Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Kontakizunak

Kontakizunak

Jon Etxabe 2018/02/02 08:40
Auzoa. 5.- Arkumearena

ARKUMEARENA

 

Heldu berria zen apaiza auzora. Gaztea. Bere lehen destinoa. Eliztarrak ezagutze alde-edo, gustuko ere izanen zuen seguruenik, elizpera agertzen zen igandeko meza ondoren, non biltzen ziren auzoko gizonak. Emakumeak berehala sakabanatzen ziren bakoitza bere baserrira, bazkaria prestatu eta etxeko eginbehar ohikoetara. Gizonezkoak elizpean geratzen ziren tarte batez. Aste osoan elkar ikusi gabe, auzo zirenak ezik, beti zen zer aipatua. Baserri kontuak gehien bat, lurrak, behiak, uzta, eta, nola ez, eguraldia. Emakumeek ere izanen zuten kontu-konturako zerbait, baina emakume eta gizonezkoen rolen bereizketa agerikoak ziren horrelako xehetasunetan ere.

 

Meza ondoren horietako batean, udaberria deika jada, Ugarte, gizonezko adinean aurrera zihoana, hurreratu zitzaion apaizari.

- Berorrekin egon behar dut, ba, jauna.

- Nahi duzunean.

- Momentu bateko gauza da, orain bertan nahi badu.

Ertz batera erretiratu ziren.

- Zeuk esango duzu

- Noiz nahi du arkumea ekartzea?.

Harriduraz begiratzen dio apaizak.

- Ze arkumez ari zara?.

- Ba hori, jauna, noiz nahi duen berorrek arkumea.

Ulertezina zitzaion galdera apaizari.

 

Ez zen artzain auzoa, nekazari auzoa baizik, baina tradizioan zetorren artzaintza lanbidea ere. Beti izan ziren artzainak eta artaldeak auzoan. Lauk soilik jarraitzen zuten orain artzaintzan, baina hainbat gehiago gogoratzen zituzten aspaldi. Bi artzain mota  berezi ahal ziren: artaldeak aurre urrutiko mendi-gainetako larreetan bazkatzen zituztenak, eta baserri osteko mendi gainetako lautadetara goizero ateratzen zutenak artaldea ilunerako baserrira bilduz. Batzuk artaldearen inguruan ematen zuten ia urte osoa, txaboletan bizi ziren, neguan soilik jaitsiko ziren bailarako larreetara; besteek, aldiz baserrian egiten zuten bizimodua, artaldeaz gain baserriko lurrez eta aziendaz ere arduratzen ziren.  Inguruak baldintzatzen du lana gehienetan, artzainona ere: bi artzainek, ez zutenez inguruan herri-lurrik, bestaldeko mendietako lautada eta herrilarretara jo behar zuten, bizitokia bertan moldatuz, Euskal Herriko hainbat artzainek ohi duten eran. Oinez egin behar zen joan-etorria, orduetako bidea baserritik, ondorioz tarteka gutxitan egin ahal zuten etxera bisita. Familietatik urrun, bizimodu erabat gogorra. Beste biek, baserritar-artzainek, bi ziren hauek ere, mendi barrenean zituzten baserri eta lurrak, eta baserri osteko mendi-gaineko lautadan artaldearen larreak, erosoa zuten, beraz, goizean artaldea larrera bota eta gauez etxeratzea.

 

Apaizak bazekien arkumeari buruzko galdera egin ziona artzaina zela, zehatzago, artaldea auzoa bertan zeukana.  Ez zen harritzekoa ardien gaia aipatzea, galdera mota zen ezustean harrapatu zuena.

- Zer esan nahi duzu?.     

- Artzain bakoitzak apaizari arkume bat ekartzeko ohitura izan da beti auzoan.

- Ze ohitura?.

Argitu zion agian garai batean obligazioa ere bazen delako ohitura: urtean arkume bat ekartzen zion apaizari artzain bakoitzak. Seguruenik opari itxuran mozorrotuta garai bateko hamarren haietako arrastoa besterik ez zen. Nork daki, apaizen batek jarritako beharra izan zitekeen ere. Aspaldiko garai bateko kutsu edo oihartzuna zerion ohitura nolanahi.

Geroago jakingo zuen apaizak, ordainez, tratuz edo oparia zuritu asmoz,   bazkaria ematen zietela artzainoi apaizetxean.

- Baina ez daukazu zergatik ekarri arkumerik, aspaldiko ohiturak dira horiek eta ez dago zergatik jarraitu.

Beste arazo bat zebilen artzainaren buruan.

- Begira, jauna. Berorren aurreko apaiza etorri zenean, artzainok elkartuta erabaki genuen ohitura horrekin etetea, ez genion apaizari gehiago arkumerik ekarriko. Hala egin dugu azken urteotan. Apaizak ere ez zigun ez gogoratu, are gutxiago eskatu. Eta hor bukatu zen arkumea apaizari ekartzeko ia obligazioa zitzaigun ohitura.

