Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/02/09 10:15
Auzoa. 6.- Juan abadea

JUAN ABADEA

 

 

Juan zuen izena auzoko abadeak. Don Juan deitzen genion. Ehiztari petoa agian ez, baina ehiza zalea bai bazen. Txistularia ere. Baina inork ez zion deituko Juanito, are gutxiago Juanito Txistularia, Mateo Txistu, Abade Martin, Salomon Apaiza edo Prizti-Juan, meza ematea erdian utzi, erbi baten atzetik joan eta gehiago agertu ez zen apaizaren istorioko Juanito Txistularia gogoratuz.  Gure auzoko Juan abadea  ez zen ehiztari amorratua, baina bai abade ehiztaria.

 

Eskopeta eta ehiza ez ziren auzoan gertakizun ezohikoa edo esamesa bitxia. Eskopeta asko baitzen, baserri bakoitzean bat ez agian, baina gehienetan edo askotan bai bazen bat, bi ere zenbaitetan. Asko ziren ehiztariak ere, beraz. Ehiza-debekualdia noiz bukatuko egon ohi ziren zaletuenak. Nabaria zen hori igandeko meza ondorengo elizpeko solasaldietan, saloian edo tren-geltokiko itxaronaldietan: txakurrak atera zituela urliak basora korrikan zaildu eta arrastoa hartzen ohitzeko, besteak azken ehizaldi ondoren gorde aurretik emandako koipea kendu ziola bere eskopetari, beste hark olioztatu zituela junturak, ehiza-baimena berritu beharra zuen batek, …

 

Ez zen ere eskandalagarria apaiz ehiztaria auzoan. Egon zen aldi bat noiz gure auzoan bertan apaizik ez eta alboko auzoko apaizak  gurearen kargu zuena. Ordubete luzeko bidea egonen da bi auzoen artean. Ehiztari amorratua zenez, gure auzoan ematen zuen meza, egunsentian, bertatik basoa erosoago zeukalako meza ostean ehizara ateratzeko; bere parroki ingurua baino ehiza-leku hobea zelako ere bai seguruenik.  Goizaldera, oraindik ilun, egiten zuen auzo bien arteko bidea egunsentirako gure auzoan  egoteko, oinez noski, gurdibideetan itzulinguruka, ez baitzegoen auzo bien artean errepiderik, ezta inolako bide zuzenik ere. Erratu zen orduari buruz goiz batetan, eta oso goiz heldu zen elizara. Txakurra elizpean lotu eta konfesategian egin omen zuela lo, kontatzen zioten eliztarrek Juan abadeari barretxo maleziatsuz. Nagusiagoek kontatzen ziguten ere izan zela garai bat noiz inguruko hiru apaiz elkartzen ziren auzoko elizpean bakoitza bere txakurrarekin, edo txakurrekin, eta nola hirurak ateratzen ziren basora erbitara.

 

Juan abadeak nolabaiteko jarraipena eman besterik ez zuen egin, beraz, auzoko apaiz ehiztarien tradizioari.

 

Ehiza debekua indargetu eta ehizaldia asteaz bat elkartuko ziren erbitan egiten zuten ehiztariak. Gutxi batzuk osatzen zuten erbi-ehiztarion taldea. Baserrian batzuk, bailarako tailerretan besteak, lanegunak ziren astebarruko egunak, asteburua, ondorioz,  erbitarako aukera bakarra. Basoa zen ehiza-lekua. Banatu eginen zen koadrilatxoa; banatu ez ezik, leku estrategikoan, bidegurutze eta bidezidorretan,  kokatuko zen bakoitza,  estrategia antolatuan, bakoitza erbia bertatik agertuko esperantzan. Ehiza jokoari hasiera emanez, txakurrak askatuko zituzten; ondoren, txakurrok  arrastoa usnatu, erbia bere gordelekutik atera eta zaunka batean erbi atzetik jarraika hasiko ziren, ihesean bata jazarpenean besteak. Txakur zaunkek erakutsiko zieten erbia jaso zutela eta nondik nora zihoan txakur eta erbien arteko nor arinago lehia, hil ala biziko jokoa erbiarentzat, senak esnatutako grina txakurrarentzat. Larunbat eta igande goizetan ohikoak ziren auzo osoan txakurren basoko zaunkak erbien atzetik, eta tarteka tiro hots bakanak. Igandeko meza osteko solasaldietako gai bat izanen zen nork non eta nola bota zuen erbia, edo ateraldiaren antzua, edo ehiza eta ehiztarien arteko kontakizun bitxi, xelebre eta tarteka asmatuak ere.

