Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/02/15 08:34
Auzoa. 7.- Aitona eta ilobak

Aitona eta ilobak

 

 

Hegora begira dagoen atariko ataurrean dago aitona, harri zapal luzeko jarlekuan eserita. Noizbehinka pipa ezpainetara eraman, tirakada bat egin eta ezpainak borobilduz  bota duen ke-laino artetik begiratzen du; nahiko lausotuta dituela begiak pentsatzen du, oraindik bizitzari begiratzeko gai dela, baina, agian barnera gehiago begiratzen duelako. Begiak argitu zaizkio iloba agertu zaionean ke-multzo ezabatuaren ostean. Eskolatik dator, bailara-buru den herrian du eskola;  autoz ekarri dituzte bera eta beste bi ume. Jada mutiko koskortua da. Gaztea zeneko egunak bizitu zaizkio iloba ikustean.

 

- Zer moduz aitona?.

- Eskolatik neskatila mutikoak koadrilan etortzen zirenekoa gogoratuz.

- Autobusean ekarriko zituzten.

-Errepiderik ez zegoan eta!. Umeak ostera asko.

Auzo gaztea zela bururatzen zaio, ehun biztanle baino ez baino hogeitik gora ume zeudeneko hura.

- Non zegoen ba eskola?

- Eliza azpian.

Auzoan bertan zegoela eskola argitzen dio, gaur egun desagertu dena, ez daki umerik eza edo sistema aldaketarekin umeak herri nagusiko eskolara eraman zituelako, baina eskola itxi egin zen, hondatuz joan zen, teilatua erori zitzaion eta azkenik arriskuagatik-edo bota egin zuten.

- Jolaserako lagunik ez zitzaien faltako; ni aspertu ere egiten naiz, hemen bakarrik.

- Ezak pentsa.

 

Eskola orduetatik kanpo umeei baserrian lana egitea tokatzen zitzaien garaiak ziren bere gaztaroko haiek; ez zegoan gaurko konturik, ezta baserri lanetarako gaurko erraztasunik: behi zain, idien aurrean goldaketa egunetan, area gainean zokorrak xehatu behar zirenean, untxiei jaten eman beharra, … “lan asko egiten ziaten umeak baserrian”. Ordu libreetan ere inguruko baserrietako ume bakanak soilik elkartu ahal ziren jolaserako, baserriak sakabanatuta egonik, ez zegoen elkartzeko aukera handirik. Auzoa ez ezik, baserri bakoitza zegoen nahiko isolatua.

 

- Ez zuten jolasik egiten?.

- Horixe egiten zutela!

- Noiz baina?

- Eskolara sartu aurretik,  eskolako jolas-orduetan, baina eskola ostean batez ere, arratsaldez baserrian lan handirik ez bazegoen; tarte aukeratuenak igandekoak izaten hituen, meza ondorengoak goizez,  edo  arrosario ondorengoak arratsaldez.

- Hilean behin orduan, apaiza zetorrenean.

- Ez, apaiza geneukaan orduan auzoan, beraz meza igandero ez ezik egunero geneukan, meza-kanpaia izaten huen askorentzat ohetik jaikitzeko ordua, apaiza goiztiarra izaten zen-eta, mezara joan nahi zuten neska edo emakumeek etxeko lanei ordu egokian heldu ahal izateko  omen huen. Igandetan bi meza izaten hituen, bata goiz eta beste goizerdian. Goizerdiko meza ostea izate huen jolas ordua gutiziatuena umeentzat.

- Ze jolas egiten zuten, aitona?.

- Ez zekiat urtaroari lotuta, ala zergatik, baina jolas ezberdin bakoitzak izaten ziaten bere susperraldia: aldi batez pilotan eginen ziaten  mutilek elizpean  pilotarako ez bazen ere inola ere aproposa; jabetuko haizenez hormek ez ditek eskuadra egiten, frontisak ia ez dik ezker hormarik, erdi borobila delako, baina han moldatzen hituen; futbolean ere egiten ziaten, gutxi, norbaitek airezko pilota handi samar bat zekarrenean etxetik elizpera edo eskolara;  ezkutuka huen beste jolas bat: neska eta mutil denak ibiltzen hituen batera, luze joaten huen jolasa, inguruko sasitza eta arbola atzetan gordetzen zirelako, sarri urrutian gainera; harrapatzen, huen beste jolasa: talde  batek beste taldekoak harrapatu eta kartzelara eraman behar zitian, bazter bat huen kartzela, eta bertatik luzatzen huen presoen ilara bata besteari eskutik helduta; ukitutakoa harrapatuta geratzen huen, harrapatutakoak ilaran jartzen hituen eta libre zeudenetako batek harrapatutakoen ilarako bat ukituz gero denak libre geratzen hituen; arazoa huen askatzera zetorrena ukituz, hau ere preso geratzen zela; denak kartzelaratutakoan bukatzen huen jolasa; bolara batzuetan txirikilean egiten ziaten, jolas gutiziatua izaten huen hau, aspalditik zetorrena, guk geuk ere txikitan egiten genuena; joko mota asko hituen, mutilek bere propioak eta neskek ere bereak, beste batzuk neska-mutilek nahasian egitekoak.

- Txirikilean esan duzu aitona?, ze jolas mota zen hori?.

- Joko bat ere bazela esango nikek, nahiz ezer jokatzen ez zen, baina sekulako interesa jartzen ziaten.

- Esplika aitona.

- Egur borobil bat huen txirikila, adar sendo samarra gehienetan, hatz lodia baino zerbait lodiagoa, harra bete luzekoa, mutur biak zorroztu zitzaizkiona, beraz lurrean jarrita bi muturrak airean geratzen zitzaizkioan; horrez gain makila bat  metro erditik gora luzerako sendo samarra; bi zurezko erremintok hituen jolaseko baliabideak. Bi taldetan banatzen hituen jokalariak, jaurtitzailea izanen huen talde bat eta jasotzailea bestea. Zotz egin ondoren, tokatu zitzaion taldeko batek, lurrean jarritako txirikila joko zian muturretako batean, txirikila aireratu egiten huen eta airean zela makila berarekin astindu eta ahalik urrutien bota behar zian. Joten ez bazuen beste taldeak hartzen zian makila eta txirikila astintzeko eskubidea. Jotzaile ez zen taldea txirikilak lurra jo aurretik hartzen ahalegintzen huen; hartzen bazuen txirikila botatzera pasako zen; hartzen ez bazuten lurra jo zuen tokitik jaurtitze gunera zenbat makila luzera zeuden neurtzen huen. Jarritako makila luzera kopurura lehenengo heltzen zenak irabazten zian. Neskek ziaten abantaila nagusia: esku biekin heldu beharrean  txirikila  zabal altxatu gona eta nahiko errez ziaten txirikila lurra jo aurretik jasotzea; mutilak eskuez baliatu behar gintuan, edo jertsea  erabili, edo alkandora, …

- Non jolasten zen txirikilan, leku asko beharko zen, ezta?