- Ez nuen horren berririk, baina ez dizuet hortaz aipamenik ere eginen.

- Besteak egin dezatela nahi dutena, baina nik ekarri eginen diot, berorrek esaten didan egunean.

Tematuta ikusten zuen, zioen ahots tonuak erakusten zuen Ugarteren irmotasuna.

- Tira gizona!

Eta azaldu zion halakoren batean benetako sakoneko arrazoia.

- Begira, egia esango diot, jauna:  iazko urtean oso suerte txarra izan nuen artaldearekin. Jaungoikoaren zigorra izan zen, apaizari arkumerik ekarri ez niolako.

Txundituta begiratu zion apaizak.

- Etzazula Jainkoa artaldearen gorabeherekin nahastu.

- Nik hala uste dut.

Ez zegoen gure artzaina bere erabaki tematitik ateratzerik.

Saiatu zen apaiza kontrako arrazoia jartzen.

- Gainera zer egin behar dut arkume oso batekin, arreba eta ni, biok bakarrik gara-eta.

- Berorrek ikusiko du zer egin.

Ez zirudien konponbiderik zegoenik.

 

Agian gure artzainari auzoan gertatutako gertakizun larri baten oihartzuna zebilkion barnean, subkontzientean. Artzain izatea beste deliturik ez zuten auzoko bi artzain fusilatu zituzten gerra zibilean. Aurreko mendi barreneko larreetan  bazkatzen zituzten artaldeak, magaletako zelaietara eramanak zituzten ardiak. Hutsik zegoen baserri alokatu bat zuten babestu, gaua egin, atseden orduak bete eta jatorduetarako. Argindarrik ez zegoenez, kandelak eta kriseiluak erabili ohi zituzten gauean etxe barneko batetik besterakoetan. Gerra garaia zen, eta aurreko mendian zegoen egonkortuta frentea. Artzain eta artaldeak bi lubakien erdi parean zeuden, beraz. Gerrak azaleratzen ditu barne ustelen eta interes sasikoenak. Barne pozoituen zorna gordeenak atera ohi ditu. Inguruko batek bazuen barnea jaten zion herra politikoren bat nonbait. Bestelako interesen bat ere, agian. Espioitzat salatu zituen artzainok: mezuak bidaltzen omen zituzten kandela eta kriseilu argiekin aurreko mendiko frentean zeudenei.  Morse kodigoa ikasiak ote ziren ba!. Baserri barnekoen gaueko joan etorriak besterik ez ziren, kriseiluak eskuan argi egiteko. Atxilotu, kartzelaratu eta fusilatu zituzten. Batek emaztea eta 6 seme-alaba zituen, besteak emaztea eta hiru seme-alaba.

Fusilatua izan ziren herriko apaiza eta emakume bat ere. Ez ziren apaizaren bila auzora joan, ez baitzegoen errepiderik. Amarrua erabili zuten: alboko herrira deitu zioten hileta-elizkizun aitzakiaz. Apaiza joan ez joango, arrebak esaten omen zion: “zer eginen dizue, katolikoak dira eta”. Joan egin zen.  Helduaz bat atxilotu ere. Hondarretara eraman eta fusilatu zuten.

Ez da ia  emakumeari buruzko aipamenik auzoan. Honetaz ere!.

Gure kontakizuneko artzaina libratu zen, egun haietan artaldea larre haietara eraman ez zuelako. Baina arrasto sakona utzi zion agian.

 

Arkumea noiz nahi zuen, beste aukerarik ez zion uzten apaizari, hori zen honek hartu ahal eta behar zuen erabaki bakarra. Zer erantzun ez zekiela, artzainak berak aholkatu zuen.

- Aurten ere izanen dira garizumako sermoiak.

- Jakina!.

Astebeteko sermoi-aldia egiten zen auzoan, zeinetan hizlaria kanpoko apaizen bat izan ohi zen.

-  Ekarri beharko du sermolaria ere.

- Igandetako sermoiekin nahikoa ez eta, ezingo zaituztet aspertu neuk aste osoz.

Onartu zion aholkua. Sermoi-aste aurretik eramango zion arkumea, etxean mahaikide bat gehiago zuenerako. Abisatuko zion ze astetan izanen ziren hitzaldiok eta noiz ekarri arkumea.

 

Pedro, bizi guztian artzain, goi larreetan artaldearekin ematen zuen gutxienez urte erdia. Ezkondua. 5 seme-alaba bizi eta jatorrak zituen. Zakar eta trakets itxurakoa, hitz gutxikoa, jendearekiko harreman urrikoa, hala zirudien, zen ere. Ezin bihozberagoa hurretik tratatuz. Bere arloan eta bizitzari buruz, jakinduria eta esperientzia aparta zuen, bizitzako unibertsitateak irakatsitakoa. Ez da jakintsu ez den pertsonarik. Gizarteak sailkatu ditu artifizial eta interesatuki jakituria batzuk, eta gutxietsi, baztertu eta alferrikaldu beste asko eta asko. Xahutzailea da gizarte hau, pentsatzen zuen apaizak Pedrorekin biltzen zen bakoitzean.