 

Txakur bat ez zen itzuli behin. Gertatu ohi zen erbiaren atzetik urrutira joana izatea eta berandurago arte ez itzultzea. Txakur finek jakin bai baitakite erbiaren atzetik izutzen. Txakur bat ez zen itzuli, ba, egun hartan. Jabea bueltatu zen  basora arratsaldean,  baita hurrengo egunean ere, basoan zehar txakurrari deika, zauritua egon zitekeelakoan, zaunkaz erantzungo ote adi. Ez zuen txakurraren arrastorik aurkitu. Lagun baten aholkuz, bere alkandora utzi zuen pago baten ipurdian. Hurrengo goizean han zen txakurra, alkandoraren alboan etzanda ugazabaren zain. 

 

Bazen bakarka erbitan egitea gustukoagoa zuenik ere, txakurrik gabe: aurrez, basoan erbi arrasto bila ibiliko zen; debekualdia jasotzerako bazekizkien arrastootatik erbien ibilbide ohikoenak; ondorioz, kokagune estrategikoa  aukeratuko zuen, estatua bat bezain geldi, eskopetaz gain pazientzia hartuz erbiren bat noiz agertuko.

 

Juan abadea ez zen erbitara ateratzen. Horretarako aske behar zuen asteburua eta bi egun horiek ziren, hain zuzen, bere egun hartuenak, larunbatean iganderakoa prestatu, igandean bi meza eman, isila goiz eta kantatua goizerdian,  eta arratsaldez arrosarioa zuzendu beharko zuen. Astebarruko egunez baliatu beharko zen ehizarako, baina, ez zen ez trebe ez jakintsu erbitan, are gutxiago bakarkakoan, txakurrik ere ez zuen gainera.

Ba zen nolabait isileko ehiztaria, furtiboa, alegia; ez zituen ehiza arauak zehatz gordetzen, zeren, nahiz debekualdia, apaizetxe bueltan entzuten zen tarteka tiroren bat: apaizak zozoren bat izutu zuela esanen zuen bakarren batek barretxo pikaroz. Esanen zion berari ere irriño maltzurrez norbaitek, “txapelokerrek harrapatzen badute”, … Urrutitxo zegoen txapelokerrentzat, errepiderik ezak urrutikoagoa egiten zuen, oraindik, auzoa.  Ez zen, baina eskandalu handia, ohikoa baitzen debekualdietan ezkutuko ehiza, batez ere ilbeteetan. Gau horietan entzungo zen tiro hotsen bat. Bakarra beti. Hotsa nondik etorri, susmo garbia zen zein baserrikoa eta nor tiratzailea.  Erbiak sekulabelarra du gogoko, guria delako seguruenik: belartza ondo begiratu, non jaten zuten eta nondik hurreratzen zen arrastoetatik  ikasi, eta gauen zain egon, hori zen taktika, ilargi betearen argia baliatuz. Baratzak ere maite dituzte erbiek; teknika beraz baliatuko ziren: bidea arrastoetatik ikasi eta zain egon. Adarjotzeak egon ohi ziren meza ondorengo tertulietan, baina gaueko ehiza klandestinoez ez zuten gogoko hitz egitea, eta inor gutxik aitortuko zuen bera izan zenik bartko tirogilea, denek jakin bazekiten ere nor zen.  