- Behe aldera jotzen duen eliza ostean; aldare osteko horretan; horma kontra dagoen harri karratu sendo zapal hori ohi huen txirikila jartzeko leku aproposena.

- Entretenigarria al zen?.

- Sekulako irrikaz jokatzen huen, haserreak ere egon ohi hituen, nork bota txirikila.

 

Aitonak nostalgiaz gogoratzen ditu igandetako meza osteak. Bakardadera ohituak, alboko baserrikoekiko harremanak besterik ez, hauspoa zitzaien tarte hura. Saloiko solasaldiak ere. Saloia deitzen zioten; eszenatokia zuelako edo; ez zuen beste izenik hasieran, geroago apaiz batek “gure txokoa” deitzea proposatu zuen, onartua izan zen eta letrero bat jarri zioten izen horrekin, baino beti izan zen “saloia”. Gizonezkoak eta gazteak joaten ziren. Eliza behitik zegoen, pauso gutxira. Sakristaua zen saloiaren arduraduna. Edariak, kafeak eta laguntzeko patata frijitu poltsak eta olibak; ez zen gehiago behar ere. Herrigizonen asteko bilkura zen. Neska batzuk ere joan ohi ziren tarteka. Emakumeak etxera egiten zuten meza ondoren: genero arazoa orduan ere.  Kontu-kontari  pasako zituzten gehienez pare bat ordu gizonezkook, batzuk karta-jokoan erronda ia nork ordaindu.

Bolatokia ere gogoan du. Teilatu batek babestua. Bera gaztea zen, baina adinekoek ere gogoz jokatzen zuten. Jokatu. Jolasa ere izanen zen, baina jokoa ere bai, zeren beti zegoen tiraldi bakoitzean bakoitzak jarritako dirua edo taldean zein banaka eginiko trabesa. Eliza ondoan zegoen bolatokia, soro barren batetan: horma batek eusten zion soroari. Umeen jolasek bezala, bolatokian ere bere loraldi ezberdinak izaten zituen urtean zehar; Udaberritik aurrera batez ere.  Meza ondoren izaten ziren tiraldiak.. Sarri saloian hasten ziren demak eta desafioak.  Lurjausia izan zuen soroak, teilatua erori zitzaion, ez zen berreraiki, eta saloiarekin batera desagertu zen; auzoa ohitura ezberdinetara jartzen hasia baitzegoen;  errepidea egin zenean galdu ziren bolatokiaren azken aztarrenak.

Tristura sartzen zaio jada ez saloirik ez bolatokirik ez dagoela gogoratzean. Apaizik gabe geratu ziren, lasterrera ia mezarik gabe, saloirako joera galduz joan zen, bertan behera uzteraino, azkenez erori egin zen; arriskuagatik desegin zuten. Orain errepidea dute, autoz ateratzen dira nahi dutenean nahi duten tokira, baina berak nostalgiaz gogoratzen ditu egun haiek. 

 

Etxeko neskatoa bildu zaie. Jakin-min entzun baititu aitonaren kontuak.

- Aitona eta gure adineko neska-koskorrek zer egiten zuten?.

- Lana franko mutilek bezala, behizain, itzain, etxeko lanetan amari lagunduz, eta nagusiago izatean artajorran aritu behar izaten zinaten maiatzean.

- Artajorran?.

- Lan gogorra izaten zinaten, bakoitzak ilara bat hartu eta arto erneberria bakandu edo saretu, mihestu deitzen genion,  arto-entresaka, batek zion bezala,  sobera zeudenak sustraitik atera, belar txarrak ere sustraitik kendu, arto ipurdiak lurrez bete, aitzurtxo bat eskuan lanabes propio bezala.

- Errepiderik gabe zuek nola ematen zenuten igande arratsaldea?, mutikoak orain.

- Gazteok trenez ateratzen gintuan inguruko herritxoetara, ez genian ezer berezirik egiten, txikito batzuk edan, … eta azkeneko trenean etxera.

- Eta umeak?.

- Bakoitza ahal zuen bezala moldatzen huen; arratsaldeko arrosario ondoren gehienak etxera itzuliko hituen, inguruko baserriko umeren batekin jolasean arituko huen, basora buelta bat, …

- Aspertuko ziren ba!.

- Ume eta gaztetxook ez zarete aspertzen, beti asmatzen duzue zerbait. Baina egon hituen bost urte ezberdinak.

- Ze gertatu zen ba?.

- Egon zen apaiz bat igande arratsaldetan, arrosario ondoren ume guztiak inguratzen zituena eta beraiekin joaten huen hara edo hona, eguraldia eta urtaroaren arabera. Umeak ohitu hituen eta igande arratsaldearen zain egoten hituen, koadrilan ordu batzuk pasatzeko.

-Zer egiten zuten?

- Basora joango hituen, goi-mendiko lautadara futbolean egitera, apaizak asmatzen zian irteera ezberdin bat, baina sarri umeek eurek proposatzen zioten zer egin. Koba batean sartu hituen behin

- Ba al dago ba hemen kobarik?

-Bai bada bat hor mendi magalean; kareharrizko mendietan ohikoak ditut kobazuloak, eta bat behintzat baduk; ezaguna huen, neuk ere ikusia diat aho sarrera.

 

Gogoan du aitonak nola etorri zitzaion behin apaiza entzun zuela bazela koba bat mendi magalean, ia ote zekien non zen. Berak ez zuen barrutik ezagutzen, baina basoan zebilenean nagusiagoek erakutsita batez  ere, bazekien sarrera non zeukan. Eman zizkion gutxi gorabeherako zertzelada batzuk apaizari. Etorri zitzaion egun gutxira. Sartu zela, ia tatarraz sartu behar zela ahoa luzea ez baina oso baxua zelako; ez zegoela inolako gangadun espazio zabalik barnean, dena zela behera, malkar, pasabide estuetan harkaitz artean, non sarri ozta-ozta pasa ahal zen; itzuleran ia eskalatu egin behar omen zen. Baina ez omen zion arriskurik ikusten.