 

Joan zitzaion apeza baserrira unea heldu zenean arkumeari buruzko zertzeladak zehaztera. Bazekien zein zen ordu ona etxean harrapatzeko artzaina.  Artaldearekin zetorren baserrira. Ehun bat ardi izango zituen, agian gehiago. Apaizak bazuen beti zirikatu izan zuen jakin-min bat, artzainak artaldearekin ikustean kilimatzen zuena.

- Ardi denak ezagutzen dituzu?.

- Denak.

- Asko dira baina.

- Zenbat gera auzoan?, 100 pertsona?. Ezagutzen gaitu berorrek?.

- Nola ez.

- Ba nik ere berdin. Banan banan ezagutzen ditut ardi guztiak.

- Baina nola, denak dira eta ia berdinak.

- Berori ez da jabetuko, baina bakoitzak du bereizgarriren bat.

- Harritu egiten nauzu.

- Berorrek ezagutuko luke auzoko edozein ahotsetik?

- Jakina.

- Nik ere berdin, ardi bakoitza ezagutzen dut bere “bee” tik, hori da bere ahotsa eta bakoitzak du berea, bakoitzak besteengandik ezberdina.

- Ez nuen esango!

- Zer adierazi nahi duten ere badakit.

- Kontatu egiten dituzu etxera dakartzazunean?.

- Ez dut kontatu beharrik, biltzen ditudanean, begirada batez badakit denak dauden ala ez, eta falta dena non egongo den ere bai.

- Ondo ezagutzen dituzu.

- Bakoitzaren maniak, joerak, trikimailuak, … ere ezagutzen ditut.

Agian artzainak ardiak berak eliztarrak baina hobeto ezagutzen zituela burutapenekin itzuli zen apaiza apaizetxera.

 

Otso bat ikusi omen zuen norbaitek goialdeko lautada zeharkatzen. Ala iruditu omen zitzaion. Beste batek txakurrarenak ez ziren arrastoak aurkitu omen zituen. Gure artzainaren artaldearen bazkalekua, hain zuzen. Beste esamesarik ez zen egon aldi batez auzoan. Dena zen “omen” eta “zirudien”. Baina beldurra, izua ere bazen, izan zen egun haietako auzoko sentipena. Isilpean bezala aipatzen zen. Errespetu ia erlijiosoz. Animalia mitikoa zitzaien otsoa, agian artzain gehiago zegoeneko kulturatik zetorrena eta oraindik zirauena. Beste artzainek ez zuten uste izan apaizari arkume-eskaintzak otsoaren aurkako jainkoaren babesa lortuko zutenik. Gure artzainak, baina, urteroko erritoa beteko zuen Aste Santua hurreratzean.

- Jauna, noiz nahi du arkumea ekartzea?.

 

Tratuan trabatu ziren artzaina eta apaiza.

- Zer egin behar dut nik arkumearekin, non gorde, nork hil eta prestatu, ...

- Nahi badu utzi hori neure kontu, neuk hil, larrutu eta gertatuko dut.

Akordio batera heldu ziren. Apaiza bera ere lasaiago geratu zen, ardura bat kentzea ez ezik, artzainari ere arintzen ziolako arkumearen galera.

- Zeu geratu larruarekin, buruarekin eta barrukiekin, niri bildotsa sukaldean maneiatzeko prest ekarriko didazu.

Erraz eman zion baietza Ugartek, gustura entzun zuela ere zirudien.

- Eroango diot esandako egunean arkumea.

 

Auzo txiki baten dena jakiten denez, apaizari arkume opariarena ere jakinen zen. Apaizaren belarrietara  ez zen heldu beste artzainen jarrera zein izan zen. Nolanahi ez zuen beste arkume eskaintzarik jaso. Baina artzainokin harremana beti bezain adeitsua jarraitu zuen izaten. Urte askoren bolada ondoren, ordurako beste destino batetan, mendi-txango batetan hara non egin zuen topo larre zabaletako artzainetako barekin.  Apaizak ezagutu zuen, artzainak apaiza ez. Apaizak eman zion bere berri. Aurpegi osoa argitu zitzaion artzainari. Ez zuen bakerik izan apaiza txabolara eraman zuen arte; gazta, ogia eta ardoa jan-edanez eman zuten ordubete luzea auzoko egun iraganak gogoratuz. Ez zen inola ere itxurakeria, bien arteko oroitzapen trukaketa adeitsua baizik.

 

 

Otsoak ez zuen eraso artalderik urte haietan behintzat. Arkume oparigileak ohiko gorabeherak izanen zituen artaldearekin, baina apaiz lehortearen ondorioz auzoa erretorerik gabe geratu zen arte, arkumea jan zuten Garizumako sermoi astean auzoko apezak arrebak eta hizlariak. 

 

 

 

 

 

 

 

etiketak: Kontakizunak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.