 

Agian txikitatik zetorkion, zioenez, Juan abadeari ehiztari grina: gaurko auzoko umeek bezala, elurtzetan, atarian lurra garbitu, bertan galbahea ahoz behera jarri, albo batean barnera txori batentzat adinako pasabidea utziz mutur bat sukaldeko leihoan zuen lokarriz lotutako ertz bat lurrean eta bestea galbahearen ahoan zuen makilatxo motz batez, azpian jangai tentagarria txoritxo gosetientzat eskaintzen zela;  txori gosebera sartuko zen galbahe azpira janari bila, sokari tiratu eta txoritxoa galbahe azpian geratuko zen preso. Tiragomarekin beti ziren antzuak ahaleginak. Txikitatik omen zien miresmena ehiztariei, ehiza giroa baitzegoen  jaiotauzoan.  Ohikoa omen han eskopeta hotsa, ohikoa ere txapelokerrak ikustea isilpeko ehiztari-ehiza ahaleginean. Ehiza giroko umea izana zen, beraz. Hala kontatzen zigun. Gogoan zuen ehiztariak, ehizakia gerrian zintzilik, harro itzultzen zirenekoa; baita nola behin agertu zen zikoina handi bat hegazkada mantsoan auzoa zeharkatuz, denen harridura sortaraziz; nola bere etxe osteko haitzetan geratu zen ibaiaren bestaldean, eta auzo ehiztari batek bota zuen, harro pieza eder hura erakutsiz herrirakoan; kontatzen zigun ere ze harridura sortarazi zion beste ehiztari batenak, nola etxe ondoko zubiko zutabe ondoan jarrita, zain egon zitzaion  uroiloa omen zenari: azalera ur azpitik zetorren burbuila lerroak erakusten zion bazetorrela eta nondik; burua urgainera ateratzeaz bat egin omen zion tiro eta hil. Beste behin igaraba edo nutria izan omen zen harridura sortzailea: egunak zeramatzaten umeok ibai ertzean zulo misteriotsu bat aurkitu zutelakoan, umeen irudimenak ur-txakurrak eta hainbat pizti arriskutsu asmatu zituen; hurreratu ere ez ziren egingo zulora: uroilo-ehiztariak berak bota omen zuen hura ere tiroz, umeon harridura sortaraziz. Baita ere kontatzen zuen bazela isileko ehiztari bat, sekula ehiza-baimenik ateratzen ez zuena, beti txapelokerrei ihesi eta hauek bere atzetik; azkenik atera omen zuen ehiza-baimena, baina geroztik haserre ibili ei zen gure furtiboa, “lehen beti atzetik eta orain ez zidatek baimenik eskatu ere egiten”; behin bera joan omen zitzaien txapelokerrei baimena bazuela erakustera. 

 

Giroz edo berezkoz, baina ehiztari sena zuen auzoko Juan abadeak. Agian zerbait ezberdina esperimentatzeko irrika besterik ez zuen.

 

Eskopetak izango zuen ere beregan eragin erabakigarria.

Delako alboko auzoko apaiz ehiztaria hil zenean eskopeta aurkitu zuen apaizetxean ordezkatu zuenak. Ehiza kontuez ari zirela, Juan abadeak aipatu zuen bere zaletasuna, baita besteak eskopeta eskaini ere. Puntu-puntuan jarri zion arma-fabrika batean lagun batek. Oso arina zen, kainoi motza zuen eta tiro zorrotza.  Ehiza baimena ere atera zuen. Horrela, jada, ehiztari ofiziala bihurtu zitzaigun.

 

Bazuen armei beldur izateko arrazoirik. Baina gaina hartu zion senak. Gauza da apaizgai zela pistola fabrika bat bisitatzeko konbita jaso zutela herriko apaizgaiek. Jakin eta ikusmin biziaz egin omen zuten bisita;  batez ere pistolen proba-tokia egin  zitzaiola berari erakargarria, zioen: jaurtigairik gabeko kartutxoekin; esperientzia berria eta berezia omen zitzaion tiro egitea. Apaizgaiak pistola eskuan zutela!, kontraesan bizia. Gaztetasunak bazuen zerikusia, ideologia eta espiritualitateaz harago. Pistola kargatu, kokots pean  kanoi punta jarri eta  lagunei “buruaz beste egiteko erarik onena hau omen” esan eta  katua sakatu zuen. Patua, suertez, auskalo zergatik, ez bere erabakiz, baina zorionez, pistola desbideratu egin zitzaion, aurrera begira jarriz. Su-lama pirrinta luzea pasatu omen zitzaion begien aurretik eztanda hotsarekin batera. Balarik ez zuen kartutxoak, baina bolbora bai. Desbideratu ez bazitzaion pistola, aurpegi osoa erre eta desegingo zitzaion.