Oroitzen du igande ilunabar hartako umeon konta beharra: baserrietan ez zen falta eskuargirik, ez baitzegoen ganorazko argindarrik eta ezinbestekoa zen eskuargia baserrian; kandela, butano-lanpara, baina batez ere eskuargia zen erabiliena iluntzen zenean etxe barruan zein kortan ibiltzeko, kanpoan ibiltzeko ere. Beraz ume bakoitzak eraman zuen bere argia. Koskortuenak sartu ziren soilik. Txikiei kanpoan gerarazi zien. Bazela beldurtiren bat baina apaizak animatu zituen eta baita sartu ere. Han ibili omen ziren zuloan gora eta behera ia eskaladan tarteka. Itzel pasa zutela, zoramenean agertu ziren umeok etxean.

Eskatu ere egiten zioten geroago berriz joan behar zirela, baina nonbait apaiza jabetu zen agian ausartegi edo zuhurtasun gutxirekin jokatu zuela umeak hara eramanaz, arriskutsua zela ume aldra harekin koba barneko zulo eta haitz mutur haietan ibiltzea, eta ez ziren gehiago itzuli kobazulora.

 

Orain iloba biak galdetzen diote ia txanda hartu ezinik

- Antzerkiak ere egiten omen ziren, dantzan egiten zen saloian

- Antzerkia egiten zela auzoan!.

- Eta sarri gainera, urtean hiruzpalau antzerki ezberdin. Herriko neskak ziren aktoresak batez ere. Mutilak lotsatiak ziren, mutik koskor gehienak ere bai. Apaizak antzezlanak egokitzen zituen eta neskek egiten zituzten batez ere antzezle lanok.

- Jenderik joaten zen?.

- Auzo osoa, ez zuen inork hutsik egingo, ia baserri guztietako neska eta ume pasa ziren eszenatokitik eta ikusmin handia izaten zen etxekoa antzerkigintzan ikusteko. Auzo osoa elkartzen zen arratsalde haietan, baita garai batetan haserre egon eta oraindik ere elkarren konfiantzarik ez zutenak ere.

- Euskaraz izango ziren!

- Jakina. Apaiza moldatzen zen antzerki lanok lortu, egokitu, kopiak atera, paperak banatu, entseguak egin, eszenategia moldatu, …

- Noiz gertatzen zuten

- Gauez, etxeko lanak egin, edo tailerretatik bueltan tren ostean, … afal ondoren, … buruz ikasi behar zituzten esan beharrekoak, jakina; berandura arte irauten zuten entseguok, baina gustura joaten ziren.

Harriduraz begiratzen diote ilobek

Aitonak buruan darabil auzo osoa biltzeko, elkartzeko, elkar ikusteko, aukera ezinbesteko paregabea eskaintzen zuela antzerkiak, etxekoen poza eta harrotasuna sortarazten zuela bere umeak eta alabak taula gainean aktore lanak egiten ikusteak, horrez gain bizitasuna ematen ziola auzoari, harrotasuna ere bai, buru-estimua indartu antzezleei, auzotarren harremanak trinkotu, eta igande arratsaldeei bizipoza ekarri. Euskaraz irakurri eta euskara lantzeko tresna egokia izan zitzaiela ere uste du, antzezleei zein ikusleei.

- Zuk ere antzerkian lan egin zenuen.

- Ez, ez nindunan hura dena buruz ikasteko gai, eta gainera nahikoa lan genuen baserrian.

Aitortzen dio bere buruari izugarrizko meritua zutela neska-mutil haiek; buruz ikasi behar zituzten esan beharrekoak, ikasketa eta etxeko lanekin konbinatuz, gain-lan bat berez ere baserrian edo ikastetxekoak  lana franko zutenentzat. Gogor samarra omen zen apaiza entseguetan, baina gero konpentsatzen zien; zeru garbiko gauetan, entsegu ondoren kalera ateratzean zeruko izar-mapa erakusten omen zien, nahiko ondo ezagutzen omen zuen apaizak zerua eta izartegia: nebulosak, izarrak, Hiru Mariak, bi Artzak, Aldebaran, … Oso tarte atsegina omen zitzaien. Gero etxekoei erakusten zien, “halako izarra da, ….”.

 

- Loramendi poetaren omenez inguruko bere jaiotauzoan antolatu zuten poesia errezitaldi batera ere aurkeztu ziren bi neskatila, batek bigarren saria irabazi zuen, zenbaitzuk zioten lehena behar zuela, baina poetaren iloba bati, senidetza tarteko, eman ziotela lehen saria.

- Nolatan aurkeztu ziren?

- Apaizak animatu zituen; trebatu ere. Oso gogorra omen zen entseguetan apaiza, gizajoak berak ere esperientziarik ez, eta umeok gailen ikusi nahi;   ahoskera, mugimendu eta abarrak zuzendu eta moldatu ezinez, nahi zuen bezain azkar behintzat, urduri, pazientziarik ez; negarrez hasi zitzaion nesketako bat eta aurrerantzean gozoago joan omen ziren entseguok.

 

 Lagun ere ba omen zuen aitonak apaiza. Biak adin berekoak izaki. Gogoan du nola joaten zen baserrira eta solasaldiak izaten zituzten. Gogoan du urtegikoa kontatu zionekoa. Goi-mendiko lautadan bazen, dago oraindik, urtegi bat. Urruti arren joan zen ume koadrila guztiarekin. Ez zuen inork bainujantzirik eraman, eramateko eskatu zien arren. Apaiza soilik bainatu zen. Ez zen eskandalua izan, kostalderako urteko txangoren batean ikusia zuten jada herriko apaiza bainujantzian. Gustura erakutsiko omen zieten igeri egiten. Baina jabetu zen beldur zirela, ez zitzaiela atsegin potsuan murgiltzea,   urruti zegoen gainera. Ez ziren gehiago itzuli. Esperientzia antzua izan zela aitortzen zion apaizak.

