaiola arratoirik praka barrenetik sartuko esperantzan.

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.