 

Pistolaren aferak, baina, ez zion sartu nonbait armekiko beldurra. Eskopeta eskuratuta, berez zetorren tiroka hastea. Zozo ehizarekin eman zion hasera. Ez ote zen ehiza debekatua zozoarena, garai hartan ere!. Ehiza garaia ote zen hura! Auskalo. Nolanahi ehizaki gutiziatua zen auzotarren artean zozoa. eta inork gutxik galduko zuen zozoari tiro egiteko aukera.  Legez kanpo edo ez, etsenplu inola ere ez egokia apaizarena  auzoarentzat, baina barkatzen zitzaion lege-haustea: apaizen pribilegioa. Beterri edo behealdean bazen hutsik zegoen baserri bat, zeinek larrain zabala zuen, larrainaren bestaldean ate aurrez-aurre enbor ugariko erramu hostotsua zeukana, zozoen bazkaleku edo gordeleku irrikatsua, nondik biderainoko txor-txor ozenak sortzen ziren. Ez zen inor bizi baserrian, baina jabeak, beste baserri batera ezkondua, lurrak erabiltzen zituen. Berarengana jo zuen Juan abadeak.

- Egingo nuke zozotan zure baserri aurreko erramuan.

- Zabalik uzten dut egunez atea, bertatik dauka berorrek aukera ezin hobea.

Bi ataleko atea zen, goikoa zabalik, behekoa itxita, beraz parapeto eta gordeleku ezin aproposagoa ehiztariarentzat. Zozo saldoa egon ohi zen erramuan: bat aukeratu, miran jarri, eta tiro!, ez zegoen huts egiterik. Ihes eginen zuten denek, hilak ezik, zalaparta eta kar-kar soinu larri bizian, arriskua! aldarrikatuz bezala. Lasterrera, baina agertuko zen bat, geroago bestea, …: tiro garbia zuenean, tiro-pun!,  kazuelarako nahikoa zituela uste zuen arte. Sukaldari ona zuen arreba, eta ezin uka ezin gozoagoak izanen zela zozooz prestaturiko kazola. Ez zuen sarriegi egiten zozo-ehiza. Tarteka soilik. Agian, sakonean lotsa ere ematen zion zozo babesgabeen aurka aritzea, traizioz bezala,  agian auzoan esamesen bat izanen zen kezka ere sortzen zitzaion.

 

Bazuen nolanahi ehiztari zenbaiten sen gaiztoa ere: zerbait hegan ikusiz tiratu gabe geratu ezina. Lotsatuta kontatu ohi zuen gero lagunartean. Ibili ohi zen eskopeta eskuan edo bizkarrean, bere sotana beltz luzearekin, apaizetxe inguruko lur, zelai, sasitza, baso eta errekondoetan, zozo edo birigarroren bat aurkituko ote: lainoa bailitz, txori txiki multzoa handia agertu omen zitzaion behin zelai batetan udazken batez, harat hona kiribilduko zurrunbiloan zebilena, lur-azaletik gertu; pasoko txori txikiak ziren, udazkenerokoak, ez baitira usoak, antzarrak, kurriloak, kalandriak eta araba-zozoak soilik hegoaldera giro epelaren bila negu-pasa  joaten direnak. Ezin tentazioari eutsi, eta tiro egin zion multzoari, multzoaren erdi erdira: zaparradan erori omen ziren txoriñook; ez zituen jaso ere egin, hain txikiak izaki, jateko ere ez baitzuten balio, ia giharrik ez edukitzeaz gain lumatzen bakarrik lan larregia ematen zutelako. Une berean damutu omen zitzaion tiro hura egina, baina egina zegon,  orban bilakatu ez zen zauri ireki bat geratu zitzaiola esan ohi zuen. Urteak aurrera, ez omen zaio harrogarri ehiztari izana, zozo ehiztariarena gutxiago, baina txori-txikiei tiro hura zitzaion mingarriena baino lotsagarriena.  

 

Behin ere ez zen izan ehiztaria. Eskopetarekin harat honat ibili bai, baina ehizakirik ez zuen ekartzen. Ehiztaria baino tirogilea zen, eskupetaria, auzoan horrelakoei deitzen zitzaien bezala. Usoak zituen etxeko ganbaran. Usategira joan eta usoa hartu baino nahiago zuen etxaurrean zain egon eta teilatu hegalean aukeran geratzen zitzaion usoari tiro egin.   