Gogoan du tarteka alde egiten zuela trenez apaizak ere igande arratsaldetan, inguruko herri batera,  bertako apaizen batekin egon, filme bat ikusi, … Aitortzen zion atsedenaldi bat behar zuela berak ere, baina batez ere ez zuen nahi umeok bere sotanapean ohitu zitezen, igande arratsaldeak bere kasa egiten ere ikasi behar zutela. Gurasoek esaten zioten nabaria zela apaizaren falta arratsaldeotan, baina tarteka alde egiteari eutsi nion.

 

- Amonari entzun diot asko abesten zela auzoan.

-  Batez ere umeek, eta umeetan neskek, baita mutilek ere, nik uste auzoko denek, etxekoek ere, ikasi zituztela abesti mordoa umeei entzunda.

- Euskarazkoak?.

- Ordura arte maistrak erakutsitakoak zekizkitenan, gaztelaniazkoak,  baina apaizak euskarazko kantu mordoa erakutsi zien, dotrina orduan, eskolan bertan. Ez dakit dotrinarik ikasi zuten, abestiak behintzat bai. Bada bat auzoan bere abertzaletasuna kantu haien bidez sortu zitzaiola dionik.

- Ez ziren, beraz, elizako kantuak.

- Inondik ere. Elizan ere kantatzen zuten, egoki eta fin gainera, baina baita basora ateraldietan, saloian, … polita zen ume koadrila eskolatik etxera bidean  kantuz entzutea.

- Mutilek ere abesten zenuten ?.

- Oso gutxi, neskak hituen batez ere abesten zutenak.

 

Gaueko mozoloa aurkitu zuen behin apaizak apaizetxeko sarrerako ateak zeukan leihatila zabalean zintzilikatua. Umeak izan ziren. Hurrengo goizean apaiza ikustean beraien barreek salatu omen zituzten.  Garai batean, mehatxu mezua zelarik, izan omen zitekeen apaizaren umeonganako jarrera batengatik mendekua, ez zuen uste ere inork xaxatuko zituztenik: hegaztia aurkitu zuten berenez edo norbaitek hilda, hegazti bitxia eta berezia zen, gutxitan zegoena eskura, eta broma bat egin nahi izan zioten apaizari. Hori uste izan zuen behintzat berak. Izan zen gaizki ikusi zuenik, errespetu falta zela, baina apaizak ez zion garrantzirik eman; ez zuen inorekin aipatu ere egin, eta bertan behera bukatu zen afera.

 

-  Apaizaren lagun al zinen?.

- Ez zekiat laguna, konfiantzazkoa bai behintzat; hitz egiten genian, ondo konpontzen gintuen.

- Beldurra sartzen al zuten apaizek?.

- Gure garaian beldurra baino errespetua zunan gehiago, beldurra batez ere sermoietan sartzen zinaten, bekatua eta infernua gai sarriak zitunan, batez ere garizumako sermoietan.

- Zer ziren ba sermoiok, galdegiten du neskatilak.

- Ba al dakizue zer den Garizuma?

- Ez!.

- Zer da?

- Elizaren egutegiko 40 eguneko aldi bat, Hausterre egunean hasi, inauteriak bukatu eta hurrengo egunean, eta Baskora arte  irauten zuena, 40 egun.

- Zer zen Hausterre?.

- Elizkizun bat, apaizek sutautsa jartzen zieten eliztarrei bekokian, hauts zirela eta hauts bihurtuko zirela gogaraziz, hilko zirela, alegia. Astegunez joan ezin zirenei igandean jarriko zieten zenbait apaizek.

- Ze makabroa!.

- Segi Garizumako sermoiekin.

- Garizuman izaten ziren, astebete irauten zuten, egunean bi sermoi-aldi izaten ziren: bata goizean goiz eta bestea gauean ilundu eta gero, ikusten duzuenez baserriko lanen arabera gizonezkoak ere joan ahal zitezen.

- Joaten zinaten?.

- Beharko!. Baina behar hori ahulduz joan zen eta nire gaztaroan ez zen jada hain nahitaezkoa, baina gehienok joaten ginen.

- Herriko apaiza zen sermolaria?

- Ez, beste bat ekartzen zuen, bere lagun edo ezagunen bat gehienetan, edo fraide bat. Sermoian entzuten zutena baino urteroko jakin-mina zein eta nolakoa izanen zen sermolaria izaten zen auzoko solasgaia, ze erretolika modu zuen, zer baino nola zioen, sermolari denek esaten baitzuten ia berdina urtero, sermoietako entzundakoa baino ze sermolariaren nolakotasuna omen zela auzotarren esamesa sermoi egunotan, edukian baino antzerkian jartzen zutela interesgunea, alegia, … Baskokoa egiteko ere askok kanpoko sermolaria nahi izan zuten konfesatzeko.

- Zer da Baskokoa hori?.

- Urtean behin gutxienez denak konfesatu eta jaunartu behar zuten. Gerora laxatu zen, baina garai batetan kontrol zehatza eramaten zuen apaizak. Etsamina pasa behar zuten denek; kontatzen zidaten nola guraso eta gazteek dotrina errepasatzen zuten azterketa horretarako, bestela apaizak ez zien  Basko jaunartzea baimentzen. Txartel bat ematen zuen apaizak bakoitzaren izenarekin, Baskokoa egiteko baimen edo zilegitasuna alegia. Baskoko jaunartzean hostia ahoratzean txartela utzi behar zen erretilu batetan; horrela apaizak bazekien nork egin zuen Baskokoa eta nork ez.

- Gogorra da hori.

- Elizak zeukan kontrol modu bat. Nire gaztaroan ez zegoen jada horrelakorik, borondatez joaten zen jendea sermoietara eta konfesatzera, baina joaten ez zena, agerian geratzen zen auzotarren artean. Hori  zen okerragoa.

- Beldurra al zenioten apaizari.

- Esan dizuet beldurra baino errespetua, baina beldurretik oso hur zegoen errespetua. Berorika egin behar zitzaion.

- Berorika?.

- Tratamendu berezi ezberdin bat. Zuek hika eta zuka tratua soilik ezagutzen duzue, guk berorika egiten genien apaizari eta osagileari.

- Nolakoa zen berorika hori.

- Jauna eta berori, berorren, berorrentzako, … traturako hitz propioa zen, gaztelerako Usted antzerakoa. Aditza hirugarren pertsona jartzea zen.

- Egin egiguzu berorika.