 

Uso-pasea zen urteko ehizaldi nagusia. Ez zen basurde askorik, beraz ez zen basurdetarako zaletasunik. Uso-pasa leku bikaina zen ordea. Behe-bailara luzearen bukaeran mendikate lerroa zen uso bandak bere ibilbidean goi-lautadara heltzeko gainditu behar zuten oztopo nagusia, zeinen barrenean dagoen kokatuta auzoa; bestalde mendizerrako pagadiek  babesa eta pausagunea ere eskaintzen zizkien usoei ilunabarrean udazkeneko hego-haizearen aurkako hegaldian. Hariztiko orrien gaintxotik egiten zuten haize korrontearen bafadak ahalik era erosoen ekiditeko.  Tontorreria osoa egon ohi zen ehiza-parapetoz betea: alboko herriko udalak, berea zenez basoa, aldi berean uso-pase toki bikaina, enkantean jartzen zituen postuok. Auzoko basoek, aldiz, jabetza pribatua zuten, bestalde errepidetik urruti geratzen zen kaletarrentzako, beraz auzotarren koto pribatua bezala zen.

 

Auzoan denek gogoratzen dugu udazken bateko antzar-ikuskizun hura. Goiz batetan behe-laino ezin trinkoagoz hartua esnatu zen mendilerro osoa, ia barreneraino estaltzen zuen tontorreria lainoak, horma gaindiezin bat lez, mendi-hegia iraganezina bihurtuz; ezin zuten, beraz, antzarrek mendi gaina zeharkatu. Zerua iluntzerainoko bando sailak  elkartu ziren auzo gainean: izugarria izan zen. Milaka eta milaka antzar ehunka eta ehunka V egiturako taldeetan bilduta, bandoka V irudiko lerrootan organizatuta, harat eta hona, bira eta bira zeruan. Dena zen mugimendua, mila zurrunbilo ezberdin  edo gurpil plano jiraka amaigabean, ordu luzez, gero eta gehiago, zurrunbilo etengabean talde bakoitza, jira-biraka, lainopea erabat estaliz, errezel arre belzkara bat bailitz, goiza ia ilunduz; belarrien durdurio zen  kra-kra-kra soinu garratzez inguru osoa sinfonia durunditsu batean bilduta: harriduraz harago, munduaren azkena zetorren sentipen kilikagarria.  Izugarrizko hots-zurrunbilo akustikoa inguru guztia betez; beraien arteko komunikazio tresna kodifikatua omen, gure belarrientzat karra antzerako soinu burrunba neurtezina. Ikuskizun magikoa begientzat, aldi berean bihotza kizkurtzen zuen sinfonia ilun gorgarria. Goizerdian zerua argitu, lainoa jaso eta bideari jarrai izan ahal zioten arte. Ikuskizuna bukatuz, V formazioak banan banan joan ziren mendilerroa zeharkatzen eta auzoa bere egunerokotasunera itzuli zen. Agian bailara estua izateak ikusgarriagoa egin zuen ikuskizun hura.

 

Udazkenean hasiko ziren beda zabaldu aurretik eskopeta ondo koipetu eta bilduak garbitu eta punttuan jartzen. Tailerretako  zein trenbideko zenbait langilek garai horretan hartuko zituzten urteko opor egun batzuk. Baserrikoak bezperan edo egunsentiz ahaleginduko ziren lanak aurreratuz usotarako ordu batzuk libratzen. Besteentzat asteburukoak  izan ohi ziren ehiztariaren egun amestuak. Usoei buruzkoa izanen zen solasgai gai nagusia: zenbat pasa ziren, nondik, baxu ala goitik, … eguraldia zen batez ere mintzagai nagusienetarikoa. Sen berezia zuten. Atarira atera, zerura begiratu, haizearen nolakoa ikertu, … eta bazekiten uso egun izanen zen ala ez, goitik joanen ziren ala pago adarretik gertu, arrasean. Egunaren eta giroaren arabera bakoitzak aukeratuko zuen kokalekurik bere ustez egokiena.  Funtsezkoa zen leku egokia aukeratzea. Hortaz ere iaioak ziren auzoko uso-ehiztariok. Kultura berezia da uso-ehizarena, eta zenbaitzuk berezko sena bezalakoa gauzatu dute, beraien mamia bailitz.  