- Jauna, berorrek lagunduko al dit lantxo bat egiten?; Jauna, berorrekin badut kontu bat esateko; trenez ala oinez etorri zen atzo berori, …

- Hara!.

 - Ba zen esaldi bat “jauna eta berori, kakatan erori”, auskalo zergatik edo non sortua.

-  Xelebrea.

- Jauna eta berori asko, baina denetik zegoen apaizen artean, xelebreak ere.

- Konta

- Auzoan kontatzen zen izan zela apaiz bat bere errezoak liburua eskuan zituela elizpean egiten zituena, bi ahuntz lagun zituela, bakoitza beso banatara lotuta. Apaiz  hau, berau edo beste bat, sermoian hasten zenean ahuntza elizpeko atean hasten omen zen “beee”ka.

 

Kontatzen die apaiz batzuk oso gogorrak zirela igandeko sermoietan, beti bekatua gora eta bekatua behera, batez ere garizumako sermoiak zirela gogorrenak, sermoi batzuk, infernua eta halakoak zirenean gai nagusia, ilunpean egiten zirela, argian itzalita, bazirela apaiz batzuk maldizioen kontra-eta aritzen zirenean pulpitua esku zartaka jotzen zutenak, eliza osoan entzuten zen danbor hots  edo trumoi bat bezala entzuten omen zena, batzuk gurutze handi bat ateratzen zutela, izan omen zela ere gurutziltzatudun gurutzea pulpitutik jendartera bota izan zutenak “zapaldu egiten duzue bekatua egiten duzuenean” esanaz: antzerki hutsa jendea ikarazteko, bere mezua entzuleen barnean iltzatzeko. Herriko apaiza ere joaten omen zen garizuman beste herrietara  sermoigintzara.

 

- Asko joaten zinaten elizara.

- Igandero; bi meza ziren, goiz bata eta goizerdian bestea.

- Ez zuen inork huts egiten.

- Ez, bekatua egiteko beldurra alde batetik, eta auzoan zer esango zen batez ere bestetik, ez zegoen huts egiterik.

Aitonak gogoratzen du elkargunea ere bazela meza, aurretik edo ondoren, elizpean edo saloian auzokideekin hitz egiteko aukera eskaintzen zuela igandeko mezak.

 

Neskek, aldiz, “maiatzeko lorak” deitzen zen elizkizuna zein gustuko zituzten du gogoan aitonak. Udaberriko naturaren ernaltzeak izanen zuen eragina, gizakiari biziberritzen zitzaion bizigurak ere. Herri orotako usadioa zen elizkizun hori. Maiatzeko arratsetan izaten zen. Amabirjinaren omenez: arrosarioa, irakurgaia eta Amabirjina gai zuten abestiak. Zenbait herritan neskak igotzen ziren korura abestera, urtean neskek korura igotzen zuten egun bakarrak. Festa zen neskentzat, Maiatzean artajorra lanak puri-purian egoten zirenez, izugarri gogotsu entzuten zuten neskok ordu erdi aurreko kanpai deia, soroa utzi, arropaz aldatu eta elizara hurreratzeko: eguneko lan gogorrari amaiera emate-ordua. Mutilek soroan jarraitzen zuten.

 

Gogoan ditu errogatibak ere.

- Kontatuko dizuet errogatibarena

- Zer?

- Elizaren elizkizun ezberdin bat. Hondamendi bat zetorrenean egiten omen ziren, batez ere antzinatean izurriteak ugariak zirenean; gure artean lehorte zegoenean batez ere,  nekazarientzat izurrite nagusia baita lehortea.  Izurritea bukatzea edo euria eskatzeko santu guztiak bitarteko hartuz jainkoari egiten zitzaion otoitza zen. Eliza-bueltan edo ermita batera joanez, letania luzea errezatzen zen. Kantatuz. Santutegiko santu guztien aipamena, bakoitzari “ora pro nobiz-erregu gutaz” errepikatuz. Amaigabea zen santu-zerrenda. Santu guztien aipamenaren ondoren, amaierarik gabeko munduko ezbehar ezberdinen aipamena zetorren, bakoitzari “libera nos Domine-aska gaitzazu Jauna”,  errepikatuz.  Orapronobis-liberanosdomine-ka egiten zen iraupen luuuzeeekooo otoitza. 

- Tokatu zitzaizun izurrite edo lehorterik.

- Ez zitzaidan tokatu izurriterik, ezta lehorterik ere, errogatibak eginarazteko bezain luzerik behintzat. Baina euririk eza luzatzen zenean ohizkoa zen “letaniak egin beharko ote ditugu” aipamena.

- Beraz libratu zinen.

 - Bai eta ez.

- Nola bai eta ez

- Errogatibarik ez nuen ezagutu, baina Letaniak bai.

- Letaniak?.

- Errogatiben errito berdin berdina zen. Urtean behin egiten ziren, San Marcos eguna zela uste dut. Urte guztirako jainkoaren laguntasun eskaera. Astegunez. Gaztetan jada ez nintzen joaten, umeak eta emakumeak joaten ziren soilik, baita gizonezko nagusi zenbait ere. Baserriko gizonak baserri lanetan geratzen ginen. Umetakoa dut gogoan. Elizatik atera eta han behean dagoen Santa Luzia ermitaraino, kirieeleizon eta orapronobis-ka. Santu eta gaitzen zerrenda hain zen luzea ermitara heldutakoan oraindik bukatu gabe egoten zen. Irudika ezazue gurdibide trakets hauetan, monagiloa aurretik gurutzearekin, apaiza atzetik jantzi zuriz eta kapa more bat gainean, eta atzetik emakume eta ume ilara luzea.

 

 

Ez ditu ilobak gogaitu nahi, baina tentatzen du  konjuruena kontatzeko irrikak ere, nola urtean behin, udaberri aldera apaizak, espero zen eguraldiaren arabera, auzo-alkatearekin akort jarri ondoren deitzen zuen hurrengo igande arratsaldean alboko mendira igotzeko, konjurua ospatuko zela eta. Apaiza aterako zen eliza-apaizetxetik, auzo-jendea biltzen joango zitzaien bidean erromesei, bere baserri ondora heltzean auzo-alkatea lotuko zitzaien: astoa zeraman, eta astoan ardo garrafoia eta mokadu-gaiak, zela gazta, lukainka, … eta ogia. Ekingo zioten aldats gorari, gurdibide eta xendra malkarretan; mendi garaia zen eta bere denbora behar zen.  Ikuspegiak auzoa, bailara eta mendiarte osoa hartzen zuen kokagunean geratuko ziren. Atsedena hartu ondoren apaizak jantziko zituen zeremoniarako jantziak, liburua, ur bedeinkatua eta abar, eginen zituen bere otoitz erretolikak, latinez, Jainkoari eliztar, etxe, soro, zelai, baso eta  animaliak bedeinkatu eta gaitzetatik libra zitzan; berme puntua zen nonbait, letania eta errogatibek huts egiten bazuten ere; ur bedeinkatua ez zen pare bat metro baina aurrerago helduko, baina bailara guztia geratzen zen bedeinkatuta. Irritxo batek marrazten ditu aitonaren ezpainak, hori izanen zen garai bateko asegurua, gaur egungo kuoten baino merkeagoa seguruenik baina ez eraginkorragoa. Arratsalde gozagarri bezala gogoratzen du aitonak erromesaldi hura: gaineko lautadan eseriko ziren, auzo-alkateak aterako zituen ardoa eta jakiak eta ordu lasaiak pasatzen zituzten. Urteko etenaldi erakargarri bat. Zenbait urtetan abestu ere egiten zuten, izan zen apaiz bat txistua jotzen zuena, eta dantzan ere egiten zen. Ilunabarrean jaitsiko ziren erromesok bakoitza bere baserrira, batzuk ardoz berdindu samar eta gehienak urdaila aseta edo engainatuta

 

Ezin dio tentazioari eutsi:

- Apaiza arrautsa batzen baserriz baserri ibiltzen zenekoa kontatu nahi dizuet.

- Apaiza arrauts biltzen?

-Igande batez iragartzen zuen apaizak pulpitutik: halako egunetan joango naiz soro eta zelaiak bedeinkatzera. Denak zekiten bedeinkapenak bere ordaina zekarrela.

- Baserriz baserri joaten zen?

- Bai. Monagiloa lagun zuela baserri guztietatik pasako zen: bi egunetan egiten zuen, elizatik gorakoak egun batez eta beherakoak beste batetan. Baserri bakoitzean apaizak bedeinkatzen zituen ataritik baserriko lurrok, ur bedeinkatua bertan geratuko zen baina errezoaren indarra inguru osoan barreiatzen omen zen.

- Eta arrautsak?

- Baserri bakoitzak arrautsa kopuru jakin bat zuen, nire uste errespontsu edo familiako hildakoen zenbatekoaren araberakoa izaten zen, baina ez nago seguru.

- Eta apaiza arrautsekin ibiltzen zen bidez bide?

- Monagilloek otarretxoa eramaten zuen eta hau zen karga eramaten zuena.

- Arrautsa piloa jasoko zuen ba: pentsa, baserri bakoitzean dozena bat jasoko zuen gutxienez.

- Eta zer egiten zuen hainbeste arrautsekin?.

- Ez dakit, seguruenik saldu gozotegiren bati, baina badakit batek behintzat kare bizitan jartzen zituela; luzarorako arrauts hornikuntza. Ikusita daukak abade-etxean lurrezko ontzi luzexka  nahiko zabala eta borobila, seguruenik hura zen arrautsak karetan gordetzeko ontzia.

- Kartean?.

- Bai, kare bizian arrautzak luze irauten dute.

-Ze nolako mauka  apaizarena.

- Baserrien zerga, baina ez zen hor bukatzen elizak kobratutako zergak.

- Oraindik gehiago?.

- Hamarrenak jasotzen zituen apaizak

Eta kontatzen die nola lurrari ateratako fruituen hamarrena eskaini behar zion Elizari nekazariak. Ez daki apaizak garai batetan Elizari, Gotzainari alajaina,  pasatzen zion jasotakoa edo jasotakoaren zati bat, baina beraren garaian apaizarentzat zen baserritarren zerga hura. Pulpitutik iragarriko zuen garia eta artoa apaizetxera ekartzeko eguna. Arratsaldez izaten zen entrega, ordu zehatzik gabe. Egun jakin horretan hasiko ziren baserritarrak apaizetxe aurrera agertzen. Astoan edo gurdian zekarren baserritar bakoitzak tokatzen zitzaiona, jasotako uztaren hamarra. Azken apaizek ez zuten kontrolatzen bakoitzak zekarren zenbatekoa, baina garai batetan zehatz ikertzen omen zuten behar zen kantitatea zegoen ala ez, bakoitzari tokatzen zitzaiona alegia. Zenbaitzuk gutxiago ekartzen omen zuten eta; azken apaizak “badakizue arka non dagoen” esaten omen zien soilik. Gogoan du apaizetxeko ganbaran zegoen arka handia,  bitan banatuta: alde batean garia botatzen zen eta bestean artoa. Igotzen ziren zakua lepoan zutela arkan hustu eta etxera. Min ematen omen zuen hainbeste izerdiz jasotako uztaren zati bat apaizari oparitzea. Baina ez zen ageriko protestarik egiten beraien artean ere. Uste du, baina, zenbait nagusi haserretu ere egingo zela ukatzea proposatu balitz. Azkeneko apaizak kontatu omen zion lotsatu egiten zela baina ez zela ausartzen  hamarrenen ohiturarekin bukatzen hurrengoari kalte eginen zion beldurrez, tradizioa etetea, … Berak uste du baserritarrak gustura hartuko zutela delako etena. Kontatu zion nola bere apaiz lagun batek moztu zuen usadio horrekin: apaizak bazkaria eman behar zien baserritarrei eta hala esan zien “ez daukat dirurik bazkarirako, beraz aurten ez dizuet bazkaririk eman ahal izango; beraz zuek ere nahi ez baduzue ez ekarri hamarrenik; bakarren batzuk ekarri omen zioten,  baina urte horretan bukatu zen hamarrenen usadioa.

- Zer egiten zuen apaizak gari eta arto guzti horrekin?.

- Seguruenik saldu, agian baserritar eurei.

 

Buldena datorkio burura. Baina ez ditu ilobak gogogabetu nahi.

- Aberastuko zen apaiza

- Ez zitzaion behitzat diru soberarik ikusten, eta ez zuen zeken itxurarik, denbora zuen sobera,  guk ez bezala, baina diruz urri, denok bezala urri uste du zebiltzala.