 

Bazen bat denen artean trebeena. Uso-ehiztari sena garatuen zuena. Hutsik eginen ez zuen punteriaz gain, berezko berezia zuen ehizakiaren nondik norakoak aurkitzeko, animaliek utzitako arrastoak ezagutzeko jakituria, … baina batez ere uso-pasean usoak nondik sartuko ziren antzeman eta leku aproposean kokatzeko; usorik ez bazetorren ere, beti  aurkituko zuen uso galduren bat basoan, inoiz gutxi etxeratuko zen usorik gabe. Bazekien zuhaitz gainean gordeta ere usoen zain egoten. Besteak etxera errenditzen zirenean usorik ez zetorrelako, bera han geratuko zen. Basoan geratutako uso galduren baten bila. Gaztea zen. Baserrirako geratu zen, anai-arrebak tailerrera joaten ziren, eta astez ere aukera zuen usotarako. Gazte honen laguna zen Juan abadea. Berarekin eman zituen lehen urratsak uso-ehizan. Berarekin uso-ehiza ikastaro berezia egin zuela esan genezake.

 

Egunsentian ematen zuen meza Juan abadeak uso-pase garaian. Kanpaia jotzen zuen eta eliztarrek bazekiten egun hartan apaiza uso-pasera zihoala.  Goiz arren mutiko laguntzaileak eta zenbait neskak ez zuten huts eginen mezetara.

Lehen ordua, egunsentia alegia, zen unerik onena ehizarako. Bidean lo, atseden hartuz, edo argirik ezagatik, gelditutako usoak lehen argiarekin abiatzen baitziren, ohikoa baino nahiko baxu eta mantsoago errutan jarriz.   

 

Bospasei elkartzen ziren gehienetan. Baserriko behiekikoak oso goiz eginda, belar lanak edo sorokoak erdizka, geroko edo arratsalderako utzita, joaten ziren. Bakoitza bere talaia kutunera joanen zen, egonen zen lehia nor goizago leku aproposena hartzeko, baina gehienak, azkenerako, leku berean elkartzen ziren, egokienean, alegia. Uso eguna bazen, nahiko lan zuen bakoitzak zegoen talaiatik uso banda non et noiz ikusiko. Usorik ez bazen, elkartuz bukatuko zuten eramandako ogitartekoa jan eta satoari trago, kontu-kontari. Han agertu ohi ziren auzoko gaurko eta antzinako kontuak, istorio bitxiak, halakoren eta bestelakoaren pasadizoak, adarjotzeak, … Lagun-giro aparta sortu ohi zen.

 

Oso tiratzaile txarra zen Juan abadea, uso asko zegoenean botako zuen bakarren bat, bandari erdi-erdira tirata gehienetan, besteek aldiz, bat aukeratu eta berari eginen zioten tiro; bakar bat bazetorren ere eraitsiko zuten. Baina beti eramaten zuen Juan abadeak usoren bat etxera. Oparitua, alajaina. Sukaldari trebea, zozoekin bezala usoekin, sekulako kazola gozoa prestatzen omen zuen arrebak.

 

Ez ziren usoak, zenbait tokitan bezala, zuhaitz ostetik bat batean agertzen; urrutira ikusten zituzten etortzen. Sekulakoa omen zen, hala zioen Juan Abadeak, han behean uso banda ikustea, bazetorrela. Eta sinfoniarik ederrena beraien hego-hotsa. Denak urduri, haizea usainduz, haizearen eta bandaren garaieraren arabera ezkerretik edo eskuinetik hartuko zuelako uso-bandoak; antz eman behar omen zitzaien hegazkada eta multzoaren mugimendua aztertuz nondik hartuko zuen, bertara etorriko zitzaien, talaia azpitik eginen zuten, baxu sartuko ziren ala gorantz eginen, ia, beraien argotean,  txapel gainera etorriko ote, … edo albo batetik edo goregi, eginen zuten pasea.   Sen bereziz, gehienetan igarri egiten zuten bandoaren norabidea. Atzetik edo albotik tiratzea zen seguruena, luma artetik perdigoiak errazago sartzen zirelako, aurretik koraza antzerakoa bihurtzen omen lumajea.