Aitonak badaki  pinudi bat duela parrokiak, eliza osteko errekaraino doan pendiz ezik malkorragoan. Sastraka besterik ez zen bertan, apaiz batek eskatuta auzolanean pinua sartu zen, utzia egon zen, eta berriro, beste apaiz batek eskatuta, auzolanean  entresaka joz bakandu, garbitu eta txukundu zen; pinuak handi egin dira baina erabat penagarri utzia dago; jada inor ez da arduratzen eta gotzaindegiko paperen artean soilik egonen dela jabetzaren egiaztapena. Aitonak badaki ez apaizak, ez elizak, ez apaizek ez dutela pinuditik sosik atera, auzoak bertan lan egin zuela bai. Jabetza ere auskalo nola eskuratutakoa den.

Gogoan du  soro bat baduela parrokiak, nahiko zabala, abadetxe barrenean. Berak ez du gogoan inork erabili duenik: erabili izan zuen autu hori azken apaizarekin, pena ematen omen zion lur haiek erabili gabe ikustea, baina zer egin?, baserriren bati uztea edo alokatzea izanen zen irtenbiderik burutsuena eta erosoena, baina arriskutsuena ere,  baserri hori begikoagoa egingo omen zuen eta esamesak eta agian zatiketak edo ezinikusiak eragin; ez zuela ba enkantean aterako, hori aurrekoa bezain arriskutsua zen lukurreria erakutsiko zuelako; beraz han jarraitu soroak zuen erabat utzia; baratza bat ere bazen, soro-buruan, sakristauaren baserriko anaiek lantzen zioten,  beraien kabuz; patata jasotzen zen, ortua apaizak berak zerabilen, ez zuen esku txarra, txikitan ortu lanetan ibilia zela zioen.  

Gogoan ditu sagarrondo batzuk soroaren barrenean.

- Beraien jakinduria, liburuetako jakinduria, azalekoa, filosofikoa, esperimentatu gabekoa, liburuetako kultura zela, zioen sarri. Baserritarren kultura gaitzetsia bezala zegoela, urteetako esperientziaren jakinduria, mendez mende, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi, mamitu eta transmititutako kultura bizia, baliogabetzat zutena kaletarrek. Apaiztegian ere. Liluraz begiratzen omen zigun baserri lanetan genbiltzanean, harrituta entzuten omen zigun gure lanaz hitz egiten, egia da gustuko zuela baserritarrokin gure gauzez hitz egiten entzutea, izugarri ikasi omen zuen hemen egon zen urteetan, bera omen zen ezjakina eta ikasten ari zena.

 

- Bizimodu sanoa zenuten nolanahi, horregatik hartu dituzu hainbeste urte.

- Ez dakit ba. Haizea sanoa genuen, baina  24 orduko lana ere bai, baserrian ez dago ia deskantsurik. Kontatuko dizuet haize sanoari buruzko zertzeladatxo bat.

- Esan. Esan!

- Gaur egun izan balitz norbaitek salatuko zuen kutsadura akustikoa bezala, baina orduan gustura hartu genuen.

- Zer?

- Apaizak bi bozgorailu jarri zituen  eliza-dorrean, bata goialdera begira eta behera bestea. Apaizetxetik maneiatzen zuen. Musika jartzen zuen, irratia, Arrate, Segura  edo Loiola, ez zegoen beste euskarazko irratitik. Auzo osora ez ezik bailaratik beherako bazterretara ere heltzen zen. Elizkizunik ez, baina Angelusa bai eguerdian eta ilunabarrean: bazen soroan lanean, lanari utzi eta angelusa errezatzen zuenik.

- Atsegina al zen?.

- Orduan bai, gaur egun zuek esango zenukete isiltasun bukolikoa eteten duela eta apaizaren edo elizaren nagusikeria erakusten dela, nolabaiteko inposaketa, bailarako aireaz ere jabetu zela hots, doinu eta mezuz betez, elizaren kolonizazio tresna.  Ez zuen, nolanahi, gehiegi erabiltzen.

Aitonak usten du apaizak auzoaren onbidez egiten zuela hori dena

 

Elizako ateburuko harri zabal sendo luzea, bloke tzar bat, garbitu zuenekoa kontatzen die ilobei.  Letxadaz edo karesnez zuritzen zen ateburuko harritzarra ere elizpea txukuntzen zen bakoitzean. Harria bere onera ekartzea otu zitzaion apaizari, ez zuen laguntasunik eskatu ere egin, bakarren batek botako zion esku bat noizbait, gatetxoren batek batez ere;  mailu eta eskuila erosi zituen apaizak burdindegi batetan: mailu berezia zen, puntazorrotzeko piramide txikiz osaturiko aho karratu zabaleko astuna,  eta metal gogorreko harizko hortzez osatua eskuila. Eskuilarekin harik eta gehien garbitu harria, mailuarekin joz kare itsatsia harrotu eta ondoren berriro eskuilarekin marruskatuz ateburuari bere harri aurpegia erakutsarazi arte: lan gogorra egin zuela deritzo, oraindik botatzen dio begirada bat ateburuari, apaiza datorrenean meza ematera.

Batak bestea dakarkio: dena sasitza zen eliza eta saloiaren arteko pendiza nola apaizak garbitu zuen ere gogoratzen du: lorategitxo bat egin zuen harriz lurra hesituz, bidezidorrak jarriz, …  ingurua nolabait dotoretuago jarri zuela alegia. Umeak lagundu omen zioten.

 

- Ume zalea zen beraz apaiz hori.

- Umezalea baino gehiago umeen bakardadea ikusten zuela uste dut, eta umeen bidez auzotarrengana hurbiltzeko bidea egokia zelakoan eman zietela  hainbeste ordu umeei. Bera ere ume handi bat zela zioen inguruko auzo batetan zegoen apaiz baten arrebak.

- Konta, konta.

- Auzo horretako jaietara joan ohi zen, apaiza lagun zuelako. Apaizetxean pasillo luze bat omen du, eta argizagia emanda briz-briz labainkor egoten omen zen: urteroko erritoa aipatzen zuen delako apaizaren arrebak: irrist egitea gustatzen omen zitzaion, korrika joan, abiadura hartu eta irristan egin luzera osoa.

- Baina umeek maite zuten?

- Nik baietz uste, entretenigarriak egiten zizkien igande arratsak, ezberdinak. Baina bazituen bere jauntxokeriak ere umeekin.