 

Juan abadeak apaizgoaren nolabaiteko zama ordaindu behar zuen: aurpegi ona jarri beharra gauzak okertu arren. Sarri zuen okerduraren bat uso-ehiza egunotan.

Azken baserria utzi eta basora sartzen zenean sotana kendu eta gordeta uzten zuen. Ez zuen nahi umeek sotana gabe ikusi zezaten. Baina hara non egun batez mutil-koskor bat agertzen den norbait zain zeukala eta joateko esanez. Deia huskeria bat zen, baina apaizak ehiza-egun bat galdu zuen. Mutikoak, aldiz, kontatzeko izan zuen herriko apaiza sotanarik gabe ikusi zuela, galtza eta alkandora hutsean.

Beste behin, uso-pase egun aparta, etorri eta etorri zetozen usoak bando handietan. Hara non agertzen den postuan, bera ere ehizara, lana utzita, -lana ferrokarrilean egiten zuen- auzotar bat. Mozkortia zen, gehienetan edanda edo edan samarra. Esaten dio trenbideko ez dakit ze gorabehera izan duela, botako dutela lanetik, arren joateko ferrokarrileko gerentearengana, … Ezkondua zen, hiru seme alabekin. Dena utzi, etxera itzuli, jantzi eta trena hartu zuen hiriburura. Trenetik ikusten omen zituen uso bandak zerua zeharkatzen. Urteko uso-paserik oparoena izan zen. Elkartu zen gerentearekin, barre egiten du honek eta esaten takian-potian egiten dituela delako langileak botatzeko merituak, familiagatik  ez dutela kanporatzen. Hurrengo berarekin elkartu zenean ez zen gogoratu ere egiten hau ezertaz.

 

Baina Juan abadeak berak ere sortzen zituen egoera deserosoak, edo trabagarriak behintzat. Arriskugarriak ere. Oso ehiztari trebeak ziren lagunak beti zeuden aholkua eman beharrean, non jarri, noiz arte itxaron tiro egiteko, hobeto gordetzeko aholkatu usoak bazetozenean, … nolabaiteko zama zen beraientzat trebetasunik gabeko bat tartean izatea.  Baziren arau hautsiezinak: ezin zen jantzi argirik eraman, ezta bristada egin zezaken ezer, ez zen mugimendurik egin behar, ez inolako zaratarik atera usoak zetozenean, bestela norabidea aldatuko zuten.

Behin goizerdiko mokadu jaten zeudela, eskopeta belaun gainean trabeska, gure Juan abadeari katuari nahi gabe sakatu eta tiroa atera zitzaion. Esperientziarik ezak eragindako axolagabekeria izugarriaz, eman gabe zeukan segurtagailua. Alboan eserita zegoen zorionez,  basoan galdu zen perdigoi zaparrada. Erdian egotera, baldratuko edo hilko zuen norbait. Aurpegia kare bizia baino zuriago, hitzik gabe, geratu ziren denak. Ez zioten Juan abadeari errietarik egin, baina isiltasun salatzailea nagusitu zen goiz hartan.

 

Usorik ez zegoenean kalandriei ekiten zieten. Edo araba-zozoei:  hauek multzoan etortzen ziren, laino beltz bat irudi, multzora tiratu besterik ez zegoen, 12ko perdigoi txikiarekin, tiroa zabaldu egiten zenez eta zozoek askorik behar ez zutenez, zaparradan  erortzen ziren.

 

 

Egun batez parrokiaz aldatu zuten Juan abadea, bere ondasunak gurdian kargatu eta joan zen gurdibidean behera. Eskopeta apaiz-lagun jabeari itzuli zion. Ez genuen gehiago apaiz ehiztaririk izan. Uso pasearen erritoak eta usadioak bere horretan jarraitzen du, ehiza-grinak ere bai. Juan abadea, Juanito txistularia ez bezala, ez zen desagertu zeharo, bagenekien non zebilen, baina gutxitan ikusi genuen aurrerantzean.

 

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.