- Nola?.

- Behin, seguruenik huskeriaren batengatik, elizan barre egiteagatik edo auskalo, luzaroan eduki zituen belauniko elizpean; umeak belaunburuak mindurik gelditu arte. Gerora entzun izan diot, damututa, apaizkeria bat izan zela hura. Mantelinarena bezala.

- Zer da mantelinarena.

- Behin beherengo baserriko neskatila mantelina gabe etorri zen arrosariora, ahaztuta; emakumeek ezin zuten elizan sartu mantelina gabe, eta etxera bidali zuen bila, ordu-laurdenetik gorako bidean. Gaur ulertezina dirudi, inork ez darama mantelinarik elizan, baina orduan horrela ziren gauzak.

- Haserretuko zen neska-koskorra

- Ez diola barkatu uste dut, badakit ondo gogoan duela behintzat gaur egun emakumea den harek. Apaizak ahaztuta zuen, baina heldu zitzaion belarrira, eta orain badakit irauten diola apaizari ere lotsak,  neskari  hari haserrea bezain luze eta mingarri.

 

Horrek auzoan izan ziren zatiketa, haserre eta elkar ezinikusi gordinak, dakarzkio gogora. Aldi latza, auzo erdiak ez zuen hitzik egiten beste erdiarekin, eta egiten zutenean demanda bizian aritzeko zen.  Herriko apaiza izan zen tarteko: nonbait izan zuen gorabeheraren bat sakristauarekin, kendu egin zuen behintzat  zeregin horretatik eta horrek piztu zuen auzoa banatu zuen liskarra. Urtebete egon zen apaiz hura, baina urteak iraun zuen auzotarren arteko herra sakona. Apaiztu berri bat bidali zuten. Urtebete soilik egin zuen honek ere, baina egoera bideratzeko pauso funtsezkoak eman zituen. Balio, patxada eta luzerako ikuspegi  zabalekoa zen. Auzolanean saloia deitu zitzaion auzo elkartea eraiki zuen. Geroago beste apaiz baten aholkuz “Gure txokoa” deitu ziotena, sarrerako ateburuan letrero baten iragarrita. Meza eta arrosario ondoko bilgunea bihurtu zen. Saloiak harremanetarako bidea ireki eta elkartze lanean pausoak ematea ahalbideratu zuen. Berenez esango luke, ia-ia inertziaz. Ez zuen prozesua ezagutu, mesfidantzak egonen ziren, bakoitza bere sokakoekin bilduko zen. Luze jotzen duten zauriak ohi baitira, ixten ez direnak, gehienetan belaunaldiak dirauen bitartean irauten dutenak, zauriak irekita ez arren orbanak diraute. Gaur egun oroipenean geratuko da seguruenik arazo hura.

 

- Aitona entzun dut dantza ere egiten zela.

- Etorri zen apaiz batek magnetofoi eta disko-jogailu bat erosi zuen, tarteka, sarri ere esanen nuke, saloian jartzen zuen eta dantzan egiten zen, dantza lotuan ere, “agarrao” deitzen geniona. Herri-buruetan eta jaietan egiten bazuten zergatik ez auzoan ere, zioen. Apaiz horrek txistua jotzen ikasi zuen auzoan bertan, bere kasa, eta txistua joz trikitian ere egiten zen. Mutilak lotsatiak ginen, neskek batez ere egiten zuten dantzan. Gaztetxoek ere, herrira jaisten zirenerako,  lotsa kentzen joateko aukera bat izan zelakoan nago. Oso lotsatiak ginen asko neskekin, bai auzoan bai kalera jaisten ginenean ere.

- Gaupasarik egiten al zen orduan?.

- Jaietan berandura arte egoten zen zabalik saloia, baina urtean zehar tren ordua heltzean itxi egiten zen gazteak inguruko herriren batera jaisten zirelako. Baina bestelakoetan ilunabarreko angelus-kanpaiak jotzean umeek etxera erretiratu behar zuten.  Ez zen apaizen ordena, agian jatorrian bai, baina etxekoek ziren umeak ordu horretan etxeratzera behartzen zituztenak.

 

- Aitona, amonari entzun diot hainbat leku ezagutu zituztela, autobusean ateratzen zirela urtean behin.

- Hala zen, bai,  apaiza zen antolatzailea: neu ez nintzen joan behin ere, baserriak lotuta bizi ginen, baina umeak eta emakume asko joaten ziren, gizonezko bakarren batzuk ere.

- Konta, konta.

- Apaizak egiten zuen plana, nondik norakoa eta kostua; izena eman eta horren arabera eskatzen zuen autobusa. Oinez joan behar zen gurdibidez  errepideraino, bazterrak ikusteaz gain autobusean bertan alaitsu egiten omen zuten bidaia, abestuz, … hori bat irteeran abemaria bat eta San Kristobal orapronobis errezoak ez zuen hutsik egingo.

-Nora joaten ziren.

- Araban zehar ibili ziren, Gipuzkoa, Nafarroan Orreagaraino heldu ziren, Araba, Bizkaia, …. .

 

Aitonak erromesaldiak ditu gogoan. Urkiolara ez zuten huts egingo San Antonio egunean. Jai eguna bezala zen auzoan, baserriko lanak goiz egin eta ibilira. Oinez joaten ziren. Hiru ordu inguru bai oinez, mendiz lehenengo Otxandioraino eta handik errepidez. Meza entzun eta jaigiroan pasako zuten eguna. Denak elkartu eta zelaien batetan eramandako bazkaria jan. Gizonek ardo batzuk edan, trikitia dantzatu neskek eta ilundu aurretik etxera, behien azken zereginak betetzera.  

Beste erromes eguna alboko herriko amabirginaren santutegikoa zen, bailarako zaindaria bera. Egun pasakoa izaten zen hura ere, mezetara, trago batzuk txosnan, bazkaria zabaltzako arbolapean eta ilunabarrerako etxera.

 

- Bagoaz, aitona, eskolarako lanak egin behar ditugu eta.

Aitonak umeak  eskolara autoz eramaten dituztela gogoratzen du, baina bera ferrokarrilaz gogoratzen da.

Gaurko erraztasun eta erosotasunik ez zutela pentsatzen du, baina gutxienez gaur egun bezain zoriontsu bizi zirelakoan dago.

 

 

 